Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Nola txertatu euskara erakundeen kudeaketan

Nola txertatu euskara erakundeen kudeaketan

2005-04-22 / 07:00 / Ezagutzaren klusterra   ENPRESA

Azken urteetan euskara lan-munduan zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza bilaka dadin hainbat egitasmo jarri dira martxan: hainbat eskualdetan lan-munduan euskara sustatzeko planak eta egitasmoak (Oiartzualdean, Urola Kostan, Arratian, Txorierrin eta abarretan), euskara-plana duten enpresetako koordinatzaileen arteko topaketak eta beste hainbat ekintza Arrasaten eta Debagoienan, Administrazio Publikoetatik diru-laguntzak, azterketak. Eta horiez gain badaude erakunde pribatu asko (industri eta zerbitzu enpresak) bere kabuz edota aholkularitza baten laguntzaz bide horri ekin diotenak, hau da, beraien egunerokotasunean euskararen erabilera areagotzeko urratsak egiten ari direnak.

Hori guztia kontuan hartuta, Ezagutzaren Clusterrak argi ikusi zuen oso aberasgarria izan zitekeela erakunde horiek guztiek beraien esperientziak trukatzeko eta dituzten kezkak konpartitzeko gune bat sortzea.

Euskara eta kudeaketa foroa

“Euskara eta Kudeaketa” ezagutza trukatzeko foroaren kasuan, bereziki, bi izan ziren sortzeko arrazoiak:

  • Clusterraren inguruko zenbait pertsona eta erakundek arlo honetan ezagutza berriak lantzeko eta trukatzeko agertu zuten interesa.
  • Euskara eguneroko lan-eginkizunetan eta erakundeen kudeaketan txertatzeak gaur egun hartzen ari den garrantzia bazkideen artean zabaltzeko eta aztertzeko aukera ematea.

Arrazoi horiengatik jarri zen martxan euskara kudeaketan txertatzeko gaia aztertuko zuen ezagutza trukatzeko foroa. Foroak praktikoa izan nahi zuen, euskararen erabilera sustatzeko ahalegina egiten ari diren erakundeek kasu errealak ezagutu eta egindako bidea aztertuz ondorio nagusi batzuk atera zitzaten.

2003. urteko abenduan lehenengo deialdia egin zenetik arrakasta haundia izan du foro honek. Guztira 38 pertsona eta 19 erakundek parte hartu dute.

Era iraunkorrean parte hartu duten erakundeak hurrengoak dira:

  • Azti Fundazioa,
  • Batz S.Coop.,
  • Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU),
  • EiTB,
  • Elhuyar Aholkularitza,
  • EMUN,
  • ESTE unibertsitatea,
  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza,
  • Gaiker Fundazioa,
  • IDOM,
  • Ikerlan,
  • IMH,
  • Labein Fundazioa,
  • MCC, S.Coop.,
  • Mondragon Goi Eskola Politeknikoa,
  • Robotiker Fundazioa,
  • Tekniker Fundazioa,
  • UZEI eta
  • VISESA.

Horrez gain, eskerrak eman behar diezkiegu Bizkaiko Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari foroarekin zuzenean kolaboratzeagatik. Bestalde, gure esker onak ere eman nahi dizkiegu hurrengo erakundeei foroak eskatutako informazioa bere esku jarri dutelako:

  • Energiaren Euskal Erakundea,
  • Kondia,
  • Danobat,
  • Pasaiako Portuko Agintaritza,
  • Ekonomilarien Euskal Elkargoa,
  • Elkargi,
  • Urola Kostako Hitza,
  • ABB Niessen eta
  • HAIZE.

Foroko partaideak 2003ko abendutik 2005eko martxora arte egin dute lan. Lan-prozesuak hiru fase nagusi izan ditu: hasierako eztabaida eta ekintza-plana zehaztea, garapena eta azken txostena prestatzea. Lan-prozesu horren emaitza datorren 2005-04-26an aurkeztuko dugu jendaurrean Bilboko Euskalduna Jauregian.

Prozesuaren oinarri metodologikoa: ikuspegi sistemikoa

Euskara kudeaketan txertatzeko zein gakok eragiten duten aztertzerakoan ikuspegi metodologiko batean oinarritu gara bereziki: J. Inazio Markok proposatutako interbentziorako maila sistemikoak gizartean (1). Izan ere, enpresakudeaketaren gainontzeko arloetan bezala, euskararen gaian ere, gako guztiak ez daude norberaren esku, pertsonak eta erakundeak ez daude isolaturik, eta elkarrengan eragina dute.

Egileak marko sistemiko baten eredua proposatu nahi du, eta identifikatu zein mailatan eman daitezkeen ekintza soziolinguistikoak, hau da, politikak, plangintzak, aldaketak… Era horretan, garatuko dugun ekintza hori sistema zehatz batean kokatu, ulertu eta ardaztu dezakegulako, eta, aldi berean, ez ahaztu gainontzeko azpisistemekin nolabaiteko lotura duela, eta sistema orokor baten testuinguruaren baitan kokatu behar dela.

Beraz, Markok proposatutako ereduak elkarri eragiten dioten sei mailatan geruzatuta dago:

Ikus ditzagun:

  • Norbanakoa: motibazioan, gaitasunean eta/edo erabileran nolabaiteko bilakaera linguistikoa izan dezakeen subjektua.
  • Taldeak: norbanakoen arteko harremanak ematen diren guneak, alegia, familia, lagunak...
  • Organizazioak: enpresak, elkarteak, herriadministrazioak, sindikatuak...
  • Sektoreak: ekonomikoak edo gizartearen baitakoak, hau da, merkataritza, ostalaritza, gazteak...
  • Komunitateak: lurralde eremuen ikusmiratik aztertuta: udalerriak, eskualdeak, erkidego autonomikoak...
  • Ekosistema linguistikoa: alegia, aztertzen ari garen hizkuntzari atxikitako pertsona, egitura, kultura eta dena delako guztien multzo globala edo unibertsoa.

Esan bezala, Foro honetan elkartu garenok, eredu hori hartuta, aztertu dugu euskara kudeaketan txertatzerakoan zein gakok eragiten duten, eta lan horren emaitzak txosten batean jaso ditugu.

Zer jasotzen du txostenak

Txostena talde baten hausnarketaren ondorioa da. Txostenean jaso nahi izan duguna gure lan-bileretan ateratako emaitza da. Gure esperientziak edo eta gai honen inguruan ditugun kezkak, ezagutza eta iritziak jaso nahi izan ditugu. Gure esperientzietatik abiatuta, edozein motatako erakunde batentzat euskararen erabilera bere egunerokotasunean txertatzeko asmoarekin baldin badabil oinarrizko urrats batzuk izan ditzan, nola egin daitekeen ikusteko.

Txostenak bi atal nagusi ditu.

  • Egindako hausnarketaren emaitza:

    2004. urtean zehar egindako lanaren bilduma da. Atal honetan Euskararen balio erantsiaren inguruan egindako hausnarketa eta edozein erakundetan euskararen erabilera txertatzeko zenbait gako jasotzen dira.

  • Kasu praktikoak:

    lan hau egiteko urtebete horretan parte hartu duten erakundeek egindako aurkezpenak jasotzen dira. Izan ditugun kasu praktikoen artean, izaera eta aktibitate diferenteetako duten erakundeak izan dira: enpresak, unibertsitateak, fundazioak eta abar.

Metodologia

Foroaren hasiera 2003ko abenduan egindako bileran koka dezakegu. Hasierako bilera hura asmoaren berri emateko erabili zen eta bertan Batz, S.coop.ek euskara enpresaren kudeaketan txertatzeko izandako esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen. Lehenengo bilera hartan, beraz “euskara kudeaketan” gaia foro batean aztertzeko proposamena aurkeztu zen.

Ideia hori garatzeko (euskara kudeaketan) lan-taldeak foroaren helburua eta ekintza-plana zehaztu zituen. Horretarako 2004. urteko lehen hilabeteetako bilerak erabili ziren. Kontuan izanda foroan parte hartzen zuten erakundeen errealitateak ezberdinak zirela eta bakoitzak bere behar zehatzak zituela, denen nahia betetzeko Foroarentzako elkarrekin erabakitako helburu orokorra zehaztu zen:

  • Euskarak enpresa munduan duen balio erantsia aztertzea, eta kanpoan ezagutaraztera

Emaitza horretara heltzeko lau, lan-ildo zehaztu ziren:

  • Euskarak kudeaketan duen egoeraren diagnostikoa egin: horretarako, foroan ez zeuden beste eragile batzuei egindako elkarrizketak erabili ziren. Bertatik ateratako informazioarekin AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak) matrize bat landu zen.
  • Euskararen balio erantsia: definizioa. Euskara erabiltzeko argumentarioa landu.
  • Euskararen erabilera erakunde batean areagotzeko gakoak identifikatu.
  • Euskara kudeaketan txertatzeko ahalegina egin duten erakundeen esperientziak ezagutu.

Foroan lan egiteko oinarri garrantzitsuena parte-hartzea izan da. Bai lan-bileretan eta bai bileretatik kanpo egin beharreko lana talde-lanean oinarritu dugu. Eta horrela iritzi guztiak jaso nahi izan ditugu eta eragile guztien inplikazioa lortu nahi izan dugu.

Euskara eta kudeaketa: diagnostikoa

  • 2004ko otsaila 2004ko abendua

    Aipatu bezala foroaren lanaren abiapuntua diagnostikoa izan zen. Diagnostikoa egiteko oso interesgarria zen foroan parte hartzen ez zuten beste eragile batzuen iritzia jasotzea. Horretarako elkarrizketa gidoi bat landu zen foroaren parte-hartzaile guztien artean eta parte-hartzaile bakoitzak euskararen erabilera sustatzeko ahalegina egin duen erakunde bat aukeratu zuen. Guztira 12 elkarrizketa egin ziren. Elkarrizketa guztiekin txosten bat landu zen emandako iritzien bilduma egiteko.

    Horrez gain, Euskarak kudeaketan txertatzeko dituen ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatu ziren. Hasierako AMIA esperientziak ezagutu ahala elikatzen joan gara txostenean aurkezten dizuegun AMIAra heldu arte.

Euskararen balio erantsia eta euskara kudeaketan txertatzeko gakoak

  • 2004ko otsaila-2005eko urtarrila

    Bi atal hauen mamia lantzeko oinarria foroak izan dituen esperientzien aurkezpenak eta egindako elkarrizketak izan dira. Eta, nola ez, norberak izandako esperientzia.

    Kontuan hartuta zeintzuk ziren landu nahi genituen gaiak, esperientzien aurkezpenerako foroan aurkezpen-gidoi bat landu zen. Hurrengo atalak landu behar izan zituzten aurkezpena egin zuten erakundeek:

    • euskara kudeaketan txertatzeko arrazoiak,
    • oztopo nagusiak,
    • aurkitutako irtenbideak,
    • arrakastarako gakoak,
    • eragile nagusiak,
    • behar diren baliabideak.

    Behin elkarrizketak eta esperientzien aurkezpenak bukatuta, foroan hausnarketa-fasea zabaldu zen. Hausnarketa-fase honetan bi gai ziren taxutu beharrekoak: euskararen balio erantsia eta euskara kudeaketan txertatzeko erakunde batek kontuan izan beharreko gakoak. Bi gai hauek lantzeko lantaldeak osatu ziren eta foroko kideak hileroko bileretan lan egiteaz gain beraien lantaldeekin lan egin behar izan zuten. Lan horren emaitza datorren 2005-04-26an aurkeztu behar dugu Bilboko Euskalduna Jauregian. Taldeek egindako lana kontrastatzeko aukera foroaren bileretan egon da eta horrela bermatu da denok denen lanaren berri izatea eta txosten bateratu bat osatzea.

Azken txostena prestatzea

Elkarlanean osatu dugun txostenaren zenbait atalen jatorria, beraz, urtean zehar lortutako informazioaren azterketaren ondorioa dira. Txostenaren azken zertzeladak 2005eko urtarriletik martxora landu dira. 2004ko urtarriletik abendura arte egindako lana bateratu beharrak foroaren bizitza luzatzea ekarri du.

Espero dugu txostenean zehar aurkituko duzuen informazio eta hausnarketak interesgarriak izatea eta neurri batean zuen erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko asmoa baduzue oinarri bat izatea egin nahi duzuen bide horretan.


(ENPRESA KUDEAKETARAKO EZAGUTZAREN CLUSTER ELKARTEA)

  • Txostena eskuratu nahi baduzue gonbidatuta zaudete datorren asteartean, 2005-04-26an, Euskalduna Jauregian egingo dugun aurkezpenera. Joaten diren guztiei txosten bana emago diegu erabat doan.

Oin-oharrak

(1) J. Inazio Marko Juanikorena. “Normalizaziorako adierazle-sistema integralak eraikitzen: Euslab eta GPI”. V. Euskal Soziologia Kongresua. Bilbo, 2002.


Inprimatu


Erantzun

 
Azken ondorioen txostena aurkezteko ekitaldia
2005-04-22 / 07:00 / Ezagutzaren Clusterra

Apirilaren 26an, 19.00-etan, "Nola txertatu euskara erakundeen kudeaketan: gakoak eta esperientziak" txostenaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira Euskalduna Jauregian, Bilbon.

Ezagutzaren Clusterretik espero dugu txosten honetan zehar aurkituko duzuen informazio eta hausnarketak interesgarriak izatea eta maila batean zuen erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko asmoa baduzue oinarri bat izatea egin nahi duzuen bide horretan.

Hau da ekitaldi horretako egitaraua:

  • 19.00 - 19.05: Ongietorria

    Juan Jose Duque Ezagutzaren Clusterraren lehendakariordeak ongietorria egingo die agertzen direnei eta

  • 19.05 - 19.15: Hasiera

    Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuak hasiera emango dio ekitaldiari.

  • 19.15 - 19.35 : "Euskararen kudeaketa: Urrats berriak"

    Andres Urrutia Euskaltzaindiaren lehendakariak "Euskararen kudeaketa: Urrats berriak" izeneko hitzaldia emango du eta

  • 19.35 - 19.50: Txostenaren aurkezpena

    Agurtzane Loidi Elhuyar Aholkularitzaren koordinatzaile nagusiak txostena aurkeztuko du.

  • 19.50 - 20.00: Amaiera

    Bukatzeko, Patxi Goenaga Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak amaiera emango dio ekitaldiari.

  • Ekitaldiaren amaieran "Nola txertatu euskara erakundeen kudeaketan: gakoak eta esperientziak" argitalpena banatuko da eta koktela zerbitzatuko da.

Ekitaldira etortzea doanekoa da baina aurretik izena eman behar da. Horretarako, bseijas@clusterconocimiento.com helbidera idatzi behar da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono honetara dei dezakezue: +0034 94 420 98 09.

Horrez gain, on-line ere egin daiteke izen-ematea, HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus