Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Software Librea Euskal Herrira

Software Librea Euskal Herrira

2005-11-03 / 07:00 / Juanan Pereira eta Iņaki Alegria   INFORMATIKA

Massachusettseko herri administrazioak, egunero, milaka agiri eta paper ezberdin sortzen ditu, beste edozein estatu administraziok bezala. Orain arte, dokumentu horiek Microsoft Word (testuetan) eta Microsoft Excel (kalkulu orrietan) erabiliz idazten ziren batik bat, baina hemendik aurrera software libreaz egingo dira.

Microsoft-eko aplikazio bi horiek sortzen dituzten fitxategiak estandarra eta irekia ez den formatuan daude; izan ere, fitxategi hauek zuzenki irakurri edota moldatu ahal izateko, nahitaez Microsoft Excel eta Microsoft Word programak erabili behar dira. Enpresa estatubatuar ezagun horri bere produktu hedatuenak berritzea bururatzen bazaio (eta urtero bertsio berriak ateratzen dituzte), erabiltzaileak produktu berritu horiek erostera behartuta egongo dira, beste erabiltzaileen dokumentuak irakurri nahi baditu behinik behin. Egoera hau are larriagoa bihurtzen da urtero-urtero. Zenbat eta fitxategi gehiago sortu MS Office bulegoko sistemarekin, orduan eta zailago izango da sistema honetatik ihes egitea eta formatu estandarrak eta irekiak erabiltzen dituen beste aplikazio batera pasatzea. Hori, askoren ustez, praktika monopolistiko hutsa da.

Software eta formatu jabedunak (ez estandarrak) erabiltzaileengan sortzen duten teknologiarekiko menpekotasunetik askatzeko Massachusettseko estatuaren erabaki hori eredugarria da gure ustez. Menpekotasun horrek dakartzan gastuak soberan daude, bestelako alternatiba funtzionalak eta libreak daudela kontuan hartzen badugu. Erabaki horrekin aipatutako estatu horrek ziurtatzen du egun sortzen duen dokumentazio guztia, gaur eta hemendik 100 urtera, edonork irakurtzeko aukera izango duela, urtero-urtero Microsoft-i edo beste edozein enpresari formatu itxi bat erabiltzeagatik lizentziarik ordaindu gabe. Eta hori egin dezake software libreari esker, software mota horrek formatu irekiak eta estandarrak ziurtatzen dituelako.

Bizi garen aro digitalean, hainbat helburu software librearekin baino ezin dira bideragarri bihurtu; adibidez, teknologia berriak ezagutaraztea eta beraien erabileran diskriminaziorik gabe heztea, bai enpresen nola herritarren artean, egoera ekonomiko edo soziala edozein delarik ere. Baita softwarea norberaren hizkuntzan aurkitzea ere, euskaraz gure kasuan; gainera, hori lor daiteke bertsio berri bat atera bezain laster, eta ez handik urte batera. Ildo beretik, software hori beti legala da, edozein bulegotan edo etxetan, pirateriaren arazoa, beraz, desagerraraziz.

Abantaila horien azalpena sinplea da: lizentzia irekiak edo libreak erabiliz, sortutako aplikazioetan aplikazio horien iturburu kodea (programaren muina) eskuragarri dauka edozeinek, irakurtzeko eta baita aldatzeko ere (funtzio berriak gehitzeko edo gure nahietara moldatzeko). Lizentzia horiek baldintza bakarra izan ohi dute, software libreaz sortutako aplikazio berriek software librearen lizentzia mantendu behar dute, hau da, iturburu kodean aldaketak eginez gero, sortutako kode berria edonorentzat izango da libre.

Aukera honek dakartzan beste onuren artean lokalizazioa deritzon hizkuntzaren moldaketa dago (euskararako itzulpena adibidez). Moldaketa horiek guztiak ere libreak izango direnez gero, metodologia horrek lankidetza bultzatzen du.

Hori guztia informatikaren mundua iraultzen ari da, eta hainbat administrazio publiko jabetu dira mugimendu honek dakartzan onurez. Administrazio batzuk modu eraginkorrean ari dira, eta Txinan, Brasilen zein Europako hainbat tokitan esperientzia praktikoak daude. Gure inguruan orain arte aldarrikapen instituzionalak egon dira (Gasteiztik edo Iruņetik Bruselara), baina askotan ekarpen praktikorik gabe. Nazio Batuek ere, munduan dagoen amildegi digitala murrizte aldera, software librea bultzatzen dute.

Gertuago ezagutzen dugun bi esperientzia interesgarri ere komenta daitezke. Extremadurako Gobernuak bultzatuta, software librea irakaskuntzan txertatzeko oso esperientzia interesgarria egon da, eskoletan eta lizeoetan banatu den Linex izeneko CD batean oinarrituta. CDaren sorkuntza baino azpimarragarriagoa izan da egin den zabalkundea eta promozioa, eta horri esker hainbat sari eta aipamen lortu du esperientzia horrek. Euskal Herrian bertan, EJko Kultura Sailak bultzatutako Linux-eko lokalizazioak, bere txikian, oso eragin positiboa izan du, Microsoft bultzatu duelako euskarazko lokalizazioa askoz baldintza hobeagoetan egitera.

Dena den, kezka errepikakor bat topatzen dugu gai hau enpresan, politikan eta herritarren artean sozializatzen dugunean; software librearen alde hainbeste irizpide sendo baldin badaude, zergatik ez da toki guztietan erabiltzen? Eta beste galdera hau: software librea gehienetan doakoa bada, nola egiten dute enpresek etekina lortzeko?

Galdera horiei erantzuteko hainbat zehaztasun egin behar dira. Alde batetik, erabilpen lizentziak doakoak izan ohi badira ere, erabilpena eragozten duten kostu batzuk badaude askotan; sistema batetik bestera iragaiteko migrazio kostua, formazio edo heziketa kostua eta, enpresa mailan, mantentze kostua. Software librearen inguruko enpresa asko horretara dedikatzen dira hain zuzen: aldaketan laguntzea, langileria heztea eta mantentze-lanak egitea. Gure artean horretan ere aritzen dira hainbat enpresa, eta duela gutxi askoren artean ESLE (Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea, www.esle-elkartea.org) eratu dute.

Bestalde, software librea ez da beti irtenbiderik onena; egoeraren eta beharraren arabera, batzuetan software jabedunak aukera ahaltsuagoak eskaintzen ditu, eta software librea erabiltzeagatik eragindako errendimendu galerak kostu handiagoa eduki dezake lizentziaren kostua baino. Hala eta guztiz ere, gehienetan software librearen ahalmena ez da txikiagoa, eta jabegoaren kostu osoa kontuan hartuta (kostu horretan sartzen dira lizentziaren kostuaz gain, heziketarena eta mantentzearena birusak, erasoak eta segurtasun-arazoak ere kontuan hartzen dira beste batzuen artean), oso alternatiba interesgarria da sarritan.

Dena den software librearen aldeko apustua egin ahal izateko, ezagutu egin behar da, eta horretarako aukerak ugaltzen doaz. Hainbat erakundek eta enpresak bultzatutakoaz gain, aurten lehen aldiz, UEUren eta Asmoz-en artean modu telematikoan eskainitakoa (linux.asmoz.org) azpimarratu nahi dugu, modulu interesgarri asko eskaintzen dituelako eta euskaraz delako. Horixe izan daiteke software librearen trena hartzeko gure geltokia.


(JUANAN PEREIRA VARELA, informatikaria eta Diariolinux.com-eko editorea da; eta IŅAKI ALEGRIA LOINAZ, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Ixa taldeko kide da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus