Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Arizmendiarrieta eta euskara: ibilbide adierazgarria

Arizmendiarrieta eta euskara: ibilbide adierazgarria

2005-03-17 / 07:00 / Emun - Lanki   ENPRESA

Gaur, 2005eko martxoak 17, Jose Maria Arizmendiarrietari eta berarekin batera Euskal Herriko kooperatibagintzaren hastapenetan bidegile lanetan ibilitako Luis Usatorre Arriolari, Jesus Larrañaga Lizarralderi, Alfonso Gorroñogoitia Gonzalezi eta Jose Maria Ormaetxea Uribeetxebarriari Gipuzkoako urrezko domina emango die Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Kooperatibak eta euskara" liburutik hartutako atala duzu irakurgai erabili.com-en.

Mutiko euskalduna ingurune euskaldunean

Mutiko euskalduna ingurune euskaldunean

Jose Maria Arizmendiarrieta 1915. urteko apirilaren 22an jaio zen Markinako Barinaga auzoan.

Arizmendiarrieta bere garaian kokatzeko eta bera sozializazioaren nondik norakoak ulertzeko hainbat gertakari hartu behar dira kontuan. Horien artean 1876. urtean galdu zen Guda Karlistak garrantzia berezia dauka. Gerra hau galtzeak era berean foruen galera ekarri zuen eta hau Euskal Herriarentzako eta euskararentzako atzera pausu izugarria izan zen.

Galera honek sortutako etsipenean dago lehen abertzaletasunaren sorburua. EAJ-PNV ren kontsignak (Jaungoikoa eta lege zaharra) zabalduz joan ziren XX. mende hasieran, batez ere baserri giroan. Horren lekuko Barinagako Iturbe baserria izan zen, Arizmendiarrietaren jaiotetxea. Jose Maria Arizmendiarrietak beraz gaztetatik ezagutu eta barneratu zituen bere familiaren bitartez ideia kristau abertzaleak.

Arizmendiarrieta jaio zenean Barinagakoa komunitate guztiz euskalduna zen eta gainera nahiko isolatua gune erdaldunekiko. Barinagan bizitzeko nahikoa zen euskara. Hau honela izanik Arizmendiarrieta eskolara joan arte euskara hutsean bizi izan zen, jakina.

Baina kanpo munduarekin erlazionatzeko nahitaezkoa zen gaztelania menperatzea eta ondorioz Arizmendiarrieta, auzoko gainontzeko haurrekin batera, 4 urterekin hizkuntza honetan eskolak hartzen hasi zen. Ordura arte euskara soilik ezagutu zuen haurrak pixkanaka gaztelerarekin lehen kontaktua izan zuen.

Nolanahi ere, hizkuntza arrotz hau ikasteko modua ez zen traumatikoa izan, euskara erreprimitzera ez baitziren iritsi. Elizako sermoiak eta katekesia esaterako euskaraz egiten jarraitu zituen abadeak. Besterik gabe, XX. mendeko lehen urte haietan euskara soilik zekiten haurrei erdara erakustea zen helburua.

Hamar urtetatik hamabi urtera bitartean, apaiztegirako bidea hartu aurretik, Arizmendiarrietak Diputazioak Barinagan jarritako auzo eskolan ikasi zuen, gazteleraz noski.

Gazte kristau euskaldun abertzalea

Eredu imitagarriak izan

Hamabi urte zituenean, 1927an, auzo eskolan ikasketak amaitu ondoren, Arratia-Arteagako apaiztegira joan zen Arizmendiarrieta Jose Gandiaga eta Gotzon Solozabal beste bi auzokiderekin batera. Antza denez goiz, eta, gerora ikusiko den bezala, tinko piztu zitzaion kristau fedea Arizmendiarrietari.

Adin horretan ere Arizmendiarrietak euskal literaturarekin lehen kontaktua izan zuen, orduan hasi baitzen estrainekoz euskaraz irakurtzen.

Komenigarria da Arizmendiarrietak eta bere inguruko apaizkide batzuek euskararekiko hartu zuten jarrera ulertzeko garai hartan arlo honen inguruan bizi zen egoera aipatzea. Izan ere 1882 urtean, Sabino Arana eta bere “Aberri” kontzeptuak egiten zuen euskal identitatearen aldarrikapenarekin, Euskal Pizkunde mugimendua deritzona hasi zen. Urte honetan hasi eta aurrerantzean euskal kulturaren kontzientzia hartze eta berrindartze bat eman zen. 1918. urtean aldizkari berrien sorrerarekin batera, Euskaltzaindia ere jaio zen.

Euskal Pizkunde hau suspertu egin zen 1926 eta 1936 artean. Aro berri honetan, Aitzol eta Lizardi bezalako idazleak, hizkuntza nazio baten oinarri zela defendatu zuten, hizkuntzaren kontzepzio folkloriko sentimentaletik haratago joanaz.

Arizmendiarrieta giro honetan murgiltzen joan zen hazten ari zen heinean. Hasieran euskararen aurrean aldeko jarrera inkontzientea izan bazuen ere, 1931.urtean Gasteizeko apaiztegira joan zenetik Arizmendiarrietari kontzientzia linguistikoa sortu eta indartzen joan zitzaion. Horren adierazgarri dira Jesus Larrañagaren hitzak:

“En el seno del del Seminario se incubaba corriente vasquista. Las discrepancias entre los profesores se hacen notar, molestos por las nuevas tendencias que pretenden sacar de la marginalidad a la lengua autóctona condenada a la extinción. Se acusa al seminario de cultivar el separatismo y a la Academia Kardaberaz dirigida por D. Manuel Lekuona, como centro inductor de la cultura vasca”.

Gasteizko apaiztegian On Manuel Lekuona eta On Joxe Miguel Barandiaran bezalakoak izan zituen aurretiko eta hauek Arizmendiarrieta eta beste hainbat apaizgaien kontzientzia linguistikoa ernetze eta trinkotzeko orduan eredu klabeak izan ziren.

Beraz, aurretik zegoen euskararen pizkunde giroak eta berak ezagutu zituen ereduek berarengan erne zuten euskal nortasunaren hazia.

Euskal komunitate euskaldunak osatu

Barinagan euskaraz bizitzea zen Arizmendiarrietarentzat egoera naturala. Baina behin gune horretatik irtenda, euskaraz normaltasunez egitekotan komunitate horiek sortu beharra zegoen. Ordurako bazuen ageriko kontzientzia linguistiko bat eta ahalegin berezia egin zuen giro euskaldun hori sortu eta bere ingurukoekin euskaraz bizitzeko.

Kontzientzia linguistiko horrek eraginda, On Manuel Lekuonaren eskutik euskaraz alfabetatzeko lehen klaseak jaso zituen 16 urte zituela. Baina Barinagako apaizak euskararekiko agertu zuen lotura horren baitan ez zegoen soilik komunitate linguistiko baten partaide izatearen aldarrikapena. Arizmendiarrietak euskara ondo menperatzea, bere apaiz eginkizunekin lotzen zuen. Herriarengana heltzekotan, euskara erabili beharra zegoen.

Helburu hauek aurrera ateratzeko asmoz, Arizmendiarrietak eta beste lau apaiz lagunek euskaltzale elkarte bat sortu zuten, Kardaberaz Bazkuna alegia.

Elkartearen izaera bikoitz honen adierazgarri gisa ondorengo aipuak jaso daitezke:

“Apaiz garaian eŕitarai kristoren irakatsiak ganoraz azaldu ta irakasteko euskera ikasi ta al-ba-da bestiei irakatsi ”

“Gure akademiaren asmoa, elburua esan det: euskal-idazleak sortu eta idazten trebatzea zan. Jakiña idatziz-ta-idatziz”

Kardaberaz Bazkuna euskal pizkundearen aro berri honen baitan koka dezakegu. Beste talde batzuekin erlazionatuz joan ziren heinean, elkartekoek ere mugimendu honen berri izan zuten. Beste taldeekin izandako harremanak hizkuntzarekiko zuten kontzientzia eta konpromisoa indartu egin zituen.

Euskararen alde lehen urratsak ematen hasi ziren hainbat zituzten eredu, besteak beste Kardaberaz, Larramendi, Aitzol, Arturo Campión...

Larramendik eta Aitzolek gazteleraz idatzi zuten. Aita Kardaberazek ordea euskaraz ere idatzi zuen. Bazkunekoek ondo ezagutzen zituzten beraien lanak eta Kardaberazek hartutako bidetik jo zuten, euskaraz lanak idazteari garrantzia emanez.

Euskaren aldeko jarrera kontziente hau bazkunaren leman, Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du, eta aktetan jaso zituzten hainbat bertsotan nabaria da:

euskalherrian / euskaraz / atseginez / eta eraz; / eleizgizonen / hizkuntzea / herriarena / beti, beraz

Euskarari eremu berriak zabaldu

Arizmendiarrietak izugarrizko zaletasuna zuen euskaraz irakurtzeko. Horrez gain, alde guztietan apunteak jasotzen saiatzen zen gero bere apaiz lagunei irakurtzeko. Euskal kulturaren inguruan sakontzeko grina bizia zuen.

Batetik euskararen altxor historikoa jasotzen lagundu nahi zuen eta oporraldietan lana gogotik egin zuen arlo honetan sakontze asmoz. Bestetik eta euskarari eremu berriak zabaltzeko asmoz “Jakintza-Gayak” direlakoak landu zituen. Filosofia, literatura, fisika, geologia, biologia, antropologia, soziologia eta etnologia bezalako gaietan euskararen erabilpen maila oso mugatua zen. Hau bazkunarentzat kezka bat izan zen eta “Jakintza-Gayen” bidez, arlo hauetan euskarazko materiala sortu nahi izan zuten. Arizmendiarrieta filosofian aritu zen. Kardaberaz bazkunaren helburua zen, eta bide batez Arizmendiarrieta berarena ere, kanpoan gazteleraz eta latinez egiten ziren lanak euskaraz ere eskaini ahal izatea.

Kardaberaztarren bazkunak hainbat talde biltzen zuen bere baitan. Arizmendiarrietaren taldeak Auŕera beti zuen izena eta euskara sustatzeko asmoz, izen bereko aldizkaria sortu zuen. 1934. urtean izendatu zuten Arizmendiarrieta aldizkariko zuzendari. Sasoi hartan ”AritzmendiAŕieta'tar Joseba Mirena” izenez izenpetzen zuen.

Honetaz gain, Arizmendiarrieta elkarte erlijioso kultural bateko partaidea ere bazen. Izan ere, apaiz eginkizunek lehentasuna izan zuten Arizmendiarrietarengan beti.

Ingurunea erakarri nahi euskarara

Goian aipatutako ahalegin horiek euskararen hedapena zuten helburu. Hau da, beraiek euskalduntzeaz gain, beti saiatu ziren euskal giroa besteengan pizten eta horretarako beraien burua euskaltzale agertzen. Gogo hau Kardaberaz Bazkunaren araudian jasota dago:

“Ez da aski geron artean bakarrik euskaraz mintzatzea. Bestiak ere... gu-tartekoak ez diranak ere euzkara eraabilten lan egin behar degu.”

Gaur ezagutzen dugun Arizmendiarrietaren irudian dimentsio hau ezezagun bihurtu bada ere, gogotsu saiatu zen euskararen munduan sakontzen eta ikasteko ardurarik hartzen ez zuten apaizengan interes hori sorrarazten. Elikatze lan hori egiteko oporraldietan baserriz baserri joan ohi zen euskal kanta, ipuin, musika doinu eta euskal etnografiarekin zerikusia zuena biltzen. Eta bide batez baserritarrei, ondare honen jabeei, ulertarazi nahi izaten zien harro egoteko altxor moduko bat zutela.

Euskalduntasuna ezkutatu. Etsita ala garai hobeak etorri artean

Arizmendiarrieta eta bere kideak apaiztegiko lanetan murgildurik zeuden bitartean kanpoan giro soziopolitikoa gero eta ezegonkorragoa zen. Espainiar armadako sektore faxistaren altxamendua aurreikusi zitekeen.

Gerra zibila

Giro sozial gero eta beroago horren ondorioz gerra zibila lehertu zen 1936. urtean. Gertaera horrek guztiz aldatu zuen hurrengo urteetako norabide soziala.

Ondorioz, Arizmendiarrietari ere aldatu egin zitzaion bizimodua. Euskararen historiako lehen egunakri euskaldunean, EGUNA kazetan hasi zen erredaktore lanetan. Hiru urte zituenean harriak jo zuela-eta begi bakarretik ikusten zuelako, ez zuten mendira bidali eta, euskara jatorrekoa izanik, Euzko Alderdi Jeltzalearen hedabide hasi zen lanean. Euskara hutsean egin zen lehen egunkaria helburu garbi batekin jaio zen: euskara gizarte harremanetarako eta komunikabideetarako tresna egokia izan zitekeela frogatzea. Era berean, gudarien indarrak suspertzeko tresna izan zedin ere nahi zuten.

Sei hilabeteko bizitza izan zuen egunkariak eta horietan Arizmendiarrietak zuzen-zuzenean hartu zuen parte “Arretxinaga” izengoitia erabiliz. Esan daiteke hiru izan zirela haren artikuluetan: batetik kristautasuna, bestetik antifaxismoa eta askatasuna; eta azkenik, gai sozialak, batez ere ekonomiari loturikoak.

Hiru oinarri hauek bere testuetan ikus daitezke:

“Gorengo mailan dogun elburua Jaungoikoa dogu. Gizona, notina ta Abeŕia jaŕi daikeguz uŕengo mailan. Oŕein ondoren giza azkatasuna, ludi ontasunak, Jaungoikoa ta Abeŕia, gorengo elburu biak beregaŕi dabezan gizonen buru eskintza noragiño eldu daike?”

Frankistak Bilbon sartu aurreko asteetan baikortasuna eta ezkortasuna, adorea eta negarra tartekatzen zitzaizkion Aritzmendiri.

“Begiak zabal eta begi oŕeitatik alaitasun eta iŕipaŕea baŕik, malko garratzak daridaguz.(…) Eder genduan oraintsu gure Euzkadi. Abeŕi Berbizkunde udabaŕi loratsuan giñalakoan giñan. Sail guztietan lore ikusgaŕiak ikusten genduzan. Amesetan ete genkusan orren eder ala esnatu garanean eta amesak eguzkiak uxatu dauskuzanean Berbizkunde ordez Abeŕi iltamua ikusi beaŕak jo ete gaitu?(…)”

“Abeŕi udaguen igaliz betea gomutaratu, euskotar “geroa” bekizu adore ituŕi, ene abertzale: Euzkadi´’ren askatasuna bekizu pozbide, ene begiko gudari. Ater malkuok, ito biotz zotin eta intziri itunok. Lorak jausi yakuzanarren, Euzkadi’ren kimuetan igalitxoak agiri yakuz, ta, poztu gaitezan.”

Beldurra ere gailendu zitzaion baina ez dago oraindik atzera egiteko prest:

“España egin nahi gaitue. Geure izatea aldatu nai dauskue. Geure jantziak kendu, geure euzko-izatea berbera aldatu nai dauskue. Guk baiña geure eusko izatea galtzekotan ez dogu bizi-nai; geure euzko-izate ori gabe bilotsik edo erdel-izetez jantzita geure buruak ikusi baño il niago dogu”(...) “Faxistek goŕi –ori dan jantziz jantzi nai gaitue. (...) Guk geure mendi orlegien, geure odol goŕiaren eta edesti zuri garbiaren antzikuŕ dan ikuŕa maite dogu. Geure geure diran jantzi oŕeikin jantziko gara.”

Frankistak 1937. urtean sartu ziren Bilbon. Arizmendiarrieta ihes egitea lortu eta Gipuzkoan egun batzuk eta bere etxean beste bat igaro ondoren Bizkaiko hiriburura itzuli zen ostera. Han harrapatu zuten, herriko baten salaketa medio. Horren ondorioz Larrinagako kartzelan sartu zuten. Epaiketa etorri zenean kazetaritzako bere lagun bat heriotzara kondenatu zuten eta berari indultua eman eta tropa “nazional”etan sartzera behartu zuten. Izan ere, koartelera adskribatua zegoela deklaratu zuen, egunkarira adskribatua zegoela esan beharrean. Hauxe izan zen itauna: “ Zuk noren diruarekin jaten dozu orain?” Nik soldadutzan emoten dausten diruarekin jaten dot”. Gezur horrek libratu zuen Arizmendiarrieta fusilatuen patu berbera izatetik. Beste 16 apaizek ordea ez zuten zorte bera izan eta berrehundik gora, berriz, kartzelaratu egin zituzten.

Hizkuntzaren hil kanpaiak jota?

Kartzelan egon ondoren Burgosera joan zen soldaduska egitera. Orduan, teologia ikasketak egiteko irrika sortu zitzaion, baina ez zioten baimenik eman azterketara aurkezteko, klaseetara joan ezean. Azkenean, D. Angel Tremiño Orenseko gotzainarekin izaten zituen hartu-emanek klaseetako presentzia ordezkatzea onartu zioten eta ondorioz, 1939. urtean lizentziatu zen. Abade ikasketak amaitzeko asmoz, berriro egin zuen Gasteizerako bidaia, baina ez zen apaiztegian aurreko garaietan bezain gustura ibili barinagatarra, giroa oso aldatua baitzegoen. Azkenik, 1940. urteko abenduaren 21ean ordenatu zen eta hurrengo urteko urtarrilean eman zuen bere lehen meza Barinagan. Ondoren, soziologia ikastera Belgikara joateko asmotan zebilela, Arrasatera apaiz lagunkide joateko eskutitza jaso zuen.

Apaiz laguntzaile berria 1941. urtean jaitsi zen Arrasaten trenetik. Hankaz gora aurkitu zuen herria, hustuta. 1933. urtean 7.835 biztanle bazituen Arrasatek 1936. urtea bukatu zenean 3060 herritar besterik ez zeuden. Biztanleriaren % 60 baino gehiagok Bizkaira ihes egin zuen. 43 arrasatear fusilaturik, 70 lagun errepublikarren alde eta beste 40 Francoren alde hilik eta beste hamaikatxo zibilen heriotza izan zen hondamendi haren emaitza.

Ikuspegi soziolinguistikotik ere guda galtzeak euskararentzat izugarrizko atzera pausua ekarri zuen. Arrasaten, beste herrietan bezalaxe, eskolan, hainbat gizarte sektoretan nahiz elizan, debekatua egon zen euskaraz egitea. Gaztelaniak derrigortasunarekin batera prestigioa irabazi zuen eta motibazio horrek bultzatuta, nagusitu egin zen erabileran. Gutxi ziren hamarkada hartan kalean gaztelaniaz ez zekitenak. Gehiengoa gainera euskaldun alfabetatugabea zen eta hauek ordura arte euskara harreman hizkuntza bezala erabili bazuten ere, hemendik aurrera etxera mugatu zen euskararen erabilera; lotsa eta beldurra nagusitu ziren euskararen erabileraren inguruan.

Arizmendiarrietak, beste askok bezala, euskararen bukaera iritsi zela barneratu bide zuen eta gai horrek bueltarik ez zuelakoan, beste bide bati heldu zion: herria indartu eta bere miseriatik ateratzen laguntzeari.

Honela zioen Jose Mari Mendizabal apaiz arrasatearrak:

“alguien se podrá preguntar por qué no siguió esa trayectoria iniciada de trabajo y cultivo del vascuence. La respuesta creo que es bastante normal. El año 1941 en Mondragón había hambre, miseria, ignorancia, tuberculosis, falta de viviendas, familias con hombres en las cárceles... pienso que pensó que lo primero es lo primero”.

Joxe Azurmendik honakoa esan zuen garai haietako barinagatarraz:

“Arizmendiarrieta, ha podido pensar, no sin razón, que en aquellas circunstancias la más mínima sospecha de simpatías nacionalistas habría significado un serio obstáculo para su labor social. En su decisión de ser “sólo sacerdote” y de desarrollar en cuanto tal una labor eficaz, ha sacrificado totalmente sus intereses culturales nacionales, llegando a abandonar, no sólo el cultivo público de su lengua materna, sino incluso el privado: cuando veinte años más tarde empiece de nuevo a escribir en euskara, su lengua materna está enpobrecida y su prosa es tosca. Parece haber pensado también – en años posteriores se manifestará en este sentido- que, dada la dureza de la represión y la debilidad del pequeño pueblo vasco, los intentos de reconstrucción nacional, atacando directamente por la vertiente linguística y cultural, ya no tenían salida. Sólo a través del fortalecimiento económico, especialmente del cooperativo, sería viable la reconstrucción nacional”.

Beraz, ordu arte bere bizitzaren ardatzetako bat izan zena, euskaltzaletasuna, alboratu eta pragmatismo eta zuhurtziaren bidetik, Arrasate berreraikitzeari ekin zion. Gisa honetara, lana bilakatu zen bere filosofia eta ekintzaren ardatz. Miseria gorrian zegoen Arrasate herria berreraikitzeko langileak hezkuntza eta bere lan propioaz baliatu behar ziren. Langileen kontzientzia piztu beharra zegoen.

Euskararen aldeko eredurik eman eta hartu ez

Kooperatibak sortu aurreko urteetan gazte eta helduekin hasi zen lanean. Acción Católica zuzendu zuen eta bertatik hainbat ekintza sortu, besteak beste, liburutegia, irratia, “círculos de estudios” deituriko taldeak, Juventud Deportiva Mondragón, Aleluya aldizkaria...

Ekintza hauetan guztietan euskarak ez zuen ezelako lekurik izan. Hizkuntza nagusia gaztelania zen,harreman formal zein informaletarako. Horren lekuko dira adibidez 1941. urtean egindako gogo-jardun txandak; 22 gaztelaniaz ziren eta lau baino ez euskaraz. berak antolatutako antzerki guztiak erdaraz idatzi zituen. Bere idatzietan ere Arrasatera etorri eta lehen 20 urteetan esaldi bakar bat baino ez da aurkitu euskaraz.

Aurretik esan bezala, haserako urteetan Arizmendiarrietaren lana heziketan oinarritu zen. Bere gain hartu zuen zortzi gazteren formazioa, etorkizunean kooperatiba mugimenduaren sortzaile eta gidari izango zirenak. Emandako heziketan, ordea, “euskara” hitza ez zen ez agerian ezta pribatuan ere azalduko. Horren lekuko dira Josee María Ormaetxea Arrasateko Kooperatiba Esperientziako sortzaileetako baten ondorengo hitzak:

“(...) nunca me suscitó la menor duda el hecho de que, bajo aquella vida y aquel personaje, subyacía un euskaldun (...). Sin embargo, he de reconocer que en ningún momento alentó en nosotros tal proclividad. Dejó que las cosas marcharan, que las relaciones se instalaran en su tierra y que la expresión de sus sentimientos se manifestara en comportamientos más que en proclamas, y su abertzalismo se tradujera en un trabajo crecientemente innovador, enriquecido y distribuido entre todos.

Alguien hubiese querido que en 1941 hubiese levantado el clarinazo de su voz en euskera y que sus círculos de estudio se hubiese colmado de mensajes excitantemente patrióticos. Eramos jóvenes y no hubiese sido difícil movernos en esa dirección. Pero quiso que su obra fuera más perenne. (...)”

Hortik ondoriozta daiteke hirurogeiko hamarkadara arte Arizmendiarrietak eraikitako guztia gaztelaniaz eraiki zuela. 20 urte luzez, Arrasaten, bai harreman formaletan eta baita informaletan ere gaztelaniaz egin zuen. Euskaraz etxekoekin, gerra aurreko lagunekin eta gaztelaniaz ozta-ozta moldatuko ziren zaharrekin aritu zen. Apaizekin nahiz Arrasaten egindako gertuko lagunekin gaztelania erabiltzen zuen. Adibide gisa, gogora dezagun Jokin Zaitegi kulturgile arrasatearrarekin ere gaztelaniaz aritzen zela.

Gisa honetara, Arizmendiarrietaren bizi-ibilbide linguistikoan hausketa traumatiko bat gertatzen da. Gerraren etenak euskaratik urrundu egin zuen eta gai horrekiko aurreko urteetan izan zuen ardura alde batera utzi zuen, bide berri bati helduz: elkartasunean eta duintasunean oinarritutako lanaren eta gizakiaren defentsa.

Berreskurapenaren bidetik

Guda galdu ondoren, Francok ezarritako diktadurak urte antzuak ekarri zituen euskararentzat hegoaldean. Iparraldean eta herbestean, aldiz, askatasun eremua zabalagoa zenez, euskalgintza aurrera pauso batzuk ematen hasia zen. Pixkanaka joan ziren agertzen hegoaldean honen eraginak, 1956. urtean, adibidez, Euzko Gogoa, Jakin, Euskera...

Honela, poliki-poliki belaunaldi berri bat hasi zen ernetzen, politikan zein euskalgintzan aldaketak aldarrikatuko zituena eta abertzale izateko beste ikusmolde bat eratuko zuena. Hirorogeiko hamarkadan hasi ziren martxan jartzen lehen ikastolak. Euskalduntze eta alfabetatzearen hasierak, garaiko “gau eskolak” ere sasoi honetan hasitakoak dira.

Kooperatiben sorrera erdalduna

Garai honetan kooperatibismoaren esperientzia ere hedatzen hasiko da. 1956. urtean Ulgor pabiloiaren lehen harria jarri zen. Urte horretatik aurrera hamarkada oparoa etorriko da, industri kooperatiben hedapen bizkorra eta beste kooperatiben gorpuztea. Kooperatiben sorrera bultzatu zuten langileek Arizmendiarrieta izan zuten eredu. Eskola Politeknikoan elkartzen ziren harekin eta entzun egiten zioten. Lehen langile horiek formatu zituen Arizmendiarrietak eta kooperatibak sortzen lagundu.

Honela oroitzen du urte haietako Arizmendiarrietaren jarduera Juanito Leibarrek, garaiko Eskola Politeknikoko idazkariak:

“Arizmendiarrieta goizean elizan egoten zen eta ondoren Lankide Aurrezkira joaten zen Ormaetxea eta hauekin hitz egitera. Arratsaldean berriz eskolan elkartzen zen ikasleekin. Bertan erdaraz hitz egiten zien ikasleei eta bere kontsulta eta laguntasuna ematen. Ez zen hizlari ona baina berak zioen azkenean entzun behar zionak entzungo zuela eta pazientzia guztiarekin mintzatzen zitzaien. Eskolan euskaraz zekitenak eta ez zekitenak zeuden. Orduan ez zegoen zaletasun orokorrik euskararen alde. Beldurra, lotsa zuen jendeak. Euskara landu gabe zegoen. Betiko euskaldunak hitz egiten zuten baina bestela ez zegoen ardura orokor bat. Arizmendiarrietari ez zitzaion ikusten euskara zale amorratu moduan. Euskarari maitasuna bazion, baina kontuz ibiltzen zen.”

Patxi Goikolea euskaltzale arrasatearrak ondorengo bizipenak oroitzen ditu:

“Eskolan berari entzuten egoten ginenean erdaraz hitz egiten zuen beti. Baginen hiru lagun edo euskal kutsua barru-barruan geneukanak. Bestela, ez zegoen euskal kutsurik oro har. Gogoratzen dut guk Arizmendiarrieta tentatu egiten genuela. Behin esan genion: “Ze euskara gutxi egiten den...”. Bere erantzuna zera izan zen: “Zuek egin euskaraz, denok ezin dugu egin baina zuek ahal duzuena egin!”. Berak pixka bat bazterrera utzita zuen baina guri esan egiten zigun egiteko. Momentuan ez zen komeni euskararen gaia gehiegi zabaltzea. Egindako lana pikutara joan zitekeen. Jakinaren gainean zegoen euskararen inguruan herrian egiten zen lanaz. Ez zen bera inguru horretan ibili ordea. Beste batzuei utzita zuen lan hori. Garai haietan ez zuen ikusten lehentasuna zuen gai baten moduan, ez zuen euskararen aurrerabidea oso garbi ikusten. Nire ustetan galduta bezala ikusten zuen eta horregatik esaten zigun guk egiteko, jarraitzeko. Gaur bizi balitz uste dut bultzatuko zuela.”

Xabier Erdozia MCCko idazkari nagusi ohiak honela gogoratzen du garai haietako Jose Maria:

“Sistema politikoaz ondo jabetuta zegoen Arizmendiarrieta. Guda golpe handia izan zen eta bertatik indargabeturik irten zen euskara. Euskararen iraunkortasuna zalantzan jartzera iritsi zela uste dut, baita ere bere baliagarritasuna. Horregatik, bide pragmatikoari heldu zion eta lehentasunak ezarri zituen. Ekintza humanitarioa eta pertsonaren duintasuna oinarri zuen heziketa zabaldu nahi izan zuen, gorrotoak desagertu eta jendea lanaren bitartez batuko zuena. Ez zuen euskara ahaztuta, baina non eta nola izan behar zen jakinda egin behar zela uste zuen, ziurtasun batekin. Garai haiek ez zuten horretarako aukerarik ematen ordea: salaketak izan zituen, hemendik bidali nahi izan zuten eta presio handiak zituen alde guztietatik. Berak bazekien noraino egin zezakeen dena pikutara bota gabe.”

Jose Maria Arizmendiarrieta Madariaga jauna
Presioak eta kritikak

Gizon publikoa izanik begi asko izan zituen jarraika beti. Testuinguruaren arabera, beraz, jarrera ezberdina hartzen zuen. Batzuetan giro sozialarekin batera “berreuskaldutzen” hasteko jarrera nabari zitzaion. Beste batzuetan, ordea, erdal kutsua izaten zuten bere diskurtsoek.

Esan bezala, hizkutzaren eta politika-alorraren inguruan jarrera garbirik erakusten ez zuenez, hainbaten artean haserrea sortu zuen eta ondorioz kritikak jaso zituen, Gobernutik nahiz ezker iraultzaile deitutako indarretatik.

Alde batetik, Gobernadore zibilarekin tirabirak izan zituen. 1965. urtean Bergaran izandako Aberri Egunean “participación masiva de los alumnos de la Escuela Profesional” eman zela-eta neurriak hartzeko eskatu zioten. Halaber, T.U. Aldizkariak, Kooperatiba taldearen aldizkariak, bahiketa bat eta bi ohar jaso zituen, artikulu batzuek abertzale kutsukko mezuak jasotzen zituztela-eta. Ondorioz, zigorrekin eta aldizkaria ixtearekin mehatxatu zituzten.

Beste alde batetik, berriz, euskaltzale engaiatuek nahiz ezker iraultzaileko sektore batzuek ez zuten begi onez ikusten bere lana, abertzaletasuna zokoratzen zuela esaten baitzuten.

Adibidez, 1966. urtean Carlos Santamaria eta Arizmendiarrietaren artean polemika pribatu bat izan zen, gerora Arizmendiarrietarengan eragina izan zuena. Honek TU aldizkarian “euskal gizakiaren” erreferentziarik azaltzen ez zelako kritika egin zion Santamariak. Arizmendiarrietaren erantzun luzea honela laburbildu daiteke:

“- El vasco... apenas está autorizado.”

“- (...) Deme ud. Un hombre en las condiciones arriba señaladas y le daré el HOMBRE VASCO, por el que todos aspiramos”. Y déjeme el adjetivo “vasco” mientras nuestros hijos no tengan oportunidades de formación, ni puestos de trabajo adecuados, ni libertad de contratación en el trabajo, ni derecho a la propiedad..”

“- (...) Hágame hombres, hombres, hombres libres de esas tiranías, y le daré vascos perfectos; entonces le enseñaré el “hombre vasco”. Busquemos primero al hombre.”

Talde politiko batzuen kritikak ere jaso zituen: Liga Comunista Revolucionaria-ETA Virena, 1970ean hasita eta oso modu erasotzailean, eta ETA p.m.rena geroago, tonu lasaiagoan.

Xabier Kintanarekin 1972. urtean izan zituen tira-birek ere zer esana eman zuten. Arizmendiarrietari Caja Laboral Popular entitatearen euskarazko izena asmatzea otu zitzaion eta Eusebio Erkiaga eta beste batzuengana jo zuen laguntza eske. Hauek izen batzuk gomendatu bazizkioten ere, gogoa bete ez eta berak asmatutako euskal itzulpena substantibo bezala erabiltzea proposatu zuen, bide batez, hitz hori garatu eta indartzeko aukera zabalduz. Xabier Kintanak, ordea, harriduraz eta minduta erantzun zion Arizmendiarrietari, batetik, beraien iradokizunak kontuan hartu ez zituelako eta, bestetik, sortutako izenak gramatika akatsak zituelako. Gertaera horren kariaz gutun bidezko harreman tirabiratsua izan zuten.

Azken urteetako berreskuratze hastapenak

Aurreko urteetan jasotako kritikek eragina izan zuten D. Jose Mariarengan. Era berean, Francoren heriotza bazetorrela ikusten zuen eta horrek ondorio batzuk ekarriko zituela. Bere azken urteetan euskararen aldeko pauso txikiak ematen hasi zen: Lan Kide Aurrezkian diru laguntzak bideratzen, Kooperatiba batzuetako izenak eta estatutuak euskaratzen, T.U Lankide aldizkarian euskarazko artikuluak idazten...

TU Lankide aldizkarian 1974an idatzi zuena izan daiteke azken urteetako bere euskal prosaren adibide bat:

“Kooperatiba erakundeen kutsu ta indarra ez da besterik askatasun eta zuzentasun miñez norberak ingurukoen ongarri ta alkartasunpean jokatu arazotera bultzatzen gaituan gogo-bizia baño.

Zer deuseztatu, apurtu edo birrindu bear dogun pentsaterakoan, zer jarri, egin edo jaso bearko dogun eta zerekin eta zelan egin eta jaso al gengikegun be kontuan eduki dagigun. Orain eta gero be geuk geuronez egin dagikeguna egitea ongarri ta bearreko izango da geuri jagokun erakunde ta politika jokabideetan ibilli al izateko”.

Euskaraz idatzi zuen azkenetariko artikuluari -ohizkoak baino luzeagoa berau- “beso eta biotz biak bat” jarri zion izenburu eta inoiz baino garbiago hitz egin zuen Euzkadiz, Aberri Egunaz, Aberriaz:

“EUZKADI herri txiki, lurralde estu eta Aberri ugaldekorra da. Izadiak eder egin ginduzan, baña lanak egin gaitu bizigarri; alkartasunak eta batasunak, naiz eta txikiak izan, indartsu eta aipagarri egiten gaitu, etxean eta erbesean, alkarrengana zintzo eta edonorentzako errespetutsu geranez.

“Herri haundi eta zabalagoen artean iñork ez ginduke gutxieretziko, begirapen, askatasun eta lagunkide bezela ikusten bagaituzte. Guk gure ABERRIA jasoteko, liraintzeko eta bizigarritzeko ez daukagu iñor zapaldu edo otseinpetu beharrik eta naiko zeregin daukagu lurralde au garbitzen, jorratzen edo landutzen, denontzako txukunagoa, probetxugarriagoa eta maitagarriagoa izan dakigun. Kale eta uri barriztuak, ibar, mendi eta ibai garbiak, lurralde zabala ez dogun arren, badaukagu non ekin eta jarrai landuten, azi eta abono zabaltzen, loraz edo zugatzez jantziten, sasiak eta larrak besterik agiri ez diran basterretan. Lotsatu egin behar genduke etxetxuetan, bakoitzak bere etxezulorako ainbat apaingarri, eta inguruak abandono utsean, ezertarako be zerbitzen ez dutela ikusita.

“ABERRI EGUNAK zalapartatsu ospatu, ainbat abertzaletasun oiu egin eta gero ainbat lurralde eta baster ikusten dira baizen zatar ikusita lotsatu egin behar genduke. Ez lotsatu, baizik ekin eta jarrai; geurea, danona, danon artean edergarritzen, noiz eta nork ezer ordainduko ete digun zain izateke.(...)”

Gizartearen euskalduntze prozesua gero eta indartsuagoa bilakatzen ari zen heinean, Arizmendiarrieta ere euskararekiko ardura handiagoa hartzen hasi zen. Haurrek euskaraz ikasteko aukerak sortzen ari ziren eta ugaritu egin zen euskal maisuen beharra. Horri erantzuteko asmoz, Arizmendiarrietak Irakasle Eskolaren sorrera bultzatu zuen bere bizitzako azken urtean.

Bihotzeko gaixotasunaren ondorioz azken urteetan izan zituen arazoek osasuna ahuldu zioten, eta ebakuntza eta infekzio bitxi bat gainditzea lortu bazuen ere, ezin izan zuen guztia jasan eta 1976. urteko azaroaren 29an hil zen.

Hil aurretik idatzi zituen azken berbak euskaraz idatzi zituen:

“Eskuz esku, buruz buru, indarbarriturik, lanean elkarturik, lanaren bidez, gure lurralde estuan denontzako gizabide bizigarriagoak eratuko ditugu eta lurralde au edergarrituko dogu.

“Gure kidetasun barrietan txertatuko ditugu auzo ta erri, erri ta beste guztiak: Aurrera beti!

“Iñor ez iñoren otsein, ez jaun, izan dadin denok denontzako suilletan, eginkizunetan, jokabide barriak onartu bear ditugu.

“Auxe izango da gure alkartasun gizatsua eta aurrerapidetsua- gure erria erriaren indarrez jaso dezakeena.”


(EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatiba eta LANKI Lankidetzaren Ikertegia*)

  • *Julen Arexolaleibaren "Arizmendiarrieta eta euskara" ikerlanean oinarrituta, 2002an argitaratutako "Kooperatibak eta euskara" liburuaren lehenengo atala.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Arizmendiarrieta sindromea
2005-05-17 / 11:37 / Kepa Atutxa

ARIZMENDIARRIETA SINDROMEA

Bere bizitzan zehar Arizmendiarrietak euskararekiko bizi izan zituenak jasotzen dituen Arexolaleibaren lana benetan interesgarria iruditu zait.

Argi ikusten da lan horretan inguruak nolako aldaketak dakartzan pertsonaren portaeran: Portaerak aldatzen dira, baita ere portaera intentzioak, eta baita ere ageriko jarrera. Eta sakoneko jarrera? Nola ezagutu pertsonak bere barruan duen jarrera, adierazpenetan edota portaeretan gauzatu ezean? Eta nortasuna? Hori ere aldatua izan zen Arizmendiarrietaren kasuan?

Gogora dezagun ez gaudela goizetik gauera bere pentsaera eta asmoak aldatzen dituen pertsona aldakor baten aurrean. Alderantziz: bere buruari egindako erronka irmo mantenduz, urteetan zehar Arrasate inguruko kooperatiba mundua sortuz eta gidatuz lan egin zuen liderraren aurrean gaude.

Nola azal dezakegu orduan, Arizmendiarrietak hain ‘aldakor’ eta itxuraz urte luzez ‘axola gabe’ jokatu izana euskararen eta honen erabileraren arloan? Nola izan daiteke, bere gazte sasoian adoretsu jokatu zuena euskararen suspertzearen alde, gero hartaz ahaztu eta inolako erabilerarik ere ez egitea, ez arlo publikoan ezta ere pribatuan? Eta ezta ere geroago, kooperatiben proiektua sendotu ahala bere esku gero eta indar gehiago ikusiko zuenean?

Psikologian adituak direnak izango dute portaera honetaz nik baino azalpen hobeagorik emateko, baina ni neurea ematen ausartuko naiz:

‘Nortasunaren kudeaketa’ kasu nabarmen batean aurrean izan gaitzeke Arizmendiarrietarenean: Gizakiok kontestuaren arabera aldatu egiten dugu geure diskurtsoa, eta geure nortasuna kudeatu gure inguruan daukagun presioaren aurrean, edo agertu nahi dugunaren arabera. Batzutan inguru horrek proposatzen digunaren aurka egingo dugu, besteetan alde, eta gehienetan pasatzen utzi, momentu horretan planteatuta ditugun interes eta helburuek kontuan hartuz, inkontzienteki bada ere; helburu horiekin bat datozen begiratuz, edo kontra, edo ez bata ez bestea, eta orduan albora utziz.

Arizmendiarrietak euskararen aldekotasun sutsu eta lanari lotua agertu zuen lehenik, gero ez alde ez aurka baina praktikan eta inguru hurbilean aaleko aurkakotasuna, eta azken aldian berotuz zihoan aldekotasun epela.

Eta hori azaltzeko inguruko bi eragile ditugu:

  • a) Gerra eta kartzelaren ondorengo aldaketa politiko bortitza, bere barruan izugarrizko shocka eragingo ziona.
  • b) Beti gogoan izan zuen helburu sozialaren lehenestea eta gerra osteko gizarte hartan interes honi komplimendua emateko aukera paregabea.

Pertsonak ez gara haortaz, nolabait esatearren, harriak bezain gogorrak, eta moldatu egiten gara inguruan dugun gizartearen edo giza taldeen eraginen eta geure esperientzien eta interesen arabera.

Uste dut badugula zer ikasi Arizmendiarrietaren jokabideaz, eta pentsa dezakegu gu geu, eta geure inguruan direnak ere, aldatu egiten garela eta hark jasan izan zuen sindrome hartan sar gaitezkeen hein berean atera ere egin gaitezkeela, eta hain beharrezko dugun euskararen aldekotasuna azaleratzen lagundu geure nortasunaren eguneroko kudeaketan, geure nortasunaren ‘euskaldun izate’-a azaleratu jarrera eta portaeretan.


(KEPA ATUTXA, Egaratu Kooperatiba Elkarteko bazkide da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus