Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Kalko okerrak

Ikasmaterialen Aholku Batzordea / Irakaskuntza / 2005-09-13 / 07:00


Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea estilo-liburua osatzen ari da, ikasmaterialak egiteko hizkuntza-irizpideak finkatuta egon daitezen. Atalka argitaratuko dute: lehen atala "Ortotipografia" izenekoa izan zen. Bigarrena, berriz, "Kalko okerrak" izenekoa da: Juan Garzia Garmendiak prestatu du eta Euskaltzaindiak egokitzat jo du. "Kalko okerrak" lana oso-osorik erabili.com-en daukazu esku-eskura.



Alfer-lana litzateke esatea kezka ez dela berria. Hezkuntza Sailak, 1982. urtean EIMA (Euskal IkasMaterialgintzA) izeneko programa abian jarri zuenetik, ardura bizia izan du euskarazko eskola-materialak sortzen laguntzeko, materialgintza hori diruz laguntzeko, kalitatea bultzatzeko eta bertako hizkuntza-trataera zaintzeko. Ez alferrik argitaratzen dira urtean 400etik gora ikasmaterial gure ikastetxeetan erabiltzeko, eta ezin nola-halako edozein euskara molderekin konformatu eta etsi.

Ez gara ezerezetik abiatzen, jakina, ereduzko maila horri eusterakoan. Euskararen oinarrizko legeez gainera, hor ditugu Euskaltzaindiak emandako eta onartutako arauak eta gomendioak. Horiek guztiz zaintzeko eta betearazteko konpromisoa aspalditik egin genuen geure.

Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak, gero eta zehatz-ugariagoak izan arren, motz geratzen dira sarri, eskola-munduko testuei dagokienean. Ez dago zertan harritu: euskararen normalizazio-bidean ertz eta koska askotxo dago oraindik leuntzeko, eta horietariko hainbat sarri samar erabiltzen da ikasmaterial horietan. Batzuek eite teorikotik dute gehiago, dudarik gabe; beste batzuk, aldiz, zergatiko pragmatikoagoetara egokiago eta beteago jartzen dira.

Eskola dugu, nolanahi ere, beti eta nonahi gogoan. Eskola esparruko euskara moldeen zer-nolakoa eta zenbatekoa dugu, halakoetan, begien bistan. Eta hara begira, euskararen eskola-munduko erabilera zuzenaren eta egokiaren arrastoan alegia, ibili eta bidea egin nahi dugu Sailetik. Ez dugu laborategiko euskara perfektu eta makulu-gabe baten ilusio inozorik buruan, ezpada lan-tresna eroso eta erabilgarria eskaintzea eskola-materialak argiak, errazak, egokiak eta komunikagarriak izan daitezen. Eskola-liburuek ezer eskaini behar badute, ez da distiraz eta nabarmentze-asmoz modu korapilatsuan emandako ideien eta kontzeptuen bildumarik. Komunikagarritasunak behar luke izan azken helburu, eta hori argi idatziz baino ezin da lortu. Zer esan behar den, zer irakatsi behar den garrantzizkoa bada eskolan, ez da gutxiago nola esan eta nola irakatsi behar den. Ikasleak benetako belakiak dira: zer eman, hura hartzen dute. Eskola-materiala, bestalde, efektu biderkatzaile handiko eragilea da hizkuntzaren trataeran. Hizkuntzaren hondatze-arrastoei aurka egiteko ere gune aproposa da eskola.

Testuinguru horretan ulertu behar da Sailak ikasmaterialgintzan dihardutenentzat egin nahi izan duen estilo-liburua. Urri eta berankor ibili da euskara, ezinbestean, alor horretan ere; txit mugatuak izan ditu luzaz, eskola-giroko erabilera oparo, arautu eta jarraikiaren ateak. Nolanahi ere, ongi ezaguna dugu estilo-liburuek azken urteotan gurean ere izan duten protagonismoa. Berezkoa da aldatzea eta aurrera egitea, eta ez gara nor, aldi-bitarte luzeagorik igaro arte, estilo-liburuok zenbaterainoko eragina izango duten asmatzeko. Ez dugu dudarik egiten, nolanahi ere, orain arteko estilo-liburu horien eragina onuragarria izan dela. Eskola-mundurako prestatzen ari garen estilo-liburu honekin ere beste horrenbeste gertatzea nahi genuke. Zatika ari gara estilo-liburua prestatzen, eta zatika (kasuan kasuko atala zoritua dagoela uste izandakoan) argitaratzen ere ari gara.

Liburukion edizioak kontuz eta arretaz egin nahi dira. Duela hilabete gutxi atera zuen Sailak lehen liburukia: Joxe Ramon Zubimendik atonduriko Ortotipografia, hain zuzen ere. Hari jarraipena ematera dator esku artean duzun hau eta honekin batera argitara eman den Onomastika izeneko liburukia ere. Plangintza baten beste urrats bat dira. Hura izan zen lehena; hauek bigarrena eta hirugarrena. Eta ez dira azkenak izango; abian dira beste hainbat txosten ere: Morfosintaxia, Puntuazio-markak, Ahoskera eta prosodia, Tradizioko testuen transkripzio-arauak, eta abar. Ez dira izango filologo jakintsuentzat asmatutako liburukiak, eguneroko lanean ari direnentzat baizik.

Kalko okerrak du izena eskuetan duzun honek. Azken urteotan euskararen mugarri gertatu den Joskera lantegi (1997) liburuaren egile den Juan Garzia Garmendia gramatikari eta Ikasmaterialen Aholkubatzordeko kide ere denak atondu du. Egile nagusia bera izanik ere, jende askoren ekarpenak jaso ditu lan horrek bere ibili luzean. Lehenik eta batez ere, Ikasmaterialen Aholku-batzordeko kideenak; baina baita beste askorenak ere.

Idazle askoren ustea da euskarak azken urteotan hartua duen erronkarik handiena estiloarekin zerikusi zuzenagoa duten aukerak urratzean dagoela. Hortik jo du Juan Garziak. Kontaktuan dauden hizkuntzen arteko dialektikan sortzen diren interferentzien eta kalkoen inguruko sarrera teoriko labur baten ondoren, perpausen barruko elementuen kalkoak eta perpausetik goragoko kalko jakin batzuen azterketa praktikoaz dihardu. Beste modu batera esanda, gaur eguneko euskal prosak estilo aldetik duen hainbat arazo gordin eta bihurriren sintesi-lana egin nahi izan da bertan.

Gaur eguneko euskararen arazoak ­eta, ondorioz, eskola-liburuenak­ ez dirudi hainbeste Euskaltzaindiaren arauak ongi betetzen diren ala ez direnik ­bigarren edo hirugarren mailako arazoa da hori hainbat liburutan­, estilo propio bat urratzea baizik. Liburuki honen ekarpenik nabarmentzekotan, beraz, honako hau esango genuke: gaur eguneko euskaldun ikasi arruntaren akats eta zalantza ohikoenak argitzen laguntzen duela saiakera honek. Lan biziki interesgarria da, alde horretatik, Juan Garziak prestatu diguna.

Lanak Euskaltzaindiaren bermea izan zezan nahi genuen, jakina. Hori izan da Hezkuntza Sailaren jokabidea, hasiera-hasieratik, eta lehengo lepotik dugu orain ere bidea. Oniritzi ofizialaren asmo horrekin, liburukia argitara aurretik, propio aurkeztu zitzaion lana Euskaltzaindiari. Hona hemen bertako Gramatika-batzordearen erantzuna:

Gramatika Batzordeak Kalko okerrak aztertu du Donostian egindako bi bileratan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak galde egindakoari erantzuna ematen dio idazki honen bidez.

Gramatika Batzordeak uste du, bai lan honen gainean nola honen antzekoak izan daitezkeen beste batzuen gainean (on)iritzia eskatzen zaionean, nekez eman dezakeela behar bezala funtsatutako irizpena, non ez duen hausten eskuartean dituen gainerako lanak aurrera ateratzeko lehenagotik finkatu prozedura, gai korapilatsuak baitira horrelakoetan aztertzen direnak, berezko azterketa sakona beharko luketenak.

Hori garbi utzirik, Gramatika Batzordeak esan behar du, lan honi dagokionez, egokia aurkitu duela, Euskaltzaindiak orain arte batasunerako eman dituen arauak errespetatzen baititu.

Hala ere, lan honetan, gramatikarekin lotzen diren puntu asko daude, gramatika batzordeak oraingoz bere sakontasunean aztertu ez dituenak. Kontu horietaz bere garaian esango du Gramatika Batzordeak esan behar duena, egoki ikusten baldin badu.

Gauzak horrela, eta kontuan izanik batzordekideek izan dituzten eztabaidak, batzorde honek uste du, erabilitako arrazoibidea indartzeko behin eta berriz ematen diren adibideak, bakoitzari dagokion testuinguruan, ez beste batean, ulertu behar direla beti. Eta ematen zaien interpretazioarekin, ez beste batekin. Lanak berak zehazten ditu bai testuingurua, bai interpretazioa. Horrela bakarrik bereizten ahalko dira adibide egokiak eta egokiak ez direnak. Eta, gainera, zerbait egokia ez dela esaten denean, eta aldamenean egokia ez bide den adibide horren ondoan beste adibide bat egokitzat jotzen denean, bistan da adibide hori bezala, euskarak izan ditzakeela beste hainbeste adibide, esamolde eta esapide hor berean, adierazi nahi den gauza bera adierazteko.

Lanak balio izan dezake egiten diren zenbait gehiegikeria zuzentzeko, sarritan ez baikara konturatzen zenbaterainoko eragina duten euskal hiztunen artean inguruko erdarek, kasu honetan, eta lan honi dagokionez, gaztelaniak. Euskaltzaindiak, noizbait beharrezko ikusten badu, eta egoki, lan honetan ageri diren puntuez bere iritzia adieraztea, eta hemen ematen diren gomendioak, edo beste batzuk, behar den mailan arautzea, hala egingo du.

Bilbon, 2005eko urtarrilaren 14an

Puntu asko egon arren oraindik Gramatika-batzordeak berak sakontasunean aztertu gabeak, zera iritzi dio hark Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aurkeztutako lanari: «lan egokia aurkitu du, Euskaltzaindiak orain arte batasunerako eman dituen arauak errespetatzen baititu». Ohar eta iradokizun batzuk ere egin zituen batzordeak, erantzun-idazki horrezaz gainera. Ohar eta iradokizun horiek denak orpoz orpo jarraitu eta jaso ditu Juan Garzia egileak berak.

Hartara, Euskaltzaindiak gerora alor horretan erabaki ditzakeenak inoiz baldintzatu gabe, araubidezkoa den aldetik, euskarazko ikasmaterialetan, liburuki honetan zedarritzen diren irizpideetara jokatzea gomendatzen du Sailak. Besterik ez, honenbestez. Soil-soilik, alde batetik, Ikasmaterialen Aholku-batzordeko (IAB) kideei ­X. Mendiguren Bereziartu (Euskal Editoreen Elkarteak izendatua), J.R. Zubimendi (Euskaltzaindiak izendatua) eta J. Garzia (EIZIEk izendatua)­ eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, eta bestetik, beti bezala, zuri, irakurle saiatu horri, afera honetan eragile izan zaitezela eskatu nahi dizugu. Euskararen onerako, ahalegin honetan asmatu izana da gure uste eta desio bakarra. Zernahi dela ere, ordea, jakizu zure ekarpen baliotsuak jasotzeko prest gauzkazula noiznahi. Hemen gaude: huiseus4@ej-gv.es

Oraingo bi liburuki hauek probetxugarri gerta dakizkigula guztioi, eta horien ondoren etorriko direnen bide-erakusle gerta daitezela. Hala desio du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta halaxe adierazten dut haren izenean.

Gasteizen, 2005eko otsailaren 28an
ANJELES IZTUETA AZKUE
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua

Hitzaurrea

1. Hizkuntzak eta haien arteko eraginak

Bi hizkuntzaren arteko eraginei buruz mintzatzen hasi orduko, hizkuntza horietako bakoitza ongi mugatu eta definitua eduki behar genuke, ezer argirik eta argigarririk atera nahi badugu. Badakigu, hala ere, ezinezkoa dela hizkuntza baten argazki oso eta zehatza lortzea; bai une historiko jakin bat harturik (banakako erabileren batez bestekoa baita Hizkuntza, hots, abstrakzio bat), eta bai, areago, denboran zehar (aldatuz baitoa etengabe).

Hortik dator, bada, lehenbiziko eragozpena: hizkuntza biren arteko eraginak berez ere antzemangaitzak izanik, hizkuntza bakoitzaren erabateko definiziorik ez horrek areago lausotzen ditu gauzak, oinarritik bertatik.

Praktikan, haatik, hizkuntzaren molde eta erabilera gehienen egokitasunari buruzko adostasun zabal samarra aurkitzen dugu, oro har (hiztunen intersubjektibitatez lortzen da adostasuna). Hala ere, hizkuntzaren kode-balioa bermatzen duen adostasungune finko horretatik urrundu ahala, lausotuz eta zalantzagarriago bilakatuz joan daitezke gauzak, eta zailago bihurtu arau edo epai ziurrak ematea.

Besteak beste, aurretik (oso) ibilia ez den eremuetan ibiltzen hasten bada hizkuntza jakin hori, berez datoz zalantzak, adostasun hori gorpuzteko adina leku eta denbora behar baita alor berriok ere hizkuntzaren gune finko nagusian integratzeko.

Hizkuntzaren hedapenetik berez datorren berritu behar hori (espezializazioaren gradu guztietan) alde batera utzirik ere, izaten du eguneroko hizkuntza arruntak berak ere premia eta helburu aldakorretara egokitu beharra (zentzurik zabalenean uler bitez premia-helburuok: aurrerapen teknikoa, estetika, jolasa, jakintza-bidea, erosotasuna...). Hala sorturiko aldakuntzak beti dira, hasieran, ordura artekoarekiko desbideratze partikularrak, gero, arrakasta izanez gero, bidea egin eta arau orokor izateraino irits daitezkeenak.

Hala, berezkoa eta etengabea da hizkuntzaren baitako lehia edo tirabira hori. Arauemaileak, hiztunen batez bestekoaren defendatzaile gisa, dagoeneko finkaturik dagoenari eutsi behar dio eginahalean, kode erkidea indargabetu ez dadin, ondo jakinik ere ez daukala gelditzerik aldakuntza anitzezko bor-bor hori. Nolanahi dela ere, berrikuntzek ere kode zaharretik abiatu behar dute, hots, haren hedapen izan behar dute, eta kode horrexek eman behar die onespen-bermea.

Honainokoan, hizkuntzen izateari berari dagozkion kontuez ari gara: hizkuntza guztiei dagozkienak dira, beraz, kontuok, indar finkatzaileen eta aldatzaileen arteko dialektika hori barne. Bestetik, orain arte bakarturik irudikatu badugu ere hizkuntza, gauza jakina da elkarrekiko tratua dutela hizkuntza askok.

Horiek horrela, espero izatekoa da kontaktuan dauden hizkuntzek elkarri eragitea. Kontaktu adina eragin-kasu gerta litezke teorikoki, eta hainbat historikoki, baina bada bat, tipikoa: (eskuarki bestela ere nagusi den) talde nagusi baten hizkuntzak, desoreka nabarmenez, beste menderatuago bati eragiten dionekoa.

Garbi dago hizkuntzaren gizarte-egoera horrek isla garbia izango duela banakako hiztunen buruan (aldi berean gizartezkoa eta norbanakakoa baita hizkuntzen izaera), eta, hiztunok hizkuntza biotan elebidun diren kasuan, erlazio desorekatu horren proiekzio moduko bat aurkituko dugula sarritan: hizkuntza nagusia sendo(ago) eta menderatua ahul(ago).

Hala, gutxienez honako alderdiok hartu behar dira kontuan hizkuntzen arteko kontaktuari dagokionez:

Beraz, hizkuntzen arteko kontaktu guztietatik atera daitekeen onura gure kasuan ere onura dela eta halakotzat baliatu behar dugula inolaz ere bistatik galdu gabe, garbi dago badugula arazo nabarmenik ere gure hizkuntza txikia beste handi horren (edo horien) zamak leherraraz ez dezan.

Modu teknikoago batean esateko: erdararen sistemak ez dezan (hasi fonetikatik eta estiloraino, maila guztietan) euskararen sistema ­itsuski, gero eta sistematikoagoki, hain zuzen­ ordeztu. Alegia, euskaraz ari garela euskararen arau eta bideetatik ari gaitezen eta ez beste kode bati dagozkionetatik. Burujabetasun horren erreibindikazioa ez da, alde horretatik, kodearen gutxieneko baldintza baino, hizkuntzak hizkuntza izaten irauteko ezinbestekoa.

Jakina: neurria, tamaina hartzea dugu zailen hor ere, edo hor bereziki, baina ezinbestean heldu behar diogu zezen horri adarretatik. Hizkuntzaren eraberritze-gaitasuna (hots, haren malgutasuna) murrizteke, zinez premiazko edo onuragarri zaiguna eta egoki zaigun moduan bakarrik onartu behar dugu, konplexurik gabe baina kritikoki. Burujabetasunari eutsiz, alegia, eta ­hori ere burujabetasun seinale baita­ erdaratik ere zernahi hartzeko prest, hala komeni den kasuan: beti itsuki erdararen ihesi ibiltzea ere erdararekiko mendekotasun mota bat da, eta alderantzizkoa bezain larria gerta daiteke.

2. Kalkoak

Hizkuntza batek beste baten eredutik berera egokitzen duen egiturari esaten zaio kalko (mailegu delakoa, berriz, prozedura gordinagoa da: bere horretan hartzen da elementu bat). Hitza ez da, berez, gaitzespenezkoa. Askotan bezala, ordea (kritika hitzarekin, adibidez, antzeko zerbait gertatzen da), txarrera hartzen da besterik gabe kalko hitza, hots, kalko oker zentzuan.

Zentzu bertsuan esaten da beste hizkuntzaren interferentzia gertatu dela (alegia, sistema batek bestea ordeztu duela puntu jakin batean). Kasu horretan, badirudi berekin duela hitzak gaitzespena; alegia, beti jotzen dela oker, huts egite, nahastetzat. Nolanahi dela ere, interferentzia zein kalkoaren okertasun hori balioespena da, eta ez deskribapen hutsa, eta, beraz, balioespen guztiak bezala, eztabaidagarri.

Egia osoa esateko, besterik gabe kalko ote den ere (oker zein zuzena) eztabaidagai izan daiteke kasu ez gutxitan. Auzi hori, bestetik, hizkuntzaren zuzentasunari eta egokitasunari doakiona da, eta horren atal bat baino ez da kalkoena: erabilera ­kanpoko eraginez nahiz barrukoz­ ustelak zein diren nola erabakitzen den. Besteak beste, historikoa (diakronikoa) da kontua, eta, beraz, aldakorra: noizbait kalko nabarmena zena, denborarekin, gerta daiteke erabat integratzea hizkuntzan; «naturaldu» dela esan ohi da orduan.

Eztabaidagarritasun hori goiti-beheiti, hala ere, eta zalantza partikular guztien gainetik, adostasun zabala lor daiteke hor ere gehienetan, muga-kasu eta guzti. Hizkuntzaren sen delakoa, subjektiboa izanik ere, intersubjektiboki kontrasta daiteke, eta horixe dugu oinarrizko bermea, hain zuzen, hizkuntzan eta bestetan. Hiztunen eta idazleen esperientzia kontrastatu horren pilaketari esaten diogu tradizio, eta tradizio horren ezaguera zabala da bide bakarra kolpea hutsean ez jotzeko.

Horiek horrela, tradizioaren ezaguera sendoa behar du testugileak, eta horrek emango dio ziurtasun baliagarri ia bakarra. Arauak eta abarrak (gure aholkuok barne, jakina) horren lagungarri dira, ondo bidez, baina ezin dute ordeztu ezaguera zuzen hori: ez diote inori bere ordez sortuko testua.

Kalkoen arriskuaz ari garela, areagotu egiten da noski arrisku hori ­ohartuki aurka egiten ez bazaio­ itzulpenaren kasuan, aurrez aurre baitauka denbora guztian itzultzaileak erdarazko testua, eta hari lotu behar baitzaio.

Erne eta arduratsu jokatu beharra dago, beraz, baina arduraren arduraz eta ernearen ernez beste muturreko gehiegikerian ere erori gabe: ezer ontzat emateko beldurrean edo guztiari okerra bilatzeko obsesioan, alegia (sorgin-ehizan bezala gertatzen baita: bilatzen duenak beti aurkituko du, baita ez dagoen lekuan ere).

Bistan da, bada, bi muturretako arriskuak ditugula hor lehen-lehenik zaindu beharrak, biak ere jokabide itsu bezain galgarri izan daitezke eta:

Tartean jarrera eta produktu ez hain muturrekoak ere izan dira, beharrik, euskalgintzan, eta horri esker ditugu, besteak beste, orain ditugun auzi berriak berak ere: zorioneko auziak. Bide luzea egin dugu urte laburretan, eta jakina da atzeak erakusten duela aurrea... nola ez dantzatu, behintzat!

Eta orain bai: kalko batzuk okerrak dira. Alegia, premiarik gabe jotzen dugu batzuetan erdararen imitaziora, abantaila baino kalte handiagoz. Abantailarik eza, hain zuzen, premiarik ezaren ondorio garbia da. Kaltea, berriz, euskararen sistemari egiten zaiona da, erdararenaz nahasten baita, autonomia eta baliagarritasuna galtzeko bidean jarriz. Sistemaren osotasuna ez du kalko oker bakarrak hankaz gora botako, baina han-hemenkako erasotxo sarriek bai kolokan jarri.

Aurreraxeago saiatuko gara sailkatzen hizkuntzaren sistemaren zein ataletan eragiten duten nagusiki interferentziarik zabalduenetako batzuk («zabaldu» horrek, hain zuzen, berezko sistema ordezteko lehian dabiltzala esan nahi du). Oraingoz, hala ere, erdarakada lexikal tipiko bat irudikatzea aski dugu, hitz solte, esapide zein termino: «laburmetraia», «ilea hartu», «ibi iraunkorra».

Bistakoa da, hiru kasuetan, bestela eta hobeki adieraz daitezkeela ideiok euskaraz (hots, premiagabeak eta kalterakoak direla kalkook). Nagusitzen hasiz gero, bada arriskua kalko okerron ordez euskaraz egoki erabiltzen diren edo erabil daitezkeen esateko modu normalak baztertzeko (aipatuko dugu halako adibiderik gure sailkapenean). Hots, kalkoa normal bilakatu eta berezkoa ezohiko bihurtu edo erabat desagertzea etor daitekeela (ez litzateke okerrena, bere tristean; gehienetan, nahaste hutsa da finkatzen dena).

Horretaz gainera, albo-kalterik ere izaten da eraso itxuraz txiki eta mugatuotan. «Laburmetraia» hitzak, kasurako, gaztelaniak bakarrik darabilen moldea kalkatzearekin batera, euskarazko arau zorrotzaren aurka ezkerretik loturiko izenondo bat dakar bere baitan, Troiako zaldiak adinako kalteak eragin ditzakeena analogiaren bidetik (lehendik ere ibili den joera oker bat indartuz: «sindikal arazoak»...).

«Ilea hartu» ere normalduko bagenu, pentsatzekoa da ez litzatekeela esapide horixe bakarrik sartuko litzaigukeena erdaratik oldean: aurki, esapideen errepertorio osoa beteko litzateke halakoz, eta euskarazko berezkoak bitxikeria huts izateraino erretiratu... Pentsa liteke, bai, aurreegi joan ote garen, adibide xumeoz, okerrerako hipotesiaren bidean, baina, tantaka-tantaka, kalte-putzu handi samarra bil liteke aurki.

Horiek guztiak, kalteak kalte, hala ere irentsiko bagenitu, berriz ­hots, sistema lexiko-semantikoa erdararen baitan utziko bagenu (!)­, orain arte berariaz tartean sartu ez dugun beste arazo larri bat genuke: aspalditxotik erdara biren zamapean bizi garenez, erdara biok ados ez diren puntuetan euskaldun batzuen kalkoak ez lituzkete besteek ulertuko (hipotetikoa darabilgu, baina horixe dugu hein handi batean egoera erreala). Bide horretan aurrera egin ahala, bada, bi kode genituzke euskaraz, gero eta bereiziagoak: hots, puntu batetik aurrera, bi hizkuntza-edo (erdara banarekiko guztiz mendeko). Jakina: bietako bat erabat desagertuz gero, lasai jarrai lezake besteak... bera ere desagertu arte.

Iruntzitara, hala ere, oso baliagarri gerta dakiguke arazotzat daukagun hori: beste euskara horretatik gehiegi ez aldentzen ahalegindurik, euskararen batasuna zaintzeaz batera, euskararen burujabetasunari eusten ariko gara. Hots, ongi begiratuz gero eta zuhur jokatuz gero, ez dela halako desabantaila ere erdara bakarraren eraginpean ez egote hori.

Hori bai: beste euskara hori ere ezagutzera behartzen gaitu, zuzenean nahiz zeharka, kalkoen zilegitasuna erabakitzeko orduan eta bestela ere. Hots, euskararen tradizio osoa ezagutzera (beharrik, hiztegigile eta termino-sortzaileek egiten dute gure partez lanaren puska bat). Ezagutzera, eta ­neurriz­ ezagutaraztera, batu-itxuran euskalkien arteko eten larriagorik ez sortzea baita gure testuen eginkizunetako bat.

Ez ahaztu, bestalde, kalko mota bat baino ez dugula hor aipatu: lexikoarena. Sintaxizko kalkoak, berriz, batzuetan hain antzeman-errazak ez bazaizkigu ere, larritasun biderkatua dute, hitz nahiz esapideen kalko solte, banakakoen aldean: elementu sintaktikoak definizioz dira behin eta berriro errepikatzekoak, eta metastasi modura zabaltzen dira hizkuntzaren gorputzean, egitura jakin hori erabiliko den bazter guztietara.

Adibide eztabaidagaitz bat jartzearren, honako egitura hau erabiltzen duen hiztunak:

- *Ezagutzen ditut mutil batzuk bizi direla baserri batean...

hots, erdarazko que erlatibozkoaren eta osagarrizkoaren forma-berdintasuna euskarara kalkatzen duen hiztunak ez du esalditxo horretan bakarrik nahastuko euskararen sistema, baizik, eskuarki, berez -Na eta -LA bereizi behar liratekeen aldiro. Ikusi, bide batez, hitz-ordenamenduan ere eragiten duen aldaera, hura ere erdararen preposizionaltasunera bortxatuz: hots, kalte zuzenez gainera, albo-kalteak ere biderkatuz.

Bide batez, muturreko adibide horrek berak ongi adieraz dezake noiz ez litzatekeen argudio soziologiko-estatistiko hutsez hartu behar hizkuntzaren erabilera jakin bat, aski zabaldua egonagatik, erabilera normaltzat. Hor ez, agian, oraindik, baina baluke batek baino gehiagok tentazioa beste honako hau, esaterako, gramatikal, zuzen, guztiz egokitzat hartzeko (eta, aurki, arkaismo pedantetzat jotzeko orain arteko erabilera normala):

- *Hain berandu egin zaie, ez direla etorri.

Ez, ez du edozerk berdin balio. Malgutasuna ez da nahastu behar irizpiderik ezarekin: makurtasuna litzateke orduan, zentzu guztietan.

Ez ditugu sartu hemen arrunkeria nabarmenak, baizik eta testugile trebatu batentzat zalantzagarri gerta daitezkeen gramatikaz gorako kontuak. Hemen aipatzen direnez gainera, badira beste asko, muga horretan daudenak. Batzuek morfosintaxi atalean (ere) agertuko dira, hala nola «zer egin duen» zehar-galderaren lekuan «egin duena» erlatibozkoa erabiltzea.

Badira, bestalde, maiztasunezko kalko dei dakiekeenak; hots, egitura zuzen eta, beren neurrian, egokiak izanik ere, desoreka eragiten dutenak hizkuntzaren berezko joeretan, egituron proportzioa ez baita berdina hizkuntza baten testuetan eta besteetan. Muga hori markatzen are zailagoa da, baina badira kasu batzuk aski nabarmenak. Zentzu horretan interpretatu behar da, besteak beste, nominalizazioestiloaz dioguna.

Beste adibide bat, aski ezaguna, perpaus erlatiboen abusua da:

- ??Zu izan zara puskatu duzuna/duena.
Zuk puskatu duzu.

- ??Aldapeko sagarraren puntaren puntan txori baten txiruliruria entzun zuen gizon bat zegoen.
??Baze(goe)n Aldapeko sagarraren puntaren puntan txori baten txiruliruria entzun zuen gizon bat.
?Baze(goe)n gizon bat Aldapeko sagarraren puntaren puntan txori baten txiruliruria entzun zuena.
Gizon batek (behin) txori baten txiruliruria entzun zuen Aldapeko sagarraren adarraren puntan.

Erdarazko perpaus erlatiboen beste erabilera berezi baten kalko okerra ere badabil aspalditxoan gure testuetan, zehar-galdera ordezten duena:

- *Hark esango dizu egin behar duzuna.
Hark esango dizu zer egin behar duzun.

Egitura berez zuzenen erabilera desegokiak izanik, axaletik atzemangaitzago dira halako kalko okerrak, bestelako erdarakada nabarmenagoen aldean. Oharkabean pasatzeko arriskua duten horietaz izango dugu hemen, bada, ardurarik handiena.

3. Nola identifikatu kalko okerrak

Nekez eman genezake metodo erabatekorik, baina bai jarraibide sorta bat, halako baten aurrean zalantzan dagoenaren lagungarri (sekula zalantzarik ere sortzen ez zaiona okerrago dabil noski).

Erabiliko ditugun irizpideak aurreko azalpenetatik atera daitezke, eta, esan dugunez, okertasun horretan zuzentasunari eta egokitasunari buruz ditugun ideiak daude guztiz inplikaturik (jatortasun hitzak beldur pixka bat ematen du, baina, adiera sanoan, horixe da auzia), kasu partikular bat baino ez baita kalkoen ingurukoa.

Hain zuzen ere, euskarazko akats guztiak erdararen interferentziazkoak direla pentsa lezake ­eta apika pentsatzen du­ zenbaitek; eta, guztiak ez badira, asko eta asko behintzat hala direla gutxik ukatuko du. Beste hizkuntza burujabe, beregainago batzuetan, erlatiboki txikiagoa izan liteke, edo ez hain larria, kanpoko eragin horren presioa, baina ez dago hizkuntzarik, ustez, barbarismoetatik guztiz libre dagoenik (ikus, esaterako, gure erdara nagusi biak berak nola dabiltzan ingeles nagusiagoaren soinura dantzan).

Berriro diogu: zentzu bakarreko eragin guztiz desorekatuan daude arrisku larriak.

Oro har, nork bere buruari egin beharreko galderak dira jarraian doazenok. Bistakoa da modu sintetiko eta bizkorrago batean egiten dugun erabaki baten formalizazioa izan nahi duela gure honek, baina erabilgarria deritzogu irizpide funtsezkoren bat ahaztu ez dugula bermatzeko bederen. Irizpide eta galderok osa ere osa litezke, beharbada, edo bestela antolatu, baina ez dirudi bat bera ere albora uztekoa denik.

Kalko Bahea
Bada kalko horren premiarik? Hots, hutsune bat betetzera dator?
Nolako premia?: kontzeptu berria, zehaztapena, ñabardura, sinonimia/konnotazioa, estiloa (maila, erregistroa, tonalitatea...)...
Ez dago lehendik horretarako esapiderik euskaraz (egin-egina zein moldatzekoa: hitz-elkarketaz, eratorpen-atzizkiz...)?
Ondo betetzen du bere eginkizuna sistemaz aldaturik? (Gaztelania edo frantses hutsa ez da?)
Erabilia da lehenago euskaraz? Noiztik, non, zenbateraino?
Kalkatzen hasita, ez daukagu eskura eredu hoberik beste erdararen batean?
Bada arau, gomendio edo iruzkinik autoritateren batenik, alde nahiz kontra?
Beste norbaitek erabiliko balu, onartuko genuke? (Zorrotzago jokatu zeure buruarekin lagun hurkoarekin baino).
Ez diezaioket erakuts beste norbaiti testua, iritzia eman dezan? (Hobe hori, auzigai den puntua solte eztabaidatzea baino, teoriakeriaren arriskua saihesteko).
Egin dugu behar bezain luze eta ahalegin zintzoz aurreko bederatzi puntuon ibilbidea? Benetan aukerarik onena iruditzen zaigu? Ala apeta hutsa, gogoak emana besterik gabe?

Zoritxarrez, erdaren pisu eta lilura handiegia izaki, ez dugu beti horrela jokatzen, hots, euskara bidezko baliabideei lehentasuna emanez.

Larriagoa da erdara-biderako joera hori (edo izan daiteke, bederen, erne ibili eta neurriak hartu ezean) itzultzen dihardugun kasuan: hizkuntzaren beregaintasun eskasari eta norberaren elebitasunaren desorekari zor zaion parteaz gainera, hortxe daukagu aurrean erdarazko testu eginegina, geurea moldatzen dugun bitartean begi-belarriei tira eta tira.

Bistan da: jarrera aktiboa, kritikoa, eskatuko digu horrek kalkoarriskuen aurrean. Nahiago genuke bestelako egoeran bageunde, baina, gauden-gaudenean, ezin ditugu begiak itxi eta espontaneitate hutsaren baitan utzi guztia, ez kalkoen auzian eta ez bestetan (nagusiago eta burujabeago diren hizkuntzetan ere, ez pentsa, ez dira berez-berez sortzen testuak, intuizio hutsez: ontzeko, landu egin behar izaten dira beti). Paradoxa-itxuran esanda: berezkotasuna bilatu beharra egokituko zaigu askotan, hura galduxea denean.

Agian bihar-etzi lasaixeago joka genezake, baina guk orain hainbat buru-nekez egiten dugun bide estu samar honek ekarriko du, ekartzekotan, etorkizunekoa gero eta zabalago izatea eta ibiltzeko erosoago: bidea zinezko bide bederen izatea dugu erantzukizuna.

Definizioan bertan ageri denez, sistema batek beste baten egiturak imitatzea da kalkoa (mailegua, berriz, hitzak diren-direnean ekartzea: «kortometrajea»). Premiarik eta egokitasunik gabe kalkatzen diren hizkuntza-egitura edo -antolaera horien mailaz mailako sailkapen bati jarraituz emango ditugu, bada, hemendik aurrerako azalpenak.

Perpaus barneko elementuen kalkoak (1): izen-sintagmaren esparrukoak

1.1. Izenak direla eta

Lehen azalpenetatik esan dugu: aldatuz doaz etengabe hizkuntzak, eta premia berrietara egokituz. Horrek, jakina, ez digu eskurik ematen nahi duenak nahi duena egiteko. Kode-adostasuna da hizkuntzaren baldintza ezinbestekoa, eta horixe da, hitzen mailan, hiztegiek biltzen edo bildu behar dutena.

Tradizioaren ondarean zuzenean aurkitzen ez dugunaz behartzen garenean, berriz, tradizio horren oinarrietatik eta erabiltzaileen adostasunbidetik jo behar da, eta ez bakarka eta nolanahika: horixe da, hain zuzen, terminologia-lana. Lan hori ez dagokio, berez, testugile arruntari.

Haietara igortzen ditugu, bada, honen irakurleak: hiztegi orokor zein berezietara. Guk ez dugu hor beste zer esanik.

1.2. Bat ala -a? (batzuk ala -ak?)

Determinanteen erabilera aski desberdina da hizkuntza batetik bestera, are enbor berekoak direnen artean ere. Euskara egituraz inguruko erdaretatik hain bereizia izanik, garbi dago ezingo direla halakoak automatikoki kalkatu batetik bestera.

Erdararekiko alde hori guztiz mugatzea zaila da oso, baina kalko okerra saihesteko aski da euskarazko usadio arruntaren berri izatea eta noski erdarazko egiturok, itzulpenean zein bestela, euskaraz nahitaez berdin ematekoak ez direla jakitea.

Bestalde, hasieratik garbi utzi behar da badela euskaraz usadio bat baino gehiago halakoetan, eta euskalkiz eta bestez banatuak daudela erabilerok. Hain zuzen ere, ezin dira erdarakadatzat gaitzetsi zenbait molde eta joera, inoiz erdararenekin bat datozelako, besterik gabe. Zailtasun hori eta guzti, hala ere, mendebaleko erabilera jakin baten ereduari jarraituko zaio hemen, estandarrerako adostasunik handiena biltzen duelakoan.

Oro har, bada, hona bereizgarri batzuk (egoki deritzogun ereduaren aurkakoek daramate izartxoa):

1.3. Erdaraz izenaren aurretik doazen adjektiboen euskal ordainak

1.4. Ez + handiegirik/ez + gehiegi(rik)

Aurreko adjektiboen kasuan, adjektiboaren lekuz aldatzeak kalifikaziotik nolabaiteko kuantifikaziora lerratzen du zentzua (1.3.2.3. epigrafean izan ezik): diferentes=varios. Beste adjektibo bat aipatu behar dugu orain, kokagune-aldaketarik gabe ere zenbatzaile-zentzu hori duena: demasiado (aldaera dotorea: excesivo).

Erdaraz ­gaztelaniaz zein frantsesez­, desbideratze estilistiko bat gertatu da adjektibo horren semantikan: demasiado(s)=mucho(s). Hiztunak hain bihurtu dira horren zale, non erabilera berriak ia erabat jan dion lekua arruntari:

- No tengo mucha(s) gana(s). No tengo demasiada(s) gana(s).

Molde hori kalkatzetik dator okerra:

- *Ez dut gogo/liburu gehiegi. ( Ez dut gogo handirik / liburu askorik.)

- *Ez zuen kezka handiegirik/gehiegi(rik) horretaz. (Ez zuen kezka handirik horretaz).

- *Ez naiz trebeegia Ez naiz oso trebea.

- *Bisigodoen sarrerak ez zien aldaketa handiegirik ekarri. ...handirik ekarri.

Ondo dago «gehiegi (hots, behar baino gehiago, egoki den neurritik gora) ez kezkatzea», baina ez da hori esan nahi hor. Oraintsu arte, bestelako moduak erabili ditu euskarak:

- Ez zuen kezka handirik horretaz (kezkaren neurria).

- Ez zuen kezka askorik horretaz (kezken kopurua).

Jakina, zenbaitetan, eman nahi zaion zentzuak du gakoa:

a) *Indar handiegirik gabe jo zuen pilota [kalkoa, Indar handirik gabe esan nahi denean].

b) Indar handiegirik gabe jo zuen pilota [egoki, beraz, bestela pasatu egingo baitzen].

c) Indar handirik gabe jo zuen pilota [indar gutxitxorekin, aukeran].

a') Ez du (gauza/ezer) askorik jan / Gutxitxo jan du (*Ez du (gauza) gehiegi(rik) jan).

b') Ez du gehiegi jan (tamainan baizik, digestio astunegia ez eragiteko moduan).

Kontu bera gertatzen da sarri gehiegi (=demasiado) aditzondoarekin berarekin ere:

- *Ez dut gehiegi ulertu. Ez dut gauza handirik/askorik ulertu.

- *Etxeko lanak egitea ez zait gehiegi gustatzen. ...ez zait asko(rik) gustatzen.

Oro har, bada, aholku bakar bati jaramon egitea aski da: berezko, oinarrizko zentzuari eutsi (eta kalko itsuan erori gabe eman erdarazko berezion beste zentzuak).

1.5. Kopurua/kantitatea/neurria ("zazpi lan", "lana franko", "lan handia")

Gramatika modernoetan oso erabilia da [ + zenbakarri ] / [ - zenbakarri ] ezaugarria izen arruntak sailkatzeko orduan. Baina kontzeptu-banaketa hori ez da beti erabakigarria gertatzen, izen berak adiera zenbakarria zein zenbakaitza izan baitezake askotan: lan hitz arruntak, kasurako:

- Lan asko egin d(it)u horrek. (=hainbat lan)

- Lan handia egin du horrek. (=lan bakarra, handia)

Zehaztu ditzagun, hortaz, kontuak:

1.6. Numero gramatikalaren gorabehera (mugagabea singular-pluralekiko)

Perpaus barneko elementuen kalkoak (2): aditzen erabilerari dagozkionak

2.1. Azalpen orokorra

Aditzen adiera, jokabidea eta erregimena zehaztea hiztegien eta gramatiken kontua da, zalantzak zalantza. Halako oker asko, zenbaitetan, erdararen interferentziaz sortuak dira zuzenean; beste batzuk, berriz, analogia ustelez, edo, azken boladan sarri samar, hiperzuzenketaz.

Okerra:Zuzena:
- *eman diren suizidioak- gertatu diren suizidioak
- *Aneri jo dio- Ane jo du
- *horma eusten du- hormari eusten dio

Beste batzuetan, berriz, eredu estandarrerako hobetsi beharreko erabilera da auzia. Hori ere arauen mailakoa da noski:

Euskalki-erabilera:Eredu estandarra:
- Irten/igo dute- Irten/igo dira

Hemen, horiek hiztegi-gramatiketarako utzirik, aditz-egitura batzuek berekin dakarten kalko semantikoaz arduratuko gara. Kalko semantikoon artean, desbideratze estilistiko direlakoak ditugu: zentzu literaletik beste berezi batera lerratzen direnak.

Halako desbideratzeak, jakina, hizkuntza guztietan gertatzen dira, baina ez modu berean.

Oinarrizko zentzuaIrudizkoa
- Nos vamos.- Vamos a decidir.
- Ikastetxera goaz.- Ikasiz goaz.

Hizkuntza bakoitzari berea ematea da, bada, kontua. Azken xehetasuneraino sakontzerik ez daukagu, noski, baina interferentziarik zabalduenetariko batzuk jorratuko ditugu jarraian, kalko okerrak salatuz eta aukera egoki batzuk aipatuz.

2.2. Kasuistika

Perpausetik goragoko kalkoak

1. Bezala ustela

Bezala hitzaren berezko erabilera, bistan da, konparazioetarako da. Sakonean, perpaus bat dago bezala horren baitan:

- Nola dabilen zuzendaria, hala dabiltza mendekoak.

Zuzendaria (dabilen) bezala dabiltza mendekoak.

Baliagarria da, hain zuzen ere, horretaz jabetzea, bezalaren erabilera egokia (konparaziozkoa) mugatzeko: posible izan behar da azpiko perpaus hori esplizitatzea, parafrasi modura.

Zoritxarrez, erdarazko como hitzaren gainerako adieretarako ere erabiltzea dakar erdararen interferentziak, adibideetan ikusiko dugun moduan. Euskaraz, jakina denez, badira hainbat molde jator erdarazko como orohartzaile horren baliokide egoki. Atribuziozkoa denean, esaterako:

- Soldadu joan zen [*soldadu bezala].(5)

- Aurrelari (lanetan) jardun du [*aurrelari(a) bezala].

- Nagusitzat daukate [*nagusi bezala (kontsideratzen) dute].

- Sara izenez bataiatu zuten [*Sara bezala].

- Infernuaren ahoa esaten dioten (delako) leizea [*Infernuaren ahoa bezala ezagutzen den leizea].

- Antolatzaile gisa(ra)/moduan(ra) da ona [*antolatzaile bezala].

Azken adibide horren modukoak dira gehien nahasten direnak (nahastearen lehen adibide noizbehinkakoak zaharrak dira eta aski zabalduak dabiltza gaur egun zenbaiten hizkeran). Erabilerarik zorrotzenean, bada, azken adibidekoen modukoetan, gisa(n/ra) eta modu(an/ra) horien tankerakoak dira erabiltzekoak, konparatiboetarako utzirik bezala.

Bezalaren erabilera ustelaren arazoa, bestetik, ez da hitz horren berezko semantikari dagokiona soilik, beste aukerok ez bezalako anbiguotasunak sorrarazten baititu haren sintaxiak ere:

- Poetaren gisa/modura mintzatu da [ konparatiboa].

- Poeta gisa/modura mintzatu da [ atributiboa].

- Poeta bezala mintzatu da [soilik konparatiboa, izatez, baina zenbaitek atribuziozkotzat ere erabilia, salatzen ari garenez, forma berean].

Kasurik nabarmenenak, beharbada, atribuzioa adierazteko aditz bereziez lagundurikoena da (hartu, jo, eduki...), non -tzat atzizki prolatiboa ordeztu nahi baitu bezalak:

- *ekoizpenerako eredu bezala hartuta baizik [ eredutzat].

- *Gizonezkoenak bezala hartzen dira [gizonezkoen (gauza)tzat].

Laburtuz, bada, honako hau da gure proposamena:

Zentzu konparatiboa ez duten bezala horiek baztertu, eta adiera egokiaren araberako kasuan kasuko moldera jotzea, seinalaturiko aukeratik.

Kasurik oinarrizkoen eta ohikoenak baino ez dira aipatu hemen, baina zabalagoa da erdarazko como horren kalko-arriskua. Ikus, adibidez, horren eta besteren kalko itsuak nolako mordoilo sasidotorera ekar gintzakeen (adibidea erreala da!):

- eragina izatea gizartean bezalako erantzunak

Ustez, honelako zerbait esan nahi zen hor:

- erantzun batzuk/zenbait, hala nola (; honako hau, adibidez:) «gizartean eragina izatea»

Izan ere, hori baita erdarazko comoren beste erabilera bat, euskaraz bere horretan kalkatzerik ez dagoena noski (besteak beste, hizkuntza bakoitzaren hitz ordenamendua da hor auzia); adibideak ematekoa, alegia (bi puntuen etenik gabe):

- respuestas/pájaros... (tales) como (:)

- *Gure lorategietan, txantxangorria eta zozoa bezalako txoriak izaten dira.

Bistan da erne ibili beharreko kontua dela, eta hemen azaldu dugun baino kasuistika zabalagoa hartzen duela. Aldi berean, ordea, oso erraza da detektatzen, eta testugilearen senak neke handirik gabe aurkitu ditzake kasuan kasuko irtenbide egokiak.

2. Erakusleen testu-erabilerak (anafora/katafora)

3. Trinkotze-prozedurak

4. Gainerakoak

Esana dugu: kalko guzti-guztien errepertorioa osatu ahal izateko, aurretik, jokoan dauden hizkuntzen deskribapen konparatu oso-osoa eduki behar genuke ­mailaz maila eta puntuz puntu­, eta garbi dago ezinezkoa dela hori, hizkuntza bakarraren deskribapen osoa bera ere ezinezkoa baita noski.

Dena dela, jorratu ditugun kasu adierazgarriotan azaldu dugun filosofia, testugileak bestela ere behar duen sen eta ardurarekin konbinaturik, bada aski oinarri beste antzeko kasu askotara ere aplikatzeko irizpide berak, hizkuntzaren maila guztietan.

Hasieratik garbi eduki behar genukeena errepika eta azpimarra dezagun, bada:

Hizkuntzaren hutsuneak edo beharrizan berriak betetzeko prozeduretariko bat da kalko bidezkoa. Ez da zilegi, berriz, nagikeriaz zein hobe-ustean, hizkuntza horretan lehendik egoki asmaturik zegoena berriro eta okerrago asmatzen ibiltzea norbera, esapideak beste hizkuntzaren moldera bortxatuz.

Oin-oharrak

(1) Honelakoetan izartxoa (*) darabilgunean, ez dugu adierazi nahi, nahitaez, esaldia agramatikala denik edo hizkera batzuetan erabiltzen ez denik, baizik eta hemen proposatzen den ereduaren aurka doala, besterik gabe.

(2) Kokagunearekin jokatuz lortzen den joko orokor hori bestela erabil daiteke, eta erabili ohi da, poesian eta, oposizioa neutralizatuz:

- la nieve blanca ( la blanca nieve)
- tu pupila verde ( tu verde pupila)

Jakina, euskarazko izenondo-kokagune bakarrak berdin biltzen ditu adiera biak, arazorik gabe testuinguru arruntetan:

- elur zuria [ez da irudikatzen bestelako elurrik denik]

- zure begi-nini berdea [bestela uler liteke, zentzu zehaztailean, bakoitza kolore batekoa balitu norbaitek begiak; pluralean nekezago, jakina: «zure begi nabarrak»]

(3) Aditzek berek ere eman dezakete pista: «jaiotzen da», kasurako, nekez izan daiteke ekintza ere, eta nekezago errepikatu. Atalen goiburuetan eman ditugun aditz bien artean, berriz, ez da erabatekoa aldea, baina askoz ere aiseago agertuko da «(etxera) sartu» ekintza-gertakari bizi, bat-bateko modura, «(elkartea) sortu» baino.

(4) Ahalerazko adizki berezirik gabeko beste euskalki-esapide batzuk ere ez daude libre anbiguotasun horretatik, eta, bestela ere, hobe da eredu estandarrerako haietara ez jotzea:

- irabazten ahal du (ekialdekoa)
- irabazi ahal du (Bizkaiko hizkera batzuetakoa)

Inoiz bereizkuntzarik egin ote den eztabaidagarri bada ere, ez dirudi gaur egun halako alderik dagoenik (alde horretatik, bederen) ahalerazko adizki bereziz emanikoen eta ahal nahiz ezin modalez moldaturikoen artean, molde biek onartzen baitituzte interpretazio biak (ahalmena/gertagarritasuna):

- Ez dezake irabaz.
- Ezin du irabazi.

(5) Berriro ere garbi utzi behar dugu guk hemen esamolde bati izartxoa (*) ipintzeak ez duela esan nahi, nahitaez, euskaraz inoiz erabili ez denik, proposatzen den ereduarekiko desegokitzat jotzen dugula baizik.

(6) Pluralerako ere berdin balio du proposamenak, nahiz eta arazoa, hiru forma baitabiltza borrokan (beren, euren, *beraien), handiagoa izan hor. Auzia, gainera, ez da genitiboona soilik, deklinabide osoarena baizik, hots, plural guztiena (berak, eurak, *beraiek). Forma indartu edo berretuen presentzia gutxiagotzera jo behar genuke, haiek forma soila aski denean.

(7) Berdina da banaketa adberbio deiktiko/anaforikoen kasuan ere: han/hor/hemen, hala(ko)/horrela(ko)/honela(ko)...


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Trinkotze prozedurak ez dira “aldaera estilistikoak”, baizik aukera aberasgarriak (intentzioetan) eta funtzionalak (erabilgarritasunean).

Jesus Rubio / 2005-09-13 / 12:13

Nire ustez, Juan Garziak egiten du huts handia noiz aurkezten dizkigu trinkotze-prozedurak nola bailiran aldaera estilistiko hutsak.

Konpara ditzagun:

A) Peru etorri zen. Bere atzetik, Jokin etorri zen.

eta

B) Jokin Peruren atzetik etorri zen. (Jokin etorri zen atze Peru)

Juanek esango liguke ezen trikotze hori aukera estilistiko huts bat dela, baina ez da horrela. Ikus ditzagun bi diferentzia nabarmen: 1)intentzioa eta 2) erosotasuna:

1.- INTENTZIOA

Zentzu batean esan daiteke ezen bi esaldi horietan ematen baita informazio berbera: Peru etorri zen, eta Jokin etorri zen, eta azken hau Peruren atzetik. Baina B forman intentzioa da azpimarratzea ezen Jokin etorri zela atze Peru, zein baita etorri zen (bada hor erliebe bat: Jokin da sujetua, eta Peru osagarri baten partea); bitartean-eta A forman sinplemente esaten da ezen Peru etorri zen (bere esaldi propioan), eta bere atzetik Jokin (bere esaldi propioan ere); eta hor, kontrastean, beste intentzio bat dago.

2.- EROSOTASUNA

B esateko esan beharko bagenu A, deserosoagoa izanen litzateke (anbiguoagoa izateaz gain). Bi aldiz esango genuke “etorri zen”, eta behin “bere”; gainera, derrigorrezko pausa bat egin beharko genuke an puntua.

Areago: hobe da Jokin etorri zen atze Peru ezi Jokin Peruren atzetik etorri zen; izan ere, lehenengoan komunikagaiak itsasten baitira modu koherentean (edozein hitzetan egin baitezakegu pausa koherente bat), bitartean-eta bigarrenean ezin da pausa hoherenterik egin (bukatu arte ez dugu pakerik).

Eta hor dago koxka.

Jakina, estruktura eta baliabide progresiboekin (hau da, SVO estrukturarekin eta baliabide prepositiboekin) askoz errazagoa da lortzea testu aberatsago eta erosoagoak, eta hori da arazoa, hor datza diferentzia inter hizkuntza regresiboak eta progresiboak).

Eta Juan Garziak onartu behako luke, edo kontrargudiatu.


[JESUS RUBIO PEÑA da doktore an ekonomia]


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1126191034