Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ez gaitezen hain ezkorrak izan!

Ez gaitezen hain ezkorrak izan!

2005-11-04 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Aztergai kitzikagarria da zergatik aukeratzen diren egitura jakin batzuk berriren bat emateko, edo zergatik osatzen diren esaldiak era jakin batean. Aukeraketan, berez, komunikazio-helburu jakin bat egon liteke. Edo gerta liteke erderetatik itzulpen zuzena egiteagatik aukeratzea molde bat eta ez bestea, bestelako helbururik egon barik. Ezetza, esate baterako, behin baino gehiagotan itzulpenaren ondorioz erabiltzen da erabiltzen den moduan. Ezezko egiturei arreta gutxi ematea ere jazotzen da inoiz.

EZ bizirik!

EZ bizirik!

Uste baino gehiagotan, «gabezia», «falta» edo bestelako hitzen bat sartzen dugu, eta esaldia askoz bihurriago geratzen zaigu «ez» aditzondo soila sartuta baino.

  • 2004ko martxoaren 11n, Madrilen, eta uztailean, Londresen, egin ziren atentatuek argi utzi dute segurtasun neurririk eza dagoela Europako garraioetan.
    • 2004ko martxoaren 11n, Madrilen, eta uztailean, Londresen, izan ziren atentatuek argi utzi dute ez dagoela segurtasun neurririk Europako garraioetan.
  • Epaileak ontzat eman du akusazioaren frogen baliogabetasunaren kontrako irizpena.
    • Epaileak ez du onartu akusazioaren frogak baliogabetzea.
  • Gobernuz kanpoko erakunde batzuek salatu dutenez, poliziek abokatuari deitzea ukatu zieten etorkinei, eta galdeketaren aurretik ezer jan eta edatea.
    • Gobernuz kanpoko erakunde batzuek salatu dutenez, poliziek ez zieten utzi etorkinei abokatuari deitzen, eta ez zieten eman jateko eta edatekorik galdeketaren aurretik.

Larra beti txarra!

Kontrako joera ere badago, gehiegi ezeztatzea. Eta hori ere okerrerako izan liteke.

  • Jehovaren Lekukoek kargutik bota dute euren arduraduna. Dirudienez, semeari ebakuntza egin ziotenean, uko egin zion beste baten odola ez hartzeari.
    • Jehovaren Lekukoek kargutik bota dute euren arduraduna. Dirudienez, semeari ebakuntza egin ziotenean, beste baten odola sartzea onartu zuen.

Horrelako korapiloak ez dira ohikoak. Dena dela, hori baino egitura soilagoak are gehiago soildu daitezke, ezezko esangura duten hitzak erabiliz.

  • Urteak dira kontrapasa baimentzen ez dela.
    • Urteak dira kontrapasa debekatzen dela.
  • Gizarteak leku publikoetan erretzea hobesten ez duela ikusita, enpresetan hasiak dira erretzaileentzako gela bereziak egokitzen.
    • Gizarteak leku publikoetan erretzea gaitzesten duela ikusita, enpresetan hasiak dira erretzaileentzako gela bereziak egokitzen.

Ezetza aurretik!

Adi azkenaldian antzeman diogun moda berri bati: ezetza esaldiaren amaieran jartzea. Ezin esan txarto dagoela, eta komunikazio-helburu jakin bat ere izan lezake, baina ordenamendu hori bortxatuegia da gehienetan.

  • Batzordearen bozeramaileak esan du goi-bileran izan diren erkidegoetako presidenteek azkenean agiri bateratua adostea ez dutela lortu.
    • Batzordearen bozeramaileak esan du goi-bileran izan diren erkidegoetako presidenteek azkenean ez dutela lortu agiri bateratua adostea.
  • Herrizaingo Sailak Bilboko manifestazioa debekatzeko arrazoirik ez du ikusten.
    • Herrizaingo Sailak ez du ikusten Bilboko manifestazioa debekartzeko arrazoirik.
  • Txema Montero Brouardtarren abokatuaren ustez, zaila da kasua berriro irekitzea, ikerketak oinarritzeko adierazpen garrantzitsurik ez baitago.
    • Txema Montero Brouardtarren abokatuaren ustez, zaila da kasua berriro irekitzea, ez baitago ikerketak oinarritzeko adierazpen garrantzitsurik.

Ogitartekoa ez gehiegi bete

Ezezko esaldietan, ukatzen dugun osagaia aditzaren barruan txerta dezakegu. Inoiz, horrekin batera beste osagai batzuk txerta ditzakegu, laburrak badira batik bat: «Ez dizut nik zuri sekula gezurrik esango». Ez da egokia aukera hori muturrera eramatea.

  • Athleticek ez zion azken minutuetan partida osoan erabilitako joko onari eutsi, baina aurkariak ez ziren hobeto aritu.
    • Azken minutuetan, Athleticek ez zion eutsi partida osoan erabilitako joko onari, baina aurkariak ez ziren hobeto aritu..

Ukatu: la, la, la… la , la, la… la , la , la!

Azkenik, gogoan izan «ukatu», «gezurtatu» eta «ezeztatu» darabiltzagunean, «-(e)la» jarri behar dugula, eta ez «-(e)nik», perpausa, formaz, ez baita ezezkoa.

  • Akusatuak ukatu egin zuen biktima ezagutzen zuenik.
    • Akusatuak ukatu egin zuen biktima ezagutzen zuela.

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus