Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Erreferenteak: batean lagun, bestean astun

Erreferenteak: batean lagun, bestean astun

2005-10-07 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Pertsona edo talde bati buruz dihardugunean haren izena behin eta berriro ez erabiltzearren, bestelako erreferenteetara jotzen dugu; esaterako, albisteko protagonista horren bereizgarri den kargua, jatorria edo dena delakoa aipatuta. Kontakizuna arintzeko baliabide hori, ordea, nahasgarria da batzuetan.

Kirol kazetariek sinonimoak bilatzeko joera handia dute, kirol kazetaritzaren ezaugarri bihurtzeraino:

  • Joane Somarriba = Sopelakoa = sopeloztarra = txirrindularia...

Albisteko protagonistak kirolariak barik taldeak direnean, ikuspegi bi ditugu: taldea (singularrean), eta jokalariak (pluralean).

  • Athletic = talde zuri-gorria = Bilboko taldea...
  • Athleticekoak = zuri-gorriak = lehoiak = Mendilibarren mutilak = Bilbokoak...

Baina izendapen ugaritasun horrek arazoak ere ekar ditzake, zenbait arrazoirengatik:

  • Baliteke lotura behar beste automatikoa ez izatea entzulearentzat.
    • Esaldia: Iņaki Esainek 22 eta 4 irabazi zion Aritz Berraondori ostiralean. Burlatarrak arazorik gabe gainditu ditu buruz buruko lehen bi kanporaketak. Antzuolarrak, aldiz, kategoriatik jaisteko arriskua du.
      • Arazoa: Pilotazale ez diren ikusleek lanak izango dituzte entzunaz batera informazioa barneratzeko.
  • Batzuetan sigi-saga eramaten dugu entzulea.
    • Esaldia: Liga ondo hasi zuen Bilbao Basketek, baina pittin bat behera egin dute azkenaldian. Atzo, galdu egin zuen berriro. Bigarrenez, jarraian.
      • Arazoa: Zilegi da singulartzat hartzea ("jokalari talde"), zein pluraltzat ("jokalariak"). Baina nahasgarria da batetik bestera saltoka ibiltzea; batik bat, halako esaldi laburretan.
      • Egokiago: Liga ondo hasi zuen Bilbao Basketek, baina pittin bat behera egin du azkenaldian. Atzo, galdu egin zuen berriro. Bigarrenez, jarraian.
  • Eta beste batzuetan guk geuk galtzen dugu haria.
    • Egoera: Knicks eta Wizards saskibaloi taldeen arteko norgehiagoka.
      • Esaldia: Berdintzeko aukera galdu zuten Washingtonekoek, eta azkenean 93 eta 92 nagusitu zitzaion Knicks taldea.
        • Arazoa: Zuzena da "Wizards taldea = Washingtonekoak" lotura, baina esaldi osoan gorde behar da. Beste erreferenterik sartzen ez den bitartean, aipatutakoak du indarra; kasu honetan, pluralak.
        • Egokiago: Berdintzeko aukera galdu zuten Washingtonekoek, eta azkenean 93 eta 92 nagusitu zitzaien Knicks taldea.

Adibide guztiok kirol albisteetakoak dira, eta ez halabeharrez. Izan ere, kirol kazetaritzak erreferente eta sinonimo ugariko estiloa jorratu du, eta sarritan erabiltzen du singular-plural jokoa talde izenak direla eta.

Estiloa norberak aukeratzen du. Dena dela, jokalari edo talde bat aipatzen den bakoitzean ez dago zertan zehaztu nongoa den, zein kolore janzten dituen eta abar. Esaldiak arinduta, entzuleak errazago jasoko du berria.

  • Esaldia: Osasunak larrutik ordaindu zuen ausardia Riazor futbol zelaian. Markagailuan aurretik hasi zen, baina Deporrek ez zion atrebentzia barkatu, eta gorritxoei bost gol sartu zizkien.
    • Arazoa: "Osasuna" hartu da erreferente kontakizunaren hasieran, eta ezustean gertatzen da azken "gorritxoak" plural hori. Argiago ulertuko genuke ezer sartu barik.
    • Egokiago: Osasunak larrutik ordaindu zuen ausardia Riazor futbol zelaian. Markagailuan aurretik hasi zen, baina Deporrek ez zion atrebentzia barkatu, eta bost gol sartu zizkion.

Kirol arlotik kanpo ere, berdin: batzuetan hitzek traba gehiago egiten digute mesede baino, ondoko adibideak erakusten digunez.

  • Egoera: Hainbat atzerritar bahitu dituzte Iraken.
    • Esaldia: Bahituta dauden hiru italiarren senideek gutuna bidali dute Al Jazira telebista katera, bahitzaileei italiarrak aske utz ditzaten eskatuz.
      • Arazoa: "Italiarrak" horrek despistatu egiten gaitu. Hobeto adituko genuke kenduta, edo senitartekotasuna adierazten duen hitzen bat sartuta.
      • Egokiago: Bahituta dauden hiru italiarren senideek gutuna bidali dute Al Jazira telebista katera, bahitzaileei aske utz ditzaten eskatuz.

(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus