Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  ENEGAS (0.1): autoebaluaketarako eredua EusLab egitasmoan

ENEGAS (0.1): autoebaluaketarako eredua EusLab egitasmoan

2005-09-16 / 07:00 / J. Inazio Marko Juanikorena   ENPRESA

Organizazioetan egikaritzen ari diren euskararen normalizaziorako egitasmoen kopurua eta, horrekin batera, eginkizun hauetan diharduten profesionalen kopurua ere, gora egiten ari da urtez urte. Horrek, gai honi buruzko esperientziaren eta ezagutzaren areagotzea ekarri du eta, ondorioz, egitasmo horien diseinuaren eta garapenaren sistematizazioan gero eta gehiago sakontzea ahalbideratu du.

Sistematizazio horren baitan kokatzen dira egitasmoen emaitzak jasotzeko neurketa sistemetan eta adierazleetan hala nola egitasmoen jarraipenerako eta ebaluaziorako sistemetan gauzatu diren hobekuntzak eta berrikuntzak.

Egun, enpresetako euskara plan orotan adierazleen bitartez datuak jasotzen eta baloratzen dira bai bertako euskararen erabileraren egoera (plano ezberdinetan), bai ezagutza maila, langileen jarrera egitasmoarekiko edota egitasmoan langileen partehartzearen indizea.

LAB sindikatuan garatzen ari den «EusLab» euskararen normalizaziorako egitasmo estrategikoan, jasotzen dira ere era horretako datuak galdetegi eta neurketa edota behaketa zuzenen bitartez. Hala ere, hori guztia aski ez eta urrats berri baten premia sentitzen genuen, analisirako enfoke berri baten premia. Eta hori bi arrazoirengatik:

  1. Batetik, ohiko edo orain arteko neurketa sistemetan kontuan hartzen ez diren beste aspektu batzuk ere jasotzeko eta ebaluaketetan aztertzeko. Bereziki instituzionalizazioarekin, organizazioaren politikarekin eta organizazioaren arduradunen gaiarekiko lidergoarekin zer ikusia duten aspektuak.
  2. Bestetik, egitasmoaren kudeaketarako planteamendu ziklikoan eta partehartzailean, inplikatuek uneko egoeraren ebaluaketa integrala edo globala egin dezaten. Horrela, autoebaluaketa oinarri, hobetzekoak identifikatu eta hobekuntza zikloak gestionatu ahal izateko.

Ikuspegi horrekin, EFQMren eredua eta filosofia erreferentziatzat hartzen dituen autoebaluaketarako tresna sortu dugu eta EusLaben aplikatzen hasi gara aurten. Izena ere jarri diogu: ENEGAS (Euskararen Normalizaziorako Egitasmoen Autoebaluaketarako Sistema), EusLab egitasmoari egokitutako eredua.

EFQM eredua bederatzi kriterioetan banatzen den eskeman oinarritzen da, bost “agente erraztaileak” deitzen direnak eta beste lau “emaitzak”. ENEGAS eredurako, berriz, lehendik EusLaben definituta genituen arloekin edo perspektibekin (BSC erreferentziatzat hartuta egindako egokitzapena) osatutako eskeman oinarritu gara.

Eskema hori abiapuntu, autoebaluaketa eredu honetan bi atal nagusi ditugu: bata, egiten dena aztertzen duena, bestea, lortzen dena aztertzen duena. Lehen atalak, Zer egiten dugu? galderari erantzuten dio. Bigarren atalak, berriz, Zer lortzen dugu? galderari erantzuten dio.

Autoebaluaketa bideratzeko, formulario bat prestatu da arlo bakoitzerako. Formularioan, arlo horretan kontuan hartuko diren aspektuak azaltzen dira eta, ondoren, aspektu horietako bakoitzaren azalpena egiten duten esaldiak, ebidentzietan oinarrituz zein neurritan betetzen diren eskala batean puntuatu behar direnak. Balorazio honek bide emango du arlo horren egoeraren deskribapena egiteko eta antzemandako arlo sendoak eta hobetzeko arloak zehaztu ahal izateko. Azterketa hau egitasmoan jasotako ebidentzietan oinarritu behar du.

Emaitzen atalean formularioa aldatu egiten da. Atal honetan balorazio egiteko, egitasmoan jasotako datuetan oinarritu behar da, datuek erakusten dutenaren arabera arlo bakoitzean lortutako emaitzen joerak zeintzuk diren, helburuak lortzen ari ote diren eta aplikazioaren hedapena nolakoa den aztertu ahal izateko. Emaitza horiek aurreko arloei dagozkienak izango dira (Politikak eta lidergoak, Antolakuntza, Pertsonak, Barne Prozesuak eta Zerbitzua Afiliatuei).

  • Autoebaluaketarako arloz arloko formulario guzti-guztiak eskuratu nahi badituzu sakatu HEMEN

(J. INAZIO MARKO JUANIKORENA Soziolinguistika Klusterraren lehendakariaren ondokoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

J. Inazio Markoren artikuluak erabili.com-en (Irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus