Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Zidor semantikoak hizkera kolokialean: adierak (I)

Zidor semantikoak hizkera kolokialean: adierak (I)

2004-10-01 / 08:00 / Iratxe Goikoetxea Langarika   HIZKUNTZA

Zer esan, nori eta zelan esan. Batez ere "zelan esan". Horrexen arduraz ibiltzen gara telebistako hizkuntzalariok. Zuzentasun gramatikalak bai, ematen dizkigu buruko minen batzuk. Baina, gutxi-asko, arlo hori mugarrituta dago. Hortik aurrera, basadia dugu: oparoa baina galbidez betea.

Bideak urratu behar, hara eta hona. Halaxe hasi gara hizkera kolokiala jorratzen, telebista saio eta produkzioaren arlo bakoitzerako euskara maila egokia bilatu beharrez.

Elkarrizketaren estilo kolokiala esaten diogu egoera informaletan eta ahoz norberaren mailakoekin erabiltzen denari. Espontaneoa da, berezkoa eta bat-batekoa. Berbeta mota guztien artean biziena dugu, hemen baitaukate lekua egoera formalagoetan baztertuko genituzkeen onomatopeiek, interjekzioek eta forma adierazkorrek.

Estilo kolokialean, hiztunak ez du bere burua arauak betetzera behartzen, nahi duen bezala ahoskatzen du, eta ahal duen moduan lotzen ditu esaldiko elementuak. Libre jokatzean, nahi dituen lizentziak hartzen ditu ahoskeran, eremu lexikoan eta joskeran.

Ez da berbeta modu "monolitikoa". Hiztuna nongoa den, zeinekin ari den, izaeraz zelakoa den... Hori dena igarriko da berba egiteko moduan, eta itxiago edo garbiago ahoskatuko du, atsotitzak erabiltzen zalea izango da edo ez, ateraldi barregarriak izango ditu edo bazterrak aspertuko ditu.

Dena dela, badira joera batzuk estilo kolokiala zelanbait karakterizatzeko balio dutenak. Semantikan eta lexikoan baliabide hauek dira erabilienak:

  • Adierak aldatzea.
  • Konparazioak eta metaforak.
  • Ironia.
  • Hiperboleak.
  • Komodinak.
  • Txikigarriak eta handigarriak.
  • Berba jokoak.
  • Hitz "zantarrak". Ukitu eskatologikoa eta sexuala ematea.
  • Hizkuntzen arteko mugak ezereztea.
  • Errepikapenak...

Artikulu honetan zerrendako lehenengo puntuari ekingo diogu.

Adierak aldatzea.

Gaitzizen adierazkorrak erabiltzen ditugu gorputz atalak, gorputzaren beharrak, gizarteko taldeak eta abarrak aipatzeko.

Arlo emankorrik badago, hori mozkorrarena da. Izen hauek gutxienez ematen dizkiogu: aitzur, ale, amurrain, atun, berdel, enbor, eper, kaka, kankar, kargamentu, katu, kirten, lafiada, langara, leka, mahaspasa, mahats, mokoilo, mokordo, opil, otso beltz, ostia, perretxiko, tasa, trokel, txorizo, zepelin, zimaur.

Ingurukoei esateko ere, izen neutroez gainera, badira bestelakoak:

  • umeak: orpo-gorri / hanka-gorri / buru-handi
  • gaztetxoak:
    • oilanda (neska)
    • oilasko (mutila)
  • familia:
    • habia: Habia ederra egin du.
    • erroialdi (seme-alaba asko): Horrek dauka erroialdia!
  • emaztea: atso / enbra / beste
  • senarra: agure / beste
  • ezkon senidea:
    • moko pegatu
    • txahal inkatu

Sakonago jorratuko ditugu gorputzeko atalak. Horien izenetako batzuk "tradizionalak" dira, eta askotan hiztegietan jasota daude (birikari hauspo esatea, buruari gazta...), eta beste batzuk berriagoak dira (atzamar potoloei saltxitxa esatea, burmuinari txipa...). Autonomoak izan daitezke (popa = ipurdi), edo esaldi jakinetan erabiltzekoak.

  • burua
    • ganbela
    • gazta
    • kaskar
    • kasket
    • kasko

      Hitzok autonomoak dira, eta esaldi eginetan ere erabiltzen dira. Hurrengoak buru hitzarekin ere jasota dauzkagu:

      • Ganbelakoa hartu [koskorrekoa]
      • Gazta usteltzen hasita eduki. [zoratuta egon]
      • Gazta/kaskoa zelan erabili jakin ez. [galduta ibili]
      • Kaskarra/kaskoa/gogoa berotu. [zerbait egitera bultzatu]
      • Kaskarrari hatz egin. [burua nekatu, asko pentsatu]
      • Kaskoa erre. [zoratu]
      • Kaskoan haizea izan. [harrotu, haize gehiegi erabili]
      • Kaskotik jota egon. [zoratuta]

    Horrez gainera, "goialdea" adierazten duten berbekin ere egiten da buruaren erreferentzia, askotan esapideetan:

    • ganbara
      • Ganbarakoa hartu. [kaskarrekoa, gaztakoa hartu]
    • goianengo
      • Goianengotik eginda egon. [zoro egon]
    • mandio
      • Mandioan artalea falta izan. [zoro egon]
    • teilatu
      • Teilatutik sano ez egon. Teilatutik txarto egon. [zoro egon]
    • tontor
      • Tontorra guztien gainetik eduki. [handiustea]

    Berriagoak dira beste hauek:

    • meloi
    • kalabaza
    • pelota
    • zilindro
  • musua
    • mutur. Autonomoa, eta esapide askotan erabilia, kasurako:
      • Muturra okertu edo zimurtu [muzina egin]
      • Muturrez aurrera erori [aurrerantz jausi]
      • Muturrak berotu edo hautsi [jipoia eman]
      • Muturrekin egon [haserre egon]
  • ahoa
    • buzoi (aho handia)
    • moko. Kalifikazioetan: moko-fina; moko-zuria [aho-fina]
  • mihia
    • piku. Kalifikazioetan: piku-luzea [ahohandia]
    • moko. Mokoan izotzik ez izan [mihian herdoilik ez izan]
    • artazi (gaizki esaka ibiltzen dena): Artazi zorrotza izan.
    • mizto (gaizki esaka ibiltzen dena)
    • zerra (gaizki esaka ibiltzen dena): Norbaiten kontra zerra erabili.
  • hortzak
    • hezurtxo, txatxur (umetxoen lehenengo hortzak)
  • belarria
    • aza-orri
    • aza-hosto
  • sudurra
    • kako (sudur okerra)
    • piku (sudur zorrotza)
    • patata (sudur potoloa)
    • porra (sudur handia)
    • porroi (sudur luzea)
    • botoi (sudur txikia, umeena)
  • mukia
    • angula (muki "arrantzan"). Angulak harrapatzen, ala?
    • dindirri (muki urtsua)
    • fandango. Surzilo fandangoak dingilizka beti.
    • kandela (dingilizka dagoenean)
    • muskil, muskira
    • txipiroi (muki "arrantzan")
  • eskua
    • atzapar
      • Atzaparra bota, egotzi edo ezarri [harrapatu]
      • Atzaparrak garbi eduki [eskuak garbi]
      • Norbaiten atzaparretan erori [norbaiten eskuan jausi]
    • bosteko
      • Bostekoa ekarri, bota edo eman
    • porra (esku handi eta indartsua)
  • atzazkalak
    • erpe (atzazkal luze edo zorrotzak)
  • berna
    • hankapalu (zango argal eta luzeak)
    • taket (zango sendoa)
    • txanka (zango mehea)
    • ziri (zango mehea)
    • zotz (zango mehea)
  • oina
    • apatx. Esapidean: Apatx hotsean [bizkor, arin]
    • ferra. Esapidean: Ferrak altxatu edo jaso [hanka egin]
    • polaina. Esapidean: Polainak altxatu edo jaso [hanka egin]
  • titiak
    • aurrealde(a)
    • aldaba(k)
    • banasta(k)
    • belarri(ak)
    • errape(ak)
    • gazta(k)
    • kantina(k) (esne-marmita)
    • katilu(ak)
  • sabela
    • tripotx
    • upa, upel
    • zaku
    • zilbot
    • zorro
      • Zorroa bete
    • zorroto (umeena)
  • zila
    • tirrin (umeekin erabiltzen da)
    • tripako botoi (umeekin erabiltzen da)
    • xilko
  • ipurdia
    • atze
    • atzealde

      Bai ipurdi hitza, bai atze eta atzealde, pluralean erabiltzen dira loditasuna adierazteko:

      • Atzealde ederrak ipini zaizkio.
      • Horiek dira ipurdiak!
    • gibel. Atze eta gibel eufemismoak dira, hitz bigunagoak. Dena dela, esapide gordinetan ere erabil daitezke:
      • Gibelean pot egin [ipurdian mun egin]
      • Gibeletik eman [ipurditik eman, atzetik eman]
    • pandero (emakumeena)
    • popa Ipurdi-ren guztiz sinonimoa da, eta esapide zein kalifikazioetan erabiltzen da:
      • Oiloaren popa egin, atera edo jarri [oilo ipurdia]
      • Gustua popan eduki [aukeratzen jakin ez]
      • Popa-haizea izan [txoriburua]
      • Popatik eman [ipurditik eman, atzetik eman]
    • popalde
    • frontoi
      • Pilotan egiteko frontoi ederra.
    • tobera
    • singaleku. Esapidean: Singalekutik eman [ipurditik eman, atzetik eman]
    • zati biko aurpegi
  • ipurtzuloa
    • atzeko begi
    • atzeko zulo
    • tutu
      • Nora? Txakurraren tutuan gora eta gora.
  • alua (1)
    • arrakala
    • larrosatxo
    • potxolina
    • motxin
    • pospolin
    • tortola (umeekin erabiltzeko)
    • joxepa
    • marmoxa
    • matxan
    • moltso
    • morkots
    • motx
    • motz
    • mozolo
    • natura
    • piku
    • pikupasa
    • popolo
    • potorro
    • potxo
    • potxola
    • potxin
    • potxor
    • tarratola
    • tutu
    • txipiroi
    • txominu
    • txotxin
    • uso
  • hankartea (giz.)
    • mordo
    • potentzia
    • txorta
    • pakete
    • parte (eufemismoa)
  • zakila
    • pitilin
    • pittili
    • pitito
    • pitxin
    • txilin
    • txitxil
    • txitxilin (umeekin erabiltzeko)
    • beheko buru
    • beheko mutil
    • bilintx
    • buztan
    • ernaltxotx
    • estaltxotx
    • isats
    • isipu
    • kikirri
    • kirten
    • larako
    • pitu
    • pituburu
    • pitxo
    • txakil
    • txilibitu
    • txirula
    • txistor
    • txistu
    • txitxarro
    • txokor
    • txori
    • txorokil
    • txulun
    • zinbrel
  • barrabilak
    • arrautza
      • Arrautzak eduki zerbaitetarako. [ausardia]
      • Gorringo biko pare bana izan. [“gizon-gizona” izan]
    • dandabel
    • koskabilo
      • Koskabiloak ahora etorri. [larritu]
    • koskor
      • Kozkor biek adina balio izan. [garestia]
      • Kozkorrak jo. [zirikatu, izorratu]
    • marmita
    • potro. Sinonimo guztiotatik, hauxe agertzen da gehien berbakera kolokialeko esapideetan:
      • Potro-handia izan. [gibel-handia]
      • Potroak izan.
      • Potroetaraino egon.
      • Potroetan jarri.
      • Potroetatik irteten zaiona egin.
    • potroskilo
    • zintzilikario

Batzuetan hori baino zorrotzago aipatzen dira gorputzeko atalak, batez ere inorenak. Eta honelako metaforak sortzen dira:

  • pepino burua: buru luzanga.
  • isuski ilea: ile latza, erratzaren antzekoa.
  • basatxarri ilea: ile asko, itxia eta gogorra.
  • talo aurpegia: musu zabal eta biribila.
  • leka aurpegia: musu estu eta luzea.
  • piper aurpegia: aurpegi serioa.
  • potox aurpegia: lepahoriaren aurpegikeraren antzekoa, estu eta luzea.
  • sugandila muturra: aurpegi mirrina.
  • txilin ahotsa: ahots zolia.
  • txerri begia: begi txirrizkiak, txiki-txikiak.
  • txerri haginak: hortzagin okerrak, bata bestearen gainean hazitakoak.
  • sudur taloa: sudur motza.
  • ahuntz bizarra; aker bizarra: bizar luzea, akerrarenaren antzekoa.
  • katu bizarra: bibote mehatza.
  • danbor makila: txanka argala.
  • txanka pistola: txanka argala.

Irainen esparruan sartzen hasi gara. Hemen hartuko dugu atsedena, hurrengo ekinaldian asko dago eta ibiltzeko.


(IRATXE GOIKOETXEA LANGARIKA Euskal Telebistako hizkuntzalaria da)

Oin-oharrak:

(1) Sexu organoen askoz izen gehiago daude jasota Ramon Etxezarretaren Hiztegi erotikoan. Hemengoak inkesta bidez eta herri euskarei buruzko liburuetatik hartu ditugu.

Bibliografia

  • AIZKIBEL BEKA, Azkoittiko euskerie, 2001
  • ARGOITIA / AZKARATE / GEZURAGA, Eibarko euskeraren esakerak eta bestelako berezitasun batzuk, Eibarko Udala, 1999.
  • ARIN / ARRUABARRENA, Ataungo aho hizkuntzaren barne muinak. 1990
  • ASTUI ZARRAGA, Ai gure Bermio
  • AZURMENDI, Mikel, Euskal nortasunaren animaliak.
  • BARRUTIA ETXEBARRIA, Eneko, Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegia, UEU, Bilbo, 1996
  • ETXEBARRIA AYESTA, J.Manuel, Zeberioko euskera
  • GAMINDE, Iñaki, Bakio berbarik berba, http://bips.bi.ehu.es/bakio/web/bakio.htm
  • GAMINDE, Iñaki, Meñaka berbarik berba, http://bips.bi.ehu.es/menaka/
  • GAMINDE, Iñaki, Urduliz ingeru, berbak eta bizimodu
  • ITURAIN / LOIDI, Orioko euskara, Orioko Udala, 1995.
  • IZAGIRRE, Koldo, Euskal lokuzioak, Hordago, Donostia, 1981
  • IZETA, Mariano, Baztango hiztegia, 1996
  • LARRAÑAGA IGARTZA, Jone, Antzuolako hizkera, Antzuolako Udala, 1998
  • LABAYRU, Labayru hiztegia, 2003
  • ORMAETXEA, Txipi, Aramaioko euskara, Arabako Foru Aldundia, 2003
  • PEREZ BILBAO, Antonio, Bermioko herri hizkera, Bilbo, 1991.
  • ROMAN BRAVO, I. Berrizko euskera, Gerediaga Elkartea, 2001
  • UGARTE AZURMENDI, Martin. Legazpi barrutiko itzen bilduma, 1993
  • http://www.eibarko-euskara.com/
  • http://lekeitio.com/eusk/udal/argitalpenak
  • http://es.geocities.com/geureberbategie/

Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus