Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Batua eta zuberera: euskalki baten dinamika

Batua eta zuberera: euskalki baten dinamika

2005-01-10 / 07:00 / Jean-Baptiste Coyos Etchebarne   HIZKUNTZA

Nire mintzaldiaren asmoa da aztertzea sinkronian, 2004. urtean, zubereraren egoera nola den. Mintzaldiaren izenburuan erabili dudan dinamika hitzak hemen bilakaeraren adiera dauka. Euskalki horren barneko egitura eta kanpoko bilakaera, erran nahi baita ezagutza eta erabilera, gure aztergaiak izanen dira. Bigarren puntu horri buruz irakaskuntza arautua, 2-16 urte bitarteko ikasleekin, gure gai nagusia izanen da(1).

Euskalki hori gero eta gehiago mehatxatua da eta beraz interesgarria da ikustea zoin diren bere ezaugarriak, zoin diren beste euskara moten eraginak (gaurregun batua eta nafar-lapurtarrenak bereziki) eta bukatzeko bere geroa zoin izaten ahal litzatekeen asmatzea.

Hain txipia izanik ere Zuberoa, Xiberoa, bere 720 km2-ekin (Uhaitzaren ibarra eta beste hiru ibar txipiago) Euskal Herriko zazpi probintzietarik bat da. Hiru eskualdeak badira: Arbaila, Basabürüa eta Pettarra (ik. mapa erakusgarrian). Zuberoako lurralde historikoan 42 herri ziren: Mauleko kantonamenduan 19, Atharratzekoan 16, Donapaleuko kantonamenduan 7, Koldo Zuazorekin bereiziko ditugunak hizkeraren mailaz, eta Olorue-sartaldeko kantonamenduan, Biarnoko probintzian beraz, 1 Eskiula herria, hizkuntzaz zuberotarra(2).

Era berean Zuberoako euskara, xiberotarra, betidanik egiazko euskalki batentzat onartua da bere biztanleria ahularekin ere: 1999ko erroldaketaren arabera 13.471 bizilagun badira (1975ean: 16.247 biztanle ziren, 1982an: 15.404 eta 1990ean: 14.377). Azpimarratu behar dugu beraz biztanleria hori gelditugabe gutitzen eta zahartzen ari dela. Azken mende honetan 10.000 bizilagun galduak izan ziren.

Ondoko egitarauari jarraikiko gatzaizkio. Lehenik zubereraren ezaugarriez, euskalkiaren berezitasunaz mintzatuko gara, bigarrenik zubereraren egoera soziolinguistikoa eta zubereraren lekua, batuaren lekua Zuberoan kontutan hartuz, aurkeztuko ditugu, hirugarrenik euskalkia irakaskuntzan aztertuko dugu, eta ondorioztatzeko zubereraren geroaz hausnarketa batzu aitzinatuko ditugu.

Zubereraren ezaugarri batzuz: euskalkiaren berezitasunaz

Beraz orain adibide batzuen bidez beste euskalkien aurrean zubereraren berezitasuna ikusaraziko dizuet pixka bat, jakinez zuberotarrentzat beste euskaldunak manexak direla beren berezitasuna azpimarratzeko, beren euskara, xiberotarra [∫ibeotára ] deitzen dutena, beste euskalkietarik bereizteko.

Ez nator deskribapen orokor bat egitera, euskalkia orai ezaguna delarik (ikus bibliografian Coyos, Peillen eta Zuazoren lanak). Bainan era orokorrean azpimarratu nahi dut ikerketa ainitz egiteko direla oraino xehetasunetan ondo sartzeko, jakinik euskalki hori mehatxatua dela eta ez aski deskribitua. Berezitasun aipatuenak ez ditut aurkeztuko. Beste ezaugarri batzu erakutsiko ditut: fonologiaz, izen-aditz komunztaduraz, sintaxi egitura zenbaitez eta alokutibotasunaz. Aipatuko ditudan ezaugaurri horiek oso gutxitan dira esklusiboak (beste inongo hizkerak ez dituenak). Koldo Zuazok dio: «Asko eta asko dira euskalki batean baino gehiagotan betetzen diren ezaugarriak, euskalkien ohiko mugak gainditu eta oso silueta berezi eta bitxiak osatzen dituztenak» (2003: 157). Eta egia da ezaugarri batzu Ipar Euskal Herri gehienean erabiliak direla bainan Zuberoan maizeago, erran nahi du zubereran ereduak direla, ezinbestekoak. Zuazok dio: «Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdiko ekialdea, Erronkari eta Zaraitzu ekialdeko ezaugarrien multzoan sartzen dira» (2003 : 195), bainan «lantegia Euskal Herri osoa denean, ondo kontuan izan behar da gertakarien eremua» (2003: 18). Horri buruz hona adibide bat. Euskal hizkuntzalaritzazko lanetan maiz idazten da Zuberoan gizon [gísun ] ahoskatzen dela (adibidez ik. Zuazo, 2003: 35). Hori ez da egia osoa, [gíson ] da ahoskatze hedatuena eta iduri du [gísun ] Barkoxen eskualdean ez dela baizik ahoskatzen.

«Oso berdina da euskara zuberotarra», Zuazok azpimarratzen du (2003: 28). Egia da bainan ama-hizkuntzazko hiztun zuberotarrek desberdintasunak ezagutzen dituzte eta lehen eleetan zubereraz mintzatzen dena nondik etortzen den asmatzen dute, edo bederen ohartzen dute beren hizkera ez dela. Hori errazki azaltzen da, dialektolariaren eta hiztunen ikuspegiak ezberdinak direlakotz. Gai hortaz Zuazok nabaritzen du: «Gure artean bitxikeriek txunditu eta liluratu dute jendea, baina txikikeriekin eta txokokeriekin… sekula ere ezin izango dugu “zientziarik“ egin» (2003: 14).

Zuberoan azpieuskalkiak badirela onartzen balinbadugu, lurraldea bi eremuetan zatitu dezakegu: Basabürüa hegoaldean, Atharratzetik Santa-Grazira, Pettarra iparraldean, Mauleko kantonamendua. Gero ipar-mendebalean tarteko gune bat Amikuzeko hizkerari hurbiltzen dena atera genezake (Zuazo, 2003: 33): ikus mapan. Pettarran berriz Barkoxe eta Eskiulako lurraldea bereiz genezake ere eta behar bada hego-mendebalean beste tarteko gune bat Pagolaren inguruan (Pagola ez da agertzen mapan).

Morfologiaz

Ez naiz luzez mintzatuko jakinez gauza asko aipatzea daitezkela euskalki hori oroz gainetik ahozko hizkera bat delarik, denbora gutiz geroztik zinez erakatsia dena eta beraz guti arautua. Laburdurez adibidez Zuazorekin erran genezake «…hizkera mintzatuan etengabe diren larburdurek sortzen dituzte hiztunek batak besteari ulertzeko eragozpenik larrienak» (Zuazo, 2003: 160). Morfologia fonetikoaren alorrean gaude eta beraz Zuberoan egiten duten laburdura horiek ez ditut zehazki aurkeztuko. Hona lau adibide silabaren kontrakziorekin:

(1 a) zaio > [so ] bilakatzen da, ditit «ditut (errespetuzko alokutiboarekin)» [tit ], eroririk «erorita» [jójk ] [r ] bakuna galtzen delarik bi bokal artean,üskara «euskara» [yşká ], etab...

Alderantziz aditz jokatuan errepikapen morfologiko batzu aurki ditzakegu, eta lehen pertsonaren bikoizketa edo hirukoizketa ohart daitezke. Aditz morfologia horren adibideak:

(1 b) Deitak «didak (zer niri hik)» [dejtádak ] ahoska daiteke; deitazü «didazu (zer niri zuk)» [dejtadásyt ] entzun dezakegu. Azken aditz forma honetan lehen pertsona hiru aldiz kokatzen da. (ik. Coyos, 1999: 224).

Fonologiaz

Alor horretan bada zer erran, zuberera fonemaz biziki aberatsa delakotz.

  • /y/ ü fonema maiz aipatua da. «XIV. mendean bokal hori agertzen zaigu. Zubererak eta amikuzerak Gaskoniako okzitanierari fonema hartu diote» (Peillen, 1992: 252). Jakin behar da erabilia dela Lapurdiraino, han gutiago noski eta behar bada egiazko fonema ez izanez.
  • /h/ h Zuazok begiemaiten du: «Beste inon baino indar eta bizitasun handiagoa dauka hasperenak Zuberoan» (2003: 36). «Dakigun bezala “h“ grafema Euskaltzaindiak onartua izan da, euskal alfabetoko hizki bat da. Zuberoan /h/ egiazko fonema bat da, frantsesan ez izanik ere, eta ahoskatzea ez da galtzen» (Coyos, 2002: 207). Hobe ere ur adibidez [hur ] ahoskatzen da. Bainan ez da sistematikoa: haize [ájse ] ahoskatzen da, bai ere hezür «hezur» [ésyr ] idatzia den h ahoskatu gabe.

Herskari hasperen ahoskabeak, /ph/ p, /th/ t, /kh/ k, interesgarriagoak dira. Duela hamar urte egiazko fonemak zirela erakutsi dut(3). René Lafonek eta haren ondotik Koldo Mitxelenak ez zuten ohartu herskari hasperen ahoskabeak egiazko fonemak zirela zubereran(4). Gutxienezko bikote batzu badira, bereziki duela guti mailegatuak izan diren hasperenik gabeko hitzei esker (Coyos, 2002: 208-209). Ikus adibidetegian:

(2) /phalá/ pala (lanabes) ~ /palá/ pala (pilota); /mótho/ moto «motto, mototx» ~ /motó/ «motozikleta»; /kharáty/ karratü «kerra, minkor» ~ /karáty/ karratü «karratu»; /mãkháty/ mankatü «zauritu» ~ /mãkáty/ mankatü «hutsegin».

  • Kontsonantea + /h/ segidarekin, erran nahi du /nh/, /ñh/, /lh/, /rh/ bikoteekin, ez gara egiazko fonemekin /ph/ p, /th/ t, /kh/ garenean bezala. «Kasu honetan azpimarratu nahi dut silaba egitura ez dela ongi aztertua izan. Silaba mozdura hasperena baino lehen egiten da eta beraz kontsonantea eta /h/ ez daude ber silaban.» (Coyos, 2002: 208). Adibideak:

(3) lano «lanbro» [lánho ] ahoskatzen da, eine «neke» [éñhe ], alor [álhor ], elestatü «solastatu» [elhéştáty ], ilun (bat.) / ülün [ýlhyn ], etab. Bainan /r/ + /h/ segidarekin, r hori batzutan ez da ahoskatzen: aran (fruitua) > arhan [áhan ] rh > h, soro > sorho [şóho ] rh > h, eri «behatz » > erhi [éhi ] / [érhi ] rh > h, orit «oroitu» orhoitu > [óhit ]. [r ] bakuna /h/ aurrenean denean galtzen da bi bokal artean balitz bezala.

  • /ñ/ eta /in/: fonema ezberdinak. Era berean azpimarratu nahi dut zubereran /ñ/ sudurkari sabaikaria egiazko fonema bat dela. Euskal hizkuntzalariek orok hori ez dute oraino sinesten. Bokal ondoko [in ] bikotea [ñ ] ahoskatzen da Zuberoan. Bustidura hori, [in ] > [ñ ], aspaldin gauzatu daiteke. Adib.: artzain [artsáñ ] ahoskatzen da eta ez [artsájn ] ; ohoin (337) [uhúñ ] eta ez [ohójn ] edo [uhújn ]; üinürri «xinaurri» (429) [yñhýri ] eta ez [yjnýri ] (Coyos, 2002: 209).

Beraz oposaketa fonologiko bat dugu zeren eta /ñ/ fonema bat da zubereran, /in/ bi fonemen bikotea delarik :

(4) /mína/ mina «min (mugatua)» ~ /míña/ miña (miñaberje) «mahasti»; [hájna ] harena (izenordaina) ~ [hájña ] hariña «hondar, legar».

Txardina «sardina» [t∫ardína ] edo [∫ardína ] ahoskatzen da eta ez [t∫ardíña ]; alderantziz ñabo «arbi» [ñábo ] erraiten da zubereraz eta ez [nábo ].

Era berean, /λ/ il, ll, alboko sabaikaria, /c/ it, tt, herskari sabaikari ahoskabea, eta /ƒ/ id, dd, herskari sabaikari ahostuna egiazko fonemak dira euskalkian.

Deklinabideaz

Ezaguna da Zuberoan bizidunekin lekuzko kasuen formatako, inesiboa eta ablatiboarekin hain xuxen, bizigabeen forma erabiltzen dela; bainan -ganekilako formak ez dira debekatuak ere.

(5) Maddin / Maddietan (hobe) sinesten düt. «Maddi(ren)gan sinesten dut».

Pertsona izenordainekin instrumentalaren forma berezi bat aipa dezagun ere: nitzaz, zützaz erraiten da adineko belaunaldietan nitaz, zütaz baino maizago.

Izen-aditz komunztaduraz

Zenbatzaileekilako egitura berezi bat aipatu nahi nuke. Zenbatzaile batekilako izen sintagma mugagabea denean, beraz izenak -a artikula hartzen ez duenean, adizki jokatuan plural markarik ez da agertzen:

(6 a) Bi haur ikusi düt (zub.) / Bi haur ikusi ditut (bat.).

(6 b) Bi haurrak ikusi dütüt (zub.) / Bi haurrak ikusi ditut (bat.).

Bigarren esaldian adizki jokatuko plurala markak izena mugatua dela erakusten duela erranen dugu.

Aditz laguntzaileez

  • Izan / edün «edun» aditz laguntzaileez aipatu behar dugu Zuberoan izan aditza ez dela erabiltzen ahal edun aditz laguntzailearekin eta beraz datorren esaldia :

(7 a) Eskolak pisu handia izan du euskararen atzerakadan (bat.)(5),

(7 b) Eskolak pezü handia üken dü eüskararen gibeltzean bilakatzen da (zub.).

  • Ari-kilako egitura. Aspektu puntuala adierazteko: ari + partizipio burutu gabeko atzizkia (-ten, -iten, -tzen) aditzoinari + izan aditz laguntzailea erabiltzen da. Bainan edun aditz laguntzailea ez da erabiltzen ahal izan aditzarekin. Adibidez erranen da:

(8 a) Ebia ari da (zub.) / eta ez Ebia ari du (bat.).

  • Ari-kin zubereraz objektua absolutibo kasuarekin jokatzen da mugatugabea baldin bada, bainan edute genetiboarekin mugatua denean:

(8 b) Ogiaren jaten ari da (zub.) / Ogia jaten ari da (bat.).

Edute genetiboarekilako perifrasi hori ez da bakarrik erabilten Zuberoan; Ekialdeko ezaugarrietan sartzen dela erranen dugu.

  • Amaierazko aspektu partizipoa / partizipio burutua: Ohartarazi nahi dut partizipio burutua gutiago erabilten dela beste euskalkietan baino. Adibidez parka [phárka ] erraiten da eta ez parkatu, heltzen da «dator» eta ez heldu da, …

Alokutibotasunaz

Atal hau bukatzeko alokutibotasunaz mintzo gaitezen pixka bat. Zubereraz lau modu baditugu: zuka, toka, noka gutiago erabilia dena bainan oraino bizirik leku zenbaitetan edo hobe esana familia batzuetan, eta noski neutrala. Elkarrizketetan, Zuberoan, adizki jokatuan marka alokutiboa beharrezkoa, ezinbestekoa da. Zu eta hi bigarren pertsona singularrarekilako formak alokutiboko formetarik bereiztekoak dira.

Nor-Nori-Nork forma alokutiboez Txomin Peillen euskaltzain zuberotarraren ohar hori aipa dezagun: «Egia da euskalki gehienetan zukako formak eta datibozkoak ezin direla bereizi –ez eta euskara batuan ere- zubereraren irtenbidea ez da, naski, batere kontutan hartu, ezen “deizü“ (du zuri «dizu» (e.b.)); “dizü“ (du zuka «du»?). Gero “izan“ eta “eduki/ukan“en formak ez nahasteko ere berdin: “nindizün“ (ninduen zuka); “nündüzün“ (nintzen zuka)» (Peillen, 1992: 250-251). Peillenen adibideak :

(9 a) deizü «dizu (hark zuri)» / dizü «du (zuka)».

(9 b)nindizün «ninduen (zuka)» / nündüzün «nintzan (zuka)».

Beraz esan daiteke Nor-Nori-Nork saileko adizkietan agertzen -e- atzizki hori marka datiboaren dela pertsona atzizkiaren lekuaz gain.

Horiek ziren aurkeztu nahi nizkizuen zubereraren berezitasun zenbait, hizkuntzalaritza literaturan berezitasun ez hain aipatuenak. Uste duzuen bezala hori hautaketa bat baizik ez zen, alor horretan badaiteke zer esan eta iker ere. Begira dezagun berezitasun horietarik batzu Zuberoatik kanpo hedatzen direla.

Zubereraren egoera soziolinguistikoa. Zubereraren eta batuaren lekua Zuberoan

Zati hori ez dut luzatu nahi bainan irakaskuntzaz mintzatu baino lehen pentsatu dut interesgarria litzatekeela ikustea laburzki zoin den zubereraren egoera soziolinguistikoa, eta era berean euskalkiaren eta batuaren lekua Zuberoan.

Hizkuntza-gaitasuna lurraldearen arabera

Hamabost bat urtez geroztik inkesta soziolinguistikoak egiten dira Iparraldean. Emaitzak ilunak ditugu, eta beraz ere Zuberoan. Hiztun kopurua gutitzen ari da eta ehunekoa ere, familiako hizkuntzaren transmisioa ez baitabil ongi (Euskararen Jarraipena III, 2001eko Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta). Halere euskararen gainbehera gelditzen ari da gazteen artean eskolako irakaskuntzari esker. Bainan hiztun berrien gaitasuna ez da hain gora.

Horiek dira Zuberoako azken emaitzak 15 urtetik gorako biztanleen hizkuntz-gaitasunaz: elebidunak % 56,1 dira, elebidun hartzaileak % 11,9 eta erdaldun elebakarrak % 32 (ikus taula)(6). 1987an elebakarrak % 27 ziren, beraz % 5 gutiago (Sü Azia: 26). Gipuzkoari konparatzean 2001ean elebidunak gutiago dira: % 48, elebidun hartzaileak ere % 9,5 eta erdaldun elebakarrak gehiago % 42,6.

2001eko Euskal Herriko
Soziolinguistikako
Inkesta
ElebidunakElebidun hartzaileakErdaldun elebakarrak
Zuberoa% 56,1% 11,9% 32,0
Nafarroa Beherea% 64,0% 17,2% 18,8
Baiona-Angelu-Biar.% 8,8% 8,3% 82,9
Iparraldea% 24,7% 11,9% 63,4
Gipuzkoa% 48,0% 9,5% 42,6
Euskal Herria% 25,4% 10,6% 64,1

Nafarroa Beherean elebidunak % 64 dira, elebidun hartzaileak % 17,2 eta erdaldun elebakarrak % 18,8. Baiona-Angelu-Miarritze hiri alkargoan non Iparraldeko biztanle erdia den elebidunak % 8,8 dira, elebidun hartzaileak % 8,3 eta erdaldun elebakarrak % 82,9. Iparralde osoan elebidunak % 24,7 dira, elebidun hartzaileak % 11,9 eta erdaldun elebakarrak % 63,4 eta Euskal Herrian % 25,4, % 10,6 eta % 64,1. Zuberoan, beraz, emaitzak onak lirateke, bainan azpimarratu behar da Zuberoan belaunaldi elebidunak adinekoak direla eta beraz belaunaldi gazteetan euskaldunak guti direla.

Zuberera eta batua hedabideetan, bizi publikoan

Frantses estatuaren onarpen juridikoaren faltaz erabilera publikoa ahula da Zuberoan, zerbitzu publikoetan ez da entzuten euskara. Hala ere, Zuberoako Herri Erkidegoak «mikro» seinaleztapen elebiduna hedatu du eskualde osoan, frantses bideko bide-seinaleak kanbiatzen ditu eta elebidunak kokatzen gero eta gehiago. Bainan orokorrean zuberera ez da agertzen zerbitzu publikoen idazkietan. Euskara ofizialtasunik gabeko hizkuntza da Zuberoan.

Bizkitartean, duela hogei bat urte, irakaskuntzan eta irratigintzan sartu da zuberera eta harekin batua. Alor horietan bereziki, zubererak hitz multzo bat mailegatu ukan behar zuen. Eremu horiek berriak zirelakotz orduan eta euskalkia lexiko egokirik gabe zelakotz, euskara batuaren hitz ainitz hartu ditu. Frantsesaren eragina azpimarratzekoa zen ordu arte ahoskeran eta lexikoan orozgainetik, biarnesarena bukatua zelarik. Bainan orai euskara batua da hitz iturri berria. Alderantziz iduri du batuaren eraginik ez dela sintaxian edo ahoskatzeko moldean, behingoz bederen.

Orain, beraz, zuberera non erabilia den ikus dezagun. Hedabidearen arabera ahozko, idatzizko edo ikus-entzunezko hizkuntza dugu, euskalki landua edo ez.

  • Prentsan: Zuberera biziki guti erabilia da prentsan. Baionako Herria astekarian eta Mauleko Autour du clocher – Zeinützülia parrokiako hilabetekarian Jean-Louis Davant beste euskaltzain zuberotarraren artikuluak baditugu. Mauleko Le Miroir de la Soule hamabostekarian Ximun Peyranen artikulua bada, eguneroko zubereraz frantses ortografiarekin idatzia. Besterik ez.

    Pika haurrendako hilabetekaria badugu, Maulen egina, Iparraldeko bi euskalkiz idatzia, beraz zubereraz eta nafar-lapurtarrez. 80 bat zubererazko ale saltzen dira. Nanai beste haurrendako hiru hilabetekaria batuaz idatzia da.

  • Irratigintzan: Euskal irrati bat baizik ez da, Xiberoko botza irrati pribatua, 1982an elkarte batek sortarazi zuena. 1996an adibidez zuberera ulertzen zuten % 55ek irrati hori entzuten zuten. Xiberoko botzari esker zuberera Zuberoatik kanpo ere entzuten da Euskal Irratiak alkarteak sortu egituran: aste egunetako arratsaldeko berriak Xiberoko botzarren berriketariek aurkezten dute Iparralde osoan, goizekoak Garaziko Irulegiko Irratiak eta eguerdikoak Baionako Gure Irratiak ematen dituzte. Berriketarien zubereran batutiko hitz zonbaitek frantses hitzen lekua hartzen dute. Adibidez, zuberera landuan, batuazko konpondu aditza erabil daiteke fransesari mailegatua den arrandjatü baino, edo zubereran ditugun antolatü baino.
  • Telebistan: «Oso toki guti du zubererak, eta ulertzeko da urritasun hori: elkarrizketa bakan batzuk, emankizun berezi zenbait, pastoral batzuen errepikapena» (Davant, 1996: 533), hori orozgainetik ETB 1en eta zenbaitetan Frantziako hirugarren katean, Euskal Herri eguneroko emankizunean.
  • Literaturan: Jean-Louis Davantek ohartzen du: «Konparazione, bere txikian, literatur eremu emankorra da Zuberoa. Alor emankorrena pastoralgileek ontzen dute... Literatur idazle puntakoak ere badira Zuberoan...» (2000: Argia On Line). Bainan duela hamar urte jadanik idazten zuen: «Gogorra baldin bada euskal idazlearen eginbidea, zer erran zuberotarrenaz? Norentzat idatzi behar ote du? Zein euskalkietan? Zubereraz soil-soilik, batzuen iritziz. Baina zenbat gara euskaraz irakurtzen dugun zuberotarrek?» (Argia, 1993). Jakin behar da euskaldun zuberotar kopurua txipia baldin bada ere, irakurlearena txipiagoa dela.
  • Liturgian: Davantek dio: «Mezaren bizkar-hezurra Batutik hartua da hitzez-hitz, Zuberoako eta fonetikari egokituz… Mezako «Canon» hortarik kanpokoa, ohiko zuberera klasikoan emaiten da… Kateximarik ez da gehiago euskaraz egiten Zuberoan… Zuberera hiltzen du frantsesak, ez Batuak» (1996: 531-532).

Batua beraz ez da hola hola zuzenki sartzen Zuberoan edo guti.

  • Prentsan: Berria egunkariaren hedapena txikia da. Xiberoko botza irratiari esker Zuberoako entzuleak nafar-lapurtarra egunero entzuten du, batua baino maizago, bainan batzutan Hegoaldeko berriketari bat edo galdekatu bat entzun daiteke ere. Telebistan: ETB 1-en batua ulertezina da adineko jendearentzat eta eskolatu ez direnentzat, erran nahi du zuberotar gehienarentzat. Bainan iduri luke jendeak gero eta gehiago so egiten duela, pilota partidei esker bereziki.

Zuberera eta batua irakaskuntzan Zuberoan

Datorren atalean zubereraren irakaskuntza arautua aurkeztuko dizuet. Orain seinalatu nahi nizueke laburzki zuberera eta batuaren lekua irakaskuntzan. Zuberera ama-eskolan, lehen mailan, Zuberoako kolegioan klase elebidunetan eta gau eskolan ikasten eta erabiltzen da. Batua eta nafar-lapurtarra Zuberoatik kanpoko kolegioan, lizeoan eta Baionako Fakultatean Euskal ikasketetan ikasten dute Zuberoan egoiten ez direnak. Alabainan Zuberoan ere erakasle batzuk batua sarrarazten dute ikasleen euskara gaitasunaren arabera, zuberera ongi menperatzen baldin badute.

Euskara eskolan: Euskalkia erabilia da Zuberoako bi ikastoletan (D modeloa, 2 ama-ikastoletan eta lehen mailako ikastolan), klase elebidunetan (B modeloa) eta hastapen modeloan. Bainan erran behar da euskara edo euskaraz ikasten duten haur ehunetakoa txikia dela, emendatzen bada ere.

Helduei irakastea Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen Zuberoako adarra 1983an sortua da. Ikasle helduen kopurua 60 batekoa da. Zuberera erakasten da. Udan ikastaldi bat zubereraz antolatzen dute ere urtero.

Tresna orokorrak: hiztegiak, gramatikak…Aita Junes Casenave-Harigileri esker hiztegi zuberotar gaurkotuak baditugu, Frantses-Eüskara eta Eüskara-Frantses. Ohar bat hiztegi horiei buruz: batuazko hitz anitz sarrarazi ditu egileak eta frantses edo bearnes hitz batzu baztertu ditu aspaldin mailegatuak izanik ere. Hitz zenbait ere asmatu ditu. Beraz ez dira hizkuntzalarienganako hiztegiak, zuberera hutsezko hiztegirik ez da.

Junes Casenave-Harigilek zuberera ikasteko metodo bat egin du ere, Xiberoan Euskaraz – Méthode de Basque souletin deitzen dena.

Jüje Etxebarnek gramatika bat egin du, Zubereraren gramatika, interneten aurki dezakezuena.

Ikas Euskal Pedagogia Zentroa–Xiberoko ordezkaritza: Lapurdin Uztaritzeko Ikas erakundea dokumentazio zentro bat da: 14 000 bat liburu, bideo, CD-Rom, aldizkari eta beste badauzka. Ikasleentzat formakuntza eta informazio saioak antolatzen ditu, bainan orozgainetik euskarazko ikastresnak sortzen ditu edo euskaratzen, argitaratzen eta eskoletan hedatzen. Pedagogia tresnen edukia Frantziako Hezkuntza nazionalaren ikuskariek onetsia da eta testuak euskaltzainek zuzenduak dira. 1996az geroztik Ikas zinez hasi da argitaratzen eta bereziki bizpalau urtez geroztik. Hiru zubererazko liburu argitaratu ditu eta bere webgunean euskalkiazko dokumentu batzu aurkezten ditu.

Ordezkaritza bat idekia izan da ikastaro honetan Zuberoan denbora erdiz; gazte enplegu batek kudeatzen du. Frantziako dokumentazio zentro nazionalak ez zuelakotz bere gain hartu, Ikasek deliberatu du egitura arin hori sortaraztea.

Unibertsitatean: «Unibertsitatean hein bat mugatua da zubererak har dezakeen tokia, orokorki, idazle batzuen testuetan edeiten eta kokatzen baita, edo zuberotar xahar zenbaitez egiten diren grabaketetan. Bainan bere tokia badu dialektologian eta antzerkian, pastoralari esker» (Davant, 1996 : 532).

Bertsolaritza eskolak: Bertsularirik ez da gaurregun Zuberoan bainan azpimarratu behar da eskola berri bat edikia dela aurten Sohütako ikastolan haurrentzat eta heldu zenbait hasi direla ere Urdiñarben.

Zubereraren ortografiaz: 1979an Euskaltzaindiak zion: «Euskara hizkuntza bakarra baita, ez hizkuntza asko, eta hizkuntza horretan ortografia bat bakarra behar dela, bai euskara batuan eta bai euskalkietan» (1979, 104. orr.). Zuberotarren ortografia ez da sekula finkatua izan mendeen zehar eta Euskaltzaindiaren adierazpena jarraituz batuaren grafia duela guti onartua izan da. Nere «Zubereraren idazkeraz: fonetika, fonologia eta ortografia» artikuluan erakusten dut zoin diren ahoskeraren eta idazkera zuberotar arautuaren arteko loturak. Onartua izan den ortografia egokiago litzatekeela idazten dut zubereraren fonologiaren eta fonetikaren ezaugarriak kontutan hartuz. Bainan, hala ere, ortografiaren finkatze hori xantza bat dela azpimarratzen dut. Davantek dio: «Ni aldiz beldurtzen hasi naiz grafiaren eragin entzunez ahoskeran, irratietan, antzerki eta kantuan, idatzia den bezala ahoskatzen baitute batzuek, zubererak duen fonetika berezia zaurituz» (1996: 533) eta nik gaineratzen dut: «Hizkuntzen ortografia ez dela osoki fonetikoa edo fonologikoa ezaguna da. Bainan ortografia bakoitza hurbiltzen da guti gora behera hizkuntzaren fonetikatik (edo fonologiatik… ortografiak eta ahoskatzeak lotuak baitira, nahi ala ez. Eta ortografiak ez baldin badu ahoskera manatzen, eragintzen du halere. Ber denboran ere ez dugu ahantzi behar idazkera ahozko mintzairatik etortzen dela eta ez kontrakoa» (Coyos, 2002: 202).

Beste hizkuntzen, batuaren eta nafar-lapurtarraren eraginaz zubereran

Jean-Louis Davantek zubereraz hori idazten du zuberotarrei buruz: «Jente ezjakinak üsü algarren etsai bezala ikusten dütü Xiberoko eüskara eta Batua, hau espainola dela erranez gaineala. Bena espainol hizkuntza, "castellano" delako gaztelania da… Gibel ari da Züberoako eüskara. Bena ez dü Batuak ehaiten, frantzesak dü hiltzen eta ehortzen», (Herria, 1999).

  • Maiz aipatzen da biarnesaren eragina, XIV.etik XV. menderaino gaskoina Zuberoako administrazio hizkuntza idatzia zelarik. Eta beraz hitz asko mailegatu dio zubererak. XIX. mendean ere zuberotar gazte asko Biarnora joaiten ziren ofizio bat ikastera edo sasoiko lanarengatik, eta beraz biarnesera ikasten zuten ere. Biarnesa azpieuskalki gaskoina da eta gaskoina okzitanieraren euskalki handienetarik bat, mendebalekoa.
  • Gaztelaniaren eragina. Bainan azpimarratzekoa da ere Peillenekin gaztelaniarena: elizako hiztegian (misterio, pagano, salbatore, etab.) eta bai ere birauetan (dios, cochino, coño, etab.). Peillenen ustez: «Ez da harritzekoa… bostehun urtez zuberotarrek Andaluziaraino lan migraketak egiten zituzten eta hizkuntza nahasten» (2001: 30). Beste norabidean ere Aragoitik, Erronkaritik, jende anitz, bereziki emazteak, urte oroz etortzen ziren XIX. mendean espartin egiteko aroan. Eta beraz horietarik batzu Maulen kokatu dira bizitzeko, bereziki Maule gaine auzoan. Peillenen ustez «5.000 hitzatik gutxi gorabehera 900 okzitanieratik eta 600 gaztelaniatik hartuak lirateke, gero beste asko latinetik, aragoieratik, frantsetik…» (Peillen, 1992: 270).
  • Frantsesaren eragina. Gero frantsesak bearneseraren lekua hartu zuen eta, XX. mendean, bizi modernoarengatik zubererak hitz multzoa behar ukan zuen eta ondorioz hitz teknikoak frantsesari mailegatu zituen. Ber denboran, asmagarria den bezala, teknika eta ofizio zahar eta galdutakoen hitzak desagertzen ziren eta beraz bearnes hitz anitz galdu dira. Peillenek ohartzen du: «Gaztelaniazko maileguak nahikoa zaharrak izanki, hizkuntzan aski ongi sustraiatuak dira, baina okzitanierazko multzo ugaritik asko gure egunetan galdu dira» (1992: 251). Frantsesa sartzen zen eta oraino ere «code-switching» jokabideari esker. Esan nahi du eguneroko mintzairan batua ikasi ez duen hiztunak frantses hitz teknikoak errrazki sarrarazten dituela.
  • Batuaren eta nafar-lapurtarraren eragina. Bainan 1970-1980 hamarkadetan euskararen berpiztatze nahi berri sortuarekin zuberera euskara batuari hasi zen mailegatzen. Eta beraz zubereran sartu den azken hizkuntza beste euskara mota bat da, beste gisaz errana Zuberoako euskarak euskara batuari mailegatzen dio. Kultura zuberotarra biziki aberatsa da biztanleriari konparatuz eta zubererak bere lekua badu pastoralen testuetan, kantuetan eta ikusgarri batzuetan. Bainan idazle zuberotarrei esker batua idazki zuberotarretan sartzen da, denek batua eta zuberera menperatzen baitituzte, eta hori zenbait aldiz ohartu gabe ere, idazki mota oroetan: pastoraletan, kantuetan, olerkian, pedagogia liburuetan, etab.

Zuberoako euskaldun xumeei testu horiek arrotz iduritzen zaizkie guti gora behera, euskara irakurtzen ez bait dakite edo/eta batua ez bait dute ulertzen ere. Euskaltzaindiak duela guti hori esan du, adineko zuberotarrei ongi aplikatzen dena: «Hala ere, hiztun batzuek… baztertua ikusten dute euren burua, bizi duten euskalkia euskara batutik urrun dagoelako; baina ez dute bazterturik sentitu behar. Euskaltzaindiak, behintzat, ez du horrelako bazterkeriarik nahi; baizik eta nahi du euskaldun bakoitzak bere euskararekin bat egitea eta era berean, euskara batuarekin bat egitea, batua harturik goi mailako erregistrotzat gainerako euskaldun guztiekin harremanak izateko», eta geroago jarraikitzen du erranez : «Euskaraz mintzo diren hiztunen egoera desberdinei begirunea zor zaie, hiztun horiek euskalkiak erabili nahiz euskara batua erabili» (2004, www.euskaltzaindia.net). Ikusmolde hori egokia iduritzen zait eta beraz euskalkiak ikasteko, irakasteko, zaintzeko dira hori belaunaldien arteko euskarazko loturak eta tokiko harremanak zaintzeko.

«AEK-ren eta ikastolaren bidez, baita ere Xiberoko Botzaren eraginez euskara estandarraren ehun bat hitz euskalkian sartu dira (albiste, dantzaldi, ikastola, iragarki, irrati…» dio Peillenek (2001 : 30). Nere ustez, orain, ehun bat baino gehiago dira hitz mailegatuak, bereziki irakaskuntzarengatik. Zenbat aldiz bikoteak baditugu : telea eta telebista, radioa eta irratia, jinkoa eta jaungoikoa...

Davantek erraiten duen bezala: «Batua ere behar dügü, zazpi euskal herrietan algar entelegatzeko, baita hizkuntza egokitü baten ükeiteko, zehetarzün argi eta segür batekin, bereziki zientzia-jakintzetan eta legegintzan, züzenbidean, hor düdarik ez beita behar hitzetan. Hirugerren helbürü bat ere badügü: goi mailako literatura baten ardiestea, eüskalki güzien ahalak algarrekin bildüz… Xiberokoari zer ekarten deion Batuak: - itsasoko hiztegia (arrainena eta abar...), hiriko hiztegia, jakintza berrien eta teknika berrien hiztegia, kontzeptü hanitxen hiztegia» (1999, Herria).

  • Zubereratik euskara batura. «Denbora berean zubererak euskara batuari hitz batzuk eman dizkio hala nola “aholku” (kontseju), “zinegotzi”, “jesan” (dirua mailegatu)» dio Peillenek (2001: 29). Davantek ere: «Batuari zer ekarten deion zübererak - atzizki elibat: GIA (ikasgia, sargia), GOA (nausigoa) -mendiko hiztegi aberatsa, bereziki basa ihizeen izenekin- aditz forma elibat, besteek galdü dütüenak, bereziki geroaldian (date, dateke) baita potentzialean (niro, nitiro)...» (1999, Herria). Hitz zahar batzu begiratu ditu ere zubererak. Adibidez: igaran eta ez pasatu, heltü eta ez arribatu, eho «matar» etahil«morir» bereiziak dira…

Zuberera irakaskuntzan: irakaskuntza arautua

Orain gure gai nagusia aztertzen ahal dugu, erran nahi du beraz "irakaskuntza arautua", jakinez zubereraren jarraipena segurtatzea eskolaren gain da neurri gero eta handigoan, euskararen transmisioa kasik desagertua delakotz hiriguneetan bereziki eta euskararen presentzia Zuberoako bizi publikoan ahula dela. 1979an Euskalzaindiak zioen: «Euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak aztertu eta landu behar direla uste du Euskaltzaindiak, ortografia eta hizkuntzaren azpiegitura zainduz» (1979, 103. orr.). Eta beraz zubereraren irakastea ez da joaten Euskaltzaindiaren egitatearen aurka.

Irakaskuntza euskara salbatzeko oraiko tresna hoberena

Azken inkestaren emaitzak ikusiz eta beraz euskararen egoera nola den ohartuz, «Iparraldean eskoletako euskal irakaskuntzak inoiz ez bezalako garrantzia dauka. Alabaina, 2001eko inkesta soziolinguistikoak erakusten digu familia bidezko transmisioa ez dela ongi egiten. Beraz, eskolaren gain da neurri handi batean euskararen jarraipena segurtatzea. Gainera, haurrak gero eta gehiago bi urtetan sartzen dira ama-eskolan, eta adin horretan lehen hizkuntza ez da oraino behin betiko finkatua» dio Bachocek (Bachoc etab., 2003: 49). Ingurumen frantses batean euskaraz mintzatzen direnak gero eta gutiago dira.

Era berean Mixel Estebanek dio: «Jakinez familietan zegoen euskararen transmisioa ahultzen ari dela barnealdean [eta Zuberoan bereziki] eta kasik desagertua dela hiriguneetan, jakinez ere euskararen presentzia sozial arloetan nahiko ahula dela euskararen aterabide nagusia eskolan dago» (Bachoc etab., 2003: 54). Bainan dakigun bezala eskolak euskararen jarraipena eta geroa ez ditu berak salbatuko, jakinez ezagutza nahi ala ez erabilera ez dela.

Hiru sareak – Lau ereduak

Lau irakaskuntza eredu baditugu Iparraldean eta beraz Zuberoan ere: murgiltze eredua, elebitasun eredua, hastapen eredua eta frantses eredua, eta hiru sare badira. Frantses eredu hau hedatuena da, bainan elebitasun eredua eta hainbatean ere murgiltze eredua emendatzen ari dira. Seaska da ikastolak kudeatzen dituen elkartea, Euskal Haziak da eskola giristionetan elebitasuna sustengatzen duena eta Ikas Bi eskola publikoko gurasoen elkartea.

Ama-eskolak lau urte irauten du, 2 urtetatik 6 urtetara; gero 6 urtetatik 11 urtetara lehen maila badugu. Ama-eskola lehen maila honetan sartzen da. Ondotik 2. mailak lau urte ere irauten du kolegioan 16 urtetara.

Beraz euskararen irakaskuntza eta bai ere euskarazko irakaskuntza emendatzen da Iparraldean, hastapen eredua baztertuz, bainan «ohargarri da lehen mailan lau haurretarik hiruek ez dutela oraindik euskarazko irakaskuntza izpirik», dio Bachocek (Bachoc etab., 2003: 50). Murgilbide ereduak haurren kopuruaren % 5,5a dauka eta elebitasun ereduak % 16,85a. Orokorki murgilbide eta elebitasun ereduek Iparraldeko haurren % 22,35 eskolatzen du. Erran behar da Frantziako lurraldeko hizkuntzen irakaspenetarik ehunetako handiena dela. «Azken 7-8 urtetako kopuruen eboluzioa kontuan hartuz, elebitasun ereduak kasik 6 puntu irabazi ditu (elebitasun ereduak irabazi duena hastapen ereduak galdu du)» (Bachoc etab., 2003 : 50).

Emaitza orokor horiek guti gora behera berak dira Zuberoari so eginez. Orain banaka Zuberoako lau ereduen egoera aurkezten dizuet.

2003-2004 ikasturteaMurgiltzea%Elebiduna%Hastapena/opzionea%
1. MAILAN7981511550049
2. MAILAN00305,2613223,15

Ikastolak: D modeloa

Lehen ikastola 1972an Maulen sortua zen 12 haurrekin eta ondotik Basabürüko ama-eskola 1979an.

  • Ikasle kopuruak ama-eskolan eta lehen mailan

1993-1994 ikasturtean Maulen: 61 – Atharratzen: 8 = 69

1998-1999 ikasturtean Maulen: 68 – Atharratzen: 12 = 80

2000-2001 ikasturtean Maulen: 67 – Atharratzen: 15 = 82

2003-2004 ikasturtean Maulen: 64 – Alozen: 15 = 79 (≈ % 8)

Zenbakiak egonkorrak dira. Zuberoako haur kopuruaren % 8 dira guti gora behera murgiltze ereduan.

Zuberoan ez da Seaskako kolegiorik eta beraz bigarren mailan ikasketak murgiltze ereduan jarraiki nahi dituztenek Donaixtiko Manex Erdozaintzi Kolegiora joan behar dute, Nafarroa Behereara beraz, bainan Zuberoatik ez hain urrun. Eta han ikasketak batuaz eta nafar-lapurtarrez egiten dituzte. Bainan haur guti joaiten dira harat: aurten adibidez bat bera joaten da Donaixtira eta 6 Mauleko kolegio publikoko klase elebidunera. Zuberoako demografia eta bai ere herri bakoitzaren eskolako politika ikastolaren aurka doaz, murgiltze sistema hautatzen duten haurrek herria uzten baitute Sohütara joaiteko. Gero Iparraldeko euskarazko lizeo bakarra Baionan da, beraz urrunago.

  • Murgiltze eredua ikastoletan Ama-eskolan euskaraz dena egiten da (2etatik 6 urtetara). Lehen mailako lehen urtean irakurtzea euskaraz ikasten dute eta bigarren urtean frantsesaren sartzea da, elebidun orekatua izateko eskolako lehen mailako azken urtean, kolegioan sartu baino lehen. Zuberoan zuberera baizik ez dute ikasten ama-eskolan eta bai ere lehen mailan. Eta hori biziki inportanta iduritzen zait belaunaldi euskaldunen arteko arroila ez zilatuz. Lau lanpostu eterdi dira eta irakasleak denak zuberotorrak dira. Irakasle ez diren langileak ere zubereraz mintzatzen dira.
  • Murgiltze ereduaren garapenari oztopo bereziak Murgiltze eredua ez da oraino osoki ezagutua Frantzian eta eztabaida garrantzia izan zen 2002. urtean. Azaroaren 29an Frantziako Estatu Kontseiluak bretaineraren irakaskuntzaz murgiltze eredua legezkanpokoa zela deliberatu du eta ondorioz Estatuak erran du ez zuela onartzen ahal eredu hori hezkuntza publikoan sar dadin, Bretainian ikastolak kudeatzen dituen Diwan elkarteak galdatzen zuen bezala.

Ikastolak beraz eskola pribatuak dira, Frantziako hezkuntza nazionalarekin kontratu pean direnak. Horri esker erakasleen hilabetesaria Estatuak ordaintzen du, 1994az geroztik. Bainan eraikuntzak, gelak, pedagogia tresnak, erakasle ez diren langileak ikastolaren, Seaskaren gain dira. Adibidez Sohütako ikastolako elkarteak irakasle ez diren langileen lau hilabete-sarietarik biga beregain hartu behar ditu.

Herriko etxeek diru laguntza eman dezakete, bainan 1851eko lege batek, Falloux legeak, debekatzen du erakunde publikoek eraikuntzen gastuetarik % 10a baino gehiago eman ditzaten. Horrengatik Iparraldeko ikastola berriak Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin eraikiak dira bereziki eta bai ere Euskal Herri osoko jendearen diru laguntzarekin.

Zuberoan material baldintzak iragankorrak dira: Sohütako elkartea etxegintzaren jabea baldin bada, 1997an ikastola berri bat eraiki zuten Mauleko gela zaharrak utziz, Basabürüko ikastolak Atharratze ondoan den Alozeko tokia datorren ikasturteko utzi behar du, iaz egin zuen bezala, oraiko egoitzaren jabea ez delakotz. Zuberoako podere publikoek erran dute lagunduko dutela beste egoitza bat aurkitzera.

Irakaskuntza elebiduna: B modeloa

Klase elebidunak izan ziren Hezkuntza nazionalaren eta beraz Estatuaren erantzuna garatzen ari ziren ikastolei. Bestenaz errana ikastola pribatuak ez baldin baziren eraiki publikoko klase elebidunak ez zituzten asmatuko edo ez ziren hola garatuko. Modelo hori gero eta gehiago azkartzen da eskola publikoan eta erran behar da Frantziako Hezkuntza nazionalak ez duela gurasoen galdera oroei ihardespenik emaiten.

  • Lehen mailako klase elebidunak publikoan

2003-2004 Kopuru orokorra 151 haurrez da Zuberoan, 12 klase, 6 erakasle zuberotarrekin. Barkoxe: 24 haur (Zuberoako lehen klase elebiduna, 13 urtez geroztik), Maule: 57 (Pean 32 – Gainen: 25), Idaunze: 32, Urdiñarbe: 8 eta Atarratze: 30. Ehunetakoa ≈ % 15 nonbait hor da.

1969az geroztik eskola giristinoek irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute Iparraldean. Bainan Zuberoan aurten baizik ez dute klase bat zabaltu eskola katolikoan Altzain: 7 haurrekin eta irakasle batekin.

  • Bigarren mailako klase elebidunak publikoan

2003-2004 Mauleko kolegioan klase elebidunak badira: 6.ean: 9 haur, 5.ean: 10, 4.ean: 3, 3.ean: 8, 30 haur orotara. Bi erakasle badira, bat denbora osoz eta bestea erdiz.

Bigarren mailan, kolegioan beraz, gai kopuruak hamar bat gai dauzka. Eta erran behar da oren kopurua ez dela egiazki orekatua, frantsesezko kurtso gehiago badira euskarazkoak baino. Kolegioan euskarazko 6 edo 7 oren astean baizik ez dituzte. Ikasgaiak bi horiek dira: bata euskara (3 oren) eta bestea historia, geografia eta herritar heziketa (3 + 0,5 oren). Eredu hori Mauleko Argia kolegio publikoan 2000. urtean hasi da. Ez da beste nehon egiten. Hori da haur kopurua: orotara 570 ikasle badira Zuberoako kolegioetan eta Mauleko klase elebidunetan 30. Ehunetakoa biziki apala da: % 5,26.

Hastapen eredua : iniziazioa edo opzionea

Bi ibilkari ere badira Zuberoan lehen irakaspena emaiten dutenak. Ikasleek normalki 2 oren astean badituzte, bainan gero eta maizago oren bat emaiten da. Hona bi ibilkari horietarik bat den Mixel Etxekopar musikalari ezagunak erran didana: «Aurten 320 haur ikusten dit! Eta beste ebilkariak 180 nonbait hor, biga beikira aurten sail hortan Xiberoan. Kalkula ontsa eginez erraiten ahal dizügü 500 haur elkiko dela eskolatik euskara ikasi gabe! Behar ere güneka euskaldün zonbait badizügü bena gero eta gütiago. Hola ikusirik geroa oso beltza dügü…»(7). Besterik ez. Irakaskuntza eredu hori emendatzen da eta aurrerapena litzateke familian mintzatzen balira. Haurrek oren batekin astean euskara ez dute ikasten ahal, hori dudarik gabe.

Opzionea kolegioan ere bada, hiru tokitan: Mauleko Argia kolegioan berriz, Atharratze kolegio publikoan eta Mauleko kolegio katolikoan. Orotara ikasleak 132 dira. Ehunetakoa handiagoa da beraz, % 23,15, bainan erran dugun bezala bi edo hiru orenekin astean ikaslea ez da ontsa mintzatzen euskaraz familian ez bada erabilia.

Irakas baldintzak eta oztopo orokorrak

Azken zati honetan irakaskuntza baldintzak eta oztopo nagusienak aztertuko ditugu. Gorago D ereduaren oztopo propioak gogoratu ditugu.

  • Gizarte eskaera eta Hezkuntza ministeritzaren erantzuna

«Frantzian, herri hizkuntzen legedian, baldintza nagusia gurasoen eskaera «frogatua» da. Gurasoek euskararen ikaskuntza eskatzen badiote eskolako zuzendariari, honek zerbait egiteko baimena badu legearen arabera» nabaritzen du Erramun Bachocek irakaskuntza publikoaz (Bachoc etab., 2003: 55). Bai, bainan gero bidea luzea da ikasgela bat ideki baino lehen eta zepoz beterik. 15 haur behar dira gutienez, eskolako kontseiluaren baimena (irakasle bat baizik baldin bada aurka, ez da idekiko), Ministeritzak erran dezake ez duela lanposturik diru eskasarengatik edo irakasle formatuaren eskasarengatik. Beraz bizkiki zaila da.

Seaskako ikastolendako idekitzeko baldintzak ez dira berak, bizpalau haurrekin ere ideki daiteke eskola berri bat bainan laguntza publikorik gabe.

  • Irakaslegoa: lan postu eskasaz

«Alde batetik, dauden irakasleak gutiegi dira gizarte eskaerari erantzuteko. Beraz, lanpostuak ireki behar dira. Baina Hezkuntza Ministeritzak erabiltzen duen kota sisteman, postu bat irekitzean beste bat ixtea dakar» azpimarratzen du Bachocek (Bachoc etab., 2003: 56). Sare katolikoan adibidez lanposturik ez dute lortu aurten Hezkuntza ministritzatik eta beraz gela elebidunarendako postu bat idekitzeko, Zuberoakoa, behar ukan zuten beste frantses eredu gela bat itxi.

Aurten bereziki Frantses estatuak deliberatu du ministeritza oroetan gastuak gutitu behar zituela eta beraz euskara irakasle lanpostu bat idekitzen badu, beste gai irakasle lanpostu bat kentzen du. Ondorioz euskara irakasten ez duten irakasleak euskararen irakaskuntzaren aurkakoak bilakatzen dira. Beraz gurasoen galdera gero eta gehiago emendatzen da bainan Hezkuntza ministeritzak erantzuten du bi urteko haurrak ez direla hartu behar ama-eskolan, edo irakasle ongi prestaturik ez duela euskara irakasteko, edo ez dela lanpostu berririk...

Maite Oxandabaratz irakasleak galdatzen du eskola elebidunean sartzen ahal ez diren ikasle berriei buruz: «Eskolan abiatzean ez baldin badira gela elebidunetan sartzen, nora joanen dira? Frantses geletan hasi, eta ondoko urtean sustatuko ote dute elebidun sarea? Gurasoak ez al dira lotsatuko?» (Bachoc etab., 2003: 52-53). Ikusten duzuen bezala oztoporik ez dela faltatzen eta beraz euskararen erakaskuntza ez da garatzen behar daiteken bezala.

  • Erakasleen prestakuntza eta pedagogia laguntza

Orain arte euskararen irakasleen formakuntza Pauen dago, Biarnon, eta ez da aski irakaslegairik. Erramun Bachocek hori aitzinatzen du: «Aterabide logikoa litzateke Hegoaldeko irakasleak kontratazea, alde bateko soberakinarekin beste aldeko eskas osatzeko, erizainekin egin den bezala. Ez ministeritza, ez eta irakasle sindikatuak ez daude prest aterabide hori onartzeko» (Bachoc etab., 2003: 56). Alsazian hola egiten da: Alemaniako alemaneraren irakasle zenbait etortzen dira hizkuntza irakastera irakasle alsaziarren faltarengatik.

Bainan Zuberoan beste zailtasun bat bada, pedagogia laguntza ahula dena, hori Zuberoaren urruntasanarengatik. Euskararen irakaskuntza ikuskaria Lapurdin, Donibane Lohitzunen, zen aurten, kostaldean beraz, eta pedagogia aholkulariak bekan etortzen dira Zuberoara. Irakasleak bakarrak senditzen dira edo ziren, zeren eta emeki emeki euskararen irakaskuntzaren garapenarekin gero gehiago aholku eta materiala trukatzen dituzte, gero eta gehiago laguntzen dira. Bainan oraino beren lanarengatik, orduko lehentasunengatik guti elkar ikusten dutela azpimarratu behar da. Prestakuntza ikastaldiak bekan dira eta hizkuntza irakasteko metodologia eurek asmatzen dute lan egitean.

  • Eskolarako pedagogia tresna urriak

Eskolako egitarauak nazionalak dira Frantzian, D modeloan ere, eta azpimarratu behar da Hegoldekoak ez direla egokituak Iparraldean. Beraz erakasleek ez dituzte baliatzen ahal Hegoaldeko pedagogia tresnetarik gehienak. Orduan beren material diadaktikoa eurek asmatzen zuten; frantses liburuak, albumak, ikasle fitxategiak itzultzen zituzten. Bainan bigarren atalean erran dugun bezala emeki emeki lehen liburu berriak sortzen dira, bereziki Ikas Pedagogia Zentroari esker.

Zubereraren irakaskuntzak oztopo bat gehiago badu. Iparraldean eginak diren pedagogia tresna gehienak ipar batuaz idatziak dira, erran nahi du Iparraldeko lexikoarekilako euskara batu batez, eta itzulpen zuberotarrak urriak direlarik. Ikasek argitaratu eta zubereratu dituen pedagogia tresnak matematikazkoak dira: Matematikak lantzen 1., 2. eta 3. (CP, CE1 eta CE2) urteetako fitxategiak, frantsesetik itzulia (Retz argitaletxea). Gero Irakurgaiak 3. zikloa liburuan testu zuberotar batzu badira, janariari buruzko Hiztegiaren ikasteko afitxak zubereratuak dira ere: barazkiak, fruituak, haragia, arrainkia, edariak, gozoak eta mahaiko gaiak. Eta ez da beste tresnarik.

Zorionez informatikari esker zubererazko pedagogia dokumentu gehiago aurki genezake, hori Ikasen webgunean: www.ikas.org. Bukatzeko aipa dezagun ere zubererazko CD-Rom bat erakasleentzat: Munduaren ezagutza saileko fitxak (Denbora eta espazioa, Astronomia, Ingurumena).

  • Lehen mailatik kolegiorako jarraipen ahula

Hori da beste zailtasuna. Lehen mailatik kolegiora joaiten direlarik, haurrek euskararen ikastea uzten dute. Bigarren mailarako jarraipena ahula da. Iduri du kolegioko ikasketak garrantzisuagoak bilakatzen direla gurasoentzat lehen mailakoak baino, eta beraz euskararen ikastea traba bat litzatekeela edo bederen soberakin bat.

  • Euskararen gaitasuna eta mintzatzeko aukerak

Maite Oxandabaratz erraiten du «Urtero, ebaluaketa batzuk egin arazten ditugu, euskararen maila neurtzeko 8-9 urteko haurrrei. Ohartu gara, adin horretan ulermen ona dutela, bainan ahozko ekoizpen guti dutela; eta bistan dena, are gutiago beraz idatzizko ekoizpenetan… Gure ikasleek ez dute euskararen erabiltzeko edo entzuteko paradarik eskolatik kanpo. Behar diegu, beraz, euskara gehiago eskaini» (in Bachoc etab., 2003: 53).

Hortan ere beste desafio bat badago. Eta beraz Zuberoan ere, deus ere ez baitzen eskolatik kanpo eta bai eskolaren barnean, euskara erabiltzeko aukerak eskaintzen enseatzen dira gero eta gehiago: ipuina Mauleko liburutegian, bertsularitza, antzerkigintza, kantua.

Maulen adibidez haur euskaldunik ez da bat ere, eta beraz irakasleek zuberera erakasten baizik ez dute, batua baztertuz. Baserrian toki euskaldunetan edo haur euskaldunekin batua sararrazten dute lehen mailan ere, haurrek beren euskara eta batua konpara ditzaten, Euskal Herri osoan algar ulertzeko egokia den tresna menpera dezaten pixka bat. Euskaldun ez diren tokietan lehentasuna da haurrek zuberera konpreni dezaketela, mintza baino, euskara maita dezaketela. Elebidun orekatuak bilaka daitezen ez da helburua, helburu hau hunkigarria ez delakotz.

Ondorioa: zubereraren geroaz

Barneko bilakaera, hizkuntzarena

Deus egin gabe ere, zuberera berdintzen da eta batuari hurbiltzen ari da. Oraiko garraiobideen eraginek, euskaldunen arteko harremanen eraginek alde batetik eta hedabide modernoen eraginek kanpoko euskara sarrarazten da Zuberoan, eta ber denboran ere zuberera berdintzen ari da. Koldo Zuazok nabaritzen du: «Gaur egungo hedabideei esker, geure etxetik irten gabe entzun dezakegu edozein alderditako euskaldunen solasa. Ezbairik gabe, euskara batzea eta berdintzea ekarri du aldakuntza giroak» (2003: 13).

Ondorioz, nahi ala ez, oraiko hiztun zuberotarra gero eta gehiago elehirudun bilakatuko da. Triglossia berezi bat sortzen da, zuberera, frantsesa eta batua edo ipar batuarekin. Zuberera, biarnesera eta frantsesa ziren lehenago triglossia egiten zuten hizkuntzak. Ez baldin bada ongi mintzatuko batuaz, oraiko zuberotarrak ulertuko du eta bai ere beste euskalki hedatuenak, batez ere nafar-lapurtarra.

Batua zubereraren lexikoan sartzen baldin bada ere, ez dut uste euskara batuak zubereraren fonologia, morfologia eta sintaxia behar dituela manatu ; baina ez dakigu zer gertatuko den.

Kanpoko bilakaera : zubereraren ezagutza eta erabilera

Zuberoako euskaldunen kopurua eten gabe behera doa. Hori ez da euskara batuaren falta, Jean-Louis Davantek erraiten zuen bezala. Frantsesaren eraginaren falta da eta beste ikuspegi batez zuberotarren falta bai ere. Azken puntu horri buruz aipatu nahi nuke Jesus Mari Makatzagak erran duena 2000/03/08aren Egunkarian: «Adineko jendea da, alfabetatugabea izanik ere, euskaldunberriei eta gazteei euskara irakatsi behar diena eta ez alderantziz, sarritan gertazen den bezala». Zuberoan zuberera da belaunaldien arteko zubia egiten eta eginen duena, eta ez batua.

Amaieran esan dezakegu zubereraren geroa ez dela bat ere segurtatua. Lehen familia transmisioak mendez mende euskararen jarraipena segurtatzen zuen. Orain euskararen irakaskuntzak ez du familia transmisioak bezala euskara biziaraziko. Hala ere irakaskuntzaren garapena baldintza baitezpadakoa da zuberera zaintzeko eta irakaskuntzaren garapenak itxaropen dirdira ekarten digute, jakinez gaitasuna erabilera ez dela. Horretan ere Zuberoako hiztunek, euskaltzaleek lan asko badute. Zubereraren berreskuratze prozesuan bidea luzea izanen da.


(JEAN-BAPTISTE COYOS ETCHEBARNE Iker Euskarari eta Euskal Testuei buruzko Ikerketa Guneko kidea da (CNRSeko UMR 5478)

Bibliografia

  • AIRE Xole, ERREKARTE Margaita, LACO Martta, PETUYA Alazne, ETXEBARRIA Guillermo, 2001, Euskalkien trataera Iparraldeko ikastoletan, Euskalkia eta hezkuntza, Mendebalde Kultur Alkartea, Bilbao, 29-43.
  • BACHOC Erramun, OXANDABARATZ Maite, ESTEBAN Mixel, IBARBOURE Pantxika, MAITIA Pantxika, 2003, Euskal irakaskuntza Ipar Euskal Herrian, Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskurapena, Bat Soziolinguistika aldizkaria, 49, Andoain, Euskal Soziolinguistika Institutua, 49-59.
  • CASENAVE-HARIGILE Junes, 2000, Xiberoan Euskaraz – Méthode de Basque souletin, Maule, Sü Azia.
  • CASENAVE-HARIGILE Junes,1989, Hiztegia Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik abiatzez, Ozaze (Züberoa), Hitzak.
  • CASENAVE-HARIGILE Junes,1993, Hiztegia II Eüskara-Français, Xiberotar eüskalkitik abiatzez, Ozaze (Xiberoa), Hitzak.
  • COYOS Jean-Baptiste, 1997, Pour une évaluation des critères internes de fragilisation d'une langue: le cas du basque souletin, F.L.V., 75, Iruñea / Pamplona, Institución Principe de Viana, 233-240.
  • COYOS Jean-Baptiste, 1999, Le parler basque souletin des Arbailles – Une approche de l’ergativité, Paris, L’Harmattan argitaletxea.
  • COYOS Jean-Baptiste, 2001, Souletin et batua: pour un duo plutôt qu’un duel, Madeleine de Jauréguiberry Omenaldia – Hommage, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 77-84.
  • COYOS Jean-Baptiste, 2002, Zubereraren idazkeraz : fonetika, fonologia eta ortografia, Lapurdum, VII, Baiona, IKER Euskarari eta Euskal Testuei buruzko Ikerketa Taldea – UMR 5478, 201-219.
  • DAVANT Jean-Louis, 1993, Zuberera, zinez eri, Argia, 1441.alea, 1993/06/27, 41.
  • DAVANT Jean-Louis, 1996, Euskalkien eta euskara batuaren arteko harremana nolakoa den Iparraldean, Euskera, Bilbo, 41-42, 531-539.
  • DAVANT Jean-Louis, 1999, Züberera eta batua, Herria, 1999/12/16, Baiona.
  • DAVANT Jean-Louis, 2000, Euskarak zirt edo zart egin behar du, Argia On Line, 1768.alea, 2000/07/02.
  • EUSKALTZAINDIA, 1979, Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak Euskaltzaindiaren agiriak, Euskera, XXIV (2. aldia) - 1, Bilbo, 101-106.
  • EUSKALTZAINDIA,1999, Zuberoa, Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa : Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia, Bilbo, 166-186 + IV. CD-a.
  • EUSKALTZAINDIA,2004/03/26, Adierazpena - Euskalkien erabileraz Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazioan, euskaltzaindia.net.
  • EUSKO JAURLARITZA, 2003, Euskararen Jarraipena III, Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkesta 2001, Iparraldea, euskadi.net
  • HEGUY Txomin,1991, Etat de la langue basque dans les 3 provinces (Labourd, Basse-Navarre et Soule, Enquête socio-linguistique 1991, lekurik gabe, polikopiatua, 16 orr.
  • MAKATZAGA Jesus Mari, 2000, Euskalkien etorkizuna, Egunkaria, 2000/03/08.
  • PEILLEN KARRIKABURU Txomin, 1992, Zubereraren bilakaeraz ohar batzuk, Nazioarteko dialektologia biltzarra, Iker, 7, Bilbo, Euskaltzaindia, 247-272.
  • PEILLEN KARRIKABURU Txomin, 2001, Agur Zuberoa, Urretxu-Zumarraga, Itxaropena, Zarautz.
  • SÜ AZIA - Association de promotion de la langue basque en Soule, 1989, Enquête socio-linguistique sur l'état de la langue basque dans les provinces de Soule (juin 1987) Basse-Navarre (avril-juin 1988) Labourd Intérieur (avril-juin 1988), [sans lieu], polikopiatua.
  • ZUAZO Koldo, 1989, Zubereraren sailkapenerako, A.S.J.U., XXIII, 2, Donostia / San Sebastián, 609-650.
  • ZUAZO Koldo, 1998, Euskalkiak, gaur, F.L.V., 78, Iruñea / Pamplona, Gobierno de Navarra, 191-233.
  • ZUAZO Koldo, 2003, Euskara zuberotarra, Euskalkiak Herriaren lekukoak, Donostia, Elkar, 29-41.

Webguneak

ETXEGORRI Philippe, Ekialdeko webgunea : Zuberoa Ekialdeko webgunea: Zuberoa Zuberoa eta zubererari buruzko webgune pertsonal aberatsa, web loturak eta fitxategia.

IKAS EUSKAL PEDAGOGIA ZERBITZUA, ikas.org Zubererazko ikastresna batzu.

PAYS DE SOULE, - paysdesoule.com Pays de Soule Xiberoa Webgune orokorra frantsesez.

Oin-oharrak

(1)Esker beroenak emaiten dizkiet lagundu nauten irakasle oroei, Maite Aguer, Mixel Etxekopar, Odette Mohorade, Jakes Sarraillet, Jean-Claude Séhabiague, eta Argia kolegioko zuzendariari.

(2)Euskaltzaindiak 1999ko irailean herri eta herritarren izen idatziak finkatu ditu : Zuberoako herri eta herritarren izendegia, Euskera, Bilbo.

(3)Des occlusives aspirées en basque, La Linguistique, 1994, 30, 2, Paris, Presses Universitaires de France, 131-138.

(4)Lafonek zion : « En basque, à la sonore s’oppose, suivant les parlers et les mots une sourde aspirée ou une sourde non aspirée : jamais les deux… les occlusives sourdes aspirées et les sourdes non aspirées ne constituent pas des phonèmes, mais des variantes phonétiques » (Remarques sur l’aspiration en basque, Mélanges offerts à M. le Professeur Henri Gavel, 1948, Toulouse, Edourd Privat et Cie : 60). Mitxelenak erran lezake : « Tenemos pues el hecho teóricamente interesante de un rasgo que reúne todas las condiciones necesarias para diferenciar significados, sólo que al parecer distingue ninguno » (Fonética Histórica Vasca, 1961 – 1985, 3a. edicion, San Sebastián, Diputación Foral de Guipúzcoa, Publicaciones del Seminario "Julio de Urquijo" : 208, 2. oharra).

(5)Adibide hori Irantzu Epelderen tesian hartua da (Larresoroko euskara, 2003ko tesia: 33).

(6)Zuberoako emaitzak : Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Berripapera 145 zenb., 2004ko ekaina, 3 orr.

(7) 2004/06/29ko gutuna.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus