Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak 25 urte

Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak 25 urte

2005-06-10 / 07:00 / Jose Antonio Mujika   BESTELAKOAK

Hogeita bost urte bete ditu aurten Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak. Ondo bete dituela esan dezakegu, emaitzak ikusita. Emaitza nagusia, ez dut uste esan beharra dagoenik, EGLU saileko liburu mardulak dira. Hamaika txosten idatzi eta eztabaidatu ondoren, bilduma horretako liburukiak argitaratzen joatea izan du batzordeak eginkizunik handiena. Gaur, hain zuzen, VI. liburukia aurkezten dugu, eta horrek proiektuaren "azken txanpan" sartuak garela esan nahi du. Azken liburua falta zaigu orain proiektua bururatzeko –perpaus jokatugabeei dagokiena–, eta hasiak gara dagoeneko hori ere prestatzen.

Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak 25 urte

Hogeita bost urte bete ditu aurten Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak. Ondo bete dituela esan dezakegu, emaitzak ikusita. Emaitza nagusia, ez dut uste esan beharra dagoenik, EGLU saileko liburu mardulak dira. Hamaika txosten idatzi eta eztabaidatu ondoren, bilduma horretako liburukiak argitaratzen joatea izan du batzordeak eginkizunik handiena. Gaur, hain zuzen, VI. liburukia aurkezten dugu, eta horrek proiektuaren "azken txanpan" sartuak garela esan nahi du. Azken liburua falta zaigu orain proiektua bururatzeko –perpaus jokatugabeei dagokiena–, eta hasiak gara dagoeneko hori ere prestatzen.

EGLUrena gutxi ez dela, beste lan batzuk ere egin ditu batzordeak. Hala, esate baterako, araugaiak prestatu izan ditu, Euskaltzaindiaren eskariz, euskaltzainei proposamen moduan aurkezteko. Azken urte hauetan, gainera, JAGONETetik etorritako galderei erantzuten ere jardun du.

Hogeita bosgarren urteurrena dela eta, batzordeak egindako lan horien inguruan aipamen eta gogoeta labur bat egiteko eskatu didate batzordeko lagunek. Ez dut, bistan da, lan guztien kontaketa xehe eta luzea egingo, astirik ere ez baita horretarako. Batzordearen ibilbidean izan diren une esanguratsuenak ekarriko ditut gogora, bakoitzaren iruzkin laburra eginaz.

Eta, ohi denez, hasieratik hasiko naiz.

  • Batzordea 1980ko martxoan eratu zen, Euskaltzaindiak Hondarribian eginiko bilera batean. Asmoa aurreko urtetik zetorren, Arrasaten egindako IX. biltzarretik. Partaide asko izan ziren biltzar hartan egun pare batez gramatika kontuak jendaurrean jorratzen. Hori ikusita, gramatika gaiak aztertuko zituen lantaldea edo batzordea eratzeko garaia iritsia zela erabaki zuen Euskaltzaindiak (1). Hala, Hondarribian, batzordeko arduradunak izendatu zituen: P. Lafitte, buru; J. Haritschelhar, buruorde; P. Goenaga, idazkari; eta Mª. P. Lasarte, idazkariorde. Batzordekideak, ordea, ez zituen izendatu. Izenik eman gabe, «Arrasateko batzarrean txostenak egin zituztenak, eta gaur egun gramatika lanetan sartuak direnak» deitu zituen batzordean parte hartzera. Lehen bilera maiatzaren 29rako deitu zuen.

    Berehala hasi zen lanean batzordea, baina, egia esan behar bada, zer egin behar zuen, eta nola, zehatz jakin gabe. Eginbehar nagusia Euskaltzaindiak emana zion: egunen batean haren Gramatika izango zena taxutu ahal izateko langaiak biltzen joatea. Hori zuen xede nagusia. Nola egin, ordea? Helburu hurbila eta hartara eramango zuen metodologia zehaztea falta zitzaion. Ez zen, hala ere, geldi egon batzordea, kontu horiek erabaki artean. Ibilian hasi zen, itsumustuan bezala bada ere, ibiliak berak bidea erakutsiko ziolakoan.

    Batzordea bera ere aldatuz jon zen hasiera hartan; kide batzuk joan eta beste batzuk etorri ibili zen hilabete batzuetan. Hala, 1981. urtearen hasieran Loiolan eginiko Barne jardunaldietan, esandako lau arduradunez gain, P. Altuna, A. Irigoyen, X. Kintana, J. A. Mujika, K. Rotaetxe eta R. Badiola izendatu ziren batzordekide, baina horietako batzuek berehala utzi zuten batzordea eta, aldi berean, beste batzuk etortzen hasi ziren, inoizka batzuk eta modu jarraituan beste batzuk (2). Denbora luze gabe, ordea, finkatu egin zen taldea. Egokia izan al zen hori? Baietz esango nuke nik. Talde irekiak aberatsagoak izan daitezke, egia da, irizpideetan zabalagoak, baina talde finkoek jarraipena eta iraupena ziurtatzen dute. Eta horixe zen orduan, aurrean genuen lanerako, behar genuena.

  • EGLUren aurreko garaia izan zen hura, 1980 eta 1981 urteetan luzatu zena. Kide batzuek ekarritako lanak aurkeztu ziren hasierako bilera haietan, bakoitzak nahi zuena, gaiak beren artean inolako loturarik ez zutelarik. Lan haietako lau, P. Lafittek, P. Altunak, L. Akesolok eta J. Haritschelharrek aurreneko bileretan aurkeztuak, Gramatika batzordearen lanak izeneko bildumaren 1. zenbakian eman ziren argitara, 1981. urtean (3).

    Aurrera jarraitzeko asmotan jaio zen bilduma hura, noski, baina bide laburra egin zuen, zenbaki bakarrean geratu baitzen: lehen zenbakia izan zuen azkena, ondoko bileretan aurkeztutako lanak beste nonbait argitaratu baitziren.

    Batzordearen lanak abiatzea, horixe izan zuten batez ere meritu hasierako bilera haiek.

    Gogoan dut, garai hartakoen artean, P. Lafitte batzordeburu zenaren interesa gramatika kontuak taldean eztabaidatzen ikusita. Irizpide zehatzak izaten zituen beti, eta batzuetan aski berriak. Zenbaitetan bere pentsamenduetan bildua zegoela ematen zuen, isilik eta bileratik at bezala, baina berehala irteten zen isiltasunetik zerbait interesgarri edo eztabaidagarri entzuten zuenean.

  • Hasierako urte bi haiek igarota, EGLUren garaia etorri zen. Inoiz egin beharko den gramatikarako langaiak prestatu nahi baziren, zerbait sistematikoago egin behar zela pentsatu zuen batzordeak eta perpaus bakunaren azterketari ekitea erabaki zuen, perpaus elkartuena gerorako utziz. Perpaus bakuna bera ere bi urratsetan aztertzea erabaki zuen. Gai batzuk, aditzari dagozkionak batik bat, bigarren urrats baterako utzi ziren. Urraska aritu zen, bada, batzordea, eta izena ere halakoa jarri zion bere lanari: Euskal Gramatika. Lehen Urratsak, laburtuz EGLU.

    Hasteko, bada, 1982tik 1985era bitartean EGLU-I liburukia prestatzen jardun zuen batzordeak. Liburuki lodia da, 500 orritik gora dituena.

    Merezi du liburuki horri eta horren atzean dagoen lanari erreparatzea, hor jarri baitziren ondoko lanaren oinarriak.

    Hasteko, lan sistematikoa egin nahi izan zen, izen sintagma eta honen osagaiak –izena, izenordainak, determinatzaileak, adjektiboa, izenlagunak etab.– modu zabalean aztertuz; eta berdin gainerako gaiak ere –hala nola, perpausaren egitura, deklinabidea etab.–. Hortik lanaren luzera eta neurri handia. Lehen liburuki hartan errazagoa izan zen horrelako azterketa zabala egitea, han aurkezten ziren gai gehienak aski aztertuak baitzeuden aurreko gramatiketan, eta batzordearen lana, neurri handi batean, aurretik esandakoa biltzea izan baitzen. Biltze lan horretan geratu izana kritikatu izan dute batzuek, hain zuzen ere, baina hori egitea ere ez zen lan makala izan.

    Testuaren argigarri emandako adibideetan-eta orain gabiltzan baino murritzago ibili ginen orduan, artean ez baikenuen eskura OEHko corpusak eskaintzen digun laguntza handia. Bakoitzak ahal zuena ekarri zuen, liburu batetik eta bestetik, eta baita ahozkotik ere, bildua. Zaila da horrela oreka gordetzea, jakina.

    Bestetik, euskarazko terminologia ere lantzen joan behar izan zuen batzordeak, ibilian-ibilian (4). Hala sortu ziren "adjektibo –artean adjetibo–, izenondo eta izenlagun", edota "adberbio, aditzondo eta adizlagun" bereizketak, eta horrelako beste asko. Denetan ez genuen asmatuko, noski, baina bidea ireki zen behintzat.

    Lana egiteko modua ere aipatzekoa da urte haietako jardunaren ezaugarrien artean, gerora bere horretan jarraitu baitu, aldaketaren bat edo beste gorabehera. Taldelana izan da beti batzordearena, taldean eginikoa. Horrela, lehen liburukiaren edukia zein izango zen erabaki eta gero, hartan agertuko ziren gaiak sailkatu eta batzordekideen artean banatu ziren, bakoitzak zegokion gaiari buruzko txostena presta zezan. Hori egin ondoren, eztabaidaren txanda etorri zen. Txostenak osorik irakurri eta eztabaidatzen ziren bileretan, txandan-txandan eta kapituluz kapitulu. Eztabaidak, zenbaitetan, luzeak eta biziak izaten ziren, baina baita, dudarik ez, aberasgarriak ere. Horrek, jakina, txostena bi edo hiru bider –edo are gehiagotan– idaztea eta berridaztea ekarri izan du zenbaitetan. Egia esan, lan neketsua da hori, baina hartara jo zuen batzordeak, zalantza handirik gabe, lan horretatik aterako zen emaitza egokia eta irakurleentzat erreferentzia izatea nahi baitzuen.

    Beste ezaugarri hau ere aipa daiteke EGLU-Ieko lanari dagokionez: liburua erabiliko zutenen iritzia jasotzeko prestasuna eta are gogoa. Beti izan du nahi hori batzordeak. EGLU irakurleentzat erreferentzia izatea nahi zuen, esan dudan bezala, eta, hortaz, adi egon da beti kanpotik zer entzungo bere lanari buruz. Liburukiak amaitutakoan, jendearen aurrean aurkeztu izan ditu gehienetan, inprentara baino lehen zenbaitetan, erabiltzaileen iritzia eskatuz.

    Hala, lehenbiziko liburua bururatua eta inprentarako prest zegoela, jendaurrean aurkeztu zen Iruñean, 1984an, Campionen omenez eginiko Euskaltzaindiaren X. biltzarrean. Proba moduko bat zen hura: ea jendeak zer iritzi zuen hiru urte luzez eginiko lanari buruz. Gogoan genuen Oihenartek bildutako atsotitzak dioena: «Begi batez aski du saldunak, ehun ez ditu sobera erostunak». Ehun begirekin begiratuko zuten "erostunen" iritziaren zain geunden, bada, jakinminez. Biltzarrean esandakoak entzunda, adierazpen bat zabaldu zuen Euskaltzaindiak Jardunaldien amaieran, egindako lana ontzat emanaz eta batzordeari aurrera segi zezala eskatuz. Proba gainditua zegoen. Hurrengo urtean argitaratu zen liburua, eta aurrera segitzeko prestatu zen batzordea.

    Handik bi urtera, 1987an, lehen liburuki horren Eraskina (sic) argitaratu genuen, zenbait gai osatzeko –hitz ordenarena, –ko atzizkiarena eta hitz elkarketarena–, eta deklinabide taulak emateko.

  • 1984tik 1987ra EGLU-IIren garaia izan zen. Aditzaren azterketa sakon- -zabala aurkeztu zen liburuki horretan, gure artean ohikoak ez ziren aurkezpen-modu eta deiturak proposatuz. Ez ginen aditz-paradigmak txukun aurkeztera mugatu. Hori lehendik egina zuen Euskaltzaindiak Txillardegik prestatutako Euskal Aditz Batua liburuan. EGLU-IIn aditzaren eta haren jokoaren ezaugarriak sakonago aztertzea eta deskribatzea zen helburu.

    Hasteko, aditz motak aurkezten dira, NOR eta NOR-NORK motako aditzen artean dauden gorabeherak aipatuz. Ez dira, artean, gerora maiz erabiliko diren zenbait kontu aipatzen, hala nola, esate baterako, aditz inakusatibo, inergatibo eta iragankorren arteko aldea, edo lexiko-aspektuari dagozkionak, baina azalpen interesgarriak ematen dira NOR eta NOR-NORK sailetako aditzei buruz, inpertsonaltasunari dagokionaz etab.

    Ekarririk aipagarriena, ordea, adizki jokatuei buruzkoa da beharbada. Modu koherente batean eman nahi da forma guztien berri, ezaugarri formalekin eratzen diren oposizioak baliatuz: aspektu marka dutenak eta ez dutenak bereizten dira aurrena, moduari dagokion -ke- morfema dutenak eta ez dutenak gero, tempusari dagozkion oraina, iragana eta alegiazkoak ondoren, eta pertsona markak azkenik. Oposizio horiekin forma gehienen berri ematen da. Azalpen sistema horrek formak aurkezteko deitura berriak dakartza, eta ez dakit zenbateraino sartu diren gure artean. Liburuaren 137. orrian ematen dira parez pare deitura-sistema biak, Euskal Aditz Batuan ematen zena eta EGLUk proposatua. Litzateke forma, adibide bat emateagatik, baldintzaren "Ondorioa" zen hartan, eta "Izan-en KE alegiazkoa" honetan. Bidea egin al du deitura berri honek? Tempus gramatikala eta denbora kronologikoa deituraz bereizteak ere ez dakit zenbaterainoko bidea egin duen. Dena dela, hor ditu aukera horiek, baliatu nahi dituenak.

    Sailkapen formalak eta erabilerak ere ondo bereizten dira, kapitulu banatan, irakurlea aurkezpen morfologikoaren gatibu gera ez dadin.

    Besterik gabe paradigmetara jo eta adizkien formak ikusteko erabiliko dute beharbada batzuek EGLU-II. Hori baino askoz gehiago aurkituko du, ordea, paradigmetatik aurrera jo nahi duenak.

    Liburu hau prestatzen ari ginela hil zen P. Lafitte, gure lehen burua. P. Altuna izan da geroztik batzordeburu, buruorde hasieran J. Haritschelhar zela, eta handik urtebetera P. Salaburu, Haritschelharrek batzordea utzi zuenean.

  • 1988an, EGLU-II amaituta, aurrera begira jarri zen batzordea. Zortzi urte ziren sortua zela eta lehen eginkizun nagusia bururatua zuen: perpaus bakunaren azterketa egina zegoen. Horrenbestez, perpaus elkartua aztertzen hasteko garaia zetorren. Zuzenean horri ekin baino lehen, ordea, denbora hartu eta beste lan batzuk egin zituen batzordeak.

    EGLU-I eta EGLU-II kontsulta-liburu modura erabiltzen hasiak ziren irakurle asko, eta gaiak aurkitzen ez zela beti erraza jakinarazi zioten batzordeari. Honek orduan, 1988an, liburuki horien Gai aurkibidea argitara eman zuen, kontsulta-lanak errazteko.

    Eta aurrera jarraitu zuen EGLU sailarekin ere, baina perpaus elkartua aztertzeari ekin gabe artean. Lokailuei eskainitako EGLU-III landu zuen 1988tik 1990era bitartean. Zalantza eta eztabaida handiak izan genituen, liburuki horren inguruan. Gramatikari baino gehiago ez al dagokio lexikoari lokailuen kontu hori? Izan ere, hauen zeregina ez da perpausak elkartzea. Ez dira gramatika-kategoria. Aditzondoak dira gehienak, neurri handi batean perpausen arteko lotura, testu-mailakoa, adierazteko erabiltzen direnak. Zalantzak zalantza, ondo etorri zen haiek aztertzea, ondoren aztertu behar genituen juntagailuetatik bereizteko balio izan baitzigun. Zaku batean sartu izan dira maiz, kidetasun semantikoak hartara bultzatuta, zinez juntagailu diren eta, edo, baina eta horrelakoak, perpausak juntatu eta elkartzen dituztenak, eta juntagailu ez diren halaber, bestela, ordea, hala ere eta horien antzeko lokailuak. Bereizketa hori oso argigarria izan zaigu gerora.

    Eta, gainera, gramatika azterketarako beharbada hainbeste ez, baina testu-idazketa lantzeko ondo etorriko zitzaizkion askori liburu horretan emandako azalpenak. Horrela aitortu izan dute, behintzat, langintza horretan ari diren batzuek.

    Idazketa-lana amaitua zela, jendaurrean aurkeztu genuen liburuki hau ere, Andoainen, 1990ean. Hartan aipatzen ziren gaiak aski berriak zirenez, modu horretan azalduta behintzat, interes berezia zuen batzordeak irakurleen iritzia entzuteko.

  • 1991an, azkenik, hasiera eman genion perpaus elkartuen azterketari, egin ditugun lanetan beharbada berriena eta luzeena denari. Oraindik amaitu ez den ibilbide luze eta ez batere errazari ekin genion orduan, EGLU egitasmoa bururatzeko xedearekin. Gaur aurkezten dugunarekin hiru dira perpaus elkartuak aztertzeko egin ditugun liburukiak. Perpaus juntatuak aztertzen ditu horietako lehenak, eta adizki jokatua duten mendeko perpausak beste biek.

    Perpaus elkartuak aztertzen hasita geundela, bestalde, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus bakuna liburua argitaratu zuen batzordeak 1993an. Lehenbiziko EGLU bietan esaten zena modu trinkoagoan aurkezten zen hemen, liburu bakarrean, bide batez ikusitako hutsune batzuk betez, kontu zenbait emendatuz eta terminologia egokituz. Erabilitako gaiak modu erosoago eta errazago batean kontsultatu ahal izango zituen horrela irakurleak. Pello Salaburu batzordekidea izan zen liburu horren moldatzailea.

  • 1991-1994 bitarteko urteetan perpaus juntatuak, hau da, maila bereko perpausen elkarketa, aztertzen aritu zen batzordea. Elkarketa hori bideratzen dituztenak juntagailuak dira –emendiozkoak, hautakariak eta aurkariak–, eta horiexek dira 1994an argitaratu genuen EGLU-IV liburukiaren gaia eta edukia. Horri buruz ere lan zabala egin zuen batzordeak, inoiz egin den zabalena, seguru asko. Horren jakitun zen batzordea, Patxi Altuna batzordeburuak sarreran idatzitako hitz hauek argiro erakusten duten moduan: «Batere harrokeriarik gabe esan dezakegula uste dugu euskaraz juntagailuen gainean inoiz eman izan den informaziorik joriena eta oparoena aurkituko duzula liburuki honetan». Adibide bat emateagatik, aski luze aipatzen dira liburuki horretan juntaduran egin ohi diren osagaien ezabaketak.

    Azalpen horiek guztiak egin ahal izateko, baliabide berria genuen, guztiz baliotsua eta artean ezagutu gabea: OEHrako eginiko corpus handira jotzeko modua zabaldua genuen 1990etik aurrera, eta hori aukera paregabea zen. Hasiera hartan, ez genuen zuzeneko irispidea corpusera, Eusko Jaurlaritzako EJIEren bitartez baizik. Lan hori bideratzeko laguntzaile bat behar zuen batzordeak. Hartarako aurkeztu ziren lagunetatik Jesus Mari Makazaga izan zen aukeratua, eta honen bitartez hasi ginen eskuratzen EJIEri eskatutako materiala. Ez daukat esan beharrik zenbat zabaldu zuen horrek gure lanaren esparrua. Pentsatzen ez genuen kontu bat baino gehiago aurkitzen genuen inoiz, hainbeste testu biltzen dituen corpusean barrena mugitzen hasitakoan.

  • Bost urte geroago, 1999an, mendeko perpausez ari den lehen liburukia, EGLU-V, eman genuen argitara. EGLU-V honek ematen dio hasiera mendeko perpausen azterketari. Aztergai konplexua da hori, denok dakigun bezala, gainerakoak baino gutxiago landua euskal gramatikaren tradizioan, eta, hala izanik, ahalegin handiagoa eskatzen duena. Honela esaten da liburuaren sarreran: «orain arteko gramatiketan gai hauei eskaini zaien orrialde kopuruarekin alderatuz, oraingoan zertxobait gehiago kontatzen dela pentsatzekoa da».

    In crescendo moduko bat ikusten da EGLU liburuetan. Lehena, esan dudan moduan, aurretik esandakoaren bilduma izan zen, neurri handi batean. Bigarrenak, aditzarenak, aurreko gaiak biltzen zituen, baina formen aurkezpen zehatza eginaz. Hirugarrenak eta laugarrenak, inoiz eman den informaziorik handiena eskaintzen dute testu-mailako loturari eta juntadurari buruz. Eta bosgarren honek are gai konplexuagoak aztertzen ditu: mota guztietako perpaus osagarriak –adierazpenezkoak, galderazkoak, subjuntiboak eta izenak gobernatuak–, era guztietako erlatiboak –arruntak, ardatzik gabekoak, apositiboak, ZEIN- eta BAIT-erlatiboak etab.–, konparazio perpausak –berdintasunezkoak eta desberdintasunezkoak, maila, zenbatasuna edo modua alderatuta, eredu erromanikoz eratuak etab.–, eta ondoriozkoak. Gai zailak eta konplexuak dira horiek egileontzat ez ezik, baita irakurleentzat ere. Oihartzun hori iritsi zaigu inoiz irakurle zenbaiten aldetik, liburu hau astuna egiten zaiela, alegia. Gaiak dira, ordea, halakoak. Eta guk ez diegu zailtasunei izkin egin nahi, gai korapilatsuak albo batean utzirik.

    Azterketa zabalari adibideen kopuru handia erantsi behar zaio. Azalpen agorrak ematera mugatu beharrean, testuak adibide ugariz hornitzea erabaki genuen, aurreko liburukietan baino areago, beharbada. Arazoak argitzen asko laguntzen dute adibideek, eta baita egituren taxu zuzena erakusten. OEHko corpusa izan genuen berriro baliagarri, EJIE eta UZEIren laguntzari esker.

    Epe hartan idazkari berria izendatu zen. Ordu arte corpuserako zerbitzari izan genuen Jesus Mari Makazaga da harrezkero batzordeko idazkari. Batzordekideak, berriz, urtetan batzordera biltzen joandakoak ziren. Honela zegoen eratua batzordea: Patxi Altuna, buru; Jesus Mari Makazaga, idazkari; kideak, berriz, Miren Azkarate, Luis Baraiazarra, Piarres Charritton, Andolin Eguzkitza, Patxi Goenaga, Alan King, Jose Mari Larrarte, Mª Pilar Lasarte, Jose Antonio Mujika, Beñat Oyharçabal, Francisco Ondarra, Karmele Rotaetxe eta Pello Salaburu.

    1998. urtean, liburua argitaratu baino urtebete lehenago, liburuaren lehen zirriborroa aurkeztu genuen Areatzan egindako jardunaldietan. Horixe izan zen jardunaldi haietako gaia, araugai-zerrenda luze batekin batera. Han zeudenen oharrak jaso genituen, ahoz lehenbizi eta idatziz gero, eta kontuan izan genituen, noski.

    Gogoratu daiteke, bidenabar, jardunaldi haietan irakurri zuela R. De Rijk hizkuntzalari ezagunak batzordearen eskariz idatzitako EGLUri buruzko artikulu kritiko bikaina. Euskera agerkarian argitaratua dago, 2002 urteko 1. zenbakian.

    Urtebete geroago aurkeztu genuen liburua, erabat amaitua, Etxarri-Aranatzen Victoriano Huizi eta Aingeru Iragarairen mendeurrenean eginiko jardunaldietan (5).

  • 2005ean, azkenik, EGLU-VI ematen dugu argitara, azken bost urteotako lanaren emaitza. Aurreko liburukiaren gaiarekin jarraituz, honetan adizki jokatuzko gainerako perpaus mendekoak aztertzen dira, luze eta zabal: baldintzazkoak, kontzesiboak, kausazkoak, helburuzkoak, denborazkoak eta moduzkoak. Liburu hau lantzeko zuzeneko irispidea izan dugu OEH eta UZEIren corpusetara, eta horrek are errazago egin digu adibideak-eta aurkitzea.

    Ez naiz luzatuko liburu honen ezaugarriak aipatuz, beste batzuk mintzatuko baitira horretaz, liburuaren aurkezpenean.

    Gogoratu nahi nuke, hori bai, liburuki hau prestatzen ari ginela, kide berriak etorri zitzaizkigula batzordera, odol eta indar berria ekarriz. Iñaki Amundarain, Juan Garzia, Nora Iriarte, Itziar Laka eta Paskual Rekalde ditugu lankide berriak, liburuki honetan iritzi emaile izan direnak, baina jadanik lantzen hasiak garen EGLU VIIan, bildumako azkenean, txostengile lanean ere ari direnak.

  • EGLUz bestelako lanak. Badirudi, horrenbestez, hemen amaitu beharko nukeela neure hitzaldia gure gramatikari dagozkion kontuak aipatu eta gero. Ez nuke, ordea, amaitu nahi beste kontu jakingarri batzuk aipatu gabe. Ohartu al zarete gero eta urte gehiago behar izan ditugula EGLU liburukiak prestatzeko? Aurrekoak bizpahiru urteetan egiten genituen; bosgarrena eta seigarrena egiteko, berriz, bosna urte behar izan ditugu. Zergatik hori? Gaiak konplexuagoak eta zailagoak zirelako, noski. Bururatzeko nekezagoak, alegia. Beste arrazoirik ere izan da, ordea. Hasierako helburu nagusia ahaztu gabe –Euskaltzaindiko Gramatikarako langaiak prestatzearena, alegia–, bestelako lan batzuetan ere aritu behar izan du batzordeak azkenaldiko urteotan, Euskaltzaindiak hala eskatuta. Horrek, jakina, EGLUren lanetan mantsoago ibiltzea izan du ondorio.

    Arauei dagokiena izan da lan horietako bat, eta JAGONETeko kontsulta-zerbitzuari dagokiona bestea.

    • a) Araugaiak prestatzen eta proposatzen 1994an hasi ginen. Euskaltzaindiak bere 75. urteurrena ospatzeko Leioan egin zuen XIII. biltzarrerako araugai batzuk prestatzeko eskatu zitzaion batzordeari. Txosten luzea prestatu zuen honek, atal bitan banatua: aurrenekoan, euskaltzainek hala erabakiz gero batasunerako arau bilaka zitezkeen 17 puntu aurkeztu genituen; eta bigarrenean, "Okerrak zuzenduz" deiturikoan, beste 20 puntu (6). Ez dut uste biltzar hartako aportaziorik txikiena izan zenik gure batzordeak eraman zuena. Lan handia egin genuen araugai horiek prestatzen, proposamenak ondo aztertuak eta oinarrituak izatea nahi baikenuen. Esan dezakegu, eta pozik esan ere, proposaturiko araugai guztiak onartu zituztela euskaltzainek ondoko hilabeteetan, eta, zegozkien aldaketak eginda, batasunerako arau bihurtu zirela.

      Lan horrek fruitu ona eman zuela ikusiz, hurrengo urteetan ere araugai gehiago proposatzeko eskatu zitzaigun, eta hala egin genuen, beste araugai batzuk landuz. Horien zerrenda bat aurkeztu genuen, hain zuzen ere, lehenago aipatu ditudan Areatzako Jardunaldietan, jendaurrean eztabaidatzeko, euskaltzainen esku utzi baino lehen.

    • b) JAGONETeko kontsultei dagokiena da aurrekoez gain etorri zaigun beste lan bat. Azken urte hauetan Euskaltzaindiak martxan jarri duen kontsulta-zerbitzu horretatik ere galdera franko etortzen zaizkigu. Ia bilera guztien hasieran izaten ditugu horrelako galdera batzuk. EGLUko txostenekin hasteko, ordubete edo are denbora gehiago joana zaigu askotan, galdera horiei nola erantzun erabakitzen. Gure erantzunak ez dira arau, noski, baina galdetzaileei zor zaien errespetuagatik, ahalik eta txukunen erantzuten saiatzen gara. Erantzunak galdetzaileari berari bidaltzen zaizkio aurrena, eta Euskera agerkarian argitaratzen gero (7).

Eta horrenbestez bai, horrenbestez uste dut amaitutzat eman dezakedala gure batzordearen historian barrena egindako ibilbidea. Uztazue, hala ere, bi kontu labur esaten, erabat isildu aurretik.

Etorkizunari dagokiona da lehenengoa. Atzera begira aritu naiz neure mintzaldian –egindakoari begira, alegia–, hori bainuen hartutako agindua. Etorkizunerako ere baditugu proiektuak, ordea. Washingtongo Artxiboaren sarreran omen dagoen esaldiak –Sheakespeare-rena dela uste dut– honela dio: «Iragana prologoa da». EGLU liburuak ere beste zerbaiten atariko dira. Haiekin amaitzen dugunerako, beste proiektu handi bat aurreikusia du batzordeak, lehen urrats horien ondotik datorren EGO –Euskal Gramatika Osoa– prestatzea, hain zuzen ere. EGLUn egindakoa berrikusiko da lan berri horretan, kendu beharrekoa kendu, erantsi beharrekoa erantsi, aldatu beharrekoa aldatu, laburtu beharrekoa laburtu, aurkezpena egokitu, erabilitako kontzeptuak eta terminoak berraztertu etab. Hitz batean esateko, batzordearen helburu nagusia betetzeko beste urrats sendo bat egitea izango da proiektu horren helburua.

Ondo etorriko dira lan hori egoki bururatu ahal izateko bai batzorde berritua, arestian aipatu dudana, bai iaztik hona eskaini zaigun aukera berria ere, lan horretan arituko den liberatu bat izatea, alegia. Izan ere, orain arte esan ez badut ere, gorago aipatutako lan guztia beren ohiko lanak utzi gabe egin dute batzordekideek. Lan orduetatik kanpoko denbora hartarako baliatuz, alegia.

Bigarren, erabat amaitu aurretik, aipamen berezia eskaini nahi nieke gorago esandako lankideetatik jadanik gure artean ez daudenei. Piarres Lafitte gramatika-maisu handia noiz hil zen aipatu dut gorago; ondoren, Lino Akesolo euskal testuen ezagutzaile apartak utzi gintuen; eta joan den urtean hil ziren Andolin Eguzkitza, espiritu zabaleko gizona, bileretan hitza hartzeko eta bere iritzia agertzeko inoren akuilurik behar ez zuena, eta Jose Mari Larrarte, itzultzaile trebea eta euskararen ezagutza sakona zuena. Esan beharrik ez daukat gogoan dauzkagula.


(JOSE ANTONIO MUJIKA CASARES Urrutiko Batxilergorako Euskal Institutuko -IVBAD/UBEI- euskara-irakasle da eta, sorrera-sorreratik, Euskaltzaindiko Gramatika batzordeko kide ere bai)

Oin-oharrak

(1) Eratu beharreko batzordeaz eta haren egitekoei buruz artikulu bana idatzi zuten L. Villasantek eta K. Mitxelenak, "Gramatika lanak koordinatzeko bilera" izenekoa lehenak, eta "Hondarribiko bilerak direla eta" izenekoa bigarrenak. Euskera 1981 (1)-an argitaratuak daude biak.

(2) Bileretara etortzen zirenen artean zeuden I. Sarasola, P. Salaburu, L. Akesolo, M. Azkarate, J. Uranga, J. M. Larrarte, A. Arejita...

(3) Hauek dira liburuxka hartan argitaratutako lanak: "-A Artikulu atzizkia", P. Lafitte; "«NON» Ziburuko Etxeberrigan", P. Altuna; "Sintaxi kasu bakantxo bat: Noren-Zeren sailekoa. Ghiristinho perfekzioniaren Pratika liburua aztertuz", L. Akesolo; "Euskararen bi latiboak", J. Haritschalhar.

(4) Aurreko gramatikari askok erdaraz egin zituzten beren lanak. Hala, esate baterako, L. Villasantek, P. Lafittek, R. Mª Azkuek, R. Lafonek eta beste batzuek.

(5) Jardunaldi haietan, batzordeko lana aurkezteaz gain, bestelako txosten batzuk ere irakurri ziren: Juan Carlos Odriozola, "Postposizioak EGLUn: Egitura motak eta gramatika kategoriak", Euskera, 1999, 2, 841-863. Eta Igone Zabala, "Gramatika-kategoriak eta EGLU", Ibidem, 865-896.

(6) Ikus Euskera 1994-3, 831-968.

(7) Beste lan batzuk egin izan ditu inoiz batzordeak, Euskaltzaindiak eskatuta. Hala, inoiz, Eusko Jarlaritzatik etorritako liburu edo txosten batzuei buruzko iritzia eskatu izan zaio. Orain urte batzuk, bizkaiera baturako gida izan nahi zuen liburu bati buruzko iritzia eskatu ziguten, eta orain berriro "Erdarazko egituren kalko okerrak" izenekoa izan dugu aztergai. Horiek, ordea, inoizka egindako lanak izan dira.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
EGO on!
2005-06-10 / 11:57 / Patxi Petrirena

Zorionak. Lan ederra 25 urte hauetakoa, eta ale bikaina atzo atera duzuen EGLU-VI hori. Diozuenez, VII.arenaren ondotik, EGO Euskal Gramatika Osoari ekin behar diozue. EGO on, beraz (ezen ez -egonean- egon)!

(Ez naiz presaka ibiltzeko eskatzen ari: ongi ulertzen dut zeinen lan neketsua eta luzea den).

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus