Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hegaztien gripea

Hegaztien gripea

2005-11-16 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Azken bolada honetan denok irakurri ditugu gure egunkarian hegaztien gripearen albisteak. Herriaren irakurleak ikusia izango dute Dirassarrek, gure idazle seguruenetako batek, hegaztietako gripea erabiltzen duela.

Esapide batek nahiz besteak, jakina, ez dute inongo aitzakiarik, -ko eta -en, biak erabil daitezkeen testuinguruetako bat baita hori.

Baina duela egun batzuk hegaztien gripe izurria irakurri nuen Berriaren izenburu batean. Aitortu behar dut irakurri ahala zimikoa sentitu nuela belarrian, hots, gramatikan, belarria baita hiztun arituen gramatika seguruena. Eta pentsatzen jarrita, hegaztien gripe izurria esaldian izurri mota bat aipatzen dugu, gripe izurria; Berrian esaten zitzaigun izurri mota hori hegaztiena zela; baina, egiatan, izurria gripeari dagokio, ez hegaztiei; hegaztien izurria hegazti asko egotea da, hegaztien plaga, nolabait esan. Hots, esaldi egokia, nik uste, hegazti gripearen izurria da; eta hegaztien gripearen izurria astunegia gertatzen zait, eta astunegia baino zerbait gehiago agian.

Hori dute txarra hegaztien gripea bezalako esaldi “errazek”: kontuak apur bat korapilatzen direnean motz gertatzen direla, eta, hortaz, ez dutela eredu bat finkatzen. Esaterako, lehengo egunean la alarma aviar irakurri nuen Madrilgo egunkari batean (eta gehiago etorriko dira horrelakoak: ikusi gaztelaniaz, sostenible dela eta, daramaten martxa). Argi dago alarma aviar horren kidea ezin dela izan hegaztien alarma; aldiz, hegazti alarma arbitrarioa izango da, baina ez erdarazkoa baino arbitrarioagoa. Eta gaur bertan irakurri diot Herrian hegaztin izurritea, -hots hegazti izurria-, hain natural idazten duen J. Haritxelarri. Ez dut ukatzen la alarma aviar-entzat ere irtenbide bat aurki daitekeela, hegaztiek sortutako alarma adibidez, baina irtenbideen bidetik ez gara inoiz inguruko bi erdara ahaltsuei erantzuteko gauza izango, hots, ez gara, gaur esaten den bezala esateko, “lehiakorrak” izango.

Uste dut eraginkorragoa dela oinarri gisa hegazti hartzea, eta oinarri horren gainean eraikitzea gainerakoak. Horrela jokatzeak ez ditu, jakina, hegaztien gripea bezalakoak debekatzen, baina hegazti gripea-k, beste horiek ez bezala, eredu bat markatzen du.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Influenza aviaria
2005-11-16 / 15:06 / Josu Lavin Campo

Euskaraz:

influenza aviaria edota gripe/grippe aviaria

esaten bagenu, Ibon Sarasolak aipatu duen problema desagertu (sic) litzateke.


(JOSU LAVIN CAMPO Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
"gripe abiarra" edo "gripe abiaria"
2005-11-16 / 16:58 / Josu Lavin

Etxera heldutakoan semeei galdetu diet ea nola deitzen den hegaztien gripe hori telebistan eta agertzen dena.

"gripe abiar"

esan didate. Euskaraz ere?

Ez, esan dit nagusiak (13 urtekoak), euskaraz "gripe hegaztiarra".

Ez dakit non entzun duen, egia esan.

Neuk neure inguru euskaldunean entzuten dudana "gripe abiarra" edo "gripe abiaria" da.

Seguraski "lingua franca" esaten dugun bezala (eta ez lingua frankoa) izen sintagma hori bere horretan hartzen dugu, zeren "gripe abiarioa" arraro samarra suertatuko bailitzaiguke.

Ezin dut ulertu zergatik euskara batuan beti onartzen diren benetako erabileraren kontrako formak: a bildua vs. arroba, bizkar-zorroa vs. motxila, e.a.

Egunen batean honelako erabakiak garesti ordainduko ditugu euskaldunok.

Noiz arte gripe edota influenza euskaltzaindiaria?

Ez al da deskubritu haren kontrako txertorik?

Bai, HEUSKARA deritzo, Euskara Erkide Batua, alegia:

  • http://heuskara.blogspot.com
  • http://balbula.blogspot.com


(JOSU LAVIN CAMPO Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Avalantxa letal jada oraingoa
2005-11-16 / 17:43 / Erramun Gerrikagoitia

Ez da egia ezen "egunen batean honelako erabakiak garesti ordainduko ditugu euskaldunok" nola dioen Josu Lavinek baizik "ordaintzen ohi ditugu jada aspaldi" euskaldunon. Nork geratuko eta desegingo du hau avalantxa fatal, letal eta fetala?, orain ahal bait arinen. Beti txirloreari vueltaka.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Euskara zuzena
2005-12-10 / 19:28 / Iñaki Andueza Arbizu

Hasi naiz irakurtzen zure iritzi-gutuna, eta bigarren lerroan topatu dut: "irakurleAK ikusiA izango dute..." Harritu egin nau esaldiak. Berriro irakurri ea gaizki irakurri dudan ziurtatzeko, baina ez, han zegoen oraindik, aldatu gabe.

"Irakurleek" izango da, noski, baina gure Ibonek ikusia idatzi du eta ematen du nere ikasle guztiek berari irakurtzen diotela. Beraiek ete etengabean beren idazlanetan partizipioa idazterakoan horrela idazten dute "nekatua" dago. Nik behin eta berriro zuzentzen diet nekatuTA.

Dena den, akats bat baino gehiago izatea izan daiteke, bestela abisua pasa mesedez.


(IÑAKI ANDUEZA ARBIZU irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus