Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zidor semantikoak hizkera kolokialean: kalifikazioak (II)

Zidor semantikoak hizkera kolokialean: kalifikazioak (II)

2004-11-18 / 07:05 / Iratxe Goikoetxea Langarika   HIZKUNTZA

Aurreko artikuluan kuku bat egin genion irainen arloari. Oraingoan luzeago egongo gara arlo horretan, badugu-eta zer jorratu: ingurukoak gutxietsi edo goresteko erabiltzen ditugun bideak.

Ildo nagusi bi hartuko ditugu: semantikoa (adieren ikuspegitik), eta morfologikoa (hitzen eta esapideen sorkuntza).

Ikuspegi semantikoa

Pertsonak sailkatzeko, inguruan ditugun elementuei, gauza, leku eta animaliei begiratzen diegu, gizakien alde on edo txarrak nabarmentzeko. Hiztunaren irudimena igartzen da horretan.

  • haitz gaineko birjina: bere burua askotzat duen emakumea
  • lamina: emakume engainatzailea, limurtzailea
  • koipe-gaza: milika, kupera
  • upa-tapa: biribila, potoloa, betea
  • zartagin bero: sexu gose dena


Gauzen izenak pertsonak kalifikatzeko.

Tresna, jaki, landare eta beste hainbat gauzaren izenak modu metaforikoan erabiltzen dira. Batzuetan, metafora nahiko argia da. Kasurako, geztera esatea gastatzaileari, leka-palu argala eta luzea denari, tantai gizon edo emakume tzarrari, eta haizebeleta "norat haize, harat aise" egiten duenari. Buruko mina emateraino jarduten dutenak, berriz, tresna zaratatsuekin berdintzen ditugu: matraka, adar, petardo, trikimaka (kanpai berezia).

Beste kasu batzuetan, lotura hori ez da hain agerikoa. Ontziak-eta ergelkeriarekin identifikatzen ditugu: eltze, eltzagor, babalapiko, lapiko-tapa, kaiku. Ortuariek ere ez dute ospe onik, eta inork ez du entzun nahi azaburu, azakirten, azahosto, azatronko, arbilore, babalasto edo babaleka dela, guztiak ere kokoloentzako "loreak" dira eta. Dena dela, babalore berba gozoa ere bada, umeei esateko.

Janarietan, denetarik: artobero edo ogi-mami (on hutsa, onegia); lukainka (lelo handia); pastel (plausta egoten dena); txistor (sexurako gauza ez dena); pikupasa eta mahaspasa (zimurtua); piper (haserrekorra, errea); pipermin (bizia); merenge (edozerekin haserretzen dena).


Gorputzeko atalak izaera adierazteko.

Bide hau ere oso erabilia da. Gorputzeko atalek zertarako balio duten, horrekin abstrakzio bat egin eta honelakoxe gauzak esaten dizkiegu ingurukoei:

  • aho-beltz: berbakera lohia darabilena
  • ahobero: gauzak puzten dituena; exajeratua
  • aho-handi; ahozabal: gehiegi hitz egiten duena
  • ahozuri: milika, gozozalea
  • barre-faltsu: ondo esan baina txarto pentsatzen duena
  • begiluze: ikusgura, kuxkuxeroa
  • bekainilun: umore txarrekoa, bekozkoduna
  • biboterre: fidagarria ez dena
  • bixtalegre: txarto ikusten duenari esaten zaio
  • eskugarbi: zintzoa, prestua
  • eskuluze: eskua suelto darabilena (jotzeko, emateko...)
  • eskuzabal: emankorra
  • eskumotz; eskulabur: zikoitza, itxia, zuhurra
  • eskuzikin; eskulohi: harrapataria, lapurra
  • eskuzuri: alferra, zuria
  • ipurdi-guri: ondo bizi dena, lan egin barik
  • ipurtikara; ipurtarin: geldirik egoten ez dakiena
  • lepatente: handiputza, buruiritzia, harroa
  • lepoker: jakingura, ikusgura, kuxkuxeroa
  • mihi-zorrotz: gaizki esaka ibiltzen dena
  • mingain-beltz: berbakera lohia darabilena
  • mingain-ustel: zitalkeriaz mintzo dena
  • mihiluze: gehiegi hitz egiten duena
  • mihimotz: isila
  • narru-sendo: lotsagabea
  • odolbero: barrenak diotsona egin behar duena
  • odolbizi: artega, geldirik egoten ez dakiena
  • odolerre: haserrekorra, errea
  • odolgabe; odolbako: zirt-zart egiten ez dakiena, epela, koldarra
  • sudurluze: inoren kontuetan sartzen dena; nonzebarria
  • triperre: ezerekin konformatzen ez dena
  • txizepel: biguna, epela, odolbakoa
  • birika-handi: patxada handikoa, larritzen ez dena
  • gibel-handi: patxada handikoa, larritzen ez dena
  • bare ederreko: patxada handikoa, larritzen ez dena
  • potrohandi: patxada handikoa, larritzen ez dena (hitz zatarragoa)


Animaliak pertsonak kalifikatzeko.

Hizkuntza guztietan, animaliak iturri oparoa dira metafora eta konparazioetarako. Bakoitzaren ezaugarriei begiratuta, paralelismoak egiten dira haien eta pertsonen artean, itxuragatik, izaeragatik edo okabideengatik. Badira identifikazio osoak ("txerria"), gorputz atalekin egindakoak ("moko-fina"), eta ekintzak konparatzen dituztenak ("xorro-xorro jokatu"):

  • aker: baldarra, takarra, traketsa
  • aketo: morroskoa, gizonkotea
  • aketz (txerri arra): gizonezko sexuzalea
  • apo: itsusia eta zikina
  • apotxar: zitala, nazkantea
  • arrain zahar: engainatzen zaila, asko ikasia
  • arrain zuri: alferra, zuria
  • arrain; arrain zantar: okerra, gaiztoa, txarra
  • arrano: gaizto eta lapurra
  • astama: emakume puska; andre galanta
  • asto; astokilo: burugogorra / batere fina ez dena
  • azeri; luki: maltzurra, tranpatia
  • azpisuge: faltsukerian eta azpikerian dabilena
  • bakailao: argala, iharra
  • bargasta (txerri emea): emakume zikina / bihurria, esanekoa ez dena
  • birigarro: pertsona aparta, baina txarrerako
  • bisigu: begira-begira egoten dena, berba egin barik
  • buztanikara: ipurtikara, geldirik egoten ez dakiena
  • elefante: potoloa
  • ezkailu: txikia
  • hegabera: batetik bestera dabilena, galduta legez
  • hipopotamo: potoloa
  • hontz: emakume gazbakoa
  • ipurtargi: buruarina, susterbakoa
  • izain: aprobetxategia; inorena beretzat hartzen duena
  • kaletxakur: edozelan bizi dena, bizimodurik ez duena
  • kapar: nekagarria, astuna, pelma
  • kardantxilo: berritsua, hitzontzia
  • kuku: inuzentea, ezertaz jabetzen ez dena
  • labezomorro: gaiztoa, zitala
  • lapa: beti inoren gainean dabilena, aldendu gura ez duena
  • lapazorri: ume astuna, pestea
  • legatz: kokoloa, memeloa
  • lehoi: adoretsua, abila
  • lupu: zitala, gaiztoa
  • makera (txerri emea): emakume zikina; emagaldua
  • mandeuli: ahula
  • marmoka: geldoa, odolbakoa, epela
  • mika: buruarina / lapurra
  • Mingor (istingorra): emakume sorgina
  • mozolo: berba gutxikoa, zaputza, kokoloa
  • muxar: lotia
  • oilaloka: emakume zaratatsua, buru gutxikoa
  • oilanda: neskatila gaztea
  • oilar: gizon zangar eta indartsua / agintaria, harroa
  • oilasko: mutil harroxkoa
  • oilo: koldarra
  • okil: itxuraz asko arduratzen den gizona; maritxua
  • olagarro: zer edo nor harrapatuko dabilena
  • ordots: gizonezko zakarra / gizon itxurako emakumea
  • otsoama: emakume zitala / emakume oldartia
  • paita (ahatea): baldarra, traketsa
  • pertxeroi: mutil handi eta ederra
  • pospolin (galeperra): neska airosa, liraina
  • potozorri: emakume nazkantea / pertsona txikia
  • potrozorri: nekagarria, astuna
  • pottoko: potxoloa, maitagarria
  • sagutxo: ume txikia
  • saltamatxino: ume saltokaria
  • sator: azpilanean dabilena, tranpatia
  • sugandila: artez eta arin ibiltzen den neska
  • txakur: lotsagabea; nazkantea
  • txepetx: neskato bizia
  • txerri: zikina, lohia
  • txitatxu: buru txikiko emakume argala
  • txitxare: luze eta argala
  • urdanga (txerri emea): prostituta
  • zapaburu: burugogorra, setatia
  • zapo; azpizapo: txarra (faltsua, iguingarria,...)
  • zarbo: amarrutsua, malmutza, argia
  • zomorro: beti berea egin behar duena; zitala / haserrekorra
  • zorri: beti berea egin behar duena; zitala
  • ardi galdu: okerreko bidetik doana, zuzena ez dena
  • asto kantsatu: alferra
  • euli mando: astuna, pelma
  • ezkailu burubako: txotxoloa, buru arina
  • jan-txakur: inoren lepotik bizi dena
  • ur-txakur: itsasoan asko ibilitakoa
  • kuku-otzara: susterbakoa, ganorabakoa
  • sillapeko katu: koipetsua, mihi-leuna, lausengaria
  • ur handiko arraina: pertsona garrantzitsua, edozein ez dena
  • ur handitako txirla: pertsona garrantzitsua, edozein ez dena

Animalien gorputz atalekin-eta askotan egiten dira identifikazioak:

  • aile-luze (=buztan-luze): luze eta argala
  • astapotro, astazakil: asto galanta, basatia
  • atunburu: leloa, kokoloa
  • bakailao-hezur: argal-argala
  • gangar: ganorabakoa, zentzunbakoa
  • katabegi: argia, begiratu batean dena harrapatzen duena
  • bekorotz: narrasa, utzia
  • txoriburu; txonta-buru; xoxo-buru: kaskarina, zentzu gutxikoa
  • txori-buztan: aldakorra, gorabeheratsua iritzietan
  • txori-kaka; txori-simaur: hutsaren hurrengoa, ezereza
  • zirin: bizia, ipurtikara

Animalien ekintzak pertsonen jokabideak deskribatzeko:

  • ardi zaharraren moduan txiza egin
  • zarrastada luzea
  • arrantzaka egon
  • negarrez eta deadarrez
  • astoa ehunetan bezala ibili
  • ganora barik
  • astoa harrapatu
  • kasketaldia harrapatu, burugogor jarri
  • bartzaren moduan jarri
  • potolotu, gizendu
  • belearen elea esan
  • funtsik gabe hitz egin
  • miztoa erabili
  • suge-mihia izan, gaizki esaka ibili
  • oilalokaren moduan barre egin
  • barre zantzoka, algaraka
  • oilo-mika eman
  • zurbil dagoena, gaixo aurpegia daukana
  • txakur ametsak erabili
  • txakurrak odolostearekin egin zuen bezala, ametsetan ibili
  • txakur-katu ibili
  • elkarrekin haserre ibili

Konparazioak ere hainbat ditugu.

  • artaldea pagotxetan bezala egon (gustura)
  • astoa izateko buztana baino ez falta izan
  • azeri zaharra bezain amarrutsua
  • balea baino adoretsuago
  • barea bezain hila
  • gari metako txoria baino pozago
  • igela baino argalago
  • itsaskabraren moduan jarri (gorri-gorri)
  • kilkerra maiatzean bezain berritsua izan
  • otsorik gogorrena baino ankerragoa
  • sitsa baino apainago
  • txoriak bere umeak baino maiteago


Ekintzak eta inpresioak.

Hitz soil batek baino bizitasun handiagoa ematen dute: erratzaren makila irentsitakoa (artez-artez dabilena, harro itxurakoa); behiak orraztutakoa (gomina-edo eman eta ilea zapal-zapal daukana); buruan haizea eduki (handiustekoa); hanketan olio askorik ez eduki (astiro dabilena); lo belarra zapaldu (logura izan).

Batzuetan, hipotesien bitartez egiten dugu: aipatzen ari garen pertsonaren jokabidea igartzen dugu:

  • Zorriei ere buzkantzak aterako dizkie horrek. (dena puztu eta handitzen du).
  • Titarakada bat uretan itoko da. (arazoei aurre egiten ez daki)
  • Amuarrain bati ere lo eragingo lioke. (aspergarria)
  • Andan denari ere berba eragingo lioke. (astuna, kantsagarria)
  • Puzkarra burruntzian sartu behar balitz, hori ere ikusi behar. (ikusgura).


Pertsona izen bereziei "bigarren adiera" ematea

Gure amamak, bere ahizparekin haserretzen zenean, "Gumersinda" esaten zion, batek daki zergatik. Bokatibo moduan erabiltzen dira "Anakleto", "Pepito", "Kanuto", "Maripepi" eta holakoak ere. Beste izen batzuek are konnotazio argiagoa dute.

  • judas: traidorea
  • infernuko patxi: zitala, gaiztoa
  • barrabas: bihurria, okerra
  • bartolo, bartola: gibel-handia
  • matxalen: emakumezko txatxala, buruarina
  • pello: kokoloa, ergela
  • preskantoni: emakumezko lasaia
  • martin-geldi: astiro mugitzen dena
  • proxpero: menditarra eta xelebrea
  • txilibistro: umeei deitzeko
  • lelopatxiko: leloa; umeei eta esateko
  • antton ez izan: edozein ez dena; berezitxoa


Jakina, famatuen ezaugarriak ere aintzat hartzen ditugu ingurukoak kalifikatzeko. Askotan bokatibo moduan erabiltzen dira, esaterako "Fitipaldi!" deitu automobilean oinaztu parean doanari.

  • dunbo: belarri-handia
  • klaudia txifer: emakume ikusgarria
  • pavarotti: kantatzen dabilena
  • gilda (egon): guaparik, dotore
  • rotxil: aberatsa


Izen berezien artean aparte aipatu behar dugu ‘Maria’ aurrizki ere bihurtu baita euskaraz. Izen bati edo adjektibo bati erantsita, mari hitzak emakumezko kalifikatiboak sortzen ditu gehienetan.

  • marimatraka: bihurria, bizia
  • marisorgin: pikaroa, bihurria
  • maribandera: bizia, gizonen aurrean nabarmentzea gustatzen zaiona
  • marisats: saskila, zikina
  • marihandi: andratona, emakume handia
  • mariatxur: mozkortia
  • marikontra: beti kontra egiten duena
  • maribonbilla: nabarmena, burua agertzea gustatzen zaiona


Kasuren batzuetan gizonen erreferentea da, batez ere atzean ipinita.

  • lelomari; kokolomari: leloa; kokoloa
  • maritxu: emagizona
  • marijoxepa: emagizona
  • maripottorro: nesken atzetik ibiltzen den gizonezkoa


Izen bereziak asmatzea.

Edo gaitzizen modura erabiltzea. Bokatiboak dira askotan, eta –s erantsita sortzen ditugu, ez gutxitan ere.

  • begikunas: bekozko ilunekoa
  • drogas: drogosoa, liskartia
  • enefrakas: gibel-handia / praka nasaiekin ibiltzen dena
  • loguras: erdi lo dabilena
  • sarrakanaldas: narras jantzita dagoena
  • tximas: tximatia, zapaztoa
  • txitxilinborlas: potrohandia, ezeren ardurarik hartzen ez duena
  • zaratas: zarateroa
  • epeltzio: epela, txepela
  • frakasio: prakak edozelan janzten dituena
  • mozkortzio: mozkortia, zurruteroa
  • txoronpio: mutikoei “maitasunez” deitzeko
  • singanorio: ganorabakoa


Bizilekuak asmatzea.

Non bizi zaren halakoa zara. Edo nolakoa zaren, harako zara. Kontua da bati baino gehiagori asmatu diotela etxea edo herria. Esaterako, motza, kamutsa denagatik “Motzenekoa da” esaten da. Eta burua hego haizez beterik duenari “orbel herrikoa”.

  • Babian bizi: ingurukoaz jabetzen ez dena
  • Burua txoritegian eduki: ingurukoaz jabetzen ez dena
  • Ilargian egon: adia galduta dagoena, despistatuta
  • Izarrei begira egon: adia galduta dagoena, despistatuta
  • Txoritokietan bizi: burua haizez beterik eduki

Ikuspegi morfologikoa

Atal honetan, batez ere berben sorkuntzari begiratuko diogu: zelan elkartzen diren hitzak kalifikatiboak eratzeko, eta atzizkien ekarria zein den.


Hitz elkarketa.

Berba edo kontzeptuak elkartzea baliabide arrunta da deskribapenetan. Ezaugarri fisikoak zein jarrerak ematen ditugu aditzera. Esaterako, "musuak merke ditu" esan beharrean "musu-merkea da" esan dezakegu txitean-pitean musuak ematen dituenari buruz.

Hitz elkarketaren bidez era bitako kontzeptuak ematen dira aditzera, fisikoak eta irudimenezkoak. Esaterako, aho-handi esaten dugunean pertsonaren ezaugarri fisiko hori aipa dezakegu (aho handia daukala), edo jokabidea (isiltzen ez dakiela).

  • begilore: begirada motelekoa
  • gezur-merke: gezurtia
  • mihi-laban: hitz labanak esaten dituena, lausengaria
  • popakexu: geldirik egoten ez dakiena
  • ipurdantzari: geldirik egoten ez dakiena
  • gose-musu: gosekila; goseztoa
  • etxemaite: maratza, etxeaz arduratzen dena
  • ederriritzi: mimatua
  • autubatzaile: inoren kontuetan sartu behar duena
  • kontu jakinzalea: inoren kontuetan sartu behar duena
  • praka urratu: ardura gutxikoa, ganorabakoa

Goiko horiek deskriptibo samarrak dira, baina beste batzuetan itxuraz behar ez diren edo loturarik ez duten elementuak sartzen dira, barregarriak direlako edo: tripaustel (jatuna, triperoa); tronperri (mozkortia); potromailuki (alfer handia)…

Hitz elkarketetan, badira sarritan agertzen diren elementu batzuk:

  • Buru Ezaugarri fisikoak eta izaera kontuak aipatzeko ez ezik, indargarri moduan ere erabiltzen da: kokoloburu, txatxuburu...
    • azaburu: burua hutsik duena, leloa
    • meloi-buru: burua hutsik duena, leloa
    • tipula-buru: burua hutsik duena, leloa
    • haize-buru: buruan haizea baino ez duena, kokoloa
    • buru txorokil: artaburua baino are txarragoa, garandu eta gero mamirik ez dauka eta
    • buruiritzi: asko ustekoa
    • buruloka: zentzugabea**:
    • buruargi: buruz argia, adimentsua
  • Ontzi eta lapiko, putzu, zaku, zulo, zorro... Neurri batean sinonimoak dira guztiak, edukia edo sakona duten kontzeptuak adierazten dute eta. Ugaritasuna adierazteko erabiltzen dira, edo indargarri modura.
    • aldrebesontzi: aldrebesa
    • eleontzi, berbontzi: berritsua, hiztuna
    • espantontzi: espantuka dabilena, harroputza
    • mainontzi: mainatia, negartia
    • tartarrontzi: tar eta tar dabilena beti, berritsua
    • txepelontzi: txepel galanta
    • txizontzi, pixontzi: txizatia, pixatia
    • uzkerrontzi: uzkertia
    • zaputzontzi: gauzak zapuzten dituena
    • hitz putzu: berritsua, hiztuna
    • berbalapiko: berritsua, hiztuna
    • astolapiko: asto handia
    • tontolapiko: tonto handia
    • zahizaku: jatun handia, triperoa
    • lozaku: loti handia
    • ohe-zulo: loti handia
    • janzulo: jan eta jan egiten duena, jatuna
    • tripazorro: jatuna
    • hordi-poto: mozkortia, zurruteroa
  • mendi eta meta hitzak indarra emateko eransten dira, gutxienez kasuotan:
    • txotxolomendi, txotxolometa.
  • jario larregitasuna adierazteko:
    • eztijario (koipelustrea, lausengaria);
    • mamijario eta txitxijario (potoloa, gizena).
  • Kaka, putza eta bestelako elementu eskatologikoak. Kalifikatu nahi dugun elementuaren aurretik edo atzetik ipintzen dira, betiere gaitzesteko: etxe kaka bat. Antzera erabil daitezke mokordo, gorotz, zorri, zapo, potrozorri eta puta (zakarragoa).
    • kakajario: kakatia, alde fisiologikotik begiratuta
    • kakamerke: kakatia, alde fisiologikotik begiratuta
    • kakaerre: triperrea, erretxina
    • kakalustre: papaoa, leloa
    • kakanarru: txikia, argala, ezereza / okerra, zitala
    • kakapirri: edozerekin larritzen dena, itxaroten ez dakiena
    • kakazorro: nazkagarria
    • kaka-ume: umea, gaitzesgarri
    • harrokaka: harroa, gaitzesgarri
    • harroputz: harroa, gaitzesgarri
    • umemoko: umea, gaitzesgarri
    • neskato puxika: neskatoa, gaitzesgarri
    • handiputz: handinahia, asko ustekoa
    • hordiputz: mozkortia
    • sorginipurdi: sorgina
    • leloipurdi: leloa

Hitz elkarketatik kanpo ere erabiltzen dira zantarkeriak kalifikatzeko: kakatan plaust (geldoa, odolbakoa); kakatsu (zitala, petrala)...

  • Zazpi eta hamalau zenbakiak Tradizioz ugaritasuna adierazten dute, eta kalifikatibo batzuetan gorde dira:
    • hamalau-tripa: tripontzia, jatuna
    • hamalau-zango: haur beldurgarria
    • zazpi-sute: tripontzia / sudurluzea, endredamakila
    • zazpi-mihi: leku batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa esaten duena
    • zazpi-sukalde: bizkarroia, aprobetxategia
    • zazpi larrukoa izan: azal gogorra, lotsagabea


Genitiboaren bidez (-ko).

Badakigu bitarteko emankorra dena kalifikazioak sortzeko, baina guk pasadan ikusiko dugu. Hitz elkarketaren parekoa da, batez ere ezaugarri fisikoak aipatzeko: narru-lodia = narru lodikoa; beso-sendoa = beso sendokoa...

Horrez gainera, hainbat esapide lexikalizatutan agertzen da:

  • badaezpadako: gizatxarra
  • basako: baserri usaina kendu gabe duena
  • berea egiteko: tematia, burugogorra
  • beretiko: zikoitza, zuhurra
  • biderdiko: ekina ez dena, gauzak amaitzen ez dituena
  • dena gurako: handinahia, askonahia
  • didako; zartadako: di-da, zirt-zart egiten dakiena
  • entzun oneko; esaneko: esaten zaiona entzun eta egiten duena
  • eroan txarreko: pazientzia gutxikoa
  • ezerezdako: pobrea, ezer ez duena
  • kolats ederreko (kokospe): dotorea, ederra
  • morokil usaineko: fina ez dena, takarra
  • munduan bateko: paregabea, berdingabea
  • zaldi gaineko: harroa

Gabezia markatzeko –bako asko erabiltzen da mendebaldean:

  • atorrabako: ganorarik ez duena
  • bainabako; berriketabako: akatsik gabea
  • trentinbako: trentina edo ganora falta duena
  • zainbako: zainetan odolik ez duena, epela


Atzizkibidea.

Kalifikazioak sortzeko beste bitarteko bat atzizki andana dugu: -(l)ari; -bera; -do; -dun; -ero; -ga; -gabe; -garri; -kari; -koi; -kor; -so; -ti; -tsu; -zale; -zu; -zto... Atzizki gehienok izena hartzen dute oinarri, izenondoa eratzeko. Kasurako:

  • negar: negarbera, negargarri, negarti.
  • bizar: bizardo; bizardun; bizartsu, bizarti.
  • lagun: lagungarri; lagunkari; lagunkoi; laguntari.
  • bihotz: bihozbera; bihoztun; bihozgabe; bihozgarri; bihozkor; bihozti; bihoztsu, bihoztun.
  • gose: gosebera, gosedun, goseti, gosezto.

Aditzari eransten zaizkio beste batzuk: -bera (sinesbera), -garri (kantsagarri); -kor (atzenkor, emankor); -zale (hartuzale, gordezale), eta abar.

Luzeago aipatu nahi ditut hiru atzizki, hizkera kolokialean kalifikazioak sortzeko izan duten eraginagatik: -ante, -oso / -osa; -ero / -era.

  • -ant(e)
    • sesiante: sesiozalea, liskartia
    • gromante: parrandazalea
    • nazkante: nazkagarria
    • atorrante: alproja, matraka
    • eskolante: ikastuna, ikasnahia
    • okasiente: liskartia, okasio bila ibiltzen dena
    • perkaxant: perkaxa, bizia, trebea
    • kargulant: diruduna, gizartean maila ona duena, karguduna
  • -os(o) / osa
    • matrakoso, -a: matrakazalea; liskartia
    • burloso, -a: burla egiten duena
    • drogoso, -a: drogan dabilena, liskartia
    • temoso, -a: tematia, burugogorra
    • nahastoso, -a: nahastetsu
    • barriketoso, -a: berritsua
    • bakeoso: lasaia, baketsua
    • zikinoso: zikina
    • tiposa: gorputz oneko emakumea
    • nekoso: nekez, zail
    • handios: handiputza, harroa
  • -ero / -era
    • arponero, -era: nesken / gizonen atzetik dabilena
    • narrutero, -era: larrua jotzen zalea
    • parrandero, -era: parrandazalea
    • zurrutero, -era: zurrutean egiten duena, mozkortia
    • hankatrebero, -era: hanka okerra
    • politikero, -era: politikari; politikazale
    • saltsero, -era: saltsan ibiltzea gustatzen zaiona
    • tripero, -era: jatuna
    • koplero, -era: koplekin ibiltzen dena

Atzizki horiek generoa bereizteko bidea ematen dute. Hain zuzen ere, euskara batzuetan berezkoa da bereizketa hori, eta ez atzizkietan bakarrik: txotxolo / txatxala, memelo / mamala, mantzardo / mantzarda (gangarra).

Baina atzizkibidearen atal orokor hori baino gehiago interesatzen zaizkigu atzizki adierazkorrak: -kilo; -ko; -kolo; -kondo; -kote; -lio; -ngo; -ño; -ontzo; -sko; -skote; -to; -tona; -txo (-txu); -tzar. Izen edo izenondo bati erantsita, haren ezaugarriak leundu edo gogortzen dituzte, edo bestelako ukitua eman.

Zenbait atzizkiren ekarria ez da beti bat, handigarriak dira hitz batzuekin eta txikigarriak beste batzuekin: andrato (andre handia) / txikito (txiki samarra); mutikote (mutiko sendoa, handia) / mozkote (txiki eta potoloa). Halere, sailkatu ditugu zelanbait.


Leuntzekoak

Atzizkiokin sortzen diren kalifikazioak maitasunez esaten dira sarritan, larri iraintzeko asmorik gabe. Askok femeninoko forma onartzen dute, -a amaieraduna.

  • lio, -rio, -tzio, -zio...
    • mozkortzio
    • lelorio / leloria
    • kokolorio / kokoloria
    • baldarrio
    • babolio
    • prakazio, prakatzo: praka nasaiekin barregarri ibiltzen dena
  • -ontzo, -ontzio
    • pepelontzo: kokoloa, memeloa
    • potolontzio: potoloa
    • melontzio: memeloa
    • saskilontzo/ saskilontza: askila, zikina
    • trauskilontzo/ trauskilontza: trauskila
  • -(i)lo, -kilo; -ki
    • lapurrilo: lapurreta handirik egiten ez duena
    • mozkorrilo: askotxo edaten duena
    • tontolo: tontoa
    • astakilo: asto samarra
    • zozoilo: zozoa
    • potroskilo: astokiloa
    • harroxkilo: harro samarra
    • txirriski: txikitxoa
    • mirriski: txikia, ziztrina
  • -ko; -sko; -xko
    • gazteko/ gazteka:
    • tontosko
    • boldrosko: boldro = potolo
    • harrosko
    • bastoko: aho-zikina
    • astunko
  • -kolo, -keto
    • zaharkolo/ zaharkola: nagusien berbakera darabilen umea
    • zaharketo/ zaharketa: nagusien berbakera darabilen umea
  • -ngo
    • mostrongo, -a: handia, takarra eta ganorabakoa
    • bastango, -a: zakarra, trauskila
    • zorango, -a: zorotxoa, txoriburua
    • xoxongo, -a: gatzbakoa, motela
    • saltsarango: saskila, narrasa
  • -to, -tto, -txo, -txu
    • lodito
    • beltxito
    • nagito
    • azkentxo: kokila, beti azken gelditzen dena
    • alkatetxo: agintzen zalea
    • jauntto: agintzen zalea
    • pikutxu: piku-luzea, gehiegi hitz egiten duena

Animalia izenekin ere erabiltzen dira –ko eta –to txikigarriak, irainak sortzeko: txakurto (galarazten zalea), txarrito (txerria, zikina); aketo (morroskoa, gizonkotea), mandako (astakirtena).


Handitzekoak

  • -(t)on / -(t)o(na), -kotona, -kona
    • andrato; andratona: andre galanta, emakume handia
    • bargastona: zikina, gizon itxurako emakumea
    • bizartona: emakume iletsua
    • gangalona: gangala; emakume luze eta ganorabakoa
    • loditona; lodikotona: emakume potola, betea
    • morroskona: emakume handi eta zabala, indartsua
    • potolon / polotona: potoloa
    • saskilon / saskilona: saskila, zikina
    • gaiztona: emakume gaiztoa
    • amakona: bere adineko neskatoak baino handiago dagoena
    • txarritona: txarrita; emakume zikina
    • txorrokoton: gizon txikia baina bizia
  • -(k)ote
    • gizonkote: gizon handia
    • lodikote: potoloa baina sendoa
    • ponpolote: biribila, betea
    • prakote: praka-handi
    • zakilote: ergel handia

Horrez gainera, -tzar (zar) atzizkia ere erabiltzen da indarra emateko. Gaitzesgarria da gehiago: aldrebestzar; lelotzar... Izenekin erabil daiteke (andretzar), baina ez onespen adjektiboekin: edertzar, bizkortzar...


Indartzeko erak.

Atzizkiez aparte, baditugu beste era batzuk kalifikazioaren indarra graduatzeko. Harridurak:

  • Lapurra ez, lapur t'erdi zara zu!
  • Lapur baino lapurragoa da.
  • Lapurra ere lapurra da.
  • Lapurra zer den hori!
  • Lapur alaena!
  • Lapur halakoa!
  • Lapur hori!
  • Zera baino lapurragoa da.
  • Zu zara zu lapurra!
  • Zer da, ba, lapurra!
  • Aiko lapurra!
  • Hau da hau gizonaren lapurra!

Eta handitzeko hitzak.

  • Gezurti galanta da.
  • Gezurti gogorra da.
  • Gezurti demasa da.
  • Gezurti makala da.
  • Gezurti mortala da.
  • Ez da gezurti makala.
  • Akaberabako gezurtia da.
  • Berealdiko gezurtia da.
  • Demaseko gezurtia da.
  • Makaleko gezurtia da.
  • Sekulako gezurtia da.
  • Tremendako gezurtia da.


Konparazio eta hiperbole barregarriak.

Adierazkortasun handiagoa emateko erabiltzen dira.

  • Arnasa adina gezur du horrek.
  • Astoak uzkerra baino merkeago du gezurra.
  • Berban berban gezurra esaten du.
  • Gezurra kolkoan dauka.
  • Hatsa ere gezurra du.
  • Hitz bat zuzenik ez dauka.
  • Kaka baino errazago esaten ditu gezurrak.

Edo kasu honetan, "gezur" hitzaren ordez lagunarteko sinonimo bat sar genezake, indar gehiago emateko: Beti dabil aleak / anporrak / batekoak / botaboleoak/ ilarrak / kalamuak / lukainkak / patatak / tipulak botatzen.


(IRATXE GOIKOETXEA LANGARIKA Euskal Telebistako hizkuntzalaria da)

Bibliografia

  • AIZKIBEL BEKA, Azkoittiko euskerie, 2001
  • ARIN / ARRUABARRENA, Ataungo aho hizkuntzaren barne muinak. 1990
  • ASTUI ZARRAGA, Ai gure Bermio
  • AZURMENDI, Mikel, Euskal nortasunaren animaliak.
  • BARRUTIA ETXEBARRIA, Eneko, Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegia, UEU, Bilbo, 1996
  • DEL OLMO, Karlos, “Hitz eztik mihia zaurtzen ez dik”, Senez 18, 1996
  • ETXEBARRIA AYESTA, J.Manuel, Zeberioko euskera
  • GAMINDE, Iñaki, Bakio berbarik berba
  • GAMINDE, Iñaki, Meñaka berbarik berba
  • GAMINDE, Iñaki, *Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu
  • ITURAIN / LOIDI, Orioko euskara, Orioko Udala, 1995.
  • IZAGIRRE, Koldo, Euskal lokuzioak, Hordago, Donostia, 1981
  • IZETA, Mariano, Baztango hiztegia, 1996
  • LABAYRU, Labayru hiztegia, 2003
  • LARRAÑAGA IGARTZA, Jone, Antzuolako hizkera, Antzuolako Udala, 1998
  • ORMAETXEA, Txipi, Aramaioko euskara, Arabako Foru Aldundia, 2003
  • Otxandioko hiztunak
  • PEREZ BILBAO, Antonio, Bermioko herri hizkera, Bilbo, 1991.
  • ROMAN BRAVO, I. Berrizko euskera, Gerediaga Elkartea, 2001
  • UGARTE AZURMENDI, Martin. Legazpi barrutiko itzen bilduma, 1993
  • www.eibarko-euskara.com
  • lekeitio.com
  • es.geocities.com


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Benetan ona
2004-11-18 / 08:18 / Mikel Zalbide

Oso artikulu ona. Benetan ona. Zer pentsatu eta zer ikasi ugari ematen du. Irakasleentzat eta, oro har, eskola-munduarekin harremanetan gaudenontzat jakingarria, argia eta aplikazio-esparru berriak zabaltzen dituena. Zorionak!


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus