Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntza Auditoretzak sistematizatzeko oinarriak ipintzen (II)

Hizkuntza Auditoretzak sistematizatzeko oinarriak ipintzen (II)

2005-04-26 / 07:00 / J. Inazio Marko Juanikorena   ENPRESA

Hizkuntza Auditoretzari buruz erabili.com-en argitaratutako aurreko artikulu batean gai honi buruzko lehen hurbilpena egin genuen, euskararen normalizaziorako egitasmoen eraginkortasuna neurtzeko balorazioak eta jarraipenak egiteak duen garrantzia azpimarratuz, lan horren sistematizazioari begira Hizkuntza Auditoretzarako eredua izan daitekeen sistema baten oinarriak proposatuz.

Hizkuntza Auditoretzari buruzko bigarren artikulu honetan, gaiaren ikuspegi aplikatua landu nahi izan dugu, Normalizazio Egitasmo baten Auditoretzarako Prozedura izan daitekeena proposatuz. Hona hemen, beraz, ĞMarkuletağ balizko herrian egikaritzen ari den Euskararen Normalizazio Planaren auditoretzarako prozedura.

Xedea

Prozedura honen xedea Markuletako Udalaren Euskararen Normalizaziorako Planaren Auditoretza egiteko erabili behar den sistema deskribatzea da. Markuletako Udalak bere Euskararen Normalizaziorako Planaren Auditoretzak egingo ditu honako helburu hauekin:

  • 1. Burutu diren ekintzek eta ekintza hauen emaitzek aurretik planifikatutakoarekin bat egiten duten ala ez egiaztatzeko.
  • 2. ENPren gestio sistema globalaren eraginkortasuna aztertzeko.
  • 3. Auditoretzaren emaitzei buruzko informazioa arduradunei emateko, berrikusketak eta doikuntzak egin ditzaten.

MARKULETAko ENPDOKUMENTUAREN KODEA: P-00

IZENBURUA: Egitasmoaren Auditoretzarako Prozedura

Edizioa: 0

Data: 05-03-22

Orrialdeak: 6

EDUKIAK
AtalaIzenburua
1Xedea
2Aplikazio esparrua
3Erreferentziazko dokumentuak
4Ardurak
5Garapena
6Formularioak

Aplikazio esparrua

Prozedura hau, Markuletako Udalaren Euskararen Normalizaziorako Planari aplikatuko zaio, bere osotasunean edota interbentzioaren plano zein arlo jakinetan, aldez aurretik erabakitakoaren arabera.

Plano Estrategikoa

Plano honetan Udalak euskararen normalizaziorako eta Euskararen Planaren aplikaziorako bere politikak eta estrategiak definitzen ditu eta marko orokorrak zehazten ditu, egoeraren ebaluaketarako eta interbentzioaren xedeetarako.

  • 1. Hizkuntza Politikaren definizioa: Udalaren printzipioak, asmoak, baloreak eta erabaki instituzionalak euskararen normalizazioari dagokionez, legearen garapenerako eta egoeraren hobekuntzarako konpromisoa barne.
  • 2. Egoeraren ebaluaketa marko orokorra: Euskararen egoeraren abiapuntuzko ebaluaketa egin eta interbentzioaren ondorioz egoeran gertatu bilakaeraren jarraipena egiteko adierazle-sistema antolatua, Udalak bere irizpideen arabera diseinatu behar duena.
  • 3. Markuletarako normalizazio helburu orokorrak: Ikuspegi orokor baten arabera eta egoeraren ebaluaketarako marko orokorraren adierazle-sisteman oinarrituta, Udalak ENPren bitartez Markuletan euskararen normalizazioan lortu nahi dituen emaitza nagusiak, helburu gisa adierazita eta adierazleen arabera zehaztuta.

Plano Operatiboa

Plano honetan Udalak Euskararen Normalizaziorako Planaren aplikaziorako zehaztapenak finkatzen ditu: urtez urteko egitasmoak, egitasmo horiek gauzatzeko gestio sistemak eta egitasmoaren jarraipena egiteko auditoretza prozedurak.

  • 4. ENP egitasmoa: Helburu orokorren despliegea helburu zehatzetan eta ekintzetan. Ardurak, epeak eta bitartekoak. Lotu nahi diren emaitzak eta horiek neurtzeko adierazleak. Aurrekontuak eta baliabideak.
  • 5. Egitasmoaren gestio sistema: ENP bideratzeko eraikiko den antolakuntza egitura. Ardurak, erantzukizunak eta ahalmenak. Lan taldeak, kideak eta funtzionamendua. Prozedurak, manualak eta dokumentazioa.
  • 6. Egitasmoaren auditoretza: Egitasmoaren ebaluazio sistematikoa, dokumentatua, aldikakoa eta objektiboa egiteko tresna. Inplementazioaren kontrol operatiboa egitasmoaren balorazioak eta doikuntzak egiteko. Bi auditoretza mota: Konformidade-auditoretza eta Efikazia-auditoretza.
  • 7. Balorazioa eta doikuntza: Auditoretzatik jasotako emaitzetan oinarrituta arduradunen balorazioak eta egitasmoan planteatutako aldaketak eta doikuntzak, plano estrategikoan zein operatiboan.
  • 8. Memoria: Egitasmoaren ezaugarriak, emaitzak, balorazioak eta proposatutako doikuntzak jasoko dituen dokumentu publikoa.

Konformidade-Auditoretzaren Arloa

Gestio sistemarekin eta arauekin zer ikusia duen arloa da Konformidade-Auditoretzarena. Honen bitartez, ezarritako arau, erreglamentazio eta prozedurekiko konformidadeak edo egokitzapenak jasoko dira. Horrekin batera, ikuskatutakoa gestio sistemari egokitzen ote zaion aztertuko da.

Konformidade-Auditoretzan, lehenik eta behin, erreferentziazko dokumentuak zeintzuk diren edota behar liratekeenak sortu diren ala ez jasoko da.

  • Plano estrategikoan: Euskararen garapenerako lege eta dekretu orokorrak, Udalaren hizkuntza politika definitzen duten arautegi propioak, Udalbatzaren erabakiak, deklarazioak eta bestelakoak.
  • Plano operatiboan: Egitasmoaren despliegerako dokumentazioa, antolaketa orokorrerako eta lan-taldeen osaketarako zein funtzionamendurako prozedurak, manualak eta bestelakoak.

Konformidade-Auditoretzan, aurrekoarekin batera, erreferentziazko dokumentu horiek agintzen edota ezartzen dutena betetzen den ala ez jasoko da.

  • Plano estrategikoan: Dekretu eta normatibetatik ondorioztatzen diren obligazioak betetzen ari ote diren aztertuko da.
  • Plano operatiboan: Egindakoa aurrikusitakoari egokitzen ote zaion eta aurrikusi moduan egiten ari ote den aztertuko da.

Efikazia-Auditoretzaren Arloa

Interbentzioaren emaitzekin zer ikusia duen arloa da Efikazia Auditoretzarena. Honen bitartez, aplikatutako prozedurak eta egindako ekintzak egokiak ote diren eta jarritako helburuak zenbateraino lortu diren aztertuko da.

  • Plano estrategikoan: Egindakoak egoeraren adierazle orokorren emaitzetan hobekuntzak ekarri ote dituen, finkatutako helburu orokorrak erdiesteko nolako eragina izan duen eta horrek guztiak Udalaren hizkuntza politikaren bisioan nolako isla izan duen aztertuko da.
  • Plano operatiboan: Egitasmoa noraino gauzatu den, egindako ekintzen eta jardueren emaitzak eta adierazleak zeintzuk izan diren eta adierazle orokorretan nola eragin duten eta funtzionamenduaren nolakotasuna aztertuko dira.

Erreferentziazko dokumentuak

  • Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Euskararen Aholku Batzordeak onetsitakoa.
  • Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Udal ereduen araberako hedapena. Fitxak
  • Markuletako Euskararen Normalizaziorako Plana
  • F-01.1 Formularioa: Helburuen Despliegearen eskema
  • F-01.2 Formularioa: Ekintzen Fitxa
  • G-02.0 Auditoretza Programa
  • F-03.0 Formularioa: Txekeo Zerrenda

Ardurak

  • Auditore nagusia: Izendatutakoa
  • Auditoretzaren lan taldea: Markuletako Udalak izendatutakoak arduradun politikoen, arduradun teknikoen eta lan-taldeetako kideetatik hautatutakoen artean osatutakoa.

Garapena

Auditoretza burutzeko urratsak ondorengo fluxu-diagraman azaltzen direnak izango dira.

(J. INAZIO MARKO JUANIKORENA Soziolinguistika Klusterraren lehendakariaren ondokoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

J. Inazio Markoren artikuluak erabili.com-en (Irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus