Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ortotipografia

Ikasmaterialen Aholku Batzordea / Irakaskuntza / 2005-07-11 / 07:00


Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ikasmaterialen Aholku Batzordea estilo-liburua osatzen ari da, ikasmaterialak egiteko hizkuntza-irizpideak finkatuta egon daitezen. Atalka argitaratuko dute: lehen atala "Ortotipografia" izenekoa da. Joxe Ramon Zubimendik prestatu du eta bertan jasotako hainbat irizpidek Euskaltzaindiaren oniritzia ere jaso du. "Ortotipografia" lana oso-osorik erabili.com-en daukazu esku-eskura.



Urteak dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Euskara Zerbitzuaren bidez, euskal ikasmaterialgintzari ekin ziona. Hezkuntzajarduna artez eta moldez aurrera eramateko behar-beharrezkoak diren lanabesen artean, izan ere, lehentasun osoa dute ikas- eta irakasmaterialek. Unibertsitate aurreko ikasmailetarako euskarazko ikasmaterialak sortu, argitara eman eta zabalkundea ziurtatzen saiatzen da Saila. Xede horixe du EIMAk, bere sorreratik.

Ikasmaterial horiek egokiak eta kalitatezkoak direla ziurtatzeko, hizkuntzazko eta edukizko azterketak egiten zaizkie eskola-materialei. Azterketa hori egiteko ardura, aspaldiko urteotan, teknikari berezituen eskuetan ipinia du Sailak. Hizkuntzazko egokitasun-azterketa, konkretuki, Euskara Zerbitzuak bideratzen du hainbat onespen-aztertzaileren lankidetzaz.

Azterketa modu horri dagokionez, bi dira onespen-aztertzaile horiek baliatzen dituzten egokitasun-irizpideak: alde batetik Euskaltzaindiaren arauak, gomendioak eta aholkuak; bestetik, berriz, Ikasmaterialen Aholku Batzordeak (IABk) emandako argibideak eta aholkuak. Xabier Mendiguren Bereziartu (Euskal Editoreen Elkarteak izendatua), Joxe Ramon Zubimendi (Euskaltzaindiak izendatua), Juan Gartzia Garmendia (EIZIEk izendatua), Andres Alberdi (Hizkuntzazko egokitasun-azterketarako adituen koordinatzailea) eta Euskara Zerbitzua dira aholku-batzorde horren kide.

Itsaso nahasia gertatzen da, askotan, euskararen itsasoa. Hizkuntzaren erabilera zuzen eta egokia izanik helburu, normalizazio-lan horren babes-portua urrutitxo ikusten da sarri. Itsaso nahasi horretan ez da lan samurra izaten, nolanahi ere, araugintzan diharduenarena. Baina ibili beste erremediorik ez dago, are hain oinarrizkoa den eginkizunean asmatu nahi badugu: gure eskola-umeei eta gazteei hizkuntza egokia eta kalitatezkoa eskaintzea.

Hala, bere-bereak dituen eskuduntzen harira, eskola-materialen Estilo Liburua osatzea du asmo aspaldidanik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Esku artean duzun ortotipografiari buruzko liburuki hau ez da izango langintza bakarra, testuinguru zabalago horren hasierako zatia baizik. Hainbat dira euskarazko ikasmaterialen hizkuntzazko egokitasun-azterketa ahalbidetu aldera finkatu, adostu eta eguneratu beharreko hizkuntza-irizpideak. Horretan dihardu Ikasmaterialen Aholku Batzordeak. Liburuki hau duzu, hortaz, lehena, baina ez azkena. Dagoeneko egin da zenbait urrats, eta abian dira beste hainbat txosten ere (Erdarazko egituren kalkoak, Morfosintaxia, Onomastika, eta abar).

Ortotipografia izena eman diogun liburuki hau duzu, esan bezala, asmo zabal horren lehen emaitza. Aholku Batzordeko kide den Joxe Ramon Zubimendik atondu du, baina jende askoren ekarpenak jaso ditu bere ibilbide luzean. Aholku Batzordeko kideenak, lehen eta azken faseetan; baina ez haienak bakarrik. Ibilbide kalkulatua eta irekia eman nahi izan zitzaion hasieratik; irakasmaterialen esparrutik landa ere eragina izateko modukoa. Hartara, kontsulta zabala egin zen, eta denbora hartu zen azterketarako: urtebete pasa. Euskaltzain, idazle, onespenaztertzaile, argitaletxeetako teknikari, itzultzaile, eskoletako hainbat irakasle..., jende asko izan da lehen idazkuntza hari bere ekarpen-erreparo-zuzenketak eta hobespen-oharrak egiteko aukera izan eta egin duena. Emankorra gertatu da esperientzia. Eskerrik asko denei.

Zabalkundeari eta eraginkortasunari begira, azkenik, Euskaltzaindiaren oniritzia ere behar zuen lanak. Horixe eskatu zitzaion Akademiari. Hona hemen bertako Jagon Sailaren erantzuna:

Euskaltzaindiko Jagon Sailak, Corpus batzordearen bidez, puntuz puntu aztertu du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, 2003ko apirilaren 11n, irizpen eske, Euskaltzaindiari aurkeztutako Ortotipografia lana.

Jagon Saileko Corpus batzordeak egoki eta taxuzkoa deritzo Ortotipografia lan horri, eta oniritzia eman dio.

Oniritzi honek ez ditu ez murriztuko eta ez baldintzatuko Euskaltzaindiak gerora alor horretan erabaki ditzakeenak.

Bestalde, Jagon Saileko Corpus batzordeak erabaki du Ortotipografia lanak eranskin gisa dakarren "Hitz elkartuen idazkera" izeneko atala ez epaitzea eta atal horri buruzko irizpenik ez ematea. Hortaz, oniritzi honek ez du bere barruan hartzen "Hitz elkartuen idazkera" izeneko eranskina.

Bilbon, 2003ko urriaren 17an

"Egoki eta taxuzkoa deritzo" Euskaltzaindiak, beraz, aholku-batzordeak egindako lanari. Berri ona da hori, esparru honetan lanean ari garenontzat: urtean ehunka ikasliburu idazten dituzten egileentzat, argitaletxeetan material horien orrazketa-lanaz arduratzen diren teknikarientzat eta, nola ez, ikasmaterial horiek hizkuntza aldetik egokiak diren ala ez aztertu behar duten espezialistentzat. Babes sendoa dakar Euskaltzaindiaren oniritziak, horrezaz gainera, Joxe Ramon Zubimendik eta batzordekide guztiek egindako lan-saioarentzat. Egindako lanaren babesa, batetik; eginbidean ditugun gainerakoekin antzera jokatzeko konfiantza, bestetik. Eskerrak eman nahi dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskaltzaindiari. Bere oniritzia kontuan hartzen eta betearazten ahaleginduko da Saila, araubidezkoa denez.

Konpondu ez den arazo batek hor dirau, hala ere: Sailak ez du arazo hori ezkutatu nahi. "Hitz elkartuen idazkera" atala da, hain zuzen, auzitan dagoena. Euskaltzaindiak ez du atal hori epaitu, eta ez du horretaz irizpenik eman. Ulertzekoa da, Euskaltzaindiaren beraren ARAUetako baten -25. arauaren- garapena baitakar horrek eta, nolabait, jatorrizko arauaren estutzea inondik ere.

Gauzak horrela, zer eskakizun molde eta maila ezarriko dira hemendik aurrera, ortotipografiari dagokionez, EIMAko onespen-azterketetan? Erantzuna argia eta zehatza da:

Besterik ez, honenbestez. Beti bezala zeu zara, irakurle, afera honetan epaile eta eragile. Euskararen onerako, ahalegin honetan asmatu izana da gure uste eta desio bakarra. Zernahi dela ere, ordea, jakizu zure ekarpen baliotsuak jasotzeko prest gauzkazula noiznahi. Hemen gaude: huiseus4@ej-gv.es

Lehenengo liburuki hau probetxugarri gerta dakigula guztioi, eta bere ondoren etorriko direnen bide-erakusle argia gerta dadila. Hala desio du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta halaxe adierazten dut bere izenean.

Letrakera arrunta

Letrakera etzana

Letrakera lodia

Letra lodia nekez irakurtzen da, baina erraz ikusten. Horregatik da horren erabilia iragarkietan: hain zuzen ere, oso nabarmena delako. Beraz, oso erabilia da publizitatean, aski erabilia aldizkarietan (koloretako irudiz jositako astekarietan-eta gehiago egunkarietan baino) eta gutxi erabilia liburuetan.

Eguneroko testugintzan edota liburugintzan, letra lodiz idazten dira izenburuak, atalburuak, azpiatalburuak eta gisakoak. Horrez gainera, oso gutxitan erabiliko da, ez bada ohar-markaren bat ikusarazteko nahiz letra etzanez idatzitako testu zatietako hitzen bat nabarmentzeko edo.

Hiztegietan bai, sarri erabiltzen da; begiak albait arinen aurki dezan bila dabilen hitza. Baina hiztegigintza alor berezia da eta tipografia-arau bereziak ditu, honako adibide hauetan ikus daitekeenez:

agiri. iz. (1761). Zerbait frogatzeko, zerbaiten berri emateko balio duen izkribua. Ik. dokumentu.

agiritegi. iz. (1945). Artxiboa.

agirizain. iz. (1859). Artxibozaina.

agitu, agi, agitzen. da ad. (1760). Gertatu.

Adibide horietako zenbait erabilera tipografiko okerrak edo desegokiak lirateke testugintza arruntean. Esate baterako:

Baina, esan bezala, hiztegigintza alor berezia da eta tipografia-arau bereziak ditu.

Kakotxak

Alboko kakotxak [« »] dira nagusi, baina kasu sinpleetan kakotx bikoitzak [" "] ere erabil daitezke.

Oinarrizko adieraz besteko izen berezien deklinabidea

Euskaltzaindiak aspaldi arautu zuen izen berezien deklinabidea; zehazki arautu ere, gure atal honetakoa izan ezik. Baina arazoa zera da: zenbaitek ez duela inoiz ere kentzen izenaren bukaerako -a artikulua eta, beraz, ez duela deklinatzen izenaren erroa. Jokaera trakets horren ondorio dira honelako okerrak:

*Euskaltzaindiara, Euskaltzaindiatik, Euskaltzaindiako... OKER

Euskaltzaindira, Euskaltzainditik, Euskaltzaindiko... ZUZEN

*Eusko Legebiltzarrara, Legebiltzarratik, Legebiltzarrako... OKER

Eusko Legebiltzarrera, Legebiltzarretik, Legebiltzarreko... ZUZEN

*Oñatiko Unibertsitateara, Unibertsitateako... OKER

Oñatiko Unibertsitatera, Unibertsitatetik, Unibertsitateko... ZUZEN

Ikusten denez, oker horixe bera egiten da udal eta antzeko zenbait izen arruntekin ere, eta bereziki urteko hilen eta asteko egunen izenekin:

*Gure udalara, udalatik, udalako... OKER

Gure udalera, udaletik, udaleko... ZUZEN

*Iazko urtarrilako, otsailako eta martxoako soldatak. OKER

Iazko urtarrileko, otsaileko eta martxoko soldatak. ZUZEN

*Aurtengo apirilan, maiatzan eta ekainan sartutako orduak. OKER

Aurtengo apirilean, maiatzean eta ekainean sartutako orduak. ZUZEN

*Astelehenatik asteazkenara, astearteako eta ostegunako, ostiralatik... OKER

Astelehenetik asteazkenera, astearteko eta osteguneko, ostiraletik... ZUZEN

Bada, bestalde, izen arrunta eta izen berezia nahastetik sortutako okerrik ere:

Donostiako bulebarrean atzera eta aurrera dabil jendea.

Donostiako Café Boulevarden elkartu ginen. [Boulevard izeneko kafetegian]

Baina gatozen harira, idazkera landuan arazoak sortzen dituzten izen berezien auzira. Bi jokabide ditugu aukeran:

Deklinabideko katramilak saihestea (ikus 1. puntua).

Izena deklinabidean sartzea (ikus 2. eta 3. puntuak).

Erdal izen bereziak

Siglak

Laburdurak

Neurri-izenak

Ehunekoak

Ordinalak

Bi puntuen ondorengo idazkera

Barra

Marratxoa

Bibliografia nola aipatu

Eranskina

Hitz elkartuen idazkera


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1120724165