Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Eskolak euskaldundu behar du

Eskolak euskaldundu behar du

2004-10-26 / 07:07 / Igor Arroyo Leatxe - EHBE   IRAKASKUNTZA

Irakaskuntzan orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikak erabat agorturik daude, ez baitira euskal belaunaldi berriei euskararen ezagutza bermatzeko baliagarriak. Eta, beraz, euskararen ezagutza bermatuko duen hizkuntza politika berria nahitaezkoa da. Azken bost urteotan euskal hezkuntza komunitateak nahiz euskalgintzak hainbatetan adierazitako ideia da hori.

GUNEAk (1) Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna finkatzea eta derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan euskararen ezagutza bermatzea aldarrikatu zuen, 2000. urtean zehar euskararen gainean egindako hausnarketen ondorioetan.

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk 2001. urtean eginiko Plan Estrategikoan, Hezkuntza ez-unibertsitarioari begira egindako txostenean, besteak beste, honako ildo estrategiko hauek finkatu ziren:

  • Iparraldean euskarak hezkuntza sisteman erabateko babes juridiko legala izan dezala lortu.
  • Nafarroako eskualde orotan euskarazko hezkuntzak babes juridiko legala izan dezala lortu.
  • Ikasle bakoitzaren hizkuntza abiapuntuari egokitutako murgiltze ereduak definitu, DBH amaitzean ikaslearen gaitasuna bermatua izan dadin.
  • Dagoeneko euskara ofiziala den euskal lurraldeetan euskarazko eskaintza erabatekoa ziurtatu, ikasmaila eta jakintzagai guztietan.

2002 eta 2003 urteetan zehar "ESKOLAK EUSKALDUNDU BEHAR DU" lelopean eginiko bi kanpainetan, ehunka lagun eta eragilek honako puntu hauekiko beren atxikimendua adierazi zuten:

  • Egun Euskal Herrian hezkuntza sistema ezberdinen ondorioz, eskolak ez du haur eta gazte guztien euskararen ezagutza bermatzen. Egoera bat edo bestea izan, hau errealitate objektiboa da.
  • Egoera honela mantentzeak, euskararen biziraupena kolokan jartzen du, honen etorkizuna ez baitago ziurtaturik.
  • Euskara Euskal Herriko hizkuntza da eta berau jakitea euskal herritar orok dugun eskubidea da.
  • Horren harira, eskolak, belaunaldi berri guztien euskararen jabetza bermatzeko ezinbesteko funtzioa betetzen du. Hau da, derrigorrezko hezkuntza bukatzean haur eta gazte guztiek euskara jakin behar dute.
  • Horretarako, jada neurriak hartzea ezinbestekoa da eta, egoera ezberdinak aztertuz, egun euskalduntzen ez duten irakaskuntza ereduak gaindituz eta euskaldunduko duen hezkuntza sistemaren alde eginez.

Bestalde, Hizkuntza Eskubideen BEHATOKIAk 2004.urtean Eurokarta betetzeko egin zituen gomendioen artean, honako hau dago:

Gaur egun indarrean dagoen hizkuntz ereduetako politika berrikus dadila eta, horren ordez, EAEn indarrean dauden legeek aitortzen dituzten eskubide eta betebeharrak benetan ziurtatuko dituen irakaskuntza-eredua ezar dadila.

Hala ere, zoritxarrez, agortutako hizkuntza politikek indarrean jarraitzen dute. Premiazkoa da, beraz, sakoneko aldaketaren aldeko presio soziala areagotzea Euskal Herri osoan. Txosten honen bidez, sakoneko aldaketa horren beharra argudiatu eta aldaketaren norabideak zein izan behar lukeen mahai gaineratu nahi dugu. Txostena bost ataletan banatzen da:

  1. Egungo egoera ulertzeko kontutan hartu beharreko ibilbide historikoa.
  2. Hezkuntza esparruan indarrean dauden hizkuntza politiken azterketa.
  3. Hizkuntza politika horiek eragiten dituzten ondorioak.
  4. Eskolarako hizkuntza politika berria.
  5. Eskolarako hizkuntza politika berria bideratzeko neurriak

Erdal irakaskuntza eta euskal irakaskuntza

Erdal irakaskuntzaren ezarpena

Estatu modernoak sortzearekin batera, hezkuntza sistema zentralistak eratu ziren. Estatu berri horiek hautatutako hizkuntza nagusia izan zen, aurrerantzean, irakaskuntzarako hizkuntza bakarra eta derrigorrezkoa. Hartara, hezkuntza sistemak estatuaren mugen barnean harrapaturiko nazioak asmilatzeko tresna ziren. Nazio hauei hezkuntza sistema propioa izateko eskubidea eta, beraz, belaunaldi berriei beren hizkuntza eta kulturan hezitzeko aukera ukatu zitzaien.

Lezioa ongi ikasteko aukera izan genuen euskaldunok, batez ere XIX. mendetik aurrera, Madrilek gaztelerazko hezkuntza sistema inposatu baitzigun sistematikoki lau herrialdetan; frantseserazkoa, berriz, Parisek beste hiruretan (2). Gaztelera eta frantsesa ziren irakaskuntzarako hizkuntza bakarrak eta derrigorrezkoak. Eta eraztuna bezalako zigorren bidez (3) belaunaldi berriak erdalduntzeko estrategia ankerra jarri zuten praktikan.


Euskal eskolak

Hezkuntza sistema zentralista hauen aurrean, euskara eta euskal kultura aintzat hartzen zituzten hezkuntza egitasmoak martxan jartzeko saiakerak egon ziren. Adibide moduan, hor ditugu 20. hamarkadan sortutako Bizkaiko auzo eskolak edota 30.ean sortutako Euzko Ikastola Batza. Gerra zibilak eta frankismoak saiakera horiekin amaitu egin zuten errotik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiari dagokionean.

Hogeita hamar urte beranduago, ikastolak sortzen eta hedatzen hasi ziren Euskal Herri osoan zehar herritarren ekimenez.

64/65 ikasturtean, 596 ikasle ari ziren ikastoletan.

81/82 ikasturtean, 69.935 ikasle, Euskal Herri osoan zehar.

Ikastoletan euskaraz eta euskal kulturan hezitzen ziren haurrak. Baina, gainera, eskola frankista zurrun eta autoritarioarekin alderatuta, pedagogia eredu aurrerakoi eta dinamikoarengatik nabarmentzen ziren.


Hezkuntza administrazio autonomikoen sorrera

Espainiar estatuak 70. hamarkadan burututako bermoldaketa orokorrak, trantsizio izenez ezagutua, hainbat berrikuntza eragin zituen hezkuntza arloan: batetik, estatuak eskola frankista erreformatzeari ekin zion, LODE legearen bidez; bestetik, Hego Euskal Herriari dagokionez, bi hezkuntza administrazio autonomiko eratu ziren (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, bata; Nafarroa Garaian, bestea). Alabaina, hezkuntza sistema propioa izateko aukera ukatu zitzaigun eta hezkuntzaren ardatz nagusiak finkatzeko ahalmena Madrilen esku geratu zen. Horrenbestez, garai horretan euskal eskola publikoaren alde zegoen eskari sozialari ateak itxi zitzaizkion.

Administrazio autonomiko berriek beren hizkuntza politika finkatzeari ekin zioten irakaskuntzari dagokionean. Esparru legal berrian, ikastolak legeztatu egin ziren eta sare publikoan euskarazko ikastetxeak sortzeko aukera ahalbidetu egin zen, Nafarroako zona no-vascófona delakoan izan ezik. Sare publikoan euskarazko lerroak eta ikastetxeak sortu ziren 80. hamarkadan, gehienbat milaka irakaslek eta gurasok eginiko lan eskergari esker.


Ondorioak

Laburki deskribatutako bilakaera historikoaren eraginez, egungo egoera ezaugarritzen duten bi egitate hauek ditugu:

  1. Euskaldunok ez dugu hezkuntza sistema propiorik. Euskal lurraldean garatzen den hezkuntzaren ardatz nagusienak Parisen eta Madrilen finkatzen dira. EAEko eta Nafarroako gobernuek ardatz horiek egokitu eta kudeatzeko eskumena baino ez daukate. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan ez dago horretarako aukerarik ere.
  2. Aipatutakoaren ondorioz, hiru hizkuntza politika ezberdin daude indarrean euskal lurraldeetan: Nafarroan bata; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bestea; Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan hirugarrena.

Hezkuntza arloan indarrean dauden hizkuntza politikak

Hezkuntza arloan indarrean dauden hizkuntza politikak aztertzerakoan, esparru asko hartu beharko genituzke kontuan:

  • Hezkuntza formala: haur hezkuntza edo ama eskola (0-6), derrigorrezko hezkuntza (6-16), derrigorrezko osteko bigarren hezkuntza, unibertsitatea.
  • Hezkuntza ez-formala: prestakuntza iraunkorra, ekintza osagarriak, euskalduntze/alfabetatzea...
  • Hezkuntza informala: aisialdia, eskolaz kanpoko ekintzak...

Txosten honetan derrigorrezko hezkuntzari buruz arituko gara. Izan ere, derrigorrezko hezkuntzak oinarrizko ezagutza batzuk bermatu behar dizkie herritar guztiei. Horretan datza, hain zuzen ere, derrigortasunaren esanahia. Eta euskararena da, ezbairik gabe, bermatu beharreko ezagutza horietako bat. Beraz, jarraian, gure herrian indarrean dauden hiru hizkuntza politikak aztertuko ditugu derrigorrezko hezkuntzari dagokionean.


Nafarroa Garaia

Nafarroako Foru Hobekuntzaren (1982) 9. artikuluak hizkuntzen alorra honela arautzen du:

  1. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala.
  2. Euskarak ere hizkuntza ofizialtasuna izango du Nafarroako lurralde euskaldunetan.

Nafarroako Parlamentuak hasiera batean egindako proiektuan, ordea, bestelako planteamendua aurrikusten zen: Gaztelania eta euskara izango dira Nafarroako hizkuntza ofizialak. Beraz, erredakzio definitiboa, non euskararen ofizialtasuna murriztu eta mugatu egiten den, Espainiako Gobernuarekin eginiko negoziaketaren ondorioa izan zen.

Vascuenceren Legea (1986) ildo beretik doa. Honako hau aipatzen da 2. artikuluan:

  1. Gaztelera eta euskara Nafarroako hizkuntza berezkoak dira eta, horren ondorioz, hiritar guztiek dute ezagutu eta erabiltzeko eskubidea.
  2. Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala. Baita euskara ere Nafarroako Foru Erregimena Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta Foru lege honetakoetan aurrikusitako moduan.

Bosgarren artikuluan Nafarroa hiru eskualdeetan zatituta azaltzen da, hizkuntzaren inguruko arau ezberdinak ezartzeko asmoz: eskualde euskalduna, eskualde mistoa eta eskualde ez euskalduna. Beraz, nafar herritarrei eskubide ezberdinak aitortzen zaizkie, bizi diren lekuaren arabera. Hori diskriminazio arbitrarioa baino ez da.

Bestalde, irakaskuntza arautzen duen Foru Dekretuak (1988), ikastetxe pribatu eta publikoetan hizkuntza ereduak ezartzen ditu:

A eredua: Irakaskuntza gazteleraz, euskara irakasgaia izanik.

B eredua: Irakaskuntza euskaraz eta gazteleraz.

D eredua: Irakaskuntza euskaraz, gaztelera irakasgaia izanik.

G eredua: Irakaskuntza gazteleraz soilik.

Beraz, ezarritako hizkuntza eredu gehien-gehienek ez dute bermatzen Autonomia Erkidegoan berezko hizkuntzaren ezagutza funtzionala, eta, G ereduaren kasuan, ezta kontaktu minimoena ere. Baina, gainera, Vascuenceren Legeak ezarritako zonifikazioaren ondorioz, D ereduaren garapena oztopatzen da. Ikus dezagun, beraz, zein den egoera Legeak ezartzen dituen hiru eskualdeetan.

  • Euskararen irakaskuntza eskualde euskaldunean

Eskualde honetan Nafarroako mendialdea sartzen da. Honela arautzen da euskarazko irakaskuntza 24. artikuluan:

  1. Ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-boterea edo tutoretza daukan pertsonak, edo hala badagokio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean.
  2. Hezkuntza maila ez unibertsitarioetan derrigorrezkoa izanen da euskara eta erdararen irakaskuntza, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa frogatu ahal izan dezaten.

24,1 artikuluan zonalde euskaldunari dagokion ereduen sistema oinarritzen da: A eredua (gazteleraz, euskara ikasgaia izanik), B eredua (gazteleraz eta euskaraz) eta D eredua (euskaraz, eta gaztelera irakasgaia izanik). A ereduaren kasuan behintzat, legea ez dela betetzen esan beharra dago. Izan ere, bertan ikasi duten ikasleek ez dute euskaraz gaitasun maila nahikoa lortzen (ez dute “oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa” lortzen).

  • Euskararen irakaskuntza eskualde mistoan

Iruńerria eta Piriniotako bailarak sartzen dira eskualde honetan. Honela dio legeak:

  1. Euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunaz eginen da, ikastetxeetan eskatzen dutenentzako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz.
  2. Hezkuntza maila ez unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten.

Artikulu honen 1. atala B eta D ereduen oinarria da; 2. atala, ordea, A ereduena. Beraz, B eta D ereduak eskatzen dutenentzako (4) eta A eredua nahi dutenentzako. Legeak eremu euskaldunean sortzen zuen kontraesana, eremu mistoan konponduta dago, ikasle guztiek oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikorik ez dutelako frogatu behar. Honek euskararen irakaskuntzari ez dio mesederik egiten, ikasle guztientzat euskararen irakaskuntza ez baitu behartzen, eta beraz, ez zaie nafar guztiei berezko hizkuntza ezagutzeko aukera bermatzen.

Gainera, G eredua baimentzen da (gazteleraz soilik, euskara irakasgai gisa ere ez duena). G ereduan euskararen irakaskuntza erabat ezabatuta dago, Nafarroako berezko eta jatorrizko hizkuntza izan arren. Ordea, atzerriko hizkuntza baten irakaskuntza derrigorrezkoa da.

  • Euskararen irakaskuntza eskualde ez euskaldunean

Eskualde honetan Nafarroako hiru merindade (Lizarrakoa, Olitekoa, Tuterakoa) eta beste baten erdia (Zangotzakoa) sartzen dira. Legearen arabera, euskararen irakaskuntza bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo partzialki finantziatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraiki eta eskarien arabera.

A eredua baimentzen du esaldi horrek. Euskarazko irakaskuntza ez da aurrikusten eremu ez euskaldunerako. Horrela interpretatua izan da artikulu hau Nafar Gobernutik, baina artikulu honek euskarazko irakaskuntza bultzatzen ez badu ere, debekatu ere ez du egiten. Interpretazio zabal honen arabera, Nafarroako Gobernuak ez luke ezintasunik euskarazko ereduei ateak irekitzeko. Alabaina, eskualde honetako gurasoek sare publikoan D eredua irekitzeko eginiko eskaera guztiei ezezko borobila eman die (Irunberri, Mutiloa, Noain, Beriain, Galar, Aranguren bailara) eta ikastolei etengabeko oztopoak jarri dizkie.

  • Hizkuntza Ereduen Dekretu zirriborroa

Duela hiru urte hizkuntza ereduen inguruko dekretu zirriborro baten berria zabaldu zen. Funtsean, euskarazko irakaskuntza ahultzeko helburu argia zuen eta ingeleraren irakaskuntza erabiltzen zen euskararen prestigio soziala ahultzeko bide gisa. Besteak beste, bi eredu berri aurreikusten zituen zirriborroak:

I eredua: Egun den G eredua ingelesa behikularrarekin. Biek eduki behar dute curriculumaren gutxieneko %30.

J eredua: Egun den A eredua gehi ingelesa behikularrarekin. Gaztelerak curriculumaren gutxieneko %40, ingelesak %30 eta euskara orain arte bezalako arloa izanik. Hezkuntza komunitateak egindako presioari esker, dekretu zirriborroa atzera bota behar izan du Gobernuak (momentuz).


Araba, Bizkaia Eta Gipuzkoa

EAE-ko Estatutuaren 6. artikuluak honela dio: Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Ideia bera errepikatzen da 82ko Euskararen Legean: Euskal Herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Eta irakaskuntzari dagokionez, honako hau dio 17. Atalak: Jaurlaritzak, ikaslegoari nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskera-giroa bermatuko du.

Zeintzuk dira Jaurlaritzak legeak aipatzen duena betetzeko azkeneko 20 urteetan hartu dituen neurriak?

  • Hizkuntza ereduen ezarpena

Hizkuntza ereduen ezarpena 83ko Elebitasun Dekretuaren bidez arautu zen. Eta hemen aurkitzen dugu lehenengo arazoa. Izan ere, 83ko Euskararen Legean derrigorrezko ikasketak amaitzerakoan ikasle guztiek “bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina” jakin behar duten bitartean, Elebitasun Dekretuan helburu horiek murriztu egiten dira A eta B ereduari dagokionean:

A ereduan helburuak honako hauek dira: “euskara ongi ulertu” eta “eguneroko egoera arruntetan oinarrizok azalpenak euskaraz eman ahal izateko gaitu”.

B ereduan, berriz: “euskaraz jarduteko trebetasun egoki bat eskuratzea” eta “ondorengo ikasketak euskaraz egiteko gaitzea”.

D ereduan, azkenik: “euskal gaitasuna sendotu, hizkuntza aberastuz eta elkarrizketarako nahiz irakaskuntzarako mintzaira bihurtuz” eta “ikasle euskaldunen multzoa indartu, erdal ingurugiroaren erasan-indarrari aurre eginaz”.

Baina kontua da Hezkuntza Sailak hogei urte hauetan garatu duen hezkuntza politikaren ondorioz, ereduok ez dituztela helburu murriztu horiek ere eskuratu. Hau da, 83-ko dekretuan bertan finkatutako helburuak ez dira bete, ez direlako horretarako bitartekoak jarri. Horregatik esaten dugu hizkuntza ereduek porrot egin dutela.

  • Hizkuntza ereduen porrota

Hizkuntza ereduek porrot egin dute, hogei urteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasle gehienek ez dutelako “nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina” ezagutzik eskuratu. Edo hobeto esanda, ikasle guztiek gazteleraren erabateko ezagutza eskuratu duten bitartean, ez delako hala gertatu euskarari dagokionean. Eta hau ez da guk baieztatzen dugun zerbait, azken hogeita bost urteotan egindako 40 ikerketek frogatzen duten egitate objektiboa baizik. Felix Etxebarria katedradunak ikerketa horien emaitzen laburpena egin du (5), eta besteak beste honela dio:

A ereduko ikaselak dira euskaran puntuaziorik baxuenak ateratzen dituztenak, hauetako gehienek lortzen duten maila hain eskasa baita, ezin baita ezarri komunikaziorik oinarrizkoena ere, edo euskarazko proba edo testa bete. (...) A ereduak ez du bermatzen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Oinarrizko Curriculum Diseinuak markatutako helburuak betetzea (...) Zerbait larria da A ereduan gertatzen dena.

Esan dezakegu B ereduko emaitzak, euskara eredu horretan irakasteko planteatzen den intentsitate-mailaren pentzutan daudela. Zenbat eta gehiago hurbiltzen den D eredura, emaitzak orduan eta hobeak dira.

Euskararekin gertatzen denaren alderantziz, badirudi gaztelaniaren kasuan ez dagoela bariazio handirik, gaztelaniako eredua bat bakarra delako, komunikabideen eragina antzekoa delako, eta gaztelaniaren presentzia modu uniformean zabaldua dagoelako euskal geografia osoan zehar, gaztelaniaz hitz egiten ez dakien ia esateko pertsona bat bakarra ez egoteak frogatzen duen bezala.

Ikerketek argi eta garbi erakusten dute, beraz, A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen eta soilik D ereduan eskuratzen dela euskara maila egokia, eskuratzen denean. Gaztelerazko ezagutza, ordea, guztiek eskuratzen dute arazorik gabe. Beraz, Estatutuaren 6. artikuluan eta Euskararen Legean finkatzen dena ez da betetzen: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei ez zaie bermatzen euskara hitzez nahiz idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak berak, 1998an hizkuntza ereduen inguruan agertutako iritzia aipagarria da: (...) A ereduan ikasten duten haurrek, bestalde, oso maila apala dute ulermen-mailan, apalagoa idazteko eta hitz egiteko. Ez dute legeak finkatzen duen “nahikotasun”-mailarik lortzen. B eredu “bigunean” ere hutsune nabarmenak agertzen dira: nahasketak fonologian, lexikoan eta joskeran, hiztegi mugatua, esaldiak osatzeko zailtasuna eta abar (6).

  • Hizkuntza ereduen "erreforma"

    Hain da nabaria hizkuntza ereduen porrota, ezen Hezkuntza Sailak berak hainbat aldaketa aurkeztu baititu. Aldaketak oso berandu datoz, ordea. Aurreko atalean erakutsi bezala, duela 16 urte nabaria zen B ereduak eta bereziki A ereduak ez zutela euskalduntzen. Eta gainera, planteatutako aldaketak ez daude arazoaren muina eraldatzera bideratuta, eta, ondorioz, ezin dute arazoa konpondu.

    Planteatutako neurrietatik, honako bi hauek nabarmendu nahi ditugu:

    • A ereduan euskarazko irakasgai bat sartzea.
    • Ikasle guztiek eskuratu beharreko ziurtagiria ezartzea.

    Aldaketa hauek ez dute belaunaldi berrien euskalduntzea bermatuko, ezta gutxiagorik ere:

    • A ereduan euskarazko irakasgai bat sartzeak ez du egoera hobetzen. Areago, A ereduan ikasten ari diren eta ikasiko duten ikasleentzako iruzur berri bat baino ez da. Neurria martxan jarri aurretik ere Hezkuntza Sailak jakin badaki A eredu bermoldatu horrek ez dituela, inolaz ere, ikasleak euskaldunduko.
    • Eskola bidez euskara ezagutzeko eskubidea ez da aintzat hartzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasle guztiek ingelerazko First izeneko ziurtagiriaren antzeko bat lortzea omen da helburua, baina euskarari dagokionean. Neurri honekin, belaunaldi berriak euskalduntzeko helburuari uko egiten dio Hezkuntza Sailak. Eta euskararen ezagutza ingeleraren irakaskuntza neurtzeko parametroetan jartzen du. Helburua ez da jadanik ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutzea.

Honenbestez, Hezkuntza Sailetik planteatutako aldaketak partxe hutsak direla baieztatzea baino ez zaigu geratzen.


Lapurdi, Nafarroa Behera Eta Zuberoa

Jakina denez, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa Pirinio Atlantikoetako Departamenduan sartuta daude, eta ez daukate inolako hezkuntza eskumenik. Herrialde hauetan indarrean dagoen hizkuntza politika Frantziar estatuak zuzenean bultzaturikoa da.

Honela dio Frantses Konstituzioaren 1. artikuluak: Errepublikaren hizkuntza frantsesa da Ondorioz, estatuan diren beste hizkuntza guztiek ez dute ezagutza ofizialik. Frantsesa da hizkuntza derrigorrezkoa. Gainera, Frantses Estatuak hezkuntza nazionala zorrozki kontrolatzen du eta derrigorrezko eskolaldiko programak bakarrak dira. Ez dago modurik, beraz, euskarazko ikastetxeak sare publikoan sortzeko.

Horren aurrean, 68/69 ikasturtetik aurrera guraso taldeak ikastolak sortzen hasi ziren, eta ikastola horiek Seaska izeneko fererazioan (eta Euskal Herriko Ikastolen konfederazioan) batu ziren.

Bestalde, sare publikoan euskararen irakaskuntza ikasgai gisa baino ez zen baimentzen. 1982an, Seaskaren ekimenezko guraso-mobilizazioen ondoren, debate ofizial bat ireki zen eta hurrengo urtean lehenengo eskola “elebidun” publikoa ireki zen Saran. Apurka-apurka gela elebidunak ireki ziren hainbat herritan eta 86an irakaskuntza elebiduneko ikasleen gurasoen elkartea sortu zen (Ikas-Bi). Klaseen erdia frantsesez eta beste erdia euskaraz ematen da ikastetxe hauetan, baina soilik Lehen Hezkuntzara mugatzen da eta, gainera, ikasle kopuru urria jasotzen du. Horrenbestez, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan gertatzen den bezala, eredu honek ez du ikasleen euskalduntze integrala lortzen.

Indarrean dauden hizkuntza politiken ondorioak

Gure herrian indarrean dauden hizkuntza politiken ondorioa esaldi batean laburbil daiteke: egungo eskolak ez du euskalduntzen. Lege, dekretu eta neurrien marapila horren gainetik, horixe da errealitate argi bezain kezkagarria. Jarraian errealitate horren aurpegi nagusiak aipatuko ditugu.

Eskolak ez du euskalduntzen: hiru ikasletik bi ez da euskaldunduko.

Euskal Herri osoko argazki orokorra egiten badugu, honako datu hauek aterako zaizkigu (7):

89.666 euskal ikaslek klase guztiak gazteleraz edo frantsesez jasotzen ditu, euskarazko irakasgairik gabe (ikasleen % 20,7)

106.269 euskal ikaslek klase guztiak gazteleraz edo frantsesez jasotzeaz gain, Euskara irakasgaia ematen dute, lau ordu astean (ikasleen %24,6)

72.419 euskal ikaslek kainbat klase erdaraz eta beste hainbat euskaraz jasotzen ditu, (ikasleen %16,7)

164.375 euskal ikaslek klase guztiak euskaraz jasotzen ditu, eta Gaztelera edo Frantsesa irakasgaia ematen du astean lau orduz (ikasleen %38)

Beraz, kontutan hartuz D ereduak soilik bermatu dezakeela ikasleen euskalduntzea, euskalduntzeko aukera duten ikasleak %38 baino ez direla ondorioztatzen dugu. Baina, gainera, ikasle hauetako askok beren ikasketak eta bizitza euskaraz garatzeko zailtasunak izango dituzte, alde batetik hainbat eskualdetan D ereduan ikasitako gazteek euskaraz normaltasun osoz aritzeko zailtasunak dituztelako, eta beste alde batetik lanbide heziketan eta unibertsitatean euskarazko eskaintza oso murritza delako.


Eskolak ez du euskalduntzen: euskaldundu gabeko belaunaldiak aterako dira urtero.

Egoera bere horretan mantentzen den bitartean, euskaldundu gabeko belaunaldiak aterako dira urtero-urtero eskoletatik.

  • Hurrengo hamazortzi urteetan euskaldundu gabeko 268.354 euskal ikaslek amaituko dituzte beren ikasketak.
  • Hau da, bataz beste 14.908 ikasle urtero.

Denboraren parametroa garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Izan ere, badago joera itxaropen guztiak D ereduak haur hezkuntzan bizi duen igoerarengan jartzeko. Bitartean, ordea, 268.354 ikasle ez direla euskaldunduko normaltasun osoz hartzen dute agintariek.

Gainera, kontutan hartu behar dugu D ereduaren igoera moteltzen ari dela:

  • 1991/92-1996/97 bost urteko epean %52,2 egin zuen gora.
  • 1997/98-2002/03 bost urteko epean, berriz, %24,0 egin zuen gora.

Hau da, azkeneko bost urteetan D ereduaren hazkunde tasa erdira jeitsi egin da.


Eskolak ez du euskalduntzen. eta euskaraz ikasteko aukera bera ukatu egiten da hainbat eskualdetan

Euskal Herriko hainbat eskualdetan euskaraz ikasteko aukera bera ukatu egiten da. Hau da, kontua ez da soilik eskualde horietako hainbat eta hainbat ikasle ez direla euskalduntzen, baizik eta horretaz gain euskaraz ikasteko oztopoak jartzen dituela administrazioak (Nafarroa Garaiko hegoaldean, Behe Nafarroan, Lapurdin, Zuberoan). Alde batetik, ez dute baimentzen euskarazko irakaskuntza sare publikoan. Beste alde batetik, ikastolei hainbat eta hainbat oztopo jartzen dizkiete.

Horrekin batera, ez da ahaztu behar beste leku askotan, nahiz eta teorian D ereduko eskaintza egon, gero, praktikan, leku faltaren aitzakiaz, ikasle asko beste eredu batera pasatu behar direla edo beste herri batetara joan. (8)


Eskolak ez du euskalduntzen. ondorioz, hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira euskal herri osoan.

Hizkuntza eskubideak urratzen dira, hots, ezein pertsonak bere herriko hizkuntza jakiteko eta ezagutzeko duen eskubide kolektibo eta indibiduala ez da betetzen. Ondorioz, euskararen biziraupena bera kolokan jartzen da. Izan ere, gaztelera eta frantsesa euskal herritar guztientzat derrigorrezko hizkuntzak dira eta jendarte esparru guztietan inposatzen zaizkigu. Euskara, berriz, eskolan ez ezik, jendartean ere bazterturik eta bigarren mailan dago eta, egungo globalizazio fenomenoaren aurrean, neurriak hartzen ez baditugu bere etorkizuna ez da ziurtatzen. Eskolak ezinbesteko papera jokatzen du horretan.

Eskolarako hizkuntza politika berria

Txosten honetan aipatutakoak kontuan hartuta, egiturazko aldaketaren beharra nabaria da. Eta, gure ustez, aldaketa hori honako hiru premisa hauetan oinarritu beharko litzateke:

  1. Euskara eskubidea da.
  2. Eskolaren helburua euskalduntzea da.
  3. Horretarako tresna: eskola euskalduna.

Jarraian premisa hauek laburki garatuko ditugu.


Abiapuntua: euskara, eskubidea.

Egiturazko aldaketa horrek honako ideia honetatik abiatu behar du: euskara eskubidea da. Izan ere, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela kontuan hartuz, oinarrizko eskubidea da euskara ezagutzea eta erabiltzea, eta eskolak eskubide horren bermerako tresna izan behar du. Hizkuntza eskubideak Adierazpen Unibertsaletan bilduak daude.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean:

"Gizaki orok dauzka eskubide eta askatasun guztiak", "arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikazko zein bestelako iritzi, jatorri nazional edo sozial, egoera ekonomiko, jaiotza edo bestelako edozein kondiziorengatik" inolako bereizketarik onartu gabe.

Hona hemen UNESCOk bultzatutako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko (Bartzelona, 1996) 13. artikuluan azaltzen den ideia:

"Pertsona orok dauka bizi den lurraldeko hizkuntza propioa ezagutzeko eskubidea"


Helburua: euskalduntzea

Euskara eskubidea dela aintzat hartuz, eskolak honako bi helburu hauek bete behar ditu:

  1. Beste edozein herritan bezala, eskolak belaunaldi berriak euskaraz hezi behar ditu; hots, euskararen ezagutza funtzionala, goi-mailako hizkuntza funtzioen jabekuntza eta kultur garapen normalizatua bermatu behar die ikasle guztiei.
  2. Mendetako zanpaketaren bidez euskara gutxitua eta baztertua izan da, eta, ondorioz, egoera ez-normalean dago: soilik lau biztanletik bat da euskalduna. Era honetan, haur askoren eta askoren ama-hizkuntza gaztelera edo frantsesa da. Eskolak, bere funtzio hezitzailea eta konpentsatzailea aintzat hartuz, haur horiek euskaldundu behar ditu. Hau da, beren bizitzaren alor guztietan euskaraz aritzeko gaitu egin behar ditu.


Tresna: eskola euskalduna

Eskola euskalduna aurretik aipatutako bi helburu horien lorpena bermatzen duen eskola da. Hau da, alde batetik, ikasle guztiei (bai jatorriz euskaldunak direnei baita jatorriz erdaldunak direnei) goi-mailako hizkuntza funtzioen jabekuntza eta kultur garapen normalizatua bermatuko dien eskola. Eta beste alde batetik, jatorriz erdaldunak diren ikasleak euskaldunduko dituena, hau da, beren bizitzaren alor guztietan euskaraz aritzeko gaituko dituena.

Hizkuntza politiken azterketa egiterakoan azaldu bezala, D ereduko ikastetxeak helburu horietatik hurbilago daude, eta A nahiz B eredukoak urrutiago. Baina D ereduko ikastetxeetan ere gabeziak eta hutsuneak somatu dituzte hainbat eta hainbat adituk:

  • Batetik, goi-mailako hizkuntza funtzioen jabekuntza eta kultur garapen normalizatua bideratzeko orduan. Arazo honek jatorriz euskaldunak diren haurrengan eragiten du modu nabarmenagoan, eskola ez baita beren hizkuntza eta kultur gaitasun guztiak garatzeko gauza.
  • Bestetik, jatorriz erdaldunak diren ikasleak euskalduntzeko orduan. Euskararen presentzia apalagoa den eskualdetan, D ereduan ikasitako ikasleen euskalduntzea ez da integrala eta erabatekoa.

Beraz, eskola euskalduna aipatzerakoan ez gara D ereduaz ari, baizik eta aipatutako bi helburuak beteko dituen hezkuntza planteamendu berriaz. Esan bezala, D eredua hurbilago dago planteamendu horretatik A edo B ereduak baino. Baina, administrazioek ezarritako parametroen arabera, D eredua izateak ez du esan nahi helburuak betetzen direnik.

Jarraian eskola euskaldunaren ezaugarri nagusienak zehaztuko ditugu.

  • Irakaskuntza-hizkuntza: euskara
    • Irakaskuntza-hizkuntza euskara izango da, atzerriko hizkuntzen ikaskuntzari dagokionean izan ezik.
    • Irakaskuntza-hizkuntza euskara dela esateak, ez du soilik esan nahi klaseak euskaraz emango direnik, baizik eta irakasgai guztietan euskararen irakaskuntzarekiko ardura ere izango dutela irakasleek.
  • Harreman-hizkuntza: euskara
    • Irakasle guztiek izan behar dute euskaldun (hots, elebidunak), baita atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaz arduratzen direnak ere.
    • Langile guztiek izan behar dute euskaldun (hots, elebidunak): atezainak, jantokiko begiraleak, tabernariak e.a.
    • Kolektibo guztien arteko harremanak euskaraz gara daitezen bitartekoak jarri behar dira: ikasleak/ikasleak, ikasleak/irakasleak, gurasoak/irakasleak e.a.
    • Hizkuntza paisaia: euskarazko oharrak, buletinak, txartelak e.a.
    • Eskolaz kanpoko ekintzak ere euskaraz.
  • Hizkuntza gaitasunaren araberako arreta berezia
    • Jatorriz erdaldunak direnei begira. Oso garrantzitsua da zentzu honetan 0 eta 3 urte bitarteko zikloaren hedapena. Izan ere, euskararekiko zenbat eta harreman goiztiarragoa izan, orduan eta hobeto barneratu eta biziko dute haurrek gure hizkuntza. 3 eta 6 urte bitarteko zikloan nahiz lehen hezkuntzako lehenengo urteetan ere arreta berezia eskaini behar zaie ikasle hauei euskararen jabekuntza arrakastatsua izan dadin.
    • Jatorriz erdaldunak izateaz gain, euskal ikastetxe batean berandu eskolatzen direnei begira. Hizkuntza normalkuntza prozesua haur hezkuntzatik hasiko da, eta beraz kanpotik etorri eta beren ikasketak lehen edo bigarren hezkuntzan hasitako haurrek hainbat urrats “galduak” izango dituzte. Beraz, ikasle hauen euskararen jabekuntza bermatzeko neurri, baliabide eta bitarteko bereziak jarri beharko dira abian.
    • Jatorriz euskaldunak direnei begira. Irakasleen euskararen kalitatea bermatzea oso garrantzitsua da beti eta, bereziki, kolektibo honen kasuan, haurren hizkuntza gaitasunaren garapena blokeatu edo atzera egin ez dezan.
  • Irakasleria: euskalduna eta prestatua
    • Aurretik azaldutako planteamendua bideragarria izateko, irakasle euskaldun (hots, elebidun) prestatuak izatea nahitaezkoa da. Zentzu honetan, prestakuntzari eta etengabeko hobekuntzari arreta berezia eskaini behar zaio.
    • Bestalde, oraindik ere erdal irakasleak, beraz elebakarrak eta euskara ez dakitenak, sortzen ari dira. Izan ere, irakasle eskolan erdal adarrek hortxe diraute. Euskal Herrian kokaturik dauden irakasle eskoletan erdal adarren desagerpena beharrezkoa da, euskarazko adarrekin irakasle euskaldunak, beraz elebidunak, sortuz.
  • Hizkuntza normalkuntza plangintza
    • Hemen aipatutako irizpideak tokian toki gauzatu behar dira. Ildo honetan, ikastetxe bakoitzak euskalduntze integralerako planteamendua egin behar du, hots, bere egoera errealetik abiatuta, malgutasunez, baina helburuak eta epeak zehaztuz, euskalduntze funtzionala bermatuko duen hizkuntza normalkuntza plana diseinatu, ezarri, ebaluatu eta, dagokionean, berregokitu beharko du. Horretarako, ikastetxeari beharrezko dituen baliabide eta bitarteko pertsonal zein materialak esleitu beharko zaizkio.
    • Hizkuntza normalkuntza plangintza hori bideratuko duen dinamizatzailea finkatu beharra dago ikastetxe guzti-guztietan.
    • Administrazioek beharrezko bitarteko guztiak jarri behar dituzte normalkuntza plangintza horien zerbitzuan.

Eskolarako hizkuntza politika berria bideratzeko neurriak

Txosten honetan azaltzen den planteamendua bideragarria izateko, hainbat aldaketa egin beharra dago, bai indarrean dagoen legeriari dagokionean, baita euskalduntzeari eskaintzen zaizkion bitartekoei dagokionean ere. Txosten honen asmoa puntu horretan sakontzea ez denez, ildo batzuk iradokitzera mugatuko gara.


Hizkuntza eskubideak urratzen dituzten neurriak bertan behera utzi behar dira Euskaldunduko duen eskola ahalbidetzeko, hizkuntza eskubideen urraketa bultzatu edo baimentzen dituzten legeak aldatu beharra dago, honako hauek gutxienez:

  • Lehenik eta behin, NFK-ko 86ko euskararen legea, non zonifikazioa ezartzen den. Bigarrenik, irakaskuntza arautzen duen Foru Dekretua (1988), non hizkuntza ereduak finkatzen diren. Azkenik, hizkuntza ereduen dekretu berria (momentuz zirriborroa baino ez dena), non euskarazko irakaskuntzari oztopo berriak ezarri nahi zaizkion.
  • EAE-ri dagokionez, 82ko Euskararen Legea aldatzea komenigarria litzateke, bertan euskaldunduko duen eskolaren oinarriak modu esplizituan jasotzeko. Bestalde, EAE-ko 83ko elebitasun dekretua eta, horri jarraiki, garatutako dekretu eta neurriak, bertan behera utzi beharra dago. Izan ere, neurri horiek guztiek euskalduntzen ez duten ereduak baimendu, ahalbidetu eta, zenbait kasutan, bultzatu egiten dituzten.
  • Ezin dugu ahaztu eskola euskalduna bideratzeko oztopo dela frantziako zein espainiako estatuen legeria, non frantsesari eta gaztelerari derrigorrezko hizkuntzen estatusa ematen zaien, eta besteei aldiz hautazko izaera, kasurik onenean.


Euskalduntzeko bitartekoak

Eskola euskalduna bideratzeko bitartekoak beharrezkoak dira, bi zentzutan:

  • Lehenik eta behin, eskola euskalduntzeko plangintza orokor bat beharrezkoa da. Plangintza hau Euskal Herri osoko ikuspegiaz eta Euskal Herri osorako bideratu beharra dago. Plangintza orokor horretan gizarte eragileek funtsezko protagonismoa izan behar dute. Izan ere, gizarte eragileak izan dira orain arte eskola euskalduntzeko motore. Zentzu honetan, eskolaren euskalduntzea bultzatzeko eta koordinatzeko INSTITUTU baten sorrera proposatzen dugu.
  • Administrazio autonomikoei begira, euskalduntze prozesuarekiko babesa eta beharrezko finantziazioa aldarrikatzen dugu. Eskolaren euskalduntzeak lehentasunetako bat behar du izan.


Euskaldundu ez diren herritarrak: ordaina.

Txosten honetan azaltzen den planteamendua erretroaktibitatez aplikatu beharra dago. Hau da, euskara eskubidea dela eta eskolak euskaldundu behar duela onartzen baldin badugu, orain arte eskolak euskaldundu ez dituen herritarrak kaltetutzat jo behar ditugu ezinbestean, eta ordaina zor zaiela onartu. Izan ere, egungo eskolatzea amaiturik, euskara ezagutu eta hitz egin ezinik atera diren pertsonek, hots, eskolak hizkuntza ikuspegitik kaltetu dituen herritarrek, euskara ezagutzeko egin behar duten ahalegina handia da, zinez. Ildo horretan, egoera hori bizi izan eta oraindik ere bizi duten herritarrei, helduen euskalduntze eta alfabetatze sarean, Euskal Herrian diren administrazioek doako euskalduntzea bermatzea eskatzen dugu.


(1) GUNEA 1998.tik 2002.era garatutako hausnarketa foroa izan zen, Euskal Herriko hezkuntza eragile esanguratsuetako lagunak biltzen zituena, beti ere maila pertsonalean: LAB, ELA eta EILAS sindikatuetakoak, Ikastolen Elkartekoak, Sortzen-Ikasbatuaz-ekoak, irakaskuntzako publikoko Guraso elkarteetakoak, Sarean-ekoak, IA-koak, Erakasleak-ekoak..

(2) Frantziar estatuaren kasuan, 1789ko Iraultza eta Napoleonen agintaldian finkatutako estatu liberala dira mugarriak ibilbide honetan. Espainiar estatuaren kasuan, 1857ko Moyano Legea aipatu beharra dago. Lege horren bidez, Madrilek hezkuntza-eskuduntza guztiak bereganatu zituen: maisu-maistrak estatuaren menpe gelditu ziren (bai hautatze probetan baita soldataren arabera ere) eta “hiritar nazionalitate”aren irakaskuntza finkatu zen.

(3) Euskaraz mintzatzen zen ikasleari eraztuna jartzen zion irakasleak, eta, ikasle hark euskaraz ari zen beste ikaskide bati pasatu behar zion. Egunaren amaieran eraztuna soinean zeraman ikaslea zigortzen zuen irakasleak. Joan Mari Torrealdaik El Libro Negro del Euskera izenburupean idatziriko liburuan praktika honen antzeko adibide anitz topa daiteke.

(4) D ereduko ikastetxeek etengabeko arazoei egin behar diete aurre Iruńerrian: Arturo Kanpion, San Franzisko, Patxi Larraintzar...

(5) Ikus “Elebitasuna eta hezkuntza euskararen herrian”, 2001, Ibaeta Pedagogia.

(6) Ik “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia”, 1998, Eusko Jaurlaritza.

(7) Aztiker: “Hizkuntza ereduak Euskal Herrian. Datu bilketa”, 2.004.

(8) Esaterako, Bilboko Atxuri, La Vieja eta San Frantziskon; Ermuan eta Muskizen; Iruńeko Donibane auzoan. Herri eta auzo hauetan ikasleei D ereduan ikasteko eskubidea ukatzen zaie hainbat ikasleri.


(IGOR ARROYO LEATXE Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimeneko kidea da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus