Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntza auditoretzak sistematizatzeko oinarriak ipintzen

Hizkuntza auditoretzak sistematizatzeko oinarriak ipintzen

2004-10-14 / 07:07 / J. Inazio Marko Juanikorena   ENPRESA

Gero eta gehiago dira, maila sistemiko ezberdinetan (sektoreak, herriak, organizazioak ...), abian jartzen ari diren euskararen normalizaziorako planak: plan estrategikoak, EBPN, ... Ekimen hauek, bestalde, gero eta landuagoak eta sistemizatuagoak ageri zaizkigu. Azken urteotan, gainera, plan hauen eraginkortasuna neurtzeko balorazioak eta jarraipenak egitearen garrantzia azpimarratzen ari da. Eta, dagoenekoz bada bere Euskararen Plan Estrategikoaren jarraipena egiteko kanpo analisia eskatu duen erakundea ere.

Hori horrela, aportazio txiki bat egin nahi izan dugu lan honen bitartez, Hizkuntza Auditoritzarako eredua izan daitekeen sistema baten oinarriak jartzen hasteko.

Gestioaren beste alorretan aski ezaguna eta ohikoa izaten da edozein erakundek kanpoko beste erakunde-aditu bati bere gestio prozeduren eta emaitzen ikuskaritza –auditoretza– egin diezaion eskatzea. Kalitate-auditoretza horien bitartez, «azterketa independentea eta sistemakoa eginez, planifikatutako neurriak aurreikusi bezala bete ote diren eta neurri hauek efikaziaz egikaritzen ote diren eta helburuak erdiesteko egokiak ote diren» (ISO 8402, kalitate-auditoretzaren definizioa) aztertzen da, beti ere erakundearen jarduera eta gestio sistemak hobetzeko xedearekin.

Jarraipen sistema hauek asko landu dira urteetan zehar eta egun metodologikoki normalizatuak eta arloz arlo arautuak daude, horretarako nazioarteko hainbat eta hainbat eredu zein arau finkatuta dagoelarik. Hizkuntzaren ekimenen eta gestioaren arloan, berriz, ebaluaketa eta jarraipenerako esperientzien ugaritzea eta metodologien sakontzea antzematen da, zertifikazio sistemak eta guzti («Bai Euskarari» ziurtagiria dugu horren adibide). Hala ere eta oraindik orain, hizkuntza-ebaluaketa horiek egituratuko dituzten metodologiei dagokionez, erreferentziazko eredu garatu eta bateratuen hutsunea dago.

Beharrezkoa deritzogu bide hau jorratzeari, erreferentziazko eredu propio bat egituratuz sistematizazio metodologikoa ezartzeko eta Auditoritzaren jakintza zein praktika egokituz hizkuntza-auditoritzaren arauen normalizazioari bidea egiten laguntzeko.

Esan bezala, beraz, hizkuntza auditoretzaren sistematizaziorako Auditoretzaren ezagutza jasotzea eta egokitzea proposatzen dugu eta, zehazkiago, Gizarte Auditoretza eta Kalitatearen Gestioaren Auditoretza deritzatenena. Horretarako, auditoretzari buruzko zenbait argibide emango dugu, gizarte-auditoretzaren esanahia azalduz eta hizkuntza-auditoretza bere baitan kokatuz; halaber, auditoretzaren mailak eta motak bereiziko ditugu eta aplikazio metodologikorako lehen hurbilpena egingo dugu abiapuntuzko eredurako proposamenak eginez.

Gizarte Auditoretza eta Kalitatearen Auditoretza

Gizarte auditoretza auditoretzaren modalitate bat da, enpresetan edota organizazioetan izaera soziala (pertsonak, ingurunea, komunitatea, gizartea, harremanak, ...) duten jarduerak eta funtzioak aztertzen dituena. Gizarte-auditoretzaren esanahia horrela uler daiteke Gallegoren (1999) esanetan: “La Auditoria Social surge como la estrategia que permite a las organizaciones evaluar, medir y controlar, con fines de mejoramiento progresivo, la gestión de lo social entendiendo ésta como la aplicación de políticas y prácticas relacionadas con las personas tanto al interior como al exterior de ésta”.

Honek zerikusia du enpresa munduan garatzen ari den Erantzukizun Sozialaren kontzeptuarekin. Gero eta gehiago dira presio sozial, ekologiko eta ekonomikoen ondorioz erantzukizun sozialerako estrategiak sustatzen dituzten enpresak. Europako Komisioak berak “Enpresen erantzukizunerako europar markoa sustatzeko LIBURU BERDEA” eta “Garapen eutsigarriari ekarpen enpresariala, erantzukizun sozialari buruzko KOMUNIKAZIOA” argitaratu zituen 2001ean eta 2002an. Dokumentu hauetan horrela definitzen da enpresen erantzukizun soziala: “.. integración voluntaria por parte de las empresas de las preocupaciones sociales y medioambientales en sus operaciones comerciales y sus relaciones con sus interlocutores”. Erantzukizunezko praktika horiek zer ikusia dute kode etikoekin, giza-eskubideekin, enpresa barruko antolaketa eta harremanekin, ingurunearen babesarekin eta gertuko komunitatearekiko integrazioarekin. Eta horretan, jakina, hizkuntzaren normalizaziorako egitasmoak bete-betean sartzen dira.

Gestio eta praktika sozialaren jarraipenerako ereduak eta zertifikaziorako arauak sortu dira. Horien artean, «Balantze Soziala» urteko balantzeen informeen baitan, edota «Social Accountability International»ek eratu duen erantzukizun sozialerako SA8000 araua eta «Foretica Fundazioa»k landu duen SGE21 gestio etikorako araua. Sistema eta arau hauek organizazioen gestio sozialaren auditoretzarako eredu normalizatuak aplikatzeko argibideak ematen dituzte.

Bestalde, esan behar da ikuspegi hau ez dela enpresaren mundura mugatzen. Europako Komisioaren ustetan administrazio publikoek ere Erantzukizun Sozialaren printzipioak integratu beharko lituzkete beren gestio sistemetan eta “solaskideekiko” harremanetan. Komisioak bide horretan urratsak emango ditu eta bere emaitza sozialen ebaluazioa egiten hasiko da 2004. urtetik aurrera, eta beste administrazioak gauza bera egiten has daitezen gonbidatzen ditu (CCE, 02: 27).

Kalitatearen Auditoretza auditoretzaren beste modalitate bat da, enpresetan edota organizazioetan ezarritako Kalitate Sistemak aztertzen dituena: kalitate sistemaren Arauekiko egokitzapena egiaztatzeko, aurreikusitako helburuak lortzeko kalitate sistemaren efikazia frogatzeko, sistemaren hobekuntza aukerak antzemateko edota auditatutako organizazioa enpresa zertifikatuen erregistroan sartu ahal izateko.

Kalitatearen gestioaren alorrean, jakina denez, hainbat eredu eta zertifikaziorako arau sortu dira. Horien artean, «International Organitzation for Standardization» erakundeak sustatu duen kalitatearen estandarrerako ISO 9000 sistema edota kalitatearen auditoretzarako ISO 19011 araua.

Hizkuntza Auditoretza

Hizkuntza Auditoretza, auditoretzaren modalitate berri bat izango litzateke, enpresa eta organizazioetan hizkuntzaren normalizaziorako ekimenak eta hizkuntzaren kudeaketa aztertuko dituena. Beste edozein auditoretzak bezalaxe, bere egitekoa eredu landu batzuen arabera gauzatuko du eta hobekuntzarako balorazioak egitea zein zertifikaziorako bideak irekitzea izango ditu eginkizun. Hizkuntza auditoretza organizazioaren gestioaren berezko sistemetan txertatua egongo da, erantzukizun sozialaren edota kalitatearen gestioaren atal gisa.

Auditoretza Motak eta Mailak

Auditoretza mota eta maila ezberdinak daude. Lehen sailkapen batean, barne-auditoretza eta kanpo-auditoretzaren artean bereizten da. Barne-auditoretzetan organizazioko bertako pertsonala arduratzen da auditoretza bideratzeaz. Kanpo auditoretzan, berriz, kanpo profesional edo erakunde independenteak dira auditoretza lana egiteaz arduratzen direnak.

Bigarren kategorizazio batean, auditoretza lanaren aplikazio mailak (perspektiba edo enfoke gisa ulertuta) bereizten dira. Hiru maila aipatu ohi dira: Konformidade auditoretzak, Efikazia auditoretzak eta Auditoretza estrategikoak.

Konformidade auditoretza. Maila honetan helburua izaten da egiaztatzea, batetik, jasotako informazioaren kalitatea eta fiabilitatea eta, bestetik, informazio horren emaitzen konformidadea edo egokitzapena aurretik ezarritako erreglamentazio, arau edota prozedurekiko. Gizarte-auditoretzaren ikuspegitik, arau legalak betetzen ote diren aztertuko genuke; esate baterako, euskararen garapenerako dekretuetatik eta normatibetatik ondorioztatzen diren obligazioak betetzen ote diren. Kalitatearen-auditoretzaren ikuspegitik, berriz, ikuskatutakoa aurreikusitako kalitate edo gestio sistema jakin bati egokitzen ote zaion aztertuko genuke.

Efikazia auditoretza. Maila honetan aztertu nahi izaten da aplikatutako prozedimentuak edo metodologiak egokiak ote diren eta jarritako helburuak zenbateraino lortu ote diren. Efikazia-auditoretza lau mailatan egin daiteke: prozedura/metodologien analisia, helburuen araberako emaitzen analisia, emaitza horien kosteen analisia eta emaitzen kalitatearen analisia.

Auditoretza estrategikoa. Finkatutako estrategiek erantzuten al diote azken helburu nagusiari? Politikak eta estrategiak egokitzen al zaizkie erakundean eta ingurunean gertatzen diren aldaketei? Antolaketa, giza baliabideak eta bitarteko materialak egokiak al dira lortu nahi diren helburuentzat? Era honetako galderak aztertzen dira auditoretza estrategikoaren mailan.

Eredu Bati Begira

Sarreran esan bezala, hizkuntza normalizaziorako ekimenen arloan, ebaluaketa-metodologiei dagokienez, erreferentziazko eredu garatu eta bateratuen hutsunea dago. Horregatik, egun burutzen ari diren Euskararen Plan Orokorren edota Biziberritze Planen jarraipena egiterakoan, eredu erreferentziala eraikitzen eta egitura metodologikoak lantzen hastea proposatzen dugu, gizarte-auditoretzaren eta kalitatearen auditoretzaren jakintzan txertatutako Hizkuntza-Auditoretza sistema bati forma emanez.

Hizkuntza auditoretza bi planotan. Bat, txosten honetako analisiari jarraipena emanez Plan Orokor edota Biziberritze Planei beraiei egingo litzaiekeena. Bi, Plan horien garapenaren ondorioz, hitzarmenen bitartez hedatutako beste Plan eratorriei Plan Nagusitik egingo litzaiekeena

Hizkuntza auditoretza eta ebaluaketa bideratzeko prozedura, berriz, Foretica Fundazioak landu duena abiapunturako eskema izan dadin proposatzen dugu


(J. INAZIO MARKO JUANIKORENA Soziolinguistika Klusterraren lehendakariaren ondokoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

Bibliografia

  • AENOR (1995): UNE-EN ISO 8402:1995. Gestion de la calidad y aseguramiento de la calidad. Vocabulario. Madrid. Arau hau 2000. urtean anulatua izan da, UNE-EN ISO 9000:2000 arauak ordezkatzen du.
  • COMISION DE LAS COMUNIDADES EUROPEAS:
    • (2001): Libro Verde. Fomentar un marco europeo para la responsabilidad social de las empresas. Bruselas, 18.7.2001 COM(2001) 366 final.
    • (2002): Comunicación de la Comisión relativa a la responsabilidad social de las empresas: una contribución empresarial al desarrollo sostenible. Bruselas, 2.7.2002 COM(2002) 347 final.
  • GALLEGO, Mery (1999): El Balance Social como herramienta de Auditoria Social. Revista EAFIT, 115, agosto-octubre 1999. Universidad EAFIT. Colombia.
  • FORETICA (2003): Evaluación de la Gestión Etica. Cómo lo hace


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus