Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gure harrobia

Gure harrobia

2005-11-09 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Harrigarria da -edo izan behar luke- zein erraz egin duen harrobi hitzak jauzi mortala futbolaren arlora. Eta mortala diot, espainolaren klonikoa den futboleko harrobi horrek hitzaren adiera esparrua erabat desitxuratu baitu.

Hitz guztiak jatorrizkoa duten lehen adieraren esparrua hedatuz doaz, hizkuntza garatu ahala, berezkoa duten adiera horren arabera. Gure harrobik ere egina du bide hori: aski da Orotariko Euskal Hiztegiari begiratzea harrien alorretik kanpoko adibideak ikusteko: gure erriaren jakituri zaharra ezagutzeko ez dira arrobi makalak Grazianoren lanak; euskararen arrobi-muinera jo; hau gezur-harrobia!; egitura eder orren arrobi landugabea...

Ikusten denez bizigabeak izan dira gure harrobietatik orain arte atera diren zer guztiak. Orain bizidunak, eta futbolariak gainera, hasi dira ateratzen: mirariak eragiten ditu espainolak gurean.

Euskaraz izaki biziak, landareak nahiz gizakiak, mintegietatik eta haztegietatik atera izan dira irudizko zentzuan. Azken bolada honetan, mintegi-ren hedadurazko esparrua unibertsitateetako mintegietan-eta espezializatu denez gero, haztegietatik ateratzen dira. Ereduzko Prosa Gaur-en, esaterako, bizpahiru adibide daude, irudizko haztegi horrenak, “denbora luzez Markina eta inguruak pilotarien haztegi bikaina izan dira”, besteak beste.

Frantsesez pépiničre-tik ateratzen dira futbolariak, eta planter-etik katalanez, hots, haztegitik bietan: askotan aski dugu gaztelaniaren mundutik ateratzea gauzen benetako neurria ikusteko eta ikasteko.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Herritarra eta hiritarra
2005-11-09 / 09:00 / JM Mujika

Erantzuna baino gehiago argitasun eskaria da. Berria egunkarian ez du ematen "hiritarra" izaera duenik dagoenik. Pertsona egoera guztiak herritar bezala tratatuak agertzen dira.

Ni ez naiz hizkuntzalaria baina niretzat "herritar" hitzak naziotasun edo herri identitate bat adierazten du,"hiritar"-ek ordea eskubide eta betebeharrak dituen norbanakoa da. Ondorioz esan daiteke "herritar" hitza anbiguoa dela eta "hiritar"-ek ematen duen zehaztasuna galtzen da, honela esan nahia nahastua gelditzen da eta esan ez diren gauzak irakur daitezke.

Eskertuko nuke nahasmen hau argitzeko bidea emango bazenidake.


(JOXEMARI MUJIKA ARRIETA Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko kide da)

 
Harrobiaz Harro
2005-11-09 / 19:18 / Josu Lavin

Ez al duzue ezagutzen Kepa Junkeraren Harrobiaz Harro himnoa?

Xabier Amuritza jaunak egin ditu hitzak.

Gora gure harrobia!

 
Bide egin du
2005-11-10 / 10:02 / Patxi Petrirena

Oso interesgarria da informazioa; beste hizkuntza batzuetan jokalariak "haztegitik" ateratzen direlakoa, alegia. Ikusten dugu, bestalde, harrobiaren metafora erabili izan dela euskaraz ere, nahiz izen bizigabeei dagokiela: "jakituriaren harrobia", "gezur harrobia" eta abar. Jauzi mortala da hortik besterakoa? Iruditzen zait ez zaigula belarrira hain arrotz ere gertatu gaztelaniaren kalkoa kasu horretan; egin ditugun okerrenetakoa ez dela. Eta bere bidea egin duela.

Nolanahi dela ere, berriz diot, oso eskertzekoa da informazioa, eta "Markina eta inguruak pilotarien haztegi bikaina izan dira" eredu polita erakustea.

(Bide batez: oso interesgarria herritar eta hiritar hitzen gorabehera azaltzeko proposamena. Botata dago "baloia lapikora"; ea erremate bikaina egiten dugun...).


(PATXI PETRIRENA Euskaldunon Egunkariako hizkuntza-arduradun ohia)

 
Haztegiaz ez gaude harro
2005-11-10 / 12:42 / Josu Lavin

Nire irudikotz hagitz kaltegarria da Ibon Sarasola jaunaren proposamen hau. Proposamen hau arras egokia izan litzateke, baldin inork erabili ez balu HARROBI hitza zentzu futbolistikoan. Joan den astelehenean berean baserri-eskola batera joan ginen nire ikasleak eta hemeretziok. Autobusean gindoazela autobus-gidariak Kepa Junkeraren diskoa jarri eta guztiok abestu genuen HARROBIAZ HARRO himnoa. Gaur jaia eduki dugu eta bihar berriz elkartuko naiz nire ikasleekin zeinek ederki entzungo baitute ezen Ibon Sarasolak proposatzen duela ezen HARROBIAZ HARRO gabe, HAZTEGIAZ HARRO kantatu behar izan genukeela. Barre algarak handiak izango dira, ala Euskaltzaindia/Jainkoa!

Bravo, ileurdin, bravo! Beste genialitateren bat, porfa!

Josu Lavin

 
Interaktione interlaterala ala unilaterala?
2005-11-10 / 13:51 / Erramun Gerrikagoitia

Berriro diot eta dut errepikatzen lehen ere esan eta izkiriatu nuena, ezen:

Gogoan dut zelan askotan, behintzat baten baino askoz gehiagotan, hak Ibon Sarasola izkiriatzen zuen zeozer eta norbaitek zeozer planteatu ezkero gero ez ohi zuela erantzuten. Iruditzen zait ezen hori ez da interaktionea artean implikatuak, gainera iruditzen zait errespetu faltea.

Gogora etortzen zaidala esaldia ze harria bota eta eskua ezkutatu. Orain ere izango al da monologoa Ibon Sarasolarena, gabe interaktionea? Holan baldin bada bere asmoa on litzateke jakin dezagun hori guk aurretiaz.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Behin behineko euskara
2005-11-11 / 08:56 / Josu Lavín Campo

Erramun Gerrikagoitia jaunorri,

Ibon Sarasola jauna oso lanpetuta ibiltzen da hiztegigintzan, hainbat nola nire kaleko okina ogigintzan. Norbera beretik bizi baita. Hari esker, euskal hiztegirik gaurkotuenak erosi ahal ditugu, zeren berak aurretiaz erabakitzen baitu gero Euskaltzaindiak obedienteki azpisinatuko duena. Euskal merkatua txikia da oso, eta halaber oso da beharrezkoa ezen hiztegiak bi urtetan behin edo, behinik behin, berriztatu daitezela, behin betiko litzatekeen hiztegirik behin ere egin ez dadin. Ez zaigu interesatzen HIZTEGI BEHIN BETIKOrik. Honetaz gain, on da euskal gazteriari esan dakion ezen behin ere ez dela seguru egon behar ikasitakoaz, zeren gure euskaltzain saltinbankiek besterik erabaki baitezakete gutxien espero duten mementoan. Ez naiz harritzen euskal gazte guztiak bete-betean erdarara pasatzen badira. Normala.

Eutsi goiari! Eta eutsi HARROBIari!

Ez, ez, ez, haztegirik ez! Bai, bai, bai, harrobiari bai!


(JOSU LAVÍN CAMPO Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Hiritarren alde
2005-11-15 / 18:57 / Antton Elosegi

“Eskertuko nuke nahasmen hau argitzeko bidea emango bazenidake” dio Joxe Mari Mujikak Ibon Sarasolaren “harrobia” dela eta bestelako gaia planteatuz: ea ez den beharrezkoa 'hiritar' hitza erabiltzea inguruko ciudadano /citoyen / citizen emateko. Dena den, eta “gaia ez aldatu” irakatsi zidatenez, Ibonen kezka aspergarriari, garai batean “bizkarzain”ena plazaratu zuenean erantzundakoa errepikatuko nioke, beste erantzule gehienekin, bereziki Patxi Petrirenarekin bat natorrela adieraziz.

Aspaldiko kontu interesgarria JM Mujikak berriro eztabaidara dakarrena. Nire ustez, aspaldikoa izatez gainera luzarorako izango duguna, irtenbide eskas batekin amaitzen ikusten ohituta gauden eztabaida lexiko horietakoa baita. Guztiz arrazoi duzu, Mujika, desberdintasun semantiko hori markatzen duzunean: soziologian, politikan, etikan, antropologian eta zuzenbidean, besteak beste, ezinbesteko dugun kontzeptu-desberdintasuna: herri (edozein dela hitz horren adiera) bateko kidea, eta izaki politiko bati lotutako norbanakoaren izaera, eskubide eta obligazioen titular den heinean.

Inguruko hizkuntza guztietan bi hitz desberdinez bereizten dira kontzeptuok, eta nik dakidala, guzti-guztietan erabiltzen dute etimologiaz edo historiaz “hiri” adigaitik eratorritako hitz bat eskubide eta betebeharrak dituen norbanakoa izendatzeko.

Ez da kasualitatez: Mendebal osoaren historian hiria (grekoen polis, erromatarren cives, Erdi Aroko burgo) izan da eskubidedun norbanakoaren gunea, eta tradizio horri heldu zion Iraultza Frantsesak citoyen hitza konsakratu zuenean. Egia da euskaldun iraultzaileek ( garaiko itzultzaileek bederen), ez zutela hiritar hitza erabili, herritar baizik; baina egia da ere, lantzean behin citoyenak irakurtzen dugula garai hartako testuetan. Eta ondorengo historiak erakusten digunez, Iraultzaren ideia berriak ez dira izan Iparraldeko euskal idazleen kuttunenak. Hogeigarren mendearen azken herenean, soziologia, politologia edo zuzenbidea bezalako arloak jarraikitasunez lantzen hasten direnean, hainbat autorek egiten dute hiritar hitzaren adiera juridiko-politiko bereizgarriaren hautua, eta une honetan, askotxo dira hiritar/ herritar bereizkuntzari heltzen diotenak politikari, irakasle, ikertzaile, erakunde, kazetari eta idazleen artean.

Gehiago dira, erabilerari begiratuz gero, hiritar hitza adiera horretan erabiltzen ez dutenak; gehienetan, jakina, sakontasunetan sartu gabe ibiliz, zehaztasun terminologikoaren beharrik ikusten ez dutelako, edo hiritar hitzaren erabilera horri naturaltasunik gabeko irizten diotelako, eta, hainbat kasutan, estilo-liburuen egileek eta beste hizkuntza agintariek (kalkoaren ehiztari trebeak, bolada baita) debekua ezarri dutelako.

Bi hitz horiek, hiritar/ herritar, erabiltzeak ematen duen jokoari uko eginez gertatzen diren nahasmen eta inkoherentzia terminologikoaren adibide politak ditugu azken garaiko bi testu ospetsuetan. Bata, Europako Tratatu Konstituzionalaren itzulpena non herritar hitza erabiltzen den Europako citoyen/ciudadano/ citizen..-en ordainetan eta nazionalitate estatuarekiko erlazioari dagokionean eta bestea Euskadiko Estatutu Politiko berrirako proposamena (gaitzizenez Ibarretxe Plana) non ciudadania vasca-ren ordainetan herritartasuna eta nacionalidad-en ordainetan naziotasuna agertzen den. Zer geratzen ote da hitzaurreko Euskal Herriko kidea izendatzeko? Argi dago ezingo dela deitu Euskal herritarra, ez eta herritarra. Baina horren beharrik testuan ez dagoenez, aurrera, herritar = ciudadano eginez.

Tradizioan arazo guztien irtenbidea bilatu nahi dutenek mila arrazoi aurkituko dute arazo horiek gutxiesteko, baina egunerokoan zehaztasun terminologikoa beharrezkoa dugunok hor ibili beharko dugu gira eta bira, oraingoan honela, hurrengoan horrela, eta hitzen ordez azalpen osoak erabiliaz.

Espero dezagun Euskara Batuko Hiztegiak bigarren itzulian hitz horretara iritsi, eta hiritar sarrerari “hiriko biztanle” adiera bakarra ez ematea, edota okerrago (gogora garapen iraunkorra) Euskaltzaindiak adierazpen berezi bat ez egitea ciudadano/ citoyen euskaraz herritar esan behar dela deklaratuz.


(ANTTON ELOSEGI Euskara Juridikoko irakaslea EHU)

 
Kalkoa ez da deus txarrik, berez
2005-11-15 / 22:05 / Erramun Gerrikagoitia

Garbi dago ezen ez dela lan serosik, onik eta kalitatezkorik egin buruz lexiko internationala an euskararen akademia, nola-ere ikusten ahal dugu referentzialki hemen ondoko exempluan. Antton Elosegik, professore universitario hon Euskara Juridikoa an EHU, dio ezen nacionalidad-en ordainetan naziotasuna agertzen da.

Espainolezko nacionalidad esaten da euskaraz nationalitate. Hori daki edozein umek eta "gure" lexikologoek (nireak ez bedere) behar dute asmatzen ibili eta retoke absurduak egiten beldurrez hon kalkoaren ehiztari trebeak eta nik gehitzen dut ezen ez hain trebe baina bai inquisidore eta ignorant edo fede txarreko eta gaiztoko. Zer litzateke mundua, munduaren evolutione positivoa gabe kalkoa? Zertarako dira orduan patenteak? Patente askotan ongi pagatuak?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Kalkoez
2005-11-16 / 15:45 / Patxi Petrirena

Beste hizkuntza batetik zerbait kalkatzeak ez du deus txarrik... norberarenean lehendik den zerbait ordezten ez badu, ezta? Bestela, "gol berri" gehiago sartuko dizkiogu geure buruari; "hauteskundeak ospatu", eta abar.


(PATXI PETRIRENA Euskaldunon Egunkariako hizkuntza-arduradun ohia)

 
Kontzeptura hurbiltzeko bi modu ditugu jokoan
2005-11-16 / 17:11 / Patxi Petrirena

Antton Elosegiren hautu ongi argudiatuari erantzutean, puntu bat ikusten dut lehen-lehenik argitu beharrekoa, eta horretan bat nator Erramun Gerrikagoitiarekin: "naziotasuna" ez da "nazionalitatea" (norbera estatu jakin batekin lotzen duen ezaugarria). Naziotasuna "nazio izatea" da, herritartasuna "herritar izatea" den bezala. Beraz, naziotasuna nazioari dagokio, eta ez pertsonari.

Aitortzen dut zalantzan ibilia naizela ni ere oraintsu arte, eta bi datuk egin didatela argi (hitzaren morfologia gardenaz gain): "nazionalitate" hitza Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan sartua da, oharrik gabe (bi adiera bederen izango ditu), eta "naziotasun" hitza, berriz, adibide honekin dator, definiziorik gabe: “Finlandiarren naziotasuna asko indartu zen halako epetan”. Orduan, "nacionalidad"-en ordainetan ageri den "naziotasuna" okertzat daukat nik ere (eta argitu nahi diot Gerrikagoitiari ezen hori ez duela Elosegik bere baitatik esan, baizik eta testu batetik jaso); orobat daukat okertzat "Euskal Herriko naziotasun aitormena" ere: "euskal nazionalitate-agiria" esango nioke.

Sar nadin, orain, herritar —herri(alde) bateko kide— eta hiritar —eskubideak eta betebeharrak dituen pertsona— bereiztearen kontuan. Elosegik diosku testu jakin batean arazoa saihestu egin dela, "Euskal Herriko kide" esateko terminorik erabili ez denez "euskal herritar" libre-edo gelditu delako "ciudadano vasco / citoyen basque" adierarako (herritar = ciudadano). Eremu zabalagoko testu batean, halaber, saihesturik dago arazoa (edo arazorik ez da), "Europako herritar" esanda "ciudadano europeo / citoyen européen" besterik ezin delako ulertu, Europa herri gisa hartzen ez dugunez.

(Definitzen hasiz gero, berriz, honelatsu definitzen da Europako herritar izatea: "Est considéré comme citoyen européen, toute personne ayant la nationalité d'un État membre de l'Union européenne". Alegia: "Europako herritartzat hartzen da Europar Batasuneko estatuetarik edozeinetako nazionalitatea duen oro", gutxi-gorabehera.)

Gainerakoan, "herritar" erabilita bi kontzeptu ez bereiztea eta nahasmena sortzea arazo larria omen da. Aitortu behar dut niri ez zaidala hala gertatzen (seguruenik, zinez diot, ez naizelako gaian hain sakon sartzen). Eta gertatuko balitzait ere, uste dut ez litzaidakeela larriagoa irudituko espainolezko testuetan (are testu juridikoetan) gertatzen den hau baino: "La seguridad de los ciudadanos" esatean eta "Derechos y deberes de los ciudadanos" esatean, antza denez, "ciudadano" hitzaren adiera bana dugu: lehenbizikoan, "herritar"; bigarrenean, batzuentzat "hiritar" eta bestetzuontzat "herritar".

Azken batean, iruditzen zait kontzeptura hurbiltzeko bi modu ditugula jokoan: bat, nolabait esateko etimologistagoa edo, "hiritar" esatera eramaten gaituena; bestea, ideiari helduta, "herritar" (eskubide eta betebeharren jabe dena, adieretatik batean) esanarazten diguna. Garbi izanik, hori bai, aukera batek nahiz besteak dutela nolabaiteko ifrentzua edo itzala: "herritar" erabiltzeak, Elosegik, Mujikak eta bestek ikusten dutena; "hiritar" erabiltzeak, berriz, "hiriko" adierak sortzen duena.


(PATXI PETRIRENA Euskaldunon Egunkariako hizkuntza-arduradun ohia da)

 
Kalkoak ere, nola beste mila aktione, egokiak eta on, valioko zaizkigunak
2005-11-16 / 23:49 / Erramun Gerrikagoitia

Iruditzen zait ezen akademiko Ibon Sarasolak hasten du hemen autu bat (#, ez hautu bat) eta gero ez duela nahi parte hartu an berak sortoriko autua, zein da edukatione gutiegikoa. Ez al gaitu lagundu behar solidarioki akademikoak berak apportatu ahal duen laguntzarekin? Baina tira, lar ohitua dagoke berba egiten tik pulpitua an monologo autokomplazenteak.

Patxi Petrirena nafarrak esaten du laburki erantzunez buruz kalkoen momenentzia eta ere uste dut zilegitasuna "Beste hizkuntza batetik zerbait kalkatzeak ez du deus txarrik... norberarenean lehendik den zerbait ordezten ez badu, ezta? Bestela, "gol berri" gehiago sartuko dizkiogu geure buruari; "hauteskundeak ospatu", eta abar.", non galdetzen du niri "norberarenean lehendik den zerbait ordezten ez badu, ezta?". Eta erantzunez dio Erramun Gerrikagoitia ere nafarrak ezen ari ginen generalki arrazoituz eta razonatu buruz kalkoak, baina generalki, zeren batzuk gereralki hartzen dute kalkoa beti txartzat diruditela zensore zorrotz divinoak. Kalkoa behar ez denean seguru ez dela on, generalki. Ez gara sartuko, ari garela generalki buruz hizketan kalkoa -ez kalkoak, eta zelako kalkoak- determinatzen singularitate guziak. Izanik ere rekurso proprio bat gure hizkuntzan -euskaran- zergatik ez da hartu behar beste kalko parallelo bat eta quasiequivalentea beste hizkuntza batetik baldin bada egokia eta ere gustukoa? Zer luke txarrik? Ni naiz orain galdez ari naizena.

Beste bandatik -Bermeon holan esan ohi da- nik diot generali ezen nacionalidad gaztelaniazkoa esaten da euskaraz nationalitate, gabe sartu ez dakit zein kasuistikan, lexikalki soil. Uste dut eta espero dut duzula ezagutzen nire liburuko (Euskarazko arrotzhitzak, 2002) reeditionea buruz lexiko international amankommuna. Diotsot ere Patxi Petrirena sunbillarrari, zeren gogoratzen bait du niri "(eta argitu nahi diot Gerrikagoitiari ezen hori ez duela Elosegik bere baitatik esan, baizik eta testu batetik jaso)", ezen ba dakit, eta gainera pozten nau jakiteak, ezen ez dela inventu bat hon Antton Elosegi ze nacionalidad esaten da naziotasun; berak argi aipatzen du ezen delako textuan holan agertzen dela soil, eta nik uste berak ez du edo duke hartzen hori ontzat hori "naziotasun" traduktionea.

Edozelan ere detailleez aparte -harrobi, haztegi, gaba beltza, gol berria, hauteskundeak ospatu, ... eta etc luzea- ba du euskarak autu -ez hautu- transzendentalagorik eta sensibleagorik. Ala ez? Eta da hau bigarren nire galderea.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus