Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Betearen beteaz, lehertuko zaigu

Betearen beteaz, lehertuko zaigu

2004-12-17 / 07:01 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Bai, "bete" hitzaren poltsa beteegi daukagu, direnak eta ez direnak sartu beharrez. Gogoeta egingo dugu, ea zein zama kendu beharko geniokeen.

Beteta ez daudenak betetzat ematea

Beteta ez daudenak betetzat ematea

Sarriegitan edukiaren berri emateko ‘bete’ aditzera jotzen dugu, aintzat hartu barik benetan ontziak beteta ala erdi hutsik dauden. Horrela, gertatu izan da albisteren batean "jantziz betetako bi poltsa atera dituzte" esatea, eta irudietan bi poltsok erdi hutsik agertzea. Honelakoak ere neurri barik esaten dira:

  • *Turistaz betetako itsasontzi bat hondoratu da.
  • *Bonba bat ipini dute ikaslez betetako autobus batean.
  • *Autoak habez beteriko kamioi bat jo du aurrez aurre.

Bai eta ez. Izan daiteke ibilgailuok benetan ere mukuru joatea. Baina gehienetan beste gauza bat eman nahi izaten dugu aditzera.

  • Turista itsasontzi bat hondoratu da.
  • Bonba bat ipini dute eskola-autobus batean.
  • Habeak zeramatzan kamioi bat jo du autoak.

Ez dezagun ahaztu "bete" ez dela lokailu hutsa, esanahi beteko berba baino. Hona beste kasu bat.

  • *Atxiloketen ostean, lehergaiz eta armaz betetako garaje bat aurkitu dute.

    Albo batera utzita garaje hori beteta zegoen ala ez, esaldi honetan ardatza da arazo. Zer azpimarratu behar da, garajea topatu dutela ala armak topatu dituztela?

    • Lehergaiak eta armak aurkitu dituzte garaje batean.

    Esaldi honi ikusten diogun pekatua hurrengo puntuarekin lotuta dago.

Egiturak katramilatzea

  • Gorabeheraz betetako goiza izan dugu Euskadiko errepideetan.

Gramatikaren aldetik egitura horrek ez dauka aitzakiarik, zuzena da. Baina bada samurragorik:

  • Goiz gorabeheratsua izan dugu.
  • Goiza gorabeheratsua izan da.
  • Gorabehera handiko goiza izan dugu.

Berdin gertatzen da hurrengo esaldian ere. Arazoa, neurri batean, "eguna" edo "goiza" ardatz bihurtzetik dator. Hortik aldenduz gero, erraz arinduko dugu esaldia.

  • *Atentatuak direla-eta lanez beteriko eguna dute Auzitegi Nazionalean.
    • Atentatuak direla eta, lan handia (izango) dute gaur Auzitegi Nazionalean.

Euskarazko ereduei begiratuta, "Alferra beti lantsu" esaten den moduan, lasai asko esan ditzakegu honelakoak:

  • Egun lantsua dute gaur Auzitegi Nazionalean.

Tradizioa lagun

Kontuan hartzekoa da "bete" hitzaren tradiziozko erabilera. Gaur egun, nekez aldentzen gara "betetako" edo "beteriko" hitzetatik, baina ez ote dira erosoagoak honelakoak?

  • “Ontzia” mugagabean + bete + edukia.
    • Altzo bete madari.
    • Ganbara bete arto, ez gagoz hain txarto.
    • Esku bete txanponek zorionik ez ematen.
    • Gizon bete ur dago osin horretan.
  • “Ontzia” mugatuan + bete + edukia.
    • Kolkoa bete diru.
    • Galtzak bete lan egin dute.
    • Eskuak bete lan dugu.

Molde horiekin, esaldi txukun eta erabilgarriak sor ditzakegu:

  • Bi poltsa bete jantzi atera dituzte etxetik.
  • Eguna bete lan izango dute gaur.

Bestelako egituretan ere, badago nondik heldu.

  • Aho betekoak esan dizkio. [ = direnak eta ez direnak ]
  • Ahoa beteko gazta da, ezin gozoagoa.
  • Ikusleen begi betekoa da. [ = kutuna ]
  • Manifestazioa kaleak betean dator.
  • Belak betean doa ontzia, itsasoan barrena.
  • Begiak betean negar egin.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus