Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zeinuen hizkuntza

Zeinuen hizkuntza

2006-01-25 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Orain dela egun batzuk, "Gorrak zuhur, zeinuen hizkuntza ofizialtzeko zain" izenburua irakurri nuen Berrian. Izenburua ez da gure egunkarian irakurri dudan onena. Nolanahi ere abiapuntu ona da zeinu hitzaren historia gogoangarriaz jarduteko.

Bi zeinu daude euskal tradizioan. Bat nagusia, Iparraldean, Zuberoa aldean bereziki, erabiltzen dena, latinezko signum-etik datorrena, eta euskaraz "ezkila, kanpaia"-ren kide dena. Aski bizitza oparoa du zeinu horrek. Beste zeinu-a nabarragoa da: "seinale"-ren kide da, edo "keinu"-rena, sinu-rekin batera. Bigarren zeinu honen "bizitza", testuetan bederen, oso badaezpadakoa da, Orotariko Euskal Hiztegian ikus daitekenez.

Baina euskara batuak, ez bat eta ez bi, gaztelaniazko signo eta zeinu ia ezezagun eta nabar hori kidetu egin ditu. Gogoan hartzekoa da kidetze hori inkontzientea, automatikoa izan dela: izan ere, euskarazko zeinu horrek berez izan behar du espainolezko signo-ren kidea: zer izan daiteke besterik?; bestela esan, espainolezko signo-rentzat hitz bat behar bada, zein hoberik hain antzekoa duen zeinu delako hori baino?

Baina euskaraz bada signo-ren kide bat, ikur, horren ordaintzat eratu zena eta Mitxelenaren ikur bilduma, nolazpaiteko alfabetoa bezalako adibideetan ehun eta hamar urteko tradizioa duena. Hortaz, zeinu euskal testuetan horrela sartzeak nahasmendu polita ekarri digu: signo-ren ordaintzat zeinu erabiltzen dutenek badute halako joera símbolo-ren ordaintzat ikur erabiltzeko. Baina sinbolo-k Leizarragagan hasi eta Mitxelenaganaino heltzen den tradizioa du gurean, eta gainera erabat nazioartekoa da. Euskara batuan ere erruz erabiltzen da: Ereduzko Prosa Gaur aplikazioan, esaterako, 338 agerraldi ditu sinbolo-k, liburuetakoak eta prentsakoak kontatuz; ikur-ek 693 ditu, eta zeinu-k 421.

Gauzak horrela, nik bederen ez dut uste tradizioa eten behar dugunik zeinu ezkerreko –edo atzeko– atetik sartu zaigulako. Ezaguna da gaztelaniaz señal eta signo-ren, eta signo eta símbolo-ren arteko mugak lausoak direla. Nolanahi ere, signo-ren ordain ikur erabiliko nuke lehen aukera gisa –alfabeto ikurrak eta ikur negatiboa, esaterako–, eta zeinu bigarren mailan utziko nuke; eta símbolo-ren ordain sinbolo erabiliko nuke eta ikur bigarren mailan utziko.

Eta artikularen izenburura bueltatuz, gorren hizkuntzaren kasuan uste dut keinu dela ordain egokiena: keinuen hizkuntza, edo, egokiago nik uste, keinu hizkuntza.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Giza hizkuntza guztiek zeinuak dituzte
2006-01-25 / 09:18 / Itziar Laka

Jakingarri izan daitekeelakoan, Ibon, euskaraz jorratzen den hizkuntzalaritzan, aspaldiko partez "keinu-hizkuntzak" esaten diegu honelako hizkuntzei, hau da, gauzatze akustikoa erabili beharrean mugimenduzko gauzatzea erabiltzen duten giza-hizkuntzei. Esan ohi da gormutuen hizkuntzak direla, baina badira gormutu ez diren hainbat lagun keinu hizkuntzen hiztunak direnak, horietariko asko eta asko jaiotzetikoak. Bestalde, (zoritxarrez) badira hainbeste eta hainbeste gormutu hizkuntzarik ezagutzen ez dutenak, ez keinuzkorik ez bestelakorik ere. Baina euskarazko esamoldeari dagokionez, gure artean behintzat "keinu-hizkuntza(k)" esaten dugu, eta horren arrazoia, Ibon, zuk ondo diozun bezala, keinuak erabiltzen dituzten hizkuntzak izatean datza: ikusteko diren gorputz eta arpegi aldeko keinuak, mugimenduak. "Zeinu" hitzak, ordea, giza hizkuntza guztiek erabiltzen dituzten harreman sinbolikoetako elementuak aipatzeko erabiltzen dugu. Laburtuz, giza hizkuntza guztiek zeinuak dituzte, eta zeinuak forma (gauzatzea) eta edukia (esanahia) biltzen ditu, aspalditxo Saussure-k esan legez. Zeinuaren formari begiratzen badiogu, hizkuntza batzuek forma akustikoak erabiltzen dituzte, beste hizkuntza batzuek keinuzko formak. Lehenengo taldeari, "ahozko hizkuntzak" esan ohi diegu, eta bigarrenari, lehen esan bezala, "keinu-hizkuntzak".


(ITZIAR LAKA MUGARZA Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Saileko irakaslea da)

 
Synonymoak izan ahal dira asko edo guti edo bat ere ez
2006-01-26 / 17:56 / Erramun Gerrikagoitia

Zeinu hitzak esan nahi du an Zuberoa zeina guk esaten dugu kanpaia edo bestetzuk ezkila, direlarik hiru hitzak (zeinu, kanpai, ezkila) synonymo. Zeinu hitza da seguru lexikalizationea hon "zeinu akustiko" luzea, non gero esaten da laburki eta lexikalizatuz "zeinu". Horrela esaterako noiz diogun vainilla edo vanilla ezingo dugu esan lekatxoa edo leka txikia, delarik hemen ere hitza lexikalizatu' harturik signifikantzea (signo + ...) edo signoa edo ikur edo marka edo relevantzia edo symptoma edo karakter proprio, personal, individuala.

Aitzitik sartzen garela beste arlo differente batean, besterik da kasua hon signo gaztelaniako hitza zeren hau hitza -signo- da hitz internationala, nola edozeinek dakien izan gabe ez philologo edo akademiko. Ez al da signo hitz internationala? (Inglesean sign, espainolez signo, ..., zein hizkuntzatan ez da erabiltzen?). Hemen erabili ahal da argudio berbera zein tzat symbolo hitza erabiltzen du hak Ibon Sarasola, ala zergatik ez? Batzutan bai, nahi delarik, eta bestetzutan ez, nahi ez delarik?

Ibonek ere dio, eta nire ustez zuzen, ezen "euskaraz bada signo-ren kide bat, ikur" eta nik gehitzen dut ez bat bakarra baizik ugari. Baina kideak edo nolabaiteko synonymoak hon hitzak izaten dira askotan asko (nola ikusiko dugu) eta beste batzutan bat ere ez, zero. Halan ingles hitz sign-entzat hara zein synonymo mordoa dakar hiztegiak hon hak Oxford University (sartzen dudala soil nik orai izan ahal direnak valiagarri ere euskaraz, ze ba dakarz gehiago ere liratekeenak proprioak, nola euskaraz ikur):

Beraz hemen doaz, ingles sign hitzaren synonymoak -zein bait dira bat baino gehiago- (sarturik artean parenthesiak euskarazko korrespondientea),

sign,

signal (seinale), symptom (symptoma edo syntoma), suggestion (suggestione edo sugestione), mark (marka), manifestation (manifestatione), demostration (demostratione), testimony (testimonio), evidence (evidentzia), augury (augurio), presage (presagio), gesticulation (gestikulatione), action (aktione), movement (mugimendu), motion (notione), indicator (indikadore), poster (poster), advertisement (advertimendu), character (karakter edo kharakter), figure (figura), type (typo), code (kode), ideogram (ideogramma), logogram (logogramma), representation (representatione), emblem (emblema), insignia (insignia), logo (logo), sanction (saktione edo santione),


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus