Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)

2004-05-03 / 07:34 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Bikoizketarako zutabe batzuk finkatu nahian, laugarren honetan, besteak beste, animalien izenak eta esapide ezagun batzuk hartu ditugu kontuan.

Natura hizpide hartuta telebistan azaltzen diren dokumentaletan, animaliek buruhauste bat baino gehiago ematen digute. Orri honetan gure arbasoetako batzuen izendapenak aztertu ditugu. Bestelako buruhaustea dakarkigute, esaterako, filmetako esaldi batzuek. Entzunaren entzunaz gaztelaniaz edota ingelesez ezagun egin zaizkigun esapideoi ordain egokia eman behar diegu euskaraz, baita bakarra ere, aditzeaz bat ikus-entzuleak identifikatzeko gauza izan daitezen. Bikoizketan orain arte erabili diren batzuk bildu ditugu.

Esanak esan, oharren bat egiteko baduzue, Paris ez, baina beti izango duzue erabili.com, edo guri zuzenean jakinaraztea.

Erdaretatik Euskarara

Esaldi entzunak

Hainbat eta hainbat esaldi, ezagun egiten zaizkigu filmetan-eta entzunda. Horietako batzuek literaturan dute jatorria, beste batzuek herri-esaeretan, eta beste batzuk film ezagunen baten gidoitik hartuak dira.

Badaezpadako jatorria dutenak ere badira. Casablanca-n behin ere ez da esaten ez «we'll always have Paris», ez «play it again, Sam». Hala ere, bi esaldiok aipatutako filmarekin lotzen ditugu; eta ez hori bakarrik: Casablanca-ko eszena jakin banarekin. Hor ikusten da esaldi eginok zeinen adierazkorrak diren, eta beti formula bera erabiltzeak zenbaterainoko garrantzia duen, entzulearen adimenean gera daitezen.

Beraz, bikoizketetan ere beti bertsio bera erabili beharko genuke, euskaldunon belarrietara egin, eta, horren ondorioz, bikoizketan eta gidoigintzan baliabide adierazkor izan daitezen.

Bikoizketetan orain arte erabili diren batzuk bildu ditugu azpiko taulan, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.

EUSKARAZINGELESEZGAZTELANIAZ
beti izango dugu Pariswe'll always have Parissiempre nos quedará París
jo (ezazu) berriro, Samplay it again, Samtócala de nuevo, Sam
ez esan sekula sekula eznever say never againnunca digas nunca jamás
New York, sagar handiaNew York, the big appleNueva York, la gran manzana
behin baino ez gara biziyou only live oncesólo se vive una vez
hala hasi zen adiskidetasun eder batit was the beginning of a beautiful friendshipfue el comienzo de una hermosa amistad
zure nahiak agindu dira niretzatyour wishes are commands to metus deseos son órdenes para mí
jakin-minak katua hil zuencuriosity killed the catla curiosidad mató al gato

Hizkuntza gaiak

Bikote-kontuak

BIKOTEA: bi pertsona edo bi gauza. Gauza bi direnean, pare ere esaten da. Gaztelaniaz, berriz, «pareja» hitzak adiera bi hauek ditu DRAEn:

pareja

1. Conjunto de dos personas, animales o cosas que tienen entre sí alguna correlación o semejanza, y especialmente el formado por hombre y mujer.

2. Cada una de estas personas, animales o cosas considerada en relación con la otra.

Batzuek bikote-ri bigarren esanahi hori ematen diote euskaraz, baina ez da bide horretatik jo behar. Okerrak dira, beraz, esaldi hauek.

  • San Valentin bezperako festa *bikoterik ez dutenentzat da.
  • Europan, urtero, ehunka emakume hiltzen dituzte euren *bikoteek.

Bikotea osatzen duen pertsona bakoitzari deitzeko, euskaraz hainbat hitz daukagu aukeran, testuingurua zein den.

  • neska-lagun / mutil-lagun / neska / mutil

    Aukera onak dira, baina ez edozein adinetarako.

  • lagun

    «Adiskide»-ren zentzuarekin nahas daiteke.

  • laguntxo

    «Ohaide» edo «amorante»-ren eufemismoa da.

  • bikotekide / bikotelagun

    Hiztegiek ematen dituzte ordainok, baina astun samarrak izan daitezke testuan beste ordainik erabili ezean.

  • andre / gizon

    «Senar» eta «emazte»-ren sinonimoak ere badira. Dokumentaletan-eta aukera egokia dira honelako esaldietarako: «Egunean bost andrek jartzen dute salaketa euren gizonen aurka».

  • bizilagun

    Orotariko Euskal Hiztegiak «consorte», «cónyuge», «amante», «compañero» adierak ematen dizkio, eta hainbat adibide dakartza. Iparraldean bizirik dago. Batzuetan «auzokide», «auzoko» edo «etxelagun»-ekin nahas daiteke.

  • bizikide

    Aurreko guztiak baztertu barik, testuinguru formaletan oso baliagarria da «pareja», «compañero sentimental»-en ordaintzat. Ez dugu uste oker uler daitekeenik, berba erraza da, eta tradizioan erabili da.

Horrenbestez:

  • San Valentin bezperako festa *bikoterik ez dutenentzat da.
    • San Valentin bezperako festa bikotelagunik ez dutenentzat da.
  • Europan, urtero, ehunka emakume hiltzen dituzte euren *bikoteek.
    • Europan, urtero, ehunka emakume hiltzen dituzte euren bizikideek.

Hizkerak

Primateak

Ugaztunen klasearen barruan, gizakiak eta horrekin ahaidetutako animaliek Primates ordena osatzen dute. Euskaraz, Primates ordenako kide bakoitzari «primate» esaten zaio. Sailkapen zientifikoaren arabera, primateen ordenaren barruan subordena bi bereizten dira, eta subordena bakoitzaren barruan hainbat familia.

Beste bizidun-talde askotan gertatzen den bezala, hemen ere ez datoz bat zientziak bereizten dituen sail edo taldeak eta herri-jakintzak bereizten dituenak. Hori dela eta, zientziak bereizitako sail batzuetako kideek izen arrunta dute, eta beste batzuek ez.

Horrez gainera, hizkuntza batetik bestera aldatu egiten da herri-jakintzak zer talde bereizten dituen. Oso ezaguna da hegaztien adibidea.

SAILKAPEN ZIENTIFIKOAIZEN ARRUNTA EUSKARAZIZEN ARRUNTA INGELESEZ
Vertebrata subfil.ornodunakvertebrates

Aves kl.
hegaztiak
birds


Passeriformes ord.

txoriak

---

Ingelesez, arranoa eta txantxangorria «bird» dira. Euskaraz, ordea, herri-izen gehiago daukagu, eta honela egokitu ditugu natur gaietarako: bai txantxangorria, bai arranoa, biak dira «hegazti»; txantxangorria «txori» ere bada, baina arranoa ez.

Beste adibide hau ere oso ezaguna da.

SAILKAPEN ZIENTIFIKOAIZEN ARRUNTA EUSKARAZIZEN ARRUNTA INGELESEZ
Felidae fam.Lynx lynx---katamotzacatslynx
Felis catuskatuacat
Panthera leolehoialion

Ingelesez izen arrunta dute lehoiaren eta katuaren familiako kideei deitzeko: «cats». Gaztelaniaz ere badute: «felinos». Euskaraz, ostera, ez dugu, eta, beraz, izen zientifikoa erabiltzen dugu: «felidoak».

Primateekin gauza bera gertatzen da. Sailkapen zientifikoa eta herri-ikuskera ez datoz bat, eta, gainera, euskaldunen ikuskera eta ingelesdunena ez dira berdinak.

Zientziak talde handi bi bereizten ditu primateen sailean: alde batetik, prosimioak, alegia, lemurrak eta abar; bestetik, gizakiaren ahaide hurbilak. Bigarren talde horretako kideei euskaraz «tximino» esaten diegu. Ingelesez, ordea, batzuk «monkey» dira, eta beste batzuk «ape».

Buztana dutenei, ingelesez, «monkey» deitzen diete, esate baterako, titiei, makakoei, giboiei, e. a. «Ape» direnek, berriz, ez dute buztanik: gorilak, txinpantzeak... Sailkapen zientifikoarekin alderatuta, hona zer dugun.

SAILKAPEN ZIENTIFIKOAIZEN ARRUNTA EUSKARAZIZEN ARRUNTA INGELESEZ
Anthropoidea subord.Ceboidea superfam.tximinoak------monkeys
Cercopithecoidea supf.---monkeys
Hominoidea superfam.---apes

Dokumentalen itzulpenetan arazoak izaten ditugu «monkey» eta «ape» bereizi beharra dagoenean. Euskaraz, irtenbide bakarra hizkuntza-maila jasotzea da, eta hitz ikasiak erabiltzea, baina ezin da eman kasu guztietarako balio duen jarraibiderik. Kasuan-kasuan begiratu behar da jatorrizko testuak zer dioen, eta nola alda daitekeen euskarara.

  • Everywhere else, the battle to dominate the forests was won by the second group of primates -the Anthropoid, or “man-like” animals. Today, this group includes all the monkeys and the apes -and ourselves. The fossil evidence that does exist suggests that apes did not evolve directly from present day monkeys.
    • Gainerako lekuetan, oihana menderatzeko borroka primateen bigarren taldeak irabazi zuen: antropoideoek, hau da, gizakiaren antza dutenek. Talde honek tximino guztiak biltzen ditu, gizakiok barne. Fosilek adierazten digutenez, antropoideoek ez dute eboluzionatu zuzenean gaur egungo beste tximinoetatik.
  • These forerunners, small insect-eating creatures, developed into two separate groups. The acrobatic lemurs are part of the first group: the prosimians or pre-monkeys. So is the nocturnal bush baby. These have hardly changed. The second group, the anthropoids, did develop. In time they divided into simians (or monkeys), and apes, like the chimpanzee. The most highly evolved ape of all is man, cousin to monkeys on the evolutionary tree.
    • Aitzindari haiek, zomorro-jale txikiak, bi bidetatik abiatu eta bi taldetan banatu ziren. Lehenengoan, prosimioen taldean, lemur akrobatak daude. Baita galago gautarra ere. Hauek ezer gutxi aldatu dira. Bigarrena tximinoen taldea da. Beste hauek eboluzionatu egin zuten, eta denboragarrenean bitan banandu ziren: batetik, tximino arruntak, eta, bestetik, antropomorfoak, esaterako, txinpantzea. Gehien garatu den antropomorfoa gizakia da, tximino guztien ahaidea eboluzioaren zuhaitzean.

Euskaraz alde batera utzi ditugu «aurretximino» (pre-monkey) eta era horretako ordainak, eta hitz teknikoak hobetsi ditugu. Beheko pasartea dagokion dokumentalean, adibidez, sistematikoki erabili da «apeman» hitza gizakiaren familiako kide fosilei deitzeko (Australopithecus-ei, Homo habilis-ari, e. a.). Gizakiaren familia Hominidae denez gero, euskaraz «hominido» erabili dugu, eta ez «giza-tximino» edo antzekoak.

  • We've arrived at a critical moment in our story -a crossroads in our evolution, where there's not just one species of apeman on the Savannah but several. One of them could be our ancient ancestor. But which?
    • Historiako larriune batean gaude, gure eboluzioaren bidegurutzeetako batean. Afrikako sabanan hominido-espezie bat baino gehiago dabil. Eta bat baino ezin da izan gure arbasoa, baina zein?

Adibideetan ikusten denez, testu bakoitzean asmatu behar da konponbidea. Dena dela, ohar bitan laburbil daiteke zelan jokatzen dugun. 1) Hitz teknikoetara jotzea. 2) «Monkey» eta «ape» bereizi behar direnean, euskaraz «tximino arrunt» (monkey) eta «tximino antropomorfo» (ape) erabiltzea.

Paperetik ahora

Koordinazioa

Testu idatzietan, estilo zaindutzat har daiteke koordinazioetan bigarren osagaia bakarrik deklinatzea, eta lehena marka morfologikorik gabe uztea.

Esateko testuetan ez zaio hainbeste begiratu behar estilo dotoretasunari. Entzuleari ulertzen laguntzea, aldiz, ondo zaindu behar da. Hortaz, askotan hobe da marka morfologikoa koordinatutako osagai biei ipintzea, arrazoi bigatik. Batetik, lehen osagaia zintzilik bezala geratzen delako dena esaten amaitu arte. Bestetik, esaldiak ulergaitz egiteko arriskua dagoelako, koordinatutako osagaiak hitz bat baino gehiagokoak direnean.

  • Nekazaritza eta arrantzak, helburu ekonomikoaz harantzago, garbi dago funtsezko premiak ere betetzen dituztela.
    • Nekazaritzak eta arrantzak, helburu ekonomikoaz harantzago, garbi dago funtsezko premiak ere betetzen dituztela.
  • Iniston, sudur itxi eta eztula arintzeko.
    • Iniston, sudur itxia eta eztula arintzeko.

Aditzari buruz, beste horrenbeste esan behar da.

  • Mendikoiren bitartez, gure baserritarrek ustiategien emaitzak hobetu, ingurugiroari erasaten ez dieten ekoizpen teknikak landu, kalitate handiagoko produktuak lortu eta jangaien osasuna bermatzeko prestakuntza hartzen dute.
    • Mendikoiren bitartez, gure baserritarrek ustiategien emaitzak hobetzeko, ingurugiroari erasaten ez dieten ekoizpen teknikak lantzeko, kalitate handiagoko produktuak lortzeko eta jangaien osasuna bermatzeko prestakuntza hartzen dute.
    • Mendikoiren bitartez, gure baserritarrek behar duten prestakuntza hartzen dute, ustiategien emaitzak hobetzeko, ingurugiroari erasaten ez dieten ekoizpen teknikak lantzeko, kalitate handiagoko produktuak lortzeko, eta jangaien osasuna bermatzeko.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Inprimatu

  • Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus