Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara menderatu

Euskara menderatu

2006-01-11 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Euskaraz esapide berri bat sortu dela ikusten dugunean ez da irizpide txarra izaten ikustea nola esaten den delako esapide hori gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan.

Esaterako, domina siete idiomas, "he knows 7 languages well", hots "zazpi hizkuntza ongi dakizki" esaten da ingelesez; eta ezin dute ingeles hiztunek dominate edo antzekorik erabili horrelakoetan. Frantsesez ere ez dut dominer hizkuntzei dagokiela erabiltzen ikusi.

Euskaraz ere ez dira inoiz, orain arte bederen, hizkuntzak menderatu. Hobeki esan bai, menderatu dira: urteetan, eta baita gaur egun ere neurri batean, alboko erderek menderatua dute euskara. Eta euskara bere buruan espainolak menderatua daukanak bakarrik esan dezake zazpi hizkuntza menderatzen dituela.

Gotzon Garatek bere Erdarakadak bikainean, euskara ederra egiten du, euskaraz ondo egiten du, euskara ongi darabil eta antzekoak bildu ditu euskal baserrietan; eta bide beretik doaz Orotariko Euskal Hiztegian biltzen diren adibideak. Hortaz, zazpi hizkuntza ongi dakizki, zazpi hizkuntzatan ondo egiten du... dira betidanik domina siete idiomas-en euskal ordainak. Eta bidenabar, zazpi hizkuntza ongi ezagutzen ditu euskara garbia da; baina, bistan da, ez da aurrekoen kidea.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Ingelesez hizkuntzak "mendean hartu"
2006-01-11 / 13:24 / Cristina Puelles

Beti bezala, gogoeta fina aurkeztu diguzu. Hala ere, ezin ahaztu ingelesez hizkuntzak "mendean hartu" egiten direla, ez "dominate" aditzarekin baina bai "master" horren bidez, esate baterako: "she mastered Japanese in less than two years" (Visual Thesaurus)


(CRISTINA PUELLES kazetaria da)

 
Txirigotadak
2006-01-11 / 15:28 / Erramun Gerrikagoitia

Niri iruditzen zait holakoak kommentatzea "txirigotadak" komparatuz ditugun problema real egiazko latzak. Hizkuntza bakoitzak hartzen du bere bide proprioak konditionaturik hainbat konditionantek. Opposatu nahi izatea evolutione konkretu bati hola holako detailletxu zeintzuk nik deitzen dut txirigotada da deusen egitea eta gainera sartzea dynamika inkontrolable batean, sartzen garela an dynamika diakhroniko bat. Eta orai esandakoak ez du deus aldatzen ze dakigu ezen inglesean ere ahal dira hizkuntzak "jaundu". Esan bezala horiek dira niretzat txirigotadak, esanik hori errespetu guziekin.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Hauta-lanerako Euskal Hiztegian
2006-01-11 / 15:40 / Aintzane Ibarzabal

Guztiz ados, beti bezala, Ibonek proposatutako gogoetarekin: kalkoekin kontuz ibili beharra dago, bereziki gaztelania dutenean iturri bakarra. Atea zabalegia da eta arriskuak ugari.

Dena dela, hizkuntza menderatzea esapideari dagokionean, ohar txiki bat: Ibon Sarasolaren Hauta-lanerako euskal hiztegian eta baita ale bakarrean bildutakoan ere, 6 adibide daude menderatu hitzaren sarreran (adibide horiek eredu gisa erabili ohi dira/ditugu), eta azkenak honela dio:

  • Idazlearen eginkizuna erraz da adierazten, gaitz betetzen: hizkuntzari bere burua menderatuaz, hizkuntza menderatu, hizkuntz legeen lokarriak, airea hegaztiarentzat bezala, sostengu bihur daitezen.

Adibidean garbi dago menderatze hitzaren adiera metaforikoa erabili duela idazleak (lokarriak eta guzti aipatzen baititu), baina kasualitatea hizkuntza menderatzea esapidea agertzea.

Uste dut hobe litzatekeela adibide hori hortik kentzea, edo bestela, menderaturen erabilera adierazkorra dela esatea, hartara testua presaka irakurtzean, esapidea bere horretan hartu, eta kalko okerra erabiltzeko arriskua txikiagoa izango litzateke.

Beti zuregana jotzen baitugu erantzun bila..., batzuetan presaka eta besteetan lasaiago.


(AINTZANE IBARZABAL Itzultzaile Eskolako irakaslea da)

 
Horrelako informazioak beharrezkoak
2006-01-11 / 17:42 / Ibon Sarasola

Mila esker Cristina zure mezuagatik: nik ezagutzen dut zerbait ingelesa baina ez dakit ingelesez, eta horrelako informazioak beharrazkoak ditut; dena dela zure esaldia "bi urte baino gutxiagoan jabetu zen japonieraz" itzuliko nuke nik, agian. Mila esker berriro.

 
Menperatu
2006-01-11 / 18:36 / Josu Lavin Campo

Hemen, Bilbao Handian, erabili eta oraino ere erabiltzen den forma ez da MENDERATU baizik-eta MENPERATU.

"Tipo horrek oso ondo menperatzen du euskara"

Hain izan da erabilia, ezen erdaraz mintzatzerakoan ere "Ese tío menpera el euskera de puta madre" esaten baita.

Zehazki baino zehazkiago esatera, egiazko erabilera erabakigarria izango da.

Menderatu eta menperatu berdinak al dira, ala? Noiztik?

Neuk euskara menperatu dut, dakidan euskara, alegia.


(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Harrigarria
2006-01-12 / 09:19 / Xabier Andonegi Santamaria

Harrigarria da, oso harrigarria, eta esango nuke barregarria ere badela, ikustea nola bat-batean, "hizkuntza menderatu" gaizki egonik, "hizkuntzaz jabetu" ongi dagoen, zergatik eta Sarasola jaunak ikasi berri duelako "jabetu"ren antzeko aditza erabiltzen dela ingelesez (to master).

Ernesto Sabatok idatzi zuen behin banitatea zela mundua mugiarazten zuen motorra. Mundua eta euskara, esango nuke nik.


(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA helduen euskara irakaslea da)

 
Elhuyar hiztegian ere jasota
2006-01-12 / 10:38 / Leire Ibarra

Egun on:

"Jabetu"ren adiera hori (hizkuntza bat ongi jakitea) Elhuyarren ere jasota dago.

"Jabetu" Adierak

  • 1 da ad.

    Apoderarse, apropiarse, adueñarse, dominar; saber, dominar

    Nor jabetu zen lur hartaz guztiaz?: ¿quién se apoderó de toda aquella tierra?

    Besteren ondasunez jabetzea: adueñarse de los bienes ajenos

    Indarrez/indarka jabetu: adueñarse por la fuerza Hizkuntzaz ongi jabetu da: domina bien el idioma

Agur bero bat.

 
jabetu eta menderatu
2006-01-12 / 16:27 / Xabier Andonegi Santamaria

Gutxienez Elhuyarren eta Orotariko Euskal Hiztegian dator "hizkuntzaz jabetu".

Hori, ordea, ez da inoiz nahikoa izan Sarasola jaunarentzat forma bat ontzat emateko. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegian "izan zituen lanak latiña menderatzen" eta Plazido Mijikarenean "euskara mendean du = domina el euskara" datoz, eta Sarasolarentzat forma horiek ez dira zuzenak. Zergatik? nik gaizki ulertu ez badut gazteleraz bakarrik dutelako parekorik.

Nik adierazi nahi nuen bat-batean, batek esan diola "to master" esistitzen dela, eta orduan (eta ez lehenago nahiz eta gaia horixe izan) esan duela agian hori "hizkuntzaz jabetu" dela. Zergatik ez du esan agian "hizkuntza menderatu" dela eta oker ibili dela. Zeren "to master" "menderatu" dela esatea "jabetu" esatea bezain bidezko iruditzen baitzait.

 
Gorka Aulestia & Linda White
2006-01-12 / 18:50 / Josu Lavin Campo

Gorka Aulestia eta Linda White jaun-andreen English-Basque Dictionary hiztegian MASTER sarreran ondokoa irakurri ahal dugu:

master v.t. menperatu (C). It's impossible to master the basque language in five months. Ezinezkoa da bost hilabetetan euskera menperatzea.

Eta hona hemen DOMINATE sarrera:

dominate v.t./v.i. menderatu (B, G, U), menperatu, meneratu, aginpetu, jaundu (B, G, U), jabetu (C), goiartu (B, G), gainetu, morroindu (L, LN), nagusitu (C), eskua ekarri. I have dominated the Basque language. Euskal hizkuntzat jabetu naiz.

Ibon Sarasolaren kontrako mania persekutorioa ote daukadan galdetu didate behin baino gehiagotan.

Neuk sinpleki esan ahal dut ezen Ibon Sarasolaren proposamenak hondamenezkoak eta katastrofikoak begitantzen zaizkidala, zeren insekuritate linguistikoa ereiten baitu euskaldun menderatu guztiengan.

Egia esan, Ibon Sarasolak euskara menderatzen eta menperatzen du, zeren gainerateko euskaldunok obeditu beste erremediorik ez baitute.


(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Hainbat galdera
2006-01-13 / 10:54 / Jon Artola Artano

Egun on:

Ni ez naiz hizkuntzalaria bainan euskararekin dudan erlazioa oso intimoa dela esan liteke, ahal dudan guztietan darabilt mingainean bueltaka, eta zenbait gauza esan nahi nituzke:

  • Estimatzekoa da Sarasolaren bigarren mezua irakurtzea, honek, bera pertsonalki ezagutzen ez dugunoi bere pertsonalitatea ezagutzeko aukera emateaz gain, webgune honetako mezuak irakurtzen dituela ere esan nahi baitu besteak beste.
  • Zur eta lur geratu naiz euskaltzaindiako kide bat komunikabide “idatzi” batetan, nahi duen gaiaz idazteko nahi adina denbora eman dion medio batetan, halako ezjakintasunez mintzatu zaigula ikusitean. Xabier Andonegi eta Josu Lavinekin bat nator hortaz. Ez al da horrelakoa izango euskaltzaindiaren ohiko jarduna! Horrela eraiki al du Sarasolak bere hiztegia? Horrela hartzen al dira, denbora batetara, euskara batuan arau bihurtuko diren erabakiak?
  • Eta galderekin jarraituz. Zer da euskara jatorra? Sekula ulertu ez dudan termino bat da hau eta eskertuko nuke inork argitzerik izango balit. Nork ez du “euskara menperatzen dut” esaldia ulertzen? Non dago akatsa? (Nik bai ez dudala egoera hau ulertzen.) Arrazoi bategatik edo besteagatik, euskaldunen ehuneko portzentaia handi batek naturalki hala badio, zergaitik aldatu? Gazteleratik hartua delako? Eta zer egin hitz hau bezain sustraiturik dauden beste hitz edo esapide batzuekin? Denak aldatu? Ez dut ulertzen. Ez al du euskarak ”menperatu”-ren eztabaida hau baino premia larriagorik?

Izan ontsa eta eongo gatxik.

 
Frantsesez ere "menderatu"
2006-01-13 / 11:34 / Xabier Andonegi Santamaria

Sarasolak honakoa dio: Frantsesez ere ez dut dominer hizkuntzei dagokiela erabiltzen ikusi.

Bada aski zuen Sarasola jaunak google-n "dominer une langue" sartzea (esaterako) eta orduan ikusiko zituen honakoak eta askoz gehiago:

qui y fassent appel à la grammaire, il est inconcevable qu’On réussisse à dominer une langue étrangère sans avoir assimilé ses structures fondamentales

Dominer une langue étrangère de nos jours n´est plus assez pour avoir du succès dans une société multiculturelle. Nos enfants améliorent leurs connaissances

... sections européennes telle qu'elle était formulée dans ses textes fondateurs : permettre aux élèves de mieux dominer une langue, à l'heure de l'Europe,

... langue complexe, où l'hébreu est loin de dominer. Une langue qui, plus de cinq siècles après, reste vivante. Avec un CD audio.

Une opportunité de qualité pour tous ceux qui souhaitent dominer une langue étrangère. Vivre un séjour en complète immersion dans deux contextes ...

Eta abar.

Eta lan hori hartu izan balu, ikusiko zuen nola agian "hikuntza bat menderatzen" ahal den euskaraz (ingelesez eta frantsesez bezala).

Kontua da Sarasolak jarraitzen ote duen pentsatzen "hizkuntza menderatu" gaizki dagoela. Nik uste badituela arrazoiak zalantzak izateko, iruditzen baitzait frogatua geratu dela bere arrazoien oinarriak berak kale egin duela.

Eta kontua ere bada Sarasola jauna beti bezain fin ibili dela esan duten horiek jarraitzen ote duten hori esaten.

 
Aportazio oso lagungarria eta mesedegarria
2006-01-13 / 11:40 / Kristina Korella Ugalde

Ibon Sarasolaren lana eta aportazioa oso lagungarria eta mesedegarria da euskaltzale guztiontzat eta, are gehiago, gure hizkuntza hobetzen jarraitu nahi dugunontzat.

Iruditzen zait Ibonek egindakoa hain gogor deskalifikatzea (txirigotadak, barregarria...) errespetu falta dela.

Jakinarazi nahi diot Iboni asko eta asko garela bere artikuluak oso gustura irakurtzen ditugunak eta halaxe jarraituko dugula.

Mila esker, Ibon

 
Deskalifikatu (txirigotatak, barregarri,...)
2006-01-14 / 12:02 / Erramun Gerrikagoitia

Ez zara konturatu Kristina Korella oraino ze deskalifikatzen ohi du handiski euskara Sarasolak? Ez al duzu irakurri Kristina mezuak izkiriatu direnak hemen. Oraino uste al duzu esateak holakoak tzat akademiko bat ez dira txirigotadak? Ezin dut ulertu temakeria temante eta temoso hori, nik bedere.

Niretzat, esan bezala, du akademiko Sarasolak deskalifikatzen euskara bera eta ere lateralki eta alboz Akademia (maiuskulaz izkiriatua, ez akademia). Ez al da Kristina' basta esatekoa? Oraino ere uste al duzu ez direla -pluralean- txirigotadak edo txirigotada korda lar luzea hon Sarasola? Erantzun mesedez Kristina eta defenditu zure positionea(k), kin arrazoiak eta argudioak.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Zenbait argibide
2006-01-17 / 11:05 / Ibon sarasola
  • 1) "Menderatu"-k "dominar"-en esanahi alorraren barruan "someter" zentzua duela euskaraz, Gotzon Garateren Erdarakadak-ek ikusarazi zidan. Beti esan dut Garateren liburua bikaina iruditzen zaidala, ematen dituen argibideak lehen eskukoak eta oso seguruak direlako.
  • 2) Hori ikusi ondoren Orotariko Euskal Hiztegira jo nuen eta baieztatu nuen arrazoi zuela Garatek: berak Euskal Herri osoko baserrietako euskaran jaso zuena bat zetorren tradizioan jasotzen zenarekin. Hizkuntzei dagokienez, badirudi "betiko euskaran" hizkuntzak menderatzen dituela gauzak, eta ez gauzek -ez bada fisikoki- hizkuntza.
  • 3) Ondoren frantsesa aztertu nuen eta, Googlek diona gorabehera, ez da, antza, "dominer" normal erabiltzen hizkuntzei dagokienez. Frantses hiztegi nire ustez hoberenak, Petit Robert-ek, adibidez, ez du jasotzen. Galdetu nien frantses hiztunek ere aurpegi arraroa jarri zidaten frantsesez hizkuntzak "dominatzen" ote ziren galdetu nienean.
  • 4) Frantsesak eta ingelesak nola jokatzen zuten ikusi ondoren artikulua idatzi nuen, horren guztiaren berri emanez, besterik gabe.
  • 5) Jabetu-ri dagokionez, Cristinaren adibide jakin bat nik nola itzuliko nuen eman nuen aditzera, hori ere besterik gabe.
 
Oso ados ez
2006-01-17 / 13:46 / Xabier Andonegi Santamaria

Sarasola jauna:

Biziki eskertzen dizkizut emandako argibideak. Hala ere, esan nahi dizut hirugarren eta laugarren puntuarekin ez nagoela ni oso ados.

Hizkuntzak askotan "dominatzen" dira frantsesez. "Maîtriser une langue" da forma arrunta (hiztegi guztietan topatuko duzu); haren sinonimoa "dominer" denez, bigarren hau ere erabiltzen da, baina ez da bestea bezain arrunta.

Nire ustez, ez zenuen behar bezalako ikerketarik egin, ez ingelesez, ez frantsesez. Egin izan bazenu, ikusiko zenuen badirela "hizkuntza menderatu"ren parekoak batean eta bestean (maîtriser eta to master).

Ez zenuen haien berri eman besterik gabe; ingelesaren eta frantsesaren bitartez zientifikoki demostratu nahi izan zenuen zergatik den "hizkuntza menderatu" erderakada. Eta nire ustez, azkenean zientifikoki demostratu dena guztiz kontrakoa da: "inguruko hizkuntza guztiek erabiltzen dutenez, ez dagoela arrazoirik "hizkuntza menderatu" euskaraz baztertzeko (forma berria eta ez betikoa izatea arrazoi nahikoa ez bada, behintzat). Bide horretatik galdetu nahi dizut ea "hizkuntzaz jabetu" betikoa den edo berria den, zeren esaten baituzu "betiko euskara"n hizkuntzak menderatzen dituela gauzak eta ez alderantziz (hizkuntza jabetzen al da gauzez? ala hizkuntzaz gauza?). "Menderatu" baztertzeko arrazoi berdinek ez la dute balio "jabetu" baztertzeko?

Amaitzeko esan nahi dizut ni ere zure idatziak oso gustura irakurtzen duten horitakoa nauzula.


(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA euskara irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus