Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)

2004-09-24 / 08:31 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Filmetan, telesailetan eta marrazki bizidunetan agertzen diren izenekin, publizitatean erabiltzen diren ondoriozko perpausekin eta dokumentaletako animalien izenekin zein hizkuntza irizpide erabiltzen diren aurkituko duzu www.erabili.com-en.

Erdaretatik Euskarara

Erdaretatik Euskarara

Fikzioko izenak

Filmetan, telesailetan eta marrazki bizidunetan agertzen diren izenak bere horretan uzten ditugu euskarazko bertsioan. Hori da irizpide nagusia.

Hala ere, marrazki bizidunetan batik bat (eta inoiz fantasiazko film eta telesailetan), izenak eta ezizenak esanguratsuak izaten dira, eta pertsonaiaren, lekuaren edo dena delako tresnaren ezaugarriren bat izaten dute oinarri. Beraz, izena entzuteaz bat, badakigu nolakoa den aipatutako pertsonaia, lekua edo tresna. Horrelakoetan, izen eta ezizenoi euskarazko ordaina asmatu behar zaie, betiere giroa hautsi barik. Txakurrak zerura doaz 2 filmean, adibidez, Zeruko mugazaina barrura sartu behar duten txakurren zerrenda irakurtzen ari da: «Uh... Asta, Bandit, Bowser, Fido, Fifi, Hound of Baskerville, Pavlov dog, Rex, Rover, Rufus, Shatzi, Spot... and Itchy». Euskaraz honela jarri zen: «Hm... Asta, Flo, Mendi, Txiki, Gorri, Baskerville, Txo, Zuhur, Laika, Lau, Tony, Xarpa, Pintxo, eta... Itchy».

Nekeza da euskarazko ordainak asmatzeko irizpide zehatzak ematea, tentu handiz jokatu behar baita hitzen luzerarekin, osagaiekin, soinu-oihartzunekin eta abar. Emaitzak argia, deigarria eta irudimen handikoa izan behar du, betiere jatorrizko izenaren haritik, baina euskal oihartzunarekin.

Orain arteko bikoizketetan jatorrizko izenetik abiatu da ia beti euskarazko ordaina. Salbuespenik aipagarriena Harriketarrak (The Flinstones / Los Picapiedra / Les Pierrafeu) dira. Zail egin zen gaztelania aintzat ez hartzea, eta euskal bertsioko izenetan denerik dago: Pedro Harriketarra, Pablo Atxurdin, Pebbles... Hala egin zen, eta hala geratu da, baina aurrerantzean jatorrizkotik abiatu beharko genuke.

Dena dela, ez dugu zertan ibili beti asmatzen. Umeentzako ipuinetan eta liburuetan badira bikoizketarako baliagarri zaizkigun izenak, argiak, irudimen handikoak eta euskal oihartzuna dutenak. Halakoak jaso eta zabaldu egin behar ditugu. Marrazki bizidunetan, esate baterako, behin baino gehiagotan erabili dugu Bizarzuri (Santa Claus / Papá Noel / Père Noël).

Aurreko orrian esan genuen bezala, garrantzitsua da izenok finkatzea eta, bestelako produktuetan agertzen direnean, lehendik pentsatutakoak erabiltzea. Horrela, euskaldunon belarrietara egin, eta, horren ondorioz, bikoizketan eta gidoigintzan baliabide adierazkorrak izango zaizkigu. Adibide modura Heidi aipa dezakegu. Guretzat Pedro, Abuelito, Copito de Nieve... zirenak gure umeentzat Pello, Aitona, Elurtxo... dira.

Hizkuntza gaiak

Ondorio-perpausak

Publizitateko hizkeran oso erabiliak dira ondorio-perpausak: «Prueba Herbal Essences. Tu pelo estará tan increiblemente bonito que le dejará fuera de combate», «Con la nueva Nissan Primastar es tan cómodo trabajar que nadie creerá que lo haces», «La nueva colección “Repara y protege” posee una fórmula hidratante tan intensa que actúa reforzando tu pelo exactamente donde lo necesitas».

Gaztelaniazko iragarkien euskarazko bertsioetan ez dugu aurkitu ondorio perpausen eredu jasorik: «hain... ezen... bait- / -n», «hain... non... bait- / -n». Normala ere bada horrelakorik ez aurkitzea, ereduok hizkera idatzi landuarekin lotzen ditugu eta. Aztertu ditugun iragarkietan alborakuntza baizik ez da erabili, hots, menderagailurik gabeko eredua (bait- edo -n gabea).

  • Batzuetan, lokailurik gabe (non edo ezen gabe).
    • Tampax Compak hain da erabilerraza, begiak itxita ere ipin dezakezu.
    • Halako zuri argitsua eramatea benetan da atsegin. Hain argitsua da, familia osoak gozatzen du. (Ace lixiba)
  • Besteetan, lokailuarekin.
    • Air Wicken Cristal-air berria. Hain da polita, ze ez dirudi aire-gozagarria.

Adibideetan ikusten denez, joera nagusia maila-hitza (hain) aditzaren aurrean jartzea da. Ondo dago «hain handia da» erako ordenamendua ere, baina bestea («hain da handia») ondorio-perpausen ezaugarritzat hartzen da, askoz maizago erabiltzen da eta.

Lokailua duten esaldiak direla eta, adibideetan «ze» baino ez dugu aurkitu, beharbada ahozkotasunetik hurrekoena delako.

Iragarkiak aztertuta, ikusi dugu ez dela sistematikoa gaztelaniaz ondorio-perpausa dagoen testuan euskaraz era bereko perpausa erabiltzea.

  • ¡Uf! Estoy tan congestionado que no puedo ni respirar.
    • Uf! Bete-bete eginda nago, eta ezin dut arnasarik hartu. (Frenadol)
  • La microdifusión de Elnett es tan fina que se elimina con un ligero cepillado.
    • Elnetten mikrodifusioa oso leuna da, orraziaz erraz kentzeko modukoa.

Euskarazko testuok ez dute ezer galdu, eta, beharbada, naturaltasuna irabazi dute. Bide hori, beraz, ez da baztertu behar.

Baztertzekoak dira, berriz, «-la» menderagailuarekin osaturiko ondorio-perpausak, okerrak dira eta.

  • Fairy berria hain da ahaltsua, beste ontzi-garbigarriek baino bost aldiz gehiago irauten *duela.
    • Fairy berria hain da ahaltsua, beste ontzi-garbigarriek baino bost aldiz gehiago irauten du.

Hizkerak

Bizidunen izenak

Bizidunei izena emateko prozeduretan badago bat sarri-sarri erabiltzen dena: beste bizidun baten antza duela adieraztea. Horren modukoa da «urde oreina» izena.

«Urde oreina» entzunda, beharbada zalantza egingo dugu. Animalia hori zer da, urdea ala oreina? Izan ere, euskaraz, modu bi daude izen bat beste baten bidez zehazteko: a) izen-elkarketa (ardi-gazta, behi-gazta...) eta b) atribuzio-elkarketa, alegia, izen bat beste baten izenondo bihurtzea (gol mamua, mediku pediatra, banda etsaia...).

Sasoi batean atribuzioaren alde egin genuen bizidunen izenak sortzeko, beste batzuek hala jokatzen zutela ikusita, eta arrain tximeleta (arraina) eta horren antzeko batzuk sortu genituen. Laster utzi genion bide horri, oso nahasgarria baitzen, eta harrezkero izen-elkarketa hobetsi dugu: tximeleta-arraina (arraina). Elhuyarrek irizpide bera erabili du Munduko ugaztunen izendegia-n (2002). Hartara, urde-oreina deritzona oreina da (Cervus porcinus).

Irizpide horrek puntu bi ditu alde. Batetik, ingeles izenek eredurako balio digute, ingelesez berdin jokatzen dute eta: hog deer (urde-oreina). Bestetik, irizpidea bat bakarra da bizidun batek beste baten antza zein gauza baten antza duela adierazi nahi izanez gero. Izan ere, gauza baten antza duela adierazteko izen-elkarketara jotzen dugu, eta ez atribuzio-elkarketara: tapiz-marrazoa, titare-marmoka, harri-arraina...

Euskal Telebistak bikoizten dituen dokumentaletan, horrenbestez, era honetako izenak sortzen eta erabiltzen ditugu.

IZEN ZIENTIFIKOAINGELESEZEUSKARAZ
Galeocerdo cuviertiger sharktigre-marrazo
Bitis nasicornisrinocerous vipererrinozero-sugegorri
Ogcocephalidae fam.batfishsaguzar-arrain
Scaridae fam.parrot fishpapagai-arrain
Geochelone pardalisleopard tortoiselehoinabar-dortoka
Pterois sp.lionfishlehoi-arrain

Hala ere, badira irizpide honetatik kanpo bidea egin duten izen batzuk. Onespen zabalekoak bere horretan onartuko ditugu, esate baterako Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Hiztegia-n finkaturikoak.

IZEN ZIENTIFIKOAINGELESEZEUSKARAZ
Scyliorhinus caniculadogfishkatuarrain / lixa
Siluridae fam.catfish / siluridarrain katu / siluru

Azken oharra. Hemen azaldu dugun irizpideak bizidunaren itxuraren berri eman nahi dugunerako baino ez du balio. Izan ere, jokabidearen berri eman nahi dugunean, atribuzio-elkarketara jotzen dugu: lehenengo bizidunaren izena eta, gero, zelan jokatzen duen adierazten duen hitza.

IZEN ZIENTIFIKOAINGELESEZEUSKARAZ
Sagittarius serpentariussecretary birdhegazti idazkari
Acanthurus sp.surgeonfisharrain kirurgialari
Hestiasula sp.boxing mantismarisorgin boxeolari

Paperetik ahora

Ondorio-perpausak

Ondorio-perpausetan, lokailua –erabiltzekotan– koma baten ostean idazten da, aurreko esalditik bananduta.

  • Air Wicken Cristal-air berria. Hain da polita, ze ez dirudi aire-gozagarria.

Ortotipografi arauek hala agintzen dute, baina horrek ez du esan nahi ondorio perpausen doinuera bat datorrenik grafia horrekin. Izan ere, «ze» aurreko esaldiari (zehatzago esanda, aurreko esaldiaren azken hitzari) lotuta esaten dugu. Literaturan ez dira falta fenomenoa garbi erakusten duten adibideak.

  • Euzkera'ren egittura ain arrigarriya da eze -diyo Campion'ek- bere mintzatzeko eratasun-aberatsa, bere elizti edo gramatikaren gerden eta bidekotasuna Europa'ko beste izkuntza gustiyen gaindik agerrtzen zaizkigu. (Euzkadi aldizkaria)
  • Ez zitzaidan batere kosta ipurditik ematea, horren zain zegoela zirudien, hain irekia zegoen eze. (Juan Martin Elexpuru)

Goragoko esaldia honela irakurriko genuke.

  • hain da polita-ze / ez dirudi aire gozagarria

Okerra da honela esatea: «hain da polita / ze-ez ez dirudi aire gozagarria».


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Inprimatu

  • Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus