Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Balinda, baleikezu...

Balinda, baleikezu...

2004-09-17 / 08:04 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Ezina eta ahala adierazteko bideak erabili.com-en aurki ditzakezu. Lau bide dira nagusiki.

Albisteak prestatzen ditugunean, era bateko “ideiak” sarri izaten dira testuaren osagarri: denbora, inoren hitzen aipamena, ahala eta ezina, hipotesia eta susmoa, kuantifikazioa... Era horretako ideia bakoitza aditzera emateko, euskaraz baliabide ugari dugu, batzuk lexikoak, beste batzuk morfosintaktikoak.

Baliabideak hainbeste izanda, nahi baino gehiagotan nahasteak gertatzen dira, dela adieran, dela forman. Orri honetan ahala eta ezina adierazteko baliabideak aztertu ditugu, eta sarrien egiten diren akatsak nabarmendu.

«Balinda», «baleikezu» forma bitxiok bazterrean utzita, ezina eta ahala adierazteko lau bide nagusi ditugu.

1. Aditz jokoa

«Daiteke», «dezake» erako aditzez ari gara. Ez ahaztu -ke amaierari beste -e- bat gehitzen zaiola -LA edo -N eranstean.

  • Joan gaitezkeela esan digute.
  • Jan dezakeen galdetu du.

2. «Ahal» eta «ezin» hitzak

Askotan, «ahal» hitza izen modura jokatzen dugula esan liteke:

  • Egizu, ahal baduzu.

«Ahal» eta «ezin» aditzarekin batera erabiltzen direnean, aditzaren laguntzailea zaindu behar da: «da» / «du».

  • Ezin *dut joan. ezin naiz joan
  • Ahalegindu da, baina ezin izan du. (aditz nagusia aipatu gabe)
  • Joan ahal naiz. Zuzena da, baina euskaldun askorentzat arrotza.
  • Joaten ahal naiz. Zuzena da, baina mendebaldekoentzat arrotza.

Forma horien lekuan «joan naiteke» edo zerrenda honetako besteren bat erabiltzen dugu euskaldun gehienok. Kontuz! Gauzak ez dira nahasi behar. Laguntzaile bakoitzak bere jokabidea ezartzen dio aditz nagusiari:

  • *Ikus ahal izan dugu. Ikusi ahal izan dugu.
  • Eskura dezaket. = Eskuratu dezaket.
  • Ezin ninteke ager. = Ezin ninteke agertu.

Bestalde, aditz lokuzio asko ere sortzen ditu «ezin»-ek, erabilgarriak guztiak:

  • Joan ezina dauka / du.
  • Joan ezinda / ezinik / ezinez / ezinka dago.
  • Ezin joana dauka / du.
  • Ezin joanez dago.

3. -tzea + [ukan / eduki / izan / egon]

Ezezko esaldietan eta galderetan erabiltzen da gehienbat, ezintasun fisikoa ez dena adierazteko (debekua, aukerarik eza...).

  • Ez du oinez ibiltzerik.
    (EZ genuke esango ezintasuna fisikoa bada)
    (BAI esango genuke medikuaren debekua-edo bada)
  • Lehiaketa amaitu arte ez daukate jakiterik zenbatgarren doazen.

Baiezko esaldietan berri samarra da, eta badirudi aditzari BA- erantsi behar zaiola.

  • Zulo beltzean dago, horrela esatea badago.

4. Lokuzioak

Era bitako izenekin sortzen dira:

a) posibilitatea adierazten duten hitzekin (era, egokiera, aukera, abagune, parada, modu), eta b) ahalmena adierazten duten izenekin (gauza, gai, ahalmen...):

  • Era dutenean egingo dute.
  • Irabazi egingo dute, horretarako gai dira eta.
  • Zenbait arrain tropikal gauza dira uretatik kanpo tarte txiki batez egoteko.
  • Zabalik dago, nahi duzuenean ikusteko modua izan dezazuen.

Ahala eta ezina adierazteko erak aipatzean, lokuzioen bidea erosoa eta zabala da. Baina badira arteztu beharrekoak.


4.1 AUKERA IZAN

Zerbait egin ahal izateko modua edo abagunea izatea adierazten du, "onuragarria" askotan. Ez da nahasi behar probabilitate edo hipotesi kontzeptuekin.

  • EZ: Teilatua jausteko aukera dago.
    • BAI: Teilatua jausteko arriskua dago.
    • BAI: Teilatua jausi daiteke.
  • EZ: %10eko aukera dago ebakuntza ez gainditzeko.
    • BAI: %10eko probabilitatea dago ebakuntza ez gainditzeko.
  • EZ: Aukera bi ditu Realak: partida galdu eta zuloan sartu, edo irabazi eta suspertzen hasi. (Aukera izatekotan, irabaztea hautatuko lukete)
    • BAI: Gauza bi egin ditzake Realak: partida galdu eta zuloan sartu, edo irabazi eta suspertzen hasi.
  • EZ: Minbizidun emakumeen alabek aukera gehiago dute gaitza garatzeko.
    • BAI: Errazago garatuko dute gaitza.
    • BAI: Probabilitate handiagoa dute gaitza garatzeko.


4.2. MODUAN IZAN (EGON) eta MODUA IZAN (EDUKI)

Antzekoak dira, baina ez dute gauza bera ematen aditzera:

  • moduan egon, izan egoera (ona, egokia) aipatzen da.
  • modua eduki, izan zerbait egiteko aukera edo bitartekoa aipatzen da.

Argiago ikusten da adibideotan:

  • Partida telebistaz ikusteko modua izango duzue. (BAI: telebistak emango du bitartekoa)
  • Partida telebistaz ikusteko moduan izango zarete. (EZ: esatariak ezin du halakorik esan, ez baitaki ezer ikusleen egoeraz)
  • Sendatu da, eta jokatzeko moduan dago. (BAI: jokalariaren egoera fisikoa ez da traba)
  • ???Sendatu da, eta jokatzeko modua du. (ZALANTZAZKOA: azken batean, entrenatzaileak erabakiko du)


4.3 POSIBLE DA / EZ DA POSIBLE

Ezin daiteke esan euskaraz erabili ez denik, baina erderakadatzat hartzen dute belarri askok. Beraz, ahal den neurrian ez erabiltzea aholkatzen diegu gure kazetariei.

  • Izena ematea posible duzue oraindik. Izena emateko garaiz zaudete oraindik.
  • Ez da posible gauzak gehiago okertzea. Gauzak ezin dira / daitezke gehiago okertu.


4.4 GAI IZAN / GAUZA IZAN

Gauza bat egiteko ahalmena izatea, balio izatea, gertu egotea adierazten dute berez, baina aspaldi honetan ezlekuan agertzen hasi dira:

  • EZ: Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxatzeko gauza da eta.
    • BAI: Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxa(tu) ditzake eta.
    • BAI: Txakurra ez da arrantzarako lagun ona, arrainak uxatzen ditu eta.
  • EZ: Elur jausiak ikusita, argi dago mendiok zertarako gai diren bizkarra ematen diegunean.
    • BAI: Elur jausiok ikusita, argi dago mendiok zenbaterainoko kaltea egin dezaketen... / zein arriskutsuak izan daitezkeen...

Tradizioan gehiago erabili izan dira honelako esaldietan:

  • Txondorra gai dagoenean (prest dagoenean) gainerakoa egingo dugu.
  • Istripua izan zuenetik ez da itsasorako gauza (ezin daiteke itsasoratu).
  • Txori asko ez dira gauza kaioletarako (ez dute balio).

Bibliografia

  • GOENAGA, P. (2002): «Euskal gramatika puntu batez: ahalaz eta ezinaz» in Erramu Boneta: Festschrif for Rudolf P. G. de Rijk, Artiagotia, X., Goenaga, P. eta Lakarra, J. A. (ed.). Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo.
  • EUSKALTZAINDIA (1987): Euskal gramatika. Lehen urratsak II. Bilbo.
  • Orotariko Euskal Hiztegia. Euskaltzaindia, Bilbo.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus