Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskarak galdutako aukera

Euskarak galdutako aukera

2004-11-25 / 14:20 / Jesús Uzkudun Illarramendi - CCOO   BESTELAKOAK

Euskadiko Langile Komisioek beren 8. Kongresuan apustu garbia egin zuten euskararen eta hizkuntz normalizazioaren alde. Euskara gizartean garatzen laguntzeko konpromisoa tinkoa izan zen; izan ere, guztion kultur ondarea da, ezagutu eta erabili ohi dutenena nahiz hainbat arrazoi dela-eta horretarako gai ez direnena.

Harrezkero, Langile Komisioek konpromisoa hartu zuten euskara garatu dadin espazioak bultzatzeko, bai gizarte eta lan harremanen eremuan bai gure erakundearen baitan. Duela urtebete, sindikatuaren barruan hizkuntz normalizaziorako plana jarri zen abian, eta, besteak beste, zenbait arduradun gaztek euskalduntze prozesuan murgiltzeko erronkari heldu zioten.

Hilaren 9an, indar politiko eta sindikalek Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitikoa sinatu zuten. Akordio hori, zoritxarrez, indar abertzaleek, eta ez guztiek, sinatu zuten. Langile Komisioek zergatik ez dute Kontseiluak bultzatutako akordioa sinatu? Lehen bileratik, Langile Komisioek jarrera positiboa azaldu zieten Kontseiluaren eledunei, zirriborroak jasotzen zuen hainbat puntu eztabaidagarriak izan arren.

Inolako asmorik ez dut sinatzaileen konpromisoa zalantzatan jartzeko, baina Langile Komisioen iritziz aukera galdu da euskararen aldeko akordio zabala lortzeko, indar abertzaleen eta indar konfederalen konpromisoa duena, Euskadiko Langile Komisioena barne. Horrela, apurtu egingo litzateke euskarari eta gizarte borrokari hain kalte handia egiten dion frentismoa.

Zenbaitek, frentismoaren arazoari muzin eginez, “sukalde lana” egin nahiago izan dute: erakundeekin bakarka bildu dira, akordioa lortzeko asmoz. Kontuan izan behar dute, ordea, akordiora iristeko harresiak botatzen hasi beharra dagoela, mesfidantzak eta errezeloak ezabatzen hasi, eta elkarrekin guztionak diren helburuak jorratu, beste alor batzuetan aldeak egon arren.

Beste indar politiko batzuek sinatuko ez zutela igarri zuenean, gure sindikatuak ez zuen nahikotzat jo akordioa osatzen zuten kide taldea. Aurrez elkarrekin lan egiteko konpromisoa ez zen gauzatu. Sinaduran parte hartzen zutenen izaera frentista eta abertzalea eta Langile Komisioen parte hartzea aurrez aurre gelditzen ziren; horregatik, sindikatuak beharrezko iritzi zion aurrez elkarrekin bilerak egiteari, maila guztietan zegoen aurkaritza gainditzeko. Sindikatuaren iritziz, Kontseiluak azken unean nahiago izan du akordio honen bidez Euskadi eta Estatuaren arteko harremanei buruzko legebiltzarreko eztabaidan eragin. Izan ere, bitxia da indar sinatzaile guztiak lehen aldiz akordioa aurkeztu baino astebete lehenago bildu izana.

Gainera, aurreko hilabeteetan irakasle erdaldunekin irakaskuntza publikoan sortutako gatazkak erakutsi digunez, enpleguaren inguruko arazo bat, irtenbide erraza zuena eta euskarari kalterik egiten ez ziona, azkenean gatazka kaltegarria bilakatu da gure hizkuntzaren inguruko motibaziorako. Kontraesanak eta arazoak gainditzeko borondaterik ez badago, ezin da indar sinatzaileekin akordiorik lortu. Eta beharra badago, euskarak argazki bat baino gehiago eskatzen baitigu. Horren adibide egokia da Lasarte-Orian eratu berri den erakundea, Buruntzaldeko enpresa txikietan euskara planak bultzatzeko sortua, eta udalek zein lau sindikatu nagusiek osatua. Hori bada jorratzeko bide interesgarria.

Globalizazio egoera aldrebes honetan euskarak ez du bide errazik, are gutxiago dekretu, derrigortasun edo enpleguari egindako mehatxuez egin nahi bada. Bidea egiteko kultur aniztasuna babestu beharra ikusi behar da, kultur sormenerako ilusioa eta gaitasuna eragin behar dira, jasotako mesprezuaren ordez norberea eta besterena kemenaz estimatu behar da.

Beharrezkoa da sindikatuen arteko akordio zabala -politikoa ere baldin bada hobe- lan harremanetan baliabide publiko nahikoak bideratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Aurrez aurre egotea, ordea, etsairik gaiztoena da. Oraingoan ezinezkoa izan da. Epe laburrean, ordea, lor daiteke, arrazoien inguruan hausnarketa eginez gero. Bitartean, gogoa galdu gabe, aurrera egingo dugu gure 8. Kongresuan hartutako konpromisoetan.

Hernanin, 2004ko azaroaren 17an

(JESÚS UZKUDUN ILLARRAMENDI, Euskadiko Langile Komisioetako Batzorde Eragileko kidea da)

Iritzi-artikulu honekin uztartutako berriak (irakurtzeko gainean sakatu)


Erantzun

 
Euskararentzako aukera berria
2004-12-02 / 07:07 / erabili.com

Xabier Mendiguren Bereziartu jaunak, Kontseiluko idazkari nagusiak, "Euskararentzako aukera berria" izenburudun iritzi-artikulua argitaratu du erabili.com-en iritzi-artikulu honi erantzunez. Xabier Mendigurenen iritzi-artikulua irakurtzeko sakatu HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus