Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Berriz ere Laphitzen eta euskara batuaren inguruan

Berriz ere Laphitzen eta euskara batuaren inguruan

2005-10-18 / 07:00 / Pello Salaburu   HIZKUNTZA

Orain dela egun batzuk (2005-10-11n) atera zen hemen berean nire artikulu bat. Artikulua baino gehiago, Irisarrin, Euskaltzaindiaren bilkura batean eman nuen hitzaldi baten testua zen (Euskara batua eta Laphitzen euskara eredua).

Testu hori dela eta, zenbait iruzkin atera dira han-hemenka: batzuk hemen berean, bertze batzuk hemendik kanpo.

Ez nuen asmorik erantzuteko, hizkuntza esperimentuak ez baititut gustuko, eta iruzkinen artean baziren batzuk laborategiko esperimentuekin lotuagoak zirenak hiztunen euskararekin baino gehiago. Eta nola gauza hauetan nahiago dudan jakiteekin ibili, ez iritziekin, horregatik ez nuen erantzun nahi.

Baina, hala ere, leitu ditudan punttu batzuk direla eta, zerbait erran nahi dut. Norbaitek eskribitu du honako hau:

  • "Tipo honek esaten dituenak beste batzuk duela 25 urte esaten genituen".

Eta aitzinttoago:

  • "Euskaltzaindiaren deklarazio instituzionala behar da non Salaburuk esandakoak onartu baitez".

Gauzak garbi uzteko hastetik beretik, hemengo hika-mikak segitzeko astirik izan ez duenari (horretarako ere denbora behar baita) erran nahi dut, "tipo hori", lerro hauek sinatzen dituenak eta Salaburu pertsona bera direla.

Blog horretan ondoko bertze hau ere irakurtzeko aukera izan dut, nahiz ez dakidan euskara ote den hori edo bertze mintzo bat, zeinak harekin antza erakusten baitu, batez ere ortografian eta hiztegian:

  • "Kontrakoak eman badeza ere, neu kinago zu nago ezen kin haiek, zeren zure euskara ez baita ezertan ere artifizialagoa Euskaltzaindiaren euskara batua baino".

Harrigarria baldin bada ere, nik ez badakit ongi zer den ia harrigarria gure herri saindu honetan, hori euskaratzat du baten batek: gutienik, idatzi duenak berak. Jakin nahi nuke, hori bai, zergatik ez duen eskribitu, koherenteago izanen bailitzateke, "agokin", "kin ek hura" edo "ntaezer", konparazione. Ez dut zalantzarik komunikazio kontuetan, komunikazioa dela-eta sortu nahi baita halako hizkera ulergaitza, aunitz irabaziko lukeela testuak.

Orain dela 25 urte erranak. Ni ez naiz oroitzen nork zer erraten zuen orain dela 25 urte, ez dut gogoan, zerbait interesekoa erraten baldin bazuen ere, non erraten zuen, nola eta zertako erraten zuen, baina argitu nahi nioke berak orain orrialde berean erakusten dituen dudak nola konpontzen ahal dituen -zenbait puntutan bederen- orain dela 25 urte Euskaltzaindiak erraten zuenaz baliaturik. Laphitzen testu erraz batean du, antza, zalantza eta balantza, ez baitaki nola eman euskara batuan honako hau, ipurdi dantzan:

  • "Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios(?) zerurat(?) igaiten(?), zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat(?)? Agian anitz! Agian guziak(?)!".

Testu horri, berak jarri dizkio galdera ikurrak, eta argia eskatu:

  • "(?) daukaten horiez ez bainago seguru".

Zaila lana! Goazen, hortaz, ikurra duten hitz horiekin:

  • LORIOS:

    hitz hau dagoen moduan idazten da euskara batuan. Hori orain dela 7 urte luze erran zuen Euskaltzaindiak hitz hau bere hiztegi batuan sartu zuelarik. Ondoan "Ipar." marka jarri zion. Eta horrek zer erran nahi zuen handik bi urtera espresuki argitu zuen: "Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar. eta Naf., Gip.... ikurrak ematen ditugu. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera -jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina- horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen" (ikusi Hiztegi Batua izeneko liburua. Informazio hau Euskaltzaindiaren Webgunean ere bada).

    Orain dela 7 urte, erran bezala. Baina aitzinetik ez baitzuen deusik erran, hitz hau euskara batuan ibiltzea ez zuen inork ere debekatua eta, hortaz, betitik ibili ahal izan da. Orain dela 7 urte eta orain dela 25. Gainera, 7 urtetik honat bedeinkazioa eta guzi badu.

  • ZERURAT, JARRAIKITZERAT:

    bi hitz hauetan zalantzan dagoena ez da hitzen forma, baizik deklinabideko kasuaren marka: nola da batuan, -ra edo -rat? Zeren nik mendirat eskribitzen dudan aldi bakoitzean ordenagailuko ortografia zuzentzaileak gorriz azpimarratzen dit, non eta ez didan zuzenean zuzentzen. Baina gauza bat baita Euskaltzaindiak kontu hauetan erran duena, eta bertze bat zuzentzaileek (direla makinak, direla pertsona jakin batzuk) egiten dutena. Ongi bereizi beharko lirateke bi mailak, eta anitzetan jendeak nahasten ditu. Euskaltzaindiak 1979an argitaratu zuen forma hauez erran behar zuena, orain dela 26 urte. Liburuaren izena BERGARA-ko biltzar ondoko ERABAKIAK da, eta han espresuki onartzen dira, zein bere tokian, eta maila berean, "adlatiboa" deitzen dena (-ra) eta "adlatibo bide zuzenezkoa" (-rantz, -rat) deitzen dena. Hori 30. orrialdean da, eta bertze toki batzuetan. Ondoren, EGLUko lehenbiziko liburuan gauza bera errepikatzen da (aurten bete dira 25 urte liburu hori idazten hasi ginenetik), baina argiago: ezik izen bakarra ematen zaio kasu horri, -t hori aukeran, parentesi artean, paratuz. Beraz, hitz horiek dauden bezala onartzekoak dira euskara batuan.

  • IGAITEN: Hau ere nola idatzi behar den (informazioa Webgunean) 1998an adierazi zuen espresuki Euskaltzaindiak. Arauaren izenburua "Adizki perifrastikoetako adizki nagusiaren forma" da, 85.a da eta erran urteko maiatzekoa da. Ez naiz luzamenduetan ibiliko, arauaren akitze lerroa bakarrik baitut interesekoa hemen: "Ekialdeko euskalkietan ohikoa den -i- tartekatua (egoiten, izaiten, erraiten, etab.) ez da batasunerako gomendagarria". Beraz, gomendio mailan (arau-erabakia izatera ailegatu gabe ere) igaten da gomendatzen duena. Hiztegi batuan ere ageri da gero "igaten" forma, baina "igaiten" espresuki baztertu gabe. Bakoitzak baloratu beharko du gomendioa segitu edo ez: batzuek nahiago dute hor interpretazio hetsiena egin eta Euskaltzaindiak erraten duen guztia, edozein mailakoa izanik ere, segitu. Nik, kasu honetan, igaten aukeratuko nuke euskara batuan, baina hautu pertsonala da hori, eta igaiten idatzirik ere, ezingo luke inork ere zuzendu Euskaltzaindiaren izenean, non ez bada testua argitaratu nahi duen argitaletxe jakin horrek, gobernu horrek edo dena delako horrek ez duen, barne politika gisan erabaki bat onartu, zeinek erraten baitu Euskaltzaindiaren agindu guztiak bete behar direla, mailak (erabakiak edo gomendioak) kontuan izan gabe. Hori ere gertatzen da aunitzetan, eta konprenitzekoa da, argitaletxe batek bere produktuen gutxieneko homogeneotasuna nahi baitu. Baina zuzenketa, kasu horretan, ez da Euskaltzaindiaren izenean egiten, edo ez erakunde honen izenean bakarrik, baizik argitaletxeak bertze arau batzuk jarri baititu.

    Kontu hauetan, Euskaltzaindia tentuz ibiltzen da, eta batzuetan gomendioak argitaratu baditu, eta ez arauak, zerbaitegatik izan da. Gogoan izan du beti zer gertatzen den idazleekin: pentsatzekoa da idazleek, oro har, gomendioei ere kasu egiten badiete, gomendio horiek arau bihurtuko dituela urte batzuen ondoan. Eta orduan bai: orduan, orduan bakarrik, euskara batua deitzen dugun horretan nahitaez betetzekoak izanen lirateke. Jakina: holako gauzak EGAko zuzentzaile batek, edo institutuko irakasle batek, ez baditu bereizten, horren erantzukizuna ez du Euskaltzaindiak, baizik duenak.

  • GUZIAK: kasu honetan hitzaren formaz ari gara. Badakigu guztiak hedatua dela. Zer egin guziak formarekin? Hiztegi Batuak honela dio (hau ere aspaldiko kontua da, orain dela 7-8 urtekoa, eta orduan argitaratua): "guzi h. guzti". Beraz, Hiztegi Batuak erraten digu "hobe" dela guzti idaztea, eta ez guzi. Eta zer erran nahi du "hobe" horrek? Hori ere espresuki azaldua da, eta ez da deus ere asmatu behar:

    "Horrelakoetan, "hobe" hori Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio, eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, Herria astekarian, Bizkaia gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez" (Hiztegi Batua-ren sarreran).

    Euskaltzaindiak "erabili" (hitz bat gaitzetsi eta bertze bat ibiltzeko agintzen du), "hobe" (orain ikusten ari garena. Bada bertze "hobe" bat ere oraingo gai honi ez dagokiona), eta euskalki marka duena (lehen ikusia) bereizten ditu sarreren artean.

    Bigarren kasuan sortzen ahal dira zalantzak, hor, bertze bietan ez bezala, interpretazio kontuak ere ageri baitira tartean. Zeren, zer erran nahi du "Euskal Herri osoari begira idazten..." delako esaldi horrek? Kontura gaitezen inork ere ez duela zalantzan jartzen guzi ere batua dela, maila batean bederen, non ibiltzen dugun. Ikas liburu batean, konparazione, eta argitalpen desberdinak egiteko masa aski ez baitugu, nik guzti aukera nezake. Edo unibertsitateko liburu batean. Edo buletin batean. Baina inprentan dudan Baztango gramatika batean, eta ez da laburra, guzi aukeratu dut eta hori ibiltzen dut sistematikoki. Jakinaren gainean. Inork ere ezinen du erran, hala ere, liburua ez dudala batuan eskribitu. Literaturan ere ez dut zalantza gehiegi: nongo ukitua eman nahi zaion, guzi egokiago izanen da guzti baino. Edo alderantziz. Hau, batuaren kontuaren gainean ari zela, aspaldi erran zuen Mitxelena zenak berak ere, ez naiz deusen asmatzen ari orain.

    Kasu honetan literatura lan baten gainean ari gara, eta hori Iparraldeko euskalki batean eskribitua da. Nik ez nuke zalantzarik, eta guzi aukeratuko nuke (nahiz hautu hau eta honen parekoak izan daitezkeen bertze batzuk sarreran azalduko nituzkeen, argudio bideak erakutsiz irakurleari, honek ere bai baitu eskubidea jakiteko zergatik eta nolatan egiten ditugun egiten ditugun aukerak).

Ez dago euskara batuaren eredu bakarra. Ezin da gertatu holakorik Euskaltzaindiak berak batasunaren inguruko interpretazio batzuk idazlearen esku uzten baditu. Hori da hemen gertatzen dena. Beraz, niri norbaitek galdetuko balit nola eman testu hori batuan, hola emanen nuke:

  • "IKUSTEAREKIN BI EUSKALDUN, MUNDUA, DEABRUA, ETA BEREN BURUA GARAITURIK, LORIOS ZERURAT IGATEN, ZENBAT EUSKALDUN LEHIATUKO OTE GARA HAIEI JARRAIKITZERAT? AGIAN ANITZ! AGIAN GUZIAK!".

Baina bertze norbaitek bertze molde hauetara paratuko balu ere, nik ezinen nioke erran zuzen ez denik. Erranen nioke, nire eredua ere batua izanik, jatorrizko egilearen lana hobeki errespetatzen duela, eta haren "usaina" hobeki altxatzen duela, eta testua bera berdinduago eta homogeneoago gelditzen dela:

  • "Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guztiak!".
  • "Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaiten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guziak!".
  • "Ikustearekin bi euskaldun, mundua, deabrua, eta beren burua garaiturik, lorios zerurat igaiten, zenbat Euskaldun lehiatuko ote gara haiei jarraikitzerat? Agian anitz! Agian guziak!".

Bai baitira, batasunaren arauez gain, senak ere eskatzen dituen hautu pertsonal batzuk. Baina nago ez ote duten batzuek sena aspaldixko galdua.

Horregatik, eta honekin akitzen dut, ez dut uste Euskaltzaindiak inolako adierazpenik egin behar duenik nire hitzaldiaren gainean. Ez dut hautsi, uste dut segurik, inon ere hautsi, Euskaltzaindiak eman batasun araurik. Urratsez urrats segitu dut, hori egin nahi izan dut bederen, Euskaltzaindiak orain, eta orain 25 urte ere, erraten zuena. Hemen, esaldi horri aplikatu dudan metodologia bera aplikatu nuen hitzaldian ere. Euskaltzaindiak erraten duenaren, eta erraten omen duenaren edo erranarazten diotenaren artean, ez baita, ez, arteka ttipia. Hori bai, norbait gai baldin bada erakusteko zertan aldendu naizen Euskaltzaindiak zehaztutako euskara batutik, eskertuko nuke, biziki eskertu ere, hori jakinaraztea. Betiere bereizirik, hori bai, balizko esperimentuak eta eguneroko errealitateak. Zerengatik ezin dira sartu biak zaku berean.


(PELLO SALABURU ETXEBERRIA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Pello Salaburuk erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Pello Salabururen zientzia faltsua
2005-10-20 / 10:50 / Jesus Rubio

Aurrena nahi nioke eskertu at Pello Salaburu bere ohar ondo xehetua buruz ortografia hon zenbait hitz eta atzizki, erantzunez at eskaera hon Josu Lavin. Alde horretatik (hau da, galdera txikiei erantzuten dabilelarik) bikain!

Baina, gure hizkuntzalari eta euskaltzainak ezin izan du ebitatu referentzia tangentzial bezain desegoki bat respektu gure galdera handiena:

Ez nuen asmorik erantzuteko, hizkuntza esperimentuak ez baititut gustuko: hori gertatzen zaigu kontu hauetan iritziekin baino gehiago jakiteekin jardun nahiago dugunei.

Eta hor aditzera eman du ezen, adibidez nik, gehiago dihardut iritziekin ezi jakiteekin, noiz-eta egia biribila baita ezen berak (eta ez nik) diharduela iritzi gaizki fundamentatuekin gehiago ezi jakite aski kontrastatuekin. Eta horixe erakustera noa mezu honetan eta hurrengoetan; alegia: nik diodana dela askoz zientifikoagoa, hau da askoz fundamentatuagoa ezi berak dioena.

Horretarako, joango naiz aletzen (eta kritikatzen) komentarioak zein egin zituen Pello Salaburuk buruz nire liburu "Euskararen garabideak" an bere liburu "Euskararen etxea".

Salaburuk diosku an Euskararen etxea:

Zuzena da funtsezko hipotesia? Zuzena da euskarak indar komunikatibo ez garatua duela, eta hizkuntza guztien garapena beti alde batera gertatu dela? Egia da ez-garatze horren kontua, hala bada, hizkuntzaren barneko zerbait dela?

..., izen handiko hizkuntzalariek aipatu izan dute –nahiz nik ez dakidan zenbaiteraino dauden zuzen- hungarierak (hurbileko hizkuntza bat aipatzeagatik), adibidez, bestelako bidea segitu izan duela bere garapen historikoan. Baina hori, egia esan, berdin zait. Badira gauza larriagoak.

A ze sobratua dabilkigun Salaburu, itxuraz behintzat. Pello Salaburuk aurkezten digu bide (komunikatiboki regresibo) hori nola bailitzan gauzarik normalena inter eboluzioak zein manejatzen dituzten hizkuntzalariek, eta, arazorik gabe, justuki hurbileko hizkuntza bat aipatzeagatik aurkezten digu bere ustezko kontraadibidea: hungariera.

Nik, ordea, teoria aplikatuz, diot ezen halako bilakaera ezin daiteke baldintza arruntetan gertatu (hots: gaur egungo gaztelania inoiz ez da bihurtuko pospositiboa):

Halako jauzi komunikatiboki erregresiboa noizbait gertatu izan balitz, oso salbuespenezko baldintzetan izanen zen.

Salaburuk bere kontraadibidea sostengatzeko dio ezen izen handiko hizkuntzalariek aipatu dutela hori. Ze tipiko! Rekurso retoriko hori ohikoa da inter gure hizkuntzalariak: dena omen dago jada frogatua eta erakutsia per beste batzuk zein ez dakigu nor demontre diren eta zer esan duten zehazki! Nik beti ematen ditut izen eta zita konkretuak zeinetan sostegatzen baitira nire esanak!

Kuriosoa da, gainera, Salaburuk erakusten duen desinteresa respektu bere ustezko funtsezko hipotesia, izan ere, berdin ei zaio berak damaigun kontraadibide hori zuzena den ala ez den! (baina hori egia esan berdin zait). Hauxe da adibide ona hon arinkeria zientifikoori non instalatuta dauzkagun gure autoritate linguistiko gehienak.

Nik, jakina, oso inportantea irizten diot at kontrastatzea hungariaren referentzia hori, eta saiatu naiz egiten. Ez dut lortu baina! Nire bilaketetan ez dut topatu arrastorik ere buruz ustezko eboluzio hori zein, hain naturalki eta normalki, gertatu omen zen an hungariera; eta are gutxiago buruz "izen handiko hizkuntzalari" horiek.

Mesedez, esango al dit Pello Salaburuk (edo beste edozeinek) nor diren izen handiko hizkuntzalari horiek eta zer esan duten zehazki (jatorrizko zitak, mesedez)?

Komentario hau aterea dago ti hemen.

[JESUS RUBIO PEÑA da doktore an ekonomia]

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus