Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntzen Portfolio Europarra: hizkuntzak ikasteko tresna

Hizkuntzen Portfolio Europarra: hizkuntzak ikasteko tresna

2004-11-22 / 07:04 / Abel Camacho Romero   HIZKUNTZA

Europako 19 herrialdetako 900.000 hizkuntza-ikaslek badute bateratzen dituen tresna bat: Hizkuntzen Portfolio Europarra. Hizkuntzen ikasketa errazten du eta ikasten ari direnen hizkuntza gaitasuna zenbatekoa den ere egiaztatzen du Hizkuntzen Portfolio Europarrak.

Atarikoak

Atarikoak

Europako Kontseiluak hainbat printzipio garatu ditu hizkuntzen ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz. Hona hemen garrantzizko batzuk (Erreferentzi Markoa, 10 or.):

  • Europako hizkuntza desberdinen ondare aberatsa guztion baliabide onuragarria da, eta komeni da hori babestu eta garatzea; eta beharrezkoa da hezkuntzaren alorrean ahaleginak egitea, aniztasun hori, komunikaziorako oztopo izan beharrean, batzuek besteei ulertu eta elkarren aberasgarri izan dadin.
  • Hizkuntza europarrak hobeto ezagutuz soilik lortuko da ama-hizkuntza desberdinetako europarren komunikazioa eta harremanak erraztea eta, beraz, Europan mugikortasuna, elkar ulertzea eta lankidetza sustatzea, diskriminazioa eta aurreiritziak bazter utzita.
  • Estatu partaideek hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren alorreko politika nazionala ezarriz eta garatuz lor daiteke Europan bat egite handiagoa etengabeko lankidetzaren eta politiken koordinazioaren bitartez.

Printzipio horiek betetzeko asmoz, hainbat eskakizun eta neurri jarri dira martxan azken urteotan. Horien guztien lorpenerako lan-tresna nagusia, dudarik gabe, Europako Kontseiluak 1996an argitaratutako Erreferentzi Marko Europar Bateratua, Hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako (EMEB) izeneko dokumentua da.

Erreferentzi Markoa bi helbururi begira landu da:

Erabiltzaile-mota guztiei, ikasleak barne, hizkuntzaren alorrean galdera hauei buruzko gogoetak eginaraztea:

  • Zer egiten dugu benetan elkarrekin hitz egiten dugunean edo elkarri idazten diogunean?
  • Zerk egiten gaitu horrela jarduteko gai?
  • Gaitasun hauetako zein ikasi behar dugu hizkuntza berri bat erabili nahi dugunean?
  • Nola ezartzen ditugu geure helburuak eta nola neurtzen ditugu aurrerapenak, ezer ez jakitetik hizkuntza menderatzera eramaten gaituen bidean?
  • Nola ikasten da hizkuntza?
  • Zer egin dezakegu geure buruari eta pertsonei hizkuntza bat hobeto ikasten laguntzeko?

Profesionalek beren lankideei eta beren bezeroei ikasleen helburuak zehazten eta horiek lortzen laguntzea.

Aurreko bi helburuen betetzeak ondokoak lortzea ahalbidetuko du:

  • Hizkuntzen ikaskuntza sustatzea, bizitza osoan zehar luzatzen den zeregin gisa.
  • Hizkuntz aniztasunaren garapena bizitza osoan zehar bultzatzea
  • Hizkuntza-ikaslearen garapen pertsonala bultzatzea
  • Hizkuntzen ikaskuntza autonomorako gaitasuna garatzen laguntzea.
  • Hizkuntz programen gardentasun eta koherentzia bultzatzea, hizkuntz gaitasunak eta kalifikazioak argi deskribatuta.

Erreferentzi Markoaren ondorio zuzena Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE) izan da. Bertan, modu errazean agertzen dira Markoaren ekarriak hizkuntz erabiltzailearen ikuspuntutik formulatuta, horrela hizkuntzak ikasteko laguntza izango duelakoan.

Dagoeneko, Europako 19 herrik dute HPE ereduren bat balioztatuta eta dagoeneko 900.000 ikasle ari dira erabiltzen.

Zertan da Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE)?

HPEa hizkuntza-ikaslearen kaiera moduko bat da. Horren jabeak bertan jasoko ditu ikasi dituen edo une horretan ikasten ari den hizkuntzen gaineko datuak eta gogoetak. Europar guztiei dago zuzendua eta hezkuntza-etapa guztiak ditu gogoan.

Portfolioa ikasleak erabiliko duen tresna da, berea eta ez inongo erakundearena eta, beraz, berak kudeatuko du. Tresna horrek hizkuntza eta kultura arteko gaitasun guztiei ematen die balioa, bai hezkuntza-sistema formalean lortutakoak bai hortik kanpokoak eta, horregatik ez da hainbatek emandako ziurtagiri eta tituluen bilduma hutsa.

Izan ere, dokumentaziorako balioaz gain, ageri-agerikoa da ikasgelan izan dezakeen errentagarritasun didaktikoa, ikasleak bere ikas-prozesuaren gaineko hausnarketa eta gogoeta sustatuz eta ikasi beharrekoak planifikatzeko bidea emanez.

Portfolioaren atalak

Hiru atal ditu Portfolioak:

  • a) Hizkuntzen pasaportea
  • b) Hizkuntza-biografia
  • c) Dosierra

Hizkuntzen pasaportea

Bertan, ikasleak hizkuntzetan duen gaitasun-maila erakutsiko du era errazean. Horretaz gain, hizkuntz eta kultura arteko esperientzien berri emango du eta hizkuntza horietan lortu dituen ziurtagiri eta egiaztagiriak jasoko ditu.

Gaitasun-maila zehazteko orduan, Marko Europarraren Erreferentzi mailak izango dira abiapuntu (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2), eta maila bakoitza zedarritzeko deskriptoreen taulak erabiliko dira baina autoebaluaziorako formulatuta.

Hizkuntza-biografia

Ikasleak hizkuntzen ikaskuntzan izan duen ibilbidea jasoko du atal honetan eta baita etorkizunean egin asmo duena ere. Nolabait esateko, lorturiko gaitasunak eta lortu beharrekoak elkarren ondoan azaltzen dira, ebaluazioa eta planifikazioa lotuz eta ikas-prozesuaren gaineko hausnarketa bultzatuz.

Dosierra

Ikasleak aurreko ataletan adierazitakoa erakutsiko duten lanak gaineratuko ditu hemen euskarri ezberdinetan (idatziak, bideoan, audioan, irakurgaiak...).

Zertarako portfolioa?

Portfolioak bi erabilera nagusi ditu:

Erabilera pedagogikoa

Portfolioak ikasleei lagundu egingo die era autonomoan ikasten, bere ikaskuntza planifikatzeko eta helburuei, ikasteko moduei eta helburuak lortzeko moduari buruzko hausnarketa eta gogoetarako tresna eskainiz. Horrek ikaslearen motibazioa handitzea ekarri nahi du, beste hizkuntza batzuk ikasita hizkuntza ezberdinetan komunikatzeko gaitasuna hobetuz eta hobetzeko; eta aldi berean, kultura arteko esperientzia berriak egitera bultzatuz.

Esan dugun bezala, ikaslearena izango da Portfolioa eta berak erabili eta kudeatu beharko du, baina azpimarratzekoa da ikasgelan bertan izan dezakeen balioa hainbat helburu lortzeko. Hala nola, autoebaluazioa eta koebaluazioa bultzatzea, ikaslea bere ikas-prozesuaren gaineko ardura hartzera adoretzea, hizkuntz erabileran ardaztutako planteamendu didaktikoa mesedetzea...

Dokumentazio eta aurkezpenerako erabilera

Portfolioak ikasleren gaitasunen berri ematen du era oso, zehatz, garden eta fidagarrian. Ikasleak, beraz, horien inguruko informazioa eman ahal izango dio edonori era zehatzean eta nazioarte mailako era konparagarrian. Hori lortu ahal izateko, Europako Kontseiluak egiaztatutako portfolio guztiek Erreferentzi Marko Europar Bateratua izan behar dute oinarri eta bertan zehazten diren maila eta bestelakoak onartu beharko dituzte.

Jakina, edozein erakundek ikasleari emandako ziurtagiria Erreferentzi Markoak ezarritako mailetara egokitu beharko da konparagarria izan dadin. Asko erraztuko litzateke lana, hizkuntzen irakaskuntzan ari diren erakunde guztiena, Europako Kontseiluko Estatu partaideen menpekoenak behinik behin, molde horretan agertuko balira.

Portfolioa gurean

Gure errealitatea aztertuta eta Europan hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzan gertatzen ari denarekin alderatuta, begi-bistakoa da ezin dugula ezikusiarena egin, eta beraz, euskararen irakaskuntzak bere egin behar ditu aipatutako lan-tresnak. Egitekoak asko dira. Hona hemen, gure ustez, berandu baino lehen lotu beharreko batzuk.

  • HPEa era egokian erabiltzeko baldintzak sortu behar dira, hizkuntza-irakaskuntzako programak eta kurrikuluak egokituz eta Erreferentzi Markoaren ekarriak kontuan hartuz. Izan ere, Portfolioaren erabilera egokia behin Erreferentzi Markoa landutakoan bakarrik gertatuko da.
  • Horretarako, ordea, Erreferentzi Markoa tokian tokiko errealitatera egokitu behar da zeren, dakigunez, ez baita testuinguru jakin bati begira egindako dokumentua: Markoaren erabiltzaileek hainbat eta hainbat erabaki hartu beharko dituzte beren errealitatea aztertutakoan.
  • Euskararen ezagutza egiaztatzeko ziurtagiriek ikasleak lortu beharreko gaitasunak irizpide berberei segituta definitu behar dituzte. Gaur egun gero eta arazo larriagoa da agiri horiek guztiak (IVAP-HAEEko nahiz Hezkuntzako Hizkuntz Eskakizunak, Ertzaintzakoa, EGA, HABEren mailak, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak, Nafarroan erabiltzen direnak...) alderatzeko modurik ez izatea. Jakina, idealena horien arteko baliokidetza lortzea litzateke, baina ez dirudi, epe ertain bati begira behintzat, horrelakorik lor daitekeenik, eta beraz, lorpen handia litzateke konparaziorako irizpide jakin batzuk zehaztea.
  • Nahi duen ikasleari HPEa lortu eta erabiltzeko bitartekoak eskaini behar zaizkio. Horretarako, tresnaren gaineko ezagutza zabaltzeaz gain, erabileran ere trebatu beharra dago, tresnaren aukerak eta abantailak ikusaraziz.
  • Ikasleak hizkuntza askotako gaitasunak garatzen bultzatzea, gaitasun partzialak / espezifikoak (trebetasun hartzaileak, eginkizun zehatzetarako gaitasunak...) barne direla baita maila apalean ere. Portfolioari esker ikasleak hizkuntza eta kultura arteko esperientziak eta horietan lortutako gaitasunak agerian uzteko modua izan dezake.
  • Irakasleen formazio-programen bidez irakasleei HPEa erabiltzen laguntzea, behar duten laguntza guztia emanez.

Azken batean, egiteko nagusia ikasleari autonomia garatzen laguntzea da, euskararen ikaskuntza bizitza osoan zehar luzatu ahal izateko.

Lotura erabilgarriak


(ABEL CAMACHO ROMERO Santurtziko Udal Euskaltegiko idazkari akademikoa da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus