Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Elurra mara-mara, albisteak barra-barra

Elurra mara-mara, albisteak barra-barra

2005-02-04 / 07:01 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Elurtza non, albistea han. Horrela ibiltzen gara albistegietan urtero, negu sasoian. Hona hemen elurraren eta antzeko fenomeno meteorologikoen berri emateko argibide batzuk.

Mendateak ez zaizkio trafikoari ixten

Mendateak ez zaizkio trafikoari ixten

  • EZ: Une honetan mendate bakarra dago *itxita trafikoari Euskal Herrian.
    • BAI: Une honetan mendate bakarra dago itxita Euskal Herrian.
    • BAI: Une honetan ibilgailuek mendate bakarra daukate itxita Euskal Herrian.

Hari berari jarraituta, mendateak KAMIOIENTZAT ITXITA egoten ote dira? «Cerrado para camiones», «fermé aux poids lourds», erdaretako klixe horien ondoan zabal dabil euskaraz «kamioientzat itxita». Eman dezagun gaztelaniazko esaldi honen parekoa esan nahi dugula euskaraz: «Urkiola está prohibido para camiones». Zelan esango genuke? «Urkiola galarazita dago kamioentzat» ala «Urkiola galarazita daukate kamioiek»? Hiztun askok bigarrenaren alde egingo luketelakoan gaude. Azken batean, luzeago esanda, «Kamioiek galarazita daukate Urkiolan ibiltzea» esango lukete. Beraz, pentsatu daiteke «kamioientzat itxita» neurri handi batean erdarazko klixe baten itzulpen automatikoa baino ez dela, eta euskaraz badaudela bestelako formula erraz eta ulergarriagoak.

  • ???: Izabatik Iparralderako bidea (?) kamioientzat itxita dago 18. kilometrotik aurrera.
    • BAI: Izabatik Iparralderako bidea itxita daukate kamioiek 18. kilometrotik aurrera.
    • BAI: Izabatik Iparralderako bidean, kamioiak ezin dira ibili / kamioiek ez dute aurrera egiterik 18. kilometrotik aurrera.

Mendateak ez dira egoten zabalik kateekin

  • EZ: Euskal Autonomia Erkidegoan, Altube eta Deskarga *zabalik daude kateekin.
    • BAI: Altube eta Deskarga zabalik daude, baina ibilgailuek kateak behar dituzte.
    • BAI: Altuben eta Deskargan, ibilgailuak igaro daitezke kateak eramanez gero.
    • BAI: Altuben eta Deskargan, kateak jarrita ibil daiteke.

Errepideetan normaltasuna nagusi izatea ez da normalena

  • ???: Atzoko ekaitzaren ostean, Nafarroako errepideetan (?)normaltasuna da nagusi gaur.

    Erabiliaren erabiliaz, normala ez zena normal bihurtu dugu. Gogora dezagun, goiko esaldiaren ondoan badaudela esateko beste modu batzuk.

    • BAI: Atzoko ekaitzaren ostean, Nafarroako errepideetan gaur ez dago nabarmentzeko moduko arazorik.
    • BAI: Atzoko ekaitzaren ostean, Nafarroako errepideetan gaur trabarik gabe joan daitezke ibilgailuak / normal ibil daiteke.
    • BAI: Atzoko ekaitzaren ostean, Nafarroako errepideetan autoen joan-etorria normala da.
    • BAI: Atzoko ekaitzaren ostean, Nafarroako errepideetan ohi den legez dabiltza joan-etorrian.

Izotz plakak

  • EZ: Arreta handiz gidatu behar da, *izotz plakak daude eta.
    • BAI: Arreta handiz gidatu behar da, izotza dago-eta.
    • BAI: Leiarekin lehian ibili beharko dute gidariek.

    Gehienetan errepidean leia dagoela esatea da asmoa, tarteka edo bide osoan dagoen gorabehera. Edozelan ere, gune batzuetan baino ez dagoela adierazi nahi izanez gero, honetara esango genuke.

    • BAI: Arreta handiz gidatu behar da, izotz guneak / lei-tokiak daude eta.

Dispositiboak

  • EZ: Eguraldiak okerrera egingo duela ikusita, Herrizaingo Sailak *dispositibo berezia antolatu du.
    • BAI: Eguraldiak okerrera egingo duela ikusita, Herrizaingo Sailak neguko plan berezia antolatu du.
    • BAI: Eguraldiak okerrera egingo duela ikusita, Herrizaingo Sailak neurri bereziak hartu ditu.
    • BAI: Eguraldiak okerrera egingo duela ikusita, Herrizaingo Sailak ohi baino talde gehiago aterako ditu errepideetara.

Elurra ez da 800 metrotara iristen

  • EZ: Elurra *laurehun metrotara iritsiko dela eta, kontuz ibiltzeko gomendatu dute.
    • BAI: Elurra laurehun metrora / metroraino iritsiko dela eta, kontuz ibiltzeko gomendatu dute.
    • BAI: Elurra laurehun metrora / metroraino jaitsiko dela eta, kontuz ibiltzeko gomendatu dute.
    • BAI: Laurehun metrora ere zurituko duela eta, kontuz ibiltzeko gomendatu dute.

Nazional bataeta erregional bestea

  • EZ: Istripu asko gertatu dira *nazional batean; denak ere aro txarraren eraginez.

    Sarritan entzuten ditugu honelakoak. Konponbidea erraza da, ordea.

    • BAI: Istripu asko gertatu dira bat (errepide) nazionalean; denak ere aro txarraren eraginez.
    • BAI: Istripu asko gertatu dira N-1 [ ene bat ] errepidean; denak ere aro txarrak eraginda.

    Halaber:

    • BAI: Ur putzu handia egin da Bizkaia seiehun eta hogeita hamabostean.
    • BAI: Ur putzu handia egin da BI-635 errepidean.

Estu ibiliz gero, ez deitusos deiakera”, sos deietara baino

  • ???: Elurtzan harrapatuta geratuz gero, deitu (?)Sos Deiakera.

    Ez da kontu berria pluraleko izen bereziek eragozpenak ekartzen dituztela. Ahozko katean, errazago erabiltzen ditugu izen arruntak balira legez egokituta.

    • BAI: Elurtzan harrapatuta geratuz gero, deitu Sos Deietara.
    • BAI: Elurtzan harrapatuta geratuz gero, deitu Sos Deiak zerbitzura.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus