Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE

Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE

2004-06-08 / 07:01 / Mikel Zalbide   HIZKUNTZA

Hizkuntzaren soziologia jakintza-alor gaztea, berria eta osatugabea da gaur-gaurkoz.

Gaztea da, oraindik ez baitu berrogei bat urte besterik. Berria da bere enfokea, linguistikaren eta soziologiaren tarte-bitartean garatua, gizarte-zientzia askoren (soziologia, historia, antropologia, linguistika) eta ohiko zientzia instrumentalen (batez ere estatistikaren) azken orduko hainbat ekarpenez eratu delako. Osagabea da, azkenik, aztertu nahi duen errealitatearen informazio partzial-mugatutik abiatu behar izan duelako: mundu zabalean dauden ehunka edo (seguruago) milaka konstelazio etnokultural arriskupekoren situazio konkretuak ezin ezagutu ahal izan dituzte, ez osorik behintzat, zientzi adar honen sortzaile eta finkatzaileek. Luze-zabaleko gizarte-berrikuntzak eta bere iturburu, bidaide eta ondorio diren bilakaera politiko-operatiboek hil ala biziko situaziora ekarritako hainbat hiztun-herrik oso ibilbide berezia izan du. Askoren ebidentzia enpirikoak oraindik ahulegi deskribatuak daudenez zaila da guztientzat balio izango duen formulazio teoriko zehatzik asmatzea.

Hori guztia horrela izanik ere, ez dago dudarik pauso handiak egin direla azken berrogei urte inguruan, hizkuntzaren soziologia oinarritze aldera. Lehendik zetorren literatura-modu bat, Europa erdialdeko (batez ere alemanez idatzitako) bibliografia "soziolinguistiko" bat eskueran zegoen, gainera, hutsetik hasi behar ez izateko. Bai aurreko bibliografia horretaz baliatzea, eta bai hizkuntz soziologia fundatzea, Estatu Batuetan egin izan da, inon baino sakonago, joan den mendearen hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko urtealdietan. Langintza horretan leku nagusia izan du, begiratzen den aldetik begiratzen dela, Joshua A. Fishman irakasleak. Bai elaborazio kontzeptualaz, bai lehendikako konstruktu teorikoak hizkuntz soziologiaren (aurrerantzean: HS-ren) jakintza-gai berrian txertatzeari dagokionez, eta bai zientzi adar berriari mundu mailako perspektiba zabala eskaintzea denaz bezainbatean, jakintza-alor honetan aurrera egin nahi izan duen edonoren buruzagi eta ildo-berritzaile gertatu da Fishman irakaslea. Berak landuak dira adibidez, inork baino kontzeptualizazio- lanketa handiagoz agian, dominance configuration, language spread eta language shift kontzeptuak. Azkeneko horri helduko zaio hemen batez ere, language shift edo mintzaldatzeari alegia. Hizkuntz ordezkapena ere esaten zaio gure artean, eduki berberaz edo antzekoaz. Zaragozara zoazenean, tabernara edo enpresa batera sartu eta erdaraz hasten zarenean, hori ez da language shift. Ezer izatekotan code switching da hori, edota horretatik hurbilago dago behintzat, normalean. Horretaz ez gara ari, ordea, mintzaldatzea gora eta mintzaldatzea behera dihardugunean.

Aldiz, norbaitek esaten badizu:

  • a) "nire mutiko-denboran euskaraz egiten zen Aieten (Donostia aldeko auzo batean), ehunetik laurogeita hamabosten. Hala egiten zen ia etxe guztietan, orobat Muntoko eta gainerako sagardotegietan, Elizan eta eliz inguruko kontuetan, baserrietatik Donostiako merkatura (Bretxara edo San Martina) eguneroko tratua egitera (hots, baserriko berdurak, frutak, esnea, oiloak eta arrautzak... saltzera) jaisten ziren etxekoandre eta laguntzaile guztien artean, Santakruzetan auzoko (Goiko Galtzadako) jaietan, soro-zelai eta baratzetan, baserri-lanetan, bide-bazterrean (bertatik pasatzen ziren itzainekin), inguruko neska-mutilen artean beren jolas, joko, haserrealdi eta gainerako gorabeheretan, amonak ilobei goizeko eta gaueko errezoak erakutsi eta elkarrekin esaten zituztenean, aitonak bere gaztetako ipuinak eta pasadizoak kontatzen zizkizunean, Intxaurdegi aldera osabarekin pentsu bila joaten zinenean, Oriamendiko ur-deposituetako Sebastianekin berritsuketan hasi eta berak, tartean-tartean, bertsotan erantzuten zizunean, Gurugu ondoko Matxainek toka- eta bola-jokoa antolatzen zuenean, Añorga aldetik metak egiten laguntzera etortzen zen Belartxarekin...

    Euskaraz egiten ziguten, eta hala egiten genien guk, Garaizar enpresako autobus-gidari hernaniarrei ere. Autobusera sartu orduko, nahiz Avenida parean pasa, bazenekien euskara zela ingurumen horretan (hots, autobusean zebilen jendearen artean) nagusi.

  • b) Egia da, ordea, besterik ere bazela Aieten, orain dela berrogeita bost urte: eskolara joan orduko erdaraz egin behar zen guztia, paseanteak Donostiatik etortzen zirenean erdiek ez zekiten euskaraz eta erdaraz erantzun behar zenien "¿vendeís manzana?" galdetzen zizutenean; etxeko paper guzti-guztiak erdaraz zeuden, eta kartak ere halaxe etortzen ziren denak; uda partean Franco etortzen zenean, bestalde, goiko jauregi ingurua arrotzez (aietearrekiko harremanei dagokienez, batez ere Francoren guardia mora delakoaz) betetzen zen; udalaren Borrotoko fielatoan zegoen guardak ere ez zekien hainbatetan euskaraz...
  • c) Baina euskaraz bizi zen Aieteko jendea, hamarretik bederatzietan, eguna joan eta eguna etorri. Euskara zen haien bizitzan, goizeko errezotik hasi eta gauean oheratu arte (baita gaueko ametsetan ere, hartaraz gero) jaun eta jabe. Erdara ere hor zegoen, ezinbesteko hizkuntza zen Aldapetan behera jaitsiz gero: baina Aieten euskara zen nagusi. Aieteko euskara-erdaren dominance configuration, eguneroko mintzajardun zabal, arrunt etengabeari dagokionez, euskararen alde makurturik zegoen oso. Berak dominatzen zuen etxean (ia etxe guztietan), kalean, taberna-zuloan, karretera bazterrean, jai-ospakizunetan eta zelai-soroetan.
  • d) Orain, aldiz, erdara entzuten da gehien-gehiena Aieten. Kontuan izan urbanizatu egin dela Aiete baserri-auzo zena "ciudad dormitorio" eta zerbitzu-enpresen egoitza berri, zabal, modernoa bihurtu da Aiete, Miramongo bere parke teknologiko eta guzti. Zoaz orain Ibermatikara, adibide enblematikoena baizik ez aipatzearren, goiz eta arratsalde euskara hutsean lan egitera: ea zer burubide ateratzen duzun. Zoaz Aiete osoko etxebizitza berri, familiabakar, txukun, ugarietara... Zoaz bertan sortu diren supermerkatu-denda eta kirol-instalazioetara, zoaz jatetxe berrietara... Donostiako apendize urbano bihurtu da Aiete, eta Donostian lehenagotik jaun eta jabe bihurtzen ari zen gaztelania hori bera ari da orain Aietez jabetzen. Ez da osorik amaitutako zikloa (berrogeita bost urte gutxitxo dira, gero ikusiko denez, hiru belaunalditako shift-korrimendua osorik burutzeko). Egia da gainera eskoletan (azken hogeita hamar urteotan sortu diren Jesuitinen ikastetxean, Axular ikastolan eta abarretan) bultzada ederra (ez denetan, halere, urrundik ere, neurri berekoa) eman eta ematen zaiola euskarari. Egia da, azkenik, telebista-kate bat (beste zazpi, hogeita zazpi edo n-ren artean) euskaraz dutela aietearrek, gainerakook bezala,... baina euskarak atzera egin du Aieten. Gero eta jende-proportzio handiagoak erdaraz egiten ditu (askok ezinbestean, jakin ere ez baitaki euskaraz) goizetik gauera arteko mintzajardun gehienak, bai Aieten bertan eta bai lanera, erosketak egitera, zinea ikustera edo lagunekin baxoerdi batzuk hartzera kalera jaisten (hots, Donostiako erdialdera joaten) denean.

Aieten, hitz batean, language shift gertatu da edota, nahiago baduzue, gertatzen ari da. Hori da language shift, ez Urrestillako (Azpeitia aldeko) kamioizalea Zaragozara joan Landetako kargamenduaz eta han, kamioia deskargatzerakoan edo aldameneko tabernan garagardo bat eskatzerakoan, erdaraz ari denean. Hori ez da language shift: gauza bat da hiztun batek, situazio jakin batean, ageri duen mintzamoldea, eta bestea (oso bestea gero!) hiztun-talde batek, jardun-esparru batean edo askotan, luze-zabalean darabilena. Euskaraz, horregatik, luze-zabaleko mintzaldatzea esaten dugu sarri, kontuotan ibili ohi garenok, mintzaldatzea esan ordez. Biek balio dute, ordea, lasai asko. Beste zenbaitek, gaztelaniazko desplazamiento lingüístico (ingelesezko language shift-en erdal itzulpen ezagunena) gogoan izanik seguru asko, hizkuntz desplazamendua ere esaten du. Hizkuntz ordezkapena ere asko esaten diote, funtsean gauza bera edo oso antzekoa denari. Eta badira, han-hemen, izendapen-modu gehiago ere. Nolanahi ere, gauza bat izan behar genuke argi: ingelesez ere ez direla gauza berberak language change, language shift, language attrition, language loss eta language death. Inola ere ez dira gauza bat eta bakarra horiek, fenomeno global batean estadio diferentetzat har badaitezke ere hainbatean. Guk ere kontu handiz ibili beharko dugu, hortaz, kontzeptu horiek banan-banan tratatzerakoan. Esan dezagun hortaz, laburbilduz, ingelesezko bibliografia teknikoan language shift esaten dena mintzaldaketa, mintzaldatzea edo luze-zabaleko mintzaldatzea izendatuko dugula guk.

Fishmanen konstruktua (hemen aztertuko dugun formulazio teorikoa) badakizue zein den: gaixorik dagoen hizkuntza bat indarberritzeko (zenbait kasutan, gero ikusiko denez, biziberritzeko) Reversing Language Shift. Hots, Aieteko Language Shift (LS) edo mintzaldatze horri buelta eman eta Atik Bra joaten ari ziren urak berriro ere Btik Ara eramatea (edo, garbiago esateko, eramateko bidean jartzen saiatzea). Gure artean aspalditxodanik erabili izan den esapideaz baliatuz, RLSren itzulpen gisa Hizkuntza INdarBErritzea erabiliko dugu. Laburpenez, HINBE. Saio bat da RLS edo Reversing Language Shift hori, ezer baino gehiago. Gure begien aurrean leku gutxitan, arras gutxitan, esan liteke RLS edo HINBE hori buruturik, arrisku guztiak gainditu eta gailendurik dagoela. Horrelako adibide praktikoetan pentsatzen hastean Israel etorri ohi zaigu, askotan, lehenengo eta behin gogora. Gero ikusiko dugunez, saio-kutsu hori zentral-zentrala da RLS horren baitan. Fishmanek ez du, bere konstruktu horrekin, garantiarik eskaintzen. Sokatiran egin behar bada, eta aurrean tokatuko zaiguna geu baino ahulagoa nekez izango dela pentsa badezakegu, gure indar-apurrak alferrik ez galtzeko gomendio-sorta eskaintzen du Fishmanek, bere Reversing Language Shift edo RLS horren bidez. Eta jakina, HINBE edo RLS zer den ondo entendituko bada, LS zer den, noiz gertatzen den eta zergatik aurrera egiten duen jakitea behar-beharrezkoa da. Hori gabe, arrisku handia dago RLSaz ondo ez jabetzeko.

Aieteko adibide hori zeharo kasu puntuala da: ez digu luze-zabaleko mintzaldatzearen ikuspegi global, osabidezkorik eskaintzen. Norbaitek esan diezaguke, eta arrazoiz, "Aieten hala izango da baina Astigarragan ez, eta gu ere Donostiatik ordu-laurdenera gaude (gaur). Hemen ere Aieten bezalatsu ziren kontuak, orain dela berrogeita bost bat urte, eta gaur euskaldun izaten jarraitzen dugu, erdiak hor nonbait, etxean eta sagardotegian, kalean eta lagunartean". Ausartagoren batek, hori guztia entzunik, beste ondorio hau ere atera dezake: Astigarragan ez da inolako language shift arrastorik ere ageri. Hori ez da ordea egia, hori argitu nahi genuke behintzat, eta hortik hasiko gara hurrengo puntuan. Mintzaldatzearen kontzeptua, zientzia gehienetako paradigma-eredu askoren pare, globala da bere formulazioan. Gure eguneroko gizarte-bizitzan maizenik aurkituko duguna nahas-egoera da ordea, konstruktu teoriko jakinaren goitik beherako aplikazio osabetezkoa baino areago.

Eta non kokatu behar dut Lurdes, ni bezala, Donostiako Amara Berrin bizi den Lurdes? Aurrezki Kutxan lan egiten du Lurdesek, euskaldun berria da bere senarra bezala, eta D ereduan dituzte seme-alabak. Donostian jaioa da Lurdes, senarra bezala; guraso erdaldunak zituzten eta etxean erdaraz egin zuten beti. Gaztetan (70eko urte zoro haietan) euskaraz ikasi zuten eta euskaltzaleak dira: seme-alabei ere euskaraz egin izan diete maizenik, txikiak izan diren artean. Hazi egin dira, ordea, Ainara eta Jon. Eta jakina, "etorri hona" eta "eman niri pilota" esateko garaiak pasa ziren. Gauza konplexu eta konplikatuagoak esan behar izaten dizkiote elkarri, eta... erdarara oso erraz pasatzen dira. Nola lotzen da Donostiako Lurdes-familia guztien mintzajarduna mintzaldatzearen kontuarekin?

Zer da language shift (LS) edo (luze-zabaleko) mintzaldatzea (MA)?

Garbi daukagu guztiok Urrestillan ez dela mintzaldatzerik gertatu, bertako Joantxo astean behin, bere kamioia Landetan ondo kargaturik, Zaragozara joaten delako eta, bidean zein Pilarika ondoan, gaztelaniaz egiten duelako. Kasu estremoa da hori, punta-muturrekoa, eta horrexegatik jarri dugu hemen. Era horretako pasadizo bakan, norbanako hutsera mugatu batek ez du urrestildarren eguneroko mintzajarduna bestelakotzen. Ez, behintzat, urte batetik bestera antzeman litekeen neurrian. Esan bezala, ordea, punta-muturreko kasua da hori. Urrestildarren erdararekiko kontaktu-bideak ez dira, halaz ere, Joantxoren astean behingo Pilarika-aldian bezain bakan, isolatuak. Hasteko, Pilarikara ez doan egunetan ere beste norabait joaten da Joantxo, bere kamioia hartuta; bidai horietan ere, lautatik hirutan-edo, erdaraz egin behar izaten du Joantxok: Valladolid aldera joaten denean, zer esanik ez. Baina baita Euskal Herri barruan (are, Gipuzkoan bertan) dabilenean ere: zer egiten du Pasaian, txatarra kargatzean? Eta zer egiten du Zumarragako fabrika handian bertan, erdietan hor nonbait, txatarra hori deskargatzera joaten denean? Batetik bestera ibili behar horrek, behar-beharrezkoa bihurtu dio Joantxori gaztelania. Lanean ere egiten du euskaraz, Landeta aldean bereziki. Baina erabili-erabili etxean, lagunartean, Azpeitiko plazan eta Urrestillan bertan erabiltzen du euskara, batez ere: hortik aurrera, aukerak murriztuz doazkio. Durango aldeko horiekin entenditzea ere ez baita hain erraza. Zer euskara-demontre da gero, Durango aldeko hori! Ez da lan erraza, Joantxorentzat Mañariko Jon Andonirekin entenditzea: batzuetan erdarara ere jotzen dute biek, seguruago eta erosoago gertatuko zaielakoan.

Buruhauste hauek dituen urrestildar bakarra ez da, gainera, Joantxo. Joantxo asko daude Urrestillan. Izan, askotxo dira lanbidez, estudioz, ehizarako afizioz edo udan seme-alabekin Benidorm aldera joaten direlako (ez baita giro, Zarautz-alde horretan pisua alkilatzea) erdaraz jarduten duten Joantxo guztiak. Eta gero, gainera, telebista eta periodikoa dago: "konforme euskaldunak garela, baina Realak Bartzelonan jokatzen duen partidu hori ikusi gabe ezin geratuko gaituk ba, erdal kate horietako batean ematen dutelako!; ez eta "betiko" periodikoari begiratu bat eman gabe, erdaraz dagoelako!". Hogeita hamar eta hirurogei urte arteko urrestildar guztien artean gutxienak ote dira Joantxoren parekoak, edo gehienak? Zuek esan. Konturatzen gara, beraz, Urrestillan bertan gaztelaniak bere "lekua" egina daukala bertako "betiko" bizilagunen artean. Language shift delakoaz hitz egitean ezin jarrai dezakegu garai bateko moduan, L. L. Bonapartek bere Zazpi Probintzietako mapa linguistikoa egin zuenean bezala, "herri honetan euskaraz egiten da eta beste horretan erdaraz" esaten. Badakigu, hasteko, kontuak ez zirela orduan ere horrela: ez Azpeitian eta ez, batez ere, muga-herrietan (Araba-Nafarroetan, bereziki). Ongi dokumentaturik dago, urrutirago gabe, Bonapartek berak zer buruhauste erabili zituen euskal eta erdal herrien artean bereizteko. Berak posible ikusten zuen ordea, eta seguru asko arrazoi izango zuen, bere modura definitutako dominance configuration itxurako konstruktu goiztiar batez baliatuz euskal eta erdal eremuak garbi bereiztea. Gipuzkoa osoa euskal eremua zen beretzat (Donostia eta Irun barne? Hau ez dut konprobatu. Barkatu). Gaur ezin dugu, bistan da, definizio-modu geolinguistiko huts horrekin jokatu. Gaztelaniaren language spread (erdararen hedapen-zabalkundea) azeleratu egin da gure artean, XX. mende osoan (etorri, halere, aurretik, XIX. mende hasieratik zetorren fenomeno hori); eta askotan (ez beti) language spread horrek language shift sortu du. Gauza bat da izan ere nire amonaren kasua, Donostiako Bretxara tratuan egitera jaisten zelarik erdara ikasi behar izan zuena (berak eta bere pareko guztiek, erdararen ezaguera Donostia inguruko baserri gehienetara zabaldu zelarik), eta beste bat zen bere alaba zaharrenaren, nire izeba zenaren, kasua: nafar erdaldun batekin ezkondu zen, Donostian jarri ziren bizi izaten eta han hil dira biak. Gizonak ez zuen euskararik ikasi eta izebak, euskaraz beti ondo egin bazuen ere, ez zuen inolako problema espezialik kastillanuekin erdaraz egiteko. Eta non ez zen, orain dela hogeita hamar urteko Donostian, mintzajardunari dagokionez kastillanuekin topo egiten? Total: etxean erdaraz egiten zuten eta nire lehengusuak, entenditzen badu ere, ez du euskaraz egiten. Andrea euskalduna hartu du (gaztelaniaz euskaraz baino errazago moldatzen den euskalduna) eta etxean erdaraz egiten dute gehienetan. Seme-alabak D eredura bidali dituzte beti (txikiena eskolan dabil oraindik) baina etxeko hizkuntza nagusia gaztelania da. Nire aitona-amonen garaitik gaur egunekora language shift gertatu da, ez osorik baina bai neurri ohargarrian, Aieten eta Donostialde zabalean (1), eta lehengusuaren kasu partikularra fenomeno zabal horren adibide bat besterik ez da. Lehen luze-zabal euskaraz egiten zen esparruetan (familian, auzoko lagunekin, joko-jolasetan, elizgiroko ospakizun batzuetan… erdaraz entzuten da orain lautatik hirutan edo hamarretik bederatzitan (segun nor, noiz, non, norekin eta zertaz ari den). Hori da luze-zabaleko mintzaldatzea, hori da language shift fenomenoa, horixe da halako detaile batez hizkuntz soziologiaren aparatu kontzeptualaz aztertu nahi genukeena.

Fishman irakasleak horri buruz idatzirik duena asko da, eta ez da beti-beti ezkontzen erraza: erabili dituen azterguneak ere oso diferenteak dira. Batean New Yorkeko hispanoak adibidez (cf. Bilingualism in the Barrio) eta bestetik hiztun-herri eta hizkuntza amerindioak, maiz samar bere etxeko yiddisha eta, noizean behin (bere RLS liburutik atera gabe), Zelanda Berriko Maori natiboen hizkuntza edo antzeko beste hainbat. Kasuan kasuko hurbilbideak erabili dituelarik, normala ere bada batetik bestera aldeak egotea bere formulazio teorikoetan. Alde horiek ez dira, ordea, inola ere batera ezinezko formulazio-etenak. Esan dezagun, gero sakondu beharko diren kontuen aringarri, Fishmanek aparteko garrantzia eskaini diela jardun-esparru edo jardunguneei, berak (lehendik datorren tradizio europar batekin itsatsirik) domain deitzen dienei: familia eta etxebizitza, hurbileko auzoa, lan-mundua, kirol-joko-aisialdia, eskola-mundua, eliza eta bere ingurumen soziokultural osoa, administrazio publikoa (bertako udaletik hasi eta goi-mailarainokoa). Eta gero, domain horietariko bakoitzean, "nor-nori-nork, zertaz eta nolako" irizpide-sortaren araberako harreman-bideak zehazten saiatu izan da behin eta berriro. Familia giroan, adibidez role relation edo harreman-sareok aipatzen ditu berak sarri asko: senar-emazteek beraien artean zer hizkuntza darabilte nagusiki?; berdin gurasoek eta haurrek, anai-arrebek (etxean), izeba-osaba eta aitona-amonekikoak, lehengusu eta ilobekikoak… Auzo-giroari dagokionez bi harreman-sare azpimarratzen ditu berak, besteak beste: gure lagunarteak batetik, eta auzoan (erosketak egitera ateratzen garenean, parkean eserita gaudenean, autobusean… aurrez aurreko topaketa berritsuan, laburra bada ere) egiten ditugun acquaintances edo ezagupideak bestetik. Eta hori guztia, jakina, media (hitzezkoa, idatzizkoa) eta overtness (production, reception) elkartuz lau alor-esparrutan banatzen du Fishmanek: hitz egin, entzun, irakurri eta idatzi. Bistan baita harreman-sare konkretuenean ere (ama-alaben artean, adibidez) posible dela ahozkoan batera (euskaraz) jardutea eta bestean (soldadutzatik, ospitaletik edo unibertsitatetik etxera idaztean edo, zer esanik ez, Ameriketatik guraso xaharrei karta bidaltzean) beste era batera (gaztelaniaz) jokatzea. Hori guztia beharrezkoa ikusten du Fishmanek, bere language shift hori mikro-mailan aztertzeko.

Lehenengo-lehenengo ondorioa atera dezagun beraz, aurrera segi baino lehen. Language shift esaten dugunean ez gara pertsona jakin batez edo pertsona gutxi batzuez ari normalean, hiztun-talde zabalagoen baitako pertsona-multzo nagusiez baizik: gurasoak, langileak, eskola-umeak, apaiz-jendea bere zabalean… Eta, orduan ere, bereizi egiten dugu "domain" jardunguneen artean eta are (mikro-azterketara bagoaz) "role relation" edo harreman-bideen artean: gurasoek seme-alabekin, etxean; nagusi-ugazabek, enpresa txikian; injineru eta ekonomilariek enpresako zuzendaritza-ataletan, edo kapatazek esku-langile arruntekin produkzio-plantan… Horrela, gerta liteke language shift osoa jardungune batzuetan blokeatua, babestua eta frenatua egotea (demagun etxean, senar-emazteen artean eta seme-alabekiko tratuan) baina lantegian eta aisialdiko denbora-pasa nagusietan erdalduntze sakona jasaten ari izatea. Ez ote da horrelako zerbait gertatzen ari, adibidez, bizikleta hartu eta, euskaraz hitz eta pitz, arratsalde pasa Goizueta aldera joaten ginen (orduan) gazteon gaur eguneko seme-alabak Donostialdeko erdara hutsezko zinema erraldoietara doazenean?

Language shift edo mintzaldatzea ez da, esan berri dugunez, kolpean eta erabat (gizarte-bizitzaren esparru guztietan) gertatzen den fenomenoa, hori baino ondotxoz gauza xehe-konplikatuagoa baizik. Eta orduan, jakina, berez bezala sortzen zaigu galdera: non eta nola sortzen da mintzaldatze (MA) hori? Pausoz pauso, urratsez urrats gertatzen da maiz mintzaldatze-fenomenoa (bat-bateko kasuak ere badira, gero aipatuko denez, baina gure ingurumeneko adibide gehienak "a slow cumulative process" (RLS, 40) ageri dute. Mantso doan kontua, eta akumulatiboa: hots, gertaera desberdinak metatuz, elkarren gainka jarriz, osatzen dena. Horrexegatik da hain zaila justu-justu noiz, zehatz-mehatz non (zein esparrutan) eta bereziki nola gertatu edo gertatzen ari den deskribatzea. Urteetakoa izaten da normalean. Hizkuntz estatistikek (bosna eta hamarna urteko datu-biltze, errolda eta zentsuek) ere gutxitan lortzen dute gizarte-bizitzaren gibel-erraietan gertatzen ari den mintzajardunezko bestelakotze horren berri zehatz eta, batez ere, osorik fidagarria eskaintzea. Ingurumen soziala, kulturala eta politikoa aldatu egiten baita urteen joanean, eta gizarte-aldakuntza horren baitan hizkuntz gaitasunez, jarrerez eta erabileraz egiten diren galderek ere aski erantzun diferenteak (eta, inoiz, aurrez aurre kontrajarriak) jaso baititzakete. Funtsean, hiztun-herri edo hiztun-talde jakin baten mintzaldatzea neurtu nahi badugu zera argitu behar dugu: A denbora-unean (orain dela 25 urte, adibidez) eta B denbora-unean (aurten, esate baterako) hiztun-talde jakinaren mintzajardunean (esparru eta harreman-sare desberdinetan) zein hizkuntza den nagusi. Zein zen nagusi orduan, eta zein den nagusi gaur. Hori da koska, uste baino gainditzen zailagoa. Aieten (nik umetan ezagutu nuen Aiete hartan) bizi ginenok beti edo nagusiki euskaraz egiten genuela diodanean, estrapolazio nabarmena egiten ari naiz eta litekeena da nire azalpen hori okerra izatea. Ez dut uste ordea oso okerra denik, orduan han bizi ziren beste askotxo ere (etxekoak, familiarte urrunagokoak, ezagunak) bizirik baitaude orain ere eta, beraiekin horretaz hitz egiten dudanean, ados baitaude guztiak deskribapen horren bizkarrezurrarekin. Nola egon hain seguru, ordea, Aieten gaur hitz egiten denaz? Berrogeita lau urte izango dira, hor nonbait, familia osoa (gurasoak eta bi anaiok) Aietetik kalera jaitsi ginela, eta geroztik gutxitan izaten naiz han (familiartekoren baten heriotza-elizkizunetan, gaixoren bat bisitatzean eta abar). Han gelditu ziren, eta orain ere han bizi diren, txikitako lagunekin gogoratzen naiz horrelakoetan. Tomaseneko Mirenekin, adibidez. Zer hitz egiten ote du Mirenek bere amarekin (aietear petoarekin)? Eta bi semeekin, unibertsitatera arteko ikasketa guztiak D ereduan egin dituztenekin? Senarrarekin argi dago erdaraz egingo duela, ez baitaki euskaraz. Era berean, aietear gehienen eguneroko joan-etorria galdua daukat zeharo (zer hizkuntza egiten dute eskubaloi-taldekoek?, zer egiten da supermerkatu-modukoan? zer egiten da oraingo tabernetan?). Autoz pasatzen naiz ordea, goiko galtzadatik noizean behin, jogging eginaz ere sarritxo ibili izan naiz, eta belarriak erne dauzkat oraindik. Eta pasatzen dena, hurbilpen hutsezko azterbide "inpresionista" horren argitan, zera da: orduko etxe-giroa eta lagunartea, auzo-bizitza eta herriko jai-ospakizunen Gemeinschaft-giro hura hautsi egin dela, txikitu, birrindu, desegin. Jende gehienak, Aieten bizi den jende gehienak, han afaldu eta han lo egiten duela, baina bere lantokia eta lagunak, zine-afizioak edo unibertsitate-karrerak, gurasoen etxea eta kirola (igeriketa, tenisa, golfa edo futbola) hainbat asteburu eta jai-zubi gehienak beste nonbait egiten edo pasatzen dituela. Aieteko euskal etnokultura tradizionala, nire umetan oraindik bizirik eta, itxuraz, osasuntsu zegoena, gainbehera bizian etorri dela eta horren ordez, Gesellschaft-giro modernoaren baitan, erdarak lekua (leku fisikoa, soziala eta kulturala) jan diola euskarari. Nola garantizatu, ordea, "azterbide inpresionista" hori zuzena dela? Den-dena hala ez bada ere nola ziurtatu inori, hanka sartzeko beldur handiegirik gabe, nagusiki behintzat horrela doazela kontuak? Eta, batez ere, gaingiroko azalpen inpresionista horretatik nola jaitsi detaileetara: zer hizkuntza da nagusi, egungo Aieten, gurasoen eta seme-alaben artean, afalorduan eta aste-bukaera gehienetan? Zer erantzuten ote du Mirenek, bosna edo hamarna urteko zentsu-galdeketa horretan, etxean zer hizkuntza egiten duten galdetzen zaienean? Ez bainintzateke harrituko bietara edo nagusiki euskaraz egiten dutela erantzungo balu. Lasai-lasai gainera, ondo erantzun duelako konbentzimenduaz.

Askotan, bestalde, bide inperfektu horiek erabiliz ere ezin dugu A eta B denbora-uneen arteko hizkuntz erabileraren konparaziorik egin eta, beraz, ezin esan dezakegu A garaitik (orain dela 10 urtetik, orain dela 25 urtetik, orain dela 40 urtetik...) hona mintzaldatzerik gertatu den ala ez. A garai horretako deskribapen fidagarri minimorik ez dago, hainbat kasutan. Zulo hori nola bete? Halakoetan, hoberik ezean, B unean (hots, egungo egunean) adin-tarte desberdineko gizakiengan gauzak nola dauden azter dezakegu, eta informazio hobea edo okerragoa eskuratu. Esan bezala A uneko informaziorik ez da, leku askotan, eskueran izaten. Hemen, gure artean, egia da gero eta datu-metatze zabalagoa dagoela horretaz. Soziolinguistikazko azterketak, inkesta-galdeketak, errolda eta zentsu bidezko analisiak azken 20 urtean beste leku askotan baino zabalago eta sendoago egin dira hemen, eta hainbat alorretan baliozko (edota, gutxien-gutxienez, lehen hurbilketazko) informazio zehatza eman dezakete datu-biltze horiek. Horrelako datu-biltzerik ez da ordea, lehenagoko garaietan, egiterik izan. Noiz gertatu da Aieten, esate baterako, etxe- eta auzo-giroa erdalduntzea? Seguru asko 1980 aurretik gertatua da hori. 1960tik 1980ra artean, esango nuke nik. Oker ez banago Donostiako urbanizazio-prozeduraren ildotik, eta horrekin batera, auzategi berri osoak eraiki eta Donostialdeko erdi- eta goi-mailako hiritarrez betetzearekin batera, alegia, gertatu da Aieteko mintzaldatzea: aietearren beraien lanbidea, baserritik eta esku-langintza tradizionaletik industria eta zerbitzu-alorrera pasa izanarekin. Hori guztia zail da ordea, gaur egun, zehatz-mehatz argitzen.

Horrelako kasuetan, beti dago azken aukera bat: belaun arteko katea aztertzea eta etxean, lagunartean edo lanean, bertako harreman-sare jakinetan, euskaratik erdararako jauzia nork, noiz, nola eta non eman izan duen argitzea. Belaunarteko analisi horrek ere, bere muga-eragozpen guztiekin, "lehen" eta "orain" arteko kategorizazioak ezartzen laguntzen digu. Eta hori da, esana daukagunez, mintzaldatzearen lehenengo ardatza. Denboran zehar garatzen, osatzen eta hezurmamitzen den prozesua da mintzaldatzea.

Esan dugu, orobat, mintzaldatzearen bigarren ardatza context of language use edo sociocultural context in which Xish is used dela. Delako Xish (Xera) hori hizkuntza ahula da, Fishmanen RLSko terminologian: gure kasuan, euskara. Sendoari, aldiz, Yish (Yera) esaten dio Fishmanek bere konbentzio-modu horretan. Gurean gaztelania da Y hori, Bidasoaz haraindi frantsesa. Hizkuntzaren erabilguneak, erabilera-esparruak, erabilera-eremuak... deitu izan zaie, euskaraz, Fishmanen contexts of language use horiei. Sorburuz eta konstruktuz bestelakoa izanik, denbora luze samarrez funtzioak ere esan izan diegu sociocultural context horiei. Egia da, ordea, bata eta bestea ez direla gauza berbera eta hobe izango dugu, ondorioz, hizkuntzaren funtzioen kontua beste zerbaitetarako utzi. Egia da, orobat, eremu hitzari geolinguistikazko esanahia erantsi izan diogula sarritan: euskal eremu edo zonaldea, jende gehienak nagusiki euskaraz egiten zuen edo duen lurraldea, alegia (hurrenez hurren Erronkari edo Urolaldea adibidez), erdal eremua eta zonalde edo eremu mistoa. Hobe, beraz, gure azalpen honetan, (sociocultural) context of language use esateko, hizkuntzaren erabilguneez edo erabilera-esparruez baliatzea.

Erabilera-esparru edo context of language use horiek bi eratara azter litezke gutxienez: handizka, makro mailako analisiaz; edo xehekiro, mikro mailako analisiaz. Biak egin daitezke, eta biak baliozko, zertan jardun nahi dugun eta zer tresneriaz eta datu-sortaz horniturik gaudenaren arabera. Makro mailako analisi-unitatea, lehen ere esan dugunez, domain edo jardungune, jardun-esparru... (horretan ere ez dago erabateko batasunik) delakoa dugu. Ez dago hizkuntzaren soziologian (eta Fishmanek garbi azaltzen du zergatik: ikus, besteak beste, Language Loyalty in the United Sates, Language in its Sociocultural Context edo Bilingualism in the Barrio) domain direlakoen zerrenda finko, zuzen, definitiborik. Aztertzen duzun gizarte-moldearen, X/Y hizkuntzen arteko elkarbizitza lasaia edo borroka modu larria den, eta kasuan kasuko azterketa zertan zentratu nahi duzunaren arabera, jardungune gehiago edo gutxiago definitu ohi dira; ez da kopuru kontua bakarrik, gainera, deskribapen batetik bestera aldatzen dena. Kategorizatzeko irizpideak ere diferenteak izan litezke. Baldin administrazioa hartzen badugu domain edo jardungune horietariko baten izenburutzat, hor sartzen al dira Foru Aldundiko langileak? Gehienok baietz, dudarik gabe hor sartzekoak direla esango dugu. Eta Aurrezki Kutxako enplegatuak? Ez, horiek zerbitzu-enpresen alorrekoak direla esango du batek baino gehiagok. Gabiltzan, ordea, kontuz. Hizkuntzaren soziologiak bere paradigmak eta konstruktuak ditu, eta halaxe behar ere. Litekeena da ekonomilariarentzat Foru Aldundiko langileak kategoria batean (sektore publikoan ari diren funtzionario edo enplegatuen kategorian) sartu behar izatea, eta Aurrezki Kutxako langileak zerbitzuen sektore pribatuan. Hizkuntzaren soziologoarentzat ez dago ordea batere garbi gauzak horrela direnik (Fishmanentzat ere ez, gero ikusiko denez). Bere lan-jardueraz eta bizibideaz, hiritarrekiko rol-harremanei dagokienean bereziki (eta hori da guri interesatzen zaiguna, ez bere tipifikazio ekonomikoa), ez ote da egia Aurrezki Kutxako langile askok eta askok, leihatilatik kanpora (eta maiz aski handik "gora") dauden gehienek bereziki, antz handiagoa dutela Foru Aldundiko funtzionarioekin, zapata-denda bateko dependientarekin, jatetxe bateko mahai-zerbitzariarekin, tailer mekanikoan ari den auto-konpontzailearekin edo hipermerkatuko kajera/-o gehienekin baino? Zergatik beraz domain batean sartu Foru Aldundiko langileak, eta beste batean Aurrezki Kutxakoak? Zer irabazten dugu bereizketa horrekin? Merezi al du?

Honekin esan nahi dena zera da, domain edo jardungune-zerrenda definitiborik ez dagoela: ez zenbat domain diren "berez", eta ez domain horietariko bakoitzean zer jende-multzo, zer harreman-sare eta zer rol-harreman sartzen diren. Hala ere, egia da zerrenda batzuk besteak baino erabiliagoak, aipatuagoak... eta itxuraz konbentzionalki onartuagoak direla. Horietariko bat izan liteke, adibidez, domain nagusien honako zerrenda hau:

  1. Etxea eta familiartea bigarrena zabal(xe)agoa izan ohi da lehenengoa baino, tartean hartzen baititu beste nonbait bizi diren aitona-amonak, izeba-osabak, lehengusuak eta abarrekoak ere.
  2. Auzo hurbila eta lagunartea.
  3. Lan-mundu "arrunta" (zer da, ordea, "arrunt" egungo egunean, posta elektronikoaz eta internetez gero eta sarriago baliatzen garen honetan?).
  4. Aisialdia, kirolak eta jokoak (demagun, bakoitzetik bina emateko, zinea eta telebista; jogginga eta futbola; karta-jokoa eta bideo-programak).
  5. Eskola-mundua (txiki-txikitatik hasi eta unibertsitate-atariraino, lanbide-heziketa barne, edo are lizentziatura-mailaraino).
  6. Administrazioa (zerbait esan dugu honetaz, dagoeneko).
  7. Eliz mundua.
  8. Goi-mailako teknologia, ekonomi sareak, agintaritza eta ikerketa.
  9. Informazio eta zabalkunde mundua.

Bederatzi domain, bederatzi jardungune atera zaizkigu. Berdin izan zitezkeen gehiago (osasun-mundua aurreko bederatzi horietako batean edo batzuetan sartu ezin bada, orobat segurtasun-zerbitzuak eta armada) edo gutxiago. Badira, izan, bospasei domain edo jardungunetan oinarritzen diren hizkuntz soziologiazko azterbideak, eta ezin esan liteke a priori besteak baino okerragoak direnik.

Hori guztia, esan bezala, broader context of language use, domain edo erabilgune (erabilera-esparru) direlakoez. Makro mailako definizioak dira horiek. Zer gertatzen da, aldiz, gure azterbideak mikro mailara eramaten gaituenean? Orduan role relation, rol-harreman edo harreman-bideen konstruktura jaitsi beharra daukagu. Honetaz ere zerbait esan dugu, gorago. Domain eta jardungune nagusi bakoitzak bere rol relations, bere rol-harreman edo harreman-bide sorta du. Familian, adibidez, rol-harreman hauek har ditzakegu kontuan:

  • a) senar-emazteek elkarren artean;
  • b) gurasoek seme-alabekin;
  • c) aitona-amonek ilobekin;
  • d) anai-arrebek etxean, elkarren artean;
  • e) gurasoen belaunaldiko beste familiarteekiko harremanak;
  • f) orobat seme-alabekikoak;
  • ...

Ikusten da, hemen ere, intuizioak eta konbentzioak bere pisua dutela. Hor ere ez dago, alegia, hizkuntzaren soziologoek zientzia arauz, beti eta guztiek batera, darabilten zerrenda-modurik. Eta ez dauka egoterik: zergatikoak aztertu nahi dituenak jo beza, berriro ere, goian aipatu diren hiru liburu horietara.

Ikusi ditugu beraz, halako xehetasun batez, mintzaldatzearen bi ardatz nagusiak: denbora batetik, eta bestetik hizkuntzaren erabilera-esparru nagusiak.

Orain arte esan dugunaren adibide egokia eskaini zuen Fishmanek 1993an, bere RLS liburua argitara eman zuenean. Lehendik Euskal Herrian izana zen, hiru aldiz bederen, eta bisitaldi horietariko batean (1987ko abuztu-irailetan) Bigarren Euskal Mundu Biltzarrean izan zen, Donostian. Biltzar horretara joandako euskaltzale batekin izandako elkarrizketaren ildotik, Gipuzkoako kaletar-jendeak azken hogeita hamar urtetan (1957tik 1987ra, hortaz) izandako language shift-aren azalpen-taula prestatu zuen berak. Hurbilketa hutseko taula, baina gai horietan maisu den norbaitek egina.

Hona kontuak nola ateratzen zitzaizkion Fishmani, euskaltzale honek emandako azalpenen argitan:

EXAMPLE 5: A minimal evaluation of predominant patterns re speaking Basque in urban Gipuzkoa, 1957 and 1987

(B = Basque; S = Spanish)

MediaOvertnessDomainRole relation19571987
SpeakingProductionFamilyHusband-wifeBB/S
Parent-childB/SS
Grandparent-grandchildBB/S
Siblings (at home)S/BS
Others (parent´s generation)BB/S
Others (children’s generation)S/BS
NeighborhoodFriendsB/SS
AcquaintancesS/BS
Sports/ EntertainmentOthers in attendanceSS/B
EducationPupil-teacherSS/B
Pupil-pupilSS/B
WorkEmployer / EmployeeSS/B
GovernmentOfficer (Civil Servant)/citizenSS/B
Source: A Basque activist attending the Second Basque World Congress, San Sebastian, September 1987.

Ez da espezialista handia izan behar elementu hauez jabetzeko:

  • a) 1957an hiru rol-harremanetan erabat nagusi zen euskara (hirurak familia esparruan) eta bitan (familian bata, lagunartean bestea) erlatiboki nagusi. 1987an, aldiz, lehengo erabateko nagusigo horiek erlatibizaturik ageri dira eta nagusitasun erlatiboko rol-harreman biak erabat gaztelaniaren nagusigo-esparrura paseak.
  • b) euskarak etxean zeukan indarra, 1957an. Etxean eta, bigarren maila batean, ohiko lagunartean. Administrazioa, lan-mundua, hezkuntza, astialdiko ikuskizunak eta kirola erdararen esku ageri ziren, ordea, erabat. Menderik mende indar betean egondako diglosiaren azken errainuak ditugu hor, begien bistan: etxea eta auzo-giroa, lagunarte hurbila (bai eta taulak, oker nire ustez, azaltzen ez duen lan-mundu arrunta: esku-langintza tradizionala, makina-erreminta, altzarigintza eta burdingintza) euskararen gotorleku ziren oraindik, hondamenetik ur-azalean gelditzen ziren heinean.
  • c) 1987an, aldiz, amaitu dira azken gotorlekuak: ez dago euskararen erabateko nagusitasunezko rol-harremanik familian bertan ere. Horren truke, ordea, leku edo "lekutxo bat" egiten hasi da euskara hogeita hamar arte lehenago gaztelaniak oso bereganaturik zeuzkan esparruetan: administrazioan, kultur emankizun eta kirol-aisialdietan, erdi-mailako lan-lekuetan eta, batez ere, hezkuntzan.

Galdutakoa enpazteko balio al dute irabazitako esparru-atalok? Galdera horrixe ematen dion erantzunean dago hain zuzen, nire ustez behintzat, Fishmanen RLS formulazioaren indarra eta arrakasta. Ikuspegi horren erakarmen intelektuala aberatsagoa iruditzen zait niri, geroxeago ikusiko dugun BAEN eskalaren berezko kohesioa baino. Gerokoak gero, ordea.

Zergatik (eta non) gertatzen da mintzaldatzea edo language shift delakoa?

Zergatikakoak azaldu aurretik, ohar moduko bat egiten du Fishmanek, bere pentsamoldearen aski adierazgarria. Arriskupean dagoen hizkuntza (eta, oro har, hizkuntza hori oinarri, lanabes eta boz-eramaile duen hiztun-herria) hiltzeko arriskuan dagoen eri batekin aldera liteke. Gaixorik dauden pertsonekin konpara litezke hizkuntza ahulak. Konparazioa ez da erabatekoa, batez besteko bizi-iraupena aski mugatua baita gizakion artean (ehun urtetik behera bizi gara gehien-gehienok, eta 200 urtera ez da inor iristen). Hizkuntzen eta hiztun-herrien kasuan, aldiz, ez dago horrelako bizi-itxaropen “standard”-ik, ez behintzat erabateko goi-mugarik. Hizkuntzen eta hiztun-herrien osasuna eta bizirik irauteko itxarobidea ez dago, inola ere, beren adinaren baitan. Esperantoa litzateke, bestela, munduko hizkuntza osasuntsuenetako bat... Adinaren alde horretatik nekez konpara litezke, beraz, hilzorian dagoen pertsona eta hilzorian dagoen hizkuntza.

Gainerakoan egin liteke, ordea, bataren (hizkuntza ahularen) eta bestearen (pertsona eriaren) arteko konparazioa egitea. Alderatze horretaz baliatuz, zera esaten du Fishmanek: gaixotasunak eta gaixotasunak (larriak eta arinak, edo ez hain larriak) daudela, egon. Era berean, sendabideak ere paliatiboak direla batzuk (oinazea kentzen edo molestia arintzen dutenak, nahiz gaixotasunak bere horretan segi edo okerrera egin), eta amelioratiboak, hobera egitekoak alegia, besteak (gaixotasunari aurrez aurre erantzun eta, asko edo gutxi, osasuna hobetzen dutenak). RLSren kontuan ari denak garbi bereizi behar ditu bi horiek, bai LSren deskribapenean eta bai sendabideen lehentasun-zerrenda prestatzerakoan. Pulmonia duenari eta sudurreko muki-jarioa daukanari ezin diezu trataera bera eman.

Argi ibiltzeko abisua eman ondoren, LS edo luze-zabaleko mintzaldatzea zergatik gertatzen den azaltzeko honako elementu hauek aipatzen ditu berak:


Hizkuntza ahula erabiltzeko (eta, are, defendatzeko) debekua.

Nork bere seme-alabak bere ohituraren, bere jokabide-arau, balore eta kultur hobespenen arabera hazi eta hezi ezina, hori da debekuak berez dakarrena. Indartsuak inoiz edo behin (guri ez zaigu horren oroitzapenik falta) ezartzen duen debeku hori gizalegearen kontrako gauza da. Beste zerbaiten adierazgarri ere bada hori. Gutxiengoari horrelakorik egiteko prest eta gogotsu dagoen gehiengoaren baitan gauzak batere ondo ez dauden seinale da hori, demokraziazko jardunbideen eta gizabidezko sentieren aldetik. Aurpegia eman behar zaio bidegabekeria horri, litekeen erarik onenean: pertsuasio moralez eta, ahal denean, beraien modura bidegabekeriaren bat sufritzen duten bestelako giza taldeekin elkar hartuz. Ez da lan erraza, baina luzarora etekinik eman ohi du normalean: debeku-bideak nekez iraun dezake etengabe. Gure gurasoek debeku-garai latzak ezagutu zituzten zinez: aiton-amonei hilerrietan jarritako oroitarriak kenaraztera iritsi zen garai hartako agintari-jendea. Nire edadeko lagunik badut, bestalde, ikastolara joan zenik eta inspektorea-edo zetorrenean ikastetxera (legez kanpokora, noski), bere ikaskideekin armairuetan edo ohe-azpietan gorde behar izaten zuenik. Joan dira, ordea, garai haiek. Ez da hori, hamarretik bederatzitan (eta dokumentu-oinarri argiz ezagutzen dugun heinean) euskararen galbidearen motibo nagusia. Eskoletako eraztunaren kontua, aldiz, ondotxoz gauza sakonagoa eta, itxura guztien arabera, hedatuagoa izana da. Hori ere doktorego-tesi baten eskean dago, ordea, orroa bizian.


Physical and demographic dislocation (hizkuntza ahula lekuz eta demografiaz eten-urratzea).

Eten-urratze edo dislokazio fisikoa

Hiru motibo nagusi ematen ditu berak dislokazioaren kausa fisikoak azaltzean: gosetea, katastrofe naturalak eta gizakiaren txikiziozko interbentzioa.

Ikus ditzagun hirurak, labur-labur izango bada ere:

  • a) jendea (hiztun-herria, osorik edo zati ohargarri batean) goseak hiltzea: oso nabarmenak dira, alde horretatik, Irlandak mila urte luzez (erraz esaten da!) izandako gosete kronikoak;
  • b) katastrofe naturalak (uholdeak, lurrikarak, tenperatura-aldaketa gogorrak, izurriteak...);
  • c) beste norbaitek (beste herri batek edo, hainbatetaraino gabe, beste norbaitzuk) eragindako txikizioak (gerrak eta gerraondokoak, genozidioa, “scorched earth” edo “tierra quemada”-ko inbasio-politikak, esklaboak ehizatzeko espedizioak, populazio edo herrialde osoak botatzeko neurriak (sarri askotan, eufemismoz-edo, “reasentamiento / resettlment”, “transfer” edo “exchange / intercambio” izendatu ohi direnak, hiztun-herria bizi den lurra exhausto uztea, mehatze- eta oihan-esplotazio neurrigabea eta, orainagokoetan, airea, ura, lurra, fruitu-landareak, animaliak eta are gizakiak berak pozointzea.

    (Fishmanek dioenez USAn, SESBen, Brasilen, Australian, Ginea Berrian... ez da horrelako gertakarien adibiderik falta).

Eten-urratze edo dislokazio demografikoa

Dislokazio fisikoaren (hiru faktore horien) ondo-ondoan dislokazio demografikoa dago. Hau ere garrantzi handikoa da, LS edo luze-zabaleko mintzaldatzea zergatik gertatzen den esploratzean. Bere kulturan txertaturiko hizkuntza batek (bien sorburu, erabiltzaile eta emaitza den konstelazio etnokultural batek) belaunez belaun bizirik irauteko duen arriskurik handienetakoa demografiaren alorrean egon ohi da. Bere hizkuntza egiten den herritik zeharo beste bat egiten den herrialde batera joaten bada jendea (bere gogoz eta hartara beharturik), edota berea ez den hizkuntza bat egiten duen jendea etortzen bazaio herrira, samaldan etorri ere, bere hizkuntza galtzeko arriskua begien bistakoa da. Bada hirugarren arrisku-bide bat ere, oraindainoko bibliografia teknikoan gutxitan aipatu izan dena (2) baina, gure oraingo ohiturak ezagututa, gogoan izatea komeni dena: ez beraiek kanpora emigratu eta ez kanpotarrak beraiengana etorri, baizik eta soil-soilik... seme-alabarik ez egin edo oso gutxi egin. Horrek ere dislokazio demografikoa dakar, handik hurrengo belaunaldira. Gure koordenatuetara bilduz, nola iraungo du euskarak, euskaldunok seme-alabarik egiten ez badugu (edo oso gutxi egiten badugu, Europako jaiotza-indizeen azken puntan omen gaude-eta)?

Dislokazio demografikoak ez dira halere goiko hiru prozedura horietara (emigraziora, inmigraziora, haur gutxi sortzera) mugatzen. Bada laugarren prozedura demografikoa bat ere, oso-oso kontuan hartzekoa: urbanizazioa. Ordura arte baserri-giroan (edota, artzain-jendearen kasuan, etengabeko harat-honatean) bizi izandako populazioa (baserritar-jendea, gure artean esan ohi zenez) urbanizatzen denean (bizi izatera “kalera” jaisten denean, orain dela gutxi arte esan ohi zen moduan), bizilekuaren aldaketa horrek ondorio nabarmenak izan ohi ditu jende-multzo horren ohituretan. Eten eta urratu egiten dira ordura arteko beren ohiturak. Dislokazio hori jan-edanean gertatzen da, janzteko moduan, mundu-ikuskera osoan eta, askotan, baita eguneroko berbetan ere. Dislokazio soziokultural sakona ekarri ohi du, sarritan, baserritik kalera bizi izatera jaiste horrek. Beretzat ordura arte arrotzak ziren jende-moduekin tratatu beharko du aurrerantzean, batean ez bada bestean, kalera aldatu den baserritarrak: bere auzo berrian, lanean, eskolan, erosketak egitean, garraio-bideetan, entretenimendu berrietan eta zeremonia publikoetan; eta, horrekin batera, lehen baino komunikazio trinkoagoa, ugariagoa izango du (baserrian jende gutxiago zuen hitz egiteko, ia beti jende bera eta zertaz hitz egina ere mugatuagoa zuen). Eta horrek guztiak, azken buruan, ondorio jakina dakar: herri-jakintzaren baitako, eta bere ordura arteko hizkuntzan sortutako, mezuen etengabeko gutxitzea eta ahultzea. Gurera etorriz: gero eta gutxiagotan euskaraz egin, eta gero eta gutxiagotan hain “berezkoak” ziren gaiez. Jatortasun etnokulturalaren gainbehera etengabea, horixe gertatu eta gertatzen da sarri asko baserritik kalera bizi izatera etorritako euskaldun horien mintzajardunean. Hiriburuan edo eskualdeko herriburuan (hots, kalegiro berri horretan) nagusi den lingua franca (gaztelania gurean, iparraldean frantsesa): horixe da, hain zuzen, euskarazko mintzajarduna galdu ahala haren kontura indartuz, bizkortuz eta zabalduz doana. Erdara horrek, hasieran kalera etorritako horientzat arrotza den gaztelania edo frantses horrek, eskolan eta kalean ez ezik etxean ere gero eta leku zabalagoa irabazi ohi du, haurren eta gazte-jendearen (hots, seme-alaben) artean bereziki.

Bizimoduaren antolamendu fisikoak (non bizi, zertatik, ingurumeneko klima eta landaretza...) eta kokaleku demografikoak (baserri-giroan edo kalean, euskal giro jatorrean edo erdal giro nahasian... bizi izateak) ondorio kultural nabari-nabariak ditu: kulturalak eta, beraz, language-in-culture alorrekoak ere bai, bere osoan (aurrerago saiatuko gara, language-in-culture hori zer ote den azaltzen). Dislokazio fisikoak eta demografikoak kulturaren (eta, beraz, language-in-culture delako horren) dislokazioa dakar berehala: hori dakar berez edota, gutxienez, horretara bultzatzen du batak zein besteak.

Hizkuntza ahula indarberritu edo biziberritu nahi dutenek (euskaltzaleok, gure artean) oso gogoan izan behar dute (dugu) oinarri fisiko eta demografiko hori. “Gure kultura jatorra” aldarrikatu eta aurrera atera nahi izateak ez du ezer askotarako balio, helduleku fisiko eta demografikorik ez badago edo, hor nonbait egonik ere, aintzakotzat hartzen ez badugu. Berriro gurera etorriz, galdera hauetatik abiatu behar dugu lekuan lekuko dislokazio fisiko-demografikoen zabala eta sakona neurtzerakoan: non bizi dira leku (auzo, herri, eskualde) horretako euskaldunak? Elkarren ondoan edo luze-zabal barreiaturik bizi dira? Beren bizi-eremu horietan noraino dira euskaldunak demolinguistikoki nagusi, eta noraino ez? Bizi diren auzo eta herrietan, zenbateraino dituzte eskueran euskarazko zerbitzuak (haurtzaindegia edo haur-eskola, hortik aurrerako eskola, elizkizunak, jolas-lekuak, kirol-taldeak edo kirol-ekintzak, tabernak eta kultur etxeak, liburutegiak, teatroak eta zinema-lekuak)? Eta hori adinez adin, haurretatik hasi eta aiton-amonenganaino. Sakabanatze edo dispertsio fisikoaren kaltea konpon liteke gaur egun, teknologia lagun (telefonoa, telebista, e-maila...), neurri batean. Baina ez gaitezen engaina: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa segurtatu eta mantendu nahi badugu (eta hori gabe alferrik dira gainerako gure saio guztiak), hoberen-hoberena inolako dispertsio edo sakabanatze fisikorik ez izatea da. Euskaldunak euskaldunekin euskal-giro sendoan bizi diren lekuetan, belaunez belauneko transmisioak “normal” funtzionatzen du. Berez bezala ikasten dute halako lekuetan, hizkuntz plangintzarik eta inolako interbentzio “xelebre”-rik gabe ere, haur txikiek bertako hizkuntzan hitz egiten (eta gero, eskola eta abar lagun, irakurtzen, idazten...).

Hizkuntza ahula indarberritu nahi duen erakunde, elkarte edo mugimendu orok berariaz ahalegindu behar du, hortaz, bere jendearentzako “arnasgune” horiek bilatzen eta mantentzen. Urrestillako Joantxok erraza dauka (gaur-gaurkoz): bere seme-alabek herriko plazara, tabernara edo frontoira jaitsi orduko (baita Azpeitira jaisten badira ere, instant batean) euskal giro sendoa (termino konparatiboetan, inon baino sendoagoa) aurkituko dute: hori da physical breathing space, demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed (RLS, 58). Euskaraz nola esan hori?: euskarazko arnasgunea, demografi aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. Erdaldunen begientzat “gauza arraroak” dira, edo izan litezke, arnasgune horiek. Anormalak edo atipikoak gerta litezke, habian ez daudenentzat. Bertakoentzat ordea, eta euskaldungo osoari begira, leku-eremu horiek euskarazko bizibide jatorraren oasiak-edo bihur daitezke, kulturazko autorregulazio-ahalmen handiko guneak. Gurea bezalako hizkuntza ahulek hain sarri sufritu behar izaten duten dislokazio fisikoari aurre egiteko bide bat dira, dudarik gabe, breathing space edo arnasgune horiek.

Normalkuntza-asmo fisiko horrek ghettoak sortzera eraman behar al gaitu? Apenas: ez da hori Fishmanen intentzioa; eta, hala izanda ere, nekez horrelakorik eskuratuko litzateke XXI. mendean. Euskaldunen bizimoduak erdal eraginaren pean jarraituko du arnasguneotan, parterik handienean: erdaldunekin harremanetan segitu beharko du Joantxok, bizi den artean (zer esanik ez Astigarragako Patxik, Aieteko Mirenek eta Donostiako Lurdesek); erdal hizkuntzak (gaztelania edo frantsesa, eta beste neurri batean ingelesa) izango dira aurrerantzean ere bere gizartean, ekonomian, kulturan eta luze-zabaleko hedabideetan nagusi. Administrazioan ere hor izango ditu Joantxok (zer esanik ez Patxik, Mirenek eta Lurdesek) kanpoko (eta, neurri ohargarrian, goragoko) beste esfera horiek, erdararen itzalpean. Hor ez dago, beraz, ghetto-arriskurik.

Arnasguneen eta, oro har, demografiaz trinko diren euskal eremuen normalkuntza fisikoak, ezer esan nahi badu, zera esan nahi du: gutxien-gutxieneko oreka-modu bat lortzea ingurumen eta jardungune batzuetan euskara-erdaren artean, hesi-moduko bat mantentzea. Eguneroko bizibide arruntean oinarri-oinarrizkoak diren esparru bakar batzuetan bederen euskarak nagusi izaten jarraitu ahal izatea, euskaldun-jendeak bere solaskide arruntekin etxean eta auzoan, kalean eta dendan, elizan eta kirolgunean euskaraz jardutea, leku horietan “berez” hala egin ohi delako. Eta horren bidez, jakina, euskarak herri-jakintzaren eta kultur ondarearen funtsezko osagai batzuen adierazpide, ikur-sinbolo eta bidelagun izaten jarraitu ahal izatea.

Esan beharrik ez dagoena esaten ari garela dirudi: bizi izateko airea behar den bezala, bere arnasguneak behar dituela hizkuntza orok belaunez belaun, era normal-arruntean, transmitituko bada. Zenbat eta arnasgune hori zabalagoa izan espazioz, eta erabileraz aberatsagoa, hainbat eta hobe. Indar eta botere desberdineko language-in-culture direlakoak elkarrekin trabatzen direnean, dotore esateko elkarrekin interaktuatzen dutenean, gertatzen da LS, Language Shift edo mintzaldatzea. Elkar-trabatze horren ondorioz indartsuenak dislokatu egiten du ahulena, bai fisikoki eta bai demografia aldetik.


Dislokazio soziala: giza arteko eten-urratzea.

“Indar eta botere ezberdineko” language-in-culture direlakoez ari garenean, zera esan nahi du Fishmanek, besteak beste: etnolinguistikazko talde ahularen kideak (hamar duroko hitzik gabe: euskaldunok) askotan (ez ordea beti, eta ez ezinbestean) socially disadvantaged direla: batez bestean, beren inguruko jendeak baino eskola gutxiago jasoak, eta poltsikoa arinago dutenak. Jende-kopuruz, aginpide politikoz eta era askotako baliabideen kontrol-ahalmenez ahulagoak izatearen albo-ondorio modukoa omen da socially (ere) disavantaged izate hori. Hala dio berak.

Azalpen hori ez dator bat, nire ustez, azken ehun urteotan bederen euskaldunok geure buruaz dugun ikuspegiarekin. Ez erabat, behintzat. Beraz, aurrera segi baino lehen egin dezagun alto. Fishmanentzat nor dira members of ethnolinguistic groups (berriro gurera etorriz, nor gara euskaldun: euskaraz dakigun eta egunero euskaraz bizi garen jendea, ala Euskadin/Euskal Herrian bizi garen jendea? Erantzuna bata ala bestea izan, bistan da Fishmanen baieztapen hori zuzenagoa edo okerragoa izan litekeela euskaldunoi dagokigunez. Bai eta katalanei dagokienez ere. Puntu horrekin ezin dugu orain aurrera egin, baina dudarik ez da argibide baliotsurik atera ahal izango genukeela hortik. Demagun, beraz, Fishmanen tipifikazio hori egia dela euskaldunontzat ere. Funtsaren funtsean ez dirudi gainera, ikuspegi etnolinguistiko arruntetik bederen, bere baieztapen hori hain burugabea denik. Ez, behintzat, eskolatze-kontuei dagokienez eta azken hogei urteok alde batera uzten badira. Oro har zuzen samarra ere izan liteke, muga-baldintza horien araberako gure euskaldun gehienak (benetan euskaraz bizi direnak) non eta zertatik (eta zer eskolarekin) bizi diren gogoan hartzen badugu. Esan dezagun, beraz, gutxiengo etnolinguistikoek, minoria etnolinguistikoek, batez bestean desabantaila soziala dutela berekin. Desabantaila horrek motibo jakinak ditu: kopuruz gutxiago izanik, politikoki ahulago eta gainerako baliabideen kontrol alorrean ere eskasago, ahuldade horrek berez bezala dakar desabantaila sozial hori. Berriro ere diogun, halere, deigarri gertatzen dela Fishmanen luze-zabaleko azalpen hori, gaur eguneko euskaldunok geure giza arteko ahalmenaz han-hemen agertzen ditugun uste-sinesmenen argitan.

Goiko deskribapen hori aski zuzena gertatu ohi da, normalean, batetik eta bestetik iristen diren etorkinen kasuan (pentsa dezagun, adibidez, hemen bertan, urrutirago gabe, bizi diren magrehbiar, Saharaz hegoaldetiko afrikar, jugoslaviar ohi eta abarretan). Bistan da, ordea, azken 125 urteetan guregana iritsi izan den etorkin-uholde nagusia, espainiar jatorrikoa, aski dibertsifikatua izan dela sozialki: esku-langile arrunt ugarien ondoan hor zeuden Correoseko edo Renfeko langile soilak, irakasleak, erdi- eta goi-mailako funtzionarioak eta baita profesio liberaletako teknikoak ere. Berriro ere gure kasuaren berezia nabarmentzen du horrek, tipifikazio sozialaren aldetik. Fishman-en kasu standard horretara itzultzen bagara, ordea, zera ikusiko dugu: desabantaila-molde horretara ongi samar egokitzen direla bai kanpotik (eta nor bere kasa) datozen etorkinak (beren lehenengo urteetan bederen), eta bai minoritized indigenous populations who have been peripheralized (some would say “colonized”) even while remaining in some of their traditional areas of residence (RLS, 59). Multzo horiek biek ere gainean daramate desabantaila sozialaren ezaugarri zenbait: eskolara gutxiago joanak dira, dirubide eskasagokoak, irakurtzen eta idazten gainerakoek baino erraztasun-maila apalagoa dute, pobre gehiago dago beraien artean eta bizitzeko erosotasun gutxiago dute oro har (hirugarren aldiz diot: deskribapen horrek eragozpen handiak ditu egungo euskaldunen batez besteko ezaugarriak ongi jasotzeko; ez nintzateke ausartuko, halere, zeharo okerra dela esaten). Ez dago dudarik, adibidez, orain dela ehun urteko Bizkai-Gipuzkoetan, bertako baserritar-jende euskaldun petoaren baitan, hori edo horren antzeko zerbait aski hurbiletik gertatu izan dela: ikus orduko hainbat azalpen, iraingarrienetik hasi eta mingotsera bitartean non eta zer aukeratu ugari dagoelarik).

Horrelako tipifikazio sozial hori gertatzen denean, hizkuntza ahula bere etnokultura ahul-minorizatu horren ikur-sinbolo bihurtzen da. Hitz potolo horiekin, berriz, zera esan nahi dugu: kultura marjinal horri ikusten (egozten) zaizkion akatsak ikusten zaizkiola hizkuntzari berari ere. Garai bateko hablar vascuence es muy cashero hura gogoratzen al duzue zenbaitek? Euskara arlotekeria edo baxerritarkeria, ongi zibilizatu gabeko cashero-en kontua zen orduan: hori zen esaera horren oinarriko filosofian zegoena. Euskaraz egiten zuten horiek modernizatu gabe zeuden seinale. Oraindik ere, zenbaitentzat, horixe duzu euskara. Bai erdaldunentzat eta, kontuz gero, bai euskaldunentzat ere. Euskaltzaleek (eta, oro har, han-hemengo RLSzale guzti-guztiek) oso kontuan hartu behar dute gertaera hori. Euskaldun askotxo aterako baitzaie kontra, beren desabantaila horrekin nahikoa sufritu dutela esanez: sufrimendu horrekin ez dutela (batez ere seme-alabei dagokienez) aurrera segi nahi. Alferrik jardungo duzu halakoetan euskaldun garbi-huts horri oker dagoela, eta zuri kasu egiteko, esaten. Konponbide bakarra du arazo horrek: hezkuntza-aukera zabal iezaiozu euskaldun-jende horri (edo bere seme-alabei), bizibide erosoagoa eta hobeto ordaindutako lanpostuak eskura iezazkiezu, eta orduan ez dute beren euskara hori desabantaila sozialekin hain erraz uztartuko. Baina jakina: nola egin hori, gizarte-piramidean gora egiteko aukerabide gehienak erdararen kontrolpean badaude?

Erantzuna, euskaldun gehienentzat, begien bistakoa da: erdaraz (ondo) egiten ikasi, eta kitto. Bizitzan aurrera egin nahi duten euskaldunek, goragoko gizarte-mailetara iritsi nahi dutenek, erdal itsasoan igeri egiten ikasi behar dute. Horretan ez dago salbuespenik. Are gehiago: beraiek izango dira lehenengoak saiatzen, beraien seme-alabek alde horretatik inolako eragozpenik izan ez dezaten (hots, erdaraz behar bezala jakin gabe gera ez daitezen). Jokabide horrek baditu, begien bistako ordainbideez gainera, kontrapartida nabarmenak ere. Batez ere hizkuntza ahularen eta bere hiztun-herriaren status sozialean. Dependency interaction sortzen da erdaldunen eta euskaldunen artean: menpetasunezko elkar-eragina. Erdaldunduenik dauden euskaldunak dira, prozedura horren ondorioz, erdal aginte-egituratik ordain-sari hoberenak jasotzen dituztenak. Hori da kontua, itsurik itsuenak ere azkar asko antzematen duena. Euskara hutsarekin jai duzula. Erdaraz ondo jakin behar duela euskaldunak, bizitzan aurrera (gizarte-mailan gora) egin nahi badu. Eta isuri horrek, jakina, etengabe erdal itsasora eramaten du euskaldun jendea: demografia aldetik, gizarte aldetik eta kultura aldetik. Boterearen eta baliabideen mailan erdaldun-euskaldunek ageri duten desoreka horrek (zeharo erdararen aldeko balantza horrek) bere horretan jarraitzen badu, erdal gizarte eta kultura askoren besteak irensteko ahalmenak eta gogoak (incorporative capacity eta incorporative ideology direlakoek) bere horretan jarraitzen badute, behinolako euskaldunen transetnifikazioak eta translinguifikazioak aurrera segituko dute. Euskaldunek (eta, oro har, etnokultura ahul, arriskupeko gehienetako hiztunek) dilema latza daukate, askotan, aurrez aurre: beren betiko bizimolde jatorrari eutsi eta gizartean atzera gelditu (desabantailaz josiak, alegia, beraiek eta beren seme-alabak), edota erdal (kontrolpeko) itsaso zabalean murgildu, azken muturrean cultural suicide (RLS, 60) egin, eta beren sinesmen-ohitura-jokamolde jatorrak (denak ez bada gehienak) alde batera utzi, beraientzat eta beraien seme-alabentzat gizarte zabal “neutral”-ean aurrera (gora) egiteko aukerak zabalduz.

Are gehiago: “zaharkiturik” gelditzen ari diren euskaldunak itsaso zabal-neutral horretara eramaten saiatzen diren erdaldunek, oso beste era batera ikusten dituzte gauzak. Askotan, euskaldunei mesede egiten ari direla pentsatzen dute: “gizagaixo” horiekiko bihozberak, errukiorrak, humanitarioak eta errealistak direla iruditzen zaie. Eta, jakina, horrekin batera dator beste hau ere. RLSzaleak (gurean: euskaltzaleok) bere jendearen (gurean: erdaraz erdizka-edo moldatzen diren euskaldun gizagaixoen) etsai direla (hots: garela) esango edo pentsatuko dute erdaldun “mesedegile” horiek. Jakinaren gainean edo konturatu gabe, RLSzaleek erdal itsaso zabalera oraindik egokitu ez diren gizatalde etnolinguistiko minoritarioak (erdaraz ia ez dakiten edo gaizki moldatzen diren euskaldun gizagaixoak) beren ezjakintasunean, pobrezian eta arlotekerian mantenarazi nahi dituztela (hots: nahi ditugula) iruditzen zaie erdaldun “ongile” horiei. Hori baino susmo gaiztoagorik duenik ere izango da, gainera, tartean. Apropos mantendu nahi ditugula euskaldun arlote gizagaixo horiek beren ezjakintasun horretan: haien kontura ondo asko bizi garela besteok (cf. Maeztu, 1900 inguruan).

Bazterturik eta gizarte-hierarkian “behe”an egotearen errua “behe”koek beraiek eta beraien bozeramaileok, omen dugu funtsean: hala esan ohi du, aurrekoak gutxi bailiran, RLSren kontrario batek baino gehiagok. “Zeuok ari zarete, euskara gora eta euskara behera, gauzak okerrera eramaten”. Salaketa hori, askotan, beste honekin elkarturik etorri ohi da: “zuen hizkuntza horri ez zaio (ez diogu), ez aginte-esparrutik eta ez gainerako fortunate establishmentetatik, inolako trabarik jarri. Atzeraka badoa ez da besteok atzerapen-bidean jartzen dugulako; “zuen jende horrek”, bere euskaratxo (eta, oro har, hizkuntzatxo) horretatik erdara nagusira salto egiten duen jendeak, besterik badiozue ere, bere gogo hutsez eta borondate osoz egiten du salto, ez inork (ez guk behintzat) hartaraturik. Erantzun argia ematen dio Fishmanek salakuntza horri: indartsu-osasuntsuen aldetik euskaldunoi eta euskaltzaleoi (orobat beste hiztun-herri txikietakoei) ematen zaizkizuen azalpen horiek ez dira egia: “Whether made in the USSR or in the USA, neither charge is true” (RLS; 60).

Dependency interaction delakoak berekin dakarren dilema hori ez da txantxetakoa. Baina ez da gaindiezina ere, ongi bideratzen bada. Horretarako, berriz, gauza bat da (besteak beste) beharrezkoa: irtenbide xinplearen bila, uneoro bat ala beste aukeratuz, ez ibiltzea. Ez da egia, hasteko, erdarazko gizarte-moldeak goranzko social mobility garantizatzen duenik, beti eta nonahi. Ez dago batere garbi, gainera, gizartean aurrera egin ahal izateko euskara abandonatu beharra dagoenik. Urrestillako Joantxoren kasuan, argi eta garbi dago kontua. Zer irabaziko luke Joantxok euskara alde batera uztearekin? Nahi izango balu ere ba ote luke modurik Urrestillan, eta are Azpeitian, erdara hutsez jarduteko? Erantzuna, gaur-gaurkoz, ezezkoa da garbi. Ez nuke beste horrenbeste esango, ordea, Astigarragako Patxiz; are gutxiago Aieteko Mirenez. Eta garbi kontrakoa esango nuke, pixka bat haserretuko bazait ere, Donostiako Lurdesez. Patxiren kasuan, etxekoekin eta etxeondoko ahaideekin (lehengusu, izeba-osaba...) euskaraz egiten du oraindik gehienetan. Ogia erostera joaten denean eta autoa tailerrera eramaten duenean ere bai: euskaraz egiten du orain ere plazako Bixentarekin eta Martuteneko Joxe Antoniorekin. Lagunekin txikiteoan, sagardotegian eta frontoian ere erdizka-edo euskaraz egiten du Patxik. Gainerakoan, halere, aski du erdara hutsarekin. Aieteko Mirenen kasuan, etxetik hasita, egoera gordinagoa da: semeei ere euskaraz egiten die gehienetan, baina ezkontideari bezala haiei ere lasai-lasai egin ahal izango lieke erdaraz. Hortik kanpora, ezer gutxi dauka gaurko Aietek Miren euskaraz jardutera bultza, zer esanik ez behartu, dezakeenik. Euskara ez da ezinbestekoa gaur egun, Astigarragako hainbat jardungune eta rol-harremanetan eta Aieteko gehienetan. Hainbatera iristen ez bada ere, hartara bidean-edo doaz gaur Donostia inguruko beste hainbat herri, auzo eta bizitegi. Oker banago zuzendu nazazue, mesedez. Ezinbestekoa ez izan arren mesedegarri ere bada ordea, euskara, Astigarragan eta beste herri-inguru horietan. Erroak eta lagunarte zabala, ezagupideak eta eguneroko tratua bertan izan nahi duenari mesede nabarmena egiten dio euskaraz jakiteak. Ikusia dugu, bestalde, language shift-en uholdeak itoak dituela, Donostiako kalean eta Aieten, bertako euskal arnasbide gehienak. Donostiarena aspaldi samarretik dator: ehun bat urteko kontua? Aiete ere ez da dagoeneko, duela berrogei urte bezala, euskal arnasgune jatorra. Urrestilla, aldiz, bai: hortxe dago “koska”. Astigarraga eta bere antzeko gehienak, azkenik, erdibidean-edo dabiltza: nora makurtuko ote dira azkenean?

Gatozen ordea, berriro ere, upward social mobility eta dependency interaction direlakoetara: ikusi-edo egin dugu Joantxori ez liokeela, ez transetnifikazioak (euskal bizimodu eta ohitura, ikusmolde eta balio-sinesmen jatorrak alde batera utzi eta Prado del Reyko eredura buru-belarri aldatzeak) bere gizartean gora igotzen lagunduko. Ez eta translinguifikazioak ere (nagusiki euskaraz bizi izatetik, nagusiki erdaraz bizi izatera pasatzeak). Aldaketa horiek ez bailizkiokete mesedeak bakarrik ekarriko. Kalteak ere ekarri ohi dituzte aldaketa horiek. Zenbat euskaldun mutilzahar ez ote du ezagutzen Joantxok inguruko herrixka eta baserrietan, Patxik ere bai Hernaniko “peria”-ra etortzen direnen artean, ez zeruko eta ez lurreko gelditzen ari denik eta mozkorrari, beste zerbaiti ez bada, ematen dionik? Baserrirako andregairik bilatzen ez, bizi izatera kalera jaisteko desegoki (arlote?) sentitzen, bere “lekua” (gurasoek eskuratu zioten giza ingurumen hura) urtetik urtera galtzen ari dela ikusi eta, hoberik ezean, puta-etxerik etxe dabilenik? Bizimodu “normal” bat eramateko gero eta ezgaiago sentitzen diren euskaldun peto horiek, modernizazio-prozesu orok han (berdin du Jaka aldean, Zamoran edo Sorian) eta hemen dakarren eten-urratzeaz gainera, aparteko “peaje” bat ordaintzen ari dira. Asimilazio-bidean doazen populazioek gaixotasun-mota gehiago, eta larriagoak, agertu ohi dituzte. Buru-gaixotasunak ere bai: krimena eta indarkeria ugaritu egiten da, itxuraz, dislocated assimilating populations artean. Ba ote du horrek gure arteko bonba-jartze eta tiro-egitearekin zerikusirik? Ba ote du harremanik, orobat, zenbait hiztun-talde txiki-zatikatuetariko alkoholismo-tasa handiarekin? Fishmanek ez digu, azken puntu horiei dagokionez, harantzagoko argibiderik ematen. Dislokazio kulturalak osasunean (buru eta gorputz) dakartzan kalteez omen diharduten aldizkari tekniko mordo baten berri ematen digu, hori bai (RLS, 73).

Hori guztia kontuan izanik, bere bizi osoan behin eta berriro errepikatu izan duen errezeta eskaintzen du Fishmanek, goian esandako dilema hori dela-eta: pro-RLSers must become adapt at combinatorial rather than at mutually exclusive solutions. Bat ala beste aukeratu ordez bat eta beste neurri egokian uztartzea dela kontua. Soluzioa ez dagoela, alegia, punta-mutur batean (“baserrian gelditu, behiak zaintzen, fabrika edo beste lantegi modernorik ukitu ere gabe, eta beraz pobre arlote bizi”) edo bestean (“kalera jaitsi, erdal itsaso zabalean murgil egin eta han aurreratu, ahal den neurrian noski, euskara zein euskal bizimodu-arrasto guztiak lehenbailehen abandonatuz”). Soluzioa ez dela ez bata eta ez bestea, jatortasun etnokulturala eta modernotasun ekonotekniko zein soziokulturala egoki konbinatzen asmatzea baizik. Eta zer konbinazio-modu gomendatzen die (digu) Fishmanek pro-RLSer (eta, beraz, euskaltzale) guztiei?:

“They must pursue stable bilingualism, at least among Xmen, if not among the generality of the population at large, and cultural pluralism, at least as an intra-Xish platform, if not as a national policy”.

Itzulpenera baino areago egokitzapenera hurbilduz, horrelako zerbait: Elebitasun-molde egonkor bat bilatu behar duzue, zeuen (hots, euskaraz dakizuenon) artean diharduzuenean bederen. Eta, horrekin batera, zeuon arteko gora-beheretarako kultur aniztasunezko jardunbidea antolatu behar zenukete. Ausartuko ote ginateke errezeta horri euskal aplikazio zehatzik definitzen? Ez dut uste halakorik zeharo egin dugunik, azken hogei urtean: zinez merezi lukeela uste dut, bestalde. Hori baino ondotxoz gehiago gomendatzen du gainera Fishmanek, RLS liburuaren 61. orrialdean. Besteak beste, ondoko hau:

"An economic base under Xish control need not be entirely out of the question, thereby providing employment and mobility to Xish speakers who remain in a cultural enviroment and in a physical space more nearly their own".

Ez litzatekeela itxuragabea, alegia, euskal arnasgune sendoetan bederen lan-munduan ere euskara beharrezkoa edota, gutxienez, mesedegarria izatea: bai lanera sartzeko eta baita goragoko lanpostuetara jo ahal izateko. Badakigu zer gauza delikatuak esaten ari garen. Inork baino hobeto daki hori, agian, Fishmanek berak. Horregatik eransten du berehala:

"The creation of an economic base often requires the asistance and cooperation of a prior economic base (the Yish, hots, erdal, economic base), but if the much touted Yish “good will”- is really there, and, more inportantly yet, if the potential for “profits in the Xish sector” is really there, such cooperation too should be forthcoming".

Hau ere oso maitea du Fishmanek: elkar joka eta muturka ibili ordez, elkarren eskutik joaten saiatu behar dugula, Yish (gurean erdal) eta Xish (gurean euskal) esfera soziokulturalek. Ahal den neurrian, hobe dela elkarri laguntzea elkarri behaztopa egitea baino. Badakit, jakina, zer esango didazuen: nola lagunduko digu ordea erdal munduak, lau lotsagabek burua berotutako kaxero atrasatu egosgogor batzuk besterik ez garela esaten digun erdal mundu horrek? Seguru al gaude, ordea, orain dela 30 urteko (Pello Kirten-en garaiko) burla-gaitzespenak gaurko zirikada eta salakuntzen parekoak direnik? Bi eratara lagun diezaguke erdal munduak, Fishmanen esanean: batetik, euskararen kontra ez daudela esaten badute behin eta berriro, eman diezaiegun nahi adina aukera, behar den errespetuz eta begirunez, beren onginahi hori praktikara eraman ahal izan dezaten; bestetik, bihur dezagun euskarazko jarduna irabazpide, eta baietz erdal mundu hori ere, modu batera edo bestera, euskalgintzaren gurpilera hurbildu. Bigarren puntu horren on-gaitzak neurtzeko esperientzia konkreturik badu, gaur egun, euskarak: irakaskuntza munduan eta, bereziki, euskarazko ikasmaterialgintzan. Bataz zein besteaz merezi izango luke aipamen luzeagorik egitea; aurkezpen honetan ezin gaitezke, ordea, xehetasun horietan kateatu.

Nolanahi ere, abisu latza ematen digu Fishmanek. Garrantzitsua dela, oso, euskara eta bere kultura gizarteko ordainsarien markoan (zentzu zabalean) ongi txertatzea. Behar-beharrezkoa duela hori euskaldungoak, belaunez belaun bizirik iraungo badu. Eta gehiago ere esaten du, zeharka-edo, beste nonbait (han esandakoa gure koordenatuetara ekartzen saiatuko naiz, hemen ere): zertarako ari gara hainbat B eta D eredu zabaltzen eskoletan, eskola amaitu ondoren etxean eta kalean, astialdian eta ia lan-mundu osoan erdara hutsean jardun behar badugu guztiok? Deribatu diferentzialak zertarako euskaraz erakutsi, helduen munduan euskarak (euskarazko formazio eskolarrak) inolako aplikaziorik izan behar ez badu? Gomendio zehatza da berea: Social reward eta sanction sistema ez dezagula begien bistatik galdu, benetako euskalgintza osasuntsua aurrera atera nahi badugu. Irabazpideen eta salerosketen gurpilean, eguneroko jardunaren bizibidean txertatzen ez den hizkuntza ahula eskolak nekez salbatuko duela.

Ez gaitezen, ordea, gure karta-joko osoa sozioekonomiazko ordainsarien joko horretan bakarrik, edo nagusiki horretan, jokatzen hasi. Gehiegitan egiten baitugu (euskaldunok) hordago, honetara edo hartara justu-justu, galdu-irabazi guztia hortxe balego bezala: “euskarazko eskolek salbatuko dute eskola” egin izan dugu hordago, orain dela gutxi arte (eta oraindik ere asko dira, eguna joan eta eguna etorri, errosario hori errezatzen jarraitzen dutenak); “euskarazko komunikabideek (telebistak, irrati-aldizkariek, egunkariek eta, orainago, internetek) salbatuko dute euskara”. Beste hau ere entzuna izango duzue agian: “kultur esparru guztiak (unibertsitatea, literatura klasiko-unibertsala eta Donostiako zinemaldia barne) euskaraz jartzeak salbatuko du euskara”. Sozioekonomiaren apustu mekaniko, pre-enpaketatuaz egin behar al dugu orain irrintzi? Ez gaitezen errazkerian erori, eta gure gaitzen zer-nolakoak zehatz-mehatz aztertu eta ongi uler ditzagun, sendagai miragarriaren azken bertsioa, geure kalterako eta askoren irrigarri, kaleratu aurretik. Gure (hots, euskarazko esfera) sozio-ekonomikoa, kasurik onenean ere, erdarazkoa baino txikiagoa izango da beti. Hori jakinik eta horren arabera erre ditzagun beraz, modurik arrazoizkoenean, gure kartutxo apurrak. Sinplekeriak eta erredukzionismoak ez gaitu indartsuago egingo: aitzitik, gure nagitasun intelektuala nabarmenago agerraraztea baizik ez dugu horrekin lortuko (azken kontsiderazio hau beste leku batean, eta beste enfoke batez, jasoa diogu Fishmani).

Dislokazio soziala kalte-iturri handia da euskaldunontzat (eta gu bezalako beste guztientzat): ETBn euskarazko (zer esanik ez erdarazko) esatari edo aktore-aktoresa on bat sortzen bada, profesional trebe hori xurgatu egingo du (horren arrisku handia izango dugu, behintzat) erdal telebista-munduak: ondotxoz diru gehiago eskainiko dio erdal munduak, askoz jende gehiagorenganatzeko aukera izango du, han bai han fama eta glamour distiratsua... “benetako” gizarte-hierarkian horrela bai gora egin litekeela! Berdin euskal idazle hoberenekin, zinegileekin, gestore publiko, enpresari eta manager-jende kapazenarekin, injineru eta talentu handieneko asmatzaile, mediku eta abarrekin... Xurga-indar horri guztiari ez dago alto ematerik. Saiatu beharko genuke, ordea, hori dena kontuan hartuz gure irtenbide itxurazkoak, arrazoizkoak, aurrera atera litezkeen modukoak atontzen. Espero izan dezakegun mundu hoberena, aukera “posible”-en artean hoberena, euskara-erdarak present izango diren bat baldin bada (eta horretan ez du Fishmanek duda-muda handirik: “the best of all posible worlds” is an ethnolinguisticallly syncretistic one), hortik atera ditzagun kontuak eta horren arabera egin ditzagun euskara indarberritzeko gure plan guztiak. Ahaztu dezagun hortaz euskara hutsezko Euskal Herriaren egitasmoa, hain bihotzean iltzaturik daramaguna, eta zentra gaitezen euskaldunen luze-zabaleko elebitasun egonkorra garantiza dezakeen marko sozioliguistiko egokiena, “ongien egokitzen zaigun trajea”, bilatzen eta aplikatzen. Diglosia bidezko etorkizun-markoa definitu behar dugula, horixe esaten digu Fishmanek. Ez “betiko diglosia”, menderik mende indarrean egon den partiketa-molde hura alegia, hori ezinezkoa baita egungo gizarte-molde honetan. Baina diglosia modu bat, azken finean: euskara-erdaren konpartimentazioa, luze-zabaleko funtzio-banaketa egonkorra garantizatuko duena, bilatu eta hezur-mamitu behar omen dugu euskaldunok eta erdaldunok.

XXI. mendean diglosia molde berririk eratu eta heda al daiteke, gure artean? Galdera urduria gehiago da hori, gaur-gaurkoz, baieztapen sendoa baino. Fishmanek baietz erantzuten dio galdera horri, eta horretantxe saiatzen da RLS honetan. Kapaz izango ote gara, bere formulazio teoriko horri gure arteko hezur-mamitze sendorik bilatzeko? Hori lortzekotan gauza bat egin beharko omen dugu, besteak beste:

"The formation of a new type of Xman (gurean: beste era bateko euskaldun-jendea), an Xish (gurean: euskal) leader and intelectual who may be more capable of engaging in RLS (gurean: euskara indarberritzen) than was previously the case, a type whose greater ability along these positive lines may be directly attributed to his or her greater ability to meet and interact with Ymen (hots: erdaldunekin) in Yish (erdaraz alegia) in certain pursuits and to do without them completely in others, on the one hand, while cultivating Xishness in certain areas at a higher intellectual and more creative cultural level than was the case before, on the other hand".

Erdarari eta erdaldunei beldurrik, are gutxiago gorrotorik, izango ez dien euskaldun-jendea sortu behar dugula; erdaldunekin lasai asko erdaraz egingo duena baina, errotik euskalmaitea delarik, buruz ondo samar jantzia eta kulturgintzan saiatua (gure idazle-jendea, hainbat kantari eta bertsolari askotxo ere, gaizki ulertzen ez badut, Fishmanen asmo horretan ondo samar kabitzen dira), jardungune eta harreman-sare jakinetan (erdal munduak begirunez onartzen eta aldenik alde errespetatzen duelarik) euskaldunekin euskaraz jardungo duen euskaldun-jendea ugaritu eta sendotu behar dugula. Eta hori egin al liteke? Hori ere guri tokatzen al zaigu egitea? Zer egin behar da horretarako? Gure galderok gogoan izanik, honela amaitzen du Fishmanek: the solution to social dislocation requires newer responses than those that have existed before to the problems of intergroup dependency relationships. Hitz batean: hoa eta bila ezak. Ez, ordea, gogogabetu: etengabe saiatuko da bera, diglosia marko berriaren bilaketa horretan bide-argitzaile, arrisku-erakusle eta aholkulari zuhur izaten.


Eten urratze edo dislokazio kulturala.

Modernoa izatea nori ez zaio gustatzen? Ez al gabiltza beti begira, modako janzkera zein den? Eta berdin modako orrazkera, auto-modelo berria, modako filmegilearen azken pelikula, “mundu guztia” irakurtzen ari den liburua, modako turismo-lekua, trekking-a, eski-estazioa eta abar? “Azken modan” egon nahi dugu guztiok, herri-izatearen “betiko” jatortasun-zantzuak aldarrikatuz Kilometroetatik Herri Urratsera eta Nafarroa Oinez-tik Araban Euskaraz-era bagoaz ere. Aldian behingo elkarretaratze horiek besterik iradokitzen badute ere, eguneroko bizibide arruntean libertate osoa nahi dugu, “nahi duguna” egiteko. Gutxitan konturatzen gara, ordea, “nahi dugun” modernizazio-bide hori, “norbaitek” desiragarri bihurtzen digun moda-egarri hori, hori guztia bezain gogotsu nahi dugun beste kontuarekin (euskaldun izaten jarraitzearekin) ezkontzen zaila dela. Batzuek ezinezkoa dela ere esango dute, “zuri ala beltz”-eko zatiketaren ildotik. Garbi dagoena da, aukeratzen dugun ikuspegia aukeratzen dugula, dislokazio kulturalaren arriskua dakarrela berekin modernizazioak.

Eta ez modernizazioak bakarrik: baita demokratizazioak ere. Fishmanen hitzetan most modern democracies engage in conscious or unconscious cultural genocide (...) they do so via many of their most central and most prized and admired social, economic and political processes. Horrexegatik, hain zuzen, omen da LS so common eta RLS so difficult to attain and so heart breaking to pursue. Modernizazioak eta demokratizazioak, izan ere, kulturaz diferenteak diren jendakiak elkarrenganatzen ditu, era batera edo bestera: auzoan, kiroldegietan, hezkuntza-munduan, lan-esparruan, aisialdian, erosketak egitera goazenean, elizkizunetan, administrazio-guneetan, turismo- lekuetan, aste-bukaeretako joan-etorrietan. Modernizazioak eta demokratizazioak ahuldu (zenbaitetan birrindu) egiten dituzte lekuan lekuko kultur diferentziak, eta guztiok komunikabide berberen, alderdi politiko berberen, hezkuntza-programa bateratuen eta publizitate-instantzia berberen jirabiran jartzen gaituzte. Komunikabide, alderdi politiko, hezkuntza-programa, ekonomi saio horiek ideologiaz banaturik egon daitezke noski, atal bitan edo gehiagotan frakzionaturik. Zati-banaketa hori ez da ordea, gehienetan behintzat, kontsiderazio etnolkulturaletan oinarritzen, euskaldunak eta erdaldunak (berak Xmen and Ymen dio) batera biltzen gaituzten luze-zabaleko jardunbide sozioekonomiko eta soziopolitiko globalagoetan baizik. (Berriro ere azpimarratu egin beharko dugu, azalpen hori zuzenagoa dela itxuraz Ipar Euskal Herrirako edo Nafarroarako, Euskal Autonomia Erkidegorako baino). Erkidego honetan litekeena eta are, entzuten direnak entzunik, itxura batekoa da (ez dut ordea, gogoan dudalarik, horren estudio sendorik inon ikusi) euskaldun gehienak alderdi jakin batzuetatik hurbilago egotea. Eskola-kontuan, esate baterako, aski frogaturik dago guraso euskaldun gehien-gehienek D eredura bidaltzen dituztela beren seme-alabak. Orduan ere ezin esango litzateke, ordea, erdaldunak (bere osoan) beste alderdietara (edo, hezkuntza alorrean, B eta A eredura) lerratuta leudekeenik. Gauzak, bere osoan hartuta, gure arteko slogan sinple horiek baino ondotxoz konplexuagoak dira. Fishmanek dioen hori ez da beraz, EAEn izan ditzakeen salbuespen nabarmenak gogoan izanik ere, hain itxuragabea.

Gatozen, berriro ere, modernizazio kulturalera eta free choice irizpidera. Guztiok “nahi duguna” egite horrek ondorio nabarmena dakar erosten (ikus-entzuten) ditugun komunikabideen alorrean, jarduera ekonomikoan, udako (eta, urtetik urtera sarriago, neguko) bakazioetan, hauteskundeetan eta gainerakoan: erdal kultura (gaztelaniazkoa hemen, frantsesa bestean eta ingeles angloamerikarra polliki-polliki bietan) ari zaigu etxekotzen; eta, horrekin batera, gure euskal kultura (kalean ez ezik etxean ere) gero eta arnasbide ahulagoz ari zaigu gelditzen. Zenbat eta bizibide modernoaren askatasun- eta ongizate-gurpilean katigatuago gauden, orduan eta arrisku biziagoa dugu euskaldunok erdal giroan txertatzeko eta erdal giro horren arabera jarduteko, erdaldunekin ezkontzeko (edota, berdin du horrek, bikote-bizitza eratzeko), euskaltasun-ezaugarriak alde batera uzten joateko (polliki-polliki, ia konturatu ere gabe eta beraz inork behartu gaituela ere nekez esan dezakegularik) eta erdaldunak (vascos, navarros edo Basques “de aquí de toda la vida”) bihurtzeko. Translinguifikazioaren arriskua hor dago. Fishmanen azalpen jeneral hori aski ezaguna dugu euskaldunok Larramendiren garaitik, Campionen deskribapen literarioetan barrena Altuberen konstatazio zorrotzetara bitartean. Zer esanik ez 1960 ingurutik honako bizi-esperientziaren argitan (ez horrenbeste ordea, eta hori bada ohargarria, gure bibliografia soziolinguistikoan). Euskaldunok ondo baino hobeto ezagutzen dugun fenomenoa da dependency interaction, intermarriage, relinguification and re-ethnification prozesu hori. Eta zer egin behar dugu, horrekin konforme ez bagaude? Erantzun bat, badakigu zein den: modernizazioa eta demokratizazioa gure etsai deklaratu, euskal kultura eta nortasun-ezaugarriak irensten (ezabatzen, urtzen) dizkigutelako eta, kultur nortasun horiek gabe, euskarak berak oinarri oneko bizi-iraupenik ezin izan duelako.

Gehienoi harrigarri samarra gertatuko zaigu agian irteera-modu hori, baina oker geundeke gure artean aukerabide hori inoiz hautatu ez dela, edota gaur behintzat zeharo alboraturik dagoela, uste izango bagenu. Ez da hau lekua horretan sakontzeko, baina bego horretan esana. Fishmanek zera dio: oker dabiltzala modernizazioa eta demokratizazioa alde batetik, eta beren etnokultura eta etnohizkuntza indarberritzeko asmoa bestetik, berez eta ezinbestean etsai direla diotenak. Ez dela egia helburu biak ezkondu ezinak direnik. Modernizazioa eta demokratizazioa alde batetik, eta agregatu etnokultural txikiak (gurean: euskara eta euskal kultura) bestetik, uztartu litezkeela eta elkarren eskutik eramaterik badagoela. Lan zaila dela, hori bai. Modernizazioari eta demokratizazioari, gurea bezalako hiztun-herri txikien borrokatzaile izango ez badira, osagarri jakina erantsi behar zaiela extending it to the cultural realm (...), to the protection and cultivation of the cultural (and, therefore, of the language-in-culture) rights of minorities that seek such protection and cultivation. Demokraziaren kontzeptua hedatu egin behar dugula, ez murriztu, kultur esparrura zabalduz alegia. Ongi da erdaraz bizi nahi duten euskaldunei (edo euskaldunen ondorengoei) erdaraz bizitzen uztea eta laguntzea. Laguntza faltarik ez dute izango normalean, goragoko interes nazionalen eta the greater general good zer den eta zer ez den definitzen dutenen eskutik.

Baina euskaldun izaten, euskaraz bizi izaten, jarraitu nahi dugunok ere ez al dugu laguntza merezi? Ez al gara ari, gu ere, contributing to the national interest and the greater general good? Zauri bizian sartu dugu hatza, bistan da, gai hau aitatzean. Min egiten digu zauri horrek, eta nahiago izaten dugu ez ukitu. Osatu eta sendatu behar dugun zauria da, ordea, itxurazko bizibiderik izango badugu etorkizunean. Fishmanek, ikuspegi orokor batetik (euskal kontuei buruz zehatz-mehatz zer esaten, edo erdi-esaten, duen geroko uzten dugu), zera dio: RLS eta language-in-culture maintenance indartu eta babestu egin daitezkeela recognizing cultural democracy as a component and as a responsibility of the general democratic promise. Konturatzen da, ondo asko, zer esaten ari den eta hori lortzea zer zaila den:

"Spokesmen and apologists for the Yish mainstream often do not recognize any such responsibility. Instead, they often advocate its diametric opposite: the cultural homogenization of the population via a common language and a common education, regardless of the implicit anti-democratic nature of such homogenization, attacking minority aspirations as contraindicated for “the greater general good” and as self-punitive for the minorities themselves. Even more often, however, the mainstream establishment is simply unaware of minority ethnocultural and ethnolinguistic aspirations. It is in the very nature of mainstream life to be unknowingly provincial and self-centered (while ascribing such traits only to others, who are outside the mainstream), and, therefore, to interact primarily with its own members, or with former Xmen who have opted to become Ymen (...) and, therefore, to be unfamiliar with or even totally ignorant of the Xmen-via Xish pro-RLS (gurean: euskaraz bizi garen euskaldun euskaltzaleon) views and aspirations" (RLS, 65. or)

Luze joan da aipamena, baina merezi du Fishmanen ikusmoldea argitzeko. Euskaldunoi oro har, eta euskaltzaleoi bereziki, egozten zaizkigun akatsak eta bidegabeak ez dira beti oker esanak (lotsa ere eman behar du, bizi garen giroan bizi izanik, hori eztabaidatzeak). Kontua da errua eta kulpa ez dagoela alde batean bakarrik: besteak ere (erdal munduak eta bere bozeramaleek, alegia) erantzukizuna, eta ez nolanahikoa, dutela kontu horretan. Etxe alde jokatzen dutela sarri asko, jakinaren gainean batzuetan eta ustez uste gabean besteetan. Gu bezain itxiak, itsuak eta arloteak dira beraiek ere, besterik uste duten arren, norberaren kultura eta hizkuntza auzigai bihurtzen dituzten bakoitzean. Guztia Salamanca dela iruditzen zaie, zubi-hegaldiz guregana (berdin Kataluniara...) datozenean ere ohiturik daude beren gaztelania hutsean jarduten, eta beren artean euskaraz ari diren euskaldunekin topo egiten dutenean ez dira etxean sentitzen.

Gatozen, berriro ere, gure mundutxora: gero eta ozenago entzuten dira kexuak, han eta hemen, euskara aurrera atera beharraren beharraz edozer astakeria, gehiegikeria, itxuragabekeria egiteko edo ontzat emateko prest gaudela euskaltzaleok, oro har. Itsuak izan behar genuke, berriro diot, gure arteko hainbat bidegabe eta huts-egite ez ikusteko eta ez aitortzeko. Kontuak ez dira hor amaitzen, ordea, inondik inora: euskalgintza osoa, oro har, bidegabezko jokamoldeekin parekatzeko joera indartzen eta zabaltzen ari da erdal munduan. Honetan edo hartan egindako hanka-sartzeak ez, egitasmo osoa baizik, epaitzeko joera ari da erdal munduan indartzen. Euskalgintzaren aldeko artikulu bat irakurtzen, eta hitzaldirik edo gogoeta pausaturik entzuten dugun bakoitzeko, zenbat kontrako ez dira jasotzen? Doktorego-tesi ederrik egin liteke, inork gogorik balu, azken urteotako hemerotekak jiratuz.

Atzo arratseko (3) kontua: erdal telebista-kate batean aktoresa ezagun bat ari da, beste zenbait solaskiderekin, zine-kontuen gaineko berriketa gozoan. Eta halako batean zera dio: zerbait “gehiago” egin behar luketela hemengo (hots, Espainiako) arduradunek (agintariek, produktoreek, film-banatzaileek, zinema-aretoen jabeek, telebista-kateen programatzaileek edo dena delakoek) “gure zinea” babesteko, indartzeko, gorabidean jartzeko. Badakiela asko egiten dela dagoeneko, baina frantsesak eredugarri direla horretan eta haiengandik zer ikasia ugari daukagula. Inork ez zion Carmen Maurari, nik entzun nuen artean, kontrako hitz erdirik atera. Guztiek onartzen dute, izan ere, “gure kultura” (kasu honetan gaztelaniazko produkzio zinematografikoa, beste batean kantu-musikak eta hurrengoan liburugintza, internet eta gainerakoak bezala) defenditu eta bultzatu, landu eta kultibatu... hitz batean anglouholdeari aurre egiteko zaindu egin behar dela. Eta arrazoizkoa iruditzen zaigu, horrela esanda, guri ere. Has zaitez ordea planteamendu horren laurdenaren laurdena euskal kulturgintzaren alde esaten; ea zer erantzun-modu jasotzen duzun han eta hemen. Hor dago kontua, eta hori nekez konponduko da normalean (sarrienik) hartu ohi ditugun jokabideekin: ez egunero soinekoa urratuz, eta ez etengabe ezikusiarena eginez. Badugu, beraz, hiztun-herri eta soziokulturazko kolektibitate txikiok arazo bat, ahaztu ezinezkoa. Horri nola erantzun, hor dago koska. Fishmanentzat, erantzunik hoberena sinkretismo soziokulturalaren bidezkoa da: erdal mundua ere onartu, gure (eta gure seme-alaben) bizialdi osoan hortxe izango dugula jakin eta berari leku egiten ikasi; baina euskal munduari bere osoan, litekeen erarik beteenean, eutsiz: gure biziaren zati garrantzitsuak (gizakiaren Gemeinschaft-giroa sortzen dutenak eta euskarazko arnasgune trinkoetan bizi izaten lagun diezaguketenak, bereziki) euskaraz bizi, euskaraz sortu eta seme-alabei euskaraz transmititu. Euskal kulturari edertasun-kutsua erantsi, gogoz eta ekitez euskal neurrietara errenditu ahal dugun heinean, eguna joan eta eguna etorri erdal munduarekin mutur-joka ibili gabe. Hori da bere aholkua, mundu zabaleko hiztun-herri txiki, ahul, galtzeko zorian gaudenoi RLS bidez hezur-mamitzea gomendatzen diguna. Zer da beraz RLS, eta nola egin liteke hori?

Zer da RLS edo Reversing Language Shift? HINBEren aurkezpena.

Has gaitezen errazenetik. Jatorrizko terminologiatik, alegia. Reversing hori gauza bat atzekoz aurrera jartzea baldin bada, erantzun erraza dauka goiko galderak. Language Shift edo mintzaldatzeari buelta ematea: horixe da RLS. Hots, LSren kontrarioa da RLS, norabidez eta intentzioz. “Tortilari buelta ematea” askotxo esatea izango da, gure erdal giroan beste konnotaziorik ere bai baitu esapide horrek, baina hain-hain urruti dabilenik ere ezin esan.

Nola esan, euskaraz, Reversing Language Shift? Nik neronek, hoberik ezean, Hizkuntza indarberritzea esan izan dut eta, orain ere, horren aldekoa naiz. Hasiera batean indarberritu ordez biziberritu hobe ez ote zen pentsatzen nuen. Gerora, ordea, atzera egin izan dut: bizi berria ematea, badirudi hildakoari edo jaio gabe dagoenari egiten zaiola. Euskara hilik dago, egia da hori, behinola euskaraz egin ohi zen hainbat eskualdetan. Jardun-esparru batzuetan, gainera, apenas jaio ere egin den: goi-mailako gizarte-instantzietan idatzizko jarduna noiz, nagusiki edo parte on batean behintzat, euskaraz bideratu izan da? Alde bi horietatik ondo legoke, beraz, biziberritzeaz hitz egitea. Euskara ez da hizkuntza hila, ordea. Ez da inoiz latinaren edo hebraieraren parekoa izan. Orain ere ez da latinaren parekoa. Langues vivantes-en alorrekoa da euskara, eskubide osoz eta itxaropen ozenez. Bizi-indar nabarmena du, latinak ez bezala, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako eskualde jakinetan. Sukalde-zokoan eta han-hemengo taberna-zuloetan ez ezik jardun-esparru askotxotan ere sarturik dago, gainera, neurri mugatuan bada ere. Hori guztia kontuan izanik, eta batez ere Fishmanek euskal arnasguneak (euskara bizienik dagoen leku-esparruak) gogoan dituela kontuan izanik, indarberritze terminoa egokiagoa iruditzen zait. Hitza bera ez da, bestalde, sortu berria: XIX. mendetik hona idatzizko jardunean dokumentaturik dago, eta Luis Mitxelenak berak hizkuntzarekiko ikusmolde soziolinguistiko horretan erabilia dauka. Azken oharra: RLS akronimoaren euskal ordaina HINBE da: Hizkuntza INdarBErritzea. Gatozen hortaz, berriro, HINBEren esanahira.

Gero eta larriago dabilen hizkuntza ahulak hiztun gehiago izan ditzala, eta hiztun horiek gero eta jardungune, harreman-sare eta situazio ugariagotan egin dezatela beren hizkuntza ahul horretan: hori da RLSren jomuga, neurri on batean. Horrela esanda, RLSren azken helburua ez dabil batere urruti hizkuntz normalkuntzaren orain dela 30 bat urtetik honako formulazio maximotik: Aturritik Ebrora guztiok euskaldun izatea, eta (kanpora ateratzen ez garen edo kanpokoekin jarduten ez dugun bitartean) euskaldun guztiok euskaraz jardutea, huntaz edo hartaz. Hori baino amets handiagorik nekez egin dezake, bihotz oneko eta gihar biziko euskaltzaleak. Hori ere ez da osorik egia, jakina: beti aterako zaizu norbait, izan ere, Harotik aurrera ere, Burgos aldera bitartean, euskaraz egiten zela lehen eta beraz... gogoratuko dizunik, edo lehen-lehen Garonan genituela mugak, eta ez Aturrin, matizatuko dizunik. Baina tira: esanak esan, Aturrik eta Ebrok markatu ohi dute normalean (noiztik?) hizkuntz normalkuntzaren alderik aldeko amets-gura maximoa. Zazpi Euskal herrien batasun-asmo etnokulturalak zer unetan, eta nola, formulazio territorial politiko-administratiboa hartu zuen, zergatik eta zer neurritan, behar bezala aztertzeke dago: ez litzateke lan makala, inork geolinguistikazko asmo-aldatze edo zabalkuntza semantiko horren nondik norako azalpen zehatza prestatuko baligu. Lurralde-hedadurari dagokionez gainera, espazio soziofuntzionalari dagozkionetan ere “azken helburu” jakinak izan ohi ditu hizkuntza normalkuntzaren formulazio maximo horrek: euskal unibertsitatea (klaseak, guztiak edo gehien-gehienak) euskaraz, ikerketa-lanak euskaraz, Donostiako zinemaldia nagusiki euskaraz, Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan euskaraz, Aurrezki Kutxetako gestio-alor eta aginte-esparruetan euskaraz, eta abar.

Hizkuntz normalkuntzaren planteamendua ez da, bestalde, orain dela hogeita hamar bat urte sortu. Ez bere formulazio maximo horretan eta ez tarte-bitarteko mila konpromiso-moduetan. Aspaldiko egitasmo jakin baten azken (azkenaurreko?) formulazioa baizik ez da, hartara bagoaz, hizkuntz normalkuntzarena. Norbaitek pentsatu ere egin dezake, terminologia kontua dela guztia: Conservar y propagar el vascuence esaten zutela orain dela 120 urte inguruko euskaltzaleek, Restauración de la lengua esatea zela moda Eleizalderen, Azkueren eta Urkixoren garaian, Recuperación de la lengua etorri zela gero, euskararen berreskurapena esan geniola horri euskaraz, normalización lingüística edo hizkuntz normalkuntza ikasi genuela handik gutxira eta orain, ingelesarekin ere pitin bat ohitzen hasi garen (eta distintzio-puntua ematen digun) honetan, Reversing Language Shift esaten dugula ahoa betean. Total, gauza bera esateko.

Gauza bera? Bai eta ez. Zertan bai eta zertan ez? Ea argitzen asmatzen dugun. Horretan laguntza txikia emango digu Fishmanek, berak ez baititu gure azken (hots, Euskal Herriko) 120 urteotako katramila ideologikoak, aukera terminologikoak eta eztabaida intelektualak bertatik bertara ezagutzen. Saia gaitezen, halere, dakigunetik abiatuz konparazio- eta bereizketa-guneak argitzen.


Zertan da RLS betiko kontua?

Fishmanen beraren definizio edo, hobe, azalpen partzialak hartuko ditugu oinarri, era batera edo bestera gure artean ere behin eta berriro azaldu, ikusiabartu edo deitoratu izan diren kontuak argitzeko. Datozen bezala emango ditugu, kontenplazio handiagorik gabe.


“Eutsi goiari”, edo dagoena mantentzea.

Enborraren barrenaldeko giharra garrantzitsuago dela dio Fishmanek, habeak etxeari eutsiko badio, pipiak jandako kanpoaldea baino. Intimacy, family, community, identity and affiliation are the essences of ethnocultural creativity and continuity (RLS, 5). It is identity, rather than power, and Gemeinschaft (intimate community) rather than Gesellschaft (impersonal society), that Xish must fundamentally and studiously pursue at the outset (RLS,6). Gurera etorriz: euskarazko etxea eta lagunartea, herria eta bizimodua direla, lehenik eta behin, euskalgintzaren eta herri-izatearen muin-muinean daudenak. Oraingo euskaltzaleok, egia esan, ahaztu samarrik dauzkagu sukalde-giroko biziera eta sentiera moldeok. Bestelako ametsak eta xedeak darabiltzagu buruan, euskararen hil ala biziko erronka interneten izango dugun presentziaren arabera ikusten hasi-edo garen honetan. Menderik mendeko euskaltzaleek bertako ikusmoldeetan, uste-sinesmen eta beldur-pozetan, lanbide arrunt eta bizibide jatorrean, ikusi uste izan dute, ordea, euskararen eta euskal nortasunaren (hots: euskaltasunaren) helduleku eta salbabide nagusia (batzuen ustez, bakarra). Orain atzendua badaukagu ere jatortasun etnokultural ukitugabearen kontzeptua, ez dago dudarik Fishmanek berriro mahai gainera ekartzen digun elementu hori euskalgintzaren oinarririk sendo, ezagun eta iraunkorrena izan dela, menderik mendeko bere formulazio eguneratuetan. Eta garbi esaten digu zergatik: It is not enough (...) to be like everyone else, but in Xish (then Xish, would be culturally redundant). Prozesu isoentalpikoak eta Pitagorasen teorema euskaraz esplikatzea baldin bada kontu guztia, argazki-makina erosten dudanean instrukzioak euskaraz (ere) etortzea edo Far Westeko filmak euskaraz ikusi ahal izatea, merezi al du hain saio nekeza egitea? Posible al da, gainera, to be like everyone, but in Basque? Ikusi ere ikusten dugu, Pitagorasen teorema ikasi duten ikasleak, horregatik behintzat, ez direla beraien artean euskal eskolarik inoiz jaso gabeko beren gurasoak baino ugariago eta gozoago mintzo euskaraz. Far Westeko filmak ez dira beti-beti euskara egokienera itzuliak izango, baina itzulpenaren kalitateaz aparteko “beste zerbait” da pelikula supraetniko horietatik Goenkalera dagoen tartea, batean zapping egitera bultzatzen gaituena eta bestean, hainbat euskaldun zahar eta gazte, egunero-egunero pantaila aurrean atrapaturik mantentzen dituena. Oker gabiltza, lanbidezko euskaltzaleok inor baino okerrago agian, “eso mismo, pero en euskera” bideratzen eta bultzatzen saiatzen garenean. Hortik sortzen den produktuak ez dio, gehiegitan, bere buruari eusten. Eta eutsi ezinaren iturburua ez da beti, batzuetan hala bada ere, masa kritikoaren (hots, masa kritikorik ezaren) problema. Gure aurreko euskaltzaleak (Iturralde-Suit, Zaldubi-Adema, Bustintza eta Altube ditut orain gogoan, baina beste hainbat ere hor genituzke) oso konforme sentituko ziratekeen, bizi izatera, Fishmanen argudio-bide horrekin.

Hizkuntza eta kultura, kultura eta hizkuntza, elkarren eskutik doazela eta burugabe samarra dela hizkuntza ahula, bere huts-hutsean, aurrera atera nahi izatea. Hori da Fishmanek baieztatzen diguna. Bere hitzetan esateko The destruction of languages is an abstraction which is concretely mirrored in the concomitant destruction of intimacy, family and community, (...) the destruction of local life by mass-market hype and fad, of the weak by the strong, of the unique and traditional by the uniformizing, purportedly “stylish” and purposely ephemeral (RLS,4). Hurbileko itzulpen-saioaz: hizkuntzen galera gauzak esateko modua dela. Galera horren azpian besterik ere badagoela: aurrez aurreko etxe-giro bat, lagunarte bat eta bertakoa izate-modu bat hautsi eta galtzea; luze-zabaleko merkataritzak (beti aparteko eskaintza hutsalean ari delarik) urteen joanak jatortasun-zigiluz etxekotu zuen bizimodu arrunta birrindu eta desegitea. Etxean seme-alabekin egoteko, eta familiartekoekin egun seinalatuetan egiten genituen jai-ospakizunei eusteko, horretarako ere astirik hartzen ez dugunean, goizetik arratsera orain arte euskaraz bizi izan diren herri, herritxo eta baserri inguruetan etxe adosatuak eta txaletak egiten ditugunean bata bestearen ondoan, herrietako denda txikiak itxi eta inguruan supermerkatu handiak zabaltzen direnean (errotulu elebidun eta guzti, hori bai), seme-alabak aste-bukaeretan denbora pasako edo kirol kontuetarako instalazio masifikatuetara bidaltzen ditugunean, bikotekideak eta biok lagun batzuek utzitako bideo-film hori lasai ikusi ahal izan dezagun... konturatzen al gara habitat hurbila eta egunerokotasuna, kultura eta hizkuntza zein elkarri itsatsiak doazen? Astelehen goizean seme-alabak D ereduko eskolara bidali eta dikotiledoneoak euskaraz ikasaraziz uste al dugu etxeko eta lagunarteko, auzoko eta herriko giro-aldaketa soziokulturalari “buelta” emango diogula? Erantzuna laster emango dit zuetako edozeinek: "Baina zuk zer nahi duzu, Mikel: gure aitona-amonen garaian bezala bizi? Ba guk ez!".


“Euskaldun izango bagara, euskarari eutsi behar diogu”.

Ezetz, ez naizela aitona-amonen ohitura soziokultural “jator” haietara itzultzeaz hitz-erdirik esaten ari. Ez dela hori kontua. Beste zerbaitez ari zaigula Fishman. Any community’s ability to maximize self-regulation of culture change and the regulation of culture contact, is invariably different when the historically associated language is present than when it is absent (RLS, 17). Edozein gizataldek, bere bizi-denbora mugatuan ere, culture change delakoa berta-bertatik ezagutzen du. Gizarte-modu eta gizaldi batzuetan astiroago gertatu/-tzen da kulturberritze hori, eta beste batzuetan (hemen, Euskal Herrian, eta orain, azken mendean) azkarrago. Aldaketa hori ez da zorizkoa, ordea. Instantzia eta gizatalde batzuek eskuarte zabalagoa dute beren culture change hori gidatzen, arautzen, autorregulatzen; eta beste instantzia batzuek, aldiz (gurea bezalako hiztun-herriek, konkretuki), ahulagoa, askozaz ahulagoa. Berriro Fishmanen hitzetan esateko, Weakened and endangered languages pertain to cultures that no longer significantly regulate the daily lives of their members (RLS, 8). Guztiok izan nahi dugu moderno, baina modernotasunerako bidean “geu izatea” galdu gabe. Geronek gidatu nahi dugu, horretarako, kulturberritzearen etengabeko ibilaldi hori. Soziokulturazko autorregulazio-ahalmena itxuratxarki galtzen duen agregatu etnokulturalak nola bere buruari eutsiko dio? Autorregulazio soziokulturalerako palankak eta bolantea galdu dituen ibilgailua nola gidatuko duzu, bazterra jo gabe? Lemazainik gabeko ontzia nola nahi duzu begiz jotako portura onik iristea? Bere buruari bizi-iraupena opa dion hiztun-herri edo soziokulturazko kolektibitate orok autorregulazio-ahalmen bat (era batekoa edo bestekoa, handiagoa edo txikiagoa, baina neurri batekoa nolanahi ere) beharko du eskueran. Hori gabe ezin segurtatu ahal izango ditu euskarazko arnasguneak, jardun-esparruak eta harreman-sareak. Horiek falta zaizkion neurrian, eguneroko mintzajardunean nekez bere buruari eutsi ahal izango dio gero eta ahulagoa den hizkuntza horrek.

Eta alderantziz ere bai, atal honen hasieran Fishmani irakurri diogunez: bere ohiko hizkuntza galtzen duenean hiztun-herri batek, soziokulturazko autorregulazio-ahalmenari bere betean eusteko gaitasuna ere goitik behera aldatzen zaio. Horrexegatik da hain garrantzitsua, alde bietako fenomenoaren aurrean gaudela ondo konprenditzea. Adibide xinple baten bila ari naizelarik, orain ehun urteko euskaltzaleen eta apaiz-jendearen arteko kontuak (jendeak uste duen gozotasun hartatik ezer gutxi zutenak) ekartzen dizkit fenomeno horrek gogora. Orduko apaizak (hiri eta herri nagusietakoak bederen) suabe-suabe esanda ez zeuden euskara aldetik, pulpitotik hitz egiteko, eta zer esanik ez, sermoiak euskaraz idazteko, beren momenturik onenean. Interes handi-handirik ere, apenas euskararekin zeukaten. Jendea kristau-ohituretan sendo mantentzea, eliza amaren aginduak ondo betearaztea eta herritarrak bekatu-bidetik urrun mantentzea, hori zuten beren xede jakin nagusia. Euskaltzaleak, berriz, tripa jaten: apaiz-jende horrek (erdi- eta goi-mailakoak bereziki) zergatik ez zuen euskararen alde ausartago jokatzen? Laster hartu zioten ordea tamaina, euskara galtzea eta ohiko kristau-fedea epeltzea elkarren eskutik zetozela ikusi zutenean. Modernizazioak berekin zekarren culture change horren ondorio argienetako bat ohiko kristau-izaera epeldu eta bizibide laikoagoak indartzea zela ikusten hasi ziren batzuek eta besteak egunetik egunera nabarmenago. Euskaraz bizi izaten jarraitzen zutenek beteago eusten zioten etnokultura jatorrari (eta, horren barruan, ohiko kristau-bideari). Culture change horri irmoago eusten zioten beraz, beren lehengo uste-sinesmen eta jokabideen ildotik. Kultur aldakuntzari (euskara lagun) indartsu euste horrek, jakina, mesede egiten zion apaiz-jendeari bere lanbidean. Horra, beraz, apaizak eta euskaltzaleak (biak motibo diferenteagatik) uztarri berean lotuta. Euskaltzaleak apaizari: “eutsi biezaio berorrek euskarari pulpituan eta eliz esparruan, jendea mintzaldatzen ez den artean kristau-fedea ere indartsuago egongo da-eta”. Apaizak euskaltzaleari: “eutsi egiok kristau-fedeari, bere zera guztiekin ere eliza bezalako aterpe instituzionalik ez duk euskararentzat erraz aurkituko-eta”.

Kultura batean txertaturik bizi da hizkuntza, eta kultura hori gabe ezer gutxitarako da hizkuntza bera. Eta, alderantziz, euskara galtzen den lekuan iraupen ahula du ohiko euskal kulturak ere: “cultura vasca, escritores vascos, cine vasco” eta nahi duzuna sortuko da, baina hori ez da jadanik euskaltasunaren harrobitik ateratako harlandua. Beste zerbait da hori, errespetu guztiarekin esanik.


RLSzaleen betiko negarra: “ahal bagenu, gure esku balego, halakoren pareko bagina!”.

Fishmanen diagnostikora goaz berriro ere: Adherents of RLS are likely to be fewer in number and with less access to the media, the schools, the church, the government and the various other opinion-forming institutions of society (RLS, 14-15). Hemen ere balirudike, euskaldunok hainbat Aldundi eta Udal, Jaurlaritza eta Legebiltzar, Telebista eta Irrati izanik eskueran (neurri batean edo bestean, baina eskueran), oker dabilela Fishman (euskaldunoi dagokigunez oker; ez, noski, mundu zabaleko beste hainbat hiztun-herriri dagokionean) bere azalpen horrekin. Ez dut uste, ordea, guri dagokigun heinean ere hain oker dabilenik. Goi-mailako instituzioak askotxo dira (ez soil-soilik “betiko” gure euskal eskola, euskal telebista eta euskal literatura). Eta askotxo diren horietatik gehienak, baita indartsuenak ere, erdal munduaren baitakoak dira edo, gutxienez, haren arauz jardun ohi dute nagusiki. Eusko Legebiltzarra sortu zenetik, zenbatean eta zertaz hitz egiten da euskaraz?; dokumentazioa sortzen, bideratzen eta lantzen da euskaraz? Horra, hor ere, doktorego-tesi ederra egiteko gaia. Eta zer esango dugu Jaurlaritzako (are Hezkuntza Saileko) eta (dakigun neurrian) Aldundietako mintzabideaz eta idazpideaz? Jendaurreko azalpen formalei eta erdi- edo goi-mailako dokumentu idatziei dagokionez erdara izan ohi da, hamarretik bederatzitan baino gehiagotan, jaun eta jabe. Eta zer esango dugu komunikabideez? Notizia inportanteak euskaraz jasotzen al ditugu goizean goiz, irratitik edo periodikotik? Eta, hala den kasuetan ere, non daude komunikabide horien hizkuntza (eta eduki) aldetiko iturburuak? Ez gaitezen, beraz, engaina: gutxi (arras gutxi) eta ahul (hauteskundeen eta beste zenbait parametro soziologikoren arabera maizegi baieztatu ohi den baino ondotxoz ahulago) izateak bere ondorioak ditu. Hori ere gogoratu egiten digu Fishmanek. Zertarako? Geure ahulaz lotsarazi eta ezertan saiatzeko gogoa kentzeko? Ez, inola ere. Hona zergatik eta zertarako: The strongest adherents of inappropiate goals are likely to be some of the pro-RLSers themselves. It may be hard for true and complete believers to settle for less than the full demographic and functional pie (RLS,13). Euskarari eta euskal kulturari etorkizunik oparoena desio diogunok, geurok garela alegia, sarritan, hizkuntza indarberritzeko orduan bide okerretik jotzeko arriskurik handiena dugunak. RLS arrazoizkoa antolatzerakoan kontua ez baita nork euskararen aldeko jarrera sendoena, anbiziosoena, begi-luzeena, ausartena eta konprometituena proposatzen duen, euskara benetan indartzeko biderik egokiena nork definitzen duen baizik.

Ez dago batere argi, zenbat eta euskararen aldeko planteamendu ausartagoa, zabal- sakonagoa egin hainbat eta soluzio-bide zuzenetik hurbilago gabiltzanik. Hortxe dago gakoa: ditugun indar apurrak ditugu, eta horiekin egin behar dugu apustu. Alferrik da garenak baino gehiago bagina, indartsuago bagina, euskaldun-jendeak erdaraz baino euskaraz hobeto hitz egiten, irakurtzen eta idazten baleki,... zer egingo genukeen edo egin behar genukeen deitoratzen jardutea. Balitzek eta balegok ez dute jaten ematen. Alferrikakoak ez ezik, kaltegarriak ere izan litezke ameskeriazko ihesbide horiek. Kontuz ibiltzeko eskatzen digu Fishmanek: hizkuntza indarberritzeko orduan lekuan lekuko egoera aztertzeko zehatz-mehatz eta, hori egindakoan, kasuan kasuko irtenbideak planteatzeko. Urrestillako egoera, Astigarragakoa eta Aietekoa diferenteak direla, eta batean zoragarria izan litekeen neurria itxuragabea eta arras kaltegarria gerta litekeela bestean. Eta Donostiako kalean? Eta Gasteizen? Eta...? Much language policy is discussed in terms of the nationwide level only; however, that is not only or even necessarily the optimal level for RLS and for language status planning more generally. Indeed, the more disadvantaged a particular language is the less productive (and the less feasible) macro-level (nationwide, regionwide) policies may actually be. Under such circumstances, more pinpointed goals must be focused upon first, goals that are oriented toward much smaller societal units such as families, clubs or neighborhoods, or to speaking (rather than writing), or to schools (rather than business), or to kindergarten (rather than high schools), etc. (RLS, 12). “Euskarak hau behar du, Euskal herriak hori behar du” esaka dabilena ez dabilela beti, berak hala uste badu ere, bide zuzenetik. Zenbat eta hizkuntza (eta hiztun-herri) jakina osasunez ahulago egon, hainbat eta traketsagoak gerta daitezkeela alderik aldeko formulazio global horiek. Fishmanen ohar-azalpen horiek ere ondo datozkigu hortaz, behin baino gehiagotan izan ohi baitugu iparra galtzeko arriskua. Lekuan lekuko neurriak hartzearen aldeko aholku horiek ez dira, ordea, guztiarekin ere erabat arrotz eta inoiz entzun gabeak gure artean. Dudarik lukeenak aski luke Altuberen La Vida del Euskera eta Más sobre la Vida del Euskera irakurtzea. Argi ikusiko du, halako iturrietara jotzen duenak, Fishmanen filosofia soziolinguistiko hori tradizio historiko luze samarrean txertatzen dela gurean, eta tradizio horrek punta-puntako ordezkariak dituela gure aurreko euskaltzaleen artean. Lotsa apur bat ere behar genuke, lanbidez eta ogibidez euskalgintzan urteak daramatzagunok, geure aurrekoen esan-eginak hain erabateko deskuiduan edukitzeaz. Besterik da ordea hori, eta gatozen berriro harira.


Zertan da HINBE hori “berria”, aurreko konstruktuak ez bezalakoa?

Terminologiaz aparte, edukizko berritasunik ere badakar HINBEren formulazioak berekin.


Hizkuntzaren soziologia soziologia da (ez hizkuntzalaritza), behi-esnea esnea den bezala (ez behia).

Soziologiarekin lotuago ageri da, hizkuntzalaritzarekin baino, HINBE eta, oro har, Fishmanen jarduera akademiko-intelektual osoa. Mila aldiz interesatuago dago bere azterbidea, gurera etorriz, nork norekin noiz-nola euskaraz egiten duen, Urrestillako Joantxoren semeak ikastolan eskribitu edo idatzi esaten duen baino. Gure artean, hizkuntz normalkuntzaren planteamendu askotan, leku zabala (printzipala ere bai askotan) hartu ohi zuen corpus planning delakoak: hizkuntzaren ortografia bateratzeak, euskara batua sortzeak, eginkizun berrietarako (unibertsitaterako, komunikabideetarako, enpresa- eta administrazio-mundurako) terminologia berria sortzeak eta abar. Fishmanek ez du ezer horren guztiaren kontra: liburu eta artikulu osoak dedikatu dizkio corpus-plangintzaren gaiari, horretaz ere argibide zorrotzak (guretzat ere bereziki egokiak) plazaratuz. Odolusten ari denari torniketea ezarri behar zaiola, ordea, lehenbailehen eta ez hamaiketako ederra eskaini: hori dio Fishmanek. Hortik hasi behar dela esaten du berak, istripu larria izan duen horrek buruko minik ere ba ote daukan aztertzen hasi (eta bitartean odolusten utzi) aurretik. Corpus-plangintza horri bigarren mailako (kasik hirugarren edo n-garren mailako) garrantzia aitortzen dio berak, ahul eta larri dagoen hizkuntza (eta bere etnokultura) indarberritzen saiatzeko orduan. Gakoa ez dagoela batez ere hor (nahiz eta hori ere garrantzitsua izan) esaten digu Fishmanek. Bere HINBEren konstruktuan ondo asko nabari da enfasi-aldaketa hori. Are gehiago: hizkuntzaren “tripak” miratzen hasten denean ere, interes-maila bertsua aitortzen die hizkuntz eredu standard batuari eta hizkuntza horren aldaera ezberdinei (dialektoei, soziolektoei eta gainerako mintzaera-moldeei). Eta ez hori bakarrik: hizkuntza idatziaren ondoan, eta askotan horren aurretik, berba-egikera edo hitzezko jarduna aztertzen eta aipatzen du berak. Badago beraz hemen, Arantzazuko paradigmatik gatozen belaunaldi osoarentzat, zertaz gogoeta egin eta zertan gure lehentasunak birmolda.


“Neurriko trajea” da HINBE, ez “berezko” jomuga bakarra duen formulazioa.

Euskararen normalizazioa, zer da zuretzat? Horra galdera xinplea egin, eta horra uste baino ezerosoago non harrapatzen zaitudan, euskaltzale jator hori. Seguru asko “garbi ikusten duzu” normalizazio horrek zer izan behar duen, baina agian ez dakizu bi hitzetan esaten. Eta, zuk ongi baldin badakizu ere, baietz zure inguruko asko (gehienak agian) indefinizio-egoera horretan egon. Egizu, bestela, proba. Zoaz ondoren lankideengana (baita irakasle baldin bazara, ikastetxeko euskara-mintegira ere). Azkenean, handik eta hemendik zirikatu dituzularik eskueran dituzun adiskide eta lankide horiek, litekeena da beraiengandik erantzun-modu hau jasotzea: “euskera gure artean espainola Espainian, frantsesa Frantzian edo ingelesa Ingalaterran edo Estados Unidos-en bezela izatea; horixe duk/n niretzat normalizazioa. Gainerakoa, kieroinopuedo”. Zuk ere ez al zenuke, irakurle horrek, horrelako zerbait firmatuko? Edota, gutxienez, sentituko?

Gatozen, ordea, bihotzetik burura. Gauza bat baita barruak zer agintzen digun (sentimendu global, bertatik bertarako horiek errespetu guztiaz hartzea komeni da, geure izatearen barne-muinetara baikaramate askotan), eta beste bat arrazoi-bideaz kontuak ateratzen saiatzea. Demagun 5.000 hizkuntza diferente daudela munduan (2.000 eta 8.000 inguru arteko konputoak dabiltza hor zehar). Fagor etxea bere labadorak egiten eta mundu zabalean saltzen saiatzen denean, 5.000 hizkuntzatan atera behar al ditu bere prospektu teknikoak, eta 5.000 hizkuntzatako agente komertzialak kontratatu behar al ditu, “hizkuntza eta hiztun-herri bakoitza ingelesa Ingalaterran bezala izango den munduaren” alde dagoelako Fagorreko zuzendaritza edo bertako lankide-multzoa? Botikara joaten garenean bertan dauden milaka eta milaka sendagai horien guztien prospektua ingelesek Ingalaterran bezala, euskaraz exijitu eta lortu arte ez al gara normalduko? Gauza guztiak 5.000 aldiz errepikatuko diren Nazio Batuen Erakundearen batzarrak al ditugu gogoan? Horren bila al gabiltza benetan? Eta benetan espero al dugu, horrelakorik lortzea? Mundu-modu hori ez da, dakigularik, lehen ezagutu, eta ez dago inolako itxaropen-oinarririk etorkizunean ezagutzeko ere. Beti izan dira munduan, horregatik eta hargatik, hizkuntza handi-indartsuak (gutxi batzuk, azken 2.000 urteotan), hor nonbaiteko hizkuntza beregain prestuak eta, hedaduraz zein goi-mailako funtzio-esparruetarako sarbideari dagokionez, hizkuntza ahulak. Eta gero ere hala izango dira, kasurik onenean (kasurik okerrena esplikatu beharra al dago?). Hori horrela delarik, ahul eta gaixo dauden hizkuntzek eta hiztun-herriek (gehien-gehienak gara halakoak, ez gutxienak), bizirik aterako bagara geure neurriko trajea egin behar dugula esaten digu Fishmanek: espainolaren eta ingelesaren eredu horiek oso politak, oso erakargarriak gerta daitezkeela, baina ez geure burua engainatzeko. Hiztun-herri ahuletako kideok askoz gutxiago garela numeroz (eta hala izaten segituko dugula, onenean ere). Ez dugula (urrundik ere) handi-zabal horien pareko tradizio literariorik. Bertoko jende ikasiak ez duela (hamarretik bederatzitan, gutxienez), bere esparru profesional, jaso-formaletan euskaraz jarduteko ohiturarik, trebetasunik eta prestaera-biderik. Hizkuntzaren eredu bateratua, gure euskara batua, gaztea dela oraindik, hiztun gehienen mintzamolde-abanikoan erdizka-edo txertatua eta estilo-lanketaz, terminologia garapenez eta erreferentzia markoaz ondo asentatu gabe dagoena. Ditugun komunikabideek eta unibertsitateek, aginte-esparruek eta kontsumo-mekanismoek ematen dioten babesa (ez gehiago) ematen diotela euskarari eta euskal kulturari... eta hortik abiatuz egin behar ditugula gure hizkuntza eta kultura indarberritzeko planak, egitasmoak eta ebaluazio-saioak. Helburua Marten jartzeagatik ez garela urrutiago iritsiko gure abioneta honekin. Bere neurriko (bere irizpideko) itinerarioak markatu behar ditugula, etsipen hutseko zurrunbiloan sartu eta guztion buruak ito nahi ez baditugu. Entenditzen al da Fishmanen gomendioak, geure neurriko trajea egitekoak, funtsean zer dion?


HINBE saioa, balio unibertsal positibo batean txertatzea.

Hau izango da, akaso, gure euskaltzale-munduan esplikatzen zailena eta, halere, interesgarriena.

Euskaltzaleok ohiturik gaude, halaxe emana baitatorkigu aurreko euskaltzale gehienen testigutza eta oinordekotza ere, gure jarduna eta egitasmo osoa erreakzio moduan ulertzen eta argudiatzen. Erreakzio soziopolitiko jakinarekin lotu izan da askotan, eta orain ere horrela egiten da normalean, euskaltzaleon artean, gure eginahal osoa. Euskal Herriari bere “betiko” aginte-ahalmena murriztearekin (Foruak kentzearekin, burujabetza galtzearekin, Frankoren berrogeizaroarekin...) etorri da euskararen hondamena: euskara indarberrituko bada badakigu, beraz, zer tekla jotzea komeni den. Ikuspegi horrek begien bistako erakarmena du: indar- eta botere-ahalmen diferenteko konstelazio soziokultural biren talkan indartsuena nagusitzen ari denez, indar- eta botere-ahalmen zabalagoa eskura dezagun, talka horretan (hain) galtzaile ez ateratzeko. Botere-iturri nagusia politika-alorra denez gaur egun, lor dezagun behar adinbateko botere-ahalmena, gure ontziaren nondik norakoa guk geuk erabakitzeko. Eta non dago behar adinako botere-ahalmenaren maila kritikoa? Eztabaida etengabeak izan dira euskaltzaleon (eta, agian berezikiago, politika alorreko hainbat eragileren) artean, azken mende-laurdenean, egungo autonomia politikoaren gainean. Euskara indarberritzeko aski den ala ez: mila matiz eta ñabardurarekin horretara bildu izan dira, lautik hirutan, eztabaida eta gogoeta-saio horiek guztiak.

Fishmanek ez dio elementu politiko-operatiboari ezer kentzen. Behin eta berriz aitortzen du, aitzitik, elementu horrek gizarte-bizitza osoan duen garrantzia eta eragina. Berak ez du uste, ordea, HINBEren formulazioa esparru horretara muga daitekeenik, ez eta elementu nagusia hor dagoenik ere: ez, behintzat, beti eta nonahi. Ez zaio iruditzen hizkuntza ahularen defentsa politikazko lanbide jakinetara lotu behar denik. Hori bezain argi, aldiz, honako beste hau: txiki-ahulen alde egotea aukera bat dela berez, eta hori oso kontuan hartu behar dela. Besterik ere esaten du, ordea, handik hurrengo lerroan: hautatu-behar hori ez dela txikiona bakarrik, guztiona baizik: bidegurutze unibertsala dela hori; hortik ez dagoela, beraz, eskapurik. Garbi esaten du berak, RLS liburuan eta beste hainbat lekutan, aukera ideologiko jakina dela txikien eta ahulen alde egotea: handien eta indartsuen alde jokatzea aukera ideologikoa den bezalaxe; ez gehiago eta ez gutxiago. Ikusmolde honek ere baditu bere ondorioak, aintzakotzat hartu nahi badugu behintzat, etxeko geure jardunerako. “Euskara guztiona da” eta antzeko sloganak plazaratzen ditugunean ondo samar dakigu, garbi jakin behar genuke behintzat, egia erdia dela hori. Batzuek euskararen aldeko aukera egiten dute (dugu), izan ere, eta besteek ez. Mila matiz eta ñabardura erantsi litezke hor ere, baina aukeraren gogorra nekez ezabatu ahal izango dute kontsidero horiek guztiek. Euskalgintza eta ideologia lanketa aparteko bi mundu direla esatea atsegin gertatuko zaigu agian, baina horrek ez du egungo bidegurutze horren izaera bestelakotzeko (are gutxiago ezabatzeko) indarrik.

Eta jakina: bidegurutze horretan nork bere bidea aukeratu behar izaten du, gizalegez eta jakinaren gainean. Ez soziologiak eta ez gainerako zientziek dute, puntu horri dagokionean, bide egokia (edo, tranpa eginaz, egokixeagoa bederen) zein den erakusteko indarrik. Bada, ordea, alderik, bide bat ala beste aukeratzeko orduan. Soziokultura handien eta indartsuen aldeko apustua egin nahi dutenek ez daukate, normalean, buru-neke handirik hartu beharrik. Berez bezala doaz urak beren errotara. Ez daukate justifikatu beharrik zergatik erdal bide zabala aukeratzen duten, eta ez zaie iruditzen ideologiarekin loturiko ezertan ari direnik gehienei. Hala da, eta kito. Euskal bidexidorrari heltzen dionak, aldiz, argi izan beharko du hasieratik bide malkarrean gora jo beharko duela. Nekeza dela bide hori eta, askorentzat, konprenitzen zaila. Aski pertsona prestatua eta buru-argia izanik, euskaltzale aktiboa baldin bazara (lanbidez, aldarrikapenez edo bietara) “saltsa horietan” nola sartu zaren behin baino gehiagotan esplikatu beharko diezu ingurukoei: arrotzei ez ezik, baita etxeko hainbati ere. Arrisku bizia daukagu, halakoetan, gure jarduera guztia ideologia politiko itxi, atzerakoi, berez kaltegarri baten ondorioa delako susmoa zabaltzeko edo konfirmatzeko. Gure herri-gogoa, belaunaldi berriei euskaraz bizitzeko aukerak eskaini nahi izatea, ez da ordea formulazio politiko hutsa, berez eta ezinbestean. Ez da egia ideologiarekin zer ikusirik ez duenik; baina ez da egia, orobat, ideologia itxi, pre-enpaketatu baten jopu eta morroi garenik. Ez da hori kontua. Ikusi besterik ez dago, bestela, historian zehar (azken 150 urteotan, urrutirago gabe) izandako euskaltzaleen nomina.

Eta hortxe ageri zaigu Fishman, guk (hemen: euskaltzaleok) ere poltsikoan zerbait onik badugula gogoratuz. Guztia ez dugula neutraltasun falta eta egoskogorkeria, kosta ahala kosta heldutako bideari eustera garamatzan jokabide tematia. Fishmanek zera dio, funtsaren funtsean: hizkuntza eta hiztun-herri txiki, ahulen alde ari garenok ez garela geure zilborrari begira ari, ondotxoz zabalagoko filosofia baten alde dihardugula baizik. Hizkuntza txiki, ahul, nahi-eta-ezineko hauek indartu nahian ari garenean kausa unibertsalaren alde ari garela (astakeriarik egiten ez badugu horretantxe ari gaitezkeela, behintzat) esaten digu irakasle handiak Bronxeko bere zokotik. Horra zer dioen bere RLSren 6. eta 7. orrialdeetan:

It is the twentieth and the twenty-first century that this book is about: about efforts to make the post-modern present and the future more meaningful and more comforting for ordinary folk, more creative and humanistically nurturing for all, rather then merely about giving late-comers and losers a leg up in the ongoing race toward new records in popular consumerism, cultural pap and governmental pomp. “Good problems” may be defined as problems whose solutions contribute to the solutions of related problems rather than to their exacerbation. Language shift is a by-product of unequal rates of social change and of growth in econotechnical power and, therefore, of self-regulation, i.e. the very same processes that also contribute to the widespread anomie and alienation that typify so much of modern life among the culturally dominant and the culturally recessive alike. Reversing language shift deals with a “good problem” because it is itself a potential contribution to overcoming some of the endemic sociocultural dislocation of modernity. In this sense, then, RLS is potentially a contribution to the solution of problems that are greater than the one that is first on its own agenda. Indeed, RLS is a contribution to many of the central problems that eat away at modern life, at modern man and at modern society.

Gauza asko, eta sakonak, irakur daitezke Fishmanen RLS liburuan. Kostako da ordea, nire ustez, hori baino bizi-pozgarriagorik aurkitzea bere azalpen osoan. Laburbilduzko itzulpena egin dezagun, berriro ere. Ondoko puntuotara bil daiteke, Fishmanek ondoko lerroetan dioena: Euskara eta antzeko hizkuntzak indarberritzen saiatzea ez da, berez eta ezinbestean, lau nostalgikoren denbora-galtzea. Ondo egiten bada (hortxe dago gakoa), euskara eta euskal kultura indartzeaz gainera gizarte sanoagoa, orekatuagoa, egungo gizarte-molde berriak berekin dakartzan arrisku bati baino gehiagori konponbide hobea aurkituko diona, osatuko dugu HINBEren eskutik. Hizkuntzaren osasun-bila hasi garelarik, gizarte-osagile izatera ere irits gaitezke bide batez. Ez guk bakarrik, jakina, geure hutsean eta apalean: itxura gabeko barbaridadea litzateke hori. Egia da ordea, bere esanean, gizarte sanoagoa osatzen lagundu dezakegula. Eta gizarte sanoago hori nola lortuko da, eta zergatik? Jendeari bere bizi-inguruan erroak finkatzen lagunduz, handik harako masifikazio erraldoien anomiari bertatik bertarako erantzun hurbil, xume, gizatiarragoak eskaintzen lagunduz. Lekuan lekuko gizataldeen beharrei kasu egin behar horretarako, hori bai, nahi eta nahi ez “nazio mailako” planteamendu orokorretan katigaturik gelditu gabe. Auzogintza eta euskalgintza osoa jendearen behar primarioei, aurrez aurrekoei, egunerokoei, modernitateak berekin ekarri dituen dislokazio soziokultural endemikoei erantzuteko moduan antolatzea, hori da Fishmanek puntu honetan aldarrikatzen duena. Hori da beretzat RLS edo HINBE fina, osasuntsua, bizia bere alde ematea merezi duen enpeinua. Gizadiaren ongi-izatearekin loturik doan HINBE-saioa, beti izango da nonahi eta noiznahi defenditzen errazagoa, amorru bizizko erantzun motzean, gorrotozko indarkerian eta itsumenezko zalapartan oinarritzen dena baino. Ez dago gaizki esana, edozein hiztun-herriri begira. Bereziki aproposa iruditzen zait niri, bizi garen aldean eta aldian bizi garelarik. Betikoa gertatuko da, gero, asmoarekin eginik ere: asmatu egin behar nola. Lehenbailehen asmatu ere: gure etorkizuna da hor, beste inorena baino areago, kolokan dagoena.

Nola egiten da HINBE? Kontsiderazio nagusiak

Bazen garaia!, esana du honez gero batek baino gehiagok. Idazlanean justu horretaz hitz egin behar zuen, eta a zer errosario sartu digun aurretik! Lekurik ere geratuko ote zaio, orain, benetako gauza inportanteez hitz egiteko? Egon lasai, irakurle edo ikasle. Orain artekoa irakurri eta digeritzeko denbora hartu baduzu, lanik zailena eginik daukazu. Orain artekoa entenditu duenak oso erraz entendituko du hemendik aurrerakoa. Horrexegatik saiatu naiz, hain zuzen, aurreko parte horri hainbat leku eta denbora eskaintzen. Fishmanen ideia filosofiko horiek jaso dituenak erraz, oso erraz, jasoko ditu hemendik aurrera eskaintzen diren kontzeptu-markoak, paradigmak, taulak eta sailkapenak.

Has gaitezen beraz bere planteamendu praktikoarekin. Har dezagun bere liburua, eta atera ditzagun lehenik han-hemen idatzirik utzi dituen lauzpabost idea nagusi, bere formulazio osoa entenditzeko:

Luze-zabaleko mintzaldatzea jasan duten edo jasaten ari diren Xerazko gizataldeek (gure kasuan: euskaldunok) ez dute normalean beste alternatibarik, Xdun (gurean: euskaldun) izaten segitu nahi badute, elebidun izatea baizik. Bistan da galera nabarmenik badakarrela honek berekin, baina kontrako bidea ez da gehienetan bidea: bizitza modernoak ezinezko bihurtu du edozein kulturarentzat erabat burujabe izatea, eta guretzat are ezinago. Gurea bezalako kolektibitate soziokultural txiki-ahulek ez daukate elebakartasun hutsezko aukerabide benetakorik. Amets egitea ez da debeku, baina bolantean doanak eta presa duenak hobe du ametsak alde batera utzi eta erne gidatu.

Elebitasunak baditu gainera, ondo antolatzea lortzen bada, berezko mesedeak eta aukerabideak ere. Ez dezagun, beraz, elebitasunaren alderdi negatiboa bakarrik aintzakotzat hartu. Planteamendu honen aurkari moduan ikus Gotzon Garateren artikulu zorrotza, JAKINen: 121 zkia, 81-101 orr. (2000).

HINBEk behar duena, aurrera aterako bada, ez da ordea nolanahiko elebitasuna, diglosiazko elebitasun egonkorra baizik. “Horixe besterik ez genian behar! Ehun urte luze zaramagu gero eta egoera diglosikoagoan (eta ikusten da, ondo asko, diglosia horrek nora eraman gaituen), eta orain diglosia behar dugula! Nahikoa diagu, hi!”

Nondik hasiko gara korapiloa askatzen? Muin muinera jo aurretik axalari hel diezaiogun. Diglosiaren kontu honetan, izan ere eta besteak beste, problema terminologikoarekin egiten dugu topo. Edozer gauzari deitzen diogu askotan “diglosia”. Nor akordatzen da, halakoetan, diglosiak zer esan nahi zuen/duen? Trenari “abioi” esaten zaiola erakutsi zaigu/dugu eta abioiari “tren”. Eta egundoko zalapartak sortzen ditugu, RENFEko estaziora joan eta “Zumarragara doan hurrengo abioia noiz dator?” edo “Irungo abioia zer andenetan hartu behar da?” galdezka hasten garen bakoitzean. Ezetz, abioiak Iberiakoak direla. Tolosatik Altsasura doan hori trena dela, ez abioia. Guri ezin, ordea, buruan kabitu. Hain gaude ohituak “euskararen egoera diglosiko honetan” bizi garela esaten eta uste izaten. Hori ez da, ordea, horrela. Mendirik mendi diglosia giro batean bizi izan ondoren, diglosia sendo hura ahuldu egin zaigu zeharo. Hogeigarren mendean euskaldunok ezagutu dugun fenomenoa alderantzizkoa izan da, gero eta neurri zabalagoan: diglosia molde zahar hura birrindu egin zaigu eta, haren ordez, ia diglosiarik gabeko elebitasuna zabaldu. “Zabaldu” diogu eta ez “jeneralizatu”, jakina, bertako jende gehiena ez baita elebiduna. Hemengo elebidun askok, gehienek agian, galdua dute behinolako konpartimentazio funtzional eraginkor hura: gaurko elebidunak diglosiarik gabe gelditzen ari gara. Diglosiak, ele barnekoak zein (orain eta hemen dakigunez) ele artekoak hiru osagai ditu funtsezko, ezer argirik aterako badugu: talde-izaera (ez norbanakoa), iraupen luzea (hots, gutxienez hiru belaunalditara iristen den egonkortasuna) eta, nola ez, espazio soziofuntzionalaren konpartimentazioa. Horiek gabe ez da diglosiarik. Gure artean zabaltzen ari den elebitasuna, diglosiarik gabea (edo diglosi maila ahulekoa) da funtsean: elebitasun trantsitorioa da gehienetan, aitona-amonak euskaldun huts (edo euskaldun sendo) izatetik ilobak edo bilobak erdaldun huts (edo, eskolan euskara erakusten zaienean ere, nagusiki erdaraz pentsatzen eta erdaraz bizi diren erdal elebidun arras desorekatu) izatera eraman dituena.

Hori ez da Fishmanek gomendatzen duen elebitasuna. Berak planteatzen duena (elebitasun diglosiaduna alegia) beste hau da: euskaldunok euskaldunokin euskaraz jardutea funtzio jakinetan (ahalik eta gehienetan), nahiz eta erdaldunekin oro har (bai eta euskaldunekin ere beste zenbait funtziotan, hala suertatzen denean) erdaraz jardun. Horrek, praktikan, zera esan nahi du: euskarari bere espazio fisikoa eta funtzionala aitortu eta onartuko diola erdal munduak, eta euskaldunok geure normaltasun-giroan onartuko dugula erdara ere gurea izatea. Biak dira zailak, oso zailak ere, egungo Euskal Herrian. Euskaldunok oro har, eta euskaltzaleok bereziki, errezelo handia diogu gaztelania (frantsesa) ere gurea dugula esateari. Eta euskararen nahiz euskal kulturaren zer onarpen sendo, bihotzetiko, antzematen da erdal munduan? Bai Euskal Herriaz kanpoko erdal mundua eta bai bertokoa ditut gogoan, eta une honetan, ez nuke jakingo garbi esaten, desideratum bi horietatik zein den zailena. Gauza bat dakit, hori bai: eguneroko kale-bizitza arruntean batzuei gehiago eskatzen zaigula, batez bestean, besteei baino. Zailtasunak zailtasun gure gizarteak, bihar edo etzi, aurrez aurre heldu beharko dion auzigaia da hizkuntza bien elkar-hartzearen kontu hori, nolanahi ere. Bitartean, beldur naiz euskara dela galtzaile irteten ari dena. Fishmanek oso garbi dauka puntu hori, funtzioen estabilizazio horri (justu-justu gaur ia erabat galdurik daukagun diglosiaren konpartimentazio funtzional egonkorrari) erabateko lehentasuna eskaintzen dionean. Bere hitzetan esateko time is short (language erosion is going on all of the time).

Ez gaitezen itsutu, EAEko lege-markoaren ofizialtasun parekideak ezartzen duen desideratum horrekin. Legezko ofizialtasun bikoitz horren kontra ez dauka Fishmanek ezer. Baina espero ere ezer gutxi espero du aitormen juridiko hutsetik. Herio-larrian dagoen hiztun-herriak behar duena ez da hizkuntza nagusiarekin pare-parean egoteak berez lekarkeen oreka, funtzioak (erabilera-esparruak) konpartimentatu eta hizkuntza bien arteko egonkortasuna lortzea baizik. Klabea ez da parekidetasuna, konpartimentazio egonkorra baizik. Egonkortasun horrek, lehenik eta behin, hizkuntza ahularen belaunez belauneko transmisioa garantizatu behar du: transmisio sendoa etxean, lehenik eta behin, gurasoengandik (gero eta bakanago aitona-amona eta gainerakoetatik) seme-alabengana; baina ez hor bakarrik, ahalik eta funtzio garrantzitsu gehienetan baizik. Zein dira ordea Fishmanen culturally crucial function horiek? Hori guk asmatu behar omen dugu, ondoko bi parametro hauen arabera:

  • a) zein funtziok dute, hemen (Urrestillan, Astigarragan, Aieten edo Donostian) oinarri-oinarrizko balore-indar kulturala, euskararen belaunez belauneko transmisioa eta erabilera (belaunaldi berrietan) garantizatzeko?
  • b) garenak garelarik eta dugun indarra dugularik zein funtzio ditugu egingarri, bideragarri, eskuragarri? Hots, zein funtziotan iruditzen zaigu begiz jotako helburua benetan lor dezakegula?

Gerta liteke a)-ko funtzioak eta b)-koak diferenteak (parte on batean behintzat diferenteak) izatea. Gerta litekeena da, adibidez, egingarri samarra iruditzen zaigun funtzio soziokultural jakin batek euskararen belaunez bealuneko transmisioari piperrik ere ez laguntzea edota oso gutxi laguntzea. Urrestillan bertso-saioak antolatzea lagungarri izan liteke euskararen erabilera (bestela ere aski osasuntsua) indartzeko, gotortzeko edo salbatzeko. Astigarragan ere, partez behintzat, baietz esango nuke. Aieten ere hala izan ohi zen nire txiki-denboran. Gaur ere bai? Zenbat aietear joango lirateke bertsolariak entzutera? Euskal giroa zenbatean piztu, bizkortu edo zabalduko lukete Aieten? Hori neurtu behar dugu, aurrera edo atzera egiteko orduan. Horixe gogorarazten digu Fishmanek behin eta berriz, han eta hemen. Etengabe huts egiten ibili nahi ez badugu, zorroztarri horretan zorroztu behar dugula etengabe gure euskalgintza osoa.

Ez dezagun partida osoa kartaldi bakarrean joka. Ez gaude hordago handietarako. Handira eta txikira, pareetara eta jokora, saia gaitezen zuhur eta erne aldian aldiko aukera sendoenaz moldatzen. “Euskara salbatzeko hau egin behar da” esan ordez fija gaitezen Urrestillan, Astigarragan, Aieten, Donostiako Amara Berrin edo Agurainen zer egin daitekeen, zein neurri konkretu diren egingarri. Horren arabera, neurri egingarri horietatik aukera ditzagun leku bakoitzean euskararen belaunez belauneko transmisioa sendoen garantiza dezaketela iruditzen zaizkigunak. Aplika ditzagun neurri horiek (egingarri eta etekin onekoak iruditu zaizkigun horiek) eta begira dezagun emaitza aldetik zer gertatzen den. Ebaluatu ditzagun emaitzak, dotoreago esanik. Horrela, ondo atera dena eta hankaz gora joan zaiguna argi bereiziz, generalizazioak egiten hasi ahal izango gara apurka-apurka. Demagun, agian, honako ondorio-asmo hau ateratzen zaigula: bertsolariak Barakaldora eta Santurtzira eramatea ez dik merezi. Aprobetxa ditzagun sormen biziko kulturgile saiatu horiek jendeak gogoz entzuten, etxean komentatzen eta grabatutako zinta kamioian (Joantxoak, akaso, Pasaiatik Zaragozara doalarik) erabiltzen dituen kasuetan. Han bai probetxua ateratzen zaiola, han bai hizkuntzari eta gure kultur konstelazioari txispak ateratzen asmatzen dela!!


Plangintza orok bezala, hiru atal ditu HINBEk

Kontsiderazio nagusien puntu hau osatze aldera, zera dio Fishmanek: HINBE hori social planning mota bat dela eta, gizarte-plangintza orok bezala, hiru atal nagusi dituela:

  1. Estrategia: horretan dakien jendeak (ez, beraz, edonork) diagnostiko zehatza egitea, hemen eta orain, eta ditugun baliabide jakin hauekin, hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena indartzeko funtzio egokienak zein diren argitzea. Goiko atalean nahikoa hitz egin dugu horretaz.
  2. Taktika: funtzio horiek indartzeko proiektu bereziak antolatu eta hezurmamitzea. Esan dugu garbi, Asteasun eta Barkoxen, Baztanen eta Markinan, Etxarri-Aranatzen eta Laudion, Biasterin eta Leitzan ezin gaitezkeela itsu-itsuan neurri berberak aplikatzen hasi.
  3. Ebaluazioa. Kontuak ateratzea: saiatzeak bakarrik ez du balio. Zer atera den ondo, zer erdizka eta zer gaizki, argi eta garbi bereizi behar dugu. Emaitza diferente horien zergatikoa eta zenbaterainokoa ere esplikatzen saiatu behar dugu. Horrela jardunaz, HINBEren alorrean trebatuz eta espezializatuz joango gara. Badugu guztiok ere horren beharra.

Azken 120 urteotako euskalgintza osoa, berdin du nork eta non egina, estrategiaz eta, oso bereziki, taktika kontuaz gainezka da. Ebaluazioa, berriz, oso ahul eta bakan ageri da landua. Altuberen (eta, beste neurri batean, Mitxelenaren) saioak salbuespen miresgarriak dira, ohiko arau baino areago.

Diagnosia: zertatik, eta zenbateraino, gaude gaixo?

Hiru atal izanik ere plangintzak, estrategiaren alorrean zentratzen da RLS. Diagnosi lanketak berariazko pisua du, horrexegatik, Fishmanen sorkari honetan. Ikus dezagun nola.

Gaixoa sendatuko badu, diagnosia egin ohi du lehenik medikuak. Zer gaixotasun du paziente honek, eta gaitza zenbateraino du sartua, zenbateraino aurreratua? Diagnostiko hori medikuak egin dezake, normalean, gaixoak berak eta bere familiartekoek baino ondotxoz hobeto. Horretarako egin du karrera, eta osasun-kontuei buruzko hainbat informazio tekniko jaso, egituratu, buruz ikasi eta, urteetako esperientzia profesionalean, behin eta berriro probatu eta kontrastatu du. Hala egin behar litzateke, Fishmanen ustean, HINBEren kasuan ere. Gai horretan jakitun direnei eman behar litzaieke lekua eta aukera. Jakitun handirik ez badago, berriz, horretan serio saiatu direnak eta urteetako eskarmentua dutenak kontuan hartu behar lirateke. Euskaltzaleok azken multzo horretan egon ohi gara sarri.

Zertaz (zer jakintza-sortaz) balia gaitezke gu, hizkuntza (hiztun-herri, soziokulturazko gizamultzo) gaixoa sendatu nahi dugunok? Horretaz dihardu atal honek. Badakizue han-hemen (hemen baino sarriago han, gure zori onerako) lurrikarak gertatzen direla. Eten eta urratu egiten da lurrazala, barreneko plaka tektonikoen mugimendu-talken ondorioz itxuraz. Eta lurrazalaren eten-urratze horrek ondorio nabariak izan ohi ditu jendearengan: etxerik gabe gelditzen dira batzuk, edo etxea gainera erori eta barruan hiltzen dira; ur- eta gas-hodiak lehertzen dira han-hemen, argirik gabe gelditzen dira hirigune osoak; zubiak zartatu eta, inoiz, erori egiten dira, eta abar. Hitz gutxitan esateko, geologiazko dislokazio edo eten-urratze horrek ondorio sakonak, eta hainbatetan larriak, izan ohi ditu pertsonengan. Lurrikara guztiak ez dira, ordea, neurri berekoak. Garrantzitsua da neurri-kontu hori, kalteak ere geologiazko eten-urratze horren intentsitatearen araberakoak izan ohi baitira sarri. Richter-ek eskala-modu bat sortu zuen behinola, lurrikaren intentsitate-maila neurtzeko. Halako lekutan joan den astean gertatu den lurrikara Richter-en eskalako 5., 6. edo 7. intentsitate-mailakoa dela esan ohi dugu, komunikabideetatik esan ohi digute behintzat, lurrikararen bat gertatzen denean. Zenbat eta lurrikara hori eskalan gorago joan (zenbat eta intentsitate-zenbaki altuagoa asignatu), hainbat eta larriagoa izan dela esan nahi du.

Badakigu, bestalde, RLSk edo HINBEk sendatu nahi duen gaitza LS (Language Shift edo mintzaldatzea) dela. Eta badakigu LS hori ere eten-urratze edo dislokazio-mota jakinek sortzen dutela: dislokazio fisikoak, demografikoak, sozialak eta kulturalak. Dislokazio horiek ere ez dira beti, neurriz, hedaduraz eta iraupenez, maila berekoak izaten. Soziokulturazko dislokazio edo eten-urratze horren intentsitate-maila neurtuko digun eskala-modurik sortu al daiteke? Merezi al du?

Bigarren galderak erantzun erraza du euskaltzaleontzat (eta, oro har, RLS-zale guztientzat): bai horixe, merezi du! Gaixotasunaren zer-nolakoa eta zenbatekoa ezagutzen baditugu, sendabidean ere errazago (eta asmatzeko aukera handiagoz) jarri ahal izango dugu hizkuntza gaixoa. Guretzat erraza den erantzuna ez da, zoritxarrez, erdal soziokultura nagusietako hiztunentzat (eta haien bozeramaileentzat) hain gauza erraza izaten. Lehenengo galderari, berriz, euskaltzaleok ez dugu jakiten zer erantzun: ezagutu, behintzat, ez dugu gehienok euskal dislokazioa neurtzeko tresnarik ezagutzen. Galdera horrixe erantzuten dio, hain zuzen, Fishmanek. Baietz dio berak, soziokulturazko dislokazio edo eten-urratzearen intentsitatea neurtuko duen eskala sor daitekeela. Esan bakarrik ez: egin ere bai. Dioenaren lekuko, bere eskala (berak, apaltasunez, GIDS deitzen duen konstruktua) eskaintzen digu. GIDS hori akronimoa da, hitz-hasierako letra-multzoaz osaturiko sigla. Izendapen osoa Graded Intergenerational Disruption Scale da. Euskaraz nola esango dugu? Hoberik ezean BAEN erabili izan dut nik, inoiz edo behin: Belaun Arteko Etenaren Neurria. Urrestillan ez dago BAEN handirik: euskara hutsean (edo nagusiki euskaraz) bizi dira aitona-amonak, halatsu bizi dira gurasoak eta berdintsu seme-alabak. Eguneroko mintzajardun arruntari dagokionez, euskararen katea Urrestillan ez da eten. Aieten, aitzitik, bistan da soziolinguistikazko "lurrikara" handia gertatu dela nire ume-denboratik hona. BAEN eskalak, xuxen aplikatuko bagenu, intentsitate altua markatu beharko liguke hortaz Aieten, eta txikia (oso txikia?) Urrestillan. Belaunaldi batetik hurrengora eten-urratze sendoa, sakona eta zabala jasan du euskarak Aieten: euskara baizik (ia) entzuten ez zen lekuan (etxe eta taberna, eliza eta jolasgune) zoaz orain eta egizu proba, ea zenbat eta zer-nolako euskara entzuten duzun. Hori neurtu nahi du Fishmanek GIDS edo BAEN horrekin: hots, belaunez belauneko hizkuntza transmisioak zenbateko etena, dislokazioa edo galera izan duen gune eta leku jakinean. Hizkuntzen (hiztun-herrien, hiztun taldeen edo hizkuntza honetaz diharduten harreman-sareen) galeran belaunaldi batetik hurrengora (eta erabilera-esparru bakoitzean bere tempo-an) gertatzen den eten-urratze edo dislokazio hori funtsezkoa da, izan ere, hizkuntzen (eta hiztun-herrien) bizian. Ba al da funtsezkoagorik ezer, hiztun-talde batentzat, bere bilakaeran?

Ez dakit seguru-seguru, baina Richter-en eskalak 9 maila dituela uste dut. Xuabeena 1.a eta larriena 9.a. Fishmanen GIDS edo BAEN eskalak ez ditu 9 maila, 8 baino. Hemen ere, Richter-enean bezala, 1.gradua da intentsitate aldetik xuabeena; aldiz larriena, okerrena, sakonena, 8. gradua. Zortzigarren mailako astindua, eten-urratzea edo dislokazioa jasan duen hiztun-herriak, malo: horrek ez du bizirik ateratzeko ia inolako aukerarik. 1. mailako (berdin 2. eta are 3. mailako) eten-urratzea duten hiztun-herriak milaka dira munduan eta, berez, muga-eragozpen hori berekin izanik ere, bizirik iraun dute menderik mende. Alde handia, izugarria dago 1. edo 8. mailako etena duten hiztun-herrien artean. Gogoa ere ematen du esateko 8. mailako etena dutenekin ez dagoela zereginik. Fishmanek bereziki azpimarratuko du, halere, beti egin daitekeela hiztun-talde ororen alde zerbait. "Beranduegi da" esklamazioarekin kontuz ibili behar dela, nahiz eta hainbat kasutan benetan beranduegi izaten den, urpera joandako ontzia berriro ur-azalera atera eta itsasgintza bizian berrabiatzeko. BAEN eskalaren 2. edo 3. mailako astindua jasaten ari den hiztun-herria edo hiztun-taldea, aldiz, belarriak erne (eta hainbatean beldurturik, okerragorik etorriko ote den) egongo da, baina hiltzeko arrisku bizian ez dago. Non ote dago Astigarraga, Fishmanen GIDS edo BAEN eskalan? Eta Urrestilla? Eta Barakaldo? Bere eskalaren 8 mailak banan-banan ikustea izango dugu hoberena, eta gero bakoitzak aterako ditugu kontuak. Larrienetik hasiko gara, eta xuabeenean amaituko dugu.


BAEN eskalaren 8. maila: Azken mohikanoarena.

Situaziorik okerreneko hiztun-herriak edo hiztun-elkarteak, eten-urratze sakona eta zabala izan dutenak, sartzen dira BAEN eskalaren 8. maila honetan. Egon ez dago hiztun-herririk, ez eta hiztun-taldeko harreman-sarerik ere, bere eguneroko mintzajardun arrunta hizkuntza horretan bideratzen duenik. Hiztun-hondar batzuk gelditzen dira soilik, han-hemen barreiatuak. Hizkuntzaren eten-urratzea hain sakona eta zabala izan delarik, indarberritu baino areago biziberritu egin nahi da hizkuntza, muturreko kasu honetan. Hori da BAEN eskalak neurtzen duen astindurik gogorrena, eten-urratzerik bortitzena. Hiztun-herririk ez dago jadanik, jarduera-esparruren bat bederen hizkuntza horretan osatzen dutenik. Hiztun-taldetxorik ere ez, xede jakinerako harreman-sarea hizkuntza horretan bideratzen duenik. Hiztun solteak soilik: galduak, deskonektatuak, gero eta zaharragoak. Jatorrizko hizkuntza amerindiar eta australiar askoren kasua halakoa da, berez. Ez haiena bakarrik ordea: nola dira kontuak Erronkarin, Zaraitzun, Legution?

Hizkuntza jakin (arras minoritario) baten azken hiztun galduen, han-hemen barreiatuen, etsipenezko egoera da hau. Azken hiztun horietako batzuek ondo samar egiten dute oraindik beren hizkuntza "arraro" horretan. Umetan ikasi zutena erdi ahazturik daukate, aldiz, beste batzuek. Zaharrak dira gehienak, baserritar-jendea (edo izandakoa). Hizkuntza edo dialekto horren gainbehera hain aurrera joanik dago zenbait kasutan, non ezinezkoa den elkarrekin hizkuntza horretan diharduten solaskideak (hiztun-elkarte edo language community bat, edota gutxienez language network edo harreman-sare bat) aurkitzea. Batzuek ez dira gai, elkarrizketa osoa beren "lehengo" hizkuntza hartan egiteko ere. Umetako kantuak, jolasak, otoitzak... gogoan dituzte hor nonbait, baina etengabeko mintzajardun bizi, oparo, zuzena nekez jasoko duzu haien ezpainetatik. Garai bateko hiztun-herri bizi, bizkor, beregain baten azken hondarrak dira gizaki bakan, isolatu horiek. Txakurrari "beren" hizkuntza horretan egiten jarraituko diote akaso. Ezer gutxi gehiago, ordea.

Zer egin dezakegu horrelako hizkuntza batekin? Folklore-aztertzaileek eta hizkuntzalari batzuek oso gogozko dituzte "azken mohikano" horiek. Zeharo galtzen ari den herri-jakintza baten eta hizkera-molde baten biltzaile eta osatzaile diren neurrian, bihar-etziko errestaurazio-saio baten iturburu ere bihur daitezke datu-jasotzaile horiek. Ez da gutxiesteko lana, HINBEren aldetik, nortasun-lanketa eta hizkuntza hori badakiten espezialista gutxi batzuek eskueran izatea: hori da 8. maila honetan gehienik-edo espero izan litekeena. Hortik ezin espero liteke, alegia, askoz aurrerago joatea. Gehienik ere, hizkuntzalariek eta antropologoek beraiek ikasi egin dezakete hizkuntza hori eta, bigarren fase batean, horren interesa ager dezatenei irakatsi egin diezaiekete. Aitona-amonek bazekitelako, edo halako maitasun bat diotelako, hizkuntza hori "berreskuratu" egin nahi izango dute hiritar batzuek. Ikasiko duten hizkuntza horrek ezin izango du ordea, gehienetan, kontestualizazio funtzionalik izan eta hor geldituko zaie, noiz- norekin-nola erabili behar duten ia ez dakitela. Ondorioa ere ez da asmatzen zaila: HINBE edo RLStik urrun, oso urrun geldituko gara, normalean, zortzigarren mailako BAEN-astindua jasan duten hizkuntzen eta hiztun-herrien edo hiztun-taldeen kasuan.

Zerbait ikasia izango dugu, halere, bidean: hilzorian dagoen hizkuntza bat ikastea gauza bat dela, eta RLSk behar-beharrezkoa duen belaunarteko language-in-culture erabilera bestea. Eta, hainbat kasutan, bata eta bestea ezin konektatu izaten ditugula. Mila aldiz errazagoa dela dagoenari eustea, galdutakoa berreskuratzea baino. Zer gertatzen da euskara orain dela ehun, berrehun edo hirurehun urte galdurik dagoen herrietako D (zer esanik ez B edo A) ereduko ikasle askoren mintzajardunarekin? Zenbat, eta noiz-nola-norekin-zertarako, egiten dute gazte horiek euskaraz, hamar-hamabi urte euskarazko eskolan pasa ondoren? Zenbaitek uste izan du, hildako hizkuntza bat biziberritzeko hiru gauza behar direla funtsean: hiztegia, gramatika eta... behar adinako aginte-indarra. Irlandako kasuak hori baino zuhurrago izaten erakutsi behar liguke, S. Altuberen lehengo azalpenak gogoan ez bagenitu. Hil eta gero, salda bero.

Erabatekoa al da ezintasun hori? Bere hizkuntza erabat galdua duen hiztun-elkarteak (edo elkarte-zati batek: Arabako lautadak eta Gasteizek, esate baterako) ezin al du berriro hizkuntza hori berreskuratu? Hala gertatu eta hala gertatzen al da mundu zabalean? Ez beti, eta ez ezinbestean: galdutako esparrua berriz ere irabazi duen hiztun-elkarterik bada munduan, izan, hurbileneko adibidea hebraiera izanik agian. Hor ere kontuz ibili beharko genuke, ordea, erabateko itzulipurdiaren kontua ondotxo matizatuz. Matizak matiz hor dago ordea adibide bat, eta ez da inondik inora bakarra. Perspektiba historiko luzeari eutsiko bagenio, azkenik, nahi adina (eta, zenbaitetan, harrigarrizko) adibideak erantsi ahal izango genizkioke LS eta RLS arteko joan-etorriari.

Egia da hori guztia, baina egia osoa da goian esandakoa ere: HINBE-lana mila aldiz zailagoa dela hizkuntza ahula (bere azken harreman-sare xumeena ere) eguneroko mintzajardun arruntetik desagertu ondoren. Ezinezkoa ez da, baina jendeak uste duen baino askoz zailagoa bai. Horrexegatik saiatu behar genuke bizirik (nola-hala, baina oraindik bizirik) dauden hiztun-taldeei, jarduera-esparruei eta harreman-sareei bizirik eusten atentzio handiagoa eskaintzen.


BAEN eskalaren 7. maila: Zaharrak joan eta berririk ez. Hiztun-herririk ez dago, bai ordea hiztun-talde bakarra: herriko zaharrak.

Beraiek euskaldunak dira, eta oraindik (eskalako 8. mailan ez bezala) badute elkarren arteko harreman-sarerik (senar-emazteak, lehengusuak, urtealdi beretsuko lagunartea) euskaraz bideratzen dutenik. Azkenak dira, ordea, harreman sare hurbil, aurrez aurreko horri bizirik eusten diotenak.

Maila horretako dislokazioa jasan dutenak elkarren ondoan bizi dira, X-eraz (gurean, euskaraz) ondo egiten dute baina zaharrak dira. Pasa zitzaien garaia umeak izan eta seme-alaba horiek euskaraz hazi eta euskaraz hezteko. Gaztetan ez bezala, ingurumen osoan erdara dute, gaur egun, jaun eta jabe.

Gogoan dut, orain dela hogeita hamar urte-edo, Nafarroan barrena ibili ginela lagun batzuk, Ultzama inguruan eta handik Iruñea aldera, herri-pare batean (ez dakit bata ez ote zen Olague). Tabernara joanda, zaharrekin hitz egiteko aukera izan genuen. Zoragarri egiten zuten euskaraz. Baina beraien artean bakarrik. Seme-alabek ezetz: haiek erdaraz egiten zutela beraien artean, gurasoei ere hala egiten zietela; eta erdaraz egiten zietela, jakina, beren haurrei. Hori da, niretzat, Fishmanek 7. maila honetan deskribatzen digun egoera. Honelako asko dago, nire ustez, orain bertan ere, Ipar Euskal herrian, Baztan aldean eta beste hainbat lekutan: uste baino eskualde gehiagotan, agian.

Egoera larria da 7. mailakoa ere, baina alde nabarmena du 8. mailarekin: Xdunak (gurean: euskaldunak) elkarren ondoan bizi dira: herri berean, auzo berean, zahar-egoitza berean. Beti bizi izandako etxe berean ere bai, aitona-amonen edo anai-arreben kasuan. Alde handia da hori, Xeraz (gurean: euskaraz) egiten jarrai baitezakete horiek, hil arte, elkarren artean. Horiek ez dira "azken mohikanoak", HINBE-saioa indartzeko gogotik "aprobetxa litekeen azken belaunaldia baizik". Gogoan dut Azkue nola ibili ohi zen zahar-etxez zahar-etxe, Donostian ere bai oker ez banago, hiztun jator haien bila, beren baitan gordetzen zuten altxor haren perla preziatuak hiztegirako (eta Euskal Erriaren Yakintza-rako) jasotzen. Oso antzeko lana egin zuen Joxemiel Barandiaranek, ohiko herri-jakintzarekin (bide batez haien mintzaera bizia hitzez hitz jasoaz). Zergatik ez gauza bera egin, euskara indarberritzeko? Hori da, funtsean, Fishmanek gomendatzen diguna.

Belaunaldi hori gainbehera doa demografia aldetik (herrian hiltzen diren gehienak beraiek dira, eta gazte euskaldunik ez dator neurri berean gora). Baina sozialki aktiboak dira: eredugarri gerta litezke, eta euskarazko jardunguneak eta harreman-sareak osatzeko elementu estimagarria izan litezke.

Zer egin dezakegu, hortaz, 7. mailako hizkuntz egoera horrekin? Zer egin dezakegu gaurko Olague guztiekin (edo ahal dugun gehienekin)? Beren bigarren hizkuntza euskara izango duten neska-mutilak ugaritzea, horretan laguntzea alegia, izan liteke azken belaunaldiko euskaldun horiek nork bere herrian edo auzoan euskalgintzari egin diezaioketen aportaziorik hoberena. "Bigarren hizkuntza euskara izango dutenak" dioenean, zera esan nahi du Fishmanek: gaztelaniaz gainera euskara ere erabiliko duten gazteak, ezkontzen direnean beren haurrei etxean euskara (edo euskara-erdarak) erakutsiko dietenak izatea. Berriro ere euskarazko euskaldunak (Xmen-via-Xish) sortzea, hori da Fishmanek begien bistan duena eta 7. mailako egoera horretan daudenei proposatzen diena. Nola egiten da, ordea, hori? Erantzun beterik ez digu Fishmanek ematen. Zertan saiatu behar ez dugun, halere, argi samar esaten digu. Kontuz ibiltzeko dio berak: HINBE baldin badugu buruan, alde batera uzteko gure energia osoa edadekoentzako euskarazko entretenigarriak eratzen eta mantentzen: teatroa, hitzaldiak, kantaldiak eta literatur saioak... hortik ezer gutxi aterako dugula. Gogoan dut, orain dela hogei bat urte, Artiñano euskaltzale suharrak (euskaltegiak eta barnetegiak antolatzen buru-belarri ari zen garai hartan), serio edo txantxetan ez dakit, beste plan hau ere aipatzen zuela noizean behin: Gipuzkoatik eta Bizkaitik Benidorm aldera, neguko hilabete gordinenak pasatzera, hainbat aitona-amona joaten zenez (eta denez) beraientzat hantxe, Benidormen-edo, euskaltegia antolatu eta alfabetatzeko ikastaroak eskaintzea. Fishmanek jakingo balu, badakigu seguru asko zer esango ligukeen: Benidorm-en negua pasatzen duten aitona-amona horiek ezer gutxi kontribuitzen dutela zoritxarrez, beren etxe, auzo eta herrietan, euskarazko idazlangintzan (euskal egunkarietako irakurle edo idazle moduan, eskutitzak euskaraz idazten, are gutxiago libururik idazten…). Hobe genukeela jende hori erdarara pasa diren beren seme-alaben iloba elebidunak (euskaraz ere egingo dutenak etxean eta auzoan, eskolan ikasten dutenaz gainera) sortzen saiatuko balitz. Euskaraz egingo (ez soilik jakingo) duten gazte-taldeak sortzea, eta berdin gazte-elkarteak, auzoguneak eta abar: horretan bai, horretan guztian lagungarri sendoa izan litezkeela erretiroa hartutako euskaldun zahar, "azken belaunaldikoak". Hizkuntza biziko bada euskal arnasgune horiek indarberritu edo sortu egin behar ditu norbaitek, antolatu, babestu, diruz lagundu eta asmoz oinarritu. Hizkuntza ahularen belaunez belauneko jarraipenak edo (kasu honetan bezala etenda badago) berriro indarrean jartzeak gure (HINBEzaleon, euskaltzaleon) jomuga nagusi eta ia bakarra izan behar omen du, era bateko eta besteko dislokazioek hizkuntza ahula BAEN eskalaren 7. mailara eraman dutenean. Hil ala biziko kontua da hori: ez beraz bestelako fantasiekin hasi. Kultur saio eta kantaldiek, hitzaldi eta antzerkiek, balio handia izan dezakete RLS edo HINBEren lanabes moduan. Belaunez belauneko transmisioa bizirik dagoen lekuetan, batez ere, lagungarri sendoak izan daitezke. RLSren lanabes dira, ordea, beti: inoiz ez RLSren helburu. Euskaraz bizi diren familiak, auzoak, herriak mantentzea eta, ahal den neurrian, zabaltzea: hori da HINBEren berezko helburu nagusia, ez bertso-saioak antolatzea. Helburu horri zer neurritan laguntzen diote era horretako ekitaldiek? Auzo edo herri horretako gaztetxoen euskara-erabilera indartu egingo al da ekitaldi horiekin? Hori da, bene-benetan, lekuan lekuko HINBEzaleek (euskaltzaleek) gogoan izan behar dutena. Eta horren arabera antolatu behar dituzte beren planak eta egitasmoak. Hizkuntza ahula BAEN eskalaren 7. mailan dagoen lekuetan, gehienetan, ekitaldi horiek ez dira HINBEren helburua betetzen laguntzeko baliabide egokienak.

BAEN eskalaren 6. maila: Jaioko dira berriak?

Familia eta lagunartean, auzoan eta kale-bizitza hurbilean, euskararen presentzia (oso) kolokan dagoeneko egoera. Euskaldunik badago tartean, eta ez gutxi, bai zaharren artean eta bai gazteetan! Gero eta erdal itsasoan murgilduago bizi dira, ordea, etxe-etxetik atera orduko. Eta, etxe-etxean ere, telebistak eta gainerakoek, gehi euskal-erdal ezkontzako guraso-bikoteek gero eta ahulduago daukate euskal giroa. Euskarazko gizarte hurbilari eutsi eta, ahal bada, euskal arnasguneak sortzea dute amets, baina kosta egiten zaie halakorik (partez bederen) erdiestea.

Aitona-amonek, gurasoek eta seme-alabek (nola-hala, eta guztiek ez bada gehienek edo askok behintzat) euskaraz dakite, baina etxean edo auzoan, lagunarte hurbilean eta kale-bizitzan gero eta sarriago (batez ere gurasoek eta gazteek) erdaraz egiten dute.

Zenbat lekutan ez ote da gaur egun, Euskal Herrian barrena, horren antzeko zerbait gertatzen. Esana dugu, dagoeneko, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako hainbat lekutan, eta ez haietan bakarrik, eten-urratzea hori baino larriagoa gertatu (edo gertatzen ari) dela eta leku horiek BAEN eskalaren 7. mailan daudela dagoeneko (aitona-amonen belaunaldia da, halakoetan, euskaraz dakien eta egiten duen azken belaunaldia). Aldiz, Bizkai-Gipuzkoetan, eta ez hor bakarrik, BAEN eskalaren 6. mailatik askoz hurbilagoko egoerak ikus ditzakegu hainbat kasutan. Aitona-amonek ez ezik gurasoek ere (edo bietako batek) badakite (eta egin ere egiten dute hainbatetan) euskaraz. Baina erdaraz dihardute gero eta sarriago, etxean eta auzoan. Seme-alabekin dihardutenean ere (adin batetik aurrera, bereziki) erdara ari da euskarari lekua jaten. Euskaraz badakite jakin, eta egin ere egiten dute hainbatetan, baina erdaraz errazago eta sarriago maneiatzen dira: kalera erosketak egitera joaterakoan, lagunartean ardotxo batzuk eta pare bana pintxo hartzera ateratzen direnean eta, hainbatetan, etxean bertan ere bai. Etxea diogunean familia bizitza esan nahi dugu bere zabalean: aste-bukaeran beste lagunekin eta beraien seme-alabekin ateratzean, amonaren urtebetetzea ospatzera troupe osoa baserrira (edo jatetxe batera) joaterakoan, umeak eta guzti igerilekura edo soziedadera apuntatzean eta antzekoetan ere bai, beraz.

Puntu zentrala da hau, guretzat ez ezik Fishmanentzat ere: euskal ontzia hondoratu ala ez, frente honetan jokatzen da beste inon baino gordinago. Eskolak ondo daude, irrati-telebistak ere bai, berdin egunkari-aldizkariak... Hori dena oso ondo dago. Baina ezer gutxi (harrigarri gutxi) egin dezakete ekimen horiek guztiek euskara indarberritzeko. Ahulak dira neurri horiek, aldez aurretik (edo aldi berean) etxeko eta auzoko, lagunarteko eta kale-giro hurbileko euskal jarduera zaindu, indartu, babestu, oinarritu eta finkatzen ez bada. Gauza handiak egiten ari garela iruditzen zaigu askotan, euskararen alde. Perspektiba falta zaigu ordea, gehienetan, hizkuntza ahula indarberritzeko orduan handia eta txikia zer den ondo bereizteko.

Demagun orain arte ehuneko ehun (edo, hori gutxitan gertatzen baita, ehuneko laurogei) euskaraz egin den herri batean euskarazko aldizkari bat sortzea erabakitzen dugula eta, aldi berean, herriko plazan dagoen betiko tabernan zerbitzari erdaldunak jartzen direla/ditugula (edo, are nabarmenago, lautatik hirutan erdaraz egiten duten tabernari euskaldunak agertu zaizkigula herrira). Barrara hurbildu orduko "ke ba a ser" galdetzen dizula, Markinako bere azentu garbiaz, tabernako nagusiak. Haserretzeko gogorik ez duzunez "dos tintos especiales" esan diozula. Ordaintzerakoan nagusiarengana ordez zerbitzari prestuarengana zuzentzen zarela: "Zenbat da, Arantxa?" galdetu eta, ziplo asko, "doscientas cincuenta" edo "invita la casa" erantzuten dizula. Zer aurreratu dugu hilean behin aldizkari euskalduna izatearekin (hainbat euskaltzale zintzoren nekea eta ilusioak, denbora eta dirua horretan inbertituz), plazako tabernan jendea euskaratik erdarara pasatzen hasten bazaigu gure begien aurrean?

Puzten ari naizela pentsatuko duzu, agian. Ez naiz, ordea, asmakizun hutsean ari. Zeharo oker nabilenik iruditzen ez bazaizu, eman dezagun pauso bat gehiago: saia gaitezen azken 25 urteotako irabazi-galduak aurrez aurre jartzen. Irabazietan, badakizu, eskola jarri ohi dugu lehenengo ilaran. Zertarako ditugu ordea D ereduko ikastetxeak, geure seme-alabekin etxean eta etxe inguruan, lagunartean eta erosketak egitera goazenean, erosotasunez edo ohituraz... nagusiki erdaraz egiten badugu gurasook? Aspaldiko kritika edo atentzio-deitzea da hori, Fishmanek HINBEzale guztioi egiten diguna. Ez al zarete konturatzen dituzuen indar apurrak bide okerretik (hots, hizkuntza ahularen eguneroko erabilera arruntean eta belaunez belauneko transmisioan eragin zuzenik kasik ez duten plangintzen ildotik) bideratzen dituzuela? Eta jendea aspertzen zaizuenean, zer?

Zer egin dezakegu ordea, Mikel, seme-alabak D (batzuek B) eredura bidaltzeaz gainera? Zertarako dago Gobernua? Zertarako zaudete zuek? Soluzioa ez da, jakina, seme-alabak erdarazko eskolara bidaltzea. Kontua da BAEN-eskalaren 6. mailako lurrikara jasan duen hiztun-herria ezin duela eskolak, bere hutsez eta bere baitarik, onik atera. Seigarren BAEN-mailan gauden eremu urriko hiztun(-herri) guztion eginkizun nagusia, honako bi puntuotan zentratzen du Fishmanek:

  • a) erdarazko mintzajardunetik euskarazkora pasa behar dugu belaunaldi gaztea, edo oraindik euskaraz ari bada jardunbide horri eutsi behar zaio, dio firme. Eginkizun hori ezin dugu, lasai-lasai, andereñoen esku utzi.
  • b) "demographically concentrated and intergenerationally continuous" izango den modus vivendia bultzatu, indartu eta zabaldu behar dugu belaunaldi gazte horientzat.

Hemen dago, nire ustez, Fishmanen BAEN eskalaren giltzarria. Hau da bere planteamendu osoaren muina. Buruan duena (bere hainbat liburu eta artikulu irakurri dudalarik, eta berarekin puntu honetaz berariaz hitz egin ondoan, buruan duela iruditzen zaidana) honako hau da: ondo da Erriberan eta Errioxan euskara indarberritzen saiatzea. Ikasi nahi duenak ikas dezala: horrek ez dio euskarari kalterik egingo. Mesederik ere ez asko, ordea. Kasu horietan ez gaude izan ere BAEN eskalaren 6. (edo are osasun hobeko) mailan, 8.ean edo, onenean ere, 7.ean baizik: Olague non dago dagoeneko? Euskararen egungo auzia 6. mailan (eta, beste neurri batean 5.ean, 4.ean eta 3.ean) dago. Hor jokatzen duzue bizia: Astigarragan, ez Murchanten. Ez ezazue beraz begien bistatik galdu, gurasoen bidez eta eskolaren laguntzaz eskuartean daukazuen altxor nagusia zein den: gaztejende euskalduna, lagunartean eta kalean euskaraz egiteko benetako aukerabidea izan dezakeen belaunaldia, hori duzue euskaltzaleok zuen altxor preziatuena.

Aurrerantzean ere euskaldun-jendea demografikoki nagusi, edota gutxienez masa batetik gorako kopuruan, izango den herri-herrixkak, auzoak eta biziguneak saia zaitezte euskaldun mantentzen. Horri eskerrak (italiarrei Italian, portugesei Portugalen eta daniarrei Danimarkan... bezalatsu) normala gertatuko zaie belaunaldi gazte horiei euskaraz bizi izatea. Eta, jakina: helduak izatera iristen direnean ondotxoz errazagoa izango da gazte horiek pareko lagun euskaldun batekin ezkondu eta euskal familia (n +1 belaunaldiko euskal familia) osatzea. Beste mende-laurdeneko arnasa eman diozue horrekin euskarari; epe horretan hau eta beste egin dezakezue, euskal hiztun-herriaren osasuna hobetzeko.

Zenbat eta euskarazko arnasguneak ugariago eta aktiboago izan, orduan eta errazago izango da euskaraz erdipurdika moldatzen diren horiek ere beren hizkuntz gaitasuna (ahozkoa oraingoz, idatzizkoa gero ere lor daiteke) sendotu eta zabaltzea. Igeri eginez ikasten da igeri egiten, gainean jarri eta pedalei emanaz ikasten da bizikletan ibiltzen … ingurukoekin honetaz eta hartaz hitz eginaz ikasten da erraz eta lasai hitz egiten. Ez da oraindik horrelako euskaltegirik asmatu, eta ez asmatuko ere. Goierriko zenbait herri(txo)tara etortzen diren inmigranteen seme-alabek goierritarrez egiten dute gaur ere. Eskolako euskara batuaren eredua gora-behera, eskolan eta plazan jolas eta solas ari direlarik beren laguntxoen mintzajardun jatorra eransten zaie, aparteko "hizkuntz plangintza"-rik gabe. Beren gurasoek ere ondo entenditzen dute bertako euskara, eta gauza errazak esateko gai dira hainbatean. Eta hori zergatik?: the informal daily life of a speech community-k (euskara nagusi den ingurumenetako hiztun-elkartearen eguneroko mintzajardun arruntak, planifikatzen hain zaila den etengabeko mintzajardun horrek), bizimolde moderno honetan ere aparteko indarra eta erakarmena duelako. "Horretan saia zaitezte zuen indarrak xahutzen, beste mila gauzatan baino lehenago": hori da Fishmanen aholku nagusia, mila sinplifikaziorekin esaten ari banaiz ere. Inportantea da muina entenditzea: ñabardurak eta matizak, garapenak eta salbuespenak gero etorriko dira. Hizkuntza oro hitzezko fenomenoa dela, idatzizko jarduna baino areago, hori azpimarratzen digu 6. dislokazio-mailan gaudenoi. Euskaraz erraz egingo duten hiztunak izateak lehentasun osozko jomuga izan behar duela guretzat. Horretarako, euskaldunek euskaldunekin euskaraz jardun ahal (hainbatetan behar) izango duten arnasguneak babestea, sendotzea eta zabaltzea HINBE osoaren funtsezko eginkizuna dela: hori gogoraraziko digu berak, behin eta berriro.

Gogoan dut erreparo bi jarri nizkiola behin, Bilbotik Plentziarako bidean:

  • a) euskal ghettoa-k sortzea proposatzen ari al zara, Fishman jauna?, eta
  • b) pertsonen esfera pribatua planifikatzen hastea nola ezkontzen da jokabide demokratikoekin?

Urteak pasa dira ordutik, eta baliteke berak emandako erantzuna behar bezain garbi jasorik ez izatea. Oso oker ere ez nenbilke, ordea, bere idatzietan ere behin baino gehiagotan aipatu izan baititu berak funtsezko erreparo horien kontuak. Zer erantzun zidan Fishmanek Plentziarako sarreran (eta zer erantzuten digu han-hemengo idaztietan)?

  • a) Kontzentrazio demografikoa eta ghettoa ez dira, urrundik ere, sinonimoak. Bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza guztiak (begiratu ezker-eskuin, ea salbuespenik ikusten duzuen) demographic concentration eta institutional reinforcement horretan oinarriturik daude. Hizkuntza txikiek ere, bizi garen mendean ezinezkoa eta gogoz kontrakoa den ghetto-eredua alde batera utziaz, beren demographic concentration-eko arnasguneei eutsi behar diete beraz, ahal duten neurrian, hiztun-herri gisa bizirik jarraitu nahi badute. Zenbat eta euskaldunak (oro har, X-hiztunak) elkarrengandik gertuago bizi, hainbat eta babes handiagoa emango diote batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak (ele-erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten "social norms" eta "interactive situations" direlakoak ugarituz.
  • b) Egia da eguneroko mintzajardun arrunta, ingurumen demokratikoetan bereziki, planifikatzen zaila dela (oso zaila ere bai, erantsiko nuke nik): bere hitzetan esateko, planned informality is a contradiction of sorts. Ez gara planifikatzeaz hitz egiten ari, ordea, ezinbestean: behar-beharrezkoa dela uste badugu, lagundu eta babestu, bultzatu eta erraztu egin dezakegu konfigurazio hori, inori goitik beherako obligazioak edo debekuak ezarri gabe. Edota, gutxienez, kontrako joera ez indartu. It is dificult to plan (the informal daily life of a speech community). It can be facilitated, however; it can be fostered and encouraged.

Hori baino gehiago ere esaten du: gure HINBE-saio guztien on-gaitzak neurtzeko eta ebaluatzeko metrorik onena horixe dugula. Demagun euskarazko irrati bat antolatu nahi dutela Sakana aldeko euskaltzaleek: merezi du hori egiteak, ala ez? Nola jakin, baietz ala ezetz erantzun behar den? Fishmanentzat oso argia da erantzuna: Sakanako euskaldun-jendeak bere eguneroko bizian euskaraz jardun dezan benetan lagungarri izango baldin bada, dudarik gabe bai; bestela, garaiz kontuak atera eta indarrak ez alferrik gastatu. Benetan lagungarri izatea da kontua, ez asmo ederrak izatea. Sakanako euskaldunen eguneroko hizkuntz erabilera eta euskal-elebiko belaunaldi berrien euskarazko mintzajarduna bermatu edo berpiztean: hori da Fishmanen metroa; hortik ez zaizu zentimetro bat aldenduko. Eta Etxarri-Aranazko dendetako errotuluak euskaraz jarriko bagenitu? Eta herriko festetan euskal kantari famatu bat ekarriko bagenu? Eta Sakanako eskola-umeei euskarazko slogana duen kamiseta bana erregalatuko bagenie? Eta inguruko nekazariei euskarazko nekazaritza-hiztegi bana oparituko bagenie? Eta Sakana aldeko ipuin zaharrak jaso eta, Aurrezki Kutxaren laguntzaz-edo, liburu eder bat prestatu eta Gabonetan etxe guztietan banatuko bagenu? Eta udaleko norma subsidiarioak euskaraz jarriko bagenitu?

Eta... (zerrendak ez du bukaerarik, ez behintzat bukaera ezagunik, ongi dakizuenez). Begi onez eta bihotz-berotasunez ikusten ditu Fishmanek ekintza horiek eta horrelako beste hamaika. Baina kontuz ibiltzeko esaten digu: urteak hamabi hilabete dituela, asteak zazpi egun, uste baino lehenago zahartuko garela gu ere, eta gaixoa (euskal konstelazio etnokulturala oro har, eta euskara bera nagusiki) osasun-egoera kritikoan dagoela. Odolusten ari dela eta odolusten ari denari odol-jario hori gelditu, moztu edo eten behar zaiola lehen-lehenik. Agian dentistarengana ere joan beharko duela gero, desastre baitauzka atzeko haginak eta buruko minez baitabil; kolesterola ere goi samar daukala eta tortila-kontu horrekin ere on izango duela neurriz ibiltzea. Alkoholarekin ere behar baino gehixeago katigaturik dabilela, tabakoarekin bezala, eta on egingo diola hilabete batzuetan pistoia pixka bat jaistea; eta pelukeriara joan behar lukeela, egia baita txima horiekin ez dagoela inorengana aurkezteko moduan. Baietz, egia dela hori guztia... baina orain ezetz: orain odol-isuria gerarazi behar dela, hori dela oraingo benetako premia. Hemorragia hori gerarazten ez badugu alferrik izango direla munduko dentista eta pelukero guztiak. First things first: hori da Fishmanek behin eta berriro errepikatzen duena. Euskal arnasguneak mantendu, babestu, indartu eta, ahal den neurrian, zabaldu behar ditugula. Euskaldunok euskaldunekin eguneroko berba-egikeran euskaraz jardun ahal izateko guneak ziurtatu behar ditugula, nahiz etxeko seguruaren paperak, kontribuzioko fakturak, labadora berriaren prospektu teknikoa, alaba zaharrenaren masterra eta beste hainbat kontu erdarazkoak izaten jarraitu. Horiek ere inoiz edo behin euskaraz edo ele bietan izan daitezen amets egiteko eskubide osoa dugula, eta agian lortuko ditugula... baina euskararen hil ala biziko apustua, bere eguneroko soka-tira, ez dela nagusiki plaza horietan jokatzen. Ez geure burua engainatzeko. Kontuak ondo, eta garaiz, ateratzeko.

Aspertu zarete, honez gero, irakurle-ikasleon erdiak baino gehiago. "Baina zer uste du honek, euskaldun guztiok Urrestillan bizi garela (edo ex profeso geuk sorturiko Urrestilla berrietan bizi nahi dugula eta bizi gaitezkeela), ala? Ez al daki oraindik Joantxo bakoitzeko bi Patxi, hiru Miren eta lau Lurdes dauzkagula? Eta azken 20 urtean jaio diren Edurne, Asier, Uxue eta Gorka guztiekin zer? Ez al daki non jaio zaizkigun eta non bizi diren? D ereduko ikastetxean pasatzen duten ordu bakoitzeko bost ordu pasatzen dituztela multizineetan, Gran Hermanon, bideokontsolan, interneten, atletismoan, ballet-ikastaroan, neguan Candanchún eta udan, Irlandan ez bada, Menorcan edo Port Aventuran?."

Hori guztia egia da, eta egunetik egunera egiago izateko trazak ditu... baina horrek ez du Fishmanek dioena indargabetzen. Adjektibo bi eranstea zilegi balitzait berak idatzitakoari, honela erantzungo liguke Fishmanek: "it is very dificult to plan the modern informal daily life of a speech community".

Konforme, 6. mailako eten-urratzea gainditzeari dagokionez apustu guztia ezin dugula, Urrestillan eta balizko Urrestilla berrietan egin. Astigarraga modukoei ere bereziki zaindu eta jaramon egin behar genieke nahiz horrelakoetan jardutea egunetik egunera konplikatuago bihurtzen ari den. "Gaurko Astigarraga ez dek orain 25 urtekoa", erantzungo digu Patxik. Aieten edo Amara Berrin, Fishmanen ildotik jardutea are lan nekezagoa gerta liteke. Zer esango digu Aieteko Mirenek, errezeta bakar edo nagusi moduan "demographic concentration" proposatzen badiogu? Egia da aldameneko etxean izeba-osabak eta lehengusuren bat bizi dituela. Egia da han-hemen euskaldun-mordoxka ezagutzen duela auzoan, eta noizean behin haiekin topo egiten duela. Baina zenbat bestelako, erdaldun edo ezezagun: eta ezezagunei, badakizu, erdaraz egiten diegu normalean; hain daukagu konprobatua lautatik hiru, hor nonbait, erdaldunak direla! Eta gero, betikoa. Etxetik ateratzen denean Donostiara jaisten da Miren, bitatik behin: hain dago salto batean! Eta hori, Miren. Zer esango digu Lurdesek: euskaraz hitz egiteko (minutu batez, eta etengabe estropozu egin gabe) gai ez den Lurdesek. Klienteen enpresetara joaten denean, jakina, ez du ehunetik laurogeita hemeretzian euskaldun hutsik aurkitzen eta ez dago bere euskara-hondar hori erabiltzera (eta erabiliaren erabiliaz, hobetzera) beharturik. Lagunak ere erdaldunak ditu gehienak, eta kalean erdaraz egiten da edonon: gazteren batzuek euskaraz hitz eginaz pasatzen zaizkizunean albotik buelta ematen duzu, disimuluz, parean pasa ondoren. Esaiozu Lurdesi "demographic concentration" behar duela. Hori ezin da bidea izan.

Bale ba: baina orduan zein da bidea? Orduan zertarako hainbat D eredu eta hainbat Kilometro, hainbat ETB1 eta hainbat euskaltegi? Zertarako hainbat hizkuntz eskakizun, administrazioan lan egitera sartzeko? Zertarako euskararen aldeko agerraldietara joan, batera bai eta bestera ere bai? Egia da demographic concentration hori desideratum bat dela kasu askotan. Baina desideratum izateagatik ez da alde batera utzi behar: hori da hizkuntza sano guztien egoera naturala. Eta, hizkuntz normaltasunaren alde baldin bagaude benetan, egoera naturala jarri beharko genuke guk ere, lehenik eta behin, helburu normaltzat. Edota toldopeko tomateak bezala landu nahi dugu euskalgintza osoa?

Patxi, Miren eta Lurdes ere gogoan ditu Fishmanek. Hain ditu gogoan, non haientzat ere aholkuak badituen. Hoberena (euskal arnasgunea) zer den garbi azaldu ondoren, erdibideko erremedioak ere (ala laurdenbidekoak dira?) azaltzen dizkigu zehatz. Bi jardunbide osagarri aipatzen ditu berak, Urrestilla-eredua aplikatu ezin den kasuetarako:

  • a) handik harako harreman-sareak sortu, teknologia berriak lagun, aurrez aurreko harreman-sareak sortzea nekeza edo ezinezkoa denean.

    "additional strategies (...) while demographic concentration is either not yet possible or, at least, not possible for all those whose informal family functioning is already primarily in Xish (euskaraz)": telefonoa astinduz, lekuan lekuko irratiaz baliatuz, euskal telebista-kate jeneralaz (eta, ahal den lekuan, eskualdekoaz), zirkuitu itxiko telebistaz, bisita-programak antolatuz, grabazioak egin eta elkarri trukean emanaz, neska-mutilentzako kantu-, txiste-, ipuin- edo joko-kaseteak prestatuz eta zabalduz, euskarazko guraso-elkarteak sortuz, "D ereduko" mendi-ibilaldiak antolatuz, "D ereduko" autobusak antolatuz neguan elurretara eta udan Praga aldera joateko. Guztia izan liteke ona, euskaraz (partez bederen euskaraz) diharduten familiak (nahiz elkarren ondoan, auzo berean edo herri berean ez bizi) birtualki edo aldian behin elkarrenganatzeko eta, horri eskerrak, "a sense of communtity" indartzeko.

    Hori irakurtzen diodan artean, gure auto xaharrarekin akordatzen hasten naiz. Hitz egingo balu, hango irrati-kasete zaharrak! Gure neska-mutilak txikiak zirenean eta (aste-bukaeretan, udan, gabonetan) autoz inora joan behar genuenean, ez zen giro izaten. Lehen hogei minutuak pasa orduko bata negarrez eta bestea kexuan, "noiz iritsiko gera?" galdetuz. Jarri euskal kantuak eta pailazoen komeriak kasetean, eta biak isil-isilik eta erne asko: buruz zekizkiten kantu eta pasadizo guztiak. Hamar bat kasete izango ziren guztira. Horra euskal giroa sortu, negarrari eta marmarrari atseginezko euskal txoko ibiltaria erantsiz.

    Ez dezagun beraz, gutxietxi bere txikian eta mugatuan ere, helburua "to establish and reinforce a sense of community" duten estrategion indarra. Bistan dago, jakina, estrategia horiek lor dezaketena eta Joantxoren hamar urteko mutikoak plazara jaitsi orduko lortzen duena oso gauza diferenteak direla, bai zabaleraz eta bai intentsitatez. Aldeak alde, mesedegarriak dira ordea neurriok ere, eta begien bistatik ez genituzke galdu behar. Italiako friuliarrak maisu omen ditugu alor horretan (RLS, 94), nolanahi ere, eta merezi liguke haien berri izatea. Nazioarteko "clearing house" moduko bat oso beharrezkoa omen genuke, gai honi buruzkoetan espezializatua.

  • b) familia barruko taktikak eta estrategiak eratu, euskarari eusteko eta, ahal den neurrian, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten kideak euskal gurpilera biltzeko.

    Neska-mutilek euskaraz errazago egin dezaten, hitz etorri hobea izan dezaten... lortzeko neurriak sartzen dira atal honetan. Baita etxe barruko euskal giroa sortu edo indartzekoak ere. Aita edo ama, bietako bat erdalduna denean, egoera zailagoa izaten da noski. Gure egoeran, asko dira Patxi, Miren eta Lurdes. Horientzako neurri egokiak proposatzea garrantzitsua da beraz. Britainia Handian argitaratzen den Bilingual Family Newsletter delakoa horrelako familiei zuzendurik dago; ingelesez, ordea.

    Ez ote genuke hemen ere horrelako zerbait, esate baterako, egin behar? Baietz dio Fishmanek, baina besterik ere esaten du: aita eta ama, biak euskaldun (hala-holako euskaldun) izanik erdal giroko auzo-herri-hirietan bizi diren euskal familiei zuzenduriko estrategi lanketan, eta horretan zentraturiko ekimen konkretuen argitalpenetan, saiatu behar genukeela bereziki.

Egia da egungo kale-bizitza modernoan familiak ez duela etxeko haurrengan eta gazteengan, urrundik ere, garai batean izan ohi zuen itzala, eragina eta aginpidea: bere behinolako sozializazio-ahalmena oso kamustua dago. Familiaz kanpoko eraginen, erakarmenen, harreman-sareen, telebista-programen, astialdi libreko instituzioen eta publizitate-uholdearen zabala eta sakona ezin dira alde batera utzi: hor daude horiek guztiak, eta askotan eragin sendoagoa dute horiek gurasoen (zer esanik ez, gero eta etxetik urrutirago bizi diren aitona-amonen) konpainiak, laguntzak, azalpenek eta debeku-mehatxuek baino. Hala ere, funtsezko elementua da familia hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioan. Bere falta-gabezia guztiekin ere ama-hizkuntzaren transmisio-gune nagusia da, orain ere, familia. Bera da, haur txikiei eta neska-mutilei dagokienez, kanpoko presioei eusteko orduan harresi nagusia. Intimitatea eta pribazitatea oso loturik daude familiarekin. Lotura horrek aparteko indar psikologiko eta soziologikoa ematen dio familiari. Familiaren esparrua bere esku ez badute, Xdunentzat (euskaldunentzat), alferrik izango dira hortik gorako gure saioak eta plangintzak: oinarri sendorik gabeko eraikuntzak izango dira horiek.

Familiarekin batera lehentasun osoa eman behar diogu gure auzoari edo herriari, eguneroko gure bizimoduaren zati handi bat bere baitan biltzen duen locus natural horri. Egia da hor ere aldaketa handiak eragiten ari dela modernizazioa: hiri-bizitzaren anomiaz, elkarren ondoan bizi garenok ere elkarrentzat arrotz bihurtzen ari gara. Etxeko igogailuan ikusten dut hori, inon baino argiago: berrogeita hamar bat familia bizi gara etxepean, eta bi igogailu besterik ez guztiontzat. Honekin edo harekin igotzea edo jaistea tokatzen zaizu hainbatetan, honekin eta harekin ere bai hainbatetan… eta elkarri zer esanik ez dugu izaten: eguraldiak txarrera egin duela, afaldu ere egin beharko dugula laster, eta... denok zain, igogailua gure pisura noiz iritsiko den "gero arte" esan eta bizilagun horiez erabat ahazteko. Hiletetara ere ez gara gehienetan joaten. Hurbileko arrotz bihurtu gaitu modernitateak, hiritar asko eta asko. Urrestillan ez litzateke, deskuidoz ere, horrelakorik gertatuko... oraingoz. Gemeinschaft-giroan bizi dira han, ez Gesellschaft arrotz-burrundaratsuan, oraingoz. Anomiaren zezen horri heldu behar omen diogu euskaltzaleok (eta, oro har, HINBEzale guztiok) adarretatik. Modernitateak berekin ekarri dituen anomiari eta gainerako arazo sozialei erantzuten saiatu behar omen dugu buru-belarri, hizkuntza ahula indarberritu nahi dugunok: familiak bere ingurumen hurbilean txertatzen eta auzo-bizitza modernoak galdu-edo duen nondik norakoa berreskuratzen saiatu behar omen dugu. Etxea, familiartea, auzoa eta herria indartzen ditugun neurrian ari omen gara RLS edo HINBE ere indartzen. Hori omen da gure apustua.

Bi problema izango omen ditugu, nagusiki, auzogintza osasungarriaren egitasmo horri aurrez aurre heltzea erabakitzen badugu. Batetik, familiak ez direla (bizpahiru urterekin eskolara bidaltzen ditugun haurrak, goizean goiz fabrikara sartzen diren langileak edo soldadutzara joaten diren/ziren kintoak ere ez diren bezala) inoren kontrolpeko elementu otsanak. Bestetik, Gemeinschaft-giroko auzo-bizitza hori eten-urratzen duten luze-zabaleko gizartearen makro-indarrei aurpegi eman behar zaiela, gure langintza osoa hankaz gora jar ez diezaguten. Errezeta magikorik ez omen dago hori egiteko, baina ezinezkoa ere ez omen da. Etxea eta lagunartea, auzogunea eta herri-bizitza sortu eta trinkotu ohi duten erakundeak eta prozedurak indartzen ahalegintzea omen da funtsean, hautsak alferrik harrotzen ibili gabe, egin litekeen eta zinez egitea merezi duen bakarra, gure BAEN-eskalaren 6. mailako eten-urratzeari frenoa ezarri eta buelta ematen hasi nahi badugu.

Badakit luzetxo joan dela atal hau, baina merezi duelakoan nago: hemen dago Fishmanen HINBE-ereduaren funtsa: 6. mailako dislokazioa konpontzen ez badugu, alferrik-edo ari garela esaten du berak. Maila hori konponbidean jartzen badugu, berriz, okerrena egin dugula.


BAEN eskalaren 5. maila: Hiztunak irakurle eta idazle bihurtzea. Euskaldunak alfabetatzea

Euskaldun jendea elkarren ondoan bizi da, euskal auzo edo herrietan. Beren euskarazko jarduna euskara hutsezkoa izan dute ordea beti, eta ez dakite (kasik) ez euskaraz irakurtzen eta ez idazten. Zerbait irakurri edo idatzi behar denean, gaztelaniara (iparraldean frantsesera) jotzen dute. Egungo gizartearen zati osoak idatzian oinarritzen direnez, euskaraz bideratu ahal izango luketen hainbat jarduera erdaraz egiten dute eta, hori dela medio, euskarazko jarduna aurrez aurreko hizketa moldera-mugatzen dute ezinbestean, harreman-sare eta interakzio-modu zabal, jaso, formalagoetarako bidea itxiz. Muga-eragozpen larria da hori, egungo gizarte-molde berrian. Erremedio sendoa eskatzen duen muga.

Munduan izan diren eta egungo egunean ere diren, milaka hizkuntzetarik gehienak, gehien-gehienak, hitzez transmititu izan dira nagusiki edo huts-hutsik. Idatzizko planoa, eta solaskideen beharrak, aski mugatuak izan ohi ziren. Gogor aldatuz doa hori, ordea. Idatzizko jardunik ez duen hizkuntzak apenas, gizarte-molde berrietan, bizi itxaropenik duen. Beharrizan horri aurre egin beharra dauka, beraz, BAEN eskalaren 5. mailan dagoen hiztun-elkarteak, hiztun-taldeak edo harreman-sareak. Aurreko atalean, 6. mailako dislokazioari aurre egiteko, ahozko mintzajardunean oinarritu gara nagusiki. Jendeak hitz egin dezala (eta, jakina, entzun ere bai) etxean, familiarte zabalean, auzoan, herrian: hots, eskueran izan dezakeen euskarazko arnasgunean. Irakurtzeaz eta idazteaz ez dugu hitz erdirik esan. Badira ordea hiztun-herriak, edo hiztun-taldeak, 6. mailako dislokazio larri hori ez dutenak (goizean jaikitzen direnetik oheratu bitartean osorik edo nagusiki beren hizkuntzan, -gurean, euskaraz,- bizi direnak). Euskaldun horietariko hainbati ez dio ordea inork, ez etxean eta ez eskolan ibili zenean, euskaraz irakurtzen eta idazten erakutsi: hor dute beren "hutsunea". Hutsune mugatua izan da hori, milaka urtean, hiztun-herri eta hiztun-talde askoren kasuan. Hitzez transmititu izan da hizkuntza, belaunez belaun eta aparteko larritasunik gabe, mundu zabalean diren eta izan diren hiztun-herri gehien-gehienetan. Hizkuntza idatzirik ez izateak ez du ekarri izan, berez eta besterik gabe, hizkuntza horren galera.

Hori guztia horrela da, baina beste punta-muturrera ere ez dugu joan behar gure planteamenduetan. Ez gara lehengo mendeetan bizi, eta inork ez du esan (ez Fishmanek behintzat) hizkuntza idatziak HINBErako balio ez duenik. Hizkuntza idatzia lagungarri ona izan liteke ahozko mintzajarduna osatzeko, indartzeko eta zabaltzeko. "Izan liteke" bakarrik ez: horrelaxe da, izan, hainbat kasutan. Zertan lagun diezaioke alfabetatze-saioak menderik mende nagusiki ahozko mintzajardunean oinarritu den hizkuntzari? Nagusiki honako honetan, Fishmanen esanean: jendea alfabetaturik egoteak (uler bedi: euskaldunok euskaraz irakurtzen eta idazten jakiteak) hiztunen arteko, harreman-sareen arteko eta hiztun-taldeen arteko komunikazioa erraztu eta areagotu egin dezake. Bai gure arteko komunikazioa eta bai elkarlana, euskal asmozko xede hau edo hura burutzeko. Euskaldun guztiak Urrestillan (Urrestilla bezalakoetan) bizi balira, eta Urrestilla guztiak elkarren pegante baleude (orain dela 200 urteko Gipuzkoa-Bizkaietako eskualde osoak bezalatsu), alfabetatzearen mesede hori ez litzateke agian hain ohargarria izango. Euskal familia asko Astigarraga, Aiete edo Donostia moduko inguruetan bizi dira ordea, osobetezko arnasgunerik gabe edota, are, erdal itsasoan nola edo hala igeri. Eta horientzat, dudarik gabe, laguntza ederra izan liteke euskaraz irakurtzen eta idazten jakitea: bestela gesaltze-bidean leudekeen hiztun-multzo horiek elkarrengana bil daitezke, euskara idatzia lagun, bai lotura psikologikoaz eta bai integrazio kulturalaz. Mesede galanta egin lezakete, alde horretatik, egunkariek eta astekari-aldizkariek, lekuan lekuko berri-paperek eta han-hemengo boletinek, liburuxkek eta liburuek. Alfabetatze horrek, ondo egiten bada (hortxe lanak!), askatu egiten gaitu euskaldunok (euskaltzaleok bereziki) erdararen etengabeko nagusitasun mediatikotik: nagusitasun hori astuna ere izan liteke informazio-edukiei, jarrerei, irizpide ideologiko-filosofikoei eta, are, astialdia era batera edo bestera betetzeko hautabideei buruz. Liberazio handia da hori, ondo erabiltzen bada: hori gabe etsipen larrian eror litezke euskaltzaleak, azkenik beren burua ere konbentzituz adierazpen-molde zabal, jakitun eta errespetagarri bakarra erdal (hots, erdarazko) ikuspegiarena dela. Hor ikusten du Fishmanek, lehenik eta behin, alfabetatze-lanaren helburu nagusia: bestela zatikaturik (erdal itsasoan nola-hala igeri) bizi diren euskal hiztun-multzoei elkartasun-giroa eskaini eta batera jarduteko gogoa piztea, alde batetik, eta bestetik beraien ikuspegi eta sentierei, herri-amets eta gogo-irrikei leiho argia zabaltzea.

Zenbaitek hori baino gehiago espero izaten du, ordea, alfabetatze-lanetik: "euskal jende ikasia sortuko dugu horrela eta, horri eskerrak, gizartean gora egin ahal izango dugu euskaldunok". Erreparo handiak jartzen dizkio Fishmanek ikuspegi horri. Luze joko liguke hori azaltzeak, eta ez nago batere seguru neuk ere ondo ulertzen diodan zer esaten duen. Hainbat gauza ondo ulertzen diodala uste dut, baina den-dena apenas. Hobe izango dugu beraz, inor alferrik nahastu gabe, puntu hori bere horretan uztea.

Gure artean, jende askoren ustean, alfabetatzearen fase hau aspaldi gainditua daukagu euskaldunok. Nork ez daki, gaur egun, euskaraz irakurtzen eta idazten? Hogeita hamar urtez D ereduan jardunez, eta helduek berrehun bat euskaltegi eskueran dutelarik, nola esan dezakegu horrelakorik? Ez al ditugu zentsuko edo erroldako datuak gogoan? Erroldako datuak bai, gogoan ditugu. Baina datu horien atzean zer dago? Ondo idazten eta erraz irakurtzen al daki Joantxok euskaraz? Eta Patxik? Eta Mirenek? Eta beren seme-alabek? Egia da hogeita hamar bat urte daramagula helduak alfabetatzen, eta seme-alabak D eredura bidaltzen. Egundoko pausoak egin dira, egia da, batez ere eskola alorrean. Seguru ote gaude, ordea, Urrestillako soziedadean hurrengo astean basurdetarako postuen zozketa egingo dela-eta garaiz ekarri behar diren paperen zerrenda euskaraz idazten ausartuko direla bertako Joantxo guztiak? Nola idatzi behar dizu euskaraz "Federación de Caza de Gipuzkoa" deabru hori, Guipuzcoa-tik Gipuzkoa-rako saltoa oraindik erdizka digeritu duen Joantxo-jende guztiak? Bere bizian lau-bost orrialde segitu euskaraz idatzi ez duten euskaldun helduak (eta halakoak dira hamarretik bederatzi) alfabetaturik al daude benetan? Eta euskaldun gazteak? Ba al dakigu urtero EGAra aurkezten diren 17 urteko gazteen artean apenas iristen direla %30era, gaitasun-maila hori egiaztatzen dutenak? Norbaitek esan dezake A (eta, zenbaitetan, B) ereduan ikasitako gazteak izango direla beste %70 horiek. Ez dago ordea inolako oinarririk, aitzakia horri eusteko. D eredukoak dira gehienak; idazten ez ezik mintzatzen ere ez dira, gainera, punta-puntakoak. Galdetu, bestela, gure D ereduko batxiler mailako irakasleei: detaile gehiago behar al da?

Mesedegarri ez ezik premiazkoa izan liteke, euskaldun gazte eta helduen osobetezko alfabetatzeari azken urteotan baino atentzio handiagoa eskaintzea. Hezkuntza-munduan gero eta irakasle euskaldun gehiago dira, hasteko, bere burua prestatuagotzen ari direnak: oso berri ona da hori. Beste zerbaiten sintoma ere bai, ordea. Fishmanen azalpena oso ondo ezkontzen da ikusmolde horrekin.


BAEN eskalaren 4. maila: Euskal eskola, gure gaitz guztien aspirina.

Jendeak (zahar eta gazte) euskaraz daki, gehienek euskaraz (euskara hutsez, neurri on batean euskaraz) egiten dute baina eskola kontuak erdara hutsezkoak dira. Doktrina eta "euskal letra" basiko-basikoak euskaraz jasoak dituzte agian, baina ikasketa guztiak (gehi karrera, gorabide profesionala eta abar) erdarazkoak dira. Muga sendoak dakartza horrek ere; eta konponbide argia ikusi uste dute gehienek.

Mendetako (mende bi eta erdi bai, gutxienez) kexu-esperantzak dauzkagu eskolan jarriak: eskolak erdaldundu gaitu, eskolak ekarriko gaitu geure onera. BAEN eskalaren 4. mailako erremedioa horixe da: euskaldun gazteok beren ikasketak, batez ere hasiera- eta erdi-mailakoak, euskaraz egitea. Hamasei urte arteko eskola-aldia, obligaziozkoa dugu EAEn eta Nafarroan. Frantses-euskaldunen artean ez dakit nola den, baina ez da urruti ibiliko. Bizpahiru urterekin hasten dira gure haurrak eskolan, eta hamasei urte arte (gutxienez) hantxe dabiltza guztiak, txintxo-txintxo edo ez hain txintxo. Asper-asper eginda ere bai, batzuek. Hamasei urtetik aurrerakoak (unibertsitatea barne) alde batera utziaz oraingoz, neska-mutil eta gaztetxo horietan zentratzen da Fishman bere dislokazio-eskalako 4. maila horretan.

Euskalgintzaren (eta, oro har, RLS edo han-hemengo HINBEgintzaren) mundu bat amaitzen da bere eskalaren 5. mailan, eta mundu berri bat abiatzen 4.etik 1.ra bitartean. Hori da Fishmanen ikuspegia, gure egungo euskalgintzarekin ezkontzen hain-hain erraza ez dena. "A pultso"-ko euskalgintza da 8.etik 5.era arteko. Agintaritzaren parte-hartze zuzenaz egiten da, aldiz, 4.etik 1.ra doana. Gure etxeko historiatxoaren berri dutenentzat, 5. mailan amaitzen den mundua, "bottom to top" plangintzaren mundu hori, herriz herriko bertso-saioen eta "Ez dok Amairu" taldearen garaiko kantaldien mundua da; Francoren garaiko ikastolen mundua, hasierako alfabetatze-saioen eta orain dela 35en bat urteko argitalpen-saioen mundua dugu hori: euskaldun-jendeak (zehatzago esateko: euskaltzale-jendeak) euskara indarberritzeko bere kabuz eta bere poltsikotik (zozketak eta han-hemengo diru-biltzeak barne), "do it yourself" filosofiaren ildotik, jasotzen hasitako euskalgintzaren mundua.

Joan ziren ordea urte haiek, eta beste giro bat zabaldu da bazterretan. Bere helburu nagusien artean euskara berreskuratzea duen lege-markoa dugu orain: alderik alde EAEn, eta partez Nafarroan. Eskola-munduan, bereziki, oihartzun zabala jaso du lege-asmo horrek. Hizkuntz normalkuntzaren paradigma instituzionalean ari dira maisu-maistra gehienak (asko bai, behintzat) lanean. Lehen Hezkuntzako euskara-irakaslearen, Batxilergo mailako fisika-irakaslearen edo DBHko historia irakaslearen egungo egoera aski bestelakoa da, hori guztia dela-eta: bai herri-ikastetxekoa baldin bada irakasle hori, eta bai pribatukoa (ikastola gehienak barne) baldin bada ere. Irakasleek eta, oro har, ikastetxeek eskuartean daramaten zeregina aski berezia da: egia da "euskara salbatzeko" sortu zirela ikastolak, eta egia da Normalkuntza Legea eman duela EAEko Parlamentuak, irakas-sistemari aparteko eginbeharra agintzen diona; baina egunez eguneko jardun arruntean lan konkretua du irakasle-jendeak. Hiztun-herriaren belaunez belauneko transmisio arruntetik harantzago doa, nolanahi ere, Greziako historia eta elektromagnetismoaren printzipioak irakastea.

Mundu berri horretan, goraxeago aipatu dugunez, aurrerapauso handiak egin ditu euskarak XX. mendean: azken 35 urtean, bereziki. Fishmanek gurea bezalako hiztun-herrioi BAEN eskalaren 4. mailan "jartzen dizkigun debereak" neurri zabalean, gero eta neurri zabalagoan, ari gara egungo euskaldunok betetzen: batez ere EAEn; Nafarroan ere bai, hainbateko neurrian ez bada ere; eta Iparraldean ere ez hain-hain gutxi, nahiz eta EAEko ekimenaren parean oso maila apalean ibili. Euskal eskola instituzio garrantzitsua da, egungo egunean, euskalgintza osoaren baitan: titularitate publikokoa da batzuetan, ordena erlijiosoena edo zenbait kooperatibarena beste batzuetan eta ikastola-elkartearena besteetan. Horren gainetik eta horren ondoren euskalduntze-asmoen bi eratako gradazioa bereiz dezakegu bertan: irakasteredu elebidunaren araberakoa batetik (A, B edo D); eta curriculumaren euskal dimentsioari eta normalkuntza-proiektuei ematen zaien itzal-oihartzunaren araberakoa bestetik.

Curriculumaren X (gurean euskal) dimentsioari eta normalkuntza-proiektuari ikastetxe bakoitzak ematen dion lehentasunaren arabera, aski diferenteak izan litezke (irakaste-eredu berberaren baitan ere) ikastetxeak. Gauzak erraztearren, bi zatitan banatzen ditu Fishmanek X-ezko (gurean: partez edo osoz euskarazko) ikastetxeak.

  1. motakoak: curriculumaren euskal dimentsioari eta euskara indarberritzeko normalkuntza-proiektuari berariazko itzala eta oihartzuna aitortzen dioten ikastetxeak. Beti ez baina neurri batean bai, HINBEzaleek (gurean: euskaltzaleek) sortutako edo beren bultzadaz eratutako ikastetxeak izaten omen dira hauek.
  2. motakoak: itzal-oihartzun horiek alde batera utzi gabe ere, maila apal-xumean lantzen dituztenak. Arauzko baldintzak aintzakotzat hartuz, eta euskal mundua kontuan hartuz, erdal (aginte) esferatik sortutako iniziatibak izaten omen dira, hainbatean, ikastetxe moduok.

Eskolaren etekina neurtzeko orduan faktore askok hartu ohi dute parte, eta ez da komeni bietako bat ona eta bestea txarra dela esatea: garbi azaltzen du hori Fishmanek. Eskolen etekin-maila neurtzeko orduan, batetik helburu pedagogikoak izan behar ditugu kontuan: ikasleen garapen kognitibo, sozial eta emozional hoberena lortzea (horretarako sortuak dira eskolak berez, ez X hizkuntza "salbatzeko" edo Y hizkuntza "hedatzeko"). Bestetik, curriculum edo ikasketa-planaren egokitasuna, ikasmaterialena eta, inoiz gutxitan aitortzen badugu ere, irakasleen beraien trebezia eta profesionaltasun-maila. Bere gaia ondo dominatzen duten irakasleak ugari izatea, euskaraz ondo manejatzen direnak eta dedikazio-maila handia dutenak, hor dago eskola-munduaren faktore handi bat HINBEren ikuspegitik ere. Hori eta, nolabait esan, gurasoekiko sintonia onean jardutea. Litekeena da a) ereduko ikastetxeak aski onak izatea (jakite-mailaren aldetik, HINBErenetik, edo bien aldetik) eta b) eredukoak aski txarrak. Baina alderantziz ere gerta liteke: kontuz generalizazioekin. Eta gerta liteke, akaso, jakite-mailaren aldetik emaitza onak eta HINBEren aldetik txarrak izatea ikastetxe batek, eta justu alderantzizkoak besteak. Hori guztia horrela izanik ere, gauza bat dago Fishmanentzat argi: a) ereduko ikastetxeek aukera hobeak dituztela normalean, euskarari eta euskal kulturari sarbide zabalagoa eta lanketa sakonagoa eskaintzeko. Euskal Herriaren berri izatea, geografiaz zein historiaz, eta hizkuntzaren erabilerari ate-leihoak oparo zabaltzea, errazago-edo lortzen da multzo horretako ikastetxeetan.

Ez dago dudarik, nolanahi ere, euskal etnokulturaren eta indarberritze-saioen oihartzuna luze-zabal hedatu dela gure ikastetxeetan. Hizkuntz normalkuntzako proiektuak adibidez, EAEko 300 bat ikastetxetan indarrean daudenak, lagungarri sendoa gerta daitezke (gertatzen ere ari dira dagoeneko) euskal giroa piztu, euskaltasun-zantzuak ikasleenganatu eta euskarazko bizibidearen (hots, euskal elkartasunaren) gogo-asmoa belaunaldi berrietara helarazteko.

Hori dena egia da, baina egia ez da hori bakarrik. Eskolak, D eredukoak barne, gure (berdin du mundu zabaleko beste edozein X-en) seme-alaben erdalduntze-bide ere badira. Ondo baino hobeto dakigun kontua da hori. Isil asko gordetzen duguna ere bai. Ikasleen (ikasle askotxoren) etxea eta auzoa hain (erabat edo nagusiki) erdalduna izanik, oso zaila da ikasle horiek euskal hiztun trebe bihurtzea. Eta, alderantziz, nahi baino errazago gertatzen da etxetik euskaldun edo erdi-euskaldun etorri diren ikasleak beren mintzajardun arruntean nabarmenki erdalduntzea. Eta askotan, jakina, jendaurrean ez bada ere tentazioa sortzen zaigu gure buruari galdetzeko: "ondo ari al gara gure indar gehienak horretan xahutzen?". Kontuz ibili behar da, ordea, horrelako harakiri xinpleekin. Mugak eta eragozpenak neurtu egin behar dira ondo, bai jauna. Baina mesedeak eta aukerabide berriak, euskal eskolaren bidez hizkuntzari zabaltzen zaizkion albo-leihoak ere bai. Etxetik euskaldun den neska-mutil askori euskara idatziaren (eta, horren bidez, gure kultur nortasunaren) ikasbide arteza eskaini dio, mende laurden honetan, euskal eskolak. Etxetik erdaldun edo erdal-elebidun direnei euskaraz egiten ikasteko aukera ohargarria (bere ingurumeneko beste inolako instituzio sozialek eskaintzen diona baino ondotxoz sendoagoa) eskaintzen die oro har. Beren kideko gazteekin euskarazko edo euskal-erdal moduko harreman-sareak eta interakzio-ereduak sortzen lagun dezake. Baita bihar-etzietarako hain noraezekoak izango diren leader berriak sortzen hasteko aukera bideak ere. Eta ez hori bakarrik. Non aurkituko genuke hainbat heldu euskaldun, alfabetatu, ikasirentzako lanpostu eta posizio sozial ohargarririk, HINBEren esparruan, jarduera arautuaz eta hileroko soldataz milaka irakasle (eta zuzendari, ikuskari, teknikari eta laguntzaile) okupatuko ezbalitu euskal eskolak? Euskal eskolatik kanpora non lor dezakegu gaur egun, gero eta bakarrago ditugun arnasgune jatorretan izan ezik, belaun arteko interakzio-esparru formalik? Nolatan biziko ginateke euskalgintzaren gurpilean, orobat, gu geu eta gure antzeko gehienak?: era batera edo bestera eskola-munduarekin harreman zuzena dugun hezkuntza-alorreko funtzionariook, argitaletxeetako koadro teknikoak, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten elkarteak eta, oro har, gidaritza didaktikoa, antolamenduzkoa edo hizkuntz normalkuntzaren alorrekoa eskaintzen duten aholku-elkarteak? Hori guztia ere hor dago, eta bere muga-baldintza guztiekin ere ez da gutxietsi behar. Eta nola espero genuke, azkenik, euskal eskolarik gabe XXI. mendeko euskal intelektual, leader eta profesional trebeak izatea?

Eskola-munduaren HINBE aldetiko ebaluazio-saioak egiten hasi baizik ez gara egin. Horrelako gehiago, eta emaitza akademikoen alorreko datuekin gurutzatuago, egin beharko dira berandu gabe: euskal eskolak azken 35 urtean hartu duen bueloak hori eta gehiago justifikatzen du. Lehen ere esan dugunez kontuak ateratzea, eta zuzendu beharrekoak zuzentzea, punta-puntako eginkizuna da HINBE osoaren baitan.


BAEN eskalaren 3. maila: Euskara, jalgi hadi (bertatik bertarako) lanera!

Hiztun-elkarte sendoa, hitzez ezezik idatziz ere ongi moldatzen dena eta eskola ere (nagusiki bederen) bere hizkuntzan jasoa, baina erdarazko lan-munduan murgildurik bizi dena. BAEN eskalaren 6., 5. edo 4. mailan dauden hiztun-herriak baino askoz hobeto (sendoago, bizi-iraupenerako itxaropen zabalagoa) dago egoera honetako hiztun-herria. Egia da, ordea, pertsona helduon bizitzako zati handi bat (tentsioaz eta espektatiba profesionalez, emulazio sozialez eta akulturatze-bideez arras garrantzitsua) lan munduak eratzen, moldatzen eta mugatzen digula. Eta alde horretatik, konprenigarria da askoren amets-irrika.

Ez naiz ipuin xaharrak kontatzen hasiko: nekazaritza eta artzantza, arrantza eta kontserbagintza, txakolin- eta sagardogintza, altzarigintza-kontua eta kamioi bidezko garraioa, sukaldaritza eta harategiak... horiek eta beste zenbait lanbide, neurri on batean, euskaldun-jendearen eskutan, eta euskaraz zihardutela, ezagutu ditugu 50 urte inguruko gipuzkoar askok gure ume-denboran. Ezin esan dezaket Bizkaian hala zen edo ez. Bortzirietako lehen industrialdia ere (60ko hamarkadakoa), euskaraz bideratu zen neurri on batean. Lanean (lan arruntean, ez zuzendaritza-alorrean) euskaraz egiten ezagutu dugu jendea, ezker-eskuin. Euskara ez zen, gure ume-denboran, arrotz lan-munduan. Atzera ala aurrera egin du euskarak, eskola-prestakuntza handirik gabeko alor horietan? Erantzuna ez dizuet esango: nik baino hobeto dakizue. Eta zergatik? Hori ez da hain erraza esaten: baserriak hustu eta artzainak bakandu egin direlako, arrantzaleen seme-alabak Leioara joan direlako ikastera eta ontzietara gailegoak, portugesak edo afrikarrak etorri direlako, fabriketara kanpoko (edo inguruko) langile erdaldunak etorri direlako, gero eta lan teknifikatuagoa egiten delako eta hartarako prestakuntza, aplikazioa eta kontrola erdaraz bideratzen delako, telefonoz eta faxez, eskutitzez eta e-mailez etengabe erdaldunekin (handik 500 metrora dagoen beste planta bateko erdaldunekin, Opelen Zaragozako faktoriarekin edo Basel-go ikerketa-etxearekin) harremanetan gaudelako, euskaraz baino erdaraz hobeto manejatzen garelako… zuk erantsi, burura datozkizun gainerako arrazoiak. Eskertuko nizuke horien berri emango bazenit: benetan.

Horrekin guztiarekin zer esan nahi dut? Bi gauza, nagusiki: batetik, euskalgintzan "gero eta aurrerago, gero eta gorago" goazeneko ikuspegi horri ohar nabarmenak egin behar zaizkiola, lan-munduari dagokionean bederen. Bestetik, lan-mundu arrunt, tradizionalean euskarak izan duen atzerabidea faktore demolinguistiko, ekonotekniko eta soziokultural askorekin lotua dagoela eta, alor horretan ganorazko HINBE edo RLS-prozesurik aurrera atera nahi badugu, faktore-aniztasun hori oso gogoan hartu beharko dugula.

HINBEk, euskara indarberritzeko saioak aurrera egingo badu, bere ekimena ezin familia girora mugatuko da. Eta jakina: euskarazko bizibidea sukalde-zokora izkutaturik geldituko ez bada, ekonomiazko oinarri-modu bat bere eskueran izan beharko du euskaldun-jendeak. Bai bere kontzentrazio demografikoa babestu eta sendotzeko, bai gizarte-molde berriak hain zentrala bihurtu duen lanbidezko interakzio-esparruak ohiko arnasguneen itogarri gerta ez dakigun eta bai hiztun-talde horrek bertako herri-agintaritzan oihartzun zuzenik izateko. Alde horretatik atentzio berezia zor genieke, orain ere, euskaldunen jabetzapeko edo jestiopeko produkzio- eta zerbitzu-enpresei, nagusiki euskaldun-langileez osaturik dauden eta euskaldun-jendea atenditzen dutenei: pentsu- eta ongarri-enpresak, basozaintza alorrekoak, nekazari-tresnak saltzen dituztenak, sagardogileak, arrantza- eta kontserba-alorrekoak… Beren mugatuan eta txikian ere, euskal arnasguneak indartu eta zabaltzera datoz horiek guztiak.

Produkzio- eta zerbitzu-etxe gehienak, askogatik gehienak, "etxeko" multzo horretatik kanpokoak dira, ordea. Hezkuntza alorrean bezala, lan-munduko beste enpresa horiek guztiak bi atal nagusitan bana daitezke Fishmanen ustez:

  • a) euskaldun-jendearen produkzio- eta zerbitzu-etxeak, neurri on batean langile euskaldunez osatuak baina luze-zabaleko (beraz, nagusiki erdal) harreman-sareak dituztenak hornitzaileen, I+G iturrien, merkaturatze-bideen eta bezeroen aldetik. Adibidez: Ormaiztegiko Irizar enpresa, autobusak egiten (karrozatzen) dituena.
  • b) erdal esfera ekonoteknikoaren baitako produkzio- eta zerbitzu-etxeak, nagusiki langile erdaldunez (zenbaitetan atzerritarrez) osatuak baina bezeroen artean euskaldun-jendea dutenak. Adibidez: han-hemengo hainbat supermerkatu-kate.

Ikus ditzagun kasu biok aparte, merezi du-eta. Kontuan izan lehenengo kasuan produktore edo zerbitzu-emaile garela euskaldunok, nagusiki; bigarrenean, aldiz, batez ere produktu-erosle edo zerbitzu-jasotzaile. Bereizketa horrek badu, BAEN eskalaren 2. maila aztertzerakoan berariaz aipatuko dugunez, oihartzun ozenik.


Euskal enpresak, erdal mundua bezero eta solaskide.

Garbi bereizi behar da, kasu honetan, zein diren euskaldunen arteko lan- eta merkatu-harremanak, eta bestetik erdal munduarekikoak. Lehenengo alorrean sar daitezke, posiblearen zakua betetzen hasita, lantegiko jarduera arrunta, bertako bilerak eta lan-programa, informazio-orriak eta ebaluazio-koadroak, megafonia sistema eta barne-errotulazioa, enpresako artxiboak, fondoko musika euskalduna, lan-arautegia, urteko lan- eta jai-egutegia, euskara landu eta lan-giroan txertatzeko mikroplanak… Xede jakina dute, Fishmanen ustean, ekimen horiek guztiek: lantegiko euskal giroari eutsi edo, erdal munduak aski ahuldurik badauka, indar berriz ekitea. Egunean zortzi ordu erdaraz egitetik denbora-erdia, edo hiru laurdenak, euskaraz egitera pasatzeak berez lekarkeen iraultzaz nor ez da jabetzen? Nork ez du ikusten 30 urtez kale egin duten alfabetatze-saio gehienen iturri nagusia hortxe daukagula? Zertarako zeure burua euskaraz alfabetatu, lanean (lan teknifikatuan, paperean edo pantailan islatzen den horretan) erdara hutsean jardun behar baduzu?

Giro-lantze horrek berebiziko oihartzuna izan dezake, gainera, lan-orduetatik kanpora ere: kirol- eta joko-taldeak sortzen dira zenbaitetan enpresan, eskurtsioak eta bazkari-afariak antolatzen dira, udalarekiko harremanak zabaltzen... Zailago da, halakoetan, publizitate alorrari ekitea. Ezinezkoa ez luke, ordea, batzuetan izan behar: gogoratzen, berrogei urtetik gorako giputzok, Fanderiako pentsuarena?


Erdal (edo luze-zabaleko) enpresak, euskaldun-jendea bezero.

Erdal (edo luze-zabaleko) bankuek eta kutxek, merkatalgune handiek eta, oro har, eskualdeko posta-etxe, osasun-etxe, notario-etxe eta epaitegiek aparteko garrantzia izan dezakete alor horretan. Halakoetan, euskaldunok ez genuke mirari handiegirik eskatu behar: erdaldunak erdaraz atenditzen dituzten bezala, euskaldunak (hala nahi dugunak) euskaraz atenditzea. Ez al da akaso urrezko araua, "Erosleak beti arrazoi" edo amerikarren "the customer is always right" hori? Kontura gaitezen, bestalde, Enpresak eta administrazio-atalak, zaku berean sartzen dituela Fishmanek.

Gatozen berriro lan-esparru arrunt, aurrez aurreko honen azalpen jeneralera. Aurreko bi ataletan esan dena ez da, berriro ere, Barakaldon eta Barkoxen, Labastidan eta Errezilen berdin aplikatzekoa. Lekuan lekuko euskal giroaren arabera, demographic concentration edo arnasgunearen arabera aplikatzekoa da hori. Horretan zuzen samar gabiltzala uste dut, irizpideei dagokienez, aspaldi luzean. Hezur-mamitzeko orduan, aldiz, ezin hain gauza biribilik esan. Merezi luke lan-mundu osoa (sektorez eta eskualdez) hizkuntza aldetik tipifikatzea, egungo erabilera zehatzari dagokionez. Horra hor ere doktorego-tesi batzuetarako aztergai zoragarria.

Behar-beharrezkoa dugu euskaldunok oro har, eta euskal arnasguneek oso bereziki, gure hizkuntza ahula lan-munduan txertatzea. Guztiok erdara hutsean lan egin behar badugu, zertarako ari gara seme-alabak D eredura eta unibertsitateko euskal (edo ele bietako) ikasbideetara bidaltzen? Hori izan liteke lehenengo-lehenengo erreparoa. Gordina eta drastikoa, gutxiena uste dugunean esku artean lehertuko zaiguna. Bere proiekzio edukatiboaren aldetik garrantzitsua izanik ere, HINBEren aldetik egin litekeen erreparoaren elementu nagusia ez da hori, ordea: erdara hutsean bizi den lan-mundu batean jardun behar badugu, euskaraz bizi ahal izateko aukerak eta asmoak itxuratxarki erasango ditu, lehenxeago edo beranduxeago, erdal mundu horrek: etxea eta auzoa, lagunarte hurbila eta kale-bizitza ere gero eta erdararen mendeago gelditzeko arriskua benetakoa da, ez amets hutsala. Arrisku handi horri aurre egiten lagundu diezaguke, era nabarian lagundu ere, lan-mundu arrunt horretako euskalgintzak.

Lan-mundua euskalduntzeko orduan ere tentuz eta erne ibiltzeko gomendatzen du, bestalde, Fishmanek: egingarrienetik abiatzeko, euskal arnasguneen esferatik hurbilen dauden instantzia eta prozeduretatik hasteko, alegia. Eta, beti ere, lekuan lekuko euskaldun-jendeak (bai enpresa barnean eta bai bezero moduan) bere kabuz aurrera ateratzeko moduan. Nork bere buruari dezakeena baino gehiago eskatzea arras kaltegarri gerta litekeela dio berak. Lagungarri sendoa izan litekeela lan-mundu hori euskalduntzea baina, hala ere, giltzarria beste nonbait dagoela: euskararen belaunez belauneko transmisioan. Transmisio-gune nagusia etxea eta auzoa, lagunarte hurbila eta kale-bizitza direla eta, beraz, lan-munduaren euskalduntze alorrean zer-nola egin erabakitzeko orduan horixe izateko beti gogoan: lan-munduan hartzera goazen erabakiok zer neurritan lagunduko diote euskararen belaunez belauneko transmisio-bide horri?


BAEN eskalaren 2. maila: euskara administrazio-munduan eta komunikabideetan. Ez, halere, goren-mailetan.

Erdal mundua izan da gure artean, eta halaxe da orain ere nagusiki, gobernu alorreko (hasi udaletik eta estatuko goren-mailako aginte-organoetara arteko) administrazio-mundua. Beste horrenbeste esan liteke, funtsean, luze-zabaleko hedabideez ere. Aginte-esferatik hurbil gaude, batean zein bestean: hor osatzen eta biltzen dira, besteak beste, kasuan kasuko agintaritzaren integrazio-jarrerak, iritziak eta nortasunak; hor agertzen dira, orobat, goren-mailako trebetasunak eta status-kontuak ere.

Euskal munduak ez du erraza izango alor horretan aurrera egitea, batez ere erdal esferaren mende egon diren (eta, orain ere, nagusiki hala dauden) goren-mailako administrazio-alorretan edo luze-zabaleko hedabideetan. Erraza ez bada ere, hasi egin behar da, ordea, leiho hori ere euskal munduari zabaltzen. Errazenetik, egingarrienetik eta probetxugarrienetik hasi behar da: hori dio, hemen ere, Fishmanek. Zer da ordea errazena, eta zer da probetxugarriena? Mundua airean jarri gabe, dugunetik eta dezakegunetik egingarri dena: hori da errazena. Euskal arnasguneei eusten, eta ahal delarik zabaltzen, han-hemen euskalduntzen ari diren belaunaldi berriei euskal bizibidean txertatzen lagunduko dioten administrazio-prozedurak eta komunikabideak: horiek dira probetxugarrienak. Euskal arnasguneak atenditzen dituzten administrazio-organoak eta komunikabideak euskaldundu (praktikan: ele bietan jarduteko gaitu) behar dira lehentasun osoz. Hor gaude euskaltasunaren muinetik hurbilen, hori da gure hil ala biziko apustua. Aurreko puntuan aipatu dugun urrezko araua, "bezeroak du aukeratzeko eskubidea, administrazioak eta komunikabideek dute bezeroak berak nahi duen hizkuntzan atenditzeko obligazioa", oso-osoan aplikatu behar da esparru honetan. Funtzionarioen lan-baldintzak eta eskabideak ezin daitezke etengabeko aitzakia izan, euskaldunen hizkuntz eskubideak etengabe alboratu eta desatenditzeko.

Azken hogei urteotako esperientzia, arrakastatik baino prebisio-faltatik, adostasun-gabeziatik eta agindutakoa berandu, partez bakarrik edota apenas betetzetik hurbilago ibili da. Nola esplika liteke, bestela, Goierriko herri euskaldun-euskaldunetan ere (hiztunen %95etik gora euskaldun garbi direnetan), udaleko bilerak euskara hutsean egiten direlarik, udal-idazkari euskalduna behar, nahi, hala eskatu eta... erdaldun hutsa bidaltzea? Adibide xumea da hau, baina administrazio-alorrarekin lanbidezko harreman zuzena dugunok noraino ez genituzke horrelako adibideak ugarituko? Errazegi atera izan ditugu kontuak, guztiok ere, "administrazioa eta komunikabideak euskaldundu egin behar dira" esan dugunean: non dago plan zehatzik, urtetik urterakorik, lehentasun-eskala jakinaren arabera euskal arnasguneetako administrazio-bizitza zinez euskaraz edo ele bietan aurrera eramaten lagundu dezakeenik. Arazoa ez dago, gainera, goiko arduradunen atentzio- eta intetzio-falta horretan bakarrik. Zer egin dugu teknikariok egoera hori hobetzeko? Konturatu al gara alfabetatze-beharrik handiena zuketen hiztunak, hiztun-taldeak eta eskualdeak, alfabetatu ditugula akaso gutxien? Donostian (berdin du Bilbon...) bizi, Donostiako edo inguruko lan-postu ederrenak (etxetik hurbilenak, soldata txukunekoak, lan-ordutegiaz eta lan-egutegiaz erakargarrienak, ahalik eta burokrazia egitura zabalenean "izkutatuenak", aurrez aurreko problema gutxien sortzen dutenak, hortaz) euskaldundu nahi izatea gauza bat da, eta benetan administrazio-alorrean euskara indarberritzen ari garela uste izatea bestea.

Areagoko arriskurik ere ikusten dio Fishmanek administrazio-alorreko eta luze-zabaleko hedabideen esparruko euskalgintzari: erdalduntze-iturri bihurtzekoa, ustez euskalduntze-gune behar zukeena. Lehendik aipatua dugu alor honetako gure giza-kapitalaren "brain drain" arazoa (nolabait esan, ETBko euskal edo ele biko aktore-aktoresa eta presentadore hoberenak erdal, sarritan Madrilgo, telebista-kateek irenstekoa), eta ez gara horretaz luze arituko. Soldata hobeek, ranking profesionalean (eta, beraz, status sozialean) gora egiteak eta abarrek begien bistako ondorioa dute.

Eskaintzen al zaio plus profesional minimorik (soldatan, gorabide profesionalean) bere burua euskaraz trebatu duen teknikoari, administrazio-lanak eta erantzukizunak hitzez (aurrez aurre eta jendaurrean) zein idatziz zuzen eta egoki egiten dituenari, euskaraz idatzirik dauden dokumentuak (kartak, barne-idazkiak edo txostenak) hizkuntza horretan eta inoren laguntzarik gabe bideratzen dituen funtzionarioari, euskarazko administrazio-jarduna (beste horrenbeste luze-zabaleko hedabideetakoa) wishful thinking baino zertxobait gehiago izan dadin? Hori gabeko hizkuntz politikak, erdal administrazio- eta hedabide-egituren jirabuelta hutsean dabilen euskalduntze-jardunak, ez du Fishman gehiegi emozionatzen. Lehendik ezagunak ditu han-hemen horrelako saioak, eta badaki ekimen horietatik zer espero litekeen. Euskaldunok euskaraz bizi nahi izatea (edota, oro har, being and fostering Xmen-via-Xish) hautabide zorrotza dela, oso kontuz erabaki eta atentzio handiz lagundu beharrekoa. Hala dio berak: (it) is a philosophical / ideological position and, as such, it requires constant philosophical / ideological restatement and updating if it is to remain effective. Administrazioan eta komunikabideetan (bere osoan hartuta) erdara nagusi izango dela gero ere, eta euskaldun-jendeari probetxuzkoen gertatuko zaizkion alorretan zentratzeko batez ere, esaten digu berak. Behe- eta erdi-mailako administrazio-esferak gureago izango ditugula normalean, eta gure jardunaren enfasia handik eragiteko. Euskararen belaunez belauneko jarraipenari gehien laguntzen dioten ekimenetan zentratzeko. Betikoa.


BAEN eskalaren 1. maila: Euskara presente unibertsitatean eta goi-mailako lan-postuetan (aurrezki-kutxen, enpresen, agintaritzaren eta komunikabideen erabakimen-esparruetan). Baina independentzia politikoak berez eman dezakeen segurtasun osagarria gabe.

Euskaraz bizi nahi duen euskaldun-jendearentzat (oro har, Xmen-via-Xish direlakoentzat) bere autonomia kulturalera daraman trenbidearen azken geltokia, soziokulturazko berreskurapen-proiektu zabalaren goren helburua, da BAEN eskalaren 1. maila hau. Bere muga-baldintza eta eskari guztiekin ere, helburu horietan luke gure oraingo eramoldeak (aurreko pausoak, 6. dislokazio-mailatik 3.era doazenak bereziki, ondo emanak eta sendo finkatuak baleude) soziokulturazko beregaintasunaren azken xedea eta jomuga. Maila honetara iristeak (eta euskaldunok, alor batzuetan, hartara iristen hasiak gara edo iristeko bidean gaude) baditu bere mesedeak. Baita eragozpenak ere, ordea: eragozpen horiek larriagotu eta politizatu egin ohi dira sarri, euskara-erdaren tirabirak goi-mailako esfera horietara hurbildu ahala. Ezer esplikatu beharrik ba al dago?

Lehen maila horretara iristen den hiztun-herriak, halako neurri batean, bere lurralde horretan hizkuntz plangintza jakina diseinatu, aplikatu eta ebaluatzeko aukera izaten du. Aukera horiek gabe nekez horrelako planik prestatzen du inork. Bertako aginte-organoetara irits daiteke hiztun-herri hori eta, horrela, top-down plangintza aplika dezake. Trenbidearen azken estazioa izateak ez du esan nahi, ordea, problemak hemen bukatzen direnik. Ez, bereziki, bere Xishness (gurean: euskal(tzale)tasun) osoaren xedea huts-hutsik edo nagusiki hizkuntza horretan hitz egin ahal izatea baldin bada, eta autonomia kulturala eskuratua duen lurralde horretatik kanpora gelditzen baldin badira Xerazko (gurean, euskarazko) lurralde-esparru zabalak. Ez da hori, halere, BAEN eskalako 1. maila honetako buru-hauste nagusia, bertako HINBEzaleentzat, honako beste hau baizik: autonomia (politiko-)kultural hori lortuta ere, beren etnolinguistikazko bizi-ahalmenak arriskupean jarraitzen duela. Baita arnasguneetan bertan ere. Erdararen (gurean: gaztelaniaren, frantsesaren edo, beste maila batean oraingoz, ingelesaren) presioa ez da azken geltoki horretan ere deuseztuko. Hor dago eta hor jarraitzeko traza guztiak ditu, esparru batzuetan bereziki. Pesimisten edo autonomia (politiko-)kultural horren kritikatzaileen esanak ez dira, beraz, funtsik gabeko esamesatzat hartu behar. Arriskua hor dago, 1. mailara iritsitakoan ere, eta erne egon beharko du okerrera egin nahi ez duen etnokultura zein hiztun-herri (ez hain) ahulak. Fishmanen hitzetan esateko, Eternal watchfulness is the price of RLS and that price must be paid at stage I too. Hori baino gehiago esaten du berak, gauzak bere lekuan jartze aldera: Indeed, some such price must even be paid by the supporters of the languages of smaller, practically independent units.

Litekeena da, dio Fishmanek, mendi-gailurrera iritsitakoan mendizale asko desanimaturik gelditzea: trenbidearen azken estaziora iritsi, belaunaldi askoren eginahal sendoari eskerrak, eta HINBEzale-jendeak "hau al zen guztia?" esatea, arras desanimaturik. "Honetarako aritu al gara lanean?," Besteek egiten duten gauza bera egiteko, besteen tele-serie berberak ikusteko, besteen modako liburu berberak irakurtzeko hondartzan, baina euskaraz?", "Hori besterik ez al zen dena?". Galdera existentziala omen da hau, filosofi dimentsio sakonekoa. Ematen dizkiogun erantzunak ere garrantzi handikoak omen dira: "bizibide modernoa zertarako?, euskaraz bizi izateak zer zentzu du giro honetan?" galdetuko dute batzuek. Eta, galdegile horietariko zenbaitek, ezetz esango dio bere buruari: ez dela hori, inondik ere, berak amesten zuena. Unibertsitatean klaseak euskaraz eman bai, telebista-kate bat euskaraz izan bai, aurrezki-kutxako kajero automatikoak euskaraz funtzionatu bai... hori eta horrelako beste ehun "lorpen" ondo daudela, eta horien aldeko dela. Baina ez dela hori berak gogoan zuena: euskaltasun osobetezkoaren herentzia, herri-izatearen erroekiko onespen, maitez begirako iritzi, jokabide eta sinesmenak... Euskal izate jatorrago baten gogoa eta beharra azpimarratuko dizute horiek, eta "grial saindu"-aren bila etengabe jarraitzeko prest agertuko dira. Modernotasunaren eta tradizio-zaletasunaren arteko tira-bira ez da, halakoetan, berehala amaituko. Iritsi ginelakoan, eta berriro hasi behar!

Azken gogoeta: zer ekarri digu Fishmanek, bere HINBErekin?

Hona hemen Fishmanek egiten digun ekarria, laburbilduta:

  • a) Behin eta berriro,”first things first” esan digu hizkuntzaren soziologo handiak. Lekuan lekuko egoera hotz-hotzean aztertzeko (Urrestillakoa, Aietekoa, Aguraingoa, Etxarri-Aranazkoa, Durangokoa)... eta egoera bakoitzari dagokion konponbide egingarri hoberena ematen saiatzeko. Egia dela beste mila gauza ere ondo etorriko litzaizkigukeela euskaldunoi, baina premiazkoenetik abiatzeko: gerokoak gero.
  • b) Etxeko giroan, lagunartean, auzo hurbilean eta eguneroko kale-bizitzan euskaraz jarduteak, eta jarduteko aukera zabalak izateak, lehenengo-lehenengo kezkabidea izan behar duela guretzat. Hori gabeko gramatika-batzordeak, bertso-saioak, telebista-emanaldiak eta kajero automatikoak alferrik ditugula: berez bezala eroriko direla lorpen horiek, goian esandako oinarri hori ahuldu eta gesaldu ahala. Euskal arnasguneei eustea, eta gure euskal herriak zabaltzea, lehentasun osoko eginkizuna dutela (dugula) HINBEzale guztiok.
  • c) Euskaldunok euskaldunokin euskaraz jardutea (ohiko jardungune arrunt guztietan bederen), funtsezkoa dela horretarako: hori dela berak gomendatzen digun intragroup diglossia. Konpartimentazio soziokulturala, euskal eta erdal esferen arteko muga-hesi soziokulturalak eratu eta indarrean mantentzea, arras premiazkoak direla horretarako: without sociocultural separation, without the most stubborn (egoskor) maintenance of voluntary boundaries between Xmen and Ymen and between Xishness and Yishness the future of Xish (gurean: euskara) is problematic. Hau ez dago itzuli beharrik, ala?
  • d) HINBE delakoak, hankaz gora joango ez bada, oso ondo asmatu behar du hanka non jarri. Zertan apoiatu litekeen, ipurdiz gora joan gabe. Geuregan, geure buruan, euskaltzaleon ahalmen benetakoan (euskalgintzari dedikatu ahal izango diogun denboran, diruan eta interes-gogoan) oinarritu behar dugu hasieran euskaltzaleok, kanpotik (goitik edo inondik) etorriko zaigun laguntzaren zain egon gabe. Euskaraz bizi diren euskaldunak izan behar ditugu, batez ere, begien aurrean. Bereziki, auzo-herriska-herri(-hiri?)etan elkarren ondoan eta euskal giro jatorrean bizi diren euskaldunak. Haien gogoak eta beharrak, ahalmenak eta nahiak aintzakotzat hartuz eratu behar da HINBE-saioa (gurean: euskalgintza edo euskara indarberritzeko saioa).

    Egungo eguneko bizimoldearen zenbait osagai sakonetik, eta luze-zabalean aldatzea (plangintza zuhurraz aldatzea) eskatzen du HINBEk. Nork egin dezake hainbateko bestelakotzerik? Fishman ez da, horretan ere, optimista itsua. Bere hitzetan esanik, oraingo bizimolde soziokulturala beren eskuetan dutenek nekez interes biziena agertuko dute aldaketa hori egiteko. Euskaldunok eta euskaltzaleok geure gain hartu beharko dugu eginkizun hori, eta zuhurki, geuregandik hurbilen dauden interakzio-esparruak kontuan hartuz eta lehenetsiz, saiatu beharko dugu euskarazko bizibideari oinarriak sendotzen eta leiho berriak zabaltzen.

  • e) Euskal Herriak galdua du hein handi batean (leku batzuetan aspaldi; besteetan joan den mendean; zenbaitetan orain bertan, geure begien aurrean) euskara gurasoengandik seme-alabengana, hizkuntza osasuntsu guztiek egin ohi duten moduan, transmititzeko ahalmena. Kontrola galdua du, beraz, hainbat eta hainbat lekutan. Eta horra: munduko HINBE-saio gehienak galera hori gertatzen ari den lekuetan, edota gertatu ondoren, sortu eta indartu ohi dira normalean (oso bestelakoa da, alde horretatik, Québec-eko egoera). Dislokazio soziokultural gogorra jasan du Euskal Herriak, HINBE horiek indartu eta zabaldu diren beste gizarte askok bezala. Gurean ez du balio, hortaz, “Québec-en hau, hori edo hura egiten dute eta guk zergatik ez?” deitoratzen jardutea. Horra Fishmanen gomendioa, gurea bezalako egoeretarako:

    “for those RLS-efforts that correspond to seriously dislocated language-in-culture realities (earmarked above all by the demographic scattering or thinning out -rather than merely the numerical diminution- of the remaining Xish speakers), nothing can substitute for the rebuilding of society at the level of pockets of basic, everyday, informal life. This is among the hardest language planning goals to accomplish, and for several reasons. First of all, it requires the detachment or withdrawal of pro-RLSers from the ongoing social life dominated by Yish and, in its stead, the stablishment of emotionally, attitudinally, ideologically and overtly independent counterpart networks operating via Xish. Secondly, the informality and spontaneity of everyday life does not lend itself to excesive planning".

    Eten-urratze zakarra jaso duela euskal bilguma etnokulturalak, euskaraz bizi garenok (ez, ezinbestean, euskaraz omen dakigunok) gero eta gutxiago garela erdaldunen (erdaraz bizi direnen) proportzioan, gero eta sakabanatuago bizi garela erdal itsasoan,... eta hondamenezko egoera horretara iritsi diren hiztun-herriekin ez dagoela atarramentu onik. Azpi-azpitik hasi behar dugula, goiko puntatik baino areago, etxea berregiten. Eguneroko bizigiro arrunta berreskuratu behar dugula ezer baino lehen, eta oso lan zaila da hori. Eguneroko gizarte-molde berriaren nondik norakoa alde batera utzi eta geure bidexidorra, euskarazko harreman-bideak eta arnasguneak eratu (edo, bizirik dauden heinean, indartu) behar ditugula ahaleginean.

Arrazoi al du Fishmanek? Hain goibel al dugu panorama? Zuek duzue hitza. Bere diagnostikoa arras okerra ez bada, nolanahi ere, horixe da gure geroa: Azpeitia eta Urolalde asko bagenitu, oso beste egoeran geundeke: Québec-ekotik hurbilago. Baina ez ditugu. Euskaldun-jendea (kopuruz minorian izateaz gainera: %20 inguru?) sakabanaturik (scattered) eta arin-arin banaturik dago han-hemen, erdaldunak kopuruz eta soziokulturaz nagusi diren ingurumenetan (Aiete modukoetan, zer esanik ez Donostian eta antzekoetan). Jende horri euskal ingurumena, euskarazko arnasgunea eskaintzea (Urrestillakoen parera inola ere iritsiko ez den arren) omen da garrantzitsuena. Oso lan zaila (garbi esaten du zergatik), baina funtsezkoa.

HINBE-saioen panorama soziolinguistikoa, hemen eta mundu zabalean, bere indarrik onenak burruka-leku okerrean gastatutako esperientziez estalia omen dago. Guk ere hala bukatuko ez badugu, on omen genuke gure saio osoaren grabitate-zentrua BAEN eskalaren 6., 5. eta 4. (bereziki 4.aren) mailetan ezartzea. Dotoreago eta erakargarriago, modernoago ere bai, omen da eskalaren 1., 2. eta 3. mailetan jardutea. Baina, gaitza barrurago sartua daukagunez, maila horietako euskalgintzak ezer gutxi egin omen dezake, berez, sakonago atxurtu gabe.

BAEN eskalaren 8 mailetan lan egitea egokia da berez, jakina: horren kontra ez dauka Fishmanek ezer. Gauza bat izan behar omen dugu ordea, gogoan, maila jakin bateko euskalgintzari ekiterakoan:

  • f1) saio honek (batez ere 4. mailatik azaleragoko, dotoreagoko, faseetan) zenbateraino lagunduko digun hurrengo belaunaldiak euskaraz egin dezan (ez, eskolan bezala, gutxi-asko ikas dezan eta erdaraz jardun dezan)?
  • f2) Saioa egiten dugunetik zenbat denborara agertuko den ondorio hori?
  • f3) nola neurtu, konprobatu edo zehaztuko dugu mesedegarrizko kontribuzio hori?

Bistan da intergenerational mother tongue transmission eta language maintenance ez direla gauza bera. Lehenengoa gabe ez dago bigarrenik, ordea. Hor dago muina.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua da)

  • erabili.com-ek eta Azpeitiko Euskara Patronatuak bere esker ona adierazi nahi diete bai Mikel Zalbideri eta baita HIZNET Hizkutza Plangintza Ikastaroaren arduradunei ere, idazlan hau argitaratzeko baimena eta eskatutako laguntza guztia eman izanagatik.
  • Orain arte argitaratutako atal guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Oin-oharrak:

(2) Aipamenik badago, halere, egon. Ez ordea, nik dakidala, gurea bezalako ingurumen modernizatuei buruzkoetan.

(3) Berez, 2001eko.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus