Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaraz hitz egiteko laguna behar da...

Euskaraz hitz egiteko laguna behar da...

2005-11-14 / 07:00 / Jasone Mendizabal Altuna   IRAKASKUNTZA

Nafarroako Topaguneak iaz jarri zuen martxan Iruñerrian lehenbizikoz Mintzakide programa, elkarlanaren fruitu izateko bokazioarekin. Proiektu hori sortzeak erronka garrantzitsua suposatu zuen: finantzabideak lortu, euskalgintzako (eta euskalgintzakoak ez diren) eragileak egitasmora bildu, komunikazio plan egokia landu, matrikulazio kanpaina ireki…

Lehenengo urtean ehun parte-hartzaileen muga gainditu zuten iruindarrek eta egitasmoaren sustatzaileen zerrendan, Euskara Elkarteak eta euskaltegiak ez ezik, ikastetxe sareak, udalak, enpresak, komunikabideak eta beste hamaika eragile ere elkartu ziren, bakoitzak bere esku zegoen ekarpena eginez. Hainbat ikuspegitatik (kantitatea eta kalitatea) arrakastatsu suertatu zen zinez mintzapraktika sustatzeko egitasmo berria.

Oraintsu itxi berri dute bigarren edizioko matrikulazio kanpaina eta iazko partaide kopurua gainditzea izan da, besteak beste, Mintzakideren ikasturte berrirako ezarritako helburua. Sorrera indartsua izanik ere, maila horri eusteko eta hobetzeko erronkaren aurrean zalantza asko izan dira eta arnasari eutsita begiratu diogu matrikulazio epe berriari. Kanpaina itxi eta luzea izan da sustatzaileen hasperena: ehun lagun ezean, 150 matrikulatzea lortu da eta udal berriak ere egitasmora bildu dira. Zorionak Mintzakide!

Zalantzarik gabe Mintzakidek funtziorik betetzen du Iruñerrian eta euskalduntze prozesuan, zein euskara berreskuratzeko prozesuan: dauden lagunei harreman sareak zabaldu eta euskara erabiltzeko aukera paregabea eskaintzen die.

Matrikulazio kanpaina hau ez da Iruñerrian bakarrik eman noski. Momentu honetan, Euskal Herriko beste hamaika bazterretan ere arnasari eutsita arituko dira mintzapraktikarako programatako eragileak, parte-hartzaileak zenbatzen. Iazko datuen arabera, hogei herri eta eskualdetan zeuden martxan mintzalaguna edo berbalaguna egitasmoak eta, horien bidez, 1200 lagun inguruk parte hartu zuen. Programa horiek euskal hiztunon komunitatea hazten laguntzeaz gain, erabilera gune berriak eta sare berriak sortzen ere laguntzen dute. Zeresanik ez dago, herri horietako kale, taberna, plaza eta abarretako paisaia linguistikoek aldaketa nabaria izango zutela, beraien kale erabilera handituz.

Euskara erabiltzeko zailtasuna dutenei, beraien egunerokotasunean eta maiztasun jakin batekin (normalean astean behin) benetako egoeratan euskaraz ordu batzuk aritzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen die Mintzalagunak. Egitasmoaren beste aldean ohiko euskal hiztunak daude eta horien zeregina ere funtsezkoa da, bi aldetako proiektu horiek aurrera egingo badute. Argi dago bi partaide multzo horiek motibazio ezberdinak dituztela eta bakoitzak, gainera, askotariko arrazoiak izan ditzakeela Mintzalagunan parte hartzeko. Mintzapraktikarako programen etorkizunean funtsezkoa izango dugu bakoitzaren motibazio eta arrazoietan sakontzea, bakoitzari zuzendutako mezu egokituak landuz eta bakoitzaren beharretara egokitutako eskaintzak eginez: lagun berrien bila dabilenari, euskarazko titulazio jakin bat atera nahi duenari, euskararen alde zerbait praktikoa egin nahi duenari… behar duena eskainiz.

Azken urteotan Berbalagun proiektuak eta horietako partaide kopuruak asko ugaritu badira ere, badirudi egitasmoon garapenean ezer gutxi aurreratu dela. Egungo Mintzalaguna egitasmoaren eredu estandarrak parte hartzaileen hainbat ezaugarri kontuan hartuta osatzen ditu mintzalagun bikoteak: adinaren arabera, afizioen arabera, ordutegien arabera… Bakoitzaren ezaugarri pertsonalak aztertu eta horien baitako erkaketak egiten dira, beraz. Hala ere, badira gero eta esperientzia gehiago, gizarte multzo jakinetan eragin guran proiektu berezituak lantzen ari direnak. Horien adibide izan daitezke gurasoei zuzendutako programa bereziak, internautei zuzendutako programak eta gazte koadrilei zuzendutakoak. Bide horretatik, gizatalde berrien motibazioak aztertuz eta horientzat eskaintza berezituak landuz, Mintzalaguna partaide bakoitzaren hurbileneko guneetan aurkitzeko aukera jorratu ahal izango da. Zeintzuk izan daitezkeen gune horiek? Ohiko mendi taldeak, lantokiak, lagun arte eta koadrilak, orotariko elkarteak, ikastetxeak…

Euskara Elkarteon eginkizuna euskararen erabilera gizarte esparru guztietara zabaltzea da. Horretarako, erabilera guneak irabazi nahi ditugu eta mintzapraktikarako programek esparru horietako askotan eragiteko aukera eman dezaketela uste dut. Mintzalaguna programa merkea eta eraginkorra izan daiteke gune berrietan eragiteko, baina ez hori bakarrik, ezagutzen ditugun egitasmo gehientsuenak elkarlanaren fruitu izaten ari dira eta horren eragina biderkatzailea izan daitekeelakoan nago.

Euskaltegi eta Euskara Elkarteen arteko elkarlana izan ohi da Mintzalagunaren oinarri nagusietako bat. Euskaltegiek euskararen ezagutza lantzea eginkizun nagusi duten heinean, Mintzalagunaren bidez ikasgelatik kanpo ere aukera berriak eskaini nahi dizkiete euskara ikasleei. Elkarlan horren fruitu ere badira, 2005eko azaroaren 10ean Topaguneak, IKA eta AEKrekin elkarlanean antolatutako jardunaldiak, egitasmootan sakontzeko aurrerapauso bat emateko asmoz egin direnak.

Lehen aipatu ditut euskara ikasleen eta ohiko euskal hiztunen motibazioak. Bereziki, ohiko hiztunak motibatzeko gizarteratu beharreko mezu eta diskurtsoen inguruan sortu ohi dira kezka eta zalantza handienak Mintzalagunarako partaide berrien bila dabiltzanen artean. Euskara Elkarteok horretan ere badugu lana. Hala ere, eta proiektuotan aniztasuna nagusi dela frogatu guran edo, Iruñerrira bueltatuko naiz hango berezitasun bat aipatzeko. Beste proiektuetan ez bezala, Iruñerriko Mintzakidek iaz soberan izan zituen ohiko euskal hiztunak eta horiekin solasean aritzeko euskara ikasleak, ordea, faltan. Badirudi ezer ezin dela jakintzat eman Mintzalagunan, are gutxiago nafarrak tartean egonda. Zorionak berriz ere Mintzakide!


(JASONE MENDIZABAL ALTUNA Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendaria)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus