Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara Batua: eginahala eginez egina

Euskara Batua: eginahala eginez egina

2005-11-08 / 07:00 / Xabier Mendiguren Elizegi   HIZKUNTZA

Sakabanaturik zegoen euskara batu egin beharko litzatekeela, hizkuntza idatzia lantzen hasi bezain laster jabetu ziren euskaldunak, XVI. mendetik aurrera. Horren premia bezain gordina zen, ordea, egitekoaren zaila: bi estatutan banaturik, eskola, administrazio eta gainerako aginte guneetatik bazterturik, eredu bat sortzeko lurralde, erakunde nahiz idazle talderik gabe, nor bere txokoari eta ohiturei loturik...

Euskara batua: ezina ekinez egina liburuan Koldo Zuazok ezinezko bezain beharrezkoa zen helburu horren gorabeherak azaldu dizkigu mendez mende: Axular eta saratarren prestigioa, Larramendi eta gipuzkeraren goratzea, bizkaieraren eta hiperbizkaieraren sorrera, sabindarren eraginak, Euskaltzaindiaren sorrera, gipuzkera osotuaren proiektua, lapurtera klasikoaren berpiztea, Txillardegi eta Arestiren aitzindari sena, Mitxelena eta Villasanteren gidari lana...

Euskara batua: ezina ekinez egina liburua ez da mugatzen historia azaltzera ordea: egungo egoeran euskarak dituen ahuluneak seinalatzen ditu, joera txar batzuk salatzen eta egilearen ustez etorkizunean hartu beharreko bidea erakusten. Hizkuntzaren nondik norakoa hobeto ezagutu nahi duenarentzat informazio iturri aberatsa izango da obra hau, eta haren geroaz kezkaturik dagoenarentzat hausnarketa gai oparo eta kitzikagarria.

Koldo Zuazo Eibarren jaio zen 1956an, Bilbon bizi da eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Euskararen egoeraz eta etorkizunaz gogoeta zenbait azaldu zituen Euskararen sendabelarrak (2000) saioan, eta arazo bera beste alderdi batzuetatik aztertzen du oraingo honetan. Beste liburu hauek ere argitaratu ditu, aipatu diren biez gainera: Euskararen batasuna (1988), Arabarrak Euskararen Herrian (1999), Deba ibarreko euskeria (1999), Deba ibarretik Euskararen Herrira (2002), Euskalkiak, Herriaren lekukoak (2003). Bestalde, gaur egungo euskalkien eta azpieuskalkien mapa plazaratu du, Berria egunkariaren eskutik, 2005ean.

Hona hemen Koldo Zuazoren Euskara batua: ezina ekinez egina liburuaren pasarte bat, aurrerapen gisa:

1960 aldera, aldakuntza larria gertatu zen Euskal Herri osoan. Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Nafarroan ere gorakada handia egin zuen industriak. Ipar Euskal Herrian ere izan zen hazkundea, eta horrexek ekarri zuen Baiona-Angelu-Miarritze hiribilgunea sortzea. Garai hartaraz gero, ez da emigrazio esanguratsurik izan Euskal Herrian. Inmigrazioa, berriz, gertatu da; 1980 aldera arte, gehienbat.

Gizartean ere sumatu zen aldakuntza giroa. 1956az gero, batez ere, arindu egin zen zertxobait Francoren diktadura, baina, dena dela, askatasun gosez zen gerraosteko belaunaldia. Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakunde armatua sortu zen 1959an, zazpi euskal herrialdeen batasuna eta Euskal Herri beregaina ozen aldarrikatu zituena. Langileen arteko batasuna ere sendotu egin zen, eta oihartzun eta indar handiko grebak antolatu ziren. Sasoi hartan sortu ziren langile kooperatibak ere Arrasate inguruan, eta Euskal Herriko beste alderdi batzuetara zabaldu ziren ondorengo urteetan. Ipar Euskal Herrian, era berean, Enbata agertu zen 1963an, alderdi hartako lehenbiziko erakunde abertzalea. Euskal barruti administratibo berezia antolatzea zen haren eskabide nagusia: euskal departamendua.

Kultura arlora ere hedatu zen egoera iraultzeko gogoa. Eskultore eta margolari zenbaitek Gaur taldea sortu zuten, eta Ez dok amairu, berriz, musikari sail batek. Aldizkari berriak agertu eta zaharrak eraberritu ziren (Jakin, Zeruko Argia, Anaitasuna…), eta idazleak ere gizarte berriari egokitutako lanak plazaratzen hasi ziren: Jose Antonio Loidi, Jon Mirande, Gabriel Aresti, Txillardegi... Plazara atera ziren, era berean, bertsolariak eta teatro taldeak. Guztiz gertakari berriak ikusi ziren, gainera: gure historia osoan lehen aldiz, eskola euskaldunak sortu ziren, ikastolak, eta jende helduak euskaraz ikasteko gau eskolak antolatu ziren.

Ikusten denez, euskarak leku zabala bereganatu zuen kultura adierazpide horietan. Ez zen, dagoeneko, aldarri politikoak egiteko eta etorkinengandik bereizteko tresna soila, aurreko garaian bezala. Pixkanaka, herri hazietako kaleetan erabiltzen hasi zen, eta etorkinak bertokotzeko bitarteko gertatu zen.

Bertatik bertara bizi izan nuen garai hori neure jaioterrian, Eibarren. 30.000 bizilagunetik gorako herri hazia zen; kanpotik etorritakoak haietako asko. Ez zen euskararik erabiltzen 30 urte azpikoen artean, eta “baserritarren” mintzamoldetzat hartzen zen. Inguruko herri euskaldunetatik (Urolaldetik, Lea-Artibaitik, Durangaldetik…) etorritako familietan gertatu zen hausturarik latzena: gurasoek ozta-ozta zekiten erdaraz, eta seme-alabak ez ziren euskaraz esaldi oso bat esateko gauza. Euskara erabat galduko zela ematen zuen, eta 1970 aldera etorri zen aldakuntza: euskaldun izatearen lotsa galdu eta euskara erabiltzen hasi zen lagunarte zenbaitetan.

Hori guztiori kontuan hartuta, bazirudien, azkenean, euskararen batasuna egiteko giro egokia iritsia zela:

  • a. Euskara erabiltzen hasi zen herri hazietako gazteria.
  • b. Euskaraz ikasten hasi ziren haurrak ikastolan.
  • c. Euskara ikasten hasi zen jende heldua gau eskoletan.
  • d. Idazleek, kazetariek, kantariek, teatrogileek, bertsolariek… ahalik eta jende multzorik zabalenera iritsi nahi zuten.
  • e. Euskara gizarte hiritarrean txertatzeko, kultura esparruetan hedatzeko eta gizarte berriko hiztunen beharrizan guztietara egokitzeko borondatea zegoen.
  • f. Euskal Herria bere osotasunean ikusten hasi zen. Ordu arteko frantses euskaldunak eta españolak, ordutik aurrera herri bakar bateko iparraldeko eta hegoaldeko bizilaguntzat hartu ziren. Une hartan agertu ziren, hain zuzen, Iparralde / Hegoalde izenak, eta izen berrien azpian ikusmolde berria ere bazen.
  • g. Herria zapalduta, itota, desagertze zorian ikusita, herri horren alde jokatzeko prest azaldu zen gazteria sail zabala. Eta hizkuntza zen —ez arraza— haren nortasunaren ezaugarrietako bat; ezaugarri nagusia, batzuen iritzian.

1. Aitzindariak: Aresti eta Txillardegi

Txillardegiren arabera (1994: 125-173), tinko eta irmo eusten zion Euskaltzaindiak bere jokabideari gerraosteko garaian: egonean zegoen, lozorro goxo eta sakonean. Euskararen batasuna ez zen harendako inolako lehentasuna: erdaraz irakurtzen ziren txostenak, eta erdaraz egiten ziren batzarretako hitz aspertu gehienak.

1963an, bertatik bertara bizi izandako gertakari batek agortu omen zuen Txillardegiren eramana. Jean Haritxelharrek euskara behe-nafarrean egin zuen Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia, René Lafonek euskara zuberotarrean eman erantzuna, eta euskara giputzean mintzatu zen Jose Maria Lojendio euskaltzainburua. Jakina, Haritxelhar, Lafon eta Lojendio ez ziren horren errudun bakarrak, Euskaltzaindi osoaren utzikeria baizik (Txillardegi 1994: 160, 163). Handik lasterrera, gutun zehatza eta zorrotza egin zion Euskaltzaindiari (orain in Txillardegi 2004: 47-52), batasun bidean zerbait egiteko eskatuaz edo, bestela, erakunde horretan bere dimisioa aurkeztuaz. Euskaltzaindiak ez zuen ez batean ez bestean amore eman: ez batasunari heldu zion, ez Txillardegiren dimisioa onartu zuen.

Ez zen Txillardegi hitz hutsetan gelditu eta ekintzetan ere ederki erakutsi zuen bere borondatea. Euskara batuaren eredua zehaztea zen lehenengo urratsa, hau da, zein euskalkitan oinarritu erabakitzea, eta zuzena eta zentzuzkoa izan zen Txillardegiren ikuspegia. Alde batetik, erdiguneko euskalkiak zituen gogoko, euskaldun guztiendako ulerterrazenak zirelako. Bestalde, berriz, euskara bizia ikusi zuen ezinbesteko. Baina hizkera estandarrak batez ere idazteko direnez gero, literatura tradizioa aintzakotzat hartzea jo zuen baitezpadako, hizkera mintzatuko txokokeriak eta azken orduko berrikuntzak saihestu ahal izateko. 1958an, Euskaltzaindiaren babesean Bilbon egindako Euskalzaleen Biltzarrean plazaratu zuen iritzi hori (Txillardegi 1959: 159):

Oiartzun, Sara eta Elizondoko euskera artzen dut eredutzat. (…) Duvoisinen eta Mendibururen artean mugituko naiz, nik uste. Axular aukeratuko nuke gogoz, bere euskera bezelakorik ezpaitago iñundik ere, baña, zaharregia dala-ta, Duvoisin artu dut bere ordez, eta Mendiburu oiartzuarra.

Garaitsu hartan idatzi zuen Gabriel Arestik Maldan behera poema, eta egitura berriko hizkera erabili zuen bertan, geroago euskara batua izango zenaren oso antzekoa. Harritzekoa, Bilbo erdalduneko familia erdaldunean sortu, euskaraz ikasi, eta halako senez jokatu izana: euskara batua sortu baino bederatzi urte lehenago idatzi zuen euskara batuan (1). Halaxe aitortu zuen Mitxelenak (1978: 472-473), Euskaltzaindiak Arantzazun 1968an aurkeztutako batasun egitasmoaren egileak:

Arantzazun esana da, eta ehunen bat aldiz errepikatua gero, ez zela inor deus asmatzen ari; euskal literaturan indarrez ongi hornitua ageri zen joera bati, ordurako han gure aurrean geneukan joera bati, ematen zitzaiola amore. (…) Hau ez da hitz eta bitsa, hau froga daiteke, eta erraz gainera. Besterik pentsatzen duenak irakur beza 1959ko Arestiren Maldan behera poema luzea (…). Hor dago alde-aldean Arantzazuko batua osorik, puntu eta komatxo, baita Arantzazuz gerozkoa ere, aditz eta guzti. (…) Eta hori, ikus dezakezuenez, Arantzazuko bilera baino bederatzi urtez lehenagoko kontua duzue.

Argi ageri zen, beraz, batasunerako iparra: erdiguneko euskara, Lapurdiko literatura tradizioarekin uztartuta.

Helburura iristeko bidea zehaztea zen hurrengo urratsa, eta 1964an egin zen. Urtebete lehenago, Euskal Idazkaritza sortu zen Baionan, eta “Hizkuntza Saila” osatu zen haren babesean. Euskararen batasunari eman zitzaion lehentasuna, eta berehala ekin zioten lanari.

Txillardegiren arabera (1968: 69, 1994: 168), Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Iriart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Txillardegi bera ziren taldean. Herrialde gehienetako ordezkariak zeuden, beraz, eta, betiere Txillardegiren esanetan, gizarteko zenbait eragileren babesa biltzen ahalegindu ziren: EAJ, ETA, Enbata eta Eliza. Lau esparruotako ordezkariak azaltzen dira zerrendan.

Zortzi hilabeteko lanaldiaren ondoren, batzar irekirako deia egin zuten 1964ko agorrilean. Euskal Herri osoko idazle eta irakasle jendea bildu zen bertara eta, hartutako erabakiekin, zazpi orrialdeko txostena ekarri zuten plazara (in Jakin (1965), 18. zb., 20-28 eta orain in Txillardegi 2004: 55-64).


(XABIER MENDIGUREN ELIZEGI Elkarlanean argitaletxeko editorea da)

Oin-oharrak

(1) Arestik euskara batua eraikitzen egin zuen ahaleginaren berri izateko, ikus Zelaieta 2000.

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus