Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak

Lazarraga poeta zahar gaztearen berri onak

2005-06-13 / 07:30 / Xabier Kintana Urtiaga   KULTURA

Etxepare eta Lazarraga dira, Ipar eta Hego, Euskal Herriko lehenengo bi idazle eta poeta ezagunak. Beraien hitz neurtuak paperean iritsi zaizkigu gaur egunera guztion gozagarri. Etxepareren berri aspaldi samarretik genuen baina Lazarragaz, berriz, orain urtebete jakin dugu.

Joan Perez Lazarragaren IV. Mendeurrena dela-eta, 2005eko maiatzaren 28an, Barrundiako Udaletxean, Ozeta herrian (Araba) ageriko bilkura egin zuen Euskaltzaindiak eta Xabier Kintana euskaltzainak bertan irakurritako txostena duzu hauxe:

Arabako eta Hego Euskal Herri osoko lehen poeta ezagun honen omenaldira etorri zareten jaun andre guztioi, agur eta eskerrik asko gurekin egoteagatik.

Ohore paregabea dut, non eta hemen, Barrundiko eskualde eder honetan, bizi zelarik Joan Perez Lazarragakoak bere begiekin ikusi, goraipatu eta bere oinekin eta –noblea zela kontuan izanda–, agian zaldi gainean zapaldu zituen toki ederrotan, haren gomutaz, jada Euskal Literaturaren historian betiko eta ahantzezinik geldituko zaigunaz, hitz batzuk esatea.

Aspaldian esan zigun Bibliak inor ez dela profeta bere herrian, eta Lazarragak ere gutxiespen lotsagarri hori pairatu behar izan du, ulergaizki, bere jaioterrian, aldameneko herkideek berreskuratu eta ekarria izan baita erbestetik guregana. Izan ere, badirudi euskalduntasuna guztiek –eta hauteskunde-garaietan batez ere– hain merke aldarrikatzen duten salgaia den arren, eguneroko jardueran erabat ahantzia ukaiten dutela, daukaten karguagatik, presentexeago ukan beharko luketenek. Maiatz honetako lehen egun hurbila gogoan, zinez esan nezake, lanaz esan ohi dena parafraseatuz, batzuoi biziki gustatuko litzaigukeela hain euskaldun agertu eta jokatu beharrik ez izatea, gainerakoak beren sentiberatasunean eta eginetan pixka bat euskaldunago azalduko balira.

Baina deitoratzekoak alde batera utzirik, gogora dezagun, guztion pozgarrirako, Joan Perez Lazarragaren eskutik euskaraz ustekabean oraintsu heldu zaizkigun ehun orrialde mamitsu horiek, eta, bai hizkuntza aldetik eta bai literatura aldetik ere, gordetzen dituzten altxor baliotsuak (1). Ustekeria hutsa litzateke, beraz, saio labur batean aberastasun horiek guztiok jorratu eta bildu nahi izatea. Hortaz, neure gaurko lantxo honetan bi puntu xume ukituko ditut, besterik ez, horiek, gaurko ekitaldirako, aski eta sobera direlakoan. Larrea dorreko jaunak utziriko harrobi emankorrari, beraz, gainetiko urratu txikia egingo diot, barruan dauzkan mea sakonagoak erauzten saiatu gabe.

Iturrien arazoa

Eskuratu dugun koadernoak, anitz orrialdetan idatzia eta berridatzia ageri delako, lehen soaldian palipsesto nahasi xamarra irudi dakigukeen arren, edozein irakurle ohartu berehala kontura daiteke obra hori, hizkuntzaz eta idazkeraz aski landua dela. Maiz txistukarien ondoan agertzen diren gortzeak eta sandhi kasuren batzuk kenduta, guztiak hizkuntza mintzatuan aspaldian finkatuak (aberaspategaz, çuzpirioxe garrazpi ‘zuzpiriotxo garratz bi’, ezta faltaco, ezpadaguie, eztau, eztot eguingo faltaric, orrela gura doçunazquero, eztacust, nic ichico eçteuçut, ylteninçan ‘hiltzen nintzen’, oy nitaucautat ‘nik daukat’, nipere ‘nik bere’, bapere ‘bat bere’, ...) eskuarki hitzen forma kanonikoak oso ondo gordetzen ditu, horiek berba egitean izaten dituzten aldaera fonetikoak bazterturik (ez çabilç, ez dot entendimenturic, ez doçu errazoaric...), txistukarien ondoan leherkari hostunak hoskabetzen direlako fenomenoaz konturatuta, inoiz superzuzenketak ere egiteraino heldurik, gusdo (1148 r), cortesdo (1170v) edo gente noblez da (=‘eta’) lenguageaz (1169 v) bezalako grafiak, itxura osoz faltsuak, eskainiz.

Bestetik, oso ardura handiz transkribatzen ditu bokal luzeak (erdeeraazco, çaar, içaatea, cateea, beera...) eta igurzkariak eta afrikatuak grafiaz bereizten ez dituen arren, ondo kontuan izaten zituen horien artikulazio-puntua. gaurko z eta tz beti ç (inoiz c) edo z (çer, doçu, eçin, eçer, deustaçu, gauça, yçan, çara, çaoz, abuztu, ez, leguez, laztana / çeinçuc, oçitu, erioçea, bioça...), eta oraingo s eta ts-rako beti s (inoiz ß: ygaro ninçan baßoti v) edo ss utzirik (esan, asco, beste, osoric, solas, eusquel erria / aseguin, esea, losa, asecaba, ychi neusan, ysaso, diracasudan...). Sabaikariak, aldiz beti x eta ch (nax, gox, gaxto, dozenaxe, baxe, exilic, congoxadu, choria, guchi, anchinaco, ychi...). Horrek guztiorrek, bistan denez, aurretik, hizkuntzaren inguruko gogoeta sakona eskatzen du. Baina gogoeta hori latinaren edota jadanik izkribu-tradizio luzea zeukaten beste erdaren kasuan idazten ikastean bertan egiten bazen, zailagoa dirudi, orain arte uste genuenaren arabera, eskuarki idazten ez zen hizkuntza batean, hots, gurean bat-batean eta norbere kautatik egitea.

Eta euskaraz ia deus idazten ez zelako iritzia, ez da soilki, ondoko mendeetakook izan dugun informazio txar edo eskasaren ondorioa izan. Aski dugu, adibidez, Etxepareren liburuaren aitzinsolasa gogoratzea, hark ere, bere garaian gauza bera uste zuela konturatzeko: ceren bascoac baitira abil animos eta gentil eta hetan içan baita eta baita sciencia gucietan lettratu handiric miraz nago iauna nola batere ezten assaiatu bere lengoage propriaren fauoretan heuscaraz cerbait obra eguitera eta scributan imeitera ceren ladin publica mundu gucietara berce lengoagiac beçala hayn scribatzeco hon dela. Urte batzuk geroago, 1571an, Joanes Leizarraga protestanteak antzeko zerbait ziotson bere Testatmentu Berriaren hitzaurrean Joana Albret erreginari: nic scribatu dudan lengoage motá baita, sterilenetaric eta diuersenetaric: eta oraino, translationetan behinçat, vsatu gabea.

Ildo berean eta oraintsu arte, luzaroegi pentsatu da, gure lehen idazle gehienak elizgizonak izan zirela, euskarak predikazioan mantentzen duen egoera ofiziosoagatik horiek baitziren euskaraz trebeenak. Izan ere, Julio Urkixok Los Refranes vascos de Sauguis-en hitzaurrean (2) 1596.eko Refranes y Sentencias bildumako 273. esaera zaharraz, Gaçean, gaçean, ta ez Ybarguengorean ‘De la sal, de la sal pero no de la de Ybarguen’ delakoaz, emandako azalpenaren haritik, uste genuen Herriko handikiek, behekoekin mintzatzeko euskaraz nahitaez jakin behar izan arren, beren artean eskuarki erdaraz hitz egiten zutela, eta Etxepareren mezenas izandako Bernard Lehete edo Andres Poza, Esteban Garibai eta Baltasar Etxabe moduko apologista laikoak edoArnaut Oihenarte historialaria, izan, erregela orokor hori berresten zuten salbuespenak besterik ez zirela.

Egia da Mitxelenak berak inoiz, zeharka bederen, antzinako euskal literatura idatziaren ustezko tradizio sekularraren susmoa egin zuela Ibargüen-Cachopinen kronikan agertzen diren bertsoak bestelako grafiaz letraldatuak zirela ohartaraztean, egileak iturri zaharragoren batetik kopiatuak balitu bezala (3). Baina edonola ere, Joan Perez Lazarragakoaren obra honek erabat bestelakatu du garai hartako sekularrez euskara kontuan genuen iritzia. Horregatik, agian arreta handiagoz irakurri beharko genituzke Rafael Mikoleta bilbotarrak bere Modo Breve de aprender la lengua vizcayna-ren bertsogintza atalean dioskuzan berbak, bere garaian omen ziren euskaldun poeten garrantziaz gutxiets gabe (4).

Ez dugu ahantzi behar, gainera, berberak aitortzen digunez, guregana heldu diren lanak idatzi zituenean, Joan Perezek ez zituela oraindik hogei urte (erruqui nauçu neure aideac / çegaiti nax ni gaztea / oy orainganno ez nax ni eldu / oy bada oguei urtean... 1196 r) eta datu horrek, bere bakarrean ere, aski izan beharko luke idazle honez zenbait galdera eragiteko. Lehenengo eta behin, non eta nola ikasi zuen euskaraz idazten? Eta bigarrenik, nolako ereduak izan zituen kontuan bere lehen idazlanok moldatzeko orduan?

Gauza jakina da irakurtzea eta idaztea ez direla jarduera teorikoak, erabat praktiko eta aplikatuak baizik. Jendeak holako edo halako hizkuntza konkretuaren gaineanz ikasten du irakurtzen eta idazten, ama-hizkuntzaz izkiriatzeko, eskuarki, Euskal Herrian hori oraintsu arte hain ohikoa izan ez bada ere. Behin hizkuntza batean irakurtzen eta idazten ikasi eta gero, ez da hortik segitzen mintzaira horretan ikasirikoa, besterik gabe, besteetara ere automatikoki projekta daitekeela, batez ere bi hizkuntza horien egiturak oso ezberdinak direnean. Ondorioz, gure artean oraindik sarritan ikusten dugunez, litekeena da pertsona bat hizkuntza arrotz batean alfabetaturik egotea baina berean bi lerro idatzi edota irakurtzeko gai ez izatea. Idazteko eta irakurtzeko zaletasuna, gainera, eskola bidez ongienik menderatu den hizkuntzan izaten dugu guztiok, eta areago hizkuntza hori literatura jori eta atseginaz ongi hornitua baldin bada.

Hemendik atera nahi dudana, zuetariko askok jadanik susmatzen duzuenez, hauxe da: aztertu beharreko kontua litzatekeela Lazarraga gazteari euskaraz nork irakatsi zion irakurtzen eta idazten, eta irakurtzeko ere, zer nolako testuak –eskuizkribuak noski– erabili zituen. Galdera egiten dut, denboraz eta jakituriaz ni baino hornituagoei erronka eginez, ea horren erantzunak noizbait argitzen gaituen. Edonola ere, gogora dezagun XVI-XVII. mendeetan ospe handiko euskaldun eskribauak izan genituela, bai eta Joan Itziarkoa bezalako kaligrafo bikainak ere.

Joan Perezen gurasoak haren hezkuntzaz arduratu baziren, gazteak lehenbiziko pausoak etxean bertan egingo zituen segur aski, senide letraturen batekin edo agian apaizen batekin. Bere familiaren genealogian Lazarragak bere inguruko eskribau batzuen izenak aipatzen ditu: Juan Ruiz de Larrea, egindako faltsukeria bategatik galeretara kondenatua, eta Bautista de Larrea “que llaman el papudo, escribano en Argomaniz” (5), garaikideak biak, eta beharbada, gaztearen hezkuntzaz ardura izandakoak. Bere senide, auzokide eta zirikatzaile Esteban de Garibairen antzera, oso litekeena da goi ikasketak Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean egitea, eta agian hortik heldu zen euskaltzale bion elkar ezagutzea (6). Bere jatorrizko euskaraz gainera, hezkuntzaz gaztelania eta latina ere bazekizkien, garai hartan handiki batengan espero izatekoa zenez, eta bere erdarazko poemen artean badu bat zeinetan Ciceronen mintzairan aldizka lerro batzuk ezartzen dituen, ortografia gehiegi zaintzeke, egia esan: tentaçiones graviores....quibus yn bita rresisto....me parentes tradiderunt...que ni pro nunmis bendiderunt....ynterr çeteros dolores/ me magis bulneraberunt....imanus pedes clavaberunt 1170 r.

Irakurgaitzat erabili zein erabili ez, kontua da herri-koplak behintzat biziki maite zituela Joan gazteak, eta era horretako bertsoak maiz tartekatzen dituela bere poemen artean. Bereziki aipatzekoa iruditzen zait lehenbiziko lerroetan naturatik irudiak hartzeko joera (Haltzak ez dü bihotzik / ez gaztanberak hezürrik gisa) hurrengo lerroetan giza gertaera batekin konparatzeko (ez nian uste erraiten ziela / aitonen semek gezürrik). Horrela, arabarraren eskluizkribuan Urtan eder arria / aen gañean choria. / Amorantian lequidanarei / atera neio beguiac koplatxo hau irakurtzen dugu (1165r), lehen zatia Orixeren Euskaldunak poeman ere, pixka bat aldaturik, aipatua, herri-poesiaren klixet moduan (7). Era berean, gure herri poesiaren baliabide estetiko batzuk, aurreko lerroaren errepikapen adierazkorrak adibidez, ez dira falta gure poetaren obra honetan:

Mundu guztian orain ez dago
guiçon contentuagoric
oyta nola ni orain nagoan
çeruco jaunac guraric.
Çazpigarren ylabetean
urteje (= urtexe ‘urtetxo’) onau sarturic
yru egun cunplidu baga
oy setienbrec emunic
çeña çan egun aleguerea
ene laztanac guraric
ene laztanac guraric eta
neurc ala trabajaduric.

Amore poderoso jauna
asco deusut esquerric
çu serbiçeco ez jat faltaco
secula borondateric.
Denpora baten lotu ninduçun
catea fortiz batequin,
jaun çerucoa alabadu çe
orain banago libreric (8).
Donzellacho bat ecusi neben
lindea parebagaric
oy neure bioz amorosoau
ydogui çidan bertati
neuregaz neben libertadea
eroan çidan berequin.
1181 r

Bestalde, badirudi garai hartan bazirela Euskal Herrian zehar esaera topiko jadanik finkatu eta oso zabalduak, Itsaso hondargabea, adibidez, Lazarragak inoiz erabilia, hurrengo mendean Axularrek, bere “Baina zertarako sartzen naiz ni itsas hondar gabe hunetan?” (9) famatuan bezala, edota “muger arrizco bioça bano / gogorragoa çuc doçu” 1146 r, Axularren aipatzen duen “harri-muger” gogorraren kidea, bai eta aditz sintetiko bereziaz poesian finkaturiko esaera batzuk ere: Etxepareren Ezconduyen coplac poeman agertzen den “Nic nahyen dudanian bercech bessoan daraça”, Lazarragak gutxienez bi aldiz errepikatua: “aldi bat çeure besoan naraçaçu” (1186 r) “alcar daraçagula besoetan” (1186 v). Mendebaldeko poesia epikoan eta Bizkaiko galanteriazko poesian behin eta berriro azaltzen diren esaera batzuk (10) ahanzteke. Mendebaldeko tradizio zaharrekoak dira, gainera, Ene aragioc ycara dabilz... 1153 v eta ...jentea negar eguitez / ycara jabilt/ lau laurenoc bildurrez, arren nançuçu / jaun çerucoaen amorez / conta deçadan / pasio santua dolorez 1203 v modukoak Martin Bañez Artazubiagakoaren 1464 aldeko hileta-eresiaren oihartzun garbiak: Oñetaco lur au jabilt icara / lau araguioc vere an verala (11).

Erdarazko iturriei dagokienez, Jose Antonio Arana-Martija euskaltzaina berehala ohartu zenez, obraren prosazko zatia Jorge de Montemayor portugaldarraren Diana artzain-eleberriaren nolabaiteko imitazioa da. Garbi dago poeta gazteak gogoz irakurtzen zituela garai hartako erdal literatur lanak ere. Pasarte batean gainera, La bella mal maridada-ren aipamena dakarkigu, Jon Kortazarrek eta Patri Urkizuk seinalatu dutenez, eta honela garai hartan gaztelaniaz, frantsesez eta portugesez izen horrekin bertso-papereran idatziriko erromantzeetan korritzen zen estereotipo ezaguna bereganatu zuen (12). Mende horretako idazlan askoren antzera, badaki tarteka locus amoenus topiko famatuaren ukitu laburrak egiten: lauoc batera nor bere ardioaquin joaçela topadu çirean yturri fresco baten aldean nun guztiac alcarr eçauturic berva eguin eusaen... 1152 r, bigarren egunean çerbait janda loac artu çituan arbole fresco baçuen azpian..., esan eusaen nola emazteagaz joan çidin jardin batera...” 1143 v, ...floresta baten erditi. Jarri guinean berbaetan / rosale baten parean... 1183 r, horiek ere, zalantzarik gabe, haren erdal irakurketen ondorioak izanik (13). Ez da falta, bestalde, carpe diem topikoaren etsenplurik ere: Jauna çaoça gueldiric / basoan neurau bacarric nago / çe beguit agravioric. / Ene laztana ezin neyque /nic orrelaco gauçaric / culpa andia eçarri leydae / eyça galdu banegui... 1172 r.

Ene helburuetarako daukan garrantziagatik beherago aipatuko dudan pasarte baten amaieran, gainera, egileak mitologiazko pertsonaia batzuk aipatzen ditu: Medea eta Jason (14). Aurreko esaldiak bere obrari buruzkoak direnez, dirudienetik, perpaus hau ere autoreak egindako beste poema bati dagokio. Pertsonaia hauekiko zati horiek, ordea, ez dira agertzen guregana heldu den testuan, eta, beraz, gure oraingo eskuizkribuaren hasierako 1138 orrialdera heldu arte galduriko (?) zatian zirela pentsatu beharko. Gai klasiko horiek, kontserbatu zaigun pasarteetan agertzen den Marte jainkoa bezala (15), edota Erdi Aroko imaginariumean hain jorratuak izan ziren beste gai batzuk -neskatxa baten aurrean mantsotzen ei den adarbakarra edota kumeak bere odolaz elikatzen omen dituen pelikanoa adibidez- agian latinezko irakurketetatik jasoak zituen, baina bera izan zen, zalantzarik gabe, euskal literaturan horiek txertatu zizkigun lehenbizikoa (16).

Baina kanpoko eragin ukaezin horiez landa, badu, ene aburuz, Arabako poetak ukitu gertuagorik. Aurreko batean, prentsara presaka egindako adierazpen batzuetan Etxepareren nolabaiteko zantzoa susmatu uste nion. Hura intuiziozko zerbait zen, baina oraingoan, autore bien testuak patxada handixeagoaz arakatu eta gero, susmo horiek hobeki finkatzen ahaleginduko, edo nahiago baduzue, ausartuko natzaizue.

Honetan sakondu baino lehen, ordea, beharrezkoa deritzot kontsiderazio batzuk egiteari. Alde batetik, Joan Perez Lazarraga euskaltzale eta bertsozalea zen. Bestetik, Etxepareren obra ere bertsoz osatua zen, eta arabarraren lana baino 22 urtetsu lehenago zegoen argitaraturik. Euskaraz ari zen bertsozale baten kasuan, pentsatzekoa da, pertsona ikasia eta landua izanik, haren berri izan zezakeela, Larreatik Garazirainoko distantzia, muga gora behera, hemendik Toledo edo Madrilerainokoa baino txikiagoa baita, izan. Ezin ahantz dezakegu, horrez gainera, senide batzuk eskribauak zituela, hots, letra-gizonak, eta beraz liburuzale, eta halakoen artean ezin iragan zitekeen Etxepareren lehen euskal obra hur hotsik atera gabe, are gutxiago, ematen duenez, euskaltzaleak izanik.Gainera, familiaren aldetik noblea izanda, bazituen, hala nahi izanez gero behintzat, liburu hura eskuratzeko bitartekorik nahiko, bai dirutan eta bai iparraldetik obra hura ekarrarazteko harreman pertsonaletan ere.

Egia da, Trentoko kontzilioaz gero, dirudienez, elizgizonek gai mundutarregiez idazteko debekuak Etxepareren obraren ale gehienak sutara eraman bide zituela, eta orduko komunikabideak ere ez zirela gaurkoak bezain azkarrak, baina halere, ez zait arrazoi sendoegirik bururatzen, bai Oihenartek, bai Martinez de Isastik eta bai Larramendik hurrengo mendeetan haren ale bana lortu bazuten, Larreakoak ere, haiek baino lehenago, berea zergatik ezin zezakeen erdiets pentsatzeko, nafarraren obra jadanik bi hamarkada lehenago argitaratua zela kontuan izanda.

Zalantzarik gabe, Etxepareren obra esku artean erabili zuela jakiteko modurik erabakigarriena Lazarragaren beraren aitorpena litzateke. Baina hori ez daukagu, Montemayor edo beste iturriena egiten ez duen bezalaxe, egileari hori aipatzea bururatu ez zitzaiolako edota, beharbada, Trento ondoko giro hurbil hartan badaezpadako liburuak irakurria zela aitortzeak eliz agintariengandik ondorio larriak ekar ziezazkiokeelako, Inkisiziopeko Espainia hartan (17). Beraz, Etxepareren ustezko iturria frogatzeko era bakarra eskribu biak elkarrekin parekatzea besterik ez zaigu gelditzen.

Halere, ondo kontuan eduki behar dugu Etxepareren euskara eta Lazarragarena, gaurko mendebaldeko eta Nafarroa Behereko euskalkiak baino hurbilago egon arren, bazutela alde ez txikia, bai lexikoan, bai adizkeretan eta baita sintaxian ere. Hori dela eta, garbi dago Lazarragak, bere ingurukoek ulertua izatea nahi bazuen, ezin txerta zitzakeela beti bere poemetan Etxepareren obran irakurririko pasarteak hitzez hitz, bere euskalkiko ordainezko berbekin baizik. Hortaz, ondoren jarriko ditudan zatiak baldintza horrekin epaitu beharko dira, neurri batean behintzat.

Kidetasunak, oro har, bostetarikoak dira: 1) gaien aukera, 2) gaiak tratatzeko modua, 3) Etxepareren hitz eta esaldi bereziak, egokiturik, beste bertso eta testuinguruetan tartekatzea, 4) errima-motak eta, kasu batzuetan, 5) bertsoen ordena ere bai. Aurki daitezkeen guztiak agortzeko inolako asmorik gabe, erakuts ditzadan bederen, horietako batzuk, errazago konparatzeko, elkarren ondoan bi zutabetan eta letra beltzez nabarmenduak.

Aitzinsolasa

Hasteko, oroit gaitezen Etxeparek bere liburuaren hitzaurrea Bernard Lehete abokatuari eskaini ziola, mezenas honek lana ikusi eta nahi zuen erara zuzendurik argitara ziezaion:

Eta ceren oray çuc, iauna, noble eta naturazcoac beçala, baytuçu estimatzen, goratzen eta ohoratzen heuscara, çuri, neure iaun eta iabia beçala, igorten darauritzut heuscarazco copbla batzu, ene ignoranciaren araura eguinac. Ceren iauna, haiec iqhussiric eta corregiturik plazer duçun beçala, irudi baçautzu, imprimi eraci diçaçun.

Lazarragak ere badu beste testu bat, gaztelaniaz, hitzez zein mamiaz goikoarekin antz harrigarria daukana:

Porque a este librico a de andar por el mundo a donde aunque aya muchas personas que entiendan mejor que yo lo sabre dezirlo en el contenido abra hartos que thernan deseo de los saber me paresçio no ser cosa superflua al cabo desta hobrezilla dalle a entender a los tales subjetandome en todo a los doctos y discretos para que suplan y corrijan mi ignorancia quiero dezir que ban en halgunas coplas algunas autoridades y nombres castellanos ansi metricos como prosaicos las cuales aunque como arriba dygo ay muchos que las entenderan abra tanbien hartos que no estaran en quenta de lo que por ellas o en ellas quiero dezir por no aver leydo la ystoria y origen dellas y en lo que toca a lo significado dellas digo. (1200 v)

Judizio jenerala

Joan Perezen obra gehiena maitasunezko poemez osatua izan arren, badauzka, Etxeparerenak bezala, erlijiozko bertsoak ere, eta horietako batzuk, behenafarrak ukituriko gai berberari buruzkoak. Autore biak, adibidez, azken eguneko judizio jeneralaz ari ziren.

Patri Urkizu ere konturatu da Etxepareren eta Lazarragaren arteko gaikidetasun honetaz. Halere, azken buruko iturria Mat 25, 37ko pasartea izanik ere, ez dirudi Joanes Leizarragaren 1571ko euskal itzulpena, hitzez hitz, beste horien lanekin zuzenki konparatzekoa denik, Berazkoizkoaren lana beste autore horien obrak baino beranduago eman zelako argitara. Halere, Bibliaren pasartean azaltzen den gai hori bi autoreon bertsoetako kontakizunarekin zehatzago erkatuz gero, badirudi Lazarragak ez zituela bere narraziorako soilik kontuan hartu ebanjelariak kontatzen dituen xehetasunak, baina bai, aldiz, Etxeparek bere bertsoetan dakartzan beste elementu gehigarri batzuk, Biblian bereziki ageri ez direnak. Hona:

Leizarraga:

Ecen gosse içan naiz eta eztrautaçue eman iatera: egarri içan naiz, eta eztrautaçue eman edatera: arrotz nincen, eta eznauçue recibitu, billuci, eta eznauçue veztitu: eri eta presoindegian, eta eznauçue visitatu. Mat, 26, 42-43

EtxepareLazarraga

Maitasunezko bertsoak

Ondoren maitasunezko bertsoetako adibide batzuk erakutsiko ditut. Ideia eta hitzen arteko antz nabarmenez gainera, ez dut uste kasualitatetzat jo behar dugunik kidetasun formal eta tematiko batzuk bi autoreon bilduman, elkarturik, multzo berean, kokaturik egotea. Horrela Etxepareren bertsoetako elementu eta atal batzuk behin eta berriro tartekaturik agertzen dira Lazarragaren poemetan ere, trataera maiz ezberdina eta inoiz alderantzizkoa ere izan arren.

Azken bertso hauen hasieran, gainera, itxura osoaren arabera, euskal herri poesiaren ohiko klixeta zen, Lazarragak berak maiz erabiltzeaz gainera, Mikoletak dakarren bertso batean ere agertzen da eta: Dempora baten on oy nerechu / baya mudatu nindia / serren penatan vior equida / emon sengidan gloria.

Kasuren batean baserri giroko irudia bera azpimarra genezake, beste hitzez esana:

Ez dira oso esanguratsuak, Mikoletak berak bere garaian holakoak edonon oso ezagunak omen zirela dioskulako, baina kontua da lelori-lelori bertsoak ere, kasualitatez, poeta bien lanetan agertzen zaizkigula, garai haietako gainerakoetan ez bezala (19).

Etxepareren kantua

Interesgariak iruditzen zaizkit, bestalde, Lazarragak bere koadernoaren azken aldean dakarren azken judizioaren pasarte batzuk, Mossen Bernat Echaparere cantuya delakoarekin aieru bitxia daukatelako. Etxeparek berak kontatzen digunez, Nafarroako erregearen aurrean egin zioten salaketa garbitu nahirik, harengana joan zen, baina izterbegien eraginez faltsuki akusatua izan eta ondorioz Biarnon kartzelaldi latza egin behar izan zuen. Gatibualdi hau egiazkoa eta beldurgarria izan zen, eta ez Hitako Artziprestearena bezala (20), soilki poetikoa, bera preso zegoen bitartean jende batzuk hiltzeko gaztigua pairatzen zuten eta.

Edonola ere, giltzapeko zigor hori bere bekatuengatik bizitza honetan Jainkoak eskaini zion gaztigutzat hartzen du Etxeparek, horrela beste munduko pena ikaragariagoetarik salbatuko zelakoan. Hori dela eta, erregearekiko pena eta Jainkoaren gaztigua elkarrekin nahasirik azaltzen zaizkigu eta, beraz, litekeena da Joan Perez Lazarragakoak, behenafar apaizaren egiazko gorabeherak zuzenik jakin gabe, edota euskalkien ezberdintasunagatik bertsoen esangura ongi ulertu ez zuelako, kontakizuna zerbait metaforikotzat jo eta bertako elementu horiek bere beste poema baten iturburutzat hartzea. Halere, litekeena da autore gazteak lehen euskal poema liburu hura behin eta berriro irakurria izatea eta, inkontzienteki, haren pasarteak, esaldiak eta elementuak asimilatuz, azkenean bere buruko baliabide-biltegian metatzea, eta idaztean haiek aldizka ia konturatzeke azaleratzea, jatorrizko materialak bere kasa birmoldatuz, jatorrizko testuan esaten zenarekin beti bat etorri ez arren.

Sautrela eta Loa de las damas y galanes bascongados

Itsu izan beharko genuke, Lazarragaren poema honetan, zeinetan bere sorterria, Euskal Herria eta Araba, bi-biak, zein bere izenarekin goraipatzen dituen, eta Etxeparek bere Kontrapas eta Sautrelan ere agertzen diren laudorioen artean kidetasunik ez ikusteko. Lehen kasuan, batez ere, hizkuntzari buruzkoak dira eta bigarrenean hiztunei zuzenduak, baina Lazarragak ez du horregatik hizkuntza ahanzten, Etxeparek ere bere herria, Garazi, herritarrak eta, oro har, euskaldunak oro ahanzten ez dituen bezala.

Orain arte aipaturiko kidetasun hauek guztiok, guztiak maila berekoak izan ez arren, ene iritziz nahikoak dira gure lehen euskal poeta bion artean egiazko loturak izan zirela era arrazonagarriaz susmatzeko. Badakit norbaitek esan lezakeela badela antz horiek justifikatzeko beste modurik, hots, autore biak hirugarren iturri batetik edanak izatea, edota garai hartan modan zeuden gai orokor berberak biek, nork bere aldetik landuak izatea, hor eredua hartu baina elkarren berri izan gabe. Litekeena da, baina edonola ere, antz formal horietako bakoitzaz gainera, hor dago guztien multzoa bera: kidetasun horien behin eta berrizko maiztasuna, gai beroriexen aukera eta, inoiz, gaia garatzeko orduan erabiliriko formulak berak ere bai. Kasualitate gehiegi, eta mende haietako beste ezein euskal idazlerengan aurkitzen ez ditugunak. Ondorioz, ene ustez, arrazoi aski pisutsuak ditugu Lazarragak Etxepareren poemen berri zuzena bazuela pentsatzeko.

Lazarragak Etxepare irakurria izateak, bestalde, funtsezko garrantzia dauka euskal literaturaren interpretazio orokorra egiteko orduan. Izan ere, gure literatura maiz aurkeztu izan den era ikusita, irudi luke gure lehenbiziko idazle zaharrak bana-banako frankotiratzaile bakartiak izan zirela, funtsean apaizak, zein bere eskualdeari begira, muga politikoek aldenduak eta elkarren berri izan gabeak. Azken aldion biltzen ari garen datuen arabera, ordea, errealitatea oso bestelakoa izan zela dirudi: laikoak eta handikiak ere euskara lantzeaz interesatzen zirela, hasiera-hasieratik bazirela egiazko harremanak Pirinioen alde bateko eta besteko idazleen artean, bazutela elkarren ezagutzarik eta beren obretan bazela, herri bereko semeak ziren aldetik, beren nazioaren literatura sortu eta lantzeko kontzientzia, banaketa politikoak gora behera. Erran nahi baita, nolabait, bazekitela euskal literatura nazionala moldatzen ari zirela, ez baitzen kasualitatea, Ernazimendu giro hartan, bai Etxeparek eta bai Leizarragak, zeinek bere lanean, nazio hitza, euskaldunei buruz aplikatua, horrelaxe, zehazki, erabiltzea (22).

Gainera, oso esanguratsua da Leizarragaren aipamena “berce natione gucien artean” ia-ia Etxepareren hitz berberekin formulatua izatea “berce nacione oroc”, Beraskoizkoak, inoiz susmatu den bezala, Garazikoaren lana irakurria zuela egiaztatuz (23). Lazarragak, bestalde, Etxepareren ildotik, arestian jorratu den bere Loa de los galanes y damas vascongados horretan, argi erakusten du bere sorterria eta jendea goraipatzean zer nolako estimua zion bere nazioari. Gogora dezagun, bidenabar, bera dugula Euskal Herria hitza eta kontzeptua lehenbiziko aldiz aipatzen digun lehen euskal idazlea. Merezimendu ez txikia, aldi berean gure nazioaren iparraren eta hegoaren arteko lehen zubia erakusten digun poeta honentzat.

Hortaz, XVI. mendean Lazarraga hegoaldekoak Etxepareren lana ezagutzen zuela kontuan izanda, XVII. mendean Oihenarte ipartarrak hegoaldeko aita Moret historialari nafarrarekin harremanak izan eta eta hegoaldeko atsotitz-biltzaileen lanaz interesaturik zebilela jakinda, Axular hegoaldekoa iparraldeko parrokia baten erretore izan zela, XVIII.ean Joanes Etxeberri Sarakoa hegoalde honetan, Beran, Hondarribian eta Azkoitian mediku ibili zela gogoratuz, hortik aurrerako harreman ezagunagoak ez aipatzeagatik, zinez esan dezakegu gure literaturak hasiera-hasieratik izan duela gaurdaino sekula hautsi ez den batasun-katea etengabea. Hor, noski, Lope Martinez de Isasti edota Manuel Larramendi moduko autoreen lekukotasuna ere aipa genezake, hegoaldekoak izanik ere, nork bere obretan iparraldeko euskal idazleen lanen berri bazutela garbi aitortzen ziguten eta.

Lazarragaren trataerak

Baina bego literatura bere lekuan eta iragan nadin edo, Lazarragari segituz, nairagan orain neure lantxo honen bigarren atalera. Honetan Larreako jaunak elkarrizketetan –egiazkoetan zein fiktizioetan- darabiltzan trataerak gaingiroki aztertzen saiatuko naiz.

Funtsean, hegoaldeko gaurko euskaran bezala, bi dira arabarraren trataerak: zuka eta hika.

Lehena, zukako trataera markatu gabe eta kortesiazko moduan erabiltzen du:

Donzellacho linda damea
flordelisea çara çu.
Ene penea dacusun guero
arren berva bat esaçu”.
................................
Jentil honbre penadua enegaiti cautibua
çure llantu dolorosooc
emaiten deustae contentua
1143 r.
Ene jauna, çer diostaçu
çer daucaçu bularretan
çaguita bat eben daucat
1197 r.

Gogoan izan behar da Lazarragaren euskaran, plural zaharreko zu izen ordaina jadanik singularra zela, pluralerako forma zuek izanik, aldamenean guek zeukana, Done Emiliagako glosa zaharretako guec ajutu ez dugu hartan bezala edota Zigoitiko euskaraz Azkuek bere garaian oraindik bizirik aurkitu zuenez, eta hor ere Alfonso Irigoienek aztertu zuen fenomeno interesgarria agertzen dela (24). Edonola ere, singularreko zein pluraleko izenordainoi bigarren pertsonako adizkera berbera zegokien: zu zara eta zuek zara alegia, geroagoko beste autore batzuetan bezala.

Bestalde, hika edo hitanozko trataera norbera baino maila apalagokoekin ohi darabil Lazarragak (artzainekin, soldaduekin, senideen artean, etsaiekin, Kristok Done Petriri...) bai eta senide arteko harremanetan ere:

Silvia despediduric bere ugaçabaganic ynorc eçautu ez leguiançat quendu eben bere jaztecoac eta artu eben arçai baten jaztecoac. Eta asi can bere biajea arçaen Silvero joeala equian lecuetati. Egun baten bada bere bideti joeala topadu çan arcai bigaz çeñai Silviac ytaundu eusten nora lloaçen, çeñac erançun eusten manera onetan: Arçai polita (25), yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur (sic) egun seigarren eguneco eta ala ene lagunau eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ekusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. Silviak Silveroren yçena ençun eguian orduan asi çan negar egiten 1147 r,v

Donostiaco San Françiscuan
agoan giçon soldadua
Donçelleoni eguin jacac
Yzta ondoan anditua
Nyc lançeteaz jo diat eta
Oy yc eçarroc emplastua.
1193 r

Gau-egunetan beti nago
Esecoaquin deadarrez
Senarr gureak oita nago
Esecoxeoc beti barrez:
Oraingaño gaztea ax ta
Urrtexe baten goza adi.
36. or. Aur.

Traidorea, çerr da onela
çer eguin deuc jaureguietan
eyz ona
ychi dinat menaetan
igo eguinda
asi adi moçietan
ni banajoa (sic)
salsearen aurrquietan
ez al deustac baldin eguia contaetan
1197 r

Sar ezac, Peru
gabineteori geldiric
bere lecuan.
Ze eguic beste gauçaric
Armaz inor il daguia[ na ]c
armaz il bearco dic.
Jan done Periac
ez eguian besteric
sartu eguian gabinetea exilic
...1200-v

Halere, kasu batzuetan, gaur ohikoa izaten den trataeran ez bezala, aita-amek seme-alabei hika eta hauek gurasoei zuka egin beharrean, kasuren batean, zergatik ez dakigula, bada semeari zuka egiten dion aita bat (gaur ere aski normala denez) eta aitari hika egiten dion seme bat ere bai:

baeson aiteac: ene semea
neuri baño oba derechudana (26),
ebenche biçi da ene laztana
, 1154 r (beheko bazterrean)

Semerik badeu, esaten jago
Aita, eguidac jaquea.
Ari jaquea eguin orduco
alabeorrec gonea.
Oy ainbat dacust laçeria çe
eraetan jat fedea.
Oni aparta al daguiona
dicha oneco semea,
1196r

Etxeparek egiten zuen bezala, hasieran zuka trataturiko pertsonei, ordea, hika egiten die horiekin haserretuz gero, lagun horiei nolabaiteko mespretxua adierazteko:

  • Hire potac, bacyaquyat, berce gauça nahi dic
  • Anderia, azti cira, nihaurc erran gaberic
  • Bada uci al baynençac ni holacoz yxilic
  • Horreyn gaiz ciraden guero, eguinen dut verceric (Potaren galdecia)

Doridoc utra enojaduric erançun eusan: O falsa traidorea, quen aquit neure begietaric, ene desdicheonen causea i axanazquero. Zegai[ ti ] yc Silverori onerechi baeuso, Silviac bere niri ezin ucatu eidan neure remedioa; bada oneinbat gach ire causaz etorri danazquero çegaiti ezton losaric berba oriec esaten gure aurrean? 1152-v

Halere, solaskideren batek, eskuarki andreak, besteri errespetua, beldurra edota urruntasuna adierazi nahi dionean, aldizka bederen, bigarren pertsonatik hirugarren pertsonara iragaten da, gaur egun hegoaldean eskuarki berorika deitzen dugun trataerara pasatuz.

Erançun çidan utra cortesdo
beguiac abajaduric
Neure buruau erraz daidit
nic dichosaçat edugui
Jentilhonbrea, çegaiti naxan
eguin ni çugaz topadiz
oy eta barriz osteangoan
arren, çe beguit burlaric.
Ene laztana, ene fedea
ez dot eguiten burlaric
egun ascotan ni ebili naiz
ez dot edugui dicharic
Ene lindea, çu ecusteko
banago sepultaduric,
Oi arren, jauna, yxilic bego
çe besat orrelacoric

y ta çegaiti çu erayteco
(= ‘hiltzeko’)
ni (sic) eztot poderioric. 1171 r

Lecu onean topadu gara
Jaun çerucoac guraric
oso apeadu bearneuque
badoçu borondateric
ene laztana solas daigun
gueurcheok bioc bacarric
Jaun çerucoaen amorearren
Jauna çaoça gueldiric
basoan neurau bacarric nago
çe beguit agravioric.
Ene laztana ezin neyque
nic orrelaco gauçaric
culpa andia eçarri leydae
eyça galdu banegui.
Jentil onbrea ez neyqueçu
neure biçian bervaric
oy eta bardin ezpa zeeguit
oy orain ychi libreric.
Biarreçiac urrean datoz
arren betorque ebeti.
Aldaguidana nic eguingo dot
ez artu asecabaric
Orrela gura doçunazquero
ezin neyque besteric
domecan etorrico naiz
eztot eguingo faltaric
ascotan ondo queratu çatez
ene lindea bacarric
oy eseguino lagun deyçut
badoçu borondateric.
Esquerric asco jentil onbrea
Ez dot ardura lagunic
gaacustenac oy ez daguien
pensadu beste gauçaric.
Ychi neusan bervaxeoek
neure laztanaz eguinic
berori defendidu jat eta
ni gueratu nax galduric
1172 r,v

Gogoan izan dezagun, halere, Mikoletak bere obratxoan, berori-kako trataerarekin batera, zure mesede hori eta horren mesede hori ere erabiltzen dituela, azken biok, dirudienez, orduko erdarazko vuesa merced eta su merced-en azken orduko itzulpen hutsak izanik, hurrengo etsenpluok erakusten dutenez:

Ori liçate valiz sure meçedeori persona sospechacoa, serren esta aytatuco soquea, vrcatuen esean ...

Agur D. Juan jauna, dala berori ondo etorri seyn urte onac: selan dago berrori?...

Berrori seruietaco deunsuro; xauna bis bedeyncatu ...

Selan alan estaude despachetan orren meçede ori ...

Ser nay daude almorzadu orren meçedeok?...

Nondic ysan ditu oren meçede orec tapiz hoc? ...

Emen ecussico dau seure meçede orec bufete bat obetu eguinic....

Xauna se begui ori esan, se gausa balsa da bacartasuna ...

D. Juan xauna xarri bidi ma(i)puruan ...

Artu begui berrorec berre lecua, se neuc artuco dot neurea ...

Edonola ere, ezin segura dezakegu Arabako poeta honen kasuan forma hori zehazki nolakoa zen. Izan ere, aditza hirugarren pertsonan daukan trataera honen izenordaina, heldu zaizkigun testuetan behintzat, birritan besterik ez dugu aurkitu, oraintsu aipaturikoan (1172 v), esanguragatik errespetuzko trataera ote den oso garbi egon ez arren, eta testuko eta lehen orrialdean, eta horretan ere era ez osoan: “...nai ezpadau ni çure mesedeorr...”

Lazarragaren hitanoaren berezitasunak

Ohartzekoa da, ordea, Lazarragak bigarren pertsonari hika egiten dionean, horrek ez dakarrela aldean gainerako adizkera guztiak ere modu alokutiboz jarri beharra. Beste hitzez esateko, Lazarragak bazekien hi haiz-en ondoan ni nauk esan zitekeela, baina aldi berean zilegi zuela ni naiz ere erabiltzea, hots, nahitaezko aditz forma bakarrak hik, hi eta hiri pertsonei zuzenki zegozkienak zirela, bigarren pertsonarekin komunztaura zuzena ez zeukaten gainerako adizkera guztietan solaskidearekiko erreferentzia egitea ala ez egitea librea izanik:

Donostiaco San Françiscuan
agoan giçon soldadua
Donçelleoni eguin jacac
Yzta ondoan anditua
Nyc lançeteaz jo diat eta
Oy yc eçarroc emplastua.
1193-r

Sar ezac, Peru
gabineteori geldiric
bere lecuan.
Ze eguic beste gauçaric
Armaz inor il daguia[ na ]c
armaz il bearco dic.
1200-v

Baina halere

Arçai polita, yc jaquingo doc eçe guec goaçela Dueroco riberara, çegaiti ençun dogu ezen Silvero derechan arçai batec dabela lucha andiac armatu comarcaetako arçai guztiaquin eta dagoala denporea asignadur (sic) egun seigarren eguneco. Eta ala ene lagun au eta ni goaç ara Silveroren jentilezac ecusterren çegaiti utra manera andian daçauen guztioc alabadu deuscue. 1147 r-v

Silveroc erançun eusan Silvia quen aquit orrean çegaiti nic eçin antçitu neydi anybat denporan on derechadan gauçea 1 149 r

O falsa traidorea, quen aquit neure begietaric, ene desdicheonen causea i axanazquero. Zegai[ ti ] yc Silverori onerechi baeuso, Silviac bere niri ezin ucatu eidan neure remedioa; bada oneinbat gach ire causaz etorri danazquero çegaiti ezton losaric berba oriec esaten gure aurrean? 1152 v.

Lazarragak hikako trataeran erakusten zaigun egoera, gutxi gora behera, Etxepareren garaian, zuketari dagokionez, Nafarroa Beherean bizirik zegoen eta orain arte inguru horretan guregana heldu den sistemaren kidea da. Hor, dakigunez, hiztunek solaskideari zuka egiten diotenean bi aukera dituzte: a) lagun horri zara, zaizu, duzu, d(er)autzugu, d(er)aukuzu moduko adizkerak zuzendu baina gainerako adizkeretan bigarren pertsona horrekiko aipamenik bat ere ez egitea: naiz, da, dira, dugu, diogu, dator, dago..., eta b) gainerako adizkeretan ere zu pertsona alokutiboki aipatzea: etorri nauzu, jin dituzu, heldu duzu, egin dizut ‘egin dut’, diatorzu, diagozu etab. Dena den, Etxepareren garaian behintzat alokuzio hori ez zen adizkera guztietan nahitaez jarri behar, gaur, dirudienez, Nafarroa Beherean eta Zuberoan xuka egitean jadanik gertatzen denez. Ikus, beste adibide batzuen artetik Etxepareren bertso hau:

Amore bat uqhen dicit miragarri gentilic
Harequila ninçanian enuyen nic faltaric
Nic iagoytic ecyn nuque hura veçayn mayteric
Haren minez oray nago ecin hilez viciric.

Amoros gelosia

Hizkuntzaren diakroniaren aldetik, begien bistan dago aditz paradigmek berek eskatzen dutela hasiera batean naiz eta haiz, dut, duk eta dun aldamenean egotea, ez baita sinesgarria di(n)at, duk/n, dik/n, di(n)agu, di(n)ate moduko segida irregular ilogikoak antzinatik etortzea. Hortaz, zuzenki hi, hik, hiri pertsonei ez dagozkien adizkera guztiek denboran zehar pixkanaka erantsirikoak dirudite, ondoren emanen ditudan datuen arabera. Eta beste horrenbeste esan daiteke xukako trataeraren eboluzioaz ere.

Alde batetik, gogoratu beharra dago ez dela Lazarraga oinarrizko hitano hori zerabilen autore bakarra. Itxura osoaren arabera, alokuzioa gainerako adizkera guztietara XVI. mendean baino lehentxeago hasi zitzaigun hedatzen, eta, hasieran muga zehatz batzuen barruan besterik ez.

Inoiz edo behin era horretako adibideak 1596.eko RySetan ere aurkitzen ditugu, esaera zaharrek, beren izaera fosil eta kontserbadoreagatik, bildu ziren garaikoa baino hizkuntz tradizio zaharragoa gordetzen dutelako:

Badaguic suatean ypirdia vzcarti, cejan verba day eugayti ‘Si haces en la cocina el culo pedorro, hablará por tí en el mercado’ RyS 33.

Az ezac erroya, diratan beguia, ta mutil guextoak quendu deyque arguia ‘Cría el cuervo, sacar te ha el ojo y quitar te ha la luz el mal mozo’ RyS 136.

Lapurrac on dau vcoa, vca eyquec gaxtoa ‘bien le es al ladrón negar, negarás perverso’ RyS 203.

Yl eyquec, ta yl aye, ta yre erallea yl daye ‘matar le has, y matar te han, y a tu matador matarán’ RyS 227.

Ecachac dacar aro ona, gaxtoa vaynzate oba ‘La tempestad trae buen temporal, perverso podrías ser mejor’ RyS 293.

Yre auçoac eztequian gacha ona da ‘daño que no te sabe tu vecino, bueno es’ RyS 431

Catuac daroean oquelea gueyago da verea çe ez eurea ‘La tajada que lleva el gato más es suya que no tuya’ RyS 468.

Edonola ere, XVI. mendean hikako forma alokutiboak hedatu zirenean, beren erabileran muga jakin hauek zituzten: a) alokutiboak perpaus nagusietako adizkeretan ager zitezkeen, baiezko zein ezezko esaldietan, baina ez galderetan; hauetan hitano murriztua besterik ez zen zilegi: hi, hik, hiri izenordainei zegokiena alegia. b) menpeko esaldietan ere (-en, -ela, -nean, baldintzako ba-, bait- eta antzeko hizkiekin markatuetan) hitano murriztua erabili beharra zegoen. c) subjuntibo eta inperatiboetan ez zegoen alokutiborik, baina bai potentzialetan.

Arau honek luzaro iraun du XVI, XVII, XVIII eta XIX. mendeetako hiztun eta idazlen gehienen kontzientzian, salbuespenik ia bat ere gabe. Joan den mendean zehar, eta bereziki azken aldian, ordea, lehenagoko erregela hertsi hura, ahulduz joan da, eta gaur egunean, gazte jendearen artean alokutiboak maiz entzun daitezke galderetan (Martin ez dok etorri ala?) bai eta erlatibo eta menpekoetan ere (hik ez dok ikusi goizean hona etorri doan mutila; Mikel eta Begoña hona jatozaalako), inoiz ez bezalako eremuak bereganatuz.

Etengabeko hedadura horren ondorioz, hitanoa, etxeko giroan jaso ez dutenarentzat ez bada, -eta holakoentzat ere bere famili eta herriko ingurune konkretu horretan erabiltzen den modu berezian besterik ez- etengabeki zailduz, korapilatuz eta dialektalizatuz joan da, eta gaur egun praktikan ezin ikasizkoa gertatzen zaio zuka egiten ohiturik dagoen euskaldun zahar zein berriari. Izan ere, gauzak ikasteko, beti errazenetik azaltzen hasi behar izaten direlako, hasieran ikasleei, -haur, gazte zein zaharrak izan-, elkarren artean zuka egiten irakasten zaie, eta behin maila jasoagora heltzen direnean, bat-batean hika egiten hastea eskatzen zaie. Ondorioz, ordura arte beren ezagun, lagun eta inguruko pertsonekiko harremanak zuka ondo ezarriak eta finkatuak dauzkatelako, tratuzko lotura formalak etetea ezinezkoa gertatzen zaie, eta, kasurik onenean, hika ulertzera heltzen dira baina ez dute behin ere ikasten elkarren artean erabiltzen, esandako metodologia desegoki horren erruz.

Aldiz, behin zuka ikasiz gero, pentsatzen dut inori ez litzaiokeela zailegia gertatuko Nafarroa Behereko edo Zuberoako usarioari segituz, lantzean behin zukako alokutibo batzuk tartekatuz joatea (zure aita jina duzu, neskak joan dituzu, ama ikusi dizut, hortxe diagozu bezalakoak), pixkanaka bertako usariora hurbilduz.

Arazo hau dela eta, duela urte asko, Mitxelena zenarekin mintzatu nintzen, galdetuz ea berak ezagutzen ote zuen inor hitanoa adizkera guztietan ondo erabiltzen zuenik. Gogoan dut ezetz erantzun zidala: “-Oro har, hika egiten dutenek, orainaldiko eta lehenaldiko adizkera ezagunenetan erabiltzen dute, eta inoiz hipotetikoetan ere bai, baina zaila da potentzialak hika entzutea”.

Nik orduan galdetu nion ez ote litzatekeen hobe izango, hika erabat gal ez dadin, metodologiaz bederen, hasieran, gutxienezko hitanoarekin hastea (hi, hik, hiri), horien aldamenean gainerako adizkerak mantenduz (naiz, dute, nintzen, luke etab., nauk/n, ditek/n, nindu(n)an, likek/n etabar hasieran saihesturik) eta geroago, pixkanaka, maiztasun handiko formak ikasiz joan ahala, horiek ere pixkanaka sartzen joateko (zagok, zihoak, sartu gaituk, ekarri zian, etab.). Berak erantzun zidan bere ustez horixe zatekeela, segurenetik, bide egoki bakarra, hika, oraingo bidetik erabat galduko zen eta.

Koldo hilda gero, hikako tratamenduaren etengabeko gainbeheraz kezkaturik, arazo hau inoiz edo behin lagun eta ikaskide batzuekin tratatu dut, modu informalean bada ere, baina, derradan bidenabar, arrakasta handirik gabe. Ene ideiaren aurka, batzuek erantzun didate, hortik abiatuz gero egiazko hika faltsutuko genukeela, erraztasunaren bila, bere osotasun konplexu eta aberatsaren ezaugarri batzuk, hasieran bederen, saihestu beharko genituzkeelako.

Hemen ere, sit ut est, aut non sit. Badirudi batzuek nahiago luketela hitano osoa galdurik ikustea, txarrenean ere, horren gutxienezko ezaugarriak mantentzea baino. Bestalde, faltsutzeari doakionez ere, bada zer esanik. Izan ere, zer da faltsuagoa: gure haurren artean oraintsu arte behin ere erabili ez den zukako trataera exklusibo hori, gaurko eskola-praktikarekin neba-arreba, lagun, adinkide eta adiskideen artean irakasten zaien bakarra, ala oinarrizko hitanoa bultzatzea, gutxienez haurren artean hika egitea gordeko lukeena? Ez al gara konturatzen, nolabait, gure haurrak euskaraz gaztelaniaz beren artean usted-ka ari balira bezala hazten ditugula? Zergatik ez jokatu hitanoarekin Lazarragak egiten zuenez edota Nafarroa Beherean eta Zuberoan zuketarekin egiten zen bezala, bi bertsioak gordez: oinarrizkoa eta osatua, lehenengotik bigarrenera iragateko zubia erraztuz?.

Ene ustez, gainera, hitano osoa, derrigorrezko eta mugarik gabeko alokutiboekin, horrela mantentzea gure hizkuntza izugarriro eta alferrik zailtzeaz gainera, inoiz kaltegarria ere izan daiteke. Ezin ahantz dezakegu maiz trataeran adiskidetasunezko eta errespetuzko bigarren pertsonen artean bereizten dakiten hizkuntzetatik euskarara itzulpenak egin behar izaten ditugula (esp. tú / Vd, fr. tu / vous, cat. tu / vostè, it. tu / lei, ing. zah. thou / you, al. du / Sie, err. ты ty / вы vy, georg. šen / tkven...) eta translazio horiek egiteko, bere oraingo eta nahitaezko aberastasunean, gure gaurko hitanoa ez dela beti egokia, hizkuntza horietako jatorrizko testuetan baino askoz ere informazio gehiago ematen dugulako, horretarako premiarik ez denean (27).

Gauza jakina da denboran zehar, moden eta gora-behera historikoen arabera, trataerak aldatuz joaten direla. Ikusi dugunez, gure hitanoa ere aldatuz joan da, hasierako sinpletasunetik gaurko zailtasun ia erabilezineraino helduz. Ene aburuz, bide horrek nora garamatzan serioski pentsatu beharko genuke, eta geure buruari galdetu ez ote genukeen hobe, gehiegizko apaindura horiek guztiak alde batera utzi beharrean, orain arte zuketa hobestean egiten dugunez, hitanoaren oinarrizko ezaugarriak mantendu eta irakaskuntzan eta giza tratuan errazenetik bederen abiatzea.

Antzinako euskaldunek behintzat horretarako eredu ona eskaintzen digute: hika jarduteko ez dela beharrezko gainerako alokutibo guztiak ere erabiltzea, eta Euskaltzaindian, nik uste, ez genuke gutxienezko hitano horren erabilera gaitzetsi behar, urte gutxi barru hitano osoa galdurik ikusi nahi ez badug behintzat. Horra ba nondik, gaurko arazo bat konpondu ahal izateko ere, Joan Perez Lazarraga zahar gazteak irtenbide interesgarria eskaintzen digun.

Eta besterik ez, jaun-andreok. Guztioi eskerrik asko.


(XABIER KINTANA URTIAGA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Oin-oharrak

(1) Lexiko aldetik, garai hartako erdarakada askorekin batera, obra honek badauzka orain arte beste inon aurkitu ez diren hitz ezezagun eta bitxi asko ere, arretaz bildu eta artezteko hapaxak. Inoiz, gainera, geroagoko idazle eta euskalariek aurreikusiriko forma harrigarriak ere erakusten dizkigu, horien susmoak egiaztatuz. Hor dago, esaterako, Olabide jesuita arabarrak bere Itun Berria-ren pasarte famatu bat itzultzeko erabili zuen bentzu ‘entzun beza’ adizkera ospetsua (“Entzuteko belarridunak bentzu” Mat 13, 43), garaikide guztiek berak lehenbiziko aldiz asmatutzat jotzen zutena, orain Larreakoaren poema batean berretsia: “bentzu munduak ene deadarra” 1185 v. Gauza bera gertatzen da Rudolf de Rijk-en bilatzen zituen lehen eta bigarren pertsonako pasiboen kasuan ere, honako. ”Ama librreaganic jaio ninçan / dicharic ez nebenau alabea / dirurren saldu ninçan esclabea” 1181 v. eder hau lekuko, edota autore berberak bere “Nunc” vasconice artikulu bikainean proposatzen zuen biharretziak forma ere, beraren ustez ”sería aceptable en estilo poético” gisa iragarria, eta Lazarragak ahalaxe ekarria: “biarreçiac urrean datoz” 1172 r. Holandar hizkuntzalari handiak poz berretua zukeen oraindo (1196 v) eta oraingañno (1196 r) adizlagunak gure autore honen obran ere aurkitzen direla jakin balu. Halere, inoiz, irakurketa lasterregiak ezustekoren bat ere ekar diezagukete. Esaterako, norbaitek transkribatu duen “Bataz esango neuque doloreac / bacochic nenbilela yllunetan / dulçero nituala biderquetan / çugana quexaac eta clamoreac / arrtu nenguianean coloreac / çure amorearren penaçeco...” 1193 r horretan ez dirudi lehenbiziko aldiz Larramendiren hiztegian agertu eta gaur, euskal irakaskuntzari esker guztiok ezagutzen dugun bidertu aditza ageri zaigunik, Lazarragak iraganetik gugana jauzi harrigarri egin balu bezala, bidalquetan ( bidaldu) baizik.

(2) Honela argitzen du Urkixok esaera hori jatorriz erdaraz esan behar izan zela, Lope Garcia de Salazarren Las Bienandanças e Fortunas-en 22. liburuko pasarte hau erantsiz: “En el año del Señor de 1330 años, convidaron los Escuderos de Ibarguen a comer a Juan Roys Zaldibar, fijo de Ruy Sanches de Zaldivar, con quince omes, en la Torre de Ibargoen. E cuando se sentaron a comer, pidieron Sal, sal, e salieron de una camara cincuenta omes que yasian escondidos, e mataron al dicho Juan Roys de Zaldivar, e a todos los quince omes. E quedo por refrán , que cuando uno pide sal, que disen, no sea lo (sic) de Ibargoen”.

En el mismo lugar indiqué también, que, a mi juicio, el refrán citado debió decirse primero en castellano y traducirse luego al vascuence: pues la doble significación de la palabra sal permite en la primera de estas lenguas un equívoco – o como dirían los franceses, un calembour- imposible de traducir a la segunda. Julio de URQUIJO e IBARRA: Refranero Vasco. Los Refranes y Sentencias de 1596. Tomo II, Colección Auñamendi. Donostia, 1967.75-75. orr.

(3) Conviene también anteponer al comentario alguna observación sobre el estado del texto en un sentido general. Se diría que quien incluyó los cantares en el ms. los copió de alguna fuente escrita anterior, guardando al menos en buena parte la grafía antigua. ç, p. ej. es letra frecuente en los cantares, pero falta en el relato del sangriento suceso que constituye el cuerpo de esas páginas. Luis MICHELENA, Textos arcaicos vascos, Minotauro, Madrid, 1964, 84 orr.

(4) “Tambien algunos modernos del Parnaso Cantabrico han escrito dezimas, lyras y sonetos en vasquenze, con los mismos acçentos y consonantes que suelen tener en romançe, pero es obra de poco luçimiento, por los pocos en en vasquenze entienden este metro” Zoritxarrez Parnaso horretako kideen izenak eta lanak ez zaizkigu heldu. Halere, talde horretan sartu beharko litzateke, inon kokatzekotan, 1688ean idatzi ziren Bertso bizkaitarren egilea ere. Ikus Joseba Andoni LAKARRA, “Bertso Bizkaitarrak”, Separata del Anuario del seminario de Filología vasca “Julio de Urquijo” XVIII – 2, 1984.

(5) Genealogia berean, Joan Perez Lazarragak aita 1564ean galdu zuela aitortzen digu, hots, orain arduratzen gaituen obratxo hau burutu baino lehentxoago, egilea oraindik nerabea zelarik. Horrek azal lezake zergatik, bera ezkondu nahi zutenak, gurasoak barik, “ahaide handiak” ziren, bere poema batean dioskunez: “Aide andioc bidaldu deustae / escreviduric cartea / ezcondu gura ninduqueela /ene gogoco tristea /oy eta bardin onela bada /andia jatorrt caltea / çegaiti bein ezconduzquero /galdu dot libertadea.....Ene aideac oy arren au da /neuronen respuestea /acordaetan ez dodala /ain lasterr ezconquetea” 1195v-1196 v). Genealogiarako Ikus Maria COMAS Ros, Juan López de Lazarraga y el Monasterio de Bidaurreta, ed. Descartes, Barcelona, 1936, 129-150. orr.

(6) Ikus, honetaz Pruden GARTZIA: “Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea (I eta II)”, in Berria, 2004.eko aprilararen 8 eta 9an. Garibaik zalantzarik gabe Lazarragagatik irriz aipatzen duen esaera zahar horretarako, gogoratzekoa da poetak berak idatziriko hau: “Oy bada biçi oy nax / (c)iudadecho chiquirr batean / (n)eurrcheau bacar bacarric / (e)ne yçena letra onetan (=Lazarragaren monograma) / oy dago escreviduric” 1177 r.

(7) Askan eder garia / aren gaiñean txoria / eraztun batek bildu lezake / neskatxa, zure gerria Gabon-kanten artean. Adibide gehiagorako. Ikus Xabier KINTANA, “Perez Lazarragakoren izkribuaren inguruan” in Fontes Linguae Vasconum, XXXVI urtea, 97 zkia. 2004.eko irail-abendua, 582. or.

(8) Bertso honek antz bitxia dauka beste herri kanta ezagunaren bukaerarekin: Goiko mendian elurra dago / erreka aldean izotza. Ni zugandik libre nago ta / pozik daukat bihotza

(9) Bere liburuaren aurreko aldean Bertran Etxaus-ri egindako Gomendiozko gutunean agertua. Horrez gainera badu beste bat: Eta itsas hondar gabe hunetan sartzen naizela 226. Cf. Lazarragaren pasarte hauekin: ...gauça sacona bide da yçan / ysaso ondarbagea... 1196 v. , ...ondo uste dot galdu çala / ysasoaren ondarretan 1197 r

(10) Adibidez, konpada bitez Mikoletak bere irakasbidean dakarren bertso honen hasiera: Dempora baten on oyneretxu / baña mudatu nindia / serren penatan vior ekidan / eman senguidan gloria , Lazarragaren beste honekin: Denpora baten yçan ninçan / amore minez tebntadua /donzella batec edegui çidan / oy neure bioz coytadua. (1193 v).

(11) Ikus Luis MICHELENA, Textos arcaicos vascos. Ed. Minotauro, Madrid, 1964, 91. orr.

(12) Ikus Jon KORTAZAR “Ene içena letra onetan” El País, País Vasco, 2004.eko martxoaren 7an, 11. or, eta Patri URKIZU, Joan Perez de Lazarraga Dianea & Koplak, Erein, Donostia, 41-42. orr.

(13) Erdal iturrietatik jasoriko lexikoak, rosale moduko erdakada nabarmenak barne, ez dio eragozten bere euskal sena azaleratzen, eta horrela fresko izenondoa iturri zein arbole izenekin darabilkigu, gaztelaniaz bata femeninoa eta bestea maskulinoa direla kontuan hartu gabe.

(14) Ikus 1200 v orrialdeko oharraren azken aldean dakarren zati nahasi hau: “En la copla “A fojas” dize encantadora Medeac bano denpora baten Jasoni beronec bere eztei dio falta gueiago damari tenpora baten oy bano Jasonec ysorgileri..”.

(15) Çuec jaquingo doçu eçe ni bidaldu nabela batalla eta guerrataco jaicoac ceñari derechan marte... 1153 v

(16) uniçornio animal fortiz / animaloen artean / naturalezaz umillaçen da / damaric dacusenean 1184 v. Pelicanoac amorioz / umeac daguianean / bere odolaz manteniçen dau / guztiac açi artean 1184 v.

(17) Ikus adibidez, 1198 r orrialdeko erlijiozko euskal poemaren aurrean egileak, badaezpada zuhurki jarririko oharra: Aqui comiença un tratado de lo que berdaderamente acontesçera antes y el día del termeroso juizio y el galardon y premio que los buenos y los malos an de rresçevir segun sus obras conpuesto por Laçarraga sometido al gremio y corresçion de la Sancta Madre Iglesia arrimado a la ffe y al mejor juiçio.

(18) Egia esan, “maitasunezko gatibutasuna” aipatzen digun bertso honek antz handiagoa dauka Lope de Vegak bere Los ramilletes de Madrid komedian (1615) dakarren euskarazko herri-bertso ezagunarekin: Zure vegui ederro(c) / ene laztaná / cativaturic nave / librea ninzaná, eta, segurenik, lehenagoko herri-iturriren batetik jasoa zuketen ideia euskal poeta biok.

(19) Modo de la vizcayna poesia y sus versos. Dexando a las coplas de lelori, lelori, que suelen cantar las moças de los dias festivos, que no entran en la mas grave poesia vascongada...

(20) Lazarraga gazteak ere behin bederen maitasunezko kartzelaren kontua dakarkigu: Ysi jaçun bada seculareco / carçel gogorr onetaco ateac / ay ay ene narru çuri gazteac... 1182 v, berau ere, noski, erabat fikziozkoa izanez.

(21) Hemen, segur aski, inprenta hutsa dagoke, errimak “oray heuscara cer den” eskatzen baitu.

(22) Etxeparek Bernard Leheteri egindako hitzaurrean: Eta causa honegatic guelditzen da abataturic ecey reputacione vague eta berce nacione oroc uste dute ecin deus ere scriba dayteyela lengoage hartan nola berce oroc baituite escribatzen beryan. Gauza bera gertatzen da Leizarragak Joana Albrete Nafarroako erreginari egindako aitzinsolasean ere: Alabaina segur içanez ecen Heuscaldunac berce natione gucién artean ezgarela hain bassa, non gure lengoagez ecin eçagut eta lauda deçagun gure Iainco Iauna... . Zalantza izpirik geldi ez dadin, irakur dezagun frantsesezko testua ere: Toutesfois m’asseurant que les Basques, entre toutes autres nations, n’estoyent point si barbares que de ne pouvoir recognoistre le Seigneur en leur langue...

(23) Hori pentsarazten digute, behintzat haren hitzek: nic scribatu dudan legoage motá baita, sterilenetaric eta diversenetaric: eta oraino translationetan behinçat, vsatu gabea. Leizarragak beraz, bazekien euskara bera baino lehenago erabilia zela eta hurbiltasunagatik ezagut zezakeen lehen liburua Etxeparerena zen, Santxo Eltsokoarena haren eskuetaraino heltzeak zailagoa dirudi eta.

(24) Ikus Alfonso IRIGOYEN, “Done Miliaga Kukullakoa eta euskara”, Euskera, XX, 1975, Bilbao, 161-186.

(25) Ohartzekoa da gaur Hegoaldeko euskaldunen artean bederen, seguiraski gaztelaniaz ‘bonito’ izenlaguna pertsonekin femeninozko eran emakumeei besterik esaten ez zaienez gero, ‘gizon polita’ edo ‘gazte polita’ gisako esaerak ezohiko bilakatu direla, hortik guapo moduko erdarakadetara iraganaraziz. Ez da hori, ordea, Lazarragak pasarte honetan darakuskiguna.

(26) Gaur egungo euskaran behintzat “neuri” horren lekuan “neure buruari” espero genezakeen, joskera horren logikaz Nik neuri (*derextadana) baiño oba deretxut gisako zerbait izan beharko litzateke, erabat aberrante eta dokumentatu gabea.

(27) Eta inoiz, inola ere eman behar ez litzatekeen informazioa ere bai. Gogora dezagun, adibidez, Brian de Palmaren film famatu baten kasua, ingelesez Dressed to kill deitua eta euskarara Hiltzeko jantzia itzulia gaztelaniaz, oso desegokiro, Vestida para matar gisa eman zen, hiltzailearen sexua, ingelesez eta euskaraz neutroki ezkutatua, hor hasieratik salatzen zuelako. Vestirse para matar moduko itzulpenak, ordea, manten zezakeen ezkutuan gaztelaniaz ere erailearen nortasuna.

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus