Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Onomastika

Onomastika

2005-09-30 / 07:00 / Ikasmaterialen Aholku Batzordea   IRAKASKUNTZA

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea estilo-liburua osatzen ari da, ikasmaterialak egiteko hizkuntza-irizpideak finkatuta egon daitezen. Atalka argitaratuko dute: lehen atala "Ortotipografia" izenekoa izan zen. Bigarrena, berriz, "Kalko okerrak" izenekoa. Oraingo honetan hirugarren alea ekarri dugu oso-osorik erabili.com-era: Onomastika

Alfer-lana litzateke esatea kezka ez dela berria. Hezkuntza Sailak, 1982. urtean EIMA (Euskal IkasMaterialgintzA) izeneko programa abian jarri zuenetik, ardura bizia izan du euskarazko eskola-materialak sortzen laguntzeko, materialgintza hori diruz laguntzeko, kalitatea bultzatzeko eta bertako hizkuntza-trataera zaintzeko. Ez alferrik argitaratzen dira urtean 400etik gora ikasmaterial gure ikastetxeetan erabiltzeko, eta ezin nola-halako edozein euskara molderekin konformatu eta etsi.

Ez gara ezerezetik abiatzen, jakina, ereduzko maila horri eusterakoan. Euskararen oinarrizko legeez gainera, hor ditugu Euskaltzaindiak emandako eta onartutako arauak eta gomendioak. Horiek guztiz zaintzeko eta betearazteko konpromisoa aspalditik egin genuen geure.

Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak, gero eta zehatz-ugariagoak izan arren, motz geratzen dira sarri, eskola-munduko testuei dagokienean. Ez dago zertan harritu: euskararen normalizazio-bidean ertz eta koska askotxo dago oraindik leuntzeko, eta horietariko hainbat sarri samar erabiltzen da ikasmaterial horietan. Batzuek eite teorikotik dute gehiago, dudarik gabe; beste batzuk, aldiz, zergatiko pragmatikoagoetara egokiago eta beteago jartzen dira.

Eskola dugu, nolanahi ere, beti eta nonahi gogoan. Eskola esparruko euskara moldeen zer-nolakoa eta zenbatekoa dugu, halakoetan, begien bistan. Eta hara begira, euskararen eskola-munduko erabilera zuzenaren eta egokiaren arrastoan alegia, ibili eta bidea egin nahi dugu Sailetik. Ez dugu laborategiko euskara perfektu eta makulugabe baten ilusio inozorik buruan, ezpada lan-tresna eroso eta erabilgarria eskaintzea eskola-materialak argiak, errazak, egokiak eta komunikagarriak izan daitezen. Eskola-liburuek ezer eskaini behar badute, ez da distiraz eta nabarmentze-asmoz modu korapilatsuan emandako ideien eta kontzeptuen bildumarik. Komunikagarritasunak behar luke izan azken helburu, eta hori argi idatziz baino ezin da lortu. Zer esan behar den, zer irakatsi behar den garrantzizkoa bada eskolan, ez da gutxiago nola esan eta nola irakatsi behar den. Ikasleak benetako belakiak dira: zer eman, hura hartzen dute. Eskola-materiala, bestalde, efektu biderkatzaile handiko eragilea da hizkuntzaren trataeran. Hizkuntzaren hondatze-arrastoei aurka egiteko ere gune aproposa da eskola.

Testuinguru horretan ulertu behar da Sailak ikasmaterialgintzan dihardutenentzat egin nahi izan duen estilo-liburua. Urri eta berankor ibili da euskara, ezinbestean, alor horretan ere; txit mugatuak izan ditu luzaz, eskola-giroko erabilera oparo, arautu eta jarraikiaren ateak. Nolanahi ere, ongi ezaguna dugu estilo-liburuek azken urteotan gurean ere izan duten protagonismoa. Berezkoa da aldatzea eta aurrera egitea, eta ez gara nor, aldi-bitarte luzeagorik igaro arte, estilo-liburuok zenbaterainoko eragina izango duten asmatzeko. Ez dugu dudarik egiten, nolanahi ere, orain arteko estilo-liburu horien eragina onuragarria izan dela. Eskola-mundurako prestatzen ari garen estilo-liburu honekin ere beste horrenbeste gertatzea nahi genuke. Zatika ari gara estilo-liburua prestatzen, eta zatika (kasuan kasuko atala zoritua dagoela uste izandakoan) argitaratzen ere ari gara.

Liburukion edizioak kontuz eta arretaz egin nahi dira. Duela hilabete gutxi atera zuen Sailak lehen liburukia: Joxe Ramon Zubimendik atonduriko Ortotipografia, hain zuzen ere. Hari jarraipena ematera dator esku artean duzun hau eta honekin batera argitara eman den Juan Garziaren Kalko okerrak izeneko liburukia ere. Plangintza baten beste urrats bat dira. Hura izan zen lehena; hauek bigarrena eta hirugarrena. Eta ez dira azkenak izango; abian dira beste hainbat txosten ere: Morfosintaxia, Puntuaziomarkak, Ahoskera eta prosodia, Tradizioko testuen transkripzio-arauak, eta abar. Ez dira izango filologo jakintsuentzat asmatutako liburukiak, eguneroko lanean ari direnentzat baizik.

Onomastika da eskuetan duzun liburukia. Harrigarri gerta litekeen arren, nor ez da ibili zalantzati eta kezkati, esate baterako, lehen euskal idazlearen izen-abizenak idaztean: Etxepare, Etchepare, D'Etxepare...?; Bernat, Bernardo, Beñat...? Edota tradizio handiko hizkuntzek aspaldi normalizatutako hitzekin: Almantzor, Almanzor ala Al Mansur?, Errenazimentu, Errenazimendu, Berpizkunde...?

Bihurgune asko ditu onomastikak. Zabala eta bizia, dinamikoa, bestalde, egunero sortzen eta agertzen baitira izen berriak, eta hiztunen joerak ere aldatuz baitoaz. Alabaina, oinarri bat, aski zabala, ezartzeko asmotan, Sailak EIMAren bidez Onomastika-batzorde bat sortu zuen duela bi urte. Jakina da Euskaltzaindiak, euskara batua eraikitzeko ahaleginean, onomastikari ere heldu diola, eta gutxieneko batzuk finkatu dituela dagoeneko, eta baita argitaratu ere (Euskaltzaindiaren web gunean aurki daitezke: http://www.euskaltzaindia.net/eoda. Hala ere, onomastikaren esparru zabalean oraindik arautu gabeko azpiarlo ugari zegoenez, gabezia horiei erantzuteko ekin zion lanari batzordeak.

Bederatzi lagunek osatu dute batzordea ­batzorde zabala eta inplikazioz beterikoa­, eta urtebetez jardun du lanean. Lan horien euskarri teknikoa Elhuyar Fundazioaren zeregina izan da. Bertatik, Alfontso Mujika eta Ane Goenaga bildu izan dira teknikari, koordinatzaile eta material-hornitzaile gisa. Hedabide-esparruko euskara-adituak ere izan dira lan-batzordean: Asier Larrinaga (EITB) eta Patxi Petrirena. Argitaletxe batzuetako ordezkariak ere bai: Manuel Arregi (ELKAR), Iñigo Roque (Giltza) eta Ainhoa Basterretxea (Zubia). Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bertarako izendatutako kideak, azkenik, honako hauek izan dira: UEUko Historia arloko kide den Irati Itziar eta EIMAko koordinatzaile den Andres Alberdi.

Liburuki honen ekarpen nagusia nabarmentzekotan, hautatze- eta biltze-lana aipatu behar. Bertan, eskolako ikasgaietan agertzen diren izen bereziak ­lekuak, pertsonak, gertaerak, erakundeak, artelanak...­ idaztean maizen sortzen diren zalantzak konpontzeko argibideak eta irizpideak jaso dira, eta baita zerrendak osatu ere. Paperezko euskarri honetan dituzu aipatu irizpideak; liburukiari atxikirik doan CDan zerrendak pdf dokumentuan (8.400etik gora sarrerarekin eta, gehienetan, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainekin).

Lanak Euskaltzaindiaren bermea izan zezan nahi genuen, eta asmo horrekin, argitara aurretik, propio aurkeztu zitzaion. Hona hemen bertako Exonomastika-azpibatzordearen erantzuna:

Euskaltzaindiko Exonomastika azpibatzordeak puntuz puntu aztertu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2004ko urriaren 13an, irizpen eske, Akademiari aurkeztutako Onomastika izeneko lanean biltzen ziren irizpideak eta zerrendak.

Exonomastika azpibatzordeak egoki eta taxuzkoa deritzo lan horri, eta oniritzia eman dio, aldi berean exonomastika alorreko hainbat atalez hausnartzeko eskaini zaion aukera hori eskerturik.

Hausnarketa eta azterketa horien emaitza da idazki honekin batera igortzen den zuzenketa-proposamenen txostena, hala lanaren irizpideetan nola zerrendetan, oniritzi hura gauzatu dadin jaso beharko diren aldaketak biltzen dituena.

Bestalde, Exonomastika azpibatzordeak erabaki du, irizpideen txostenak eranskin gisa, alfabeto latinoa erabiltzen ez duten hizkuntzetarako dakarren «Transkripzio irizpideak» izeneko atala ez epaitzea eta atal horri buruzko irizpenik ez ematea. Beraz, oniritzi honek ez du bere barruan hartzen eranskin hori.

Oniritzi honek, hala ere, ez ditu ez murriztuko eta ez baldintzatuko Euskaltzaindiak gerora alor horretan erabaki ditzakeenak.

Bilbon, 2005eko urtarrilaren 13an

«Egoki eta taxuzkoa deritzo» Euskaltzaindiak, Sailak aurkeztutako lanari. Zuzenketa-proposamen batzuk eskatzen zituen, bestalde, erantzun-idazkiarekin batera bidalitako txostenean. Proposamen horiek orpoz orpo jaso dira, Akademiaren beraren hitzetan oraindik ikerbidean edota adostasun oso-osorik ez duen kasu bakanen batean izan ezik.

Hartara, Euskaltzaindiak gerora alor honetan erabaki ditzakeenak inoiz baldintzatu gabe, araubidezkoa den aldetik, liburuki honetan zedarritzen diren irizpide eta zerrendetan jasotzen dena betearazten ahaleginduko da Saila.

Besterik ez, honenbestez. Soil-soilik, alde batetik, Ikasmaterialen Aholku-batzordeko (IAB) kideei ­X. Mendiguren Bereziartu (Euskal Editoreen Elkarteak izendatua), J.R. Zubimendi (Euskaltzaindiak izendatua) eta J. Garzia (EIZIEk izendatua)­ eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, eta bestetik, beti bezala, zuri, irakurle saiatu horri, afera honetan eragile izan zaitezela eskatu nahi dizugu. Euskararen onerako, ahalegin honetan asmatu izana da gure uste eta desio bakarra. Zernahi dela ere, ordea, jakizu zure ekarpen baliotsuak jasotzeko prest gauzkazula noiznahi. Hemen gaude: huiseus4@ej-gv.es

Oraingo bi liburuki hauek probetxugarri gerta dakizkigula guztioi, eta horien ondoren etorriko direnen bide-erakusle gerta daitezela. Hala desio du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta halaxe adierazten dut haren izenean.

Gasteizen, 2005eko otsailaren 28an
ANJELES IZTUETA AZKUE
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua

Hitzaurrea

Eskola-liburuetako onomastika finkatzeko egindako ahaleginaren emaitza da lan hau. Hemen jaso dira eskolako ikasgaietan agertzen diren izen bereziak ­lekuak, pertsonak, gertaerak, erakundeak, artelanak...­ idaztean maizen sortzen diren zalantzak konpontzeko argibideak eta irizpideak.

Onomastika oso esparru zabala da, eta euskararen estandarizazioaren barnean berariaz landu beharreko gaia da, lexiko arrunta edo terminologia landu behar diren bezala. Euskaltzaindiak, euskara batua eraikitzeko ahaleginean, onomastikari ere heldu dio, eta gutxieneko batzuk finkatu ditu dagoeneko. Hala ere, onomastikaren esparru zabalean oraindik arautu gabeko azpiarlo ugari dago.

Arautu gabeko esparru horietan irizpideak bateratzeko eta gutxieneko batzuk finkatzeko beharra dago, eskola-materialak sortzen eta argitaratzen dituztenei arlo horretan nabari dituzten gabezien zama arintze aldera.

Gabezia horiei erantzuteko ekin zaio, beraz, lan honi. Lanaren hastapenetan, bi iturri erabili ziren hasierako corpus onomastikoa osatzeko:

  • 1. Elhuyar Fundazioaren datu-base onomastikoa (28.343 sarrera onomastikoz osatua).
  • 2. Hainbat eskola-liburutatik egindako hustuketa(1) (DBHko eta DBHOko liburuetan agertzen diren izen berezi guztiak bildu, eta 3.614 sarrerako multzoa osatu zen). Azkenik, corpus hori osatzeko, Euskaltzaindiak Onomastikan hartutako erabakiak ere (Euskal Herriko toponimiakoak izan ezik) erantsi ziren.

Abiapuntutzat hartutako hasierako corpus hori handiegia zen, eta hainbat irakasleri pasatu zitzaien iragazi eta beren eguneroko jardunean premiazko zituztenak hauta zitzaten.

Beste lan bat ere egin zen hasierako corpusa osatzearren. Aparteko zerrenda batean bildu ziren irakasleek iragazitako zerrendan agertzen diren artista (idazle, pintore, eskultore...) guztien artelan nagusiak, eta berriro ere irakasleek apartatu zituzten zerrenda horretatik ezinbestekotzat jotzen zituztenak, grafia-arazoak zituztenak eta itzulpen-arazoak zituztenak.

Irakasleek egindako hautapen-lanaren emaitza izan da gerora sortu den Batzordeñoak esku artean erabili duen langaia. Langai horrek 2.994 toponimo (leku-izen), 3.805 antroponimo (pertsona-izen), 897 artelan eta 1.408 bestelako sarrera ditu (gertaera historikoak, aroen izenak...). Sarrera horiek guztiak multzoka antolatu eta landu ditu Batzordeñoak, eta multzo bakoitzerako irizpideak landu, eztabaidatu eta adostu ditu. Irizpide horiek aplikatuta osatu dira gero arloz arloko zerrendak, erdaretako formez eta oharrez horniturik. Irizpideak gauzatzen dituzten izen-zerrenda horiek dira, alde praktikoari begira, lan honen emaitza nagusia.

Batzordeñoak urtebetez jardun du lanean, hiru astetik behin 6-7 orduko bilerak eginez, hemen aipatzen direnak lantzen. Bederatzi lagunek osatu dute Batzordeñoa:

  • Argitaletxe batzuetako ordezkariak: Manuel Arregi (ELKAR), Iñigo Roque (Giltza), Ainhoa Basterretxea (Zubia)
  • Hedabide batzuetako ordezkariak: Asier Larrinaga (EITB), Patxi Petrirena (Euskaldunon Egunkariako hizkuntza-arduradun ohia)
  • Hezkuntza Sailak izendatutako ordezkariak: Andres Alberdi, Irati Itziar
  • Elhuyar Fundazioko teknikariak, koordinatzaile eta materialhornitzaileak: Ane Goenaga, Alfontso Mujika.

Zabala da onomastika, bihurgune ugarikoa eta adar are ugariagokoa. Zabala eta bizia, dinamikoa; egunero sortzen eta agertzen dira izen berriak, eta hiztunen joerak ere aldatuz doaz. Nekez bilduko da, beraz, onomastika izenaren azpian dagoen izen multzo erraldoi hori irizpideen uztarpera, eta salbuespenak ere, ezinbestean, ez dira gutxi izango. Alabaina, oinarri bat, aski zabala, ezartzea izan da Batzordeñoaren helburua, hutsunerik nabarmenenak eta arazorik maizenak konponbidean jartzen laguntzeko.

Lan honen irakurleak ez ditu, hain segur, behar dituen izen guztiguztiak zerrendetan aurkituko ­ez baita hori ere helburua­, baina bai izenok nola idatzi erabakitzen lagunduko dioten irizpideak.

Atarikoak

Atal honetan irizpide orokorrak ageri dira. Hitz-zerrendak osatzeko orduan, hainbat irizpide finkatu behar izan dira zerrendek koherentzia gorde dezaten, eta atal honetan laburbildurik aurkezten dira.

Irizpide orokorrok idazleari lagungarri izango zaizkiolakoan zehazten dira hemen. Hala ere, irakurleak jakin behar du irizpideok gomendio edo proposamenak baino ez direla.

1. Izenaren eta deklinabide-atzizkiaren arteko marratxoa

Izen-zerrendak osatzean, izenaren forma mugatzaileduna jaso da hala behar denean (Termopilak, 1968ko Maiatza, Aventinoa, Europako Ekonomia Erkidegoa eta ez *Termopil, *1969ko Maiatz, *Aventino, *Europako Ekonomia Erkidego). Baina, izen horiek deklinatzean, kontuan izan behar da badutela artikulua, hau da, amaierako -a hori ez dela hitzaren zatia, eta, beraz, sintagma mugatu guztiak bezala deklinatzen direla (Aventinotik eta ez *Aventinoatik, Aventinora eta ez *Aventinoara...). Hori adieraztearren, zerrendetan (-a), edo, plurala denean, (-ak) ezarri da toponimoaren ondoan, amaierako -a edo -ak horiek artikuluak direla eta berezkoak ez direla jakinarazteko.

Toki- eta pertsona-izenak deklinatuta ageri diren kasuetan, ez da marratxorik erabili deklinabide-atzizkia bereizteko (Austerlitzeko Gudua jarri da, eta ez Austerlitz-eko Gudua). Gai honi dagokionez, Ortotipografia lanaren «Marratxoa» atalean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

2. Erdal diakritikoak

Inguruko erdara askotan (gaztelaniaz, frantsesez, katalanez...) zeinu diakritikoak (azentu grafikoa, dieresia...) erabiltzen dituzte. Lan honetan haiek guztiak errespetatzea eta jasotzea erabaki da, informazio erantsia ematen dutela iritzita (hizkuntza horietan balio berezia dute, laguntzen dioten letrari esanahi bereizgarria eransten diote eta). Horiek gabe, hizkuntza horietako hiztuna informazio faltan egongo da izena behar bezala ahoskatzeko edo behar duen doinua emateko. Bistan da kanpoko izen horiek euskaraz deklinatzen direnean bestelako doinua erabiliko dela askotan, eta hor diakritikoen balioa lausotu edo galdu egingo dela, baina, hala ere, informazio hori ematea hobetsi da. Nolanahi ere, ezin da beste aukera gaitzetsi (azentu grafikorik ez erabiltzea), Euskaltzaindiak, zenbaitetan, era biak onartu ditu eta. Argitu behar da, dena den, ez duela beti berdin jokatu diakritikoekin. Espainiako Erresumako probintzia eta autonomia-erkidegoen izenak finkatu zituenean (32. arauan) Euskaltzaindiak zeinu diakritikorik gabe jaso zituen egokitu gabeko probintziak eta hiriak, gaztelaniazkoak zein katalanezkoak izan (Caceres, Cadiz, Leon, Merida, Jaen, Castello de la Plana), nahiz eta gero ohar hau erantsi: «gaztelaniaz azentua duten hitzak azentuarekin nahiz azenturik gabe idatz daitezke: León/Leon». Frantziako Errepublikako eskualdeen izenak finkatzeko erabakian (36. arauan), sistematikoki jarri ditu frantsesezko nahiz katalanezko zeinu diakritikoak egokitu behar ez diren departamendu eta eskualdeen izenetan (Ardèche, Corrèze, Créteil, Châteauroux, Mâcon, Perpinyà...).

Gainerako hizkuntzetan (eskandinaviarretan, eslaviarretan) zailagoa da, nahita ere, diakritikoak errespetatzea, batzuetan ez baitaude (hain) eskura diakritiko horiek testu-prozesadore guztietan. Hala ere, komeni da kontsulta-lan orokorretan (eskola-entziklopedietan...) aintzat hartzea. Gai honi dagokionez, Ortotipografia lanaren «Erdal izen bereziak» atalean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

3. Jatorrizko hizkuntzan emandako izendapenen azalpena

Jatorrizko herrialdean idazten diren bezala zabaldu dira nazioartean hainbat izendapen, batez ere arte-mugimenduei lotutakoak, hau da, ez dira itzuli hizkuntza batetik bestera pasatzean, eta, besterik gabe, mailegatu egin dira. Euskaraz ere jatorrizko hizkuntzan uztekoak dira era horretakoak; itzuli gabe, alegia. Adibidez:

Der Blaue Reiter, Art Nouveau, Risorgimento, Home Rule.

Halako kasu askotan, komeni da, hala ere, jatorrizko izendapen horrek euskaraz zer esan nahi duen argitzea. Halakoetarako, hau da gomendioa: azalpena alboko kakotx artean idatzi eta parentesi artean erantsi jatorrizko izendapenari. Adibidez:

Der Blaue Reiter («Zaldun Urdina»), Die Brücke («Zubia»), Art Nouveau («Arte Berria»), Risorgimento («Pizkundea»), Home Rule («Autonomia»).

4. Pertsona-izenaren ondoren atributua edo ezizena datorrenean

Izenaren ondoren atributua edo ezizena daramaten pertsona-izenetan bi kasu bereizi dira:

  • 1. Pertsona-izenari atributuren bat eransten zaionean, letrakera arruntez idatzita erantsiko da, komarik eta ezer gabe. Adibidez:

    Alexandro Handia, Konstantzio I.a Kloro.

  • 2. Pertsona-izenaren ondoren ezizena edo izengoitia jartzen denean, berriz, alboko kakotx artean edo letrakera etzanez idatziko da ezizena, aurretik komarik jarri gabe. Adibidez:

    Kaio Zesar Augusto Germaniko «Kaligula», José Gabriel Condorcanqui Túpac Amaru, Nikolas Ormaetxea «Orixe», Dolores Ibarruri Pasionaria.

Ezizena bakarrik doanean, aldiz, letrakera arruntez idatziko da. Adibidez:

Kaligula, Túpac Amaru, Orixe, Pasionaria.

Lehen kasukoetan, atributua ez da beregaina, eta ezin da erabili jatorrizko izena ordezkatzeko; hari erantsita erabili behar da beti. Bigarren kasuko ezizenak, ordea, beregainak dira, eta jatorrizko izenaren ordez erabil daitezke (Alexandro erabili beharrean ezin da Handia bakarrik erabili, baina Nikolas Ormaetxea izenaren ordez Orixe bakarrik erabil daiteke). Gai honi dagokionez, Ortotipografia lanaren «Letrakera arrunta» atalean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

5. -bourg/-burgo amaierako toponimoak

Euskaltzaindiak Luxenburgo/Luxemburg, Friburgo/Fribourg, Hanburgo/Hamburg, Edinburgo/Edinburgh eta Estrasburgo/Strasbourg bikoteak ontzat eman ditu; hau da, bi grafiak onartu ditu, egokitua eta jatorrizkoa.

Hori ikusita, -burgo egokitzapena hobetsi da lan honetan toponimo historiko ezagunetan (Habsburgo, Augsburgoko Liga, Augsburgoko Aitorpena...). Toponimo ez hain ezagunetan, berriz, -burg amaiera bere horretan uztea hobetsi da; grafia egokitu gabe, alegia. Adibidez:

Regensburg, Middelburg, Oldenburg.

Kasu batzuetan, hala ere, forma biak jaso dira (Lauenburg edo Lauenburgo).

6. Ahoskerari buruzko hainbat ohar

Atzerriko izenak, jatorrizko grafiaz idazten badira ­hau da, egokitzen ez badira­, jatorrizko ahoskeraz ahoskatu beharko lirateke.

Adibidez, katalanezko Borja nahiz italierazko Borgia izenetako j eta g kontsonanteak katalanez Pujol izenaren j ahoskatzen den bezala ([y ] fonema) ebaki behar dira euskaraz (eta ez gaztelaniaz ahoskatzen diren bezala).

Frantsesezko Racine, François, Jacques... eta abar, frantsesez bezala ahoskatu behar dira. Ingelesezko James, Francis, George, Nicholas... eta abar ingelesez bezala ahoskatu behar dira. Eta beste horrenbeste gainerako hizkuntzekin.

kh kontsonante-bikotea, berriz (Gengis Khan, Kazakhstan, Khartum, Sakhalin), gaztelaniazko jota bezala ahoskatu behar da (gaztelaniaz jamón hitzaren lehen kontsonantea ahoskatzen den bezala), [x ] belarra alegia.

7. Letra larriak noiz erabili

Zoko-moko eta bihurgune ugariko kontua da letra larriena, inondik ere. Gure inguruko erdaretan, hainbat gomendio eta arau dituzte (hizkuntza bakoitzak bereak); baina, kanpoko izen bereziak etxekotuta idatzi behar dituztenean, kanpoko hizkuntzen usadioaren aurrez aurre gertatzen da hizkuntza bakoitzaren usadioa, eta emaitza ez da beti koherentea. Euskarari dagokionez, euskara batuan ez dago letra larrien erabilera arautzen duen Euskaltzaindiaren erabakirik; bai, ordea, 1990eko gomendio bat, nahiz ez dion erantzuten kasuistika osoari, eta zenbait puntutan ez datorren bat euskararen tradizio idatziarekin, ezta gaur egungo erabilerarekin ere. Horregatik ez da arau bihurtu.

Gaiari helduta, esan daiteke izen bereziak letra larriz hasita idazten direla, baina baieztapen hori, onomastikaren parte handi baten auzia konpontzen badu ere, ez da nahikoa hitz bat baino gehiago dituzten izendapen konplexuetarako. Horiek horrela, berariaz heldu behar izan dio Batzordeñoak letra larrien gaiari, eta sailkatzen eta sistematizatzen saiatu da.

Kasuistika zabala bada ere, sistema sinpletze aldera, eta erabiltzaileentzat ikasten erraza izan dadin, bost ataletan banatu dira izenak izaeraren arabera (gertaerak, toponimoak, artelanak, dinastia-familiak eta bestelakoak) eta horietako bakoitzaren barnean zehaztu dira irizpideak.

  • 7.1. Gertaerak

    Gertaera historikoen izendapena bi izenez ­gutxienez­ osatuta egon ohi da: izen berezi bat eta izen berezi hori sailkatzen duen izen generiko bat. Bi izen horiek, bestalde, hainbat modutan elkartu daitezke gertaera historikoaren izendapena osatzeko (hitz-elkarketa, aposizioa zein bestelakoa: Maginot Lerroa, Marshall Plana, Ondorengotza Gerra, Nabigazio Agiria, Bigarren Mundu Gerra, Ezarpen Agiria; Izen + izenondo egitura: Depresio Handia, Izurrite Beltza, Gerra Punikoak; -ko edo -en atzizkia + izena egitura: Pragako Udaberria, Cádizko Konstituzioa, 68ko Maiatza, Gernikako Estatutua, Bergarako Hitzarmena, Vienako Konbentzioa, Helsinkiko Agiria, Maastrichteko Ituna, Basileako Itunak, Maiatzaren Zortziko Fusilamenduak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Maiatzaren Lehena, Aliantza Hirukoitzaren Gerra, Inbestiduren Eztabaida, Borodinoko Gudua, Lepantoko Gudua, Golkoko Gerra, Sei Egunetako Gerra, Bi Arrosen Gerra). Horietan guztietan, bai izen berezia bai generikoa letra larriz idaztekoak dira.

    Beste hizkuntzetatik mailegatzen diren eta egokitzen ez diren izendapenak ere letra larriz hasita idatziko dira. Adibidez:

    Entente Cordiale, Devotio Moderna, Home Rule, Risorgimento.

    Oharra: badira, salbuespen gisa, gertaera historikoak izanagatik, pluralezkoak izan eta aski zehazgabeak eta hainbat tokitakoak izanik, letra xehez idaztekoak diren zenbait gertaera historiko ere. Adibidez:

    leinu-gerrak, erlijio-gerrak, familia-itunak.

  • 7.2. Toponimia

    Lehenik eta behin, oinarrizko sailkapen bat egin behar da, leku-izenetan letra larrien erabilera nolabait arautuko bada, eta bi sail bereizi: toponimo politiko-administratiboak eta toponimo fisikoak. Toponimo politiko-administratiboak dira estatuak, eta estatuen barneko banaketa administratiboak (autonomia-erkidegoak, probintziak, departamenduak, eskualdeak...) udalerriak, herriak eta auzoak, gaur egungoak nahiz izandakoak. Horiek, leku-izenaz gainera, erakunde ere badira (edo izan ziren), eta letra larriz idaztekoak dira. Adibidez:

    Alpe Garaiak (departamendua), Frantziako Errepublika (estatuaren izen ofiziala), Espainiako Erresuma (estatuaren izen ofiziala) Nafarroa Beherea (probintzia), Kanariar Uharteak edo Kanariak (autonomia-erkidegoa), La Paz (hiria), Amara Berri (auzoa), Kartago Nova, Río de la Platako Probintzia Batuak (toponimo administratibo historikoa), Asiako Probintzia (toponimo administratibo historikoa), Adengo Protektoratua (toponimo administratibo historikoa), Erromatar Inperioa (antzinako estatua).

    Toponimo fisikoak dira gainerako guztiak: mendiak, ibaiak, itsasoak, lurmuturrak... Haietan, elkarren ondoan agertu ohi dira izen berezia (Ebro) eta izen generikoa (ibaia). Bi elementu horien arteko harremana ez da beti bera. Askotan, elementu generikoa ez da nahitaez izen bereziari atxikita agertu beharrekoa (Amazonas ibaian edo Amazonasen esan daiteke); beste batzuetan, ordea, elementu generikoa ezin kenduzkoa da, ez da hautazkoa, nolabait lexikaldua dagoela esan daiteke (Ibai Horia esaten da beti, ez da *Horia bakarrik esaten; Mexikoko golkoa, Esklaboen aintzira eta Ur-jauzien mendikatea toponimoetan, adibidez, ezin da generikoa kendu eta *Mexikoko, *Esklaboen eta *Ur-jauzien bakarrik utzi).

    Irizpide nagusia: toponimoaren elementu generikoa letra xehez idaztekoa da.

    Irizpide nagusi hori hartu eta erabili du Euskaltzaindiak Euskal Herriko toponimia txikia finkatzeko, eta, beraz, irizpide hori zabalduta, gainerako toponimoei ere ezarriko zaie. Egia da, bestalde, Euskaltzaindiak Euskal Herritik kanpoko hainbat leku-izen erabaki eta arau gisa argitaratu dituela 1995 eta 1997 artean, eta han ez da beti betetzen Euskaltzaindiak, geroago, letra xehearen alde egindako hautua. Ulertu behar da arau haietan (ozeanoak, mendiak, itsasoak, ibaiak, uharteak, aintzirak) ez zela berariaz aztertu letra xehe eta larrien arazoa. Toponimo horien forma finkatzeari begira egin zuen lan Euskaltzaindiak, horri eman zion lehentasuna, eta arazo ortotipografikoak (letra larriak edo xeheak) gaingiroki aztertu ziren, corpus zabalagoa behar baitzen azterketa xehea egin ahal izateko. Hori dela eta, hemen proposatzen den irizpidea, batzuetan, ez dator bat Euskaltzaindiaren arau haietan ageri diren letra larri eta xeheen erabilerarekin.

    Generikoaren eta bereziaren arteko harreman horretan oinarritzen da irizpidea. Elementu generikoa hautazkoa denean, generikoa letra xehez idatziko da. Adibidez:

    Amazonas (Amazonas ibaia), Anboto (Anboto mendia), Bahamak (Bahama uharteak)

    Elementu generikoa hautazkoa ez denean ere, generikoa letra xehez idatziko da gehienetan. Adibidez:

    • a) -(t)ar atzizkia gehi izen generikoa:

      Kaspiar itsasoa, Tirreniar itsasoa, Italiar penintsula, Kantabriar mendikatea, Iberiar goi-lautada, Kanbriar mendiak, Aleutiar uharteak, Britainiar uharteak.

      Oharra: Dinariar Alpeak toponimoan, berriz, letra larriz idatziko da Alpe hitza, elementu generiko berezia baita (ez da mendikate, mendigune, mendilerro edo mendi ohiko generikoak bezalakoa).

    • b) -ko edo -en atzizkia gehi izen generikoa:

      Omango itsasoa, Leóngo mendiak, Eskandinaviako mendikatea, Bizkaiko golkoa, Atacamako goi-ordokia, Suaren lurraldea, Esperantza Onaren lurmuturra, Maud Erreginaren lurraldea, Elur-oreinaren aintzira, Faisaien uhartea, Hartzen uhartea, Eduardo Printzearen uhartea, Esklaboen kostaldea, Konstantzako aintzira, Suezko kanala, Tarifako lurmuturra, Floridako penintsula, Gibraltarko itsasartea, Panamako kanala, Paueko uhaitza, Oloroeko ibaia, Niloren delta, Dardaneloen itsasartea, Girondako estuarioa, Arcachongo badia.

      Oharra: Kantabriako Europako mendiak toponimoan ere letra xehez idaztekoa da izen generikoa, mendiak. Nolanahi ere, gaztelaniazko izena ere ontzat ematen da: Picos de Europa (mendiak).

    • c) Izen-elkarteak:

      Koral itsasoa, Sargazo itsasoa, Metal mendiak, Ipar lurmuturra, Hego uhartea, Ipar itsasoa, Ipar poloa (edo Iparburua), Hego hemisferioa.

      Baina elementu generikoa letra larriz idatziko da kasu hauetan:

      • Izen + izenondo egitura dagoenean, hau da, generikoa izenondo batez lagunduta dagoenean.

        Ibai Horia, Hartzaren Aintzira Handia, Aragoiko Kanal Inperiala, Ozeano Atlantikoa, Mendikate Banatzaile Handia.

        Oharra: batzuetan, izen generikoa lexikaldua dago, eta ez da itzultzen, Adibidez, Mont Blanc (mendia). Antzeko kasua da Monte Perdido (mendia) ere (nahiz eta, maiz, ahozkoan batez ere, Perdido (mendia) bakarrik esaten den. Mont Blanc toponimoan, berriz, ez da Blanc (mendia) esaten).

      • Generikoa irudizkoa denean, hau da, toponimoaren benetako izaera bat ez datorrenean izen generikoarekin.

        Aiako Harria («harri» hori mendia da), Hiru Erregeen Mahaia («mahai» hori mendia da), Adamen Zubia (istmo bat da), Afrikako Adarra («adar» izena du punta-formakoa delako, mapan ikusita), Gazako Zerrenda («zerrenda» izena du lurralde estua eta luzea delako), Erraldoien Galtzada («galtzada» hori itsaslabarra da).

      • Generikoa kokatzaile huts eta orokorregi batez lagunduta dagoenean (izen berezia puntu kardinalak direnean, adibidez).

        Ekialdeko Mendikatea, Erdialdeko Mendigunea.

  • 7.3. Artelanak

    Artelanen izenburuak idazteko, letrakera etzana erabiliko da eta lehen hitzaren lehen letra baino ez da larriz idatziko (horrek ez die eragiten, noski, berez eta edozein testuingurutan letra larriz hasita idatzi behar diren hitzei). Adibidez:

    Behi euskaldun baten memoriak, Jesusen Bihotzaren debozioa, Garai latzak, Hadrianoren oroitzapenak.

    Salbuespena egingo da, hala ere, kontsulta-obra eta erreferentzialiburu nagusiekin ­hainbat alez osatutako liburu-bildumekin eta argitaraldiz argitaraldi osatuz doazen liburuekin­ (Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua). Halakoetan, letra larriz hasita idatziko dira hitz guztiak, salbu lokailuak, juntagailuak eta beste partikula batzuk, esanahi eta adierazkortasun berezia ez badute. Adibidez:

    Haur eta Gazteentzako Literatura Bilduma.

  • 7.4. Dinastiak eta familiak

    Dinastia eta familia historiko guztiak letra xehez idatziko dira (borboitarrak, alauiak, makabearrak, haxemiak).

    Oharra: familia baten kideak izendatzeko -tar atzizkiaz osatutako hitz eratorria erabiltzen denean, letra xehez idatziko da beti, nahiz eta deitura letra larriz hasita idatzi. Adibidez:

    Ipiña familia, Ipiña sendia, ipiñatarrak / oso ezagunak dira Leitzan perurenatarrak / oinaztarrak eta ganboarrak.

  • 7.5. Tituluak eta kidekoak

    Pertsonaren izenaren ondotik jartzen diren tituluak (kondea, printzea, dukea, dohatsua...) letra xehez idazten dira. Izenaren aurretik daudenak, berriz, letra larriz (Santa, Done, Ama, Sir, Don, Lady, Lord...). Adibideak:

    Urbano V.a dohatsua, Mikel goiaingerua, Filipe II.a Orléansko dukea, Karlos IV.a Vianako printzea.

    Don Joan Austriakoa, Sir William Wallace, Sir Isaac Newton, Lord Byron, Frai Luis Leongoa, Ama Teresa, Sor Luisa Miserikordiakoa, Frai Diego Lizarrakoa, Done Eztebe, San Frantzisko.

  • 7.6. Bestelakoak

    Erakunde historiko nahiz gaur egungoen izen ofiziala osatzen duten hitz nagusi guztiak letra larriz hasita idatziko dira beti. Adibidez:

    Bergarako Errege Mintegia, Indiako Kongresu Nazionala, Amerikako Estatuen Erakundea (AEE), Ekialdeko Indietako Konpainia Holandarra.

    Izenean ageri diren juntagailu, lokailu, postposizio eta gainerako partikulak letra xehez idaztekoak dira, baina letra larriz hasita idatziko dira, baldin eta esanahi edo adierazkortasun berezia badute. Hona hemen partikula horiek adierazkortasun berezia dutela-eta letra larriz hasita uzteko adibide batzuk:

    Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna, Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimendua, (Elkarri) Ez Erasotzeko Ituna.

Antzinaroko eta Goiz Erdi Aroko kanpoko leku- eta pertsona-izenak

1. Toponimia (leku-izenak)

  • 1.1. Greziar edo latindar alfabetoen bidez iritsi zaizkigun leku-izenak

    Euskaltzaindiak latindar eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruz hartu zuen erabakia erabili da (Euskaltzaindiaren 76. araua). Adibideak:

    Akaia, Bizantzio, Frigia, Helvezia, Zesarea.

    Zalantzazko kasuetan, auzo-erdarek erabiltzen dutenari egin zaio jaramon.

    • Latinezko leku-izen historikoak:
      • Latinezko toponimia txikia:

        Leku-izena euskararen grafiara egokitu nahi denean nola egokitu behar den zehaztuta utzi da goragoko irizpideetan, baina, horrekin batera, badago irizpide-mailako beste kontu bat: antzinako leku baten grafia egokitzea noiz komeni da? Eta noiz komeni da jatorrizko forman uztea? Irizpide orokor moduan, hauxe da gomendioa: zenbat eta ezagunago eta erabiliago izan leku-izena, hainbat beharrezkoagoa da grafia aldatzea. Hori dela eta, hirien izenak eta gainerako toponimia txikia, eskola-liburuetan maiztasun urrikoak direnez, latinez uztea hobetsi da, hau da, grafia euskarara egokitu gabe (Ilici, Graccurris, Cloaca Maxima, Via Appia).

        Testuak sortzen dituztenen esku egongo da toponimoak euskal grafiaz ematea (Ilizi) edo maiztasun urria dutela-eta egokitu gabe uztea (Ilici). Adibidez, testuan behin baino aipatzekoa ez bada, edo ohar argigarri batean edo mapa historiko batean jartzeko baino ez bada, egokitu gabe uztea proposatzen da (adibidez, testu batean, honela esan liteke: «Gaur egungo Elx hiriari erromatarrek latinez Ilici izena eman zioten»). Ez da komeni neurririk gabe ugaltzea euskal grafia itxurako izenak, oso erabiliak ez badira behintzat.

      • Hiriak:

        Ez egokitzea da gomendioa, oro har, baina salbuespenak egon litezke. Salbuespenak zein diren erabakitzeko orduan, kontuan hartu da toponimoaren garrantzia (maiztasuna, garrantzi historikoa, hitz eratorriak sortu izana...). Beraz,

        • a) Inguruko erdarek grafia egokitu dutenean, euskaraz ere egokitu egin dira. Adibidez:

          Lutezia, Ponpeia, Zesarea, Akilea, Numantzia, Kartago Nova.

        • b) Inguruko erdarek egokitu ez dituztenean, euskaraz ere ez. Adibidez:

          Massalia, Barcino, Moguntiacum, Graccurris, Pompaelo, Tarraco, Leptiminus, Calagurris.

      • Eskualdeak eta hiritik gorako toponimoak, berriz, egokitu egin dira. Adibidez:

        Britainia, Betika, Zisjordania.

      • Erromatar probintzien kasuan, bi irizpide hauek erabili dira:
        • a) Probintzien izenak egokitu egingo dira. Adibidez:

          Hispania Ziterior, Hispania Ulterior, Asiako Probintzia.

        • b) -ensis eta -itis bukaera duten probintziak (jatorriz ez dira izenak, adjektiboak baizik, eta amaiera hori oso gaitza da euskaraz emateko) bi eratara onartzen dira:
          • Latinez. Adibidez:

            Carthaginensis, Lugdunensis, Narbonensis, Trachonitis.

          • -ko Probintzia erabiliz. Adibidez:

            Kartago Novako Probintzia, Lugdunumeko Probintzia, Narboko Probintzia, Trachonako Probintzia.

    Gorago esan den moduan, latinezko leku-izenak adierazteko, bi bide daude: jasoa eta arrunta. Maila arruntean egokitu egin ohi dira izenak, eta jasoan, berriz, ez. Testugilearen esku geratzen da, beraz, zein erabili nahi duen aukeratzea: zenbat eta espezializatuago eta jasoagoa izan lana, hainbat handiagoa izango da latinezko grafia ez egokitzeko joera.

  • 1.2. Grekoaren edo latinaren bidetik iritsi ez zaizkigun leku-izenak

    Grekoaren edo latinaren bidetik iritsi ez zaizkigun izenak ez dira, oro har, egokitzen. Horrelakoak dira Mesopotamiako eta antzinako Persiako izenak, adibidez, baina ez dira oso forma ezagunak. Hain zuzen ere, Mesopotamiako eta Persiako toponimoen formarik ezagunenak, eskolaliburuetan ager daitezkeenak alegia, grekoaren bidez iritsi zaizkigu.

    Bestalde, honako erabaki hauek hartu dira arabierazko artikuluari dagokionez:

    • Arabierazko toponimoen al artikulua, oro har, gorde egingo da (kontuan izan toponimo batzuk historikoak eta gaur egungoak ere badirela, eta horietan kontrako erabilera egon daiteke. Adibidez, Euskaltzaindiak artikulurik gabe erabaki dituen Meka edo Kairo). Adibidez:

      Al Faium, Al Fustat, Al Andalus.

    • Artikulua tartekatuta ere egon daiteke, eta orduan letra xehez idatziko da (Tell al Amarna).
    • Artikulua izenari lotzeko, ez da marratxorik idatzi izen-zerrendan (Dair al Bahri, Tell al Amarna... eta ez Dair-al-Bahri, Tell-al-Amarna).
  • 1.3. Hainbat
    • Erromako zazpi muinoak:

      Latinezko forma baztertu gabe, egokituta ere idatzi ahal izango dira.

      LatinaEuskara
      Capitolium, Mons CapitolinusKapitolinoa (-a) edo Kapitolino muinoa
      Mons Quirinalis, QuirinalemKirinala (-a) edo Kirinal muinoa
      Mons Viminalis, ViminalemViminala (-a) edo Viminal muinoa
      Mons Esquilinus, EsquilinumEskilinoa (-a) edo Eskilino muinoa
      Mons Caelius (Coelius), CaeliumZelioa (-a) edo Zelio muinoa
      Mons Aventinus, AventinumAventinoa (-a) edo Aventino muinoa
      Mons Palatinus, PalatinumPalatinoa (-a) edo Palatino muinoa

    • Erromatar Inperioa eta Bizantziar Inperioa

      Beren jatorrizko herriaz haraindi iritsi diren egitura politikoak adierazteko, -ar erabiltzea hobetsi da. Horrenbestez, Erromatar Inperioa hobetsi da, eta ez Erromakoa (ez baitzen Erromakoa bakarrik)(2). Gauza bera esan daiteke Bizantziar Inperioari buruz ere.

2. Antroponimia (jende-izenak, pertsonak eta jainkoak)

Batzordeñoa ez da, zorionez, hutsetik abiatu antzinako pertsonaizenak euskaraz emateko orduan. Euskaltzaindiak, orain arte, lau sailetan arautu ditu pertsona-izenak: 66. araua, «Santutegiko izen ohikoenak»; 76. araua, «Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak (...) Pertsonaia historiko ezagunenen zerrendak»; 82. araua, «Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak»; eta 129. araua, «Aita santuen izenak». Arau horiek gidari harturik eta han ibilitako irizpideak erabiliz moldatu dira zerrendak.

  • 2.1. Santuak eta aita santuak

    Euskaltzaindiak santutegiko izen ohikoenak finkatzeko eman duen araua (66. araua) eta aita santuen izenak finkatzeko eman duen araua (129. araua) erabili dira irizpide gisa.

    Euskaltzaindiaren erabakirik ez dagoen kasuetan jatorrizko izena egokitu behar den ala ez erabakitzeko, inguruko erdaren jokabidea hartu da kontuan. Hizkuntzatik hizkuntzara grafia aldatzen bada, euskaraz ere egokitu egingo da grafia.

  • 2.2. Bibliako izenak

    Euskaltzaindiaren santu-izenen erabakia erabili da Bibliako izenak egokitzeko eta, bigarren mailan, ponte-izenen izendegia.

  • 2.3. Errege-erreginak

    Antzinateko errege-erreginen euskarazko izendapenak erabakitzeko, irizpide hauek erabili dira:

    Grekoaren bidez zabaldu diren izenen kasuan, izen grekoak emateko irizpide berak hartu dira. Latinaren bidez zabaldu diren izenen kasuan, berriz, Euskaltzaindiaren santu-izenei eta latinezko izen klasikoei buruzko erabakiak erabili dira.

    Zenbaitetan, banan-banan hartu dira erabakiak.

    • 2.3.1 Errege-erregina germaniarrak

      Oro har, izen latindarrak euskaratzeko irizpideak erabili dira. Adibidez, g letradun izenak hobetsi dira, ez j letradunak:

      Atanagildo, Hermenegildo, Leovigildo, Sigeberto...

    • 2.3.2. Iberiar penintsulako izen arabiarrak

      Erdara nagusietan latinaren edo gaztelaniaren bidez zabaldu zen forma egokitu dutenean, euskaraz ere egokitu egin dira (Avizena), eta jatorrizko izenetik egindako transkripzioak ere ontzat eman dira, forma kultu gisa (Ibn Sina). Baina gaztelaniaz bakarrik egokitu denean, jatorrizkotik egindako transkripzioa hobetsi da (Abd ar Rahman).

      Oharra: gaztelaniazko Almanzor izena euskaraz ere horrela uztea hobetsi da, kontuan izanda mendi ezagun baten izena ere badela: Al Mansur edo Almanzor.

      Leku-izenetan adierazi bezala, arabierazko artikulua idazteko orduan, ez da marratxorik idatzi izen-zerrenda osatzean (Al Mansur, Abu al Abbas... eta ez Al-Mansur, Abu-al-Abbas).

  • 2.4. Mundu greko-latindarrekoak ez diren antroponimoak
    • 2.4.1. Egiptoko antzinako antroponimoak

      Rosetta harria aurkitu zenean, idazkera hieroglifikoa, hieratikoa eta demotikoa deszifratu ziren, baina, hori baino lehen, antzinako Egiptoko antroponimoak grekoaren bidez zabaldu ziren.

      Euskaltzaindiak izen grekoak egokitzeko eman dituen irizpideak erabili dira. Adibidez:

      Akenaton, Hatsepsut, Kefren.

    • 2.4.2. Kartagoko antroponimoak

      Erromako izenak emateko irizpide berberak erabili dira Kartagokoekin ere. Adibidez:

      Hamilkar Barka, Hanibal.

    • 2.4.3. Israelgo antzinako antroponimoak

      Izen horiek grekora egindako Bibliaren itzulpenean hartu zuten formaz zabaldu dira, eta forma horiek egokitzea izan da irizpidea. Adibidez:

      David, Josafat, Herodes.

    • 2.4.4. Antzinako Persiako antroponimoak

      Grekoaren bidez hedatu ziren, eta, beraz, izen grekoetarako irizpide berak erabiliko dira. Adibidez:

      Artaxerxes, Ziro Gaztea.

    • 2.4.5. Mesopotamiako antroponimoak

      Idazkera kuneiformea XIX. mendera arte ez zen deszifratu. Hango antroponimoen izenak grekoaren bidez zabaldu ziren; beraz, izen grekoetarako irizpide berak erabiliko dira. Adibidez:

      Hamurabi, Asurbanipal.

3. Bestelakoak

  • 3.1. Mitologia

    Orain arte aipatu diren irizpideak erabili dira jainko, jainkosa eta bestelako izaki mitologikoen izenak erabakitzeko, hau da, pertsona-izenak izango balira bezala landu dira grafia erabakitzeko orduan.

  • 3.2. Astronomia

    Zodiakoko zeinuak erabakitzeko orduan, latinezko formak hobetsi dira. Adibidez:

    Acuarius, Scorpius.

Erdi Aroko eta geroztiko leku- eta pertsona-izenak

1. Toponimia (leku-izenak)(3)

  • 1.1. Transkripziorik behar ez dutenak

    Multzo honetan sartzen dira, oro har, alfabeto latindarra erabiltzen duten hizkuntzetan idatzitako leku-izenak.

    Irizpide nagusia leku-izenen grafia ez aldatzea da, hau da, jatorrizko forman uztea. Alabaina, badira salbuespenak, eta ez gutxi.

    Leku-izen bat zenbat eta garrantzitsuago, zenbat eta ezagunago eta guregandik zenbat eta gertuago egon, hainbat errazago egokitzen zaio grafia. Euskaltzaindiak berak behin eta berriro aplikatu du irizpide nagusi hori, besteak beste, 32. arauan «Espainiako Erresumako Probintzia eta Elkarte Autonomoen izenak», 36. arauan «Frantziako Errepublikako Eskualdeen izenak», 38. arauan «Munduko Estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak», 51. arauan «Kontinenteak, geografia izen nagusi batzuk eta hiritarren izenak», 52. arauan «Munduko geografiako zenbait izen: mendiak, ibaiak, itsasoak», 59. arauan «Ibaiak», 60. arauan «Aintzirak» eta 70. arauan «Mundu zabaleko uharte nagusiak».

    Dena den, salbuespenak banan-banan aztertu eta erabaki dira, eta zerrendan ageri dira.

  • 1.2. Transkribatu beharrekoak

    Alfabeto latindarra erabiltzen ez duten hizkuntzetan, transkripzioirizpideak behar dira (Ikus transkripzio-irizpideak eranskinean).

  • 1.3. Hainbat
    • 1.3.1. Zer egin toponimoetako artikuluarekin?
      • Gaztelaniazko toponimoetan, oro har, singularreko artikulua kentzea hobetsi da (Maestrazgo, Alcarria, Bierzo, Bureba...). Hori da joera nagusia.

        Salbuespenak badira, ordea. Euskaltzaindiak bestela erabaki ditu batzuk (La Paz, El Salvador, La Palma). Eta beste salbuespen batzuk ere egin dira, batez ere gaztelaniazko hitz arruntak direnean artikuluaren ondoan daudenak (El Alto, La Plata, La Granja de San Ildefonso).

        Pluraleko artikulua, berriz, ez da kenduko (Las Batuecas, Las Hurdes, Las Tunas). Baina jatorrizko gaztelaniazko erak artikulu plurala ezinbestekoa ez duenean, euskaraz kendu egin daiteke (Alpujarras, Monegros).

      • Gaztelaniazko izenak izan arren, toponimoak beste hizkuntzaeremu batzuetakoak direnean, artikulu eta guzti idatziko dira, haien lurraldean egiten den bezala. Adibidez:

        El Paso, Las Vegas (Ameriketako Estatu Batuak).

      • Gaztelaniazkoak ez diren toponimoei ez zaie artikulua kenduko. Adibidez:

        La Spezia (Italia).

      • Eraikinen izenak

      Antzeko irizpidea erabil daiteke eraikinen gaztelaniazko izenekin ere (zerrendetan era horretako toponimorik ez da jaso, dena den). Pluraleko artikulua dutenean, izen bereziaren partetzat hartuko da artikulua, eta, beraz, artikulu eta guzti idatziko. Adibidez:

      Los Pajaritos futbol-zelaia, Las Gaunas...

      Ez da hala jokatuko, aldiz, singularreko artikulua duten eraikinen izenekin: horiei kendu egingo zaie artikulua (Molinón, eta ez El Molinón).

    • 1.3.2. Hizkuntza txikien eremuko toponimoak

      Kataluniako, Valentziako, Galiziako eta Balearretako leku-izenak, jatorrizko hizkuntzan ematea hobetsi da (katalanez Valentziakoak, Balearretakoak eta Kataluniakoak; galizieraz Galiziakoak). Halaxe egin du Euskaltzaindiak Espainiako Erresumako probintzia eta eskualdeen euskal ordainak finkatzean, hango forma ofizialak hartu baititu (Lleida, Girona, Eivissa...).

      Ez zaio, hala ere, irizpide horri eutsi Europako beste hizkuntza txikien leku-izenen kasuan (bretoiera, okzitaniera, galesera, gaelikoa...). Halakoetan, hizkuntza-eremu horietan hitz egiten den hizkuntza nagusia hobetsi du Batzordeñoak toponimoak idazteko, hori baita formarik ezagunena (adibidez, Nantes hobetsi da, eta ez Naoned, edo Glasgow, eta ez Glaschu). Nolanahi ere, jatorrizko forma erabiltzea ezin da desegokitzat jo, baina ez forma lehenetsi gisa.

    • 1.3.3. Toponimoaren izen generikoa izenaren parte denean

      Euskaratu gabe erabiltzen diren leku-izenen barnean toponimoaren izen generikoa agertzen denean (Mar Menor, Costa Daurada, Sierra Nevada, Côte d'Azur), izena osorik hartu da eta atzetik erantsi zaio euskarazko izen generikoa. Adibidez:

      Costa Daurada (izeneko) kostaldea, Sierra Nevada mendilerroa.

      Horrez gainera, Ortotipografia lanaren «Oinarrizko adieraz besteko izen berezien deklinabidea» atalean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

    • 1.3.4. Inguruko toponimia

      Euskal Herriaren inguruko leku-izenen kasuan (Espainiako inguruko probintzietakoak eta Frantziako hegoaldekoak), eta Euskaltzaindiak besterik erabaki ezean, euskarazko formak erabiltzea hobetsi da kasu jakin batzuetan. Adibidez:

      Ezkarai, Kalagorri, Naiara, Ozkabarte.

    • 1.3.5. Eliz Estatuak

      Batzordeñoak Eliz Estatuak forma hobetsi du (eta ez Eliza Estatuak), Hiztegi Batuan badago-eta ­a gabeko formarik (elizbarruti, elizbide, elizgizon), nahiz eta lotuta ageri.

    • 1.3.6 Orleanerria

      Forma markatutzat har daitezke artikulurik gabeko izenak (Deierri, Enkarterri, baina, bestetik, Euskal Herria). Tradiziorik gabeko izenetan, forma mugatuak hobetsi dira (Orleanerria). Deklinatzerakoan, kontuan hartu amaierako -a ez dela berezkoa (Orleanerriko, Orleanerritik...).

2. Antroponimia (pertsona-izenak)

  • 2.1. Europako errege-erreginak eta noblezia

    Europako errege-erreginen eta nobleziako ponte-izenak egokitu egin dira, Europako beste hizkuntzek egiten duten bezala. Adibidez, gaztelaniaz Guillermo idazten da sistematikoki, frantsesez Guillaume eta ingelesez William, berdin dio erregeak Alemaniakoak, Ingalaterrakoak, Herbehereetakoak edo nongoak diren. Euskaraz ere berdin aplikatu da arau hori, eta, ondorioz, Gilen idatziko da. Usadio hori bizirik iritsi da gaur egun arte, baina gaur egungo errege-erreginekin irizpidea lausotzen edo desagertzen ari da zenbait hizkuntzatan. Adibidez, Espainian Carlos deitzen diote ia beti Erresuma Batuko printzeari, ez Charles, eta Isabel hango erreginari, ez Elizabeth. Frantsesez eta ingelesez, ordea, Juan Carlos idatzi ohi dute Espainiako erregea aipatzeko, ez Jean Charles edo John Charles. Batzordeñoak, oraingoz, Europako gaur egungo errege-erreginen eta nobleziako ponte-izenak egokitzen jarraitzea hobetsi du, jakinik ere izen historikoetarako guztiz indarrean dagoen usadioa belaunaldi honetan aldatzen ari dela. Hortaz, Espainiakoari Joan Karlos erregea esatea hobetsi da, eta Erresuma Batukoari, berriz, Elisabet.

    Errege-erreginen euskarazko ponte-izenaren forma finkatzeko, bestalde, Euskaltzaindiaren 66. araua («Santutegiko izen ohikoenak») aplikatu da. Nolanahi ere, gure tradizioak jatorrizkoa ere erabili izan duenean (Isabel II.aren kasuan bezala ­Etxegarai, Domingo Agirre, Orixe, Azkue, Iztueta, Bordel eta Kardaberazek erabili zuten moduan­), jatorrizkoa ere onar daiteke, baina salbuespen gisa.

    Izengoitien euskarazko ordainak banan-banan erabaki dira (Joana Eroa, Filipe I.a Ederra).

    Deiturak ez dira egokitu (Fabiola de Mora y Aragón), baina dinastia-izenak direnean bai (Karlos Hugo Borboi-Parmakoa).

  • 2.2. Hego Amerikako erregeak

    Hego Amerikako erregeen izenak ez dira egokitu (Tupac Inca Yupanqui, Pachacutec, Moctezuma, Cuitláhuac...).

    Ez da, beraz, inca izenaren grafia egokitu pertsona-izenaren zati denean. Beste kasu bat da, ordea, Hego Amerikako erregeen inca izendapena titulu moduan erabiltzen denean. Halakoetan, grafia egokitzea eta letra xehez idaztea hobetsi da, dagokion izenaren ondoren jarrita (Roca inka).

  • 2.3. Transkribatu beharreko antroponimoak

    Alfabeto latindarra erabiltzen ez duten hizkuntzetako antroponimoak euskaraz idatzi ahal izateko, transkripzio-taulak erabili behar dira (Ikus transkripzio-irizpideak eranskinean).

  • 2.4. Transkripziorik behar ez dutenak

    Multzo honetan sartzen dira, oro har, alfabeto latindarra erabiltzen duten hizkuntzetan idatzitako pertsona-izenak.

    Irizpide nagusia pertsona-izenen grafia ez aldatzea da, hau da, jatorrizko forman uztea. Alabaina, bada garai nahasi samar bat, latinezko izenak eta tokian tokiko izenak erabili zirenekoa eta hor hainbat salbuespen daude. Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoaren hasieran gertatu zen. Garai horietan kanpoko pertsonen izenak norberaren hizkuntzara egokitzeko joera bizirik zegoen, bai eta latinez jartzekoa ere, latina baitzen orduan prestigiodun hizkuntza. Gero, hizkuntza erromantzeek latinetik egokitu zuten izenaren forma zeinek bere moldera (gaztelaniak eta frantsesak, adibidez). Jatorria latinean ez zuten hizkuntzetan, berriz, latinezko forma aldaketarik gabe hartzeko joera nagusitu zen (ingelesean, adibidez). Ez dago, beraz, jokabide bakarrik erdara nagusietan, eta, kasu horretan, erabakiak banan-banan hartu dira, hau da, ez dago irizpide orohartzailerik. Batzordeñoak hobetsitako formak izen-zerrendetan ageri dira. Adibidez:

    Kristobal Kolon, Koperniko, Jeronimo Bosch, Michelangello, Rafael, Petrarka.

3. Arabiar dinastia eta familiak

Arabiar dinastien izenetarako, -iak amaiera hobetsi da -i bukaeradun genitiboen kasuan, hala nola abbadiak, abdaluadiak, aglabiak, haxemiak, alauiak... (eta ez abbadtarrak, aglabtarrak, alauitarrak), erdara nagusietan -i horri eutsi egin zaiola eta.

Gainera, -i amaiera sistematikoa hobetsi da, eta ez -ita (nahiz eta Euskaltzaindiak, Hiztegi Batuko erabaki puntual batean, xiita erabaki duen). Arabieraz, jatorrian erro bat ­askotan pertsona bat (eponimoa)­ duen familia, dinastia edo giza taldearen izenak -i hartzen du amaieran (alaui, ismaili, nazari), genitiboa adierazteko. Frantsesez -ite bihurtu da amaiera hori eta hortik pasatu dira beste hizkuntzetara. Dena den, -i amaiera da jatorrizkoa, eta bera hobetsi da.

Bestelako onomastika

1. Aro historikoak

Historiaurrea, Antzinaroa, Goiz Erdi Aroa, Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea.

2. Aro eta era geologikoak

Geologian, «aroak» eta «erak» bereizi behar dira, eta biak behar dira.

Geologiako «era» (ing.) / «era» (gazt.) / «ere» (frants.) ­unitate geokronologikoa­, euskaraz, «era» da (Era Primarioa, Era Sekundarioa), ez *«aro» (kontuan izan, gainera, haren baliokide estratigrafikoa, «eratema», hartatik eratortzen dela, «era» izenetik alegia).

Geologiako «age» (ing.) / «edad» (gazt.) / «âge» (frants.) ­unitate geokronologikoa­, euskaraz, «aro» da.

3. Gertaera historikoak

Ikus «Atarikoak» kapituluko 7.1. puntuan gertaera historikoak noiz idazten diren letra larriz hasita.

  • 3.1. Erdal adjektibo jentilizio konposatuak

    Gaztelaniaz eta frantsesez maiz erabiltzen dira adjektibo jentilizio konposatuak gertaera historikoak eta toponimo batzuk izendatzeko (guerra austro-prusiana / guerre austro-prusienne, Inperio austrohúngaro / Empire AustroHongrois...). Horrelakoetan, euskaraz honela eratuko dira izendapenak:

    • Gerra eta itunak:

      Aurrez aurreko aposizio-elkarteak erabil badaitezke ere, perifrasia edo forma garatua da argiena. Adibidez:

      Austriaren eta Prusiaren arteko Gerra / Austria-Prusia Gerra.

      Poloniaren eta Sobietar Batasunaren arteko gerra.

    • Inperioak:

      Aurrez aurreko aposizio-elkarteak erabili dira, amaieran -ko erantsita. Adibidez: Austria-Hungariako Inperioa.

      Azterketa berezia egin da erdal Sacro Imperio Romano Germánico / Saint Empire romain germanique / Holy Roman Empire izendapenaren kasuan. Honela idaztea erabaki da:

      Germaniako Erromatar Inperio Santua.

    • Herritarren izen konposatuetako lehen hitza eraldatuta dagoen kasuetan (anglo, afro, indo, serbo...), eta aposizioelkarteak erabiltzen ez badira, honela jokatuko da:

      Dvandva elkartetzat (hau da, zuri-gorri, txuri-urdin... gisako hitz-elkartetzat) hartuko dira adjektibo horiek eta marratxoz idatziko (anglo-saxoi, afro-amerikar, anglo-egiptoar). Adibidez:

      Anglo-normandiar uharteak, Sudan Anglo-egiptoarra.

      Salbuespena: indoeuropar, Euskaltzaindiak lotuta erabaki baitu Hiztegi Batuan.

4. Nazioarteko erakunde eta taldeak, programak eta kidekoak

  • 4.1. Erakunde, elkarte eta talde antolatuak

    Erakundeen izenak, maiz, izen-sintagma konplexuak izaten dira, izenlagun, izen eta izenondoz osatuak, eta ez da erraza sintagma horien barneko elementuen ordenazio-irizpideak molde bakarrera biltzea, zenbaitetan semantikak erabakitzen baitu ordena. Nolanahi ere, oinarrizko irizpide batzuk, behintzat, eman daitezke.

    Hiru elementuz osatutako izendapenetan, ahal den guztietan, hitz-elkarteaz baliatzea da aholkua edo irizpidea (Diru Funtsa, Ekonomia Erkidegoa, Osasun Erakundea; eta ez Ekonomiaren Erkidegoa edo Osasunaren Erakundea). Hitz-elkartea osatu ondoren, izenlaguna erantsi. Adibidez, Nazio Batuen, Europako, Nazioarteko edo Munduko osagaiak dituzten erakundeen izenak osatzeko orduan, izenlagun horiek ezkerrean jarriko dira. Beraz, izendapen horietan ordena hau izango da:

    «kokapena (nongo/noren) + erreferentzia (zer. Adibidez:

    Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Ekonomia Erkidegoa, Munduko Osasun Erakundea (eta ez *Diruaren Nazioarteko Funtsa, *Ekonomiaren Europako Erkidegoa, *Osasunaren Mundu(ko) Erakundea).

    Hiru elementu baino gehiagoko izenetan, ordea, zaila da proposamen zehatzik egitea. Bi izenlagun daudenean, adibidez, lehentasuna zeini eman erabakitzea ez da beti erraza izango. Izenlaguna Nazio Batuen edo Nazioarteko denean, badirudi ez dela arazorik haiek sintagmaren ezker muturrera eramateko, baita Munduko denean ere; ulertzeko arazorik ez dela egongo, alegia. Beste zenbaitetan, ordea, anbiguotasun-arazoak izaten dira. Adibidez, hauetan ez dago arazorik:

    Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundea,

    Nazioarteko Berreraikuntza eta Garapen(erako) Bankua,

    Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea.

    Beste adibide honetan, ordea, esanahia ez dago garbi:

    Europako Eskualde Garapenerako Funtsa

    Zeri dagokio Europako hori? Eskualde izenari edo funts izenari? Zer da, Europako eskualdeak garatzeko funtsa edo beste nonbaiteko eskualdeak garatzeko Europako funtsa? Europako izenlagun horren bidez, gainera, gehienetan Europar Batasunaren izenlaguna adierazi nahi da. Horrelakoak maiz gerta daitezke. Beraz, beste hurrenkera bat ere beharrezkoa izan liteke, batez ere anbiguotasuna dagoenean (beste aukera bat da Europako gabe, europar erabiltzea, eta, behar izanez gero, sintagmaren eskuin muturrean jartzea):

    Eskualde Garapenerako Europako Funtsa / Eskualde Garapenerako Funts Europarra.

    Bestalde, munduko erakundeen kasuan, izen-sintagma munduko izenondoaz osatzeari eman zaio lehentasuna: Munduko Osasun Erakundea. (Salbuespena egin da, hala ere, erabileran dagoeneko finkatuta dauden izendapen batzuekin ­ez dira erakunde-izenak, dena den­. Esaterako, Mundu Eguna eta Mundu Gerra osagaiak dituztenekin: Osasunaren Mundu Eguna, Lehen Mundu Gerra...).

    Oharrak:

    - Erakundeen izenak emateko irizpide horrek ez du balio, ordea, nazioarteko egunen izenak adierazteko. Horrelakoetan, unitate nagusitzat hartu da Nazioarteko Eguna eta horri erantsiko zaizkio gainerakoak. Adibidez:

    Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna...

    - Osatu nahi den sintagman helburua edo zertarakoa argi ikusten denean soilik gomendatzen da -(e)rako atzizkia erabiltzea. Bestela, hitz-elkartea edo -(e)ko/-aren, dagokiona, erabili. Adibidez

    Nazioarteko Berreraikuntza eta Garapenerako Bankua.

    - Izendapen luzea duten nazioarteko erakundeak, lehenengo aipamenean, osoosorik idaztea komeni da; baina, bigarren aipamenetik aurrera, elementu osagarriak kendu eta elementurik adierazgarrienak bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Adibidez, erakundearen izena Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea bada, halaxe idatziko da lehenengo aipamenean; baina, bigarrenetik aurrera, nahikoa izango da Elikadura eta Nekazaritza Erakundea idaztea.

  • 4.2. Erakunde- eta talde-izenen akronimoak

    Bi irizpide erabili dira.

    • a) Nazioartean, erakundearen akronimoa jatorrizko forman ematen dutenean, hau da, itzuli gabe, euskaraz ere halaxe emango da.

      Adibidez:

      UNESCO, WWF, FAO.

    • b) Nazioartean akronimoak hizkuntzatik hizkuntzara aldatu egiten direnean, hau da, erakundearen izena itzuli eta forma itzuli horretatik eratortzen den sigla erabiltzen denean, euskaraz ere egokituta emango dira. Adibidez:

      MOE, Munduko Osasun Erakundea; NBE, Nazio Batuen Erakundea.

    Horrez gainera, Ortotipografia lanaren «Siglak» atalean adierazitakoaren arabera jokatuko da.

  • 4.3. Kasu bereziak
    • 4.3.1. Liburutegi Anbrosianoa, Kapera Sixtinoa eta kantu gregorianoa

      Pertsona-izenetatik abiaturik adjektiboak sortzeko erdal -iano/-ien eta -ino/-ine atzizkiek atal berezia osatzen dute.

      Izenaren azpian dagoen eponimoa argia denean, -tar/-dar/-ar erantsita eratu daitezke izenondoak (alexandrotar, juliotar, gregoriotar), baina bestelakoetan mailegura jotzea da onena (kaputxino, jakobino...).

      Hala ere, Liburutegi Anbrosiotar, Kapera Sixtotar eta kantu gregoriotar izendapenen ordez, Liburutegi Anbrosianoa, Kapera Sixtinoa eta kantu gregorianoa hobetsi dira, izenondo mailegatu horiek adierazkorragoak direla iritzita.

    • 4.3.2. latindar vs latino

      Latin hizkuntzarekin zerikusia duten izendapenetan, latindar erabiliko da (alfabeto latindar, literatura latindar).

      Latinetik eratorritako hizkuntzak erabiltzen dituzten herrialdeekin zerikusia duten izendapenetan, aldiz, latino erabiliko da (musika latinoa, zinema latinoa).

Endonomastika (Euskal Herriko leku- eta pertsona-izenak)

Euskaltzaindiaren Onomastika-batzordearen aspaldiko langaia da Euskal Herriko lekuen eta pertsonen izenak eta deiturak euskaraz nolako grafiaz idatzi behar diren aztertzea eta erabakitzea. Hainbat lan, argitalpen eta erabaki ere argitaratu dira Euskal Herriko toponimiari eta antroponimiari buruzkoak; 1979ko Euskal Herriko udalen izendegia lanarekin hasi zen Onomastika-batzordea, eta hainbat lan ondu ditu geroztik. Aipamen berezia behar dute Euskaltzaindiaren lan hauek: 45. araua «Gure egitura politiko batzuen euskal izenez», 57. araua «Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak», 92. araua «Zuberoako herri izendegia», 99. araua «Zuberoako herri eta herritarren izenak», 108. araua «Lapurdiko udal izendegia», 122., 128. eta 133. arauak «Nafarroa Behereko herri izendegia I, II eta III», 125. araua «San, santu, done eta besteren erabilera» eta «Gipuzkoako Herri Izendegia»; eta, orobat, Euskal Onomastikaren Datutegiak (EODA) ­pertsona-izenak, deiturak, herriak eta mendiak biltzen ditu­, kale-izendegiak normalizatzeko irizpideak, 1999an landuak, eta 2000. urtean argitaratutako «Toponimia txikia arautzeko irizpideak». Horiek guztiak kontuan hartu ditu Batzordeñoak, eta, lan horietan ez dauden izenen forma erabakitzeko orduan, Euskaltzaindiak lan horietan erabili dituen irizpideen barnean erabakitzen saiatu da.

1. Endotoponimia (Euskal Herriko leku-izenak)

Batzordeñoak ez du erabaki berezirik hartu sail honetan. Euskal Herriko leku-izenak sarean kontsultatzeko, badira hainbat gune, Euskaltzaindiarenaz gainera, eta horietara jotzea da aholkua.

2. Endoantroponimia (Euskal Herriko pertsonen izendeiturak). Euskal deiturak euskaraz idazteko irizpideak

Euskal deiturak nola idatzi erabakitzeko, Euskaltzaindiaren Euskal Deituren Izendegia liburuan proposatutako irizpideak eta Azkue Bibliotekaren katalogazio-arauak erabili ditu Batzordeñoak. Zalantzazko kasuak ere Azkue Bibliotekaren arduradunarekin eztabaidatu dira.

Hona hemen irizpideak:

  • Euskal deitura batzuek aldaera bat baino gehiago dituzte, eta biak emango dira ontzat. Adibidez:

    Agerre/Agirre, Haranburu/Aranburu, Berrueta/Berroeta, Faguaga/Fagoaga, Akarreta/Akerreta, Biorlegi/Beorlegi, Garitaonandia/Garitaonaindia, Hirigoien/Irigoien, Etxezaharreta/Etxezarreta.

  • Gaztelaniak falta dituen eta ahoskeratik desagertutako txistukari afrikariak (tz, ts, tx) berreskuratu egingo dira, lekukotasuna, toponimoa, oikonimoa edo etimologia argia denean. Adibidez:

    Eguzkitza, Imatz, Pagatza, Oskotz, Arotzena, Iturritza, Balentziaga, Ardantza, Bustintza, Altzaga, Antsorena, Antsa, Sagartzazu, Arantzadi, Mugertza, Saratsola, Saratsua, Gartzia, Oi(h)artzabal, Etxautz.

  • Beste arazo bat gaztelaniazko j (eta g + e, i) grafema da. Grafema hori duten euskal deiturak ikertu ditu Euskaltzaindiak, eta Euskal deituren izendegian argitaratu dituen formak hartuko dira. Adibidez:

    Muxika, Mendexa, Ixurko, Lexartza, Kerexeta, Urkixo, Lexarreta; Goienola, Oianguren; Jaka, Lujanbio, Larregi, Otaegi, Agirre.

    Oharra: azken bi irizpideoi dagokienez, esan behar da norberaren hautua aintzat hartzekoa badela, baina, sistematizazioa helburu, Euskaltzaindiak markatu duen bideari jarraitzea hobetsi dela. Horren inguruko azalpen zabalagoa ­ñabardurak eginez eta salbuespenak aipatuz­ ematen da kapitulu honetako 2.3.1. puntuan.

  • Euskal deiturak euskarazko grafiarekin idatziko dira; erdal deiturak, dagokien grafiarekin. Adibidez:

    Luis Villasante, Federico Krutwig, Jon Casenave, Jean Saint-Pierre.

  • Gaztelaniazko deitura izan, baina euskarazko grafiara egokituta erabiltzen dutenen kasuan, errespetatu egingo da hautua. Adibidez:

    Kintana, Junkera, Konde.

  • Azentu grafikoari eta gainerako zeinu diakritikoei dagokienez, hizkuntza bakoitzaren ortografia-arauei jarraituko zaie deituretan: euskarazko deituretan, inoiz ez; besteetan, hizkuntza horren ortografiaren arabera. Adibidez:

    González, Jiménez, Pérez, Campión, Labéguerie, Hérelle, Knörr.

    Hala ere, izendunak berak azentu grafikorik gabe idazten badu, hala egingo dugu guk ere (Xabier Perez Euzkitze). Zalantzazko kasuetan, ez da azentu grafikorik jarriko.

  • Euskal herritar ez direnen euskal deiturak ez dira egokituko. Adibidez:

    Julio Cortázar, Bryce Echenique, Fausto Elhuyar.

  • Pertsona ospetsuen grafia oso finkatuta dagoenean, bere horretan erabiliko da (Baroja). Aukera hori XX. mendeko pertsonaiekin erabiliko da batez ere.
  • Tarteko marratxoa. Deitura etorkiz bi oinetxeren bat egitearen ondorio denean bakarrik onartuko da marratxoa: Lezama-Legizamon, baina ez Gatzaga-Etxebarria, Gatzagaetxebarria baizik.
  • Izengoitiak ez dira normalizatzen. Adibidez:

    Gabriel Celaya, Pernando Amezketarra, Euzkitze, Juan de la Encina.

  • Bustidura nahiz bustidurarik eza, beren horretan lagako dira. Adibidez:

    Añibarro, Argiñano, Endañeta, Gaztañaga, Gereño, Otaño, Oñatibia, Muñagorri, Gallastegi...

  • Hasierako bokala galdu duten deituretan, forma biak onartuko dira gehienetan, baina lehentasuna bokaldunari eman zaio; hau da, toponimian, oikonimian (etxe-izenak) edo antroponimian bizirik dagoenari. Adibidez:

    Errekalde/Rekalde, Erretegi/Retegi...

  • Deitura berean s/z dantza ageri denean, bakarra hartuko da lekukotasuna eta etimologia argia bada (Apestegi Apeztegi).

    Hala ere, euskalkien usadioari ere erreparatu zaio (Basterretxea). Eta deitura euskalki bat baino gehiagokoa denean, eta aldaera biak dituenean, biak onartuko dira.

  • Iparraldeko deituretan ohikoa den kontsonante ondoko h letra gorde egingo da. Adibidez:

    Arhalde, Zelhai, Ithurralde, Aiphasorho.

    Baina agertzen ez denean, ez da berreskuratuko.

  • Iparraldeko deiturei dagokienez, frantsesak sistematizazio handirik gabe erabili izan ditu s, ss, c edo ç grafemak gure s eta z islatzeko (Isaguirre, Issaguirre, Içaguirre). Zuzendu eta uniformizatu egin dira (Izagirre).
  • Itxuraz frantsesaren eraginez aldatu diren dardarkariak berreskuratu egingo dira, jatorria argia bada. Adibidez:

    Agoreta Agorreta, Bordagarray Bordagarai.

  • Iparraldeko hainbat euskal deituratan, de preposizio erdarazkoaren aglutinazioa den D- edo D' kendu egingo da. Adibidez:

    Dapestegui Apeztegi, Daranaz Aranatz, Durruty Urruti.

  • Azken bokala galdu duten Iparraldeko deiturak beren horretan hartuko dira, Euskaltzaindiak besterik erabaki ezean. Adibidez:

    Errekart, Elizalt, Harriet, Etxart, Idiart, Landart.

Irizpide orokorrak dira orain arte aipatutako guztiak. Hala eta guztiz ere, oso kasuistika zabala dago euskal antroponimoen multzoan, eta, hori kontuan hartuta, hiru multzo bereizi dira, kronologiaren arabera.

  • 2.1. Erdi Aroaren amaierara bitarteko pertsona-izenak
    • 2.1.1. Ponte-izenak

    Erdi Aroaren amaierara bitarteko pertsona-izenen ponte-izenak euskal moldera egokituko dira, oro har. Adibidez:

    Alfontso Aragoikoa, Antso Azkarra, Eneko Aritza, Filipe Ederra, Orti Enekoitz, Semena Fernandez, Tota Aznar, Zuria Nafarroakoa, Gilen Tuterakoa.

    • 2.1.2. Patronimikoa

    Aitaren izenetik eratorritako deitura (Lopez, Loperen semea; Sanchez, Sanchoren semea...) euskaraz idazteko orduan, oraingoz, -ez amaiera hobetsi da, nahiz eta, dirudienez, beste edozein aukera ere (-iz, -itz, -eiz, -eitz) zilegi izan. Ezin dira, beraz, beste aukera horiek gaitzetsi, baina, gaurgaurkoz, ikerbidean dagoen gaia izanik, ez da ikusten forma jakin baten hautu garbia egiteko arrazoi aski sendorik. Horrenbestez, zerrendetan deitura hauek hobetsi dira: Lopez, Enekoez, Semenez, Gartzez, Santxez.

    • 2.1.3. Patronimikoa + de + toponimoa

    Egitura hori duten 1400. urtea baino lehenagoko deituretan, patronimikoa + de + toponimoa formak bere esanahi osoa zeukan, hau da, patronimikoak pertsonaren aitaren izenaren berri ematen zuen, eta toponimoak pertsonaia nongoa zen adierazten zuen. Kasu horiek euskaraz emateko, -koa atzizkia hobetsi du Batzordeñoak pertsonaren jatorria adierazteko; patronimikoa emateko, berriz, 2.1.2 puntuan azaldutako formula erabili da (-ez). Adibidez: Diego Lopez Harokoa.

    • 2.1.4. `de' partikularen auzia

    1400. urtea baino lehenagoko deituretan, de + toponimoa egiturak pertsonaia nongoa den adierazten du, eta, beraz, zilegi da -koa forma erabiltzea. Adibidez:

    Leonor Akitaniakoa, Gilen Tuterakoa, Zuria Nafarroakoa.

    Halakoetan, -ko eta -koa formen artean egin du zalantza Batzordeñoak, baina -koa forma hobetsi du, horrek ematen baitu arazo gutxien deklinatzeko orduan. Adibidez:

    Zuria Nafarroakoak, Zuria Nafarroakoaren.

  • 2.2. Aro Modernoko eta XX. mendera arteko pertsonen izendeiturak (XV-XVI. mendeaz geroztikoak)
    • Ponte-izenei dagokienez, gaztelaniazko ponte-izenak aztertu dira bereziki. Bi multzo daude:
      • a) XX. mendera arteko euskal literaturgileak eta bertsolariak

        Halakoen ponte-izenak euskal grafiaz idatziko dira. Izan ere, esan daiteke euskara batu estandarrak aspaldi egina duela bide hori. Adibidez:

        Indalezio Bizkarrondo, Piarres Topet, Joan Piarres Duvoisin, Joan Batista Elizanburu, Nikolas Ormaetxea, Frantzisko Laphitz, Arnaut Oihenart, Mitxel Xurio, Jakes Bela, Atanasio Bela, Paulo Pedro Astarloa, J. Bernart Larregi.

        Edonola ere, ponte-izena egokitzeak nabarmen aldatzen duenean izenaren itxura (Petri, Josef, Filipe, Resurrekzion...), beren hartan utzi dira (Pedro, Jose, Felipe, Resurreccion,...). Arrazoi beragatik onartu da sail honetan Joakin idaztea, eta ez Joakim.

        Oharra: grafiaren egokitzapenari dagokionez, Euskal Herrian jaioak izanagatik ospea euskal esparrutik kanpo lortu duten idazleen izenak beren hartan utziko dira (Miguel Unamuno).

      • b) Euskal literaturarekin eta euskalgintzarekin harreman estua izan ez duten XX. mendera arteko euskal herritarrak

        Ponte-izenak ez dira euskarazko grafiaz idatziko, haiek egokitu ez badituzte. Adibidez:

        Juan Sebastian Elkano, Frai Miguel Aranburu, Juan Crisostomo Arriaga, Cristobal Balentziaga, Secundino Esnaola, Pablo Gorosabel, Jean Ibarnegarai.

    • Deiturei dagokienez, berriz, gorago aipatu diren irizpide orokorrez gain, beste hauek ere kontuan hartu behar dira:

      1400. urteaz geroztiko pertsonen izenetan ez da onartuko deituraren aurreko, tarteko edo ondoko eranskinik (de, d', -tar, -koa, -ko eta y). Adibidez, ontzat emango dira Katalina Erauso (eta ez Katalina Erausoko), Resurreccion Maria Azkue (eta ez Resurreccion Maria de Azkue), Sabin Arana Goiri (eta ez Sabin de Arana y Goiri), Joanes Leizarraga (eta ez Joanes Leizarragakoa), Pedro Agerre Axular (eta ez Pedro de Axular edo Pedro Axularkoa), XV. mendeaz geroztikoak baitira denak.

      Patronimikoa + de + toponimoa gisako deituretan, ostera, bi hurrenkera onar daitezke: erdal hurrenkera eta euskal hurrenkera. Adibidez:

      Diaz de Zerio / Diaz Zerioko, Sarria de Etxebarri / Sarria Etxebarriko.

      Edonola ere, formarik ezagunena hobetsiko da (Ruiz de Alda...). Bestalde, arabar jatorriko deitura konposatuak osorik ematekoak dira. Adibidez:

      Diaz de Urbina, Gonzalez de Galdeano.

  • 2.3. XX. mendean edo XXI. mendean jaio edo hil diren pertsonen izen-deiturak
    • 2.3.1. Euskal deiturak euskaraz idatzi behar dira

      Euskara batua sortu eta finkatu arte, XX. mendearen azken laurdenean, euskarak ez du ortografia batu orokorrik izan. Ondorioz, euskal deiturak, gehienbat, erdal grafiaz zabaldu dira, Hego Euskal Herrian gaztelaniaren ortografiaz (Yrizar, Labayen, Iceta, Zavala...) eta Ipar Euskal Herrian frantsesaren ortografiaz (Etchamendy, Curutchet, Itçaina, Videgain...).

      Nork bere izena nahi duen grafiaz idazteko duen eskubidea dago mutur batean, eta euskaldunon euskaldun-nahia eta euskal deiturak euskal grafiaz idazteko eskubidea dago beste muturrean. Biei zor zaie begirunea, norberaren nahiari eta euskaldunon nahiari. Euskarak bizi duen egoera eta izan duen historia bestelakoa izan balitz, askoz grafiaarazo gutxiago egongo ziren eta salbuespenak eta kasu bereziak ere askoz bakanagoak, oharkabean pasatuko ziren. Hala ere, euskararen estandarizazioaren eta normalizazioaren une honetan, Batzordeñoak uste du gaur egungo (XX. eta XXI. mendeetan jaio edo hil diren) Euskal Herriko pertsonen euskal deiturak euskal grafia estandarrean idatzi behar direla, aurreko mendeetako pertsonen euskal deituretarako ere proposatu den moduan, hau da, irizpide nagusia ­euskal deiturak euskal grafiaz­ aldatu gabe.

      Nolanahi ere, irizpidean tinko bai, baina irizpidearen aplikazioan malgu jokatu beharra dago: errealitate konplexuaren aurrean, pragmatismoari ere tokia egin behar zaio, beti ere salbuespen gisa baina. Hori dela eta, irizpidea zehaztu egin behar da, eta salbuespenen eremua ongi zedarritu. Beraz:

      • 1. Euskal Herriko pertsonen euskal deiturak euskal grafiaz idatzi behar dira. Horixe da irizpide nagusia. Euskal grafia zein den jakiteko, ikus kapitulu honetako 2. puntuan «Euskal deiturak euskaraz idazteko irizpideak» atala.

        Horretara, euskal grafia estandarretik aldentzen diren grafiak ez dira onargarriak (adibidez, Labayen, Labayru, Echeita, Hiriart-Urruty, Haritschelhar, Oyharçabal, Elissamburu, Araquistain, Mujica, Erice, Jauregui, Aguirre, Haramboure, (H)aramburu edo Zavala), Euskaltzaindiak 17. arauan esana baitu c, ç, y, q, w eta v letrak ez direla erabiltzen ohiko euskal hitzak idazteko, eta kanpotar izenak transkribatzeko beharrezkoak direlako sartu direla euskal alfabetoan ­eta, Aguirre grafiaren kasuan, -u- hori ez delako mutua­ (Beraz, Labaien, Labairu(4), Etxeita, Hiriart-Urruti, Haritxelhar, Oi(h)artzabal, Elizanburu, Arakistain, Muxika, Eritze, Jauregi, Agirre, (H)aranburu eta Zabala idatziko dira deitura horiek).

      • 2. Salbuespenak:
        • Zenbaitetan, euskal deitura duten pertsona batzuek ospea eta fama Euskal Herritik kanpo lortu dute, eta pertsona horien grafiarik ezagunena ez da euskarazkoa. Horrelakoetan ere euskal grafiari eustea da irizpidea. Dena den, pragmatismoz, eskola-liburuetan aipatzen direnean, onartzekoa da aldamenean eta parentesi artean nazioartean ezaguna den grafia ere adieraztea, ikasleek jakin dezaten pertsona horri buruzko erreferentziak edo informazioa bilatzeko orduan beste grafia hori ere kontuan hartu behar dela. Adibidez, Txillida eskultorea, Mitxelena hizkuntzalaria edo Cristobal Balentziaga jostuna Chillida, Michelena edo Balenciaga grafiaz, hurrenez hurren, dira ezagunak nazioartean).
        • Euskaltzaindiaren Euskal Deituren Izendegian ez bezala idazten dute pertsona batzuek beren deitura, euskal hitzen ohiko grafemak erabilita baina. Horixe da, adibidez, Xabier Amuriza, Ibon Sarasola, Jon Sarasua, Adolfo Arejita, Juan Garzia, Agustin Aranzabal, Jaime Mayor Oreja, Montxo Armendariz, Manolo Arozena, Jose Antonio Ardanza, Jorge Oteiza edo Inazio Mujika Iraola pertsonen deituren kasua. Euskaltzaindiak argitaratutako Euskal deituren izendegia izeneko lanean Amuritza, Saratsola, Saratsua, Arexita, Gartzia, Arantzabal, Orexa, Armendaritz, Arotzena, Ardantza, Oteitza eta Muxika grafiak proposatzen dira.
        • Euskaltzaindiaren irizpidearen aldeko hautua izanik ere formarik gomendagarriena (Euskaltzaindiaren irizpide hori ez da Euskaltzaindiaren arau bihurtu orain artean), pertsona horien aukera ere errespetatu beharrekoa da beti. Pertsona batek bere izen-deiturak bietara eman izan dituenean (adibidez, Luis Michelena / Koldo Mitxelena, Alfonso Yrigoyen / Alfon(t)so Irigoien), bata erdarazko jardunean erabili izan du nagusiki, eta bestea euskarazkoan. Euskarazko ikasmaterialetan erabiltzeko forma egokienen bila ari garenez, biak onartzekoak direla aitortzeaz gainera, euskarazkoa hobesten da hemen: Koldo Mitxelena, Alfon(t)so Irigoien, Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz... Pertsona baten deituren grafiaren borondatea esplizitua, nabarmena eta agerikoa dela uler daiteke, adibidez, idazleen kasuan, azken argitalpenetan ageri den grafia (adibidez, Xabier Amuriza); politikarien kasuan, haien artikulu politikoetan ageri den grafia (adibidez, Enrique Mújica Herzog); kirolarien kasuan, haien elastikoetan ageri den grafia (adibidez, Aranzabal), eta abar. Egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta proposatzen da ontzat ematea grafia horiek.

          Nolanahi ere, grafia-aldaera horiek ez dira onartuko euskara batua sortu eta finkatu aurreko kasuetan. Adibidez, Toribio Altzaga euskal idazlea 1941ean zendu zen. Hark argitaratutako lanetan Alzaga grafia agertzen bada ere, ez da kontuan hartuko, eta Altzaga idatziko da. Hona hemen beste adibide batzuk: Engrazio Arantzadi (ez Aranzadi), Damaso Intza (ez Inza), Polikarpo Iraizotz (ez Iraizoz).

        • Azkenik, salbuespena egingo da Euskal Herrian jaio eta euskal deitura izanik ere, ospea Euskal Herritik kanpo idazle gisa lortu duten pertsonekin. Adibidez, Pio Baroja idazlearen deituraren grafia Baroja izango da, deitura horren euskarazko grafia estandarra Baroxa izanagatik.
    • 2.3.2. Euskarazko ponte-izenak, goitizenak eta izen adierazkorrak

      Euskarazko ponte-izenak, goitizenak eta izen adierazkorrak ez dira normalizatu, eta pertsonak berak erabiltzen duen modua errespetatu da. Adibidez:

      Joxe Austin, Jean Mixel, Joanito, Joxerra, Bitor.

    • 2.3.3. Gaztelaniazko eta frantsesezko ponte-izenak

      Gaztelaniazko ponte-izenak ez dira egokituko, izendunak berak egokitu ez badu. Adibidez:

      Jean Pierre Arbelbide, Jean Etxepare, Jacques Abeberri, Bernardo Garro, Jules Moulier, Juan Garzia, Alfonso Irigoien, Pierre Lhande, Miguel Indurain.

  • 2.4. Azentu grafikoa

    Izen-zerrendak osatzeko orduan, azentu grafikoari dagokionez, Euskal Herriko pertsonen ponte-izenetan ez da azentu grafikorik erabili izena gaztelaniazkoa izan arren (Jesus, Jose, Maria, Joaquin, Fermin, Martin...), izenok euskaraz ahoskatzeko orduan azentu grafikoak eraginik ez duela iritzita. Hala ere, aukerakoa izango da erabili edo ez.

  • 2.5. Bestelakoak

    Sabin Aranaren garaiko euskal idazleen kasuan (Lauaxeta, Altube...), haiek erabiltzen zituzten ponte-izenak beren horretan hartzea hobetsi da (Estepan Urkiaga, Seber Altube, Sabin Arana...), garai jakin baten testigantza baitira.

Artelanak

Lan honen helburua ez da artelan guztien zerrenda argitaratzea, baizik eta artelanak euskaraz emateko irizpideak finkatzea. Lan honetan ez dauden artelanak nola idatzi erabakitzeko, hainbat lekutara jo dezake irakurleak, hala nola euskal entziklopedietara eta lan honetan aipatzen diren kontsultaguneetara. Hala eta guztiz ere, irakurleak nahi duen artelanaren berri inon aurkituko ez balu, ahalik eta itzulpenik egokiena ematen saiatu beharko luke. Hala ere, beti jo dezake jatorrizkora eta hura erabili.

Nazioarteko literatura-lanei dagokienez, itzulita egongo dira hainbat eta hainbat. Haien berri jakiteko, hona hemen hainbat kontsultagune(5):

1. Irizpide orokorrak

  • Artelanak letrakera etzanez idatzi behar dira testu arruntetan, Ortotipografia lanean zehazten den moduan.
  • Artelanaren lehen hitzaren lehen letra baino ez da larriz idatziko (Behi euskaldun baten memoriak). Horrek ez die eragiten edozein testuingurutan letra larriz hasita idatzi behar diren hitzei (Jesusen Bihotzaren debozioa).

    Salbuespena egingo da, hala ere, kontsulta-obra eta erreferentzialiburu nagusiekin ­hainbat alez osatutako liburu-bildumekin eta argitaraldiz argitaraldi osatuz doazen liburuekin­. Halakoetan, letra larriz hasita idatziko dira hitz guztiak (postposizioak, lokailuak eta juntagailuak izan ezik, esanahi eta adierazkortasun berezia ez badute). Adibidez:

    Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua.

    Euskal literaturako idazlanen jatorrizko izenburu batzuetan marratxoak agertzen dira hitz-elkarteak osatzeko. Marratxo horietako asko ez dira arauzkoak, eta kendu egin dira. Adibidez:

    Bide-barrijak Bide barrijak, Eskual-Herriaren Eskual Herriaren...

  • Biblia osatzen duten bi atal nagusiak, Itun Zaharra eta Itun Berria, eta Biblia barneko liburukien izenak ­Esaera Zaharrak, Kantarik Ederrena, Apokalipsia... letra larriz hasita idazten dira.

2. Euskal literaturako lanak

  • 2.1 Egungo euskal grafia

    Euskarazko literatura-lanen izenburua euskara ez-estandarrean idatzita dagoenean, egungo euskal grafiara egokitzea izan da irizpide nagusia. Adibidez:

    Jatorrizko grafiaEgungo euskal grafiara ekarria
    Guero, bi partetan partitua eta bereciaGero, bi partetan partitua eta berezia(6)
    Pozez ta bildurrakPozez ta bildurrak
    Ipiña ta Ipiña'tarren barriIpiña ta ipiñatarren barri
    Bide barrijakBide barrijak
    Onsa hilceco bidiaOntsa hiltzeko bidia
    HerbesteanErbestean

    Zenbaitetan, ordea, egungo euskal grafiara ekartzeko, ez da aldaketarik egin behar izan (kontuan izan «egungo euskal grafia» delakoa ez dela euskara batuaren grafia estandarra). Adibidez:

    Jatorrizko grafiaEgungo euskal grafiara ekarria
    Jokua ez da errentaJokua ez da errenta
    Gauaren atzekaldeanGauaren atzekaldean
    La Fontaineren alegia berheziakLa Fontaineren alegia berheziak

    Batzordeñoak adierazi nahi du euskaraz idatzitako lanen ortografia eguneratzeko ahalegin honetan ahalik eta koherentzia handiena gordetzen saiatu dela hizkuntza-aldaerak errespetatzeko orduan. Jakitun da Batzordeñoa, hala ere, kasuistika zabalegia dela eta zaila dela, oso, erantzun betea ematea auziari, eta, ondorioz, inkoherentziaren bat egon daitekeela euskara batua sortu aurreko idazle guztien testuak ­euskalki guztietakoak eta mende guztietakoak­ grafia moderno eta batuko eredu bakar batera ekartzeko ahaleginaren emaitzan. Hala eta guztiz ere, ororen buru jarri den helburuak arazoari heldu beharra zekarren berekin, arazoa saihesten ibili gabe. Eta hauxe da, hain zuzen, helburu hori: gaur egungo euskaldunei ­batez ere euskara idatzi batua besterik ezagutzen ez duten eskoletako ikasleei­ zahar-kutsuko bai baina hain arrotz gertatuko ez zaien euskarazko grafiaz eskaintzea euskal literaturako obrak, hau da, geurea dena geure grafiaz adieraztea eta ez auzo-erdaren grafiez, jakinik ere jatorrizko grafia aldatzen ari garela, gure bi auzoerdaretan ere beren sistema grafiko estandarrera egokitzen dituzten moduan aurreko mendeetako obren izenburuak: eskola-liburuetan, entziklopedietan eta hedabideetan, hau da, gure lan honen xede diren esparruetan.

    Euskaltzaindiak ez du gai honi buruz ez irizpiderik, ez gomendiorik ez erabakirik plazaratu, baina Orotariko Euskal Hiztegian testuen grafia modernizatzeko saioa egin da. Ez da oraingo hau, hortaz, erabat hutsetik abiatutako lana, eta emaitza, Batzordeñoaren ustez, ez da desbideratu, oro har, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegian erakutsitako edo zirriborratutako joeratik. Arazoaren zailaz konturatzeko, argigarria da Orotariko Euskal Hiztegia obraren sarrerak gai honi buruz dioena:

    Dado el carácter de esta obra, los textos se dan en ortografía modernizada (...) Es evidente la dificultad de establecer en todos los casos fronteras seguras entre unos y otros fenómenos, en especial habida cuenta que para la mayoría de textos clásicos carecemos todavía de ediciones fidedignas y que, en todo caso, estas ediciones no se han realizado con uniformidad de criterios (...) La tendencia, no exenta de vacilaciones, ha sido la de atenernos a lo escrito siempre que hubiera problemas de interpretación. Señalamos ésto por las posibles incoherencias que pueda encontrar el lector en nuestras transcripciones, incoherencias que, en general, nos resultan hoy por hoy imposibles de solventar.

    Jatorrizko grafia egungo euskal grafiara ekartzeko, aldaketa hauek ezarri dira:

    JatorrizkoaEstandarraAdibidea
    guegeGuero Gero
    guigicereguiñac zereginak
    qukarquitu arkitu
    qkdevotaq debotak
    vbvicitza bizitza
    mpnpcomposatua konposatua
    mbnblembizico lenbiziko
    ceze(7)cereguiñac zereginak
    hilceco hiltzeko
    cizi(7)vicitza bizitza
    cakapecatua pekatua
    cokocomposatua konposatua
    cukuescual eskual
    cckoccupatione okupazione
    ckinstructioneac instrukzioneak
    çz(7)eliça eliza
    sssnecessario nezesario
    ch (Hegoaldeko idazleetan)txecheco etxeko
    ch (Iparraldeko idazleetan)xichtorio ixtorio
    tchtxprovetchosac probetxosak
    -tione-zionedevotione debozione
    '()Ipiña'tarren ipiñatarren
    y (hitz-hasieran)jyakin jakin
    i (gehi bokala, hitz-hasieran)jiauna jauna, iesus jesus
    y (bokal artean)(8)ijayoterri jaioterri

    Grafia egokitze horretatik salbuetsita daude gaur egun grafia zaharra nahita erabilita duten artelanak. Idazleak nahita erabili badu grafia zaharraren baliabidea, ez da grafia estandarrera ekarri behar. Adibidez, Tere Irastortzaren Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua.

    Grafia-aldaketa horiez aparte, ez da bestelako aldaketarik egin:

    • Lokalismoak eta euskalki-markak ez dira aldatu (Pozez ta bildurrak, Ipiñatarren barri, Biotz-begietan, Khantoria).

      Euskalki-markatzat hartu da h-rik eza Hegoaldeko idazlanetan (Biotz-begietan), eta kontsonante ondoko h-a jartzea Iparraldekoetan (Khantoria...). Euskara batua sortu arteko idazlanei dagokie hori.

    • Marka fonetikoak ez dira kendu (Bide barrijak, Mündian malerusik, Mendi-mendiyan, Itsumutilla).

      Marka fonetikotzat hartu dira bustidurak (ll, ill, iñ eta ñ), eta, horrenbestez, beren horretan utzi dira (mutilla, dotriña, gañean...).

    Esan da gorago euskara batua sortu arteko idazlanetako h letra ez dela ukituko, euskalki-markatzat hartu baita. Baina, beste hainbat kasutan, h letra ez da euskalki-marka izaten, eta, halakoetan, zuzendu egingo dira. Kasu honetan gerta daiteke hori:

    Euskara batuaren hasierako urteetan, zalantza handiak izaten zituzten idazleek euskararen grafiarekin eta, batez ere, h letrarekin. Horregatik, behar ez denean ager daiteke garai hartako hainbat izenburutan (Herbestean...), eta behar denean, aldiz, ez. Hori dela eta, zuzendu egingo dira h letraren erabilera euskara batuaren hasierako urte haietako idazlanen izenburuetan (Herbestean Erbestean).

  • 2.2. Kultismo etimologikoak ez dira gorde

    Grafia etimologikoak eta kultismoak kentzea erabaki du Batzordeñoak.

    • Kasu batzuetan, balio etimologikoa du h letrak (katholiko, khristino...), eta ez balio fonetikorik. Halako kultismoak kentzea erabaki du Batzordeñoak (Beraz: katoliko, kristino...).
    • Zenbaitetan, ph grafema agertzen da (Philotea). Grafema hori ere kultismotzat jo du Batzordeñoak eta, horrenbestez, egokitzea proposatzen du (Filotea).
    • -tione hitz-amaiera egokitzea eta -zione bidez adieraztea ere proposatzen du Batzordeñoak (instrukzionea, okupazionea, debozionea...). Izan ere, -tione amaiera ez da euskalki-marka, baizik eta etimologiaren marka, hau da, hala idatzi arren ez zen -tione ahoskatzen, -zione baizik.
  • 2.3. Jatorrizko izenburuari buruzko zalantzak

    Idazlanaren jatorrizko izenburua zein den argi ez dagoenean, Azkue Bibliotekara jo da argibide bila.

    Obra baten jatorrizko izenburua eskuratzeko hainbat iturri kontsultatu ondoren, aldaera desberdineko izenburuak lortzen dira sarri. Adibidez, Etxanizen Lur berribilla zein Lur berri billa aurkituko dira. Jatorrizko forma edo ezagunena zein den erabakitzeko, Azkue Bibliotekara jo du Batzordeñoak, eta han agertzen dena hobetsi da http://www.euskaltzaindia.net/azkue/.

  • 2.4. Pertsona- eta leku-izenak izenburuetan

    Izenburuak pertsona- edo leku-izenen bat duenean, delako izena ez da aldatu, hau da, ez da hobetsitako forma estandarrera ekarri, grafia eguneratu besterik ez da egin.

    Adibidez, Mirentchu obraren grafia eguneratu eta Mirentxu idatzi da. Santxo Azkarra izeneko obra, adibidez, ez da hobetsitako forma estandarrera ekarri ­hau da, Antso Azkarra­; Santxo Azkarra utzi da.

    Nolanahi ere, euskara batuaren hasierako urte haietan idatzitako testuetan agertzen diren leku-izen aldrebesak zuzendu egin dira (Iruineako Iruñeko).

  • 2.5. Euskarazko idazlanen erdarazko izenburuak

    Euskarazko idazlanen (edo erdaraz eta euskaraz idatzita dauden lanen) jatorrizko izenburua euskara ez den beste hizkuntzaren batean dagoenean (gaztelaniaz, frantsesez, latinez), jatorrizkoa erabiliko da, hau da, izenburuaren euskarazko itzulpena ez da erabiliko jatorrizko izenburuaren ordez. Hala ere, jatorrizko izenburuarekin batera, eta azalpen moduan beti ere, izenburuaren euskarazko itzulpena ere eman daiteke (itzulpen lagungarria eskaini da irizpideen txosten honekin batera prestatu diren zerrendetan). Testugileak berak erabakiko du zein erabili, jatorrizkoa edo biak.

    JatorrizkoaEuskaraz
    Linguae vasconum primitiae(9)Linguae vasconum primitiae («Euskararen hastapenak»)
    Exposición breve de la doctrina cristiana(10)Exposición breve de la doctrina cristiana («Kristau-ikasbidearen azalpen laburra»)
    Doctrina cristiana(11)Doctrina cristiana («Kristau-ikasbidea»)

  • 2.6. Euskarazko idazleen erdarazko idazlanak eta euskarari buruzko erdarazko idazlanak

    Euskal literaturari eta euskarari buruzko lanetan, euskarari buruz erdaraz idatzitako hainbat lan aipatu ohi dira. Euskal kulturako erreferente bihurtu dira erdaraz idatzitako lan horietako hainbat. Eta erreferentzialtasun hori galdu egin daiteke jatorrizko izenburua aipatzen ez bada. Haiekin batera, euskaraz eta erdaraz idatzi duten euskal idazleen kasua dago. Idazleon erdarazko obrak euskaratuta ematea informazioa ezkutatzea izango litzateke; izan ere, irakurleak pentsa lezake idazlan horiek euskaraz idatzi direla, eta garrantzitsua da hori garbi uztea.

    Horiek horrela, euskarazko idazleen erdarazko idazlanak eta euskarari buruzko erdal idazlanak erdaraz emango dira, hau da, izenburuaren euskarazko itzulpena ez da erabiliko jatorrizko izenburuaren ordez. Nolanahi ere, jatorrizko izenburuarekin batera, eta azalpen moduan beti ere, izenburuaren euskarazko itzulpena ere eman daiteke (itzulpen lagungarria eskaini da irizpideen txosten honekin batera prestatu diren zerrendetan). Testugileak berak erabakiko du zein erabili, jatorrizkoa edo biak.

    JatorrizkoaEuskaraz
    Cancionero popular vasco(12)Cancionero popular vasco («Euskal herri-kantutegia»)
    Les études basques à travers les siècles(13)Les études basques à travers les siècles («Euskal ikasketak mendeetan zehar»)
    Notitia utriusque Vasconiae, tum ibericae, tum aquitanicae(14)Notitia utriusque Vasconiae, tum ibericae, tum aquitanicae («Bi Euskal Herrien historia, bai iberiarrarena, bai akitaniarrarena»)

  • 2.7. Erdarazko izenburuaren grafia

    Erdaraz idatzitako idazlanaren izenburua, grafia eguneratugabean idatzita dagoenean, eguneratu egin da. Laugarren puntuan adierazi den moduan, grafia eguneratzeaz gain, idazlana euskara ez den beste hizkuntza batean idatzita dagoenez, euskararako itzulpena ere ematen da zerrendetan, azalpen moduan.

JatorrizkoaZerrendan honela:
Doctrina Christiana en Romanze y BasquenzeDoctrina cristiana en romance y vascuence («Kristau-ikasbidea, erromantzez eta euskaraz»)

  • 2.8. Erdarazko idazlanen euskarazko itzulpen zaharrak

    Erdaretatik euskarara egindako itzulpenen izenburuak ere gaur egungo hizkuntza-arauetatik aldentzen dira askotan. Halakoetan ere, grafia eguneratu besterik ez da egin.

    Jatorrizko izenburuaZerrendan honela:
    Tormes'ko itsu-mutillaTormesko itsumutilla
    Paskual Duarte'ren sendiaPaskual Duarteren sendia
    Don Kijote Mantxa'koDon Kixote Mantxako

    Sortzez euskarazkoak balira bezala tratatu dira izenburu horiek, eta, beraz, ez dira ez zuzendu eta ez moldatu; grafia eguneratu besterik ez da egin, kapitulu honetako 2.1. puntuan zehaztu den moduan.

    Idazlan horiek itzulita egoteak, ordea, ez dakar izenburu horiek idazlanon euskarazko itzulpen kanonikotzat hartu beharra (batzuetan, gainera, obra beraren itzulpen ­eta izenburu­ bat baino gehiago dago). Hala ere, zalantzarik ez, erreferentzia garrantzitsuak dira euskarazko izenburua proposatzeko orduan.

  • 2.9. Izenburu-aldaketak berrargitalpenetan

    Idazlan baten hainbat argitalpen egin badira, eta argitalpen berrietan grafia egokitu badute, azkena hobetsi da.

  • 2.10. Artelanak bi izenburu izan ditzake (bata euskaraz, bestea erdaraz)

    Halakoetan, euskarazkoari eman zaio lehentasuna; erdarazkoa, berriz, parentesi artean jarri da, lagungarri gisa. Adibidez:

    Atsotitzak eta neurtitzak (Les proverbes et poésies basques), Iruriko kuntia (Le compte de Trevilles).

    Edonola ere, jatorrizko izenburua jasotzen duen eremuan, biak aipatu dira barra batez bereizita (Iruriko kuntia / Le compte de Trevilles).

3. Erdal literaturako lanak

  • 3.1. Irizpide orokorra

    Erdal literaturako idazlan guztiak euskaratzea da irizpidea orokorra. Dena den, testugilearen esku geratuko da jatorrizko izenburua ere aipatzea. Horretarako beharra izango du batzuetan, jatorrizko lana zein hizkuntzatan idatzi zen adierazi nahi duenean, adibidez. Hala ere, askotan, idazlea nongoa den esatea nahikoa izango da jatorrizkoa zein hizkuntzatan dagoen adierazteko.

    Arazoak gerta daitezke, edonola ere, jatorrizko hizkuntzak alfabeto latindarra erabiltzen ez duenean (errusiera, arabiera...). Halakoetan ez da jatorrizko izenburuaren transkripzioa jaso zerrendan, euskarazko itzulpena eta auzo-erdaretako itzulpenak baino ez dira ematen.

    EuskarazIngelesezGaztelaniazFrantsesezAutorea
    Arima hilakDead soulsAlmas muertasLes ames mortesGogol, Nikolai Vasilievitx
    Gerra eta bakeaWar and PeaceGuerra y PazGuerre et PaixTolstoi, Leon
    Krimena eta zigorraCrime and PunishmentCrimen y castigoCrime et châtimentDostoievski, Fedor

  • 3.2. Latinezko izenburuak

    Idazlanaren jatorrizko izenburua latinez dagoenean, latinezkoa hartuko dugu, horixe baita joera hizkuntza nagusietan. Askotan, filosofiako eta zientzietako obrak dira, latinak Europa osoan prestigioa zuen garaian ­«lingua franca» zen garaian­ idatzitakoak. Hala eta guztiz ere, latinezko izenburuaren aldamenean euskarazko itzulpena eman daiteke, parentesi artean.

  • 3.3. Aspalditik euskaratuta dauden idazlanak

    Erdarazko hainbat idazlan euskaratuta daude dagoeneko. Obraren euskarazko izen kanonikoa proposatzeko orduan kontuan hartu beharreko datua da, baina itzulita egoteak ez gaitu behartu behar izenburua bere horretan hartzera. Adibidez, Bedita Larrakoetxeak Shakespeareren obrak euskaratu zituen, baina horrek ez du esan nahi itzulpen horietako izenburuak gaur egun besterik gabe ontzat eman behar direnik.

4. Musikako lanak

Obra guztien izenburuak euskaratzea da irizpide nagusia. Hala ere, jatorrizko izenburuaren informazioa emateko premia egon daiteke hainbat kasutan; horregatik, testugilearen esku geratuko da biak ala bakarra aipatzea.

  • 4.1. Musikako kultura-hitz nazioartekoak Badira hainbat kultura-hitz, hizkuntza guztietan erabiltzen direnak. Euskaraz ere horiek erabili dira. Adibidez:

    Te Deum, Requiem, Stabat Mater...

  • 4.2. Jatorrizko izenburuak

    Auzo-erdarei begiratzea komeni da, haiek jatorrizko izenburua erabiltzen badute, euskaraz ere halaxe jokatzeko (La Stravaganza, Tannhäuser, Chôros...). Maiz gertatzen da hori operen izenburuekin; hau da, nazioartean forma finkatuta dagoenean, huraxe erabiliko da euskaraz ere.

  • 4.3. Musika klasikoko lanen izendapen estandarra

    Musika klasikoko artelanek egitura berezia izaten dute (Adagioa sol minorrean hari eta organorako). Egitura hori erabiliko da euskaraz ere, hau da, sintagmak komarik gabe eta hurrenkera honetan:

    konposizio mota (adagioa), tonalitatea (sol minorrean) eta instrumentu mota (hari eta organorako).

  • 4.4. Musika-notak

    Musika-notak ­do, re, mi, fa, sol, la, si­ letra xehez idazten dira.

  • 4.5. Zenbakiak musika-lanen izenburuetan

    Kontzertu, sinfonia eta halakoek zenbakia eraman ohi dute aurrean. Halakoetan, zenbaki ordinalak erabiliko dira (5. kontzertua, 9. sinfonia...), eta ez honelakoak: 5 zenbakiko/zenbakidun kontzertua, 9 sinfonia...

  • 4.6. Zarzuelak

    Zarzuelak, operak ez bezala, nazioarteko fenomenoa ez direnez eta Espainiako musikaren esparrukoak baino ez direnez, beren horretan jasoko dira zerrendan (hau da, jatorrizko izenburua jasoko da), eta parentesi artean erantsiko zaio euskarazko azalpena. Azalpen hori alboko kakotx artean idatzi da, izenburuaren azalpena dela adierazteko. Adibidez

    La Revoltosa («Neska bihurria»).

  • 4.7. Musikako terminoak musika-lanen izenburuetan

    Musika-lan klasikoen izenburuetan maiz agertzen dira tempoen (allegro), noten (re minor), konposizio moten (kuarteto) eta musika-tresnen izenak (biolin). Adibidez:

    5. kontzertua si bemol maiorrean.

    BWV 1043 kontzertua re minorrean bi biolin, hari eta baxu jarraiturako.

    Onomastikari buruzko lan honi ez dagozkio lexiko eta terminologiako arazoak ebaztea. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan edo bestelako lan espezializatuetan bila daitezke termino horien euskarazko ordainak. Nolanahi ere, esan daiteke tempo jakinetan jotzen diren obra motak adierazteko italierazko izenak beren horretan, egokitu gabe, erabiltzen direla (adagio, allegro, andante, vivace...) eta konposizio motak, gehienetan, maileguei dagozkien egokitzapen grafikoak eginda mailegatzen direla (bariazio, duo, estudio, kantata, kuarteto, nokturno, oratorio, tertzeto...; badira grafia egokitu gabe mailegatzen direnak ere: impromptu, suite...).

5. Zinemako artelanak

Izenburu guztiak euskaratzea da irizpide nagusia (Filmen tituluak ere letrakera etzanez idatzi behar dira testuaren barnean). Jatorrizko izenburua euskaratzea hobesten da, baina auzo-erdaretan jarri diotenari begirik kendu gabe.

Edonola ere, komeni da filmaren argumentuari erreparatzea ­batez ere, hitzez hitzeko itzulpena itsusia denean­ eta filmari egokitutako izenburua asmatzea (Asmatzen hasi aurretik, komeni da begiratzea ea filma ETB1etik bikoiztuta eman den edo aipatua izan den).

Kasu batzuetan, ingelesez ezagutarazi dira filmak herrialde guztietan, eta hizkuntza horretan egin dute bidea (The Full Monty...). Halakoetan, ingelesezkoa hartuko da euskaraz ere, baina artikulua kenduta (Full Monty).

Izenburua euskaratu arren, jatorrizko izenburua ere aipatzea komeni da askotan; batez ere, jatorrizkoa identifikatzeko zailtasunak daudenean. Adibidez:

Victor Erizeren Erlauntzaren hariak (El espíritu de la colmena). Dena den, euskal ordainari eman behar zaio lehentasuna, euskal erreferenteak bere bidea egin behar duelako.

Testugileak berak erabakiko du zein trataera eman testuari eta biak aipatu nahi dituen ala ez, baina ezin zaio gomendatu jatorrizko izenburua ere sistematikoki aipatzea, astunegia izango litzateke eta.

6. Gainerako artelanak (Pintura, Eskultura, Argazkilaritza, Arkitektura...)

Artelan guztiak euskaratzea da irizpide nagusia (Artelanen izenak ere letrakera etzanez idatzi behar dira testuaren barnean). Horretarako, santu edo santa izenak daramatzaten obretan (pinturak, eskulturak), euskal santutegiko izenak erabiliko dira (Euskaltzaindiaren 66. araua). Hala ere, arkitekturako artelanei toponimoen trataera bera emango zaie.

«Santu» eta «santa» direla adierazteko erabiltzen diren hitzei dagokienez, hainbat aldaera onartzen ditu Euskaltzaindiak 125. arauan (san, done, santa, dona...). Euskaltzaindiak arauaren adibideetan erabilitako formak erabil daitezke artelanak euskaratzeko (Done Eztebe, Done Laurendi, Done Mikel, Done Petri, Dona Maria...), eta han aipatzen ez direnetan, san edo santa erabiltzea (Santa Marina, San Marko...). Ezin da gaitzetsi, hala ere, lekuan lekuko izenak erabiltzea, Euskaltzaindiak horretarako aukera uzten baitu 125. arauan, eta arau horretan aipatzen diren aldaerak ere ontzat joko dira tradizioa duten lekuetan (Jondoni Batista, Jondane Petri, Santi Kurutz, Santi Mami). Kristoren ama izendatzen duten artelanetan, «Andre Maria» erabiliko da Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpokoetan (Orreagako Andre Mariaren kolegiata, Gasteizko Andre Maria), baina tokian tokiko formak ere onartuz: «Andra Maria» Hegoaldeko erdi-mendebaldean (Begoñako Andra Maria), eta «Andredena Maria» Iparraldeko artelanetan.

Arkitekturako artelanetan (jauregi, eliza, plaza...), bikoiztasuna gertatzen da: artelanak dira, baina tokiak ere badira, eta, beraz, haien izenak toponimoak ere badira. Artelan-toponimoak dira, eta, bikoiztasun horretan, toponimo-izaera nagusitzen da izendapenari dagokionez. Honela jokatuko da:

  • Arkitekturako lana Euskal Herritik kanpokoa bada, jatorrizko izena hartuko da, itzuli gabe alegia, auzo-erdarek ere hala egiten dutenean (San Carlo alle Quatro Fontane, Puerta de Alcalá, Villa Farnesina, Fontana di Trevi), nahiz eta, normalean, izen generikoa euskaratu egingo den (Eiffel dorrea, Big Ben dorrea, Wembley estadioa, Notre Dame katedrala, Sacré Coeur basilika, Buckingham jauregia, Londresko Dorrea, La Scala antzokia, Golden Gate zubia, Sant' Angelo gaztelua). Baina jatorrizko izena hizkuntzaz hizkuntza aldatzen denean, euskaraz ere jatorrizko izena itzuli egingo da. Erlijio-eraikinen izenetan santusanta izenak daudenean, euskal santutegiko izenak erabiliko dira, Euskaltzaindiaren 66. arauan zehazten direnak (Vatikanoko Done Petri katedrala, Londresko San Paulo eliza, Veneziako San Marko basilika).
  • Arkitekturako lana Euskal Herrikoa bada, eta santu-santa izenak daudenean, jokabide bikoitza erabiliko da. Eraikina izendatzeko tokian tokiko euskarazko forma finkaturik ez badago, euskal santutegiko izenak erabiliko dira, Euskaltzaindiaren 66. arauan zehazten direnak (Nabaridasko Done Jakue baseliza). Eraikina izendatzeko egungo euskaran tokian tokiko forma finkatuta badago, forma horri emango zaio lehentasuna eta Euskaltzaindiaren 66. arauan zehazten direnak ez dira erabiliko, hau da, toponimotzat hartuko dira (Zumarragako Santa Isabel ermita, Aralarko San Migel santutegia, Zumaiako San Telmo ermita eta ez *Zumarragako Santa Elisabet eliza, *Aralarko Done Mikel santutegia, *Zumaiako San Elmu ermita). Dena den, eraikinen barneko santu-santen pintura eta eskulturak izendatzeko orduan, Euskaltzaindiak 66. arauan emandako izenak erabiliko dira (Aralarko San Migel santutegian Done Mikelen tailua dago).

7. Artelanak euskaratzeko aholkuak

Artelanak euskaraz emateko irizpidea gailentzen da, beraz, guztien artean, eta, horretarako, itzulpenera jo behar da. Izenburuak itzultzeko errezetarik ezin da eman, jakina, baina hona hemen bi gomendio:

  • Idazlanetan, lehendik itzulita dagoen ala ez jakiteko, eta nola itzuli den jakiteko, hemen kontsulta daiteke:

    Arestian esan da (kapitulu honetako 3.3. atalean) aspaldi euskaratuta dauden idazlanen izenburuak ez direla besterik gabe onartzekoak. Baina, horrekin batera, esan behar da euskara batuko itzulpen estandarra, azken urteotan argitaratutakoa, duten idazlanen izenburua finkatutzat jo behar dela, eta huraxe hartu behar dela, aldatzen ibili gabe.

  • Izenburua izen-sintagmaz eta adizlagunez osatuta dagoenean, aditzik gabe (ez da komeni era horretako izenburuak neurririk gabe ugaltzea, baina, batzuetan, ezinbestekoak dira), hurrenkera honetan jarri behar da: izen-sintagma edo ardatza aurretik, eta gainerakoa atzetik. Adibidez:

    Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, Letaniak Ama Birjina Beltzari (eta ez Lurralde miresgarrian Aliceren abenturak edo Ama Birjina Beltzari letaniak).

Eranskinak

1. Transkripzio-irizpideak

  • 1.1. Sarrera

    Transkripzioa: hizkuntza baten elementuak, hotsak nahiz zeinuak (jatorrizko idazkera zeinahi dela ere), beste sistema baten letren edo zeinu fonetikoen bidez adieraztea.

    Transliterazioa: alfabeto baten karaktereak, letrak nahiz zeinuak, beste alfabeto baten letrez nahiz zeinuez adieraztea. Modu idealean adierazita, alfabeto batetik bestera letraz letra aldatzea da transliteratzea. Transliterazioaren helburua ez da hotsak adieraztea, baizik eta zeinuak idatzita agertzen diren bezala beste alfabeto batean adieraztea, zeinu horien balio fonetikoa edo etimologikoa kontuan hartu gabe.

    Transkripzioaren eta transliterazioaren arteko bereizketa kontzeptuala argia bada ere, praktikan, bi prozedurak nahasian erabiltzen dira. Izan ere, transliterazioak egiteko, estatuek oinarri fonetikoa hartu ohi dute kontuan, hau da, transliterazioa egiteko erabiliko ziren alfabeto latindarraren letrak hautatzeko orduan letra horien ebakera transliteratu beharreko karaktereen ahoskera baliokidea edo ahalik eta antzekoena izatea bilatzen zuten.

    Baina arazo bat dago hor: alfabeto latindarraren letren ahoskera hizkuntza batetik bestera aldatu egiten denez, hau da, alfabeto latindarraren letrak desberdin ahoskatzen direnez frantsesez, alemanez, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez edo polonieraz, hizkuntza horietako bakoitzera egindako transliterazioak desberdinak dira. Horrek esan nahi du hizkuntza bakoitzak bere erara antolatu dituela transliterazioak, eta emaitzek, askotan, ez dute elkarren antz handirik.

    Zenbaitetan, ordea, alfabeto latindarra erabiltzen ez duen herrialderen bateko erakunde ofizialen batek alfabeto latindarrera bihurtzeko arauak eman ditu, eta arau horiek nazioartean arazorik gabe onartu dira hizkuntza nagusi guztietan, hau da, arrakasta izan dute. Horrelakoa da txineraren edo japonieraren kasua, adibidez.

    Beste batzuetan, ordea, alfabeto latindarra erabiltzen ez duen herrialderen bateko erakunde ofizialen batek arauak eman arren, alfabeto latindarra erabiltzen duten herrialdeek ez dituzte onartu, arauak konplexuak direlako, zeinu diakritiko asko erabiltzen direlako... Ondorioz, hizkuntza bakoitzak bere arauak erabiltzen ditu. Halakoa da, adibidez, errusieraren kasua. Hona hemen, adibide gisa, nola idatzi den Fedor Dostoievski hainbat hizkuntzatan:

    Fédor DostoievskyFrantziako argitaletxe bat
    Fedor DostoïevskiPetit Larousse
    Fyodor Dostoevskyargitaletxe ingeles-estatubatuar bat
    Fyodor DostoyevskyEncyclopaedia Britannica
    Fjodor M. DostojewskijAlemaniako argitaletxe bat
    Fedor M. DostojewskiAlemaniako beste argitaletxe bat
    DostoyevskiEspainiako argitaletxe bat
    Fiodor M. DostoievskiKubako argitaletxe bat
    Fedor DostoievskiEspainiako beste argitaletxe bat
    Fedor M. DostoievskyMexikoko argitaletxe bat
    Fiodor DostoievskiEspainiako beste argitaletxe bat
    Fedor DostoyuskiEspainiako beste argitaletxe bat
    Fiodor M. DostoyevskiEspainiako beste argitaletxe bat

    Hirugarren multzo batean sartzekoa da transliterazio-arau ofizial bat baino gehiago dituzten hizkuntzen kasua, arabiera adibidez (arabiera estatu batean baino gehiagotan hitz egiten delako). Gainera, arau ofizial horiek, maiz, ez dituzte kontuan hartzen alfabeto latindarra erabiltzen duten hizkuntzetako estatuek, eta zeinek bere arauak erabiltzen ditu. Ondorioz, era guztietako grafiak ibiltzen dira elkarrekin. Arabiera da anabasa horren adibide paradigmatikoa. Hona hemen, adibidez, Libiako Kadafi buruzagiaren izena nola aurki daitekeen idatzita gure alfabetoaz idazten duten hainbat hizkuntzatan (jakina, askotan aldaera bat baino gehiago erabiltzen da hizkuntza bakoitzaren barnean ere):

    1) Muammar Qaddafi
    2) Mo'ammar Gadhafi
    3) Muammar Kaddafi
    4) Muammar Qadhafi
    5) Moammar El Kadhafi
    6) Muammar Gadafi
    7) Mu'ammar al-Qadafi
    8) Moamer El Kazzafi
    9) Moamar al-Gaddafi
    10) Mu'ammar Al Qathafi
    11) Muammar Al Qathafi
    12) Mo'ammar el-Gadhafi
    13) Moamar El Kadhafi
    14) Muammar al-Qadhafi
    15) Mu'ammar al-Qadhdhafi
    16) Mu'ammar Qadafi
    17) Moamar Gaddafi
    18) Mu'ammar Qadhdhafi
    19) Muammar Khaddafi
    20) Muammar al-Khaddafi
    21) Mu'amar al-Kadafi
    22) Muammar Ghaddafy
    23) Muammar Ghadafi
    24) Muammar Ghaddafi
    25) Muamar Kaddafi
    26) Muammar Quathafi
    27) Mohammer Q'udafi
    28) Muammar Gheddafi
    29) Muamar Al-Kaddafi
    30) Moammar Khadafy
    31) Moammar Qudhafi
    32) Mu'ammar al-Qaddafi

    Nazioarteko hainbat erakunde (Nazio Batuen Erakundea, ISO...) saiatzen ari dira ordena jartzen, baina, gaur egun, egoera ez da oraindik konpondu. Hortaz, ulertu behar da hemen eskaintzen diren proposamenen balioa erlatiboa dela ezinbestean; nazioartean hainbat urtetan konpondu ez dena ezin konponduko da hemen, jakina.

    Horiek horrela, hauxe da irizpidea: nazioartean transkripzio-sistema estandarizatua dagoenean, euskaraz ere hura erabiliko da. Baina hizkuntza bakoitzak bere erara egiten duenean, euskaraz ere euskararen ezaugarri fonetiko-grafikoetara egokitutako moldea erabiliko da.

    Nolanahi ere, praktikotasuna helburu, hemen ez da benetako transkripzio-taularik eskainiko. Euskaldunok gure bi auzo-erdaretatik, edo ­gero eta gehiago­ ingelesetik, jasotzen ditugu alfabeto latindarra erabiltzen ez den tokietako izen transkribatuak/transliteratuak. Hortaz, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko transliterazioetatik euskarara pasatzeko laguntza-taulak eskaintzen dira hemen, eta ez alfabeto ezlatindarretik alfabeto latindarrerako bihurtze-taulak.

    Oharra: alfabeto latindarra erabiltzen ez duten hizkuntza guztiak ez dira kontuan hartu lan honetan, jakina. Nagusiak baino ez dira landu.

  • 1.2. Txinera

    1956an, Txinak txineraren Pekingo dialektoa, «Putonghua» izenekoa eta Txina osoan hizkuntza ofiziala dena, transliteratzeko sistema berri bat onartu zuen. Sistema berria Txinako eta atzerriko espezialistek landu zuten, 1958an aldaketa batzuk egin zizkioten, eta «Hanyu Pinyin Wenzi» izena eman zioten («txineraren alfabeto fonetikoa»). Ordura arte erabiltzen ziren sistemak (nagusiki bi ziren: Wade-Giles eta «Zhuyin Zimu» izenekoa ­ingelesez Mandarin Phonetic Symbols [MPS ] ­) ordezkatzeko jaio zen sistema berria. 1979an, Txinako gobernuak erabakita, kanpo-harremanetan erabili beharreko sistema bihurtu zen «Pinyin» delakoa. Geroztik, haren erabilera erabat nagusitu da nazioartean. Gaur egun, sistema ofiziala da bai Txinako gobernuan, bai arlo diplomatikoan (baita Nazio Batuen Erakundean ere), Txinako eskoletan ikasten da karaktere txinatarrekin batera, informatikan ere erabiltzen da, eta munduko komunikabide gehienek pinyin-a erabiltzen dute. Gainera, pinyin-ak balio du modu bakarrean transkribatzeko ez bakarrik txineraren izen guztiak, baita Txinako Herri Errepublikaren barnean dauden hizkuntza guztietako izenak ere.

    Txinera latindar alfabetora transliteratzeko gainerako sistemen aldean, pinyin-a nabarmen errazagoa da, diakritikoak, gidoiak eta marratxoak ez baitira ia batere erabiltzen. Nolanahi ere, kontuan izan behar da alfabeto fonetikoa dela, eta sistema horretan dauden grafemak ­letrak­ ez direla, askotan, euskarazko grafemak bezala ahoskatzekoak (zenbaitetan bai ­hao, luo, nan, sun, ming... ­, baina beste askotan ez ­zhong, jian, xin, ren...­. Horregatik, Mao Zedong hala idatzi arren, ez da hala ahoskatu behar, baizik eta, gutxi gorabehera, honela: [mao tsetong]. Nolanahi ere, ahoskera ez dagokio lan honi).

    Hortaz, euskaraz ere pinyin sistema erabiliko da Txinako izenak transkribatzeko. Salbuespenak oso gutxi dira:

    EuskarazPinyinez
    Pekin (hiria)Beijing
    Kanton (hiria)Guangzhou
    Hong Kong (hiria)Xianggang
    Tibet (eskualdea)Xizang
    Amur (ibaia)Heilongjiang
    Konfuzio (pertsonaia)Kung Zi

    Salbuespen horiez gainera, itzulpenak ere badaude kasu gutxi batzuetan:

    EuskarazPinyinez
    Ibai HoriaHuanghe
    Ibai UrdinaYangzi

    Horietan guztietan, izen-zerrendan euskarazko forma ematen bada ere, pinyinezko forma ezin da baztertu.

    Oharra: Taiwango izenetan, Wade-Giles transkripzio-sistema da erabiliena oraindik. Beraz, Chiang Kai-shek onartu da (pinyinez, Jiang Jieshi).

  • 1.3. Japoniera

    Japoniera modernoak hiru idazkera-sistema ditu: sistema ideografiko bat (kanji), jatorriz txinatarra, eta bi silabiko: katakana eta hiragana. Japoniatik kanpo, nazioartean, Hepburn sistema da, alde handiz, erabiliena japoniera alfabeto latindarrean idazteko, nahiz eta Japonian bertan Kunrei sistema erabiltzen den (Kunrei Shik: metodo ofiziala). Hortaz, euskaraz ere, Hepburn sistema erabiliko da.

  • 1.4. India, Pakistan, Afganistan, Sri Lanka, Bangladesh eta Nepaleko hizkuntzak

    Makina bat hizkuntza hitz egiten dira herrialde horietan, eta hainbat alfabeto daude. Nolanahi ere, herrialde horiek guztiak Inperio Britainiarraren mende edo haren inguruan egon ziren, eta ingeleserako asmatutako transkripzio-sistemak dira, gaur egun, hedatuenak. Hizkuntza horietako batzuetarako, dena den, gaztelaniak eta frantsesak ere badituzte beren transkripzio-taulak. Hortaz, euskaraz ere berariazkoak moldatzea izan liteke irtenbidea. Nolanahi ere, kontuan izanda izen gutxi direla eta ikusirik gaur ingelesak zer indar duen, ingelesaren transkripzio-sistema bere horretan hartzea proposatzen da.

  • 1.5. Koreera eta thailandiera

    Bi hizkuntza horietako izenak transkribatzeko, nazioartean gehien erabiltzen diren transkripzioak erabiltzea hobetsi da. Adibidez:

    • koreeraz: Kim Il Sung, Chun Doo Hwan;
    • thailandieraz: Chatichai Choonhaven, Bhumibol Adulyadej.
  • 1.6. Gainerakoak: gaztelania, ingelesa eta frantsesaren araberako transkripzio-taulak

    Inguruko hizkuntzek nola transkribatzen duten ikusi eta horren arabera egingo da euskararako transkripzioa, baina honako hauek kontuan izanda:

    • Kontsonante bikoitz guztiak beren horretan hartuko dira (mm, hh, ss...), euskaraz balio fonetiko berezia dutenak izan ezik (dd, tt, ll). Horrelakoetan, kontsonante bakarra erabiliko da: d, t, l.
    • v letra bere horretan hartuko da, lexiko arruntean irentsi gabeko maileguetan egiten den bezala (vodka, volt...).
    • Beste hizkuntza batzuetarako transkripzioetan erabiltzen diren kontsonante ondoko h-ak (gh, th,...) ez dira euskararako transkripzioetan erabiliko, bi salbuespen hauekin:
      • kh kontsonante-taldea erabiliko da gaztelaniazko jota letra ahoskatu behar denean, Euskaltzaindiak Kazakhstan, Khartum eta khmer izenetan erabaki bezala.
      • sh kontsonante-taldea ere erabiliko da (ixa letrak hiru balio fonetiko ditu euskaraz: 1- xake, hauxe; 2- fax, xenon; 3- sexu, exotiko. Anbiguotasuna saihestearren hobetsi da sh multzoa). Salbuespena: Kaxmir, Euskaltzaindiaren erabakietan hala agertzen delako (kaxmirera hizkuntza).
    • 1.6.1. Errusiera

      Hizkuntza eslaviar batzuek (errusiera, bielorrusiera, ukrainera, bulgariera..) alfabeto zirilikoa erabiltzen dute. Hizkuntza horietatik, errusiera da nagusia. ISO erakundeak errusieraren alfabeto zirilikoa alfabeto latindarrera aldatzeko transliterazio-taula bat proposatu du, baina zeinu diakritiko ugari erabiltzen ditu, eta, horregatik, ez du arrakasta handirik izan. Badira transliterazio-taula gehiago ere, hala nola BSI-ASA (British Standards Institution-American Standard Association), LC (Library of Congress), eta abar.

      Nazioartean erabateko arrakastarik izan duen sistemarik ez dago, eta, ondorioz, erdara nagusiek beren erara egokitu edo moldatzen dute transliterazioa beren ezaugarri grafikoetara. Horregatik, errusierazko izen gehienak desberdin transliteratzen dira ingelesera, frantsesera eta gaztelaniara. Nazioartean batasuna lortzen ez den artean, eta behin-behineko irtenbidea baino ez dela jakinik ere, errusierazko izenak euskarara transliteratzeko baliokidetasun-taula bat erabiltzea proposatzen da hemen, baina, praktikotasuna helburu, abiapuntutzat ez da alfabeto zirilikoa hartzen, erdara nagusiak baizik, hau da, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Izan ere, errusierazko izenak beste erdaretatik iristen zaizkigu, eta ez jatorrizkotik. Ez da, beraz, benetako transliterazio-taularik ematen, lan honen helburuetarako (unibertsitatera bitarteko irakasmailak, komunikabideak eta dibulgazio- eta kontsulta-lan orokorrak) balio izango duen baliokidetasun-zerrenda bat baizik. Zerrenda laburtua da, hau da, hizkuntza batetik bestera aldatzen diren letrak baino ez dira ematen:

      IngelesezGaztelaniazFrantsesezEuskaraz
      y (hitz-amaieran)i, yi, yi1
      zhzhjj
      khjkhkh
      tstststs
      chchtchtx
      shshchsh
      shchschchtchstx
      y (bokal artean eta izen-hasieran)yii2
      ge, gigue, guigue, guige, gi
      uuouu

      Adibidez:

      EuskarazIngelesezGaztelaniazFrantsesez
      Mikhail GorbatxovMikhail GorbachevMijail GorbachovMikhail Gorbatchev
      Nikolai Ivanovitx BukharinNikolay Ivanovich BukharinNikolai Ivánovich BujarinNikolaï Ivanovitch Boukharine
      Anton TxekhovAnton ChekhovAntón ChejovAnton Tchekhov
      Fedor Mikhailovitx DostoievskiFyodor Mikhaylovich DostoyevskyFedor Mijáilovich DostoievskiFedor Mikhaïlovitch Dostoïevski
      Lenin (Vladimir Ilitx Ulianov)Lenin (Vladimir Ilich Ulyanov)Lenin (Vladimir Ilich Ulianov)Lénine (Vladimir Ilitch Oulianov)

      Izen-hasieran i gehi bokala egokitzen bada, j bihurtuko da hasierako i hori. Adibidez, Jeltsin (ingelesez Yeltsin, gaztelaniaz Yeltsin, frantsesez Ieltsine).

    • 1.6.2. Arabiera eta persiera

      Arabiera herrialde askotan hitz egiten da; Iranen persieraz egiten da, eta perso-arabierazko alfabetoaz idazten da. Errusieraren kasuan bezala, nazioartean batasuna lortzen ez den artean, eta behin-behineko irtenbidea baino ez dela jakinik ere, arabierazko eta persierazko izenak euskarara transliteratzeko baliokidetasun-taula bat erabiltzea proposatzen da hemen, baina, praktikotasuna helburu, abiapuntutzat ez dira arabieraren eta persieraren alfabetoak hartzen, erdara nagusiak baizik, hau da, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Zerrenda laburtua da, hau da, hizkuntza batetik bestera aldatzen diren letrak baino ez dira ematen:

      IngelesezGaztelaniazFrantsesezEuskaraz
      chchtchtx
      dh, ghd, gdh, ghd, g
      yyyi
      jydjj
      qqkk
      wwou, wu
      uuouu
      sshchsh

      Oharrak:

      - Izen bat bokalez eta h letraz amaitzen denean, h hori ezabatzea proposatzen da (deklinatzeko orduan arazorik ez sortzeko). Adibidez:
      Al Fatah - Al Fata.

      - ll digrama l bihurtuko da. Adibidez:
      Abdullah - Abdula.

      - Izen-hasieran i gehi bokala egokitzen bada, j bihurtuko da hasierako i hori. Adibidez:
      Jassir Arafat.

      - Transkripzio-taula aplikatu ondoren, batzuetan erdaretan yi eta iy gertatzen dira. Horrelakoetan, hurrenez hurren ji (bokal atzean) eta ij (bokal aurrean) egitea proposatzen da. Adibidez:
      Abu al Atahija, Ubbajid, Nasirija.

      - Hizkuntzatik hizkuntzara bokal-alternantzia dagoela ikusten denean, saiatu e eta o bokalak ez erabiltzen, a, i eta u baitira arabierazko bokal jatorrizkoak (Jassir eta ez Jasser). Dena den, salbuespenak egon daitezke, batzuetan frantsesen mende izandako herrialde arabiarretako izenak frantses moldera zabaltzen baitira nazioartera (kontuan izan behar da estatu arabiar batzuetan frantsesa hizkuntza ofiziala dela arabierarekin batera).

      - Arabierazko artikulua idaztean, ez dugu marratxorik idatzi izen-zerrendetan (Dair al Bahri, Tell al Amarna...).

      - Aljeriako eta Marokoko leku-izenen grafia era batera zabaldu bada nazioartean (frantsesez, normalean), horixe hartzea proposatzen da euskararako ere (Bechar, Larache, Marrakech), betiere euskarazko ahoskerari eragozpen handirik sortzen ez badio. Hori dela eta, Chauen hobetsi da, eta ez Chaouen, frantsesezko ou grafia u ahoskatzekoa delako.

    • 1.6.3. Greziera

      Greziera modernorako, euskarara transliteratzeko baliokidetasuntaula bat erabiltzea proposatzen da hemen, baina, praktikotasuna helburu, abiapuntutzat ez da alfabeto grekoa hartzen, erdara nagusiak baizik, hau da, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Zerrenda laburtua da, hau da, hizkuntza batetik bestera aldatzen diren letrak baino ez dira ematen:

      IngelesaFrantsesaGaztelaniaEuskara
      iuu, yi
      f, phphph, ff
      khkhjkh
      ôooo

      Gainerako hizkuntzetan ou bokal-elkarketa dagoenean, euskaraz u idatziko da:

      Papadopoulos (ing.), Papadopoulos (fr.), Papadopoulos (gazt.), Papadopulos (eusk).
      Papandreou (ing.), Papandhréou (fr.), Papandreu (gazt.), Papandreu (eusk.)

      Oharra: antzinako grekorako, Euskaltzaindiak berak erabaki zuen transkripzio-taula bat, transkripzio kultua behar denerako (Euskaltzaindiaren 76. araua). Hori kontuan hartuta, greziera modernorako transkripzio kultu bat ere proposa liteke.

      Nolanahi ere, ez dirudi greziera modernoaren kasurako transkripzio arrunta eta transkripzio kultua batera erabiltzea komeni denik. Errusierarekin eta arabierarekin jokatu den bezala jokatzea proposatzen da greziera modernorako ere, hau da, erdaretatik abiaturik moldatutako bihurtze-taula bat, baina aztertzekoa izango litzateke ea transkripzio kultuari lehentasuna ematea komeniko litzatekeen.

    • 1.6.4 Hebreera

      Hebreera euskarara transliteratzeko baliokidetasun-taula bat erabiltzea proposatzen da hemen, baina, praktikotasuna helburu, abiapuntutzat ez da hebrear alfabetoa hartzen, erdara nagusiak baizik, hau da, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Zerrenda laburtua da, hau da, hizkuntza batetik bestera aldatzen diren letrak baino ez dira ematen:

      IngelesaFrantsesaGaztelaniaEuskara
      w, vv, w, ouv, uv, u
      y, j, iy, djy, chj, i (bokala denean)
      khkhjkh
      f, phfff
      tz, z, tsssts
      q, kk, ck, c, quk
      shshsch, sh, chsh
      t, thttt

      Adibidez:

      Yitzhak Shamir (ing.), Ytzhak (Isaac) Shamir (gazt.), Itzhak Shamir (fr.), Itshak Shamir (eusk.).

2. Zerrendetarako oharrak

  • 2.1. Zerrendak

    Guztira 8.414 sarrera daude, lau arlo nagusitan sailkatuak eta 8 zerrendatan banatuak. Hona hemen sailak:

    • Toponimia (leku-izenak)

      Hiru zerrenda daude:

      • 1. Toponimia historikoa (politikoa batez ere)
      • 2. Gaur egungo toponimia (fisikoa eta politikoa)
      • 3. Euskal Herriko hidronimo nagusiak (ibaiak, urtegiak...)

      Euskal Herriko bestelako leku-izenak, hala nola herriak, udalerriak, probintziak eta mendiak, lehendik erabakita ditu Euskaltzaindiak (edo erabaki bidean) eta Euskaltzaindiaren web gunean aurki daitezke: http://www.euskaltzaindia.net/eoda/. Zerrenda honetan hidronimo nagusiak (ibaiak, urtegiak, kanalak...) ematen dira, eta proposamen gisa eskaintzen dira, ez baitaude Euskaltzaindiak araututa.

    • Antroponimia (pertsona-izenak)

      Bi zerrenda daude:

      • 1. Euskal Herritik kanpoko pertsona-izenak
      • 2. Euskal Herriko pertsona-izenak
    • Bestelako onomastika
      • 1. Zerrenda bakar batean sartu dira leku-izenak, pertsona-izenak edo artelanen izenak ez diren gainerako guztiak, Euskal Herrikoak zein kanpokoak.
    • Artelanak
      • 1. Euskal Herritik kanpoko artelanak
      • 2. Euskal Herriko artelanak
  • 2.2. Zerrendak ulertzeko oharrak
    • Euskarazko izenak -a edo -ak amaiera duenean, eta -a hori berezkoa ez bada, ondoan (-a) edo (-ak) jarri da toponimoetan, artikulua dela zehazteko. Adibidez, Afrikako Adarra (-a). Horrek esan nahi du deklinatzeko orduan a hori ez dela kontuan hartzekoa, eta, beraz, Afrikako Adarrean, Afrikako Adarreko... deklinatuko da. Toponimiatik kanpo, ez da esplizitatu. Halaber, toponimoa izanagatik, toponimoa osatzen duen azken hitza arrunta bada, ez da esplizitatu. Adibidez, Txinako Harresi Handia agertzen da zerrendan, eta ez Txinako Harresi Handia (-a).
    • Batzuetan, parentesi artean, erabilera adierazteko adibideak jarri dira. Adibidez, Rift (Rift harana, -a) jarri da adierazteko leku-izena Rift dela baina Rift harana ere esan daitekeela adierazteko.
    • Zenbaitetan, parentesi artean jarri dira aukerakoak diren parteak. Adibidez, Santiago (Konpostelakoa) toponimoaren bigarren partea aukerakoa da, Santiago edo Santiago Konpostelakoa. Beste batzuetan, parentesi artean eskaintzen da jatorrizko hizkuntzan utzitako izenaren esanahia. Adibidez, Sturm und Drang («Ekaitza eta Oldarra»).
    • Ordinala duten pertsona-izenen kasuan, kontuan izan ordinala beti deklinatzen dela, baita aposizioetan ere. Adibidez, Justiniano I.a pertsona-izena honela erabiliko da testuan: Justiniano I.a enperadorearen garaian... eta ez *Justiniano I. enperadorearen garaian... Beste hainbeste izengoitiak aipatzen direnean ere. Adibidez, Ivan IV.a Izugarria eta ez *Ivan IV. Izugarria.
    • Izen bat baino gehiago erabil daitezkeenean, barra etzan batez / bereizi dira izenak. Adibidez: Kongo/Zaire. Horrek esan nahi du, ibaia izendatzeko, Kongo zein Zaire erabil daitezkeela.
    • Koma erabili da, zenbaitetan, zerrendan dagoen ordena behartua dela adierazteko (bilatzea erraztearren aldatu da berezko ordena batzuetan). Adibidez, Alto, El eta Grezia, Antzinako agertzen da zerrendan. Horrek esan nahi du El Alto eta Antzinako Grezia direla berez.

    Euskararako proposatzen den formarekin batera, askotan ematen dira erdal formak ere, hau da, gaztelania, frantsesa edota ingelesa. Hartara, erabiltzaileak ezagutzen duen erdal forma bilatu eta dagokion euskal forma aurkituko du ondoan. Nolanahi ere, hiru erdaretako formak ez dira sistematikoki bete.

  • 2.3. Zerrendetan erabilitako laburduren irakurbidea
    • Pertsona-izenen zerrendetan:

      Ark.Arkitektura
      ber.bertsolaria
      bes.bestelakoa
      Bib.Bibliakoa
      bid.bidaiaria
      Enp.Enpresa-mundua
      Erl.Erlijioa
      err.errege-erreginak, enperadoreak
      Esk.Eskultura
      Esz.Eszena
      izg.izengoitia
      j.i.jatorrizko izena
      Jak.Jakintza
      Kir.Kirola
      Lit.Literatura
      mil.militarra, militar politikaria edo kidekoa
      Mus.Musika
      per.pertsonaia historiko orokorra
      Pin.Pintura
      Pol.Politika
      Zin.Zinema

    • Bestelako onomastikan:

      Art.artelanetako animalia, gauzaki eta pertsonaien izenak; arkitekturako obrak eta antzekoak; gizakiak egindako gauzakiak
      bes.bestelakoa
      din.dinastia
      era.erakundeak, taldeak, elkarteak, alderdi politikoak, militarrak, erlijio-ordenak...
      fam.familia
      Hist.era guztietako gertaera historikoak: gerrak, guduak, itunak...
      aro.historia, geologia eta historiaurreko aldi eta aroak
      Mit.Mitologia

    • Artelanetan:

      ald.aldizkaria
      Ark.Arkitektura
      Esk.Eskultura
      Esz.Eszena
      Lit.Literatura
      Mus.Musika
      Pin.Pintura
      Zin.Zinema

Oin-oharrak

(1) Eskola-liburu hauen hustuketa onomastikoa egin zen:
- Erlijio katolikoa (DBHO). Ibaizabal.
- Filosofia (DBHO). Ibaizabal.
- Matematika (DBH, 4). Zubia.
- Musika (DBH, 1. zikloa, 2. zikloa). Aizkorri.
- Egoki Hizkuntza eta Literatura (DBH, 2). Zubia.
- Geografia eta Historia (DBH, 2). Zubia.
- Historia Garaikidea (DBHO, 1). Ibaizabal.
- Geografia eta Historia (DBH, 2). Ibaizabal.
- Gizarte Zientziak. Geografia eta Historia (DBH 1; DBH2; DBH3). Erein.
- Gizarte Zientziak (DBH 2: 1,2,3,4,5; DBH 3: 1,2,3,4,5; DBH 4: 1,2,3,4,5). Elkarlanean / Ikastolen Elkartea.
- Euskal Hizkuntza eta Literatura (DBHO 1: 1,2,3,4,5,6,7; DBHO 2: 1,2,3,4,5,6). Elkarlanean / Ikastolen Elkartea.

(2) Euskal tradizioan, dena den, bietarako adibideak daude: -ar zein -ko. Adibidez, Koldo Mitxelenak eta Luis Villasantek erroma(ta)r inperioa idatzi zuten. Kardaberazek, berriz, Erromako Inperioa.

(3) Ikus hurrengo kapituluan «Erdal adjektibo jentilizio konposatuak», «Inperioak» atala 3.1. puntuan.

(4) Estanislao Labairu deitura proposatzen da, beraz. Horrek ez du esan nahi, baina, Labayru Ikastegia erakundearen izena aldatu behar denik. Erakunde-izenetan ez da grafia-aldaketarik proposatzen.

(5) Ikusten denez, hainbat kontsulta-iturritara jo behar du irakurleak behar duen informazioaren bila. Hori dela eta, Batzordeñoak azaldu nahi du interesgarria izango litzatekeela denak leku bakarrean zentralizatuta eta sistematikoki kontsultatzeko moduan egotea.

(6) Izenburuaren hasierako zatia baino ez dugu jaso, idazlan batzuen benetako izenburua oso luzea izaten da eta (Guero: bi partetan partitua eta berecia, lehenbicicoan emaitenda, aditcera, cenbat calte eguiten duen, luçamendutan ibiltceac, eguitecoen gueroco utzteac, bigarrenean quidatcenda, eta aitcinatcen, luçamenduac utciric, bera hala, bere eguin bideari, lothu nahi çaicana). Azkue Bibliotekari erreparatu diogu izenburuaren luzera erabakitzeko orduan.

(7) Txistukariak uniformizatu eta zuzendu egingo dira

(8) Egokitzapen grafiko hori ez da egingo aldaera fonetikotzat har daitekeenean y hori, hau da, hiztunak hiatoa hausteko erabiltzen duenean (mendiya, feriya...). Batzordeñoa jakitun da y grafema uztea nekez uztartuko dela grafia eguneratzeko irizpide orokorrarekin, baina uste du, j grafemaz ordezkatzea proposatuz gero, arazoa konpondu beharrean desitxuratu egingo lukeela. Izan ere, j grafema uztea erabaki da bizkaierazko fenomeno bokalikoa adierazteko (Bide barrijak), baina gipuzkerazko testuetan mendiya dagoen tokian mendija jartzeari desegoki deritzo Batzordeñoak, gipuzkeraz j grafemaren balio fonetikoa desberdina delako.

Oharra: ez da p f bihurketa egin. Adibidez, Aprika Afrika gisako egokitzapenik ez da egin.

(9) B. Etxepare; euskaraz idatzia.

(10) M. Kapanaga; gaztelaniaz eta euskaraz idatzia.

(11) J. Beriain; gaztelaniaz eta euskaraz idatzia

(12) R. Azkue.

(13) P. Lafitte.

(14) A. Oihenart.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus