Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaldunok nazioarteko ekitaldietan

Euskaldunok nazioarteko ekitaldietan

2005-09-27 / 07:00 / Jose Ramon Etxebarria Bilbao   KULTURA

Irailean bi aldiz izan dut aukera Donostian antolaturiko nazioarteko ekitaldietara joateko, eta horietan euskarak izan duen leku eta protagonismoak zer pentsatua eman dit, gauzak nola antolatzen diren fruituak ere halakoak direla ikusi baitut praktikan, batetik Donostia International Physics Center erakundeak Einsteinen annus mirabilis gogoratuz lau egunez antolaturiko hitzaldietan eta, bestetik, 53. nazioarteko zinemaldian.

Einsteinen omenezko hitzaldi gehienetan egon naiz, eta etxean sentitu naiz, zinez errespetatua euskal hiztuna naizen aldetik. Zinemaldiari dagokionez, bi film baino ez ditut ikusi, interesgarriak biak eta alde horretatik gustura; baina, euskararen erabilera praktikoari dagokionez, alboratu-antzean ikus dut neure burua. Agian bi filmetan ikusitakoa ez da aski orokorpenetan sartzeko eta kritika zuzena egiteko, nahiz eta hainbat urte pasatu diren euskararen normalizazio-prozesua abiatu zenetik (zinemaldiaren adinaren erdia, zinemaldia bera sendotzera eraman duten urteak preseski). Eta horrek argi eta garbi erakusten du ez dela benetako ahalegin planifikaturik egin euskarak dagokion lekua izan dezan.

Edozelan ere, uste dut, ekimen batean euskararen erabileraren normalizaziorako zer egin ez den esatea baino askoz egokiagoa dela bestean zer egin den aipatzea, positiboagoa delako eta adibide konkretu batetik gauzak nola egin daitezkeen ikas daitekeelako. Hortaz, alde batera utziko dut zinemaldiaren aipamena, eta Einsteinen urte miresgarriari buruzko ekitaldietan bizi izandakoa aipatuko dut, ikusi eta sentitu bezala.

Esan behar dut, lehenik eta behin, hizlariak goren mailakoak izan zirela, fisikaren arloan munduan dauden jakintsuenetakoak eta ikertzaile bikainak. Horiek eginiko lanek eragin funtsezkoa izan dute fisikak azken urteotan hartu dituen norabide berrietan. Hala ere, umil eta apal azaldu ziren entzuleen artean, distantziarik gabe, jakinduriak ematen zien lasaitasuna adieraziz. Praktikan, hiru hizkuntza erabili ziren saioetan: euskara, gaztelania eta ingelesa. Hizlariak, hainbat lurraldetatik etorriak (Frantzia, Belgika, Austria, Alemania, Suitza, Ingalaterra, AEB, Katalunia, Espainia...), ingelesez mintzatu ziren gehienak, baina aldibereko zerbitzu bikainari esker, euskaraz zein gaztelaniaz zehaztasun osoz segitu ahal izan genituen hitzaldi guztiak. Halaber, euskaraz zein gaztelaniaz eginiko hitzaldiak beste bi hizkuntzetara itzuli ziren era berean. Hortaz, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez segitu ahal izan ziren ekitaldi guztiak. Eta ez pentsa hitzaldiak edonolakoak izan zirenik, oso gauza zehatzei eta espezializatuei buruz mintzatu baitziren, bakoitza ordubetez; eta egunero sei-zortzi hitzaldi izan ziren. Hortik kontuak atera zer-nolako lan fina egin zuten itzultzaileek! Benetan izugarrizko maila erakutsi zuten aldibereko itzulpenean. Zorionak guztiei.

Nolanahi den, itzultzaileen lan hori eskertzeko moduan banabil, antolatzaileek itzultze-zerbitzua berariaz eta arduraz antolatu zutelako da. Horrela, argi frogatu digute ezen, antolakuntzako helburuetan eta aurrekontuetan euskararen erabilera bermatu nahi bada, gaur egun hori guztiz posiblea dela. Alegia, funtsezkoena nahi izatea dela, eta helburua lortzeko bitartekoak jartzea. Benetako bitartekoak.

Gainera, antolatzaileek euskararekiko erakutsi zuten ardura ez zen mugatu itzultze-lanetara, ez horixe. Bertan egon nintzelako konta dezaket adibide batez, zein era fin eta eraginkorrean hurbildu zituzten kongresuko hizlariak euskarazko kulturara, konplexurik gabe, harrotasunez eta dotoreziaz, fisikaren maisuei euskarazko ahozko erabilerarako lehen hurbilketa moduko irakastaldi polit eta erakargarria eskainiz. Azal dezadan nola egin zuten.

Erretegi/sagardotegi batean gertatu zen, luxutik urrun baina kalitatetik hurbil. Afalostean etorri zen benetako ekitaldia. Hura ahozko tradizioaren atal bati buruzko irakastaldia izango zela azaldu zuen aurkezleak, ingelesez, kanpoko bisitariei zuzendurik; horrela abiatu zen zirkuitu turistikoetatik aparteko ekimena, Euskal Herriko ezaugarri berezi baten ingurukoa. Eta irakastaldia hasi zen. Lehenik, parte teorikoa, txukun prestaturiko bideo-emanaldi laburra eginez, ingelesez, euskarazko ahozko tradizioa aipatuz, hizkuntzaren transmisiorako duen garrantzia azpimarratuz, eta euskarak gure kultura-ondarean duen giltzarri-garrantzia nabarmenduz. Bide batez bertsolaritza zer den azaldu zuten bideoan, labur eta zehatz. Bideo interesgarria benetan, ongi egina.

Baina interesgarriena parte praktikoan etorri zen. Hara non bertaratu zen Andoni Egaña, bat-batekotasunaren erakustaldia egitera, eta berarekin batera Xabier Paia bertsolaria. Agur erako bizpahiru bertso kantatu zituen lehenik Egañak, kantatu eta segidan Paia gazteak ingelesera itzuli zituenak. Munduko fisikaririk ospetsuenak harridura-keinuak egiten hasi ziren, adi-adi. Eta orduan etorri zen onena. Ez zien, ba, Paiak eskaini fisikariei gaiak jartzea, berek jarritakoen gainean Egañak bat-bateko bertsoak kanta zitzan!

Gustura zeuden, nonbait, fisikariak, konplexurik gabe jokoan sartu baitziren. Izan ere, gehiegi erregutu beharrik gabe, bat-batean, haietako batek lehen gaia jarri zion: gaizki gogoratzen ez banaiz, «energia iluna eta zulo beltzak». Ai ama! Andonik harridura-keinua egin zuen lehenik, ez baitzen gutxiagorako; baina aski izan zuen albotik zulo beltzek inguruko materia irensten dutela entzutea, energiaren iluntasunarekin batera jokoa eginez hiru bertso gogoangarri kantatzeko. Izan ere, Andonik kantatu bezala, maitasuna zulo beltzen antzekoa baita, maitasunak harrapaturik dagoenak ezin baitu ihes egin. Fisikariak aho zabalik. Eta bero. Ez da harritzekoa segidan bigarren gaia proposatzea: «maitasun sekretua eta maitasun publikoa», edo horrelako zerbait. Andoni bere eremuan zen ordurako, urak bideratzeko gaitasunaz fidaturik, eta beste bertso eder batzuk bota zituen, entzuleak are txundituago utzi zituztenak, Xabierren itzulpena entzutean. Errematerako, Rohrer irakasle suitzarrak (1986ko Nobel sariduna bera) gai ezin filosofikoagoa jarri zion, hemengo gai-jartzaileek ere behin baino gehiagotan jarria, «nora doa mundua?», luzamendurik gabe Andoniri azken luzimendurako bidea eskaini ziona. Itzulpenarekin batera hura izan zen txalo-zaparrada sentitua. Fisikariak harriturik eta pozik, euskarazko kulturari buruz eginiko probetxuzko ikastaldiarekin. Geure hizkuntzareren ezagutzan eta errespetuan aurrerapausoa emanik.

Labur esanda, nahi izatea funtsezkoa dela aurrerapausoak emateko. Edo esaldi zaharren bidez azalduta: ekinak egina dirudi eta eginak, urregorri.


(JOSE RAMON ETXEBARRIA BILBAO Fisika irakaslea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus