Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)

2004-12-24 / 07:00 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Gabonak heldu baino bi edo hiru hil lehenagotik hasten dira telebistan jostailuen iragarkiak. Multzo zabala andrakila eta panpinei dagokie: direla panpinak eurak, direla jantzi eta soinekoak, direla altzariak... Ez da erraza halako iragarkiak euskaraz jartzea, lexikoan zailtasunak azaltzen zaizkigu eta. Alde batetik, hutsune handia dago euskaraz eguneroko bizitzako gauzak izendatzeko. Bestetik, spot askotan neskatoen berbakera imitatu nahi izaten da, «chuli», «guay» eta horrelakoak sartuz.

Erdaretatik Euskarara

Erdaretatik Euskarara

Success, successful, successfully

Ingelesezko hitzon ordainetan, «arrakasta»-ren bidetik jotzen da askotan.

  • The firemen suceeded to a great extent, although they still lost over four hundred homes.
    • Suhiltzaileek arrakasta izan zuten eremu zabal batean, nahiz eta laurehun etxetik gora galdu.???

Ingelesezko «success» hitzak, gaztelaniazko «éxito»-k bezala, “irteera” adierazten zuen jatorriz. Horregatik, hitz biok antzeko eremu semantikoak jorratu dituzte: irteera aurkitu, azken ona eman, nahi dena lortu, aurrera egin…

Euskaraz, beste berbarik izan ez, eta «arrakasta» behartu dugu «success»-en adierak hartzera.

Baina, zer da arrakasta? Berez eskaria da, eskea (» fr. requête), eta honelako esaldietan erabili izan da:

  • Baba beltzak arrakasta du = eskea du.
  • Gure neskatoek badute arrakasta.
  • Festa horrek arrakasta berezia du. (entzutea, onarpena)

Berezko eremu horretatik atera dugu, eta gaztelaniazko eta ingelesezko hitzen ordainetan erabiltzen dugu. Esaterako, naturari buruzko dokumentaletan sarritan agertzen zaigu «arrakasta ebolutiboa» kontzeptua, eta kontzeptua den aldetik bere horretan onartu behar dugu.

  • The Neanderthals were one of the most successful human species ever.
    • Neanderthala arrakasta handiko giza espeziea izan zen.

Halere, beti ez da komeni molde horretara jotzea, eta beste irtenbide naturalago batzuk bilatu beharko genituzke kasu askotan.

  • Ehizaldiak ez du arrakastarik izan.
    • Ehizaldiak ez du emaitza onik izan.
    • Ehizaldia ez da emankorra izan.
    • Ehizaldia antzua izan da.
    • Ez du ezer / gauza handirik ehizatu. [ lagunartekoa ]
    • Ez du ezer bota. [ lagunartekoa ]
    • Kale egin du. [ lagunartekoa ]
  • Arrakastaz probatu dute sistema berria.
    • Behar bezala dabil sistema berria.
    • Ondo joan da sistema berriarekin egin duten proba.
    • Sistema berria probatu, eta ondo dabil. [ lagunartekoa ]
  • Hartz hau ama arrakastatsua da: bi ume hazi ditu.
    • Hartz hau zorioneko ama da: bi ume hazi ditu.

Hizkuntza gaiak

Buruz, buruaz ala buruarekin?

Instrumentalak zalantza ematen du askotan. Badakigu «buruz» ikasten dituguna gauzak, baina baloia zelan jotzen da? «Buruz», «buruaz» ala «buruarekin»?

ZEREZ kasua nahasgarri samarra da euskaldun askorentzat. Izan ere, mendebaldean mugatuta gelditu da posposizioetara (-z beterik, -z gainera, -z azpitik) eta adberbioetara (egunez, kontuz, adibidez). Bizkaieradunek, gainera, erraz nahasten dute -gaz kasuarekin. Horrek era bitako akatsak dakartza. Batzuetan, instrumentala sartzen da soziatiboaren lekuan:

  • Txakurrak idunekoaz eraman behar dira.
    • Txakurrak idunekoarekin eraman behar dira.
  • Hipotermiaz aurkitu ninduten.
    • Hipotermiarekin / hipotermiak jota aurkitu ninduten.
  • Arrainaz lehian ari da.
    • Arrainarekin lehian ari da.

Beste batzuetan, mugatuta jartzen da mugagabean behar lukeena:

  • Indar ikaragarriaz sakatzen du.
    • Indar ikaragarriz sakatzen du.
  • Izuaz dardarka daude.
    • Izuz dardarka daude.
  • Arrain jaio berriez bete da ingurua.
    • Arrain jaio berriz bete da ingurua.

Izan ere, instrumentalak beste kasu batzuek baino joera handiagoa du mugagaberako, bereziki adberbioetan: pazientzia handiz = pazientzia handiarekin.

Beste erabilera batzuetan, mugatuak ere tradizioa du: aditz jakin batzuen osagarria sartzeko, gaia adierazteko eta tresna aipatzeko.

  • Aditzen osagarri: baliatu, jabetu, konturatu, oroitu, kezkatu, arduratu, poztu, elikatu... Aditzotako batzuek ZEREKIN ere onartzen dute.
    • zutaz maitemindu = zurekin maitemindu
    • etxean dituen arazoez arduratu da = etxean dituen arazoekin arduratu da.
  • Gaia adierazteko (zerez = zeri buruz). Pluraleko marka -ez da.
    • Nahikoa hitz egin dugu *gepardoetaz.
      • Nahikoa hitz egin dugu gepardoez.
  • Tresna adierazteko, zehatza edo ezaguna den neurrian mugatua erabiltzen da. ZEREZ eta ZEREKIN, biak dira zuzenak.
    • mailuaz jo = mailuarekin jo / mailuz jo (modua)
    • buruaz jo = buruarekin jo / buruz jo (modua)

Bikoizketarako testuetan bestelako okerrak ere agertzen dira noiz edo noiz, ziurrenik itzulpen automatikoegiak egiteagatik (gaztelaniazko de preposizioa susmatzen da halakoen atzean).

  • Ez itxi atea kolpeaz.
    • Ez itxi atea kolpean.
  • Gaitza jatekoaz, uraz eta airez transmititzen da.
    • Gaitza jatekoan, uretan eta airez / airetik transmititzen da.
  • Sukar horiaz hil da.
    • Sukar horiak jota hil da / Sukar horiz hil da.

Hizkerak

Panpinen mundua

Gabonak heldu baino bi edo hiru hil lehenagotik hasten dira telebistan jostailuen iragarkiak. Multzo zabala andrakila eta panpinei dagokie: direla panpinak eurak, direla jantzi eta soinekoak, direla altzariak...

Ez da erraza halako iragarkiak euskaraz jartzea, lexikoan zailtasunak azaltzen zaizkigu eta. Alde batetik, hutsune handia dago euskaraz eguneroko bizitzako gauzak izendatzeko. Bestetik, spot askotan neskatoen berbakera imitatu nahi izaten da, «chuli», «guay» eta horrelakoak sartuz.

Hutsuneok bete beharra dago, eta lehenengo pausoa panpina edo andareen osagarrien izenak finkatzea da. Izan ere, iragarki batetik bestera tresnok izendatzeko moduak aldatu egiten dira, eta ingelesezko izenak ere badarabiltzate jostailu etxe batzuek. Guk bestelako aukera egin dugu, garrantzitsuagoa iruditzen baitzaigu hiztegi hori euskarara ekartzea eta umeen artean zabaltzea, jatorrizkoari jarraitzea baino.

andadortaka-taka
asiento portátileskuko aulki
balancín (balantza itxurakoa, ume birentzat)bilintzi-balantza
balancín (balantza itxurakoa, ume birentzat)kulunka
bañerabainuontzi
baúlkutxa
biberónbiberoi
bolsa necesernezeser poltsa
botiquínbotika kutxa
caja registradorakontu-kutxa
cambiadoraldaleku
canastillasaskitxo
capazokapazu
carrito (liburuak-eta eramateko)gurpildun motxila
carrito (kafea... zerbitzatzeko)gurditxo / orgatxo
centro de bellezaapainleku
chupetetxupete
cochecitokotxe
cochecito combikonbi kotxe
cochecito con capotakapota-kotxe
columpiozabu / txinbo
consolakontsola
correpasillostarranta
cunasehaska
hamacahamaka
joyerobitxi-kutxa
mochila porta-bebéshaurra eramateko motxila
moisésmoises
moisés cambiadormoises-aldaleku
mordedorhortzetako
muñeca andare, andrakila, panpina
muñeco (action man, geyperman...)gizonkilo
necesernezeser
orinalpixontzi
pañaloihal(ak) / pixoihal(ak)
parque (umeak ‘aparkatzeko’)parke
pasador (ilerako)euskarri
plumierplumier
portatodozorrotxo
servicio de cafékafe-joko
silla = buggy = strollersilla
silla de paseopaseo-silla
silla joggerkirol-silla (hiru gurpilekoa)
silla paraguas = silla de bastónartazi-silla
sonajerotxintxirrin
tobogántxirrista
tocador (altzari soila)apain-mahai
tocador (aulki, osagarri eta guzti)apain-txoko
tronatrona

Izenon alde egiteak ez du esan nahi ezagunak diren beste batzuk baztertu behar ditugunik. Besteak beste, hor ditugu txintxilinkorda, dindan, gorgoina, zinbili-zanbulu eta dindaun “zabua” esateko, balantzeta eta gorabehera “bilintzi-balantza” aipatzeko, eta fardel haur-oihaletarako.

Beste alde batetik, umeen berbakera erabilgarria da neskato-mutikoek “beren umeei” hitz egiten dietenean: «hartu tete, potxolo»; «orain lolo», «apatxin», «nanan egiteko ordua!», eta abar.

Azkenik, egia da iragarkietatik ingeles izenak kenduz gero mezuak ñabarduraren bat galtzen duela. Izan ere, ingeleskadek modernoa izatea, ilgoran egotea, puntako teknologia, dinamismoa, abangoardia eta horrelako kontzeptuak iradokitzen dituzte publizitateko mezuetan. Panpinen iragarkietan, hala eta guzti, modernotasun kutsua baino ez dute ematen. Efektu hori erraz konpentsa daiteke neskatoen hizkera ondo zainduz gero.

Paperetik ahora

Dardarkariak: r

Euskaraz inoizko osoen idazten dugu, ahozkotik urrutien. Garai batean «eztator» idazten zen. Orain, ostera, araua da «ez dator» idatzi baina «eztator» esatea. Baina ahoskerari buruz gauza asko dago arautu barik.

Oraingoan /r/ letraz jardungo dugu. Hitz amaierako dardarkariak ez dira denak berdinak. Gehienak gogorrak dira, eta banaka batzuk bigunak.

  • Gogorrak. Beste barik esaten ditugu kate fonikoaren barruan.
    • Bi hur(r) apurtu ditu.
    • Adurra dariola begiratzen dio.
    • Ehun kilo garagar(r) bildu dituzte.
  • Bigunak. Arazoa ematen digute batzuetan, gutxi badira ere.
    • anbar, paper, plater, plazer
    • ur (gazur, basur...)
    • zur
    • or (artzanor): “txakurra”
    • zer, ezer
    • nor, inor

    Kontsonante edo eten baten aurrean, bigunak ere gogorren moduan ahoskatzen dira.

    • Ur(r) lohietan eskailuak.
    • Harri eta zur(r) gelditu da.

    Bokalen aurrean, bigunak dira.

    • Ur hotzez errea, beroaren beldur. /urotzez/
    • Mundu honetako plazerak platerean eta paperean.
    • Irokoa edo beste zur horiren bat aukeratuko dute. /zurorirenbat/
    • Ezeren ez inoren beldur.
  • Salbuespenak: galdetzaileak eta eratorriak. Berez biguna da «zer», «ezer», «nor» eta «inor» hitzetako /-r/, baina batzuetan ez da betetzen bigunetarako azaldu dugun jarraibidea.
    • ezer + ez = ezerrez (1) Baina, bestalde, ezerez. Eta ezereza, ezerezean…
    • zer + izena (galdera eta harriduretan) = ze
      • ZE ordu da?
      • Esan ZE lekutan bizi den.
      • ZE ederra den eguzkitan etzanda egotea!
      • ZE(R) berri? Zaharrak berri, gazteen amorragarri.
    • zer edo zer > zeozer
    • nor edo nor > nonor

    Bizkaieraz galdetzaileetako /-r/ asko galdu egiten dira (nok, zegaitik, zetan...). Batuko ahoskera zainduan ez dugu halakorik egin behar: nork, zergatik, zertan...


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN, ITZULAN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Oin-oharrak:

(1) Mitxelena, Koldo, Fonética histórica vasca, 3. ed., Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Inprimatu


Erantzun

 
-R- biguna
2004-12-27 / 21:29 / Jose Luis Ormaetxea

Detailetxo bat: atseginez ikusi dut PLAZER hitzaren -r-a biguntzat jotzea. Baina horretan ez dugu batasunik. Berria egunkariak, esaterako, askoz gehiagotan erabiltzen du biguna gogorraren aldean. Baina Ereduzko Prosan begiratuz gero, alderantziz dira kontuak. Eta hiztegien arabera, biguna edo gogorra da.

Ni zuekin nago.


(JOSE LUIS ORMAETXEA LASAGA Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Saileko irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus