Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Berbalagun Durangon

Berbalagun Durangon

2005-11-17 / 07:00 / Fernan Ruiz Larringan   IRAKASKUNTZA

Hirugarren ikasturtea da Durangon Berbalagun egitasmoa abian ipini zenetik. Honen gainean zer edo zer idaztea eskatu didate eta hala egingo dut. Baina, lehenengo eta behin, interesgarria iruditzen zait Durangori buruzko zenbait datu ematea, irakurleak testuinguru osatuagoa izan dezan.

Zenbait datu

Zenbait datu

Durango herri handia ez bada ere, leku estrategikoan (horrela diote adituek) dago kokatuta. Dakigunez, ondo dago komunikatua, eskualdeko erdigunea da, zerbitzuetako hiri txikia esaten zaio... Horregatik, ba, euskararen ikuspuntutik ere esan daiteke kokagune garrantzitsua dela. Ikusi besterik ez dago gure herriak inguruan dituenak. Ipar aldean Euskal Herriko eskualderik euskaldunena dugu, Lea-Artibai: Markina, Munitibar, Aulesti... eta, Busturia aldeko herriak. Hego mendebalean Arratiako herriak eta sortaldean Deba Arroakoak. Gure ingurua ezagutzen duenak badaki jakin euskaldun kopuru handia bizi dela aipaturiko eskualdeetako herrietan. Beste kontu bat da euskara zenbat erabiltzen den eta exijentzia maila zenbatekoa den, bai herritarren aldetik eta baita Administrazioen aldetik ere.

Durangon euskaldunen kopurua ez da batzuok nahi genukeen bestekoa, baina tira, euskaldunei ia euskaldunen (euskaldun hartzaileak) kopurua gehitzen badiegu, %66ra heltzen gara. Erdaldun elebakarren portzentajea heren bat da. Erabilerari dagokionez, esan beharra dago, hainbat kale-neurketa egin direla urte batzuetatik hona. Eta azkeneko hamar urteetan badirudi goranzko joera igartzen dela: 1995ean %12koa, 2000ean %16koa eta 2005ean %23koa.

Prozesu amaitu gabekoa eta amaigabea

Datuak datu, joan gaitezen harira. Jatorriz euskaldun direnak, oraingoz, alde batera utzita, euskaldun gai helduei buruz jardungo dut, ume eta gazteak Hezkuntza Sistemaren kontua ei dira-eta. Euskalduntzeko eta alfabetatzeko modurik, nik gaztetatik ezagutzen dut Durangon. Lehenagotik badago ere, 80ko hamarkadaz ari naiz. AEKren euskaltegian euskaldundu-alfabetatu nintzen neu ere. Geroztik bigarren euskaltegi bat sortu zen: gaur egungo Udal Euskaltegia. Eta geroago oraindik, Hizkuntza Eskola Ofiziala ezarri zuten. Non ikasi, beraz, badago. Kontua da, motibazio hau dela edo beste hura dela, urteetan zehar ehunka herritar igaro dela euskaltegietatik euskalduntzeko edo alfabetatzeko asmoarekin. Batzuek lortu dute, eta euskaraz bizi dira eta beste asko hor gelditu dira, erdibidean. Ezin daiteke esan euskara ikastea prozesu luzea denik. Norberaren lehentasun, gaitasun edo dedikazio mailan dago gakoa, laburrago edo luzeago izateko. Argi dagoena da, helburua euskaraz bizitzea bada, egun batetik bestera ezin daitekeela hori lortu. Egia da, gaur egun material didaktiko hobea eta ugariago dagoela eta irakasleak hobeto prestatuta daudela. Gainera teknologia berriei esker, aukera gehiago ditugula hizkuntza ikasteko. Beraz, badirudi inoiz baino samurragoa dela euskara ikastea eta prozesua amaitzea, horrenbeste baliabide izanda.

Bai, hala da, euskara ikusi, entzun, ariketak on line egin, euskaltegira joan... Eta erabili noiz, non, norekin...? Denok dugu inguru hurbil bat, familia, lagunak... Eta harreman sarea ere bai, eta hizkuntza-ohiturak. Hau guztiau aprobetxatu behar dugu, urrats txikiak emanez, euskaraz bizitzen hasteko. Herrian bertan ditugun baliabideak baino tresna hoberik ez dugu aurkituko, helburua euskaraz bizitzea baldin bada. Erabili ditzagun ba, tresna horiek: lagunak, jatorriz euskaldun direnak, dendariak, ostalariak, euskara elkartea, euskaltegiak, kultur elkarteak, kultur ekintzak, ikuskizunak, administrazioa eta beste guztiak.

Eta Berbalagun?

Esan beharra dago Berbalagun egitasmo hau ez dela asmakizun berria. Gipuzkoa aldeko hainbat herritan aspalditik dago martxan eta lortutako emaitzak hain onak izan direnez, duela urte batzuk Bizkaian Berbabarri izeneko proiektua martxan jarri zen. Oinarri-oinarrian, Berbalagun egitasmoaren helburua zein den honela adierazi dezakegu: Euskara sendatu eta sendotu: herrian euskararen presentzia bultzatu eta indartu eta, horrela, bere etorkizuna ziurtatu. Euskarari gure eguneroko bizimoduan tokia egin behar diogu eta denbora eta esparru gehiago eskaini. Jatorriz euskaldu direnen parte hartzea behar-beharrezkoa da "euskaldunberriei" eta ikasten ari direnei kalean egiten den euskarara hurbiltzen eta hobetzen laguntzeko.

Urrats txikiak baina sendoak eman behar direla aipatu dut arestian. Horixe da Berbalagun, urrats txiki sendo atsegina. Interesgarria iruditu zait hiztegira jotzea berba eta lagun hitzen esanahia hartu eta hona ekartzeko. Berba: "Hizkuntza batean esanahia duen forma beregain txikiena. Esaten dena, esana". Beste zenbait adiera ere baditu. Lagun: Norbaiti buruz, berarekin jolas, lan, ibilaldi edo edozein motatako jardueran ari dena". Lagun hitzaren adiera ikusita, gogora ekartzen dizkigu kantu ezagun bezain eder haren berbak: "Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz". Goazen ba hortara! Ahaztu dezagun gela barruko ikaste-prozesu formala, sarritan aspergarria, eta atera gaitezen kalera. Kanpoa baita eremu naturalagoa.

Lehen esandakoaren ildotik eta kanpora ateratzeko asmoaz, udako depresioa igaro eta hego haize epelarekin batera etorri zaigu aurten ere Berbalagun ekimena. Hirugarrena da eta aurreko urte bietako arrakasta ikusi ondoren, susmoa dut aurtengoan indar biziagoaz datorrela. Ohituta gauden protokoloari jarraitu zaio, hau da, Udalarekin hitzarmena diruz laguntzeko, ekimenaren berri eman, izen-ematea eta, guztia biribiltzeko, berbalagun taldeak osatu eta ekin. Berbalagun asmakizun galanta da. Dena du aldeko, parte hartzen duenak inoiz eta inon ez du izan aukera hain atsegina eta naturala lagunartean euskara praktikatzeko, erabiltzeko, euskal kultura ezagutzeko, ikasteko. Eman dizkiot buruari bueltak eta bueltak alde negatiboa edo trabaren bat topatzeko, baina ezin. Hamaika aukera eskaintzen dituen egitasmo irekia da, malgua. Parte hartzen duenarentzat doanekoa da; euskara ikasteko beste edozein metodoren osagarria da. Esfortzu txikia eskatzen du, lagunartean jarduteari esfortzua esan ahal bazaio. Nire iritziz, berba egitea ariketa naturala eta osasungarria dugu. Berbalagunek eskaini diezaguke hori guztia.

Euskara ikastea, irakastea, erabiltzea eta bizitzeari buruz luze baino luzeago hitz egin daiteke, berba egin da eta mintzatuko da. Euskarak gaztelera ahalguztiduna du bizikide, eta egiten dugun guztia eginda ere, euskaldunok zail dugu euskaraz ehuneko ehunean bizitzea. Konpromiso hitza erabiliko dut, larregi erabiltzen delako gustukoa izan ez arren. Euskara gazteleraren bizikide bizia izatea gura badugu, konpromisoa beharko dugu hartu gutako bakoitzak: norbanakoak, jatorriz euskaldun direnak, euskaldun gaiak Administrazioak, taldeak...

Besterik ez, ongi etorriak izan daitezela Berbalagun, Mintzalagun, Kuadrillategi eta antzeko egitasmoak, behar ditugu-eta.


(FERNAN RUIZ LARRINGAN Durangoko Udaleko Euskera Dinamizatzailea eta Berbalaguna)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus