Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ehunekoak nola erabili

Ehunekoak nola erabili

2004-06-25 / 07:01 / Asier Larrinaga Larrazabal - EITB   HIZKUNTZA

Albistegietan, ia eguneroko kontua da inkesten berri ematea, KPIren gorabeheren berri, eta abar. Sarritan ehunekoetan ematen dira datuak. Honako idatzitxo hau kasu horietarako argibideak emateko asmoz egin dugu.

<b>%3a <i>ala</i> %3 ?</b>

%3a ala %3 ?

Ehunekoak mugagabean deklinatu behar dira, beste zenbaki guztiak bezala:

  • Euskaldunen %50 ados daude referenduma egitearekin.

Mugatuan, kasu batean bakarrik emango da: aurretik aipatutako kopuruaren osagarri denean.

  • Inkestatuen % 40k uste dute erakundeek gehiago egin beharko luketela etorkinen alde. Beste %60ak konforme daude oraingo politikarekin.

%3 hazi da ala %3an hazi da ?

Langabezia tasak, kontsumorako prezioen indizeak eta abarrek gorabeherak izaten dituzte. Kontuan hartu euskaraz, gauza bat zenbat hazi den galdetzen dugula ez zenbatean hazi den. Beraz

  • EAEn, langabezia %3 hazi da.
  • Barne produktu gordinak %0,8 egin du behera.

%3 da ala %3 dira ?

Normalagoa da aditza pluralean jartzea: mendebaldeko hiztunentzat naturalagoa da, eta erabilera zabalagoa dauka.

  • Ikusleen % 20k aukeratu dute ETB.

Gainera, plurala erabilita, askotan errazagoa da testuaren koherentziari eustea.

  • %80 lanik gabe daude, eta horietatik erdiak emakumeak dira.

%33 ala hirutik bat ?

Kontuan hartu askotan, ehunekoetan galdu beharrean, proportzioak emateko modu argiagoak ere badaudela:

  • Euskaldunen erdiak bat datoz referenduma egin behar dela.
  • EAEn hamar emakumetik lauk erabiltzen dituzte antisorgailuak.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

  • Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Ortotipografia lana
2004-06-25 / 12:49 / Joxe Ramon Zubimendi

Agur!

Irakurri berria dut zuen zerbitzuan ehunekoen erabilerari buruzko ekarpen bat. Esan beharra dago Euskaltzaindiak ez duela ezer berezirik arautu gai horri buruz. Hortaz, eta erabiltzaileen zalantzak argitzen lagundu nahirik, mezu honi atxikita bidaltzen dizuet dokumentu bat: hain zuzen ere, nik neuk egindako "Ortotipografia" izeneko lanaren zati bat. Lan hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko EIMA programaren estilo-libururako egina, adostua eta bere horretan finkatua da, eta Euskaltzaindiko Jagon sailaren oniritzia duena. Espero dut dokumentu horren edukia lagungarri gertatuko zaiela euskalgintzako profesionalei.

Ez adiorik.

(JOXE RAMON ZUBIMENDI Euskaltzaindiaren JAGONET zerbitzuaren arduraduna da)

Ehunekoak

BAT Ehunekoa digitoz idazten da, % sinboloaren eskuin aldean kopuru zehatza emanez eta bien artean hutsune bat utziz.

% 7 % 15 % 82 % 7,3 % 11,45

BI % sinboloaren euskal izena ehuneko da. Hortaz, ehunetik, ehunetarik eta gisako hitzak letraz letra baizik ezin dira idatzi; ez baita kasu bera.


HIRU Ehunekoa deklinatzeko, % sinboloaren eskuinean digitoz adierazitako zenbakia deklinatu behar da, kasuan kasuko atzizkia erantsiz marratxorik gabe.

  • Irabaziak % 7tik % 15era igo arren, % 7,3ko etekina atera du bazkideen % 82k.


LAU Ehunekoa zenbat hitzaren ereduan deklinatzen da eta, beraz, mugagabean jokatzen da; salbu eta, aurretik emandako ehuneko kopuru(ar)en osagarri delako, mugatu singularrean jokatzen den kasuan.

  • Kontinentearen % 5 izotza da. (eta ez “% 5a”)
  • Udalak % 35 ordaintzekotan, Foru Aldundiak % 25, eta gainerako % 40a geuk.


BOST Ehunekoak singularrean egiten du aditzaren komunztadura.

  • Ikasleen % 78k garaiz egin ditu lanak.
  • Bezeroen % 57,32 pozik dago.
  • Sagarren % 31 kanpotik ekartzen dute.
  • Gaixoen % 7ri gertatu zaio.

    Oharra:

    Testuinguru bereziren batean, pluraleko erreferenteak berera ekar dezake komunztadura.

    • Zuetariko % 87k ondo gainditu du/duzue azterketa.
    • Zein bere hizkuntzan mintzatu zen/ziren hizlarien % 20.


SEI Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatzi behar da % sinboloa.

  • Botoen % 24 bereganatu du alderdi horrek.

Eta ez

  • * % 24 boto bereganatu du alderdi horrek.

Baina zuzenak dira honelakoak:

  • Ehunetik (ehunetarik) hogeita lau boto bereganatu ditu alderdi horrek.
  • % 1,4 igo dira prezioak. (eta ez “% 1,4an”)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus