Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Joan Perez de Lazarraga, familiaren kronista

Joan Perez de Lazarraga, familiaren kronista

2005-06-06 / 07:00 / Henrike Knörr Borrás   KULTURA

Joan Perez de Lazarragaren izena eta omena dugu guztien aho-ezpainetan iazko urtarriletik, hau da, eskuizkribua eriden zenetik. Baina idazle gisa dituen merezimenduez gain, ez da ahantzi behar bere familiaren kronika bat idatzi zuela. Hobeki esan, bere aitaginarrebak utzi zuen kronika berregin eta eguneratu zuen. Joan Perez de Lazarragaren letra ageri da garbi eskuizkribuan, azken urteak arte.

Kronika honek, arrazoi osoz, ikertzaile asko erakarri ditu, hala nola Juan Carlos Guerra, Koldo Mitxelena, Iñaki Zumalde edo Micaela Portilla. Kopia batzuk ezagutzen dira, baina jatorrizko alea Gasteizen da, Elizbarrutiko Artxiboan. Velascotarren familiatik joan zen hara; gogoratu behar da Velasco bat idazlearen alaba batekin ezkondu zela. Eskuizkribu honen bigarren partean bada kopia bat, XIX. mendekoa, zalantzarik gabe irakurlearen mesedetan egina.

Lau ikertzaile horien izenei beste bat erantsi behar diegu: Maria Comas Ros katalanarena. Ros andrea Oñatira etorri zen, Geografia eta Historia katedradun, eta Oñatiz maitemindu zen, berak aitortzen duenez. Maitemindu ez ezik, erabaki ere zuen Oñatiren historia ikertzea. Eta horra zenbait urteren buruan nola egin zuen doktorego tesia. Horren mami nagusia 1936an libururatu zen, titulu honekin: Juan López de Lazarraga, secretario de los Reyes Católicos, y el monasterio de Bidaurreta.

Egia da Comas andreak egin zituela huts ugari kronika honen edizioan, gainerako dokumentuetan bezala. Adibidez, kronikaren lehen hitzetan kontatzen zaigu nola Lazarraga batek aurkitu zuen urrezko altxor bat Urrupologaray izeneko tokian; Urruxolagaray irakurri behar da, hots, Urruxolagarai. Ozeta herriaren izena ere gaizki dator: Oreta. Baina,maiz gertatzen denez, hau dugu edizio bakarra, bere akatsak gorabehera, eta zordun gara Maria Comasekiko. Eta orain galdera bat: gerra ondoren nora joan zen andre hura? Non bizi izan zen? Noiz hil zen? Nik bederen ez dakit deus ere.

Genealogia eta kronika mota hauetan ikusten ohi dena dakusagu hemen ere: familiaren loria eta antzinatasuna goraipatzen da. Eta hain zaharra da familia! Izkribu honen arabera, Eneko Aristak berak sortu zuen Larreko dorrea, IX. mendean. (Eneko Arista diogu, eta ez Eneko (H)Aritza, eta ongi legoke behin betiko okerra zuzentzea, XVII. mendetik datorkiguna. Caro Barojak idatzi zuen bezala, bere Etnografía histórica de Navarra liburuan, I, 120-121. orrialdeetan, arista edo aresta erromantzea da, eta “no aludiría a la fortaleza corporal del rey, comparable a la del roble pirenaico, sino a su ardor en las luchas, inflamable como la arista seca, es decir, la especie de espina o espiga de trigo, aresta o ariesta también”.)

Elezaharrak elezahar, ordea, funtsean bada egiaren zati bat, Micaela Portillak argi ikusi zuen bezala. Izan ere, nafar erregeak ganboatarren alde zeuden Arabako muga-herri hauetan. Ekialdeko Lautadaz ari gara, jakina, eta hona Lazarragatarrak 1439an iritsi ziren, hau ez da gezurra. Bidenabar, esan dezagun Arabamendi izena darabilela Joan Perez de Lazarragak kronika honetan, guk Urkilla eta Elgea deitzen ditugunak deitzeko, eta ez gara batere urruti Oñatin aldean egun arrunta den izenetik: Arabako mendiak.

Lazarragatarren balentriak kontatzen zaizkigu hemen zabal-zabal. Zinez familia handia, hainbat lekutan hedatua eta adarkatua, Italian eta Ameriketan ere. Horien guztien indarra eta itzala da hemen mintzagai. Eskuizkribuaren tituluan bertan dago oso garbi helburua: Relación histórica de las casas y apellidos de los Lazárraga (...) de los puestos y dignidades de unos y otros. Denetarikoak dira, jakina, puestos y dignidades horiek. Besteak beste, esan beharrik ez da, luma-jendea zen (deitu izan den bezala). Austriarren errege-erreginen administrazioaren makineria pentsaezina da euskaldunen sekretario eta bulego-langile hauek gabe. Idaztera emanak baitziren, eta batzuk, gainera, literatura lantzera, Joan Perez de Lazarraga bezala. Kronikan interesgarria da aipamentxo bat, ertz batean: Orlando Furioso, Ludovico Ariostoren poemaren titulua ageri da.

Senide guztiak ez ziren, ordea, hain finak eta gozoak. Harietako batez ari denean, hau irakurtzen dugu: “Sucedióle matar a un clérigo”, horrela, ogibitarte bat eman bazion bezala edo. Hil bai, baina ez zuen horrek inolako zigorrik izan, zeren Larrean aurkitu baitzuen babesa, babes osoa, dorreak eta dorre inguruak pribilegio hori zuelako, hots, legeak eta epaileak ezin sar zitezkeen han.

Beste pertsonaia bat interesgarria da. Gure idazlearen izen-deitura berberak zituen: Joan Perez de Lazarraga. Larrintzarren bizi zen, hango jauna. Han errezibitzen zituen menpekoak, eta han aritzen zen epaile, “jauregiaren ondoan dauden itxaurrondoen azpian”. Gizon hau erotu zen, eta dirudienez odol-pikoengatik. Eta hain erotu zen, non Gasteiza joaten baitzen, zaldun gisa armatua, eta kalez kale ibiltzen zen garraxika, “Santiago! Santiago!” eta “Calleja! Calleja!”. Larrintzarren, bere baratzean, arropa arinagoan seguru aski, urre eta zilar txanpon batzuk erein zituen, hau esanez: “Pues nacía el mijo que era grano tan nuevo, ¿por qué no había de nacer el doblón?”. (Jakina, mijo hori “artoa” da, garai hartan oraindik Ameriketatik etorri berria; leku askotan landare etorri berri horrek kendu zion zaharrari bere izena, eta hau geroztik artotxikia deitu izan zen.)

Asko dira hemen amorio eta maitasun istorioak, bai eta ezkontzaz kanpoko umeak ere (eta ez dira gutxi apaizen seme-alabak; behin artzipreste batena ere aipatzen da). Gorrotoa eta ezinikusia ere ez da falta: Oñatiko harakin batez mintzo denean, hau da iruzkina: “Que nunca medre”.

Kronika honek hizkuntza aldetikako interes handia eskaintzen du, eta euskalari zenbait jardun dira hori ikertzen. Mitxelenak, Textos arcaicos vascos liburuan, xehekiro aztertu zuen lelo bat, guztiz garbi ez dagoena (guk gaurko grafian emango dugu):

“Gaitza zenduan leinztarrok, Urruxolako lekaioa,
Sendo zenduan odolori bihurtu jatzu gatzaioa”.

Mitxelenak dioen bezala, odol sendoa “harrokeria” da; gatzaio agian “gatzatua” edo “mamia”, eta lekaio “garraxia”. Baina harrigarri bada ere, kopia gehienetan bezalaxe, eskuizkribu honetan lenizanos ageri da, ez leinztarrok. Zer esanik ez, odolori horretan, nik uste, artikulu zaharra dugu; gaur odola esango genuke. Lelo horren atzean oñatiarren eta leinztarren gatazka odoltsu bat da, garai hartan sarri gertatzen zirenetariko bat, eta leloa gelditu zen jendearen ezpainetan, gure idazleak dioen bezala.

Testuak beste gauza asko dakartza, hizkuntzarentzako interesgarriak. Adibidez, gizon baten goitizena Goldadeyarro da, eta ondoan azalpena dator: “por respecto de su blanda y amorosa condición”. Esango nuke izen horretan Gold(e)a darraio behar dugula ikusi.

Euskaltzaindiaren ospakizun honek bere fruitu iraunkorrak emango ahal ditu! Bat oso beharrezkoa da: kronika honen edizio oharreztatua. Horretarako bada gure artean jende aditua. Badakit erraza dela besteri lana eskatzea, baina egingo duenak izango du gure laguntza osoa. Atsegin handiz emango diegu.


(HENRIKE KNÖRR BORRÁS hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus