Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen aldeko jarrera enpresetako euskara planetan

Euskararen aldeko jarrera enpresetako euskara planetan

2004-06-10 / 07:30 / Joxpi Irastortza Madariaga - EMUN   ENPRESA

Enpresetako Erabilera Planetan askotan gertatu ohi da langileek euskararen aldeko jarrera duten arren, emaitzak ez datozela bat azaldutako jarrerarekin. Euskal Herriko enpresa batean langileen jokabidean eragiteko saiakera daukazu erabili.com-en.

Ondoko lerro hauen bitartez, langileen jarrerak Enpresetako Euskara Planetan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horretarako, plana abian duen enpresa batean izandako esperientzia azalduko dugu, bertan egindako proba pare baten gaineko datuak, emaitzak eta ondorioak azalduz.

Enpresetako Euskara Plan bat martxan jartzerakoan, ohikoa da plan horren diseinua egitea, eta, jakina, hori burutzeko informazioa jasotzea. Informazio hori biltzeko, besteak beste, langile guztiei galdetegi bat betetzea eskatzen zaie, eta, galderen artean, planari buruzko jarrera eta euskararen erabilera areagotzeko zenbait eremutako edo zenbait eginkizunetako balorazioa egitea. Inkesta horretatik jasotako emaitzak positiboak izan baziren ere (%97k planarekiko jarrera ona agertu zuen), plana martxan jartzearekin batera ohartu ginen esana eta izana ez zetozela bat.

Zer dela eta gertatzen da esanaren eta izanaren arteko alde hori? Fishbein eta Ajzen (1975) saiatzen dira, beren Ekintza arrazoituaren teoriarekin, subjektuaren portaera aurresaten eta definitzen. Portaeratik hurbilen dagoen aldagaia subjektuak portaera horrekiko adierazten duen “intentzioa” da. Beraz, autore horientzat, aurren-aurreneko eginkizuna jokabidearen intentzioa aurreikustea da. Portaera intentzio hori, era berean, bi aldagaiz mugaturik agertuko da. Aldagai bat jarrera dugu, eta bestea arau subjektiboa.

Beraz, subjektuak duen jarrera eta arau subjektiboa direla medio, haren portaera intentzioa mugatu ahal izango dugu, eta, horren bidez, baita portaera aurresan ere.

Arestian esan dugunez, diseinu garaiko inkestetatik jasotako emaitzak eta eguneroko jardunean gertatzen ari zena ez zetozen bat, hau da, langileek galdetegiaren aurrean erakutsi zuten jarrera eta errealitateko portaera ez zetozen bat. Beraz, ondoren egin genuen probaren bitartez, beste pauso bat gehiago eman nahi izan genuen.

Lehenengo proba: langileen portaera intentzioa

Bi autore horien Ekintza arrazoituaren teorian oinarrituta portaera intentzioa denez, portaeratik gertuen dagoen aldagaia, hainbat galderaren inguruan zuten intentzioaz galdetu genien langile batzuei.


Metodoa

  • Lagina

    Bulegoetako 60 langilek hartu zuten parte proba honetan. Guztiak euskal hiztunak, Euskararen Erabilera Taldeetako partaideak. Langileen batez besteko adina 43 urtekoa zen; gazteenak 24 urte, zaharrenak 56 zituen.

  • Materiala

    Norbera zer egiteko prest egon zitekeen ikusteko, 14 itemi buruz galdetu zitzaien. Baloratzeko, 5 puntuko Likert eskala erabili zen (1=bat ere ez; 2=gutxi; 3=tira, zerbait; 4=bai, baino; 5=bai, jakina!).

  • Prozedura

    Guztiei galdera berberak egin genizkien, eta aste baten buruan jaso. Galderak enpresako Euskara Batzordeko kideek banatu eta jaso zituzten. Galdetegia anonimoa zen. Departamentua, adina eta alfabetatua izatea edo ez izatea adierazteko besterik ez genien eskatu.


Emaitzak

Labur esanda, estatistikoki emaitza esanguratsurik ez zen izan, aldeko edo oso aldeko agertu ziren hamalau itemak baloratzekoan. Beraz, emaitza esanguratsurik agertu ez zenez, osagai garrantzitsuenen analisia egin ostean, faktoreetan taldekatu genituen, eta alfabetatu/ez alfabetatu, adina eta departamentua aldagaiekin gurutzatu, ea horrela emaitza esanguratsurik ageri zen ikusteko.

Hasierako azterketarekin gertatu zen bezala, osagaiak taldekatu ondoren ere ez zen emaitza esanguratsurik izan, ez adinaren, ez alfabetatu/ez alfabetatu eta ez departamentuaren arabera ere. Guztiak agertu ziren prest baliabideak euskaratzeko, euskaraz gehiago egiteko (ahoz zein idatziz) eta abarretarako. Baina, lehen esan duguna: borondate ona bai, baina egunerokotasunean ez zen horrelakorik islatzen.

Bigarren proba: zenbait jarrera objektu ez daude pertsonon kontrolpean

Azken urte hauetan, Fishbeinen eta Ajzenen 1975eko Ekintza arrazoituaren teoria beste ekarpen inportante batzuekin aberastu da. Hor ditugu, adibidez, Ekintza planifikatuaren teoria, batetik, eta Inplementazio edo praktikan jartzeko intentzioari dagokiona, bestetik.

Portaera pertsonaren kontrolpean dagoenean, Akzio arrazoituaren ereduak ez du arazorik planteatzen. Baina, portaera askok ihes egiten dio, partzialki bada ere, kontrol horri, eta pertsonak kontziente dira horretaz. Pisua galtzea, erretzeari uztea, ikasgai zail batean bikain ateratzea, norberaren euskara maila hobetzea, esate baterako, hauteskundeetan alderdi jakin bati botoa ematea baino kontrolagaitzagoak dira. Mota horretako portaerak aurrera eramateko orduan, izan ere, pertsonak hautemandako kontrolak ere eragin egiten baitio intentzioari. Hau da, euskara maila hobetzeko aldeko jarrera posiblea alde batera utzita, subjektuak hori lortzeko bere inguruan duen presio indartsua ere alde batera utzita, bere intentzioan hori lortzeko posibilitate subjektiboak ere pisua izango du.

Ekintza arrazoituaren teoriari egindako errebisioaren haritik, zenbait jokabide ezin izaten dugu kontrolatu, eta noski, aipatu dugun langilea, gai izango al da, edo gai al da, euskararekiko duen intentzio hori kontrolatzeko? Hau da, kanpoko erraztasunik ba al du portaera hori burutzeko? Erabiltzeko trebetasunik, motibaziorik… ba al du? Portaera intentzioan ez ezik, portaera errealean ere izango al du langile horrek kontrol ahalmen hori? Gorago ere esan dugu jarrera objektu batzuk kontrolagarriagoak eta beste batzuk kontrolagaitzagoak direla. Galdetegi batean euskararen aldeko jarrera azaltzea ez da batere kontrolagaitza; ez da hain kontrolagarria, ordea, gure planetan gertatzen den bezala, zenbait pertsonarekin dugun hizkuntza erabilera ohitura aldatzea, kontrolagarri izateko baldintzarik egokienak izanda ere.

Horrela, Ekintza arrazoituaren lehen ereduari beste aldagai bat erantsi zaio, eta, hala, Ekintza planifikatuaren teoria gauzatu da. Aldagai horrek, “hautemandako kontrolak”, aurreko biekin batera intentzioari eragiteaz gainera, portaerari ere zuzenean erasango dio. Grafikoki honela azalduko genuke:

Hautemandako kontrolaren eragina, ondoko bi elementuotan banatzen da:

  • a) kanpoko faktorea, zeina portaeraren burutzapeneko kanpoko erraztasun, aukera eta abarri dagokion; eta
  • b) barneko faktorea, zeina portaeraren burutzapeneko trebetasunari, motibazioari, desirari eta abarri dagokion.

Gure hipotesia hauxe zen: uste edo pentsatzen den hori egingo dela baieztatzeko, inplementatu egin behar da -abian jarri, alegia- gure konpromiso hori, jarrera foku edo objektu hori. Gainera, jarrera batek, gero izango den jokabidearen ingurukoa izango bada, behintzat, kanpoko kontrol edo jarraipen baten eragina izan beharko du. Gure ustez, norberak hartzen dituen konpromisoen jarraipena egiteak, jarraipenik ez egiteak baino betetze maila altuagoa izatea ekarriko du. Halaber, iruditzen zitzaigun zenbait ohitura aldatzen hasteko -hain errotuta dauden gaztelaniazko harremanak euskaraz izan daitezen bideratzeko, gure kasuan- baliagarria ere izan zitekeela hori.


Metodoa

  • Lagina

    Enpresan euskararekiko motibazio eta inplikaziorik handiena zuen departamentura jo genuen. Gizatalde inplikatua izanagatik, arestian esan dugun bezala, esatetik egitera alde nabarmena dago, eta, horregatik, departamentu horretako bi talderen arteko konpromisoen betetze mailak aztertu nahi izan genituen. Departamentuko langileen jarrera positiboa da, euskararekiko; kontrakoa ez, behintzat. Presio soziala euskararen balantzarako da. Zoriz, hamarreko bi talde aukeratu genituen.

  • Materiala

    Bi taldeei konpromiso zerrenda berbera aurkeztu zitzaien; 29 konpromisoko zerrenda, hain zuzen ere (norberak egiteko konpromisoak, besteei egoztekoak, progresioa eskatzen dutenak, behin eginez gero konpromisoak betetzen direnak, departamentuko eginkizun espezifikoen gainekoak, eginkizun orokorren gainekoak, ahozkoak, idatzizkoak, euskara formala edo informala erabiltzeari buruzkoak, puntualak, jarraipena eskatzen dutenak...).

  • Prozedura

    Talde bateko kideei hilabete bateko konpromisoak aukeratzeko esan genien. Beste taldekoei, hilabete batean, egunero-egunero (19 egunetan), fitxa bat bete zezaten eskatu genien, norberak bere konpromisoak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko. Hau da, talde esperimental bat dugu, hamar langilez osatua, eta beste hamarrek kontrol taldea osatzen dute. Lehenengo taldekoek eguneroko jarraipena izango dute, eta bigarrenekoek ez dute jarraipenik izango. Kontrol taldea osatzen zuten hamar langileekin banan-banan egon ostean, konpromiso taula bat bete genuen; hilabete bateko konpromisoak, hain zuzen ere. Talde esperimentaleko langileei, berriz, egin behar zutena banan-banan adierazteaz aparte, guk prestatutako ohar bat uzten genien mahai gainean, lanean hasi baino lehen, konpromisoa gogorarazteaz gain, nolabaiteko pertsuasio eta kanpo-kontrola eragiteko asmoz. Egunero, beren konpromiso taula bete eta aurreko eguneko konpromisoen betetze mailaren estimazioa egin behar zuten.

    Laburbilduz, ikusi nahi genuen ea talde batek, inolako jarraipen eta kontrolik egin gabe, zenbat konpromiso hartzen zuen, eta ea zenbateraino betetzen zituen. Beste taldean, berriz, jarraipen zehatza egin eta ea konpromiso kopuru handiagoa eta konpromiso maila altuagoa zuten ikusi nahi genuen, gure usteak baieztatzeko edo ezeztatzeko.


Emaitzak

  • Hartutako konpromiso kopurua.

    Hartutako konpromiso kopurua
    (batez bestekoa)

    Gure usteak baieztatuz, jarraipena jasandakoek -talde esperimentalekoek, alegia-, kontrol taldekoek edo jarraipena jasan gabekoek baino ia hiru aldiz konpromiso gehiago hartu zituzten, batez beste. Lehenengoek, proposatutako konpromisoen herena hartu zuten (29tik, 10 pasatxo); bigarrenek, aldiz, proposatutakoen ia hamarrena, eta jarraipena nozitu zutenekiko herena. Bistan da, beraz, alderdi kuantitaboari dagokionean behintzat, jarraipena egiteak nabarmen eragin ziola konpromisoak betetzeari.

    Hala ere, batzuen eta besteen arteko aldea estatistikoki esanguratsua zen jakiteko, T-test froga bat egin genuen. Eta, espero zen bezala, emaitzak oso esanguratsuak izan ziren.

  • Konpromisoen betetze maila.

    Konpromisoen betetze maila
    (batez bestekoa)

    Konpromisoen betetze mailari dagokionean ere nabari-nabaria da (grafikoa ikusi besterik ez dago) jarraipena jasan zutenek, kanpoko eragina nozitu zutenek, neurri handiagoan bete zituztela hartutako konpromisoak jarraipenik jasan ez zutenek baino. Talde esperimentalekoek, egunero-egunero beren konpromisoak hartuta, betetze maila nahikoa altua zuten (%75ek pasatxo, hain zuzen ere). Aldiz, kontrol taldekoek, betetze maila baxuagoa izan zuten nabarmen (ia %42).

    Bestalde, konpromiso kopuruaren eta betetze mailaren arteko korrelazioak ere egin genituen, eta horietan ere garbi ikusten da zenbat eta konpromiso kopuru handiagoa orduan eta betetze maila altuagoa dela.

Ondorio nagusiak

Dagoeneko esan dugu, behin baino gehiagotan esan ere, gizakion jarrerek nolako eragina duten hartzen ditugun erabakietan. Era bateko ala besteko jarrera izateak ere eragina duenez, beraz, bistan dago gure enpresetako Euskararen Erabilera Planetan ere kontuan hartu beharreko aldagaia dugula jarrerarena.

Baina, bestalde, jarreren kontu hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Ez da kontzeptu sotil eta hutsala. Konstruktu konplexua dugu, barren korapilotsua duena eta, horregatik, korapilo horiek askatzen saiatu behar dugu.

Berez, jarrerak, pertsonok inguruarekiko egiten ditugun egokitzapen motak direla esan genezake, betiere egokitzapen horiek aktiboak izanik eta denboraren eta tokiaren araberako ezaugarriak ere aldakorrak izanik. Halaber, gure helburuak lortzeko lagungarri zaizkigun gauzek erakarri egiten gaituzte, eta baita positiboak iruditzen zaizkigun alderdiek ere; eta, alderantziz, negatiboak baztertu egiten ditugu, edo horretara jotzen dugu behintzat. Era horretan, espektatiba batzuk eraikitzen ditugu, balantzaren alde batean edo bestean kokatzen gure interesen, nahien eta motibazioen araberako balioak. Non dago, esate baterako, gutariko bakoitzaren balioetan, euskara? Zertan lagundu edo oztopatzen dio inguruak pertsona horri era bateko edo besteko jarrera izaten? Zenbateko erraztasuna dugu aurretiko jarrerak aldatzeko? Nola eragin dezake norberaren motibazioak? Nola lagun dezakegu besteen jarrerak aldatzen? Zergatik azaltzen dugu jarrera bat eta gero ez dator bat hartzen dugun jokabidearekin?

Jarrera objektu guztiak ez dira izaera berekoak. Batzuk kontrolagarriagoak dira, besteak kontrolagaitzagoak. Portaera askok ihes egiten dio, partzialki bada ere, kontrol horri, eta pertsonak kontziente dira horretaz. Konparazio baterako, erretzeari uztea edo euskara zenbait eremu eta egoeratan erabiltzea kontrolagaitz gertatzen zaigu; borondate ona edo intentzioa, izan, badugu, baina beste zerbaitek ez digu aurrera egiten uzten. Asko izan daitezke arrazoiak.

Jarrerak aldatzea ez da batere erraza, eta gutxiago hain barneratuta daukagun gaztelaniaren morrontzatik irtetea. Baina posible, izan, bada. Norbaitek esaten zuen bezala, “kostatzen denak balio du”. Gaztelaniak urteetan egin digun erasana gainditzea ez da gauetik goizera lortu ahal izango dugun zerbait; ez, noski. Baina, betiko lantu eta negarrak isurita ere ez dugu euskararen alderako jauzirik egitea lortuko. Horretarako, erabilpena abiarazi behar dugu. Hori, hasteko. Eta ondoren, pausoka-pausoka, helbururik errazenetik hasita, tantaka-tantaka, aurrera egiten segi behar dugu, euskararen aldeko apurtxoak egiten, etenik gabe.

Sekula santan euskaraz hitz egin ez dugun lankide euskaldunarekin euskaraz egiten hastea jarrera aldatzea dela, noski; orain arte posta elektronikoz mezuak gaztelaniaz idatzi eta, konpromiso hartzearen ondorioz, euskaraz ere idazten hastea, jarrera aldatzea dela, jakina. Baina, ez gaitezen horretan gera. Euskalduntasunaren zakua betetzen joan behar dugu, oraindik ere erdi bete edo erdi hutsa baitugu. Ikas ditzagun enpresetan ohikoak diren testu laburrak euskaraz idazten, joan gaitezen ohitzen euskarazko terminologiaz. Azken batean, ohitu gaitezen orain arte gaztelaniak betetzen zuen eremu honetan euskarari sarbidea ematen.

Jarreren inguruko azterketa hauekin, egia esan, puntu honetara iritsi nahi izan dugu: jarrerak aldatzea (zenbait jarrera behintzat bai; euskararen erabilerarena, esate baterako) oso zail gertatuko zaigu, baldin eta borondatetik ekintzetara pasatzen ez bagara behintzat, ttanttaka-ttanttaka gure apurtxoa egiten ez badugu, euskara lan-ohitura eta ohitura-lan bilakatzen ez badugu. Euskararen auzia “intentzio kroniko” bihurtzea nahi ez badugu, esanetik izanerako jauzia eman behar dugula, alegia.

Festinger-en (1957) arabera, pentsatzen eta egiten denaren artean inkongruentzia denean, disonantzia gertatzen da. Disonantzia horrek, halako barne-gatazka bat sortzen dio subjektuari, gatazkan diren bi aldeen arteko oreka bilatzeko joera izatea eragiten diona. Euskararen gaineko barne-gatazka honetan, hala ere, gatazka bera da bistaratu behar duguna. Eta zertarako bistaratu? Bada, inkongruentzia dagoela ikusteko; norberaren esanaren eta izanaren arteko tartea murriztu ahal izateko, ikusi ere.

Enpresa askotako langileen artean ohikoa da honelakoak entzutea: “Halako eta halako beste halako eta halakorekin gaztelaniaz egiten ohitu da, eta ohitura hori aldatzea oso zaila da”. Jakina zaila dela; izango ez da ba! Baina, inola ere ez ezinezkoa. Egiten dugunaren eta egin dezakegunaren artean dagoen jauziaz ohartzea ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Eta nahikoa ez denez, kanpoko eragileok egin beharko dugu sator lana, akuilu lana nolerebait.

Langileek euskaraz duten gaitasuna, dituzten beharrak, euskararekiko duten portaera… halako continuum batean kokatzen jakin behar dugu; izan ere, ohiturak aldatzea lortuko badugu, inoren ezaugarri eta beharretara egokitutako motibazio ekintzak prestatu eta burutu beharko ditugu.

Azkenik, esan dezagun askotan ahaztu egiten zaigula Enpresetako Euskara Planak maratoiak direla, eta ez ehun metroko lasterketak. Emaitzak epe motzean jaso nahi genituzke, baina, esan bezala, hasi besterik ez gara egin enpresetako euskararen normalkuntzaren bidean. Ttanttaka-ttanttaka, poliki-poliki, barraskiloaren pausajearekin, inor bidean erre gabe, ziur gaude erdietsiko dugula helmuga honetara ere sasoiz iristea.


(JOXPI IRASTORTZA MADARIAGA EMUN Koop. Elk.-ko kide da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus