Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Irabaztea eta galtzea

Irabaztea eta galtzea

2005-05-06 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Kirol albisteetan eta, batez ere, kirol emankizunetan badira ideia batzuk behin eta berriro azaltzen direnak. Irabaztea eta galtzea, ia beti. Hiztegietan eta testuetan arakatuz gero, ez da zaila sinonimoak edo pareko esapideak aurkitzea, testuak aberasteko. Dena dela, sinonimoak edo parekoak izan arren, bakoitzak bere aditz jokoa du, eta bere hizkera maila.

Erabiltzailearen sormenak ere zer esana badu. Izan ere, hiztegiko hitz “beteak” hainbeste ez izan arren, lokuzioak asko dira, eta hiztunak oraindino gehiago apaila ditzake besteen eredura.

Irabaztea

  • NAGUSITU (zaio) / NAGUSI IRTEN / NAGUSI GELDITU / NAGUSI IZAN / ...
    • Reala erraz nagusitu zitzaion Betisi.
    • Qatarreko biraren lehen etapan, Tom Boonen gelditu da nagusi.
  • GAILENDU (zaio) / GAILEN GERATU / GAILEN ATERA / ...
    • Hasiberria gailendu zaio txapeldunari.
    • Gaurko lasterketan ere, Fernando Alonso gelditu da gailen.
  • AZPIRATU (du) / AZPIAN HARTU / ...
    • Aurkari oso gogorrak azpian hartuta, Tiger Woodsek laugarrenez eskuratu du Augustako Masterra.
  • GARAITU (du)
    • Igandeko partidan Martinez Irujok 22 eta 16 garaitu zuen Olaizola I.a.
  • HAUTSI (du) –kolokiala–
    • Garai bateko Athleticek aise hautsiko zituen Ronaldo eta Figo guztiak.
  • MENDERATU (du) / MENDEAN HARTU / ...
    • Bera Berak sailkapeneko lehen postua eskuratu nahi du. Horretarako, lehenengo Sevilla menderatu behar du igandean.
  • TAMAINA HARTU (dio) –kolokiala–
    • Nafarren zoritxarrerako, Zaragozak tamaina hartu dio Osasunari.
  • IRABAZI (dio)
    • Musean ez dago irabaziko didanik.
      • EZ: Malagak ez du inoiz irabazi Realaren kontra.
  • GAINA HARTU (dio)
    • Hasiera-hasieratik Otamendik gaina hartu die beste lehiakideei.
  • ERAMAN (du) –kolokiala–
    • Bizkaitarrek eraman zuten partida.

Galtzea

  • GALDU (du) / GALTZAILE ATERA / GALTZAILE GELDITU / ...
    • Aurten Athleticeko neskak ez dira galtzaile atera partida batean ere.
  • PORROT EGIN (du)
    • Koxtape hiru segundora geratu zen lehen igandean, baina porrot egin zuen bigarrenean.
  • KALE EGIN –kolokiala– / HUTS EGIN
    • Lehen luzean lehia bizia egon zen Castroren eta Urdaibairen artean, baina gero Urdaibaik kale egin zuen.
  • MENDEAN ERORI / MENDEAN GERATU / ...
    • Barakaldarrak santurtziarren mendean erori ziren.
  • EPELA SARTU (dio) –kolokiala–
    • Bilbao Basket fin ibili da azken boladan, baina gaurko norgehiagokan epela sartu diote.
  • HONDOA JO (du)
    • Ez zuen asko uste borrokan hasi eta berehala hondoa jo behar zuela.
  • AZPITIK IRTEN (da)
    • Oraingo jardunaldian azpitik irten dira Athleticekoak. Hala segituz gero, ez dira UEFAko postuetan sartuko.

Galdutzat ematea

  • UKO EGIN (du)
    • Tau Baskoniak uko egin du lehen aldia amaitzerako.
  • UKATU (du) / UKATUTA GELDITU (da)
    • Campasek ezker gantxo batez eraitsi zuen Trinidad bigarren roundean, eta Trinidadek garbi-garbian ukatu zuen.
  • ETSI (du)
    • Ullrichek ez du etsi erlojuz kontrako etapan, baina ahalegina alferrekoa izan da, eta bihar, okerrik ez bada, Armstrong bosgarrenez igoko da Tourreko podiumaren goreneraino.
  • BURUA MAKURTU / APALDU (du) –kolokiala–
    • Partida hasi baino lehen Goñi zen faborito, baina burua apaldu behar izan du bizkaitarraren aurrean.

Zehaztasunak

Sinonimoak eta pareko esapideak erabiltzeaz gain, esaldiak aberasteko beste bide bat ñabarduraren bat eranstea da.

  • ERRAZ / AIREZ AIRE / AIREAN / AISE / SAMUR / NAGUSITASUNEZ
    • Paolo Bettinik airean irabazi zuen lineako proba Atenaseko jokoetan.
  • NEKEZ / KOSTATA
    • Aurtengo denboraldian kostata igoko da euskal futbol-talde bat lehen mailara.
  • ALDE HANDIZ / ASKOGATIK / GAINEZ GAIN / GAIN-GAINETIK
    • Iñigo Irastortzak tanto asko egin zituen sakez, eta azkenean Irastortzak eta Zinkunegik alde handiz irabazi zieten Galarragari eta Ruizi.
  • ILE BATEZ / HARI BATETIK / GUTXIGATIK / OZTA-OZTA / DOI-DOI
    • Kim Collinsek ile batez irabazi du 100 metrokoa Pariseko atletismo mundialean.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus