Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara bultzatzeko erantzukizuna eta enpresak

Euskara bultzatzeko erantzukizuna eta enpresak

2004-05-20 / 07:05 / J. Inazio Marko Juanikorena   ENPRESA

Azken 50 urteotan enpresa ereduaren aldaketa berebizikoa izan da. Azken urteotan, eredu aldaketa horren haritik, Erakundeen Gizarte Erantzukizunaren printzipioa eta kontzeptua garatu da: enpresak erantzukizuna du kokatuta dagoen gizartearen garapenean. Hain zuzen ere, printzipio hori makulu ezin hobea dugu Euskal Herriko enpresetara hedatu beharreko euskararen normalizazio prozesuarentzat.

Bilakaera dinamikoa euskal gizartean

Bilakaera dinamikoa euskal gizartean

Europako mendebaldean, Frantzia eta Espaina estatuen artean, bada konstrukto historiko-kultural bat Euskal Herria deritzana. Errealitate sozio-kultural horrek badu bere hizkuntza propioa, euskara, eta berau da –beste edozein hizkuntza bere berezko komunitatean den bezalaxe– konstrukto historiko-kultural horren identitatea ardazten duen elementu esanguratsuenetakoa.

Euskarak, jakina denez, ez du historikoki estatu-egitura batek ahalbideratzen dituen botere-espazioetan eta egituretan garatzeko aukerarik izan eta alboko estatu-hizkuntzen ahalmenen presiopean minorizazio prozesu bat jasan behar izan du.

Minorizazio prozesu horren aurrean, agerikoa izan da euskararen aldeko herritarren atxikimenduaren indarra. Euskara gizartean txertaturiko balio sinboliko eta praktiko gisa garatzen joan da eta horren ondorio izan dira azken hamarkadetan euskal gizartearen maila sistemiko ezberdinetan euskararen normalizazioren alde egin diren aldarrikapenak eta gauzatu diren ekintzak eta programak.

Perspektiba diakronikoa erabilita, bilakaera kualitatiboa ikus dezakegu euskararen normalizaziorako ekintza horretan. Horrela, eta frankismoaren krak sozialaren ostean, hasiera batean identitatearen zantzu oinarrizkoenak berreskuratzearen alde, folklorea eta kultur ekintzak sustatzea izan zen, ondoren irakaskuntzarekin lotuta ikastolak eta alfabetatzea, aldarrikapen sozialerako gizarte-kanpainak ostean, jarraian eta instituzio berrien sorrerarekin administrazioaren esku-hartzea, geroago metodoetan hobetzea formazio teknikoaren bitartez eta plangintzetan sakontzea eta, azken hamarkadan, organizazioetan eta enpresetan normalizazio planak egikaritzea.

Horrela, bada gaur egun errealitate espezifiko bat organizazioen esparruan non, azken hamarkadan izandako eboluzioaren harian, gero eta gehiago diren aplikatzen ari diren normalizaziorako interbentzioak. Horren guztiaren ondorioz, organizazioen esparruaren errealitate sozialean hizkuntzaren eraldaketaren praktikarako eta ikerketarako dimentsio propioa duen masa kritikoa osatu dela esan genezake.


Euskararen garapenerako interbentzioak organizazioetan, zergatik?

Gure komunikazioan, euskara-organizazioak aipatu errealitate horren aspektu zehatz bat aztertu nahi dugu: enpresa eta organizazioetan euskararen garapenerako ekimenak abiatzea bultzatzen duten zergatiekin edo argumentuekin zerikusia duena, alegia. Horretarako, ondoko galdera hauetatik abiatuko gara:

Zergatik ekin behar diote enpresek edo organizazioek hizkuntza normalizazio prozesuari? Zerk bultzatuta? Zeintzuk dira arrazoiak edo argudioak?

Gaia aztertzeko, orain arte galdera hauei eman zaizkien erantzunak jasotzen ahalegindu gara eta, ondoren, erantzun horiek sailkatu egin ditugu. Komunikazio honen eranskinean ageri dira jaso ditugun argumentuak eta bibliografia iturriak.

Bildu dugun dokumentazioaren arabera, bat baino gehiago izan dira gai honen inguruan argumentuak planteatu dituzten sektoreak. Sailkapenari begira bost hauek bereizi ditugu:

  • Eusko Jaurlaritza,
  • Hizkuntza Teknikariak eta Aholkularitzak,
  • Direktiboak eta Enpresariak,
  • Langileak eta Sindikatuak, eta,
  • Kooperatibak.

Argumentu horien enfokea, bestalde, era askotakoa izan da. Badira soziolinguistikari zuzendutako enfokearen araberako argudioak, enpresaren kudeaketaren kalitatera zuzendutakoak eta beste hainbat. Sailkapenari begira, bost enfoke nagusi bereizi ditugu beste zortzi azpienfokerekin batera, guztira hamar:

  1. Euskara. Ikuspegi soziolinguistikoa, euskararen bilakaera.
  2. Nahikundea. Eragile ezberdinen nahia.
  3. Langilea.
    • 3.1 Eskubideak/Garapena. Langilearen eskubideak eta haren garapena.
    • 3.2 Lan harremanak. Laneko harremanetan komunikazioa.
    • 3.3 Kohesioa/Identifikazioa. Kohesio soziala enpresan eta langilearen identifikatzea enpresarekin.
  4. Enpresa.
    • 4.1 Kalitatea/Balio erantsia. Kalitatearen kontzeptuak eta euskararen balio erantsia.
    • 4.2 Enpresaren irudia. Irudia eta marka positiboak hemen eta kanpoan.
  5. Gizartea.
    • 5.1 Komunitatea/Harmonizazioa. Euskal gizartean izan den bilakaera eta enpresak gizartearekin harmonizatzeko duen premia.
    • 5.2 Erantzukizuna. Enpresako eragile ezberdinek eta enpresak berak duten erantzukizuna.
    • 5.3 Legea. Legeak ezartzen duena.

Bi irizpide horiek erabilita –sektoreak eta enfokeak– sailkatu egin ditugu dokumentazioan bildutako argumentuak, ondoko koadroetan laburtuta ikus daitekeen moduan.

1.Enfokea: Euskara
E. J. Euskal hiztunen pisua gazteen artean gero eta handiagoa izango da. Euskara gero eta gehiago jakin eta erabiliko duten bezero, langile, zuzendari, sindikalistak ... egongo dira.
Teknikariak Beste esparruetan egindako lan guztia zalantzan jar dezake lan-munduak.
Enpresariak Langile portzentaje handi bat euskalduna izatea.
Langileak Langile gazte berrien euskara-maila dezentekoa.
Euskararen presentzia gizarte alor guztietara hedatzea baldin bada helburua, ezinbestekoa zaigu lan-mundua euskalduntze prozesuan sartzea.
Euskara gizarte mailan aurrera egiten ari da nabarmen. Lan-munduan ere progresio positiboa gertatzen ari da.
Kooperat. Enpresa munduak euskalduntze prozesuaren botila-lepoarena egiten du gaur egun.

2.Enfokea: Nahikundea.
E. J.
Teknikariak Beharra eta nahia entitatean bertan.
Enpresariak Enpresa modernoa eta euskaraz funtzionatuko duena nahi izatea.
Langileak Langileen nahia.
Kooperat. Belaunaldi berrien nahikunde linguistikoak. Belaunaldi berrietako zati handi bat euskaraz lan egiteko motibatuta dago.

3.1Enfokea: Langileak. Eskubideak eta garapena.
E. J.
Teknikariak Normalizazio planarekin langileek euskaraz bizi eta lan egin dezakete.
Enpresariak Langile edo pertsonal politika egokia lortzea enpresaren onerako da. Horretan kokatu behar da euskaraz lan egiteko eskubidea.
Langileak Euskaldunari euskaraz aritzeko eskubidea eta aukera bermatzea.
Erdaldunari euskalduntzeko eta euskal gizartean integratzeko eskubidea eta aukera eskaintzea.
Kooperat. Ekimen kooperatiboaren helburua pertsonaren garapen osoa lortzean datza, horretan garapen linguistikoa sartzen da.

3.2 Enfokea: Langileak. Lan-harremanak.
E. J. Partaideen komunikazioa eta harremanak errazago bihurtzea.
Lan harremanak gizatarrago egon eta ondorioz produktibitatea sustatzea.
Teknikariak
Enpresariak Euskara tresna eraginkorra da langileak eta ingurunea gogobetetzeko komunikazioan.
Euskara planak beste komunikazio aukera bat zabaltzen du, barne harremanetan, bezeroekin eta hornitzaileekin. Aukerak zabaltzea esan nahi du.
Langileak
Kooperat.

3.3Enfokea: Langileak. Kohesioa eta Identifikazioa.
E. J. Langileen asmoak enpresaren eginkizunetan txertatzea onuragarria da.
Enpresarekin langileen identifikazío handiagoa. Lantoki horretan konpaktazio soziala. Ondorioz, euskara-planak lanerako motibazio-tresna bihur daitezke.
Teknikariak Enpresaren barne-kohesiorako eta gizartearen konpaktazio sozialerako bidea da.
Enpresariak Langileak gogobetetzeko eta motibatzeko ere eraginkorra da euskara erabiltzea enpresan eguneroko eta ohiko harremanetan, zuzendaritza-taldeko pertsonak eta langileak elkarrengana hurbildu egiten baitu.
Langileen integrazioa Lantegi Proiektuan.
Langileek enpresarekiko duten identifikazio-maila handitu.
Langileak Euskara kohesio sozialerako faktore inportantea ere bada.
Kooperat. Langileen motibazio-iturri osagarria. Kooperatibak indartsu direneko eskualdeetan, euskararen aldeko motibazioa bereziki bizia da. Honek guztiak euskara lanerako motibazio-iturri bihurtzen du. Aukera hori langileentzat zabaltzea, aukera da enpresarentzat.

4.1Enfokea: Enpresa. Kalitatea eta Balio erantsia.
E. J. Euskara balio erantsia da enpresan.
Euskarazko zerbitzua eta produktuak eskaintzen dituzten enpresak kalitate handiagoa eskaintzen ari dira. Bere zerbitzu eta produktuek balio erantsia dute eta horrek, beraz, lehiakideen aurrean abantailan jartzen ditu.
Etorkizunean lehiakorragoak izateko funtsezkoa izango da.
Teknikariak Euskara erabiltzeak balio erantsia du: baldintza beretan gehiago eskaintzen da eta enpresako prestigioan eragina du.
Bezeroak hobeto zerbitzatzeko aukera ematen du.
Horiek guztiak bete-betean datoz bat gaur egun Erabateko Kalitatearen edo Bikaintasunaren kudeaketa estrategian aldarrikatzen diren helburuekin.
Enpresariak Kalitatea ulertzeko dugun erak lau alderdi hauek hartzen ditu kontuan: Bezeroak, Langileak, Ingurunea eta Enpresa gogobetetzea.
Euskara komunikazio-tresnatzat jo eta erabiltzea da Hobekuntza-prozesuaren gakoetako bat, erabilera horrek hitzak eta esanahiak gerturatuko dituelako. Kalitateak eta euskarak ezinbestez, lotuta joan behar dute enpresa euskaldunean.
Kalitateak enpresa-proiektua osatzen duten pertsona guztien gogobetetzea eta ingurunearekiko errespetua eta harmonia esan nahi du.
Langileak
Kooperat.

4.2Enfokea: Enpresa. Irudia.
E. J. Erronkei erantzuteko gaitasuna dutenak izango dira. Proiektu berritzaileei ekiteko gai den enpresa dinamikoaren irudia.
Euskara, enpresaren irudia eta marka. Marketing-argumentutzat erabil dezake euskal merkataritza eta industriak. Enpresaren jatorria adierazteko marka edo labela.
Teknikariak Erronkei erantzuteko, berrikuntzak egiteko eta enpresa dinamikoaren itxura emateko. Euskararen erabilera kalitate eta profesionaltasunaren seinale da.
Enpresa lehiakorraren irudia indartzen laguntzen du.
Aldaketetarako gaitasuna garatzen laguntzen du.
Kanpoko merkatuetan kalitatearen ikur gisa erabil liteke.
Enpresariak Merkatu globalean bereizketa-faktorea behar da. Etiketa hori euskara izango da.
Enpresak proiektu aurrerakoiei aurre egiteko duen gaitasuna azaltzen du.
Langileak
Kooperat. Kooperatiben irudi sustraitua. Gai hau marketing arrazoietatik askoz harago doa, baina irudi aldetik ere aukera izan liteke kooperatibentzat.

5.1Enfokea: Gizartea. Komunitatea eta Harmonizazioa
E. J. Enpresa lekuan lekuari egokitzea.
Gizarte osoaren integrazio-ahalmena aberastea.
Gizartean euskarak duen estimua enpresa mailan kontuan hartzea enpresarentzat mesedegarri.
Jarduera sozioekonomikoa gizarte jakin batean kokatuta dago eta halbeharrez, gizarte horretako norbanakoen kezka eta nahaiak bertan islatzen dira.
Enpresen erronka: euskal gizartearen dinamika horretan partaide eta eragile izatea.
Teknikariak Gizartean gertatzen ari den euskararen normalizazio prozesura egokitzea.
Enpresa kokatuta dagoen gizartean hobeto txerta daiteke.
Eleaniztasunak gero eta indar handiagoa du eta horretara moldatu behar dugu.
Enpresariak Egungo erronkei aurre egiteak pertsonekiko eta enpresak bere jarduera burutzen duen ingurunearen eskariekiko sentikortasun handiagoan oinarritutako kultura sendotzea eskatzen du.
Enpresan gertatzen dena gizartearen isla da.
Langileak Gizartearen euskararekiko atxikimendua.
Langileok uste dugu euskararekin gizartean gertatzen ari den aurreratze hori enpresan ere erreflejatu beharko litzatekeela.
Enpresaren interesa da gizartearekin batera eboluzionatzea eta bere interes ekonomikoak eta gizartearenak harmonizatzea.
Kooperat. Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren muinean integrazio bat dago: logika ekonomikoaren eta helburu sozialen arteko integrazioa.
Izan ere, “hazkunde ekonomikoa zertarako?” da sakonean dagoen galdera nagusia. Hazkunde ekonomikoak zentzua izan dezake baldin eta arlo pertsonala eta komunitarioa, soziala eta kulturala orekan garatzeko aukera ematen badu.
Kooperatibismoaren berezko ezaugarrietako bat izan da bere sustraitzea. Horretarako bideetako bat toki bakoitzeko hizkuntza-ekologia zaintzea eta hizkuntza garapena bultzatzea da.

5.2Enfokea: Gizartea. Erantzukizuna.
E. J.
Teknikariak
Enpresariak Hizkuntzarekiko begirunea eta languneetan euskararen erabilera sustatzea enpresak aztertu eta integratu behar dituen alderdiak dira.
Hizkuntz normalizazioren aldeko apustua egin behar dugu laneko harremanetan ere gure gertuko ingurunearen helburuei ekarpenak egiteko.
Aberastasuna sortzen duten enpresa eta enpresariek badute, bestelako rol eta betebeharrik oreka sozialean.
Enpresa ez dago gizartearen egituretatik kanpo. Ondorioz, ezin da gizartearen gehiengoak euskararen alde bultzatu duen mugimendutik at gelditu. Aitzindari eta eragile aktiboa izan behar du hizkuntzaren normalizazioan. Hori ere kalitatea da.
Langileak Langileok uste dugu euskararen normalizazioaren alde egitea lan-munduko eragileon ardura ere badela.
Langileon euskararekiko ardura eta konpromisoa.
Sindikatuok ere gizarte eragile bezala, eta lan merkatuan zuzenean parte hartzen dugun heinean, geure erantzunkizuna aitortzen dugu.
Kooperat. Erantzukizun handia du kooperatibismoak euskararen normalizazio prozesuan.
9 Kooperatiben printzipio nagusi eta arautegietan ere izan du bere isla euskararekiko konpromisoak.
9 Gaur egun, inguruko pertsona eta gizartearekin konpromisoa izateak bere hizkuntza-garapena errespetatu eta bultzatzea ere esan nahi du.
9 Kooperatiben ekina berebizikoa da euskararentzat. Une berezi honetan, kooperatibek berebiziko zeregina joka dezakete. Euskal Herriko enpresen artean, MCCn biltzen diren kooperatibak izan daitezke euskararen garapeneko aro berri honen aitzindari. Eta izan ere hala dira une honetan, datuei begiratuta.

5.3Enfokea: Gizartea. Legea.
E. J.
Teknikariak
Enpresariak
Langileak Euskara Euskal Herriko bertako eta berariazko hizkuntza izateaz gain, EAEn ofiziala ere bada.
Kooperat.

Ikuspegi soziolinguistikoari enfokatutako argumentuak, langilearen enpresarekiko identifikazioarekin lotutakoak eta enpresa gizarteari egokitu beharrekoak sektore guztietan topatu ditugu. Legearen aipamena, berriz, langileenean bakarrik. Lan harremanetan komunikazioari buruzko argumentuak ere bi sektoretan bakarrik ageri dira: Jaurlaritzarenean eta enpresarenean.

Azpimarratzekoa da argumentu mota gehien enpresaren sektoreko testuetan aurkitu ditugula, guztira bederatzi enfokerekin lotutakoak. Azpimarratzekoa da halaber, gizartearen aurrean erantzukizuna hartzearekin eta langileen eskubideak jasotzearekin lotutako argumentuak enpresekin zuzenean lotuta dauden sektoreetan agertzen direla: erantzukizunaz dihardute langileek, enpresariek eta kooperatibek (azken bi hauek indar handiz) eta langileen hizkuntza eskubideei buruzko aipamenak ageri dira langileen eta enpresarien testuetan.

Kontuan hartzekoa da, bestalde, gizartearen garapenarekin harmonizatzearekin eta erantzukizunarekin zerikusia duten enfokeetan bildu den argumentu kopurua. Dokumentuetan jasotako argumentu guztien %42k bi enfoke hauekin dute zer ikusia. Horienn ostean, argumentazio gehien jaso dituzten enfokeak, enpresaren irudiarekin eta kalitatearekin zerikusia dutenak dira.

Bilakaera dinamikoa enpresan

Gizartean aldaketak izan diren bezalaxe, organizazioen munduan eta enpresan ere aldaketa nabarmenak gertatu dira, enpresa bera, bere gestioa eta bere funtzioa ulertzeko moduari dagokionean.

Duela 50 urte enpresa ereduaren ezaugarri nagusienetakoak honako hauek baldin baziren: egitura zurruna, Taylorismoaren printzipioen araberako produkzioaren kudeaketa, langileen kualifikazio eskasa eta planteamendu autoritarioetan oinarritutako lan-harremanak (Heras, 2001: 62); ikuspegi hori aldatu egin da eta gaur egun kalitatezko enpresaren paradigma berria kalitatearen kulturan eta bikaintasunaren parametroetan oinarritutako organizazioa da, honako printzipioetan oinarritzen dena: emaitzei begira jardutea, bezeroei begira jardutea, lidertza eta helburuekiko jarraikortasuna, prozesu eta ekintza bidezko kudeaketa, pertsonen garapena eta inplikazioa, etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza, aliantzen garapena eta gizarte erantzukizuna (Euskalit).

Paradigma-aldaketa horren haritik, azken urteotan Erakundeen Gizarte Erantzukizunaren printzipioa eta kontzeptua garatu dira. Enpresa jada ez da pertsonen gainetik eta gizartetik at dagoen produkzio-gune hutsa; aitzitik, gaurko pentsamoldean eta diskurtsoan, enpresaren egungo erronketariko bat da pertsonekiko eta bere jarduera burutzen duen ingurunearen eskaerekiko sentikortasun handiagoan oinarritutako kultura sendotzea (Errazti, 1998). Paradigma honek esaten digu enpresak kokatuta dagoen gizartearen garapenarekiko erantzukizuna duela, eta gainera, horretaz jabetzea klabea izan daitekeela enpresaren arrakastarako (Iberdrola, 2002).

Eta filosofia honek horrenbesteraino du garrantzia ezen kalitatearen hobekuntzarako arloan Europa mailan erreferente nagusia den Bikaintasunaren EFQM Ereduaren zimentarria osatzen duten oinarrizko kontzeptuen artean Erantzukizun Sozialarena ere badagoela. EFQM ereduak autoebaluaketarako bereizten dituen bederatzi irizpideen artean, zortzigarrenak emaitzak gizartean neurtzen ditu; hau da, irizpide nagusien artean bat dago jarria espezifikoki gizartearekiko erantzukizuna neurtzeko. Horretaz gain, beste irizpideetan ere erantzukizunaren gaia jasotzen du eredu honek, zeharkako ardatz tematikoa osatuz.


Erakundeen Gizarte Erantzukizuna

Erakundeen Gizarte Erantzukizunaren gaia asko garatu da denbora gutxian eta filosofia izatetik enpresen eguneroko gestioan aplikatzekoa den eta dimentsio propioa duen sistema osatua eta osoa izatera iritsi da. Sistema horretan aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste: filosofia eta diskurtsoa, instituzioen gomendioak eta irizpideak, ereduak, puntako enpresen praktika bikainak edota zertifikazio sistemak. Azter dezagun poliki.


EGEren filosofia eta esanahia

Enpresen Gizarte Erantzukizuna (EGE), enpresek bere interlokutoreekiko harremanetan eta jarduera komertzialetan gizarte eta ingurugiro alorreko ardurak txertatzea da (EB, 2001). CSRk (Corporate Social Responsability) dioenaren arabera, enpresek bi erantzukizun mota dituzte: bata komertziala, arrakasta edukitzea negozioetan, eta bestea soziala, komunitatean eta gizartean bete beharreko funtzioarekin zerikusia duena (Novia Salcedo, d.g).

Honek zera adierazi nahi du: enpresek bere interes-taldeen (stakeholders: inbertsoreak, langileak, bezeroak, hornitzaileak, tokiko komunitatea, administrazioa, gizartea ...) aurrean erantzukizuna dutela bere jarduerak lan arloan, gizartearen arloan eta ingurugiroaren arloan sortzen dituen inpaktoei dagokionean. Erantzukizunez jarduteak interes-talde ezberdin horien espektatibak kontuan hartzea eskatzen du. Eta ez ikuspuntu etiko hutsarengatik, ulertzen baita stakeholders ezberdinen demandak ongi artikulatzeak ondorio positiboak dituela enpresaren emaitza ekonomikoetan. Hau da, stakeholders ezberdinentzat balioa sortzearen ondorioa izango da akzionistengan eta gizartean ere balio erantsiak sortzea (ECORES, 2003).

Erantzukizun sozialaren filosofiaren helburua erantzukizun hori modu estrategikoan kudeatzea eta horretarako tresnak euskaratzea da. Horrek esan nahi du enpresaren gestioan gizarte erantzukizunerako kriterioak txertatzeak dakarrela arlo ekonomikoan, sozialean eta ingurugiroarenean gestio sistemak eta politikak formalizatzea; arlo horietan lortutako emaitzen gardentasun informatiboa eskaintzea; eta, kanpoko azterketak ahalbideratzea. Hau da, balantze hirukoitza deitu izan dena.

Erakundeen erantzukizun sozialaren baitan bi dimentsio bereizi izan dira: barruko dimentsioa eta kanpoko dimentsioa (xertatu.net).

Barruko EGEan, enpresaren barrua jorratzen da gizarte interesaren ikuspegitik, eta jorratze hori ez da enpresaren errentagarritasunera mugatzen. Horrenbestez, estu lotuta dago enpresa kudeaketaren funtsezko alderdietara (adibidez, giza baliabideak, laneko osasuna zein segurtasuna, langileen heziketa nahiz partaidetza, kalitatearen kudeaketa edo ingurumenaren kudeaketa).

Kanpoko EGEan, enpresak kanpoko interlokutore eta inguru sozialarekin zein ingurumenarekin dituen harremanak aztertzen dira: komunitatea, kontsumitzaileak, ente publikoak nahiz gobernuz kanpoko erakundeak, merkataritzako kideak, hornitzaileak ...)


EGEren sustapen instituzionala

Gizarte Erantzukizunaren filosofiak hainbat eta hainbat instituzio publiko zein pribaturen sostengua eta sustapena jaso du. Nazioarteko erakunde garrantzitsuenen artean dauden hainbat EGEren aldeko aldarrikapena eta zabalkunde lana egiten ari dira. Horietako batzuk aipatzearren:

  • Nazio Batuen Erakundea: Global Compact

    1999ean Kofi Annanek Munduko Foro Ekonomikoan dei bat egin zien enpresei bederatzi printzipio unibertsal beregana zitzaten, giza eskubideen, laneko arauen eta ingurugiroaren arloetan. 2000. urtean jarri zen ofizialki indarrean, eta gaur egun ehunka enpresa ari da bertan parte hartzen.

  • OCDE: Enpresa Multinazionaletarako Gida-lerroak

    Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundea osatzen duten 33 gobernuk, enpresa multinazionalei zuzendutako ingurugiro eta gizarte alorreko gomendioak adostu zituzten 2000. urtean (1976an egindakoaren errebisioa).

  • Europako Batzordea: Liburu Berdea

    2000. urteko Lisboako bilkuran Europako Batasunak ondoko helburu estrategiko hau –«ezagutzan oinarritutako ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena izatea mundu osoan, hazkunde ekonomiko iraunkorra izateko, enplegu hobeak sortzeko eta gizarte kohesio handiago edukitzeko»– ezartzearekin batera, enpresen erantzukizun soziala aldarrikatu zuen. (Benbeniste, 2002). Horren ostean, EGEren sustapenerako prozesua abiatzea erabaki eta 2001ean Liburu Berdea argitaratu zen.

  • CSR Europe

    Corporate Social Responsability (CSR) 1995ean Europa mailan sortutako enpresa-sarea da. Bere eginkizuna enpresei laguntza ematea da, errentagarritasuna, garapen jasangarria eta gizarte garapena lortzeko, negozioaren praktikan EGEa integratuz.

  • GRI Global Reporting Initiative

    1997an Nazio Batuen Ingurugirorako Programatik sustatuta, 2002. urtean nazioarteko erakunde independiente bihurtu zen. Bere egituran interesa duten talde ezberdinek hartzen dute parte: enpresak, nazioarteko erakundeak, gizarte zibileko erakundeak, enpresa elkarteak... Bere helburu nagusia jasangarritasunari buruzko korporazio-txostenak garatzea da (ingurugiroari, gizarteari eta ekonomiari lotutako alderdiak kontuan hartuta). Horretarako, Jasangarritasun Memoriak Prestatzeko Irizpideak prestatzen eta zabaltzen ditu, estandar eta eredu metodologiko gisa.


Ereduak eta zertifikazioak

Erantzukizun sozialaren alorrean eredu batzuk, estandarrak edota zertifikazioak sortu dira, instituzioek ezarritako printzipioak hartu eta berauek egikaritzeko eta ebaluatzeko hainbat prozedimendu antolatu dituztenak. Horien artean aipagarrienetakoak dira:

  • SA 8000: Estatu Batuetako SAI (Social Accountability International) Gobernuz kanpoko Erakundeak garatutakoa. ISOren printzipioetan oinarritzen da.
  • AA1000: Accountability institutu britaniarrak sortutakoa. EGEri buruzko informazioaren kalitatea eta sinesgarritasuna bermatzeko estandarra izan nahi du.
  • SGE 21: Espainiako Foretica erakunde autonomoak lantzen duena enpresetako kudeaketa etikoa sustatzeko eta ebaluatzeko.
  • ISO 14000: ISO erakundeak sortutako estandarra enpresetan ingurugiroaren alorreko inpaktoak eta arazoak kudeatzeko eta ebaluatzeko.
  • GRI Gida: Gorago esan bezala, enpresen iraunkortasun memoriak osatzeko irizpideak eskaintzen dituen manuala edo gida da, sistematizaziorako adierazle-sistema oso bat eskaintzen duena.


Enpresa arduratsuen adibideak

Gure ingurune hurbilean badira gizarte erantzukizunaren gaia bereganatu eta landu dutenak, memorien bitartez edota zertifikazioren bat eskuratuta. Batzuk aipatzeagatik:

  • Iberdrola: Urteko Gizarte Memoria egiten du GRIren eredua jarraituz.
  • Inditex (Zara): Iraukonrtasun Txostena argitaratzen du GRIren eredua jarraituz.
  • Renfe: Ingurugiro Memoria argitaratzen du GRIren eredua jarraituz.
  • Telefonica: Erantzukizunaren Memoria argitaratzen du GRI eredua jarraituz.
  • CSH: Urteko Gizarte Memoria egiten du GRIren eredua jarraituz.
  • Microdeco: Erantzukizun sozialaren arloan EFQMren saria.
  • MCC: Web orrian erantzukizuna jasotzen du bere oinarrizko baloreen artean.
  • Panda: Web orrian erantzukizunaren aldeko aldarria eta egiten duenari buruzko informazioa.
  • Eroski: SA 8000 arauaren ziurtagiria eskuratu du.

Hona hemen Iberdrolaren memoriatik ateratako bi paragrafo, EGEri buruzko bere kontzeptzioa adierazten dutenak:

«El compromiso de IBERDROLA con el desarrollo de las sociedades en las que se integra es clave para construir la relación de confianza que requiere su éxito empresarial. IBERDROLA está convencida de que considerar las expectativas de sus interlocutores habituales en sus decisiones de negocio le permite construir factores competitivos diferenciales».

«Con respecto a la Sociedad, IBERDROLA tradicionalmente ha participado en el desarrollo social y cultural de las comunidades en las que está presente, estando en marcha el proceso de alinear su marco global de actuación con los esquemas más avanzados de Responsabilidad Social, con el objetivo de incorporar este concepto a su estrategia de creación de valor».

Euskal Herrian Gizarte Erantzukizunaren kontzeptua ez da oraindik gehiegi gizarteratu. Gai honen sustapenean, enpresek egiten dutenaz gain -eta hor kooperatiben mugimenduaren garrantzia azpimarratu behar da-, bi erakunde nabarmendu dira: Novia Salcedo Fundazioa batetik eta Bizkaiko Foru Aldundia bestetik; Deutuko Unibertsitatea ere ari da gaia lantzen ikerketa talde baten bitartez. Hiru horiek, Bilbok Merkataritza Ganbararekin batera, Bizkaiko enpresen erantzukizun sozialari buruzko internet ataria sortu dute (www.xertatu.net), gai honen gaineko informazio ugari eskaintzen duena.

Euskara erakundeen erantzukizun sozialean

Aurreko bi ataletan aztertu dugu, lehenik, gizartean izan den bilakaeraren ondorioz euskararen normalizazioari planteatzen zaizkion esparru berriak eta horien zergatiak, eta, bigarrenik, enpresaren arloan izan den bilakaeraren ondorioz egun enpresari planteatzen zaizkion paradigma eta erantzukizun berriak. Bi linea horiek konbergenteak dira gurea bezalako errealitate sozialetan. Normalizazio prozesuan diren berezko hizkuntzak dituzten herri eta komunitateetan, gizarte erantzukizunaren filosofiak eta kudeaketa-sistemek hizkuntzaren aspektu hori bereganatu beharra daukate, definizioz.

Konbergentzia horretan hainbat aukera zabaltzen zaizkigu, esate baterako, gure azterketan jaso ahal izan dugunez, GRIren gida da gizarte erantzukizunaren sistematizaziorako gaur egun hedatzen ari den tresna nagusienetakoa. Gida horretan, goragoko irudian ikus dezakegunez, adierazle multzo bat jasotzen da erantzukizunaren ebaluaketarako. Eta adierazle horietako hainbatetan hizkuntzarekin zerikusia duten eduki-adierazleak jaso ditzakegu bere esanahia horretarako aukera ematen baitu. Horrela:

ADIERAZLEAK GRI ren GIDAN
ArloaKategoriaAspektuaHizkuntza Parametroak
GizarteaLan jardueraLan harremanak Harremana zein hizkuntzatan gauzatzen da?
Zein da langileen berezko edo nahikunde hizkuntza?
Aniztasuna eta berdintasuna Hizkuntza aniztasunaren errekonozimendua.
Giza eskubideakDiskriminaziorik ez Hizkuntza eskubideen eta nahikundearen bermea.
Herri indigenen eskubideak Euskararen ofizialtasuna. Bertako eta nazioarteko legedia.
GizarteaKomunitatea Nola laguntzen da komunitatearen hizkuntza garapenean?
Produktuen erantzukizunaProduktuak eta zerbitzuak Zein hizkuntzetan eskaintzen dira.
Kontsumitzaileen eskubideak nola bermatzen dira.
Marketing Publizitatean komunikazioa zein hizkuntzatan gauzatzen da.

Bestalde, ez gara zerotik hasten. Dagoenekoz baditugu konbergentzia honen adibide positibo batzuk bide honetan sakontzeko eredu gisa erabiltzeko aukera ematen digutenak. Guk hiru erabiliko ditugu, bat kanpokoa eta beste bi bertakoak.

Lehena EGE Txosten batetik ateratakoa da, Telefónicaren 2002ko EGE memoriatik ateratakoa. Bertan ikus daitekeenez, Telefónicak gizartearekiko laguntza eta zerbitzua nolakotasuna adierazterakoan, espainiera hizkuntzari emandako sostengua jasotzen du adierazleen artean.

Bigarrena INDITEX taldearen (Zara, Massimo Dutti, ...) Memoriatik jasotakoa da, bertan, GRIaren gizarte adierazleen artean aipatzen du etiketetarako herrialde bakoitzeko legislazioa betetzen duela.

Beste bi adibideak EFQM memorietatik jasotakoak dira. “Q” saria jaso duten bi enpresa dira: ITP (Industrias de Turbo Propulsores) eta ASLE (Agrupaciòn de Sociedades Laborales de Euskadi). Bietan ikus daitekeenez, gizartean izandako emaitzei dagokion zortzigarren irizpidean hizkuntza normalizazioaren alorrean egindakoak jasotzen dituzte:


Amaitzeko

Komunikazio honetan egindako analisiak irekitako bidean sakontzeko proposamenak:

  • Euskal Herrian Gizarte Erantzukizunaren eragileak diren instituzioekin kontraste bideak zabaldu.
  • Hizkuntza parametroak bilduko dituen Gizarte Erantzukizunaren aldeko diskurtsoa gizarteratu.
  • Enpresei diskurtso honen planeamenduak eta nahikunde kolektiboak helarazi interes-talde ezberdinetatik.
  • Disziplinarteko ikuspegiak erabiliz gaiaren azterketan sakondu.


(J. INAZIO MARKO JUANIKORENA Soziolinguistika Klusterraren lehendakariaren ondokoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)

  • Euskal Soziologia Elkarteak antolatutako VI. Euskal Soziologia Kongresura aurkeztutako komunikazioa. Bilbon, 2004-02-26an.

Bibliografia

  • ALDASORO, Peio (2002): INDAR enpresaren izenean agurra. In: «Lan mundua euskaraz. LanEus I Mintegiko ondorioak». INDAR enpresa, Beasain, 2002ko maiatzean. LAB.
  • ANDUAGA, Juan (1999): El euskara y la calidad. DEIA. 1999ko otsailaren 18an.
  • ASLE (2002): European Quality Award aintzatespena lortzeko Txostena.
  • AREXOLALEIBA, Juan Luis (2003): Lan-munduan euskararen erabilera areagotzeko planak. Erabili.com aldizkari telematikoa. Azpeitiko Euskara Patronatua.
  • ARTEZ-ELHUYAR-EMUN (2003): Euskara planak eta lan mundua: abiatu den trena. Erabili.com aldizkari telematikoa. Azpeitiko Euskara Patronatua.
  • BARRENETXEA, T. - RODRIGUEZ, JM (1996): Euskara lan-munduan. Euskararen Aholku Batzordearen Erabilera Planak Batzordean aurkeztutako dokumentua. Eusko Jaurlaritza. www.euskadi.net
  • BENBENISTE, Sandra (2002): El alcance del concepto de Responsabilidad Social Corporativa de acuerdo a los organismos internacionales promotores del tema. Ikasturteko amaiera lana ESADEren «PHD in Management Sciencies» Doktoradutza programan. www.ecodes.org
  • CLUB GESTIÒN CALIDAD (2003): Modelo EFQM de Excelencia. Madrid.
  • EAB (1992): Lan mundua eta euskara. Hizkuntza normalkuntzarako bideak. Eusko Jaurlaritza. Argitaratu gabeko dokumentua.
  • ECORES (2003): Anuario sobre Responsabilidad Social Corporativa en España. 2003. Elaborado por la Fundación Ecologia y Desarrollo para la Fundación Avina.
  • ELA-LAB (2004): Sindikatuak eta euskararen normalizazioa. ELA eta LABen hitzaldia In «Enprestako euskara planen eragileentzako jardunaldiak». Mondragon Unibertsitatea, Eskoriatza, 2004ko urtarrilean.
  • ELAY (2003): Hamar urte enpresa eta euskara uztartzen. Erabili.com aldizkari telematikoa. Azpeitiko Euskara Patronatua.
  • ERRAZTI, Baltasar (1999): Enpresa ezin da geratu gizarteak bultzatu duen mugimendutik at. Euskaldunon Egunkaria, 1999ko maiatzaren 19
  • E.B. Europako Batzordea (2001): Libro verde. Fomentar un marco europeo para la responsabilidad social de las empresas. COM(2001) 366 final. Bruselas, 18.7.2001.
  • EUSKALIT (2004): Erabateko kalitatea eta bikaintasuna. www.euskalit.net
  • HERAS, Iñaki (2001): La gestion de la calidad en las empresas vascas: estudio de la aplicación de la ISO 9000 en las empresas de la CAPV. Serie Tesis Doctorales, UPV-EHUko argitalpen zerbitzua. Bilbo.
  • HPS:
    • (1996): Euskararen Erabilera Lan munduan. Erabilera planen metodologia. Agiriak, 7. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
    • (1998): Euskara Arlo Sozioekonomikoan. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
    • (1999): Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
  • IBERDROLA (2002): Informe Social 2002. Iberdrolak argitaratutako txostena.
  • INDITEX (2002): Memoria de Sostenibilidad 2002. Inditex-ek argitaratutako txostena.
  • ITP (2002): Urrezko Q saria lortzeko Txostena.
  • MARKO, J. Inazio
    • (1993): Lan mundua eta euskara: gainbegirada orokor bat. Bat-Soziolinguistika Aldizkaria, 11 zk.
    • (2002): Euskara Lan-munduan Mapa. In: «Lan mundua euskaraz. LanEus I Mintegiko ondorioak». INDAR enpresa, Beasain, 2002ko maiatzean. LAB.
  • MICHELINEKO ENPRESA BATZORDEA (2000): Lasarteko Michelin enpresan euskararen normalizazioa bultzatzeko proposamena. Dokumentu fotokopiatua.
  • NOVIA SALCEDO FUNDAZIOA (d/g): Propuesta informativa. Dokumentu fotokopiatua.
  • OSA, Olatz (2001): Euskararen erabilera-planak: ASPACE. HIZPIDE Aldizkaria, Monografikoak 4. Donostia.
  • SARASUA, Jon (2003): Kooperatibagintza eta euskara, elkarren garabide. Erabili.com aldizkari telematikoa. Azpeitiko Euskara Patronatua.
  • UNANUE, Amagoia eta INTXAUSTI, Nahaia (2002): Kooperatibak eta euskara. Historia eta aro berri baten oinarriak. Lanki Ikertegia. Mondragon Unibertsitatea. Eskoriatza.
  • www.globalreporting.org
  • www.soluziona.es
  • www.unglobalcompact.org
  • www.xertatu.net
  • www.noviasalcedo.es

ERANSKINA
Lan munduan euskarari ekiteko eman diren arrazoiak

Eusko Jaurlaritza

«Ezin da ahaztu hizkuntzak, gure kasuan euskarak, baduela funtzio berezi eta funtsezko bat lan mundu zabal eta konplexuan: enpresa edo langunea lekuan lekuari egokitzea, partaideen komunikazioa eta harremanak errazago bihurtzea eta gizarte osoaren integrazio-ahalmena aberasteko aukera ematea. Hitz batean, lan harreman guztiak gizatarrago egon eta, ondorioz eta ekonomia aldetik ere, produktibitatea sustatzea».

(EAB, Euskararen Aholku Batzordea, 1992)


«Enpresariak ere hasi dira konturatzen, gizartean euskarak maila sinbolikoan duen estimua enpresa mailan kontuan hartzea enpresarentzat mesedegarri izan daitekeela, izan ere, langileen asmoak enpresaren eginkizunetan txertatzea onuragarria baita; azken batean, hasiak dira konturatzen euskara balio erantsia dela enpresan».

(Ariztondo, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, In HPS, 1996)


«EUSKARA BEREGANATZEAK ONURAK EKARRIKO DIZKIO LAN-MUNDUARI.

Iharduera sozioekonomikoa gizarte jakin batean kokatuta dago eta halabeharrez, gizarte horretako norbanakoen kezka eta nahiak bertan islatu egiten dira. Euskal gizartea, gizarte elebiduna da eta euskara biziberritzearen aldeko norantzan doan gizartea gainera. Norantza horretan mugitzen ari denaren adierazleen artean bat azpimarratuko dugu eta hauxe da, hezkuntzan euskal ereduetako matrikulazioan gertatzen ari den etengabeko hazkundea.

Bestalde, bertako instituzio publikoek ere ezarriak dituzte euskara normalizatzeko oinarrizko lege eta dekretuak eta bide horri ekiteko konpromezu eta erantzukizunak hartu dituzte euskal gizartearen aurrean.

Lan-munduak ezin dio bizkar eman euskara biziberritzearen aldeko prozesu honi; aitzitik, hizkuntz gestioa bere gain hartzen duten enpresa eta sektoreek onurak izango dituzte:

  • Euskarazko zerbitzua eta produktuak eskaintzen dituzten enpresak kalitate handiagoa eskaintzen ari dira. Bere zerbitzu eta produktuek balio erantsia dute eta horrek, beraz, lehiakideen aurrean abantailan jartzen ditu.
  • Enpresa, organizazio den aldetik, bere partaide diren gizabanakoen kezkak eta gogoak jaso eta erantzuna ematen dien neurrian, gizabanako horiek enpresarekin identifikazio handiagoa sentituko dute. Hizkuntz proiektuan inplikatzen diren langileak enpresarena den proiektu batean inplikatzen dira, lantoki horretan konpaktazio soziala eragin eta areagotuz. Ondorioz, euskara-planak lanerako motibazio-tresna bihur daitezke.
  • Hizkuntz proiektuetan inplikatzen diren enpresak erronkei erantzuteko gaitasuna dutenak izango dira. Proiektu berritzaileei ekiteko gai den enpresa dinamikoaren irudia islatuko du bere bezero, hornitzaile eta inguruko gizarte osoan.
  • Euskara, enpresaren irudi eta markaren alderdi bihurtuz, marketing-argumentutzat erabil dezake euskal merkataritza eta industriak. Merkatuak zabaldu eta nazioarteko bihurtzen ari zaizkigun garaian, enpresek gero eta beharrezkoa dute osagai identifikatzaileak landu eta garatzea. Enpresaren jatorria eta jatorri horri lotutako hizkuntza erabiltzea izan daiteke euskal gizartearen marka edo labela arlo sozioekonomikoan ere bai».

(Barrenetxea-Ibabe, 1996)


«Ezin da ahaztu hizkuntzak, gure kasuan euskarak, baduela funtzio berezi eta funtsezko bat lan mundu zabal eta konplexuan: enpresa edo langunea lekuan lekuari egokitzea, partaideen komunikazioa eta harremanak errazago bihurtzea eta gizarte osoaren integrazio-ahalmena aberasteko aukera ematea. Hitz batean, lan harreman guztiak gizatarrago egon eta, ondorioz eta ekonomia aldetik ere, produktibitatea sustatzea».

(Ariztondo, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, In HPS, 1998)


«Euskal gizartea euskara berreskuratzen ari delako.

Lan-mundua eta euskara hurbiltzearen alde burutuko diren ekimenek etorkizuneko euskal gizartea nolakoa izango den hartu behar dute kontuan: - Euskal hiztunen pisua gazteen artean gero eta handiagoa izango da.

  • Euskarazko ereduen gorakada.
  • Euskara gero eta gehiago jakin eta erabiliko duten bezero, langile, zuzendari, sindikalista, teknikari, eta abarren elkargune izango dira. Eta horixe da enpresen erronka: euskal gizartearen dinamika horretan partaide eta eragile izatea.

Lan-mundua aldaketa horretarako prestatzen ari delako.

Enpresa batzuek dagoeneko heldu diote erronka horri. Etorkizunean lehiakorragoak izateko funtsezkoa izango dela jakinik, une honetan bere jardunean euskara gero eta gehiago erabiltzen saiatzen ari dira».

(HPS, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 1998)


«Hizkuntza egitasmoari heltzeko gai diren enpresek egitasmo berritzaileei ekiteko gai diren enpresa biziaren eta eraginkorraren irudia islatzen dute euren bezero, hornitzaile eta inguruko gizartean.

Gizabanakoen kezkak eta gogoak kontuan dituen enpresarekin errazago egiten dute bat langileek. Hizkuntza egitasmoari ekiten dioten langileek enpresaren egitasmo batekin egiten dute bat, hain zuzen. Horretan enpresa-arduradunek bertako langileen jatorriari eta hizkuntzari buruz jarrera positiboa izan dezaten.

Azkenik, kalitate hobea eskaintzen ari dira hizkuntza-egitasmoa burutzen ari diren enpresak. Bere zerbitzu eta generoak balio erantsia dute».

(HPS, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, 1999)

Euskara Teknikariak eta Aholkularitzak

«... zeren eta euskal hiztuna erdalduntzeko gunea izateaz gain, beste esparruetan egindako lan guztia zalantzan jar baitezake lan-munduak. Gaurko gazteek ez diote funtsik ikusiko euskaraz hezi eta trebatzeari, hemendik urte batzutara beren lantegiak izango diren horietan gaztelania besterik ez dela erabiltzen konturatzen diren heinean. Ezerezerako ahaleginetan dihardutela somatuko dute».

(Barrenetxea, Elhuyarreko teknikaria, In HPS, 1996)


«Azpimarratzekoa iruditzen zaigu ASPACEn erabilera plana egiteko beharra eta nahia entitate honetatik bertatik sortu zela esatea, alegia beraren ekimenez eta eskariz jarri dela abian proiektua».

(Osa, Ilazkiko zuzendaria 2001)


«Lan munduan euskarari bidea egiteko arrazoiak

  • Euskarak irabazi behar dituen esparruen artean esparru sozio-ekonomikoa dugu. Sarritan entzuten da euskaraz eskolatutakoei dagokiela euskara ekartzea lan mundura eta hauek era naturalean burutuko dutela euskararen normalizazioa lan munduan. Uste hori okerra da, ordea. Sartu berriak nekez eragin dezake, bestelako laguntzarik gabe behintzat, ohitura aldaketarik.
  • Alderantzizkoa da gertatzen dena, lortutako euskara maila kamustuz joango zaio gaztelania besterik erabiltzen ez duelako. Benetan kezkagarria litzateke joera horri kontra egiteko bitartekorik ez jartzea, euskal hiztuna erdalduntzeko gunea izateaz gain, beste esparru batzuetan egindako lan guztia zalantzan jar baitezake lan munduak.
  • Euskara erabiltzeak balio erantsia du: baldintza berdinetan gehiago eskaintzen da eta enpresako prestigioan eragina du.
  • Enpresa gizartean gertatzen ari den euskararen normalizazio prozesura egokitzeko balio du.
  • Euskara plana daukaten enpresak erronkei erantzuteko gai dira eta berrikuntzak egiteko gaitasuna eta enpresa dinamikoaren itxura ematen dute. Euskararen erabilera kalitate eta profesionaltasunaren seinale da.
  • Enpresaren barne-kohesiorako eta gizartearen konpaktazio sozialerako bide da.
  • Eleaniztasunak gero eta indar handiagoa du: hainbat hizkuntza erabiltzeko ohitura eta beharra sortzen ari da (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa...) eta horretara moldatu behar dugu».

(Arexolaleiba, EMUNeko partaidea, 2003)


«Enpresa eta langileentzat, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa kontuan hartzeak abantaila asko dakartza, besteak beste:

  • Bezeroak hobeto zerbitzatzeko aukera ematen du
  • Langileek euskaraz bizi eta lan egin dezakete
  • Enpresa kokatuta dagoen gizartean hobeto txerta daiteke
  • Enpresa lehiakorraren irudia indartzen laguntzen du
  • Aldaketetarako gaitasuna garatzen laguntzen du
  • Kanpoko merkatuetan kalitatearen ikur gisa erabil daiteke

Horiek guztiak bete-betean datoz bat gaur egun Erabateko Kalitatearen edo Bikaintasunaren kudeaketa estrategian aldarrikatzen diren helburuekin.

Hemengo enpresetan nekez egon daiteke kalitatea euskarazko zerbitzurik gabe. Horregatik, kalitatearen alde egiten duten enpresa eta erakundeei gonbita egin nahi diegu euskara ere kalitateen parametroetan sar dezaten, herritarrok zerbitzu eta produktuak geure hizkuntzan jasotzeko dugun eskubide eta nahia asetzeko.

Bezeroak. Herritar euskaldunok, bezero gisa jarduten dugunean, euskarazko zerbitzua eskaini eta bermatzen duten enpresak baloratzea garrantzitsua da. Euskara gure harreman sozioekonomikoetan eguneroko ogi bihurtzea edozein sektore edo enpresarekin aritzen garenean. Izan ere, merkatua eta eskaera soziala da enpresen oinarria, herritarrek zer eskatu, hura eskaini.

Administrazioak. Euskararen normalizazioaren prozesuan lan munduari gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Administrazioek. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian horri zuzendutako atala horren adibidea da. Hala ere, lan munduarekin zerikusia duen administrazio atal batzuetan oraindik ez da euskara positiboki diskriminatzen, hala nola homologatze prozesuetan, erosketa politikan eta abarrotan.

Euskalgintza. Euskaraz diharduten ikastetxe, euskaltegi, hedabide, argitaletxe eta abarrek, egitura sozio-ekonomikoak diren neurrian, euren hornitzaile eta bezeroekin berbaz eta idatzizko zerbitzua eskaintzea ere motor ona da prozesu honetan.

Zerbitzu emaileok: orain arte bezala zerbitzua kalitatez ematen jarraitzeko, sektorearen baldintzak zaindu beharra ezinbesteko aldagaia da».

(Artez, Elhuyar, Emun, Aholkularitza enpresak, 2003)

Direktiboak eta Enpresariak

«Euskal enpresak erronka askori egin behar dio aurre ingurune gero eta globalizatuan /.../ Desafio horiek arrakastaz gainditzeak ez du egokitzeko gaitasun handia bakarrik eskatzen, baita malgutasunean, parte hartzean eta pertsonekiko eta enpresak bere jarduera burutzen duen ingurunearen eskariekiko sentikortasun handiagoan oinarritutako kultura sendotzea ere bai.

Eskari horien artean, eta ohitura eta identitate-ikurrek sustrai sakonak dituen euskal komunitatean, hizkuntzarekiko begirunea eta languneetan euskararen erabilera sustatzea enpresak aztertu eta integratu behar dituen alderdiak dira.

Euskarak tokia eta espazioa behar du gure enpresetan eta hizkuntz normalizazioren aldeko apustua egin behar dugu laneko harremanetan ere gure gertuko ingurunearen helburuei ekarpenak egiteko.

Normalizazio hori nola eta zein erritmotan egingo den enpresaren erantzukizuna baino gehiago, euskal gizarteak berak eta bere erakundeek gai horri egindako ekarpenen menpe egongo da. Izan ere, enpresan gertatzen dena, herritarrek eta beren balio, helburu eta baldintzek jasaten dituzten aldaketa handi zein txiki, azkar, zein motelen isla zehatza baita».

(Errazti, Confebask-eko Lehendakaria, In HPS, 1998)


«Kalitatea ez da zerbait abstraktoa edo produktuari berari dagokiona. Ekoizpen prozesua ere kalitatez egin behar da eta horretan, langile edo pertsonal politika egoki bat lortzea enpresaren onerako da, ezbairik gabe.

Testuinguru horretan kokatuko nuke euskaraz bizitzeko eta lan egiteko dugun eskubidea. Enpresa askotan normaltasun osoz dihardugu euskaraz, hori delako gure ama hizkuntza eta erosoen sentiarazten gaituena. Bide batez, belaunaldi berriak euskaraz bizitzen ari direnez, euskaraz jardutea da eta izango da beraientzat ingurunerik normalena.

Horregatik guztiagatik, euskara enpresa munduan txertatzeko eta bultzatzeko ekinbide guztiak txalogarriak eta beharrezkoak dira enpresari gipuzkoarrontzat».

(Korta, Adegiko Lehendakaria, In HPS, 1998)


«Gure enpresan kalitatea ulertzeko dugun erak lau alderdi hauek hartzen ditu kontuan:

  • Bezeroak gogobetetzea
  • Langileak gogobetetzea
  • Ingurunea gogobetetzea
  • Enpresa gogobetetzea

Langileak eta ingurunea gogobetetzeko komunikazioa oso garrantzitsua da. Nire esperientziaren arabera euskaldunengana hurbiltzeko euskara erabiltzea oso tresna eraginkorra da, komunikazioa erraztu egiten baitu.

Langileak gogobetetzeko eta motibatzeko ere eraginkorra da euskara erabiltzea enpresan eguneroko eta ohiko harremanetan, zuzendaritza-taldeko pertsonak eta langileak elkarrengana hurbildu egiten baititu.

Euskara komunikazio-tresnatzat jo eta erabiltzea da MAIEReko Hobekuntza-prozesuaren gakoetako bat, erabilera horrek hitzak eta esanahiak gerturatuko dituelako. Kalitateak eta euskarak, ezinbestez, lotuta joan behar dute enpresa euskaldunean».

(Madariaga, MAIEReko kalitate-arduraduna, In HPS, 1998)


«Aberastasuna sortzen duten enpresa eta enpresariek badute, nire ustetan, bestelako rol eta betebeharrik oreka sozialean, eta ondorioz, oraindik ere protagonismo handiagoa eskuratzen dute.

Europa, aukera eta erronka, erakusleiho izango da. Erakusleiho horretan egongo dira inplizituki gure ahalegin enpresarialak, baina hori eragingo duenak bereizketa-faktore ere izan beharko du, produktuaren jatorria argi eta garbi utziko duen bereizketa-faktore, alegia. Etiketa hori euskara izango da. Batugai berezia eta enpresak arreta bereziz zaindu beharko duena, ahalegin sozial oso baten (ikastolak, unibertsitatea ...) lan-mundurako irteera naturala den neurrian. Bila ditzagun enpresarentzat giza-baliabiderik egokienak eta balora dezagun euskararen presentzia. Onenetako askok, euskaraz hitz egin, irakurri eta idazten dute».

(Vazquez, CIMVeko lehendakaria, In HPS, 1998)


«Esan dezaket euskararen erabilera areagotzeko egitasmoak, nolabait, langileen integrazioa bultzatu duela Elay Taldeko Lantegi Proiektuan.

Bestalde, enpresaren ikuspegitik, euskararen erabilera areagotzeko egitasmoak aurrera egiteak, enpresak proiektu aurrerakoiei aurre egiteko duen gaitasuna azaltzen du.

Enpresan, euskararen presentzia handitzeak langile gehienen enpresarekiko identifikazio-maila handitu egin du».

(Zabaleta, ELAY Taldeko zuzendari gerentea, In HPS, 1998)


«Ekonomiaren alorra ez dago gizartearen egituretatik kanpo. Ezin da atal bereziez hitz egin, gizartea era askotako elkarteetan dago antolatua eta horietako bat egitura ekonomikoa da. Ondorioz, enpresa mundua ezin da gizartearen gehiengoak euskararen alde bultzatu duen mugimendutik at gelditu»

(Errazti, Confebask-eko Lehendakaria, 1999)


«Calidad supone satisfacción de todas las personas que forman parte del proyecto empresarial y respeto y armonía hacia el medio en el que se encuentra la empresa.

La empresa no puede abstraerse de la realidad social. Debe estar totalmente integrada en el medio en el que produce y crea riqueza y debe aportar a esa realidad de la misma manera que aportan los demas agentes sociales.

En este momento en el que el euskara está tomando un nuevo impulso y en el que la sociedad está dando un sí al euskara, el mundo económico y laboral no puede quedarse fuera. Como en otros muchos aspectos debemos ser pioneros en la normalización lingüística del euskara. Debemos ser sujetos activos en la recuperación de nuestra lengua. Porque esto también es calidad.

El plan de euskara hace de Irizar un proyecto común más participativo. Hemos añadido un factor de calidad. Con este plan nos podemos ofrecer una posibilidad de comunicación más, en nuestras relaciones internas con los-as euskaldunes como con las personas dispuestas a aprender el euskara; pudiéndoselo ofrecer además a nuestros-as clientes y proveedores. El integrar el euskara en nuestro quehacer diario supone ampliar nuestras posibilidades. El desarrollar un plan de euskara en Irizar es una apuesta más, Si queremos lograr la calidad total en nuestras empresas no podemos prescindir del euskara.»

(Anduaga, IRIZAReko lehendakaria, 1999)


«Behar bada baten batek galdetuko du zergatik heldu dion INDAR-ek Erabilera Planari. Kudeaketa aurreratua zuen enpresa batetan bihurtu ginen, zenbait arlotan (kalitatean eta ingurugiroan adibidez) jauzia egin beharra izan genuelarik. Honen ondoren Erabilera Planaren erronka aztertzeari ekin genion: enpresa modernoa nahi genuen eta euskaraz funtzionatuko zuena.

Erabilera Plana martxan jartzeko une eta abiapuntu egokia genuela baloratu genuen langileen ezaugarriak aztertu genituenean oro har langile gaztea eta euskalduna dugula ohartu ginen».

(Aldasoro, INDAReko direktiboa, 2002)

«Elay Taldea osatzen duten enpresetan, aldez aurretik, euskara ikasi eta erabiltzearen alde emandako urratsekin giro eta baldintza egokiak zeuden erabilera areagotzeko mikroplangintzak garatu ahal izateko. Bestalde, enpresaren jabe zein kudeatzaileek ere Euskara lanaren proiektua garatzeko asmo sendoa azaldu zuten».

(ELAY, 2003)

Langileak eta Sindikatuak

«Aspaldikoa da CAFeko da langileok euskararekin ardura eta konpromisoa.

Ondorengo urteetan, euskararen presentzia areagotzeko ahaleginean gogor saiatu ginen berriro, batez ere, CAFen sartzen hasi zen langile gazte berrien euskara-maila dezentekoa zela oharturik eta gazte horiek derrigorrezkoa dutelako lan-munduan ere euskara erabiltzea, ikasketetan lortu duten euskara-maila mantentzeko.

Euskararen presentzia gizarte alor guztietara hedatzea baldin bada helburua, ezinbestekoa zaigu lan-mundua euskalduntze prozesuan sartzea, ez baitugu ahaztu behar langileok egunaren heren bat lantokian ematen dugula».

(CAFeko Enpresa Batzordea, In HPS, 1998)


«Gu gizarte bateko partaide gara, eta bizi dugun gizarte honek badu berezko elementu bat bertako pertsonen nortasuna eta nortasun komunitarioa ezaugarritzen dituena, euskara.

Euskara gizarte mailan aurrera egiten ari da nabarmen. Lan-munduan ere progresio positiboa gertatzen ari da. Baina ez da hori gertatzen ari Michelin enpresan. Euskara Euskal Herriko bertako eta berariazko hizkuntza izateaz gain EAEn ofiziala izan arren, Michelinen euskarak (beraz, euskal komunitateak) marjinatuta jarraitzen du.

Langileok uste dugu euskararekin gizartean gertatzen ari den aurreratze hori enpresan ere erreflejatu beharko litzatekeela: euskaldunari euskaraz aritzeko eskubidea eta aukera bermatuz, erdaldunari euskalduntzeko eta euskal gizartean integratzeko eskubidea eta aukera eskainiz, eta, lan-harremanetan eta prozesuetan euskararen erabilera normalizatzeko planteamendu serioa eginez. Eta ez da eskubide kontu soila, horrezaz gain euskara kohesio sozialerako faktore inportantea ere bada-eta.

Gainera, langileok uste dugu euskararen normalizazioaren alde egitea lan-munduko eragileon ardura ere badela eta badugula guk –langilek zein enpresarik– honetan zer esan eta zer egi.

Gure proposamena sostengatzen duten argumentuak eta datuak:

  • ENPRESAREN INTERESAK

Enpresak berezkoak dituen interes ekonomikoek bultzatzen dute enpresa bera kokatuta dagoen gizartearen interes orokorrak ere kontutan hartzera, bai eta eboluzionatzera ere gizartearekin batera. Enpresa-kudeatzaile adituek garbi azpimarratu ohi dute enpresaren interesa dela bereak eta gizartearenak harmonizatzea:

  • LANGILEEN NAHIA

Enpresa honetako langileon gehiengoa euskararen alde eta bere normalizazioaren alde gaudela esan genezake. Horren froga ditugu lehendik bultzatu izan ditugun iniziatibak eta Komenio Kolektiboan defendatu izan dugun euskararen artikulua. Horren froga dugu ere txosten honekin bultzatzen ari garen proiektua. Horren froga dugu, azkenik, gure seme-alabak euskaraz bizi daitezen egin ditugun ahaleginak eskolan eta kanpoan.

  • GIZARTEAREN EUSKARAREKIKO ATXEKIMENDUA

Gizartean euskararen alde erabateko jarrera dago. Hori azaldu izan dute behin eta berriro ikerketek eta inkestek. Eta jarrera hori praktikan dituen ondorioetan ere antzeman daiteke. Euskaldunen kopurua gora doa etengabe, euskaraz matrikulatzen diren haurrak gehiengoa dira, euskara gizarte alor guztietan gero eta gehiago erabiltzen da».

(Michelineko Enpresa Batzordea, 1998)


«Euskararen erabilera nabarmen txikiagoa da esparru sozio-ekonomikoan eta lan munduan beste eremu batzuetan baino.

Sindikatuok ere gizarte eragile bezala, eta lan merkatuan zuzenean parte hartzen dugun heinean, geure erantzunkizuna aitortzen dugu.

Sindikatuak agente sozio-laborala izanik protagonismo eta erantzukizun bikoitza dugu, bi esparru hauetan:

  • Eragile sozial gisa, gizartean gertatzen diren arazoen, mugimenduen, proposamenen, masa-ekitaldien eta abarretan.
  • Eragile laboral gisa, lan-munduan dauden gune desberdinetan».

(ELA-LAB, 2004)

Kooperatibak

«Kooperatibismoa ez da berez helburua, herriaren, pertsonen eta horien idealen zerbitzurako bitartekoa baizik. Erantzukizun handia du kooperatibismoak euskararen normalizazio prozesu honetan. Hauxe da euskara lanean biziberritzen hasteko unea, lehenago ere irakaskuntzan ikastolekin egin zen bezalaxe».

(Elorza, Ikerlaneko giza baliabideen arduraduna, In HPS, 1998)


Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren muinean integrazio bat dago: logika ekonomikoaren eta helburu sozialen arteko integrazioa. Helburu ekonomiko eta sozial horiek osatzen dute kooperatibismoaren zentzua, zertarakoa.

Kooperatiben printzipio nagusi eta arautegietan ere izan du bere isla euskararekiko konpromisoak. Esperientziaren dekalogoa osatzen duten hamar printzipioetako zortzigarrenean, aski argi eta indartsu agertzen da euskararekiko lotura:

Arrasateko Kooperatiba Esperientziak (...) Euskal Herrian jarduten du, berreraikuntza ekonomiko eta soziala lortzea eta euskal gizarte aske, bidezko eta solidarioagoa taxutzea ahalbidetuko duen hedapen-prozesuaren bitartez. Hauxe da hori lortzeko hartutako bidea:

(...)

  • e) Euskara, hizkuntza nazionala den aldetik, eta euskal kulturaren bereizgarriak suspertzen laguntzea.

Printzipio nagusi honez gain, kooperatiba askoren estatutu eta barne araudietan aitortzen zaio euskarari lantegiko hizkuntza ofizial edota lan-hizkuntza izaera, eta berau sustatzeko konpromisoa jasotzen da.

  • Etorkizunera begira: zentzuen berreraikuntzan adreilu:

    Izan ere, “hazkuntza ekonomikoa zertarako?” da sakonean dagoen galdera nagusia. Hazkuntza ekonomikoak zentzua izan dezake baldin eta arlo pertsonala eta komunitarioa, soziala eta kulturala orekan garatzeko aukera ematen badu. Adibidez, bidean hizkuntza edo ingurugiroa sakrifikatu behar baditugu, gorputz sozialaren zati batek gero eta zentzu txikiagoa bilatuko dio hazkuntza ekonomikoari.

    Hizkuntzaren garapena ez da, jakina, kooperatibagintzan elementu zentrala. Baina garapen kooperatiboaren zentzua eraikitzerakoan garrantzi berezia du bere gizarte-konpromisoak. Eta gaur egun, inguruko pertsona eta gizartearekin konpromisoa izateak bere hizkuntza-garapena errespetatu eta bultzatzea ere esan nahi du.

    Ilusio-bultzada horietako bat, erreala eta potentziala, bai kooperatibetan ere, euskararen garapenak sortzen duena da. Kooperatibagintzak adi-adi egon behar du zentzu elementu osagarri izan daitezkeen hauei, belaunaldi berrien sentsibilitate eta helburu sozialetatik aparte geratu nahi ez badu.

  • Sustraitze-dimentsioa eta identitate arazoen gorakada:

    Kooperatibismoaren berezko ezaugarrietako bat izan da bere sustraitzea. Lur batean, komunitate batean, herri batean sustraitzeko eta engaiatzeko berezko joera.

    Izaera sustraitu honek, komunitatearen garapen oso eta orekatuarekiko lotura ematen dio kooperatibagintzari. Eta bestetik, honi lotuta, identitate-arazo eta identitate-garapen prozesuekiko gertutasuna. Dimentsio sustraitu hau osagarri izan daiteke kooperatiben nazioartekotze-prozesuekin.

    Problematika guzti honen aurrean, kooperatibek beren sustraitzean sakontzeko aukera dute, adarrak mundura zabaltzearekin batera. Orekatu egin beharko dituzte sustraitzea eta zabaltzea. Horretarako bideetako bat toki bakoitzeko hizkuntza-ekologia zaintzean datza. Eta hizkuntza-ekologia horretan, funtsezko pausoa, kooperatiben muin geografiko-kulturaleko hizkuntza garapena bultzatzea da.

  • Pertsonaren garapena:

    Pertsona erdigunean jartzeko ahalegina da Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren muina. Azken finean ekimen kooperatiboaren helburua pertsonaren garapen osoa lortzean datza, komunitateko elkartasun-indarren bidez. Garapen oso horren zerbitzuan hazi behar du ekonomia kooperatiboak.

    Bestetik, azken urteetan egundoko tokia hartu du diskurtso honek nonahi. Erakundeetan pertsona omen da zentro. Gizakiaren autoerrealizazioa da enpresek bilatzen duten gakoa langileen inplikazioa lortzeko. Jendeak bere izan-nahiak eta bere aspirazioak betetzeko esparruak behar ditu lanean.

    Diskurtso horrek inplikazio zabalak ditu. Gaur egun zaila da irudikatzea gure inguruneko pertsonen garapen osoa, garapen linguistikoa kanpoan utzita. Garapen linguistikoa pertsonaren parte da, lanetik bertatik hasita. Garapen linguistikoa garapen profesionalaren parte ere bada. XXI. mendeko Euskal Herrian nekez izan dezake sinesgarritasunik pertsonaren garapen osoaren diskurtsoak, lanean norbere hizkuntzan garatzeko aukerak zabaltzen ez badira. Bai kooperatibagintzaren muinean eta bai egungo enpresa diskurtsoan nagusi den pertsonaren garapenaren norabidean doa, beraz, hizkuntza aukerak zabaltzen dituen enpresa-politika.

  • Euskara garatzea aukera da kooperatibentzat

    Euskara garatzea kooperatibentzat helburu dela eta helburu izan daitekeela argudiatu dugu aurreko atalean. Helburu izateaz gain, ordea, aukera bizigarri ere izan daiteke berauentzat.

    Aukera bizigarri izan daiteke kooperatibetan euskara garatzea, lehenik, aurreko atalean esandako guztiagatik: kooperatiben zentzu berrikuntzan adreilu delako eta pertsonen garapeneko dimentsio bat betetzen duelako.

    Hortik aurrerago joanda, euskara kooperatibentzako aukera bizigarri dela esateko hiru gako aipatuko ditugu.

  • Langileen motibazio-iturri osagarria:

    Langileen motibazioa oinarri da egungo enpresa-jardueran. Are gehiago, jakina, kooperatibagintzan. Motibazio honek osagai ekonomikoak baditu (soldata), bestelako interes indibidualekoak ere bai (garapen pertsonalerako lanpostuak eskaintzen duen aukera), eta badu osagai ideologiko edo sozialik ere (langileak lanean bere ideiekiko bilatzen duen koherentzia).

    Kooperatibak indartsu direneko eskualdeetan, hain justu ere, euskararen aldeko motibazioa bereziki bizia da. Eta aipatu berri ditugun sektore aktibo eta engaiatuenetan euskararen garapenaren aldeko jarrera nabarmen nagusitzen da. Are gehiago, euskaren aldeko mugimendua da inguruko gizarte-mugimendu sendoenetako bat.

    Honek guztiak euskara lanerako motibazio-iturri bihurtzen du. Pertsona askorentzat ilusio-pizgarri potentziala litzateke aukera bikoitz hau: bere lantokiak euskararen garapena bultzatzen duela jakitea, eta bera lanean euskaraz gara daitekeela ohartzea. Aukera hori langileentzat zabaltzea, aukera da enpresarentzat, atal honen tiluluan esan dugun zentzuan.

  • Belaunaldi berrien nahikunde linguistikoak:

    Euskara erabiltzeko gaitasunak aurrera egin du, oro har, euskal gizartean, bereziki belaunaldi berrietan eta hezkuntza alorrean. Hezkuntzan egindako ahaleginen fruitu, une honetan hezkuntza-sistematik irtenda lan-merkatura doazen gazteak euskaraz lan egiteko prestatuta datoz (1) gero eta gehiago.

    Belaunaldi berrietako zati handi batek euskaraz lan egiteko prestakuntza jaso du, eta horretarako motibatuta dago. Nahikunde horrek, ordea, hesia bilatzen du gaur egungo enpresen errealitatean.

    Desoreka handia dago hezkuntzatik sortutako errealitatearen eta enpresa munduko errealitateaen artean. Talka hori ez da etorkizuneko kontua soilik, iadanik gertatzen ari da. Maila soziolinguistiko orokorrean, enpresa munduak euskalduntze prozesuaren botila-lepoarena egiten du gaur egun. Maila pertsonalean, belaunaldi gazteetako pertsona askoren espektatiba eta nahikundeen frustrazioa sortzen du lanean euskaraz jardun ezinak.

    Testuinguru honetan, belaunaldi berrietako pertsonei lanean euskaraz jarduteko bideak zabaltzea aukera bizigarria da enpresentzat. Negatiboan ikusita, hala ez egiteak pila dezakeen frustrazio eta urrutiramendua saihesteko. Positiboan ikusita, honetan politika aktiboa izateak kooperatibagintza gazteen begietan koherenteago eta ilusionagarriago bihur lezakeelako.

  • Kooperatiben irudi sustraitua:

    Gai hau marketing arrazoietatik askoz haratago doa, baina irudi aldetik ere aukera izan daiteke kooperatibentzat. Izan ere, hizkuntza-jokaera koherentean jardunez gero, esparrurik gertukoenean beronen irudiak ematen dituen aukerak baliatzea egokia baita.

    Hizkuntza politika egokia izatea elementu lagungarria da kooperatiben irudiaren lehen esparrurako: kooperatibak bere gorputz sozialaren aurrean eta bera hartzen duen komunitatearen aurrean duen irudirako.

    Atal honetan ikusi dugun guztiarekin, ondorio bat marraz liteke: euskara kohesio elementu izan daiteke kooperatibetan. Bai kooperatiba barneko kohesio sortzaile, eta bai korporazio mailako identitate eta kohesio sortzaile.

  • Kooperatiben ekina berebizikoa da euskararentzat:

    Hizkuntza politika egokia izatea kooperatibentzat helburu eta aukera bizigarri dela aipatu dugu aurreko bi ataletan. Alderantzizko norabidean egindako gogoeta falta zaigu: kooperatiben hizkuntza jokaerak euskararen garapenerako duen eragina eta garrantzia.

    Euskal gizarteak, eta horren barruan partikularki kooperatiben muinak hezkuntza prozesua euskalduntzen apustu garbia eta ahalegin izugarria egin duela aipatu berri dugu. Hau guztia, ordea, erdi-hutsean egindako ahalegina izan daiteke lan munduan jarraipenik ez badu.

    Soziolinguistikari garrantzitsuenen iritziz, lan munduan espazioak irabaztea da euskarak duen hurrengo desafio handia. Are gehiago, pauso hau eman ezean, besteetan egindako ahalegina zapuzteko arriskua erreala da.

  • Kooperatibak, aro berriaren ernamuin:

    Une berezi honetan, kooperatibek berebiziko zeregina joka dezakete. Euskal Herriko enpresen artean, MCCn biltzen diren kooperatibak izan daitezke euskararen garapeneko aro berri honen aitzindari. Eta izan ere hala dira une honetan, datuei begiratuta.

    Aro berri baten ernamuin eta gainerako enpresen aitzindari dira, beraz, euskal kooperatibak gai honetan. Horrek, batetik, erantzunkizuna ematen die, euskara garatzeko une historiko honetan funtzio funtsezko bat betetzearen kontzientziak ematen duen ardura. Bestetik, une eta prozesu garrantzitsu baten gune izateak, prozesu ilusionagarri baten aurrean jartzen ditu kooperatibak.

    Zeregin ilusionagarria izan daiteke kooperatibetan euskara garatzea. Lehenik, esan dugun moduan, aro berri baten ernamuina osatzen ari delako eta berebiziko garrantzia duen une eta gune batean gaudelako. Bigarrenik, inoiz ibili gabeko bide bat urratzea esan nahi duelako, ikuspegi guztiz berriak irekitzen dituelako enpresa barruko hizkuntza-ekologia garatzeak. Hirugarrenik, orain arte beren nahikundeak bete ezin izan dituzten langile euskaldunentzat eta bereziki belaunaldi berrientzat arnas berria dakarrelako.

(Sarasua, LANKIko zuzendaria, 2003)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus