Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)

2005-07-01 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Hizkuntza ez dugu berdin erabiltzen ahoz edo idatziz. Ikus-entzunezko hedabideetan ari garenok eguneroko lanean egiaztatzen dugu hala dela, ahoz ari garenean hitzak eta esaldiak baino baliabide gehiago darabilgula: entonazioa, keinuak, begi bistakoa, hiztunen kooperazioa...

Erdaretatik euskarara

Erdaretatik euskarara

Hitz kateatuak

Ahoz darabilgun hizkuntza eta idatziz darabilguna ez dira beti bat eta bera. Idatziz, ondo pentsatzen dugu zer esan nahi dugun, zelan esan behar dugun, eta orraztu bat baino gehiago egiten diogu testuari. Buruketa horren ondorioz esaldi "perfektuak" egiten ditugu.

Horrelako esaldiek ez dute akatsik; ondo betetzen dituzte hizkuntzaren arau guztiak. Hala eta guztiz ere, batzuetan ez ditugu eroso entzuten; ez zaizkigu gozatsu egiten belarrian. Hau da, paperetik kanpo ez dute ondo "funtzionatzen", eta hein batean badakigu zergatik: berezko hizketan ez dugulako horren esaldi "biribilik" egiten.

Orri honetan bildu eta aztertu ditugun esaldiak era horretakoak dira. Akatsik gabeak izanda ere, belarrian katigatuta geratzen zaizkigu. Gure helburua ez da esaldiok txartzat ematea, ezta zuzenaraztea ere, esateko testuen itzulpenari buruz gogoeta egitea baizik.

Ahoz zein idatziz ari garela, askotan, gure hitzak aurretik esandakoaren oihartzuna izaten dira, edo segidako errepika, edo berrespena, edo zerrendatzea. Hau da, gure hitzek aurretik esandakoa zehazten dute zelan edo halan. Adibidetzat goiko esaldiak balio digu. «Oihartzuna» hitzak eta horri lotutako beste hirurek kate bat osatzen dute.

  • Askotan, gure hitzak aurretik esandakoaren oihartzuna izaten dira, edo segidako errepika, edo berrespena, edo zerrendatzea.

Era horretako kateetan, forma bera hartzen dute elementu guztiek. Izan ere, esaldian "zeregin" berean txertatzen dira denak.

  • Zer asmo duzu, ba? Ostatua ixtekoa?

Adibide horretan kateko elementuak «zer» eta «ostatua itxi» dira. Egiturak osorik idatziz gero, garbi ikusten da: «zer asmo» eta «ostatua ixteko asmoa». Alegia, «zer» eta «ostatua itxi» elementuak «asmo»-ren izenlagun gisa txertatu dira esaldian.

Euskarak aukera bat baino gehiago ematen digu kateak eratzeko, adibidez, kasu marka azken elementuari bakarrik itsastea. Aukera baten edo beste baten alde egiteko, oso gogoan izan behar da ulertzeko zailtasuna, zuzentasunaz gainera.

  • Ińigo Lamarka arartekoak aurtengo urterako hiru txosten berezi iragarri ditu: adin txikiko, etxebizitza eta baztertuta bizi direnena.
    • Ińigo Lamarka arartekoak aurtengo urterako hiru txosten berezi iragarri ditu: adin txikikoena, etxebizitzarena eta baztertuta bizi direnena.

Beste adibide honetan ere etena sortzen da ulerpidean. Katea erdi-erdian apurtu da, eta efektua nahiko harrigarria da belarrian.

  • Azalduko diguzu zerbait Hawaii uharteez? Kulturaz, historia edo beste edozer?
    • Azalduko diguzu zerbait Hawaii uharteez? Kulturaz, historiaz edo beste edozertaz?

    Proposamen horretaz gain, beste aukera batzuk ere bidezko dira, noski. Berezko hizketan, agian, galderaren ostean eten bat egingo genuke, eta ez genuke beste guztia kateatuko, buruan «aipa dezakezu» edo antzeko esaldiren bat izango bagenu bezala.

    • Azalduko diguzu zerbait Hawaii uharteez? // (Hango) kultura, historia edo beste edozer.

Beste batzuetan katea eratzeko forma oso bihurria izaten da, baina, hala ere, ez du ulertzeko zailtasunik ematen.

  • giz-1: Izan ere, balea honek 2.500 kilometro egin ditu erditzeko. 2.500 kilometro egin ditu kumea ur beroagoan jaio zedin.

    giz-2: Askoz ere beroagoan.

    giz-1: Eta atseginagoan.

Dokumental horretan, ura nolakoa den azaldu nahian, naturalista bik hitz-kate korapilatsu samarra osatu dute, -agoan formakoa.

Kateak ez dauka aitzakiarik formagatik, baina ez dugu oso eroso entzuten. Izan ere, lehenengo eta behin, azalpenaren hari nagusia –baleak nolako ahalegina egin behar izan duen– alde batera utzita, bazter bateko buztan bati tiraka hasi dira. Bigarrenik, katea errespetatzearren, euskaraz «epel» esango genukeen tokian «bero» erabili da, «askoz ere epelagoan» esateak ez baitauka zentzurik.

Sarri gertatzen da jatorrizko testuak euskaraz kate bihurriak eragitea. Eboluzioa filmeko adibide honetan, emakumeek ez dakite zer den begien aurrean duten animalia.

  • emak-1: Hori ez da txakurra. Apoaren antz handiagoa dauka.

    emak-2: Edo untxiarena... edo txerriarena.

Badakite ez dela txakurra, baina zer den zehatz-mehatz, ez. Hipotesia osatzen ari direla, formaren aldetik katea apurtu egin da «txakur»-etik «apo»-ra. Buruketaren katean ere eten handia dago, logikoena zer ote den galdetzea litzateke eta; ez zeren antza duen. Berriro ere, elkarrizketako esaldiak guztiz zuzenak dira, baina elkarrizketa bera katigatuta geratzen zaigu belarrian.

Izan ere, zuzentasun gramatikalaren aurretik askotan belarria jarri behar dugu. Egitura batek esanaren erritmoa motelagotzen badu, edo itzulinguruak eragiten baditu, edo informazio-karga astuntzen badu, orduan hobe da egitura hori albo batera utzi. Eta adibideetan ikusi denez, itzulpenak ezartzen dizkigun hitz kateatuak ez dira izaten beti egiturarik aukerakoenak.

Kate ezerosoak saihesteko, bide bat baino gehiago dago. Elementuen forma hobeto hautatzea da bat.

  • emak-1: Hori ez da txakurra. Gehiago dirudi apoa.

    emak-2: Edo untxia... edo txerria.


  • Bilatzailea zara. Baina zuk pilota bakar batez arduratu behar duzu. Honetaz. Urrezko snitchaz.
  • [ But you are a seeker. The only thing I want you to worry about is this, the golden snitch. ]
    • Bilatzailea zara. Baina zuk ardura bat baino ez duzu. Pilota hau. Urrezko snitcha.

Beste bide bat katea eratzeari uko egitea da.

  • Udaberriko seihilekoaren lehen eguna. Berriz ere gurasoei agur esateko ordua eta ikasle berri mordo bati ongietorria egitekoa.
    • Udaberriko seihilekoaren lehen eguna. Berriz ere gurasoei agur esan behar, eta ikasle berri mordo bati ongietorria egin.

Hirugarrenik, ez da katerik eratu behar zentzu osoa hartuta ez daukaten elementuekin. «Nork» galdetuz gero, ez dugu gehiago behar. Bere horretan, galdetzaileak zentzu osoa hartuta dauka.

  • Nork? Nork esango zidan niri hiriko mutilik ederrenaz maitemintzeko?

Beste adibide hauetan, ordea, hitz solteek ez dute zentzurik hartzen ezeztapena agertu arte. Ez genituzke, beraz, ontzat eman behar.

  • Ezerk... Ezerk ere ez die ikasleei eskubiderik ematen gauez eskolatik kanpo ibiltzeko.
    • Ezerk ere ez... Ezerk ere ez die ikasleei eskubiderik ematen gauez eskolatik kanpo ibiltzeko.
  • Sekula. Sekula, sekula gehiago ez didazu horrela hitz egingo.
    • Sekula ez. Sekula gehiago ez didazu horrela hitz egingo.

Azkenik, elkarrizketa normaletan berez eratzen dira kateak galde-erantzunen bidez. Bikoizketan, baina, kontuz ibili behar dugu kateatze artifizialak ez egiteko, luze-laburrak ondo egokitu beharrez.

  • - Zure hitza dut?
    - Nire hitza.
    • - Zure hitza dut?
      - Bai, nire hitza duzu. / Bai, baduzu. / Bai, bai.

  • - Arratsalde on, Harry. Zure miresleek bidalitako opariak.
    - Miresleek?
    • - Arratsalde on, Harry. Zure miresleek bidalitako opariak.
      - Badut nik mireslerik, ala? / Nik, miresleak? / Miresleak?

Paperetik ahora

Zelan ahoskatu "g" eta "j" bikoizketan

Bikoizketan erabiltzen ditugun hizkerak ez dira denak maila berekoak. Batzuk hizkera jasoak dira, goi-mailakoak, eta hortik behera hainbeste gradu bereiz daitezke. Bikoizketan nahikoa zaigu mailaketa hirukoitza.

  • goiko maila = maila zaindua
  • erdiko maila
  • beheko maila

Bikoizketan, dibulgazio-dokumentalek maila zainduko hizkera erabiltzen dute. Beste era bateko dokumentaletan –abenturak, espedizioak, kirol balentriak eta antzekoak erakusten dituztenetan–, hizkera ez da hain goiko mailara heltzen.

Publizitatean, offeko esatariaren testuak zainduak izaten dira. Aktoreek kaleko jendearen antzera egiten dute hitz, kaleko jendearena egiten dutenean, hau da, ia beti.

Filmetan, telesailetan eta marrazki bizidunetan denerik dago, behereneko mailatik gorenekora, batik bat filmetan eta telesailetan.

Hizkera zainduenetan

Hizkera zainduenetan, "ge" eta "gi" grafiak beti ahoskatuko ditugu euskaraz [ gezur ] eta [ gizon ] ahoskatzen ditugun bezala. Salbuespen bi baino ez daude.

  • Euskaltzaindiak bestelako ahoskera erabaki izana.
    • "gin" (gin-tonika egiteko) [ yin ]
  • Jatorrizko hizkuntzan bezala erabiltzen dugun izen berezia izatea.
    • "Argentina" [ arxentina ]
    • "Gioconda" [ yokonda ]
    • "Georgia" (AEB) [ dzordza ]

    baina

    • "Georgia" (Kaukaso) [ georgia ]

Hizkera zainduenetan, "j" grafia beti ahoskatuko dugu gaztelaniaz [ yema ] eta [ yugo ] ahoskatzen ditugun bezala. Salbuespen bat baino ez dago.

  • Jatorrizko hizkuntzan bezala erabiltzen dugun izen berezia izatea.
    • "Jaen" [ xaen ]
    • "Sanjurjo" [ sanxurxo ]

Hizkera zaindutik behera

Hizkera zaindutik behera, maileguzko hitzen "ge", "gi" eta "j" grafiak

  • gaztelaniaz "jenjibre" [ xenxibre ] bezala ahoska daitezke.
    • "geranio" [ xeranio ]
    • "jiratu" [ xiratu ]

Dena dela, euskara egokitutako izen berezietan,

  • "ge" eta "gi" beti ahoskatuko ditugu [ g ], eta "j" beti ahoskatuko dugu [ y ].
    • "Belgika" [ belgika ]
    • "Egipto" [ egipto ]
    • "Japonia" [ yaponia ]
    • "Jordania" [ yordania ]


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Txosten hau ETB eta MIXER-eko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)


Inprimatu


Erantzun

 
"J" letraren ahoskera
2005-07-01 / 09:54 / Alfontso Mujika

Eskertzekoa da zuen ahalegina. Nik ohartxo bat besterik ez dut hemen aipatzeko.

"j" letraren ahoskeraren atalean, eta hizkera zainduenaren atalean, beti gaztelaniazko [ yema ] eta [ yugo ] ahoskatzen ditugun bezala ahoskatzeko aholkua eman duzue. Eta salbuespen bat baino ez duzue onartzen:

[ xaen ] , "Sanjurjo"-> [ sanxurxo ] >

Ados nago salbuespen horrekin, baina uste dut salbuespena beste hitz batzuetara ere zabaldu beharko litzatekeela. Euskaltzaindiak berak aipatzen ditu bere arauan (edo ulertu behar dugu zuek horiek ere besteak bezala ahoskatzea hobetsi duzuela?):

Hitz-hasieran: "jertse, jipoi, jira" Horiek Hegoaldeko hitzak dira, eta ez dut uste hizkera zainduan [ yipoia ] ahoskera proposatu beharko genukeenik.

Hitz barruan: "garaje, ijito" Hemen zalantza egin daiteke, Hegoaldeko edo Iparraldeko ahoskerak desberdinak baitira, zein hobetsi, Euskaltzaindiak biak ontzat eman dituelako, Hegoaldeko belarra eta Iparraldeko sabaiaurrekoa. Nik, Hegoaldean, belarra erabiliko nuke, ez nuke [ garaye ] ahoskatuko.

Kontua da Euskaltzaindiak bost hitz horiek aipatu dituela, baina, ziur asko, gehiago ere izango dira. Zuek horretan ari zaretenez, uste dut zuek zaretela egokienak salbuespen-zerrenda osatzeko, hau da, adi egoteko ea beste hitzik ote dagoen multzo horretan sartzeko.

(ALFONTSO MUJIKA ETXEBERRIA Elhuyar Fundazioko zuzentzaile-taldeko kidea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus