Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Frijitutako arrautzak?

Frijitutako arrautzak?

2005-06-03 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Gauza bat tximur-tximur eginda ikustean, «sagar errea baino zimurrago» dagoela esaten da. Gaur egun bide horretatik asmatuko genuke konparazioa? Beharbada ez, «sagar errea» neurri batean esaldi egina baita hiztun askorentzat.

Arrautza frijituak. Piper beteak. Gaztaina erreak.

Arrautza frijituak. Piper beteak. Gaztaina erreak.

«Frijitu», «bete» eta «erre» hitzek kalifikatu egiten dute aurreko jana, haren ezaugarri bat ematen dute. Aditzak dira, baina adjektiboen moduan jokatzen dute, "gordin", "gorri" edo "zimel" esatea legez.

Frijitutako arrautzak. Betetako piperrak. Erretako gaztainak.

Horrela irakurrita "arrotz" egiten zaizkigu. Halere, esaldia beste elementu batzuekin osatuz gero, egokiak dira.

  • Zartagin zahar hartan frijitutako arrautzak ditut gogoan. (=frijitzen genituenak)
  • Bakailaoz betetako piperrak ederrak dira. (=beteta daudenak)
  • Danbolinean erretako gaztainak bezalakorik ez dago. (=erre direnak)

Egitura honen azpian erlatibodun esaldi bat dago, eta azalpen zehatzagoak emateko darabilgu. Kazetarien testuetan ere gertatzen dira holakoak.

Lapurreta baten kontakizuna

Kontakizun honen bitartez argiago ikusiko dugu goiko atal bietan azaldutako egitura bakoitzaren ekarria.

  • EZ:
    • Goizeko hamarretan armatutako hiru gizon sartu dira banketxean. Kutxako diru guztia hartu eta lapurtutako auto batean egin dute ihes.
  • HOBETO:
    • Goizeko hamarretan hiru gizon armatu sartu dira banketxean. Kutxako diru guztia hartu eta auto lapurtu batean egin dute ihes.
    • Goizeko hamarretan pistolekin / metrailetekin / tiragomekin / ... armatutako hiru gizon sartu dira banketxean. Kutxako diru guztia hartu eta Donostian / amona bati / ordubete lehenago lapurtutako auto batean egin dute ihes.
    • Goizeko hamarretan pistolekin / metrailetekin / tiragomekin / ... armatuta zeuden hiru gizon sartu dira banketxean. Kutxako diru guztia hartu eta Donostian / amona bati / ordubete lehenago lapurtu dioten auto batean egin dute ihes.

«Hildako arrainak» ala «arrainak hilda»?

Ikusi dugu -tako zehaztasuna emateko dela, informazioa gehitzeko. Ez dugu erabili behar egoerak adierazteko.

  • EZ:
    • Hildako balea bat topatu dute, itsasgorak ekarrita.
  • HOBETO:
    • Balea bat hilda topatu dute, itsasgorak ekarrita.

Arrazoi beragatik, argazkietan eta irudietan zer ikusten den azaltzeko, ez da egokia -tako egitura.

  • EZ:
    • Daily Mirror egunkariak beste argazki bat dakar gaur: tanke baten barruan lotutako irakiar bat ageri da.
  • HOBETO:
    • Daily Mirror egunkariak beste argazki bat dakar gaur: irakiar bat ageri da, tanke baten barruan lotuta.
  • EZ:
    • Preso estatubatuarra ikusten dugu irudietan, belauniko eta begiak estalita. Atzean, armatutako bost lagun.
  • HOBETO:
    • Preso estatubatuarra ikusten dugu irudietan, belauniko eta begiak estalita. Atzean, bost lagun armatuta.

Grabatutako irudiak?

Hortaz, aurreko azalpenak eman eta gero, garbi dago grabatutako irudiak ez dela egokiena erakusten ari garen irudiak zuzenekoak ez direla adierazteko.

  • EZ:
    • grabatutako irudiak
  • HOBETO:
    • irudi grabatuak
    • goizean / atzo / ... grabatutako irudiak


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus