Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Agur, Joxe Mari!

Agur, Joxe Mari!

2005-09-27 / 07:00 / Joxemari Iriondo   BESTELAKOAK

Buelta eta itzulika ibili nauk gaur, eta ezin esan diat agur sentibera hauxe besterik, Joxe Mari. Gogorra duk, gogorregia eta zaila, bat-batean eta besterik gabe onartu eta sinesteko, azkenengo bi hilabete hauetako hire maskalaldiaren berri egunez egun jakin dugun arren.

Udazkeneko laino beltz batek burua nahastu eta zorabiatzen zidak atzo hire sorterri maite Gazteluko elizkizun hunkigarri eta ederrean izan eta entzundakoak entzun ostean. Hau dena amets gaizto bat ote den ere pentsatu diat behin eta birritan; eta ezin onartu diat gainera gure artetik betiko alde egin duanik, Joxe Mari, nahiz eta badakidan gauzak horrelaxe direla bizimodu honetan, zoritxarrez. Bazekiat ere zer esango didaan, baldin eta inondik begira bahago: “Beno, beno; zer umezahar dira hok! Gizon izaten ere hasi beharko diagu ba!”.

Bixita bat zor

Baina ez duk erraza gizon izaten, ez. Lehen ere bai, baina hire hileta ostean lehen baino ere umetzaarrago garelakoan niagok. Izan ere, lehengo asteazken arratsean telefonoz hitz egin genian azkenengoz elkarrekin; baina Pello Esnal eta biok ostegunean egin nahi genian bixitaldia aste honetarako utz genezala eskatu hidaan, egun hartan beste bixita bat ere bahuela-eta. Eta orain, besteak beste, zor horrekin gelditu gaituk, ez diagu nahi-eta Gazteluko elizkizun handiarekin dena bete dugula pentsatzerik.

Hala ere, berehalaxe konprenitu nian asteazken arratseko hire eskabidea. Ondo nekian lagun on asko eta asko huela hik hemen. Lehenik, hire ahaide maiteak, eta betiko lagun zaharrak, eguneroko lankideak, Euskaltzaindiko lankide lagunak. Bestetik, hik hain maite hituen bertsolariak, bertsozaleak, eta ehundaka neska eta mutil gazte ikasle ohi, eta abar. Txiki nahiz handi, lagunak erraz egin izan dituk hik bizitzan, harreman eder eta errazeko gizona izan haiz-eta betidanik. Eta eskuzabal hutsa eta, batez ere, emaile handia hintzen. Broma eta txantxa behar zenean, txantxetako gizona; eta serio edo kopetilun behar zenean, serioa. Baina erasoaldirik gogorrenetan ere ez huen onartzen inorengadik gaizki esaka aritzerik. Eta higan nabaitu dudan beste bertute handietako bat zera izan duk beti: dena dela, hik bezala pentsatzen ez duenarenganako huen errespetu eta itzala, hain xuxen. Gure arteko suhiltzaile-lanak egiten ere ezagutu haut hamaika eztabaidatan, zorionez.

Gozoa hintzen gogotik, Joxe Mari, eta inoiz egoskor, kaskarin harroskoen aurrean. Hitz batean esateko, HANDIA izan haiz hi, Joxe Mari.

Sinesmen handiko gizona

Bai, bihotz eta sinesmen handiko gizona izan haiz hi beti, Joxe Mari. Eta 1958 urtean apaiz egin eta Aramara bidali hindaten ezkero, Añorgako apaiz eta Santo Tomas Lizeoko irakaskintza-urteetan, bertsolariekin aurkezle eta gai-jartzaile, hire lagunekin, beti apaiz ezagutu izan haut, diximulorik gabe; eta inor gutxi ezagutu izan diagu apaiz izatearekin hi bezain gustora, harro eta zoriontsu zenik. Ez hintzen ikara eta beldur orain modan ez dagoen Jainkoaren defentsa serio egin behar zenean. Hire elizkizunetan, hire hitzaldietan, hire sermoietan, goi-goitik aldarrikatzen huen sineste horren handitasuna. Orobat ere neska eta mutil gazteekiko harremanetan, nahiz eta harri ta zur gelditzen ginen hirekin txakoli bat hartzen genuenero, gazteekin huen harreman bromoso bezain gozoa ikusita.

Arinkeria esatea izango duk, agian, baina jainko euskalduna maite huen, laguna eta lagunartekoa, alaia, bertsozalea eta gozoa, ezpairik gabe. Eta horrelaxe erakutsi eta aldarrikatzean, gustora sentitzen hintzen, sinesmen eta bihotz handiko.

Gogoan diagu ere aspaldi samar Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean egin huen aitormen handi hura; alegia, hire bizitzan lau jainko bahituela, gutxienez. Hala nola, zeruetako hire Jainko Handia, osaba Orixe maitea, Lizardi olerkari fina, eta Urepeleko artzain maite-maitea, Xalbador paregabea. Orain, lau Jainko horiekin batean bizitzea erabaki duk bat-batean, hemengoak bertan behera utzita-edo. Handia haiz, horraitio, Joxe Mari!

Oraindik eginkizun

Baina, hauek denak aipatzean, batez ere Xalbador aipatzean, atzoko elizkizun garaiko gogoeta nahasi hartan, zera gogoratu nian, Joxe Mari: Oraindik eginkizun utzi dituanetan, hurrengo urriaren 30ean Urepelen egingo den Xalbador Eguna dela-eta, hango bertso-saiorako gaiak jartzeko hitzemanda geundela biok, alegia. Aspaldi samar hartu genian geure gain konpromezu hori. Eta, hori horrela izanik, zer esan nik orain Urepeleko lagunei? Egun hartakoak eta beste, Xalbadorrekin batera zerutik entzuten izango haizeala? Galtzak bete lan utzi didak oraintxe ere!

Horrez gainera, etzak ahaztu, Joxe Mari, 2005eko irailaren 27. honetan Euskaltzaindiko Ahozko literatura batzordearen bilerarako deia jasota gaudela, arratsaldeko zazpietan Donostiako egoitzean biltzeko. Ez dezaala ahaztu gainera udazken honetan Euskaltzaindiak antolatuko dituen jardunaldietan hitzaldi bat eman beharko duala, ekaineko azken bileran horrelaxe onartu huen-eta heuk.

Aurrera egin beharra

Baina hau dena amets nahasi bat duk, bai. Eta, noraezean, atzo goizean Auspo sailean argitara eman dituan hire liburuak hartu eta banan-banan behatu nizkian, haietan hire bizitzako pasarte batzuk irakurri nahita-edo. Bazekiat ordea jakin hori kimera bat besterik ez dela orain; eta azkenean, heuk eskatu bezala “umezaar” izateari utzi eta amets nahasi honetatik albait arinen errealitatera esnatu beharko dugula hire lagun eta lankideok, hik utzi duan hutsartea betetzeko inola ilusio eta asmorik gabe badare. Eta gutako askok, hire lau jainkoak eta bat gehiago badiagu orain, Joxe Mari.

Eta azkenik, esker mila, berrogeita bost urte honetan lagun eta askotan lankide izateko eman diguan aukera ederragatik. Eta, agur eta ohore hiri!


(JOXEMARI IRIONDO UNANUE Euskaltzaindiko Herri Literatura Bazordeko kidea)

  • 2005eko irailaren 27an, Joxe Mari Aranalderen heriotzean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Joxe Mari Aranalde
2005-09-28 / 15:48 / Pello Esnal Ormaetxea

Joan den ostiralean, hil bezperan, hitz egin genian azkenekoz elkarrekin, telefonoz. «Zer moduz?», galdetu nik; eta «mottel antxean» erantzun hik, Joxe Mari, bi hitzak bustiz, egoerari larria kendu nahian. «Egurra ematen ditek hauek. Egurra!», argitu hidan, bestetan bezain hitz-jarioko ez hengoela eta barkazio eske bezala. Eta hauek esatean, denak batera aipatu nahiko hituen: medikuak, botikak, gaitza... «Eutsi goiari» esanez bideratu nian agurra. «Eskerrik asko», izan zituan hire azken hitzak.

Hik niri eskerrak ematen, nik hiri eman behar nizkianean! Hain izan haiz emari handiko ibai zabala! Gozamen hutsa zuan hirekin hitz egitea. Hain hintzen hiztun aparta! Gozamena areagotu egiten zuan hire gairik kutunenak hizpide: Orixe, bertsolaritza (batez ere, Xalbador), fedea, kirola... Hain izan haiz iturri oparoen bilgune! Eta politikaz ere inor gutxirekin bezain argi eta lasai hitz egin zitekeen hirekin. Hain hintzen gardena! Opari betea izan duk hire lankide eta adiskide izatea, Joxe Mari.

Orain, mila oroitzapen zatozkidak gogora. Bakarra kontatuko diat, inor gutxik jakingo duelakoan. Elizako testuen euskaratzaile izaki, han ari omen zineten talde-lanean Gloria euskaratzen, latinezko «laudamus te, benedicimus te (...), gratias agimus tibi...» haien ordain egokia aurkitu ezinik, gogorregiak nonbait «goresten zaitugu, bedeinkatzen zaitugu, goresten zaitugu, ahuspez agurtzen zaitugu, eskerrak ematen dizkizugu...». Eta, orduan, hik: «gora zu, bedeinkatua zu, gorespen zuri, ahuspez agur, eskerrak zuri...». Itzulpen biribilagorik!

Bai. Eskerrak zuri, Jauna, Joxe Mari eman diguzulako opari.


(PELLO ESNAL ORMAETXEA Euskaltzaindiko Herri Literatura Bazordeko burua da)

  • Diario Vasco egunkarian argitaratua, 2005-09-28an.
 
Joxe Mari Aranalde, gogoan
2005-09-29 / 08:50 / Jabier Kaltzakorta

Joxe Mari Aranalde hil da. Ezin dut sinistu baina halaxe irakurri dut gaur, irailaren 25ean, egunkarian. Ezin dut sinistu nik esaldi hau ere idatzi dudanik, baina hau ere halaxe da. Ezin dut sinistu ezustean harrapatu nauelako berriak, eta ezin dut sinistu hilberri horrek, adiskide maiteen hilberriak, nora-ez eta lanbro itsu bezain tristean sakondurik uzten nauelako. Egia da, heriotza hurbilekoak aztoramendu eta itsutasun handian sartzen nau, urduritasunak gainez egiten dit eta entendimenduaren argi ahula tristura ilunera lerratzen dit.

Ekainaren azken asteartean ikusi nuen azkenekoz, Donostiako Alderdi-Eder parkeko aulkietako batean eserita, Herri literatura batzordeko bilera baino lehentxeago. «Zer moduz, Joxe Mari» nire galderari «nolabait xamar» erantzun, eta, gero hurrengo, «izerdia mugitu» zitzaiola gaineratu zidan. Oraindik orain ere ezin barneratu dut eritasun azkar baten lehen zantzuak izan zitezkeenik. Bileraren ostean agurtu genuen elkar azken aldiz. Nolakoa zen Joxe Mari Aranalde? Hizkeraz eta edukazioz nik ezagutu dudan gizonik dotoreenetakoa izan da Joxe Mari. Donostiako Alderdi-Ederreko inguruan zebilela, zenbat aldiz ez ote dute bere ikasle ohiek maitasunez agurtu, zenbat aldiz ez ote du egin geldiune bat bere ikasle ohiekin hizketaldi goxo bat egiteko? Bai, erabakitasun handiz, hitzak ondo ebakiz eta esaldiak ondo taxutuz hitz egitea maite zuen. Inor ezagutu badut jauntasuna bere hitz eta egite guztietan erakutsi duena horixe da Joxe Mari Aranalde. Baina kontuak honetara, nola laburtu hitz gutxitan Joxe Mariren nortasuna? Euskaltzalea orpotik bururaino, euskaltzalea gorputz eta arima. Bertsozale amorratua, eta, bertsolarien artean, Xalbadorren mireslea. Bai, buruz zekizkien Odolaren mintzoa liburuko bertso-sailak ez ezik, bera bertso-gidari ibilitako garaiko bertso zein gertaera asko ta asko. Idazleetan, nola ez, Orixe eta Lizardi zituen begi-niniko. Orixeren iloba zen Joxe Mari Aranalde eta Orixeren hilaurreko urteetan ere bera izan zuen zaindari. Orixeren gaineko berri zehatzenak bere iloba Joxe Marik zekizkienik esan behar ote dut, begi-bistakoa bada ere? Haren santu hartu edo idazle kutunak aipatu baditut ere, ez dezazuela pentsa iraganean inguratua eta ainguratua zegoenik gure Joxe Mari. Ez dut ezagutu inor, euskal kulturan, bera bezalaxe egunean eguneko aldizkari, egunkari eta berrien peskizan egon den euskaltzale suharrik. Are euskal idazle gazte eta berrien azken lanak irakurtzen zituen. Eneko Bidegainen eleberriak, Bernardo Atxagaren eleberri zein ipuinak, Iban Zalduaren ipuin-liburua zein azken bertso-saioetako berriak zituen hizpide... Euskal kulturan «egunean» egotea maite zuen Joxe Marik, azken berrien talaian bigirari egotea, talaiari begi-erne eta ohartu bat bezalaxe. Inor kritiko ezagutu badut euskaldunen artean, bera izan da zalantzarik gabe. Harrigarria egiten zitzaidan, hala ere, hain kritikoa izanik hain optimista izatea... Baina optimismoa bere nortasunaren alderdirik distiratsuenetakoa zela iruditu zait beti.

Uda bizkor eta lehiatsu joan zaigu. Udazkenean sartu gara. Bizitza bera ere tximista batean desegiten omen da, aldiz leinurutsu aldiz itzaltsu, hots leun bat kasik egiten ez duela. Bizitza, denon bizitza, uda mineko gaua zeharkatzen duen izar-loka batek zeru zabalean uzten duen errainu galkor bat besterik ez omen da, Celso Emilio Ferreirok izkiribatu zuenez. Udazkena estreinatu berri dugu. Arboletako lehen orri eroriak orbel hauskorrak dira gure oinpeetan. Ezin dut sinistu Joxe Mari Aranalde berriro ikusiko ez dudanik, eta neure begietako lanbro honen iturria ezagutzen dut, baina ez dut lotsarik.


(JABIER KALTZAKORTA ELORTZA Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordeko idazkaria da)

  • Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-09-29an.
 
Joxe Mari Aranalderen zantzuak Goierrin
2005-10-02 / 18:58 / Rufino Iraola Garmendia

Mundu osoak daki Joxe Mari Aranalde apaiza zela. Horrek ekarri zuen Aramara. Berak esan ohi zuenez, ordena alfabetikoan ematen zieten destinoa, eta Aranalderi Arama tokatu.

Bere bi amodioak bihotzean zituela etorri zen Gazteluko apaiz gaztea gure artera: apaizgintza eta bertsolaritza. Apaiza egina zetorren, eta bertsolaritza ernamuina emanda, eta ernamuina hemen hasi zen loratzen. Garai hartan, Andramari Agorrekoan, bazen bertsolari txapelketa interesgarri bat Ordizian eta han hartu zuen bataioa epaile gisa. Ez zituen aitaponteko txarrak izan: Manuel Lekuona, Basarri eta Jesus Lete. Ez zion utzi Ordizian hasitakoari eta lanean jarraitu zuen bertsolaritza zuzpertzen.

Bi amodiorekin etorri zela esan dugu, baina beste biri ere toki egin beharrean aurkitu zen haren bihotza: Orixe eta Xalbadorren obra handiei, horien egileekin batera. Bata bere etxean hartu; bestea, Urepelgo sortetxe maitean bisitatu ohi zuen maiz-maiz.

Giza kalitate handiko pertsonaren aurrean gaude. Eskuzabala, inon eskuzabalik bada: premian zegoenari laguntzea gustatzen zitzaion, kristau zintzo baten jokabideak eskatzen duen eran.

Karisma handiko gizona zen. Konfiantzarako gonbita eta errespetua islatzen ziren haren portaeran. Berezkoak zituen biak. Itzal handiko gizona zen, zebilen tokian. Adibidez, eskolan. Etika irakatsi eta erakusten zuen, irakastea baino inportanteagoa baita erakustea.

Tratabide errazeko gizona zen. Harengana hurbil zintezkeen lasai asko, ez-ikusiarena egiteko beldur handirik gabe. Tratabide errazeko gizonak esan nahi du orekatua izatea, aurreiritzi eta konplexurik gabea izatea, hurkoa aintzat hartzen jakitea, librea izatea eta enpatiaz jokatzea.

Lagunen laguna zen Joxe Mari. Hori ederki asko demostratu zuen 1983ko bertsolari txapelketan: ezin izan zuen jasan lagunen kontrako mespretxurik, eta asko apartatu zen bertsolaritzatik, nahiz eta hil arte guztian bertsoa eta bertsolaritza bihotzean eraman dituen.

Bromosoa zen, oso umoretsua. Lagunartekoa, bestalde. Lagunartean gozatzea eta gozaraztea gustatzen zitzaion. Uste dut umorea zela haren errezorik printzipalena.

Obserbatzaile handia zen. Esate baterako, 1983 txapelketaren ondoko polemikari gertutik jarraitu zion, eta esan beharrekoak garbi azaldu zituen. Pako Aristiri egindako adierazpenetan honela dio: «(...) baina esango dut garbi: orduan gu ez ginen beste epaimahaiko bat izan balitz, hark erridikulo totala egin zezakeela txapela Amuriza ez zen beste norbaiti emanda».

Gaurko bertsolaritza ez zeukan baztertzeko, nahiz eta aitortzen zuen gauza asko arrotz samar suertatzen ari zitzaizkiola.

Joan den astelehenean bere jaioterrian, Gaztelun, jaso zuen azken agurra; handia izan zen, merezi bezalakoa. Aranalderi ez dago esaterik, Lazkao Txikiri bezala, txikia zenik, baina, Egañak Joxe Migeli esan zion bezalaxe, nik Joxe Mariri esango diot berak ere sekulako hutsunea utzi duela, Abalingo Txirulariak bezalaxe.


(RUFINO IRAOLA GARMENDIA bertsozale eta bertso epailea da)

  • Estreinakoz Goierriko Hitzan argitaratua, 2005-10-02an.
 
Hitzik gabe utzi nauk, Joxemari
2005-10-02 / 19:00 / Mikel Atxaga

LAGUN asko geratzen zaizkidak oraindik. Hik, berriz, Joxemai, erruz utzi dituk. Gu bion lotura adierazteko, ordea, ez diat hitzik. Hitzez ezin esan izan nuena aitortzeko bakarrik idazten diat, isilik egotea nahiago nukeen arren. Hik uste baino zulo handiagoa utzi baitidak.

Elkarrekin egin genizkian ikasketak, baina Seminarioko liburu eta irakasle guztiek baino gehiago irakatsi didak. Elkarrekin egin diagu barre eta algara, asko gainera, 60 urteotan. Elkarrekin, negar. Elkarrekin, otoitz. Lo ere egin izan diagu elkarrekin. Hire onespenez eta bedeinkapenez hartu nizkian bide berria eta lagun berria. Pelotan ere askotan jokatu diagu, eskuz eta paletan, eta ez txantxetan. Bahituen, Joxemari Aranalde, zakarraldiak ere. Horiek bakarrik jasan dituenak ez zekik hire lagun izatea zer zori den. Hik niri esana itzultzen diat, «adiskidez hintzen ordain ezina».

Lerdena eta dotorea hintzen gorputzez, eta txukuna. Egokia, hizketan eta idazten. Egokia, lagunartean eta harremanetan. Baina kanpoko edertasunik ezin hik niri erantsi. Barrukoa, berriz, nik har nezakeen baino gehiago eman didak. Ebanjelioa hobeto ulertzen ikasi nian. Espanturik gabe bizi huen fedea, beti gazte eta gogotsu. Ezkongea izan arren, ez hintzen mutilzartu eta aparteko taxua huen neska-mutil gazteekin eta emakumeekin. Leiala eta zintzoa hintzen betebeharretan, baina, aldi berean, zabala eta begirune handikoa besteren jokabideekin. Esker oneko hartzailea hintzen. Gaitzaldian hire ondoan izan garenoi afari on bat eman arteko onik ez duk izan. Baina emaile bezala hintzen eskuzabala. Guztia ematen huen. Ez hekien esku hutsik inora joaten.

Gaitzaldi guztian ikusi duk, Joxemai, hire senideek eta ilobek nola maite hauten. Ez haute segundo batean ere bakarrik utzi. Lotsa ematen zidak huskeria hau idatzi izanak. Baina hau ere onartuko didak, orain arteko guztiak bezalaxe. Badakik nire gorabeheren berri. Nire ondoan nahi haut beti. Ez gatxetik heriotzak ere banatuko.


(MIKEL ATXAGA FERNANDEZ kazetaria da)

  • Estreinakoz Deia egunkarian argitaratua, 2005-10-02an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus