Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea.

Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea.

2004-05-19 / 07:06 / Pruden Gartzia   HIZKUNTZA

Sarritan hitz egiten dugu espainiar nazionalismoaz, batere zehaztu gabe zertaz ari garen. Eta garrantsitzua da argibide batzuk ematea, hots, espainiar nazionalismoa errigorez kritikatzea, aldarrikapen sentimental hutsetatik irten nahi badugu bederen.

Denok dakigunez, tesi hori gutxitan entzuten da bere gordintasun osoan. Aldiz, esparruz esparru aztertuz gero, behin eta berriro baieztatzen da. Adibidez, hona González Ollé-k euskararen eta gaztelaniaren historiaz dioskuna: A mi entender, la situación sociolingüística del reino navarro debía ser ésta: Frente a una población mayoritaria, rural, formada por labradores y pastores, o artesanos y servidores en las villas, de habla vasca, analfabeta, existía un estamento minoritario dirigente, romanizado, urbano (inicialmente al menos, sería preferible decir palaciano y cenobial), de nobleza y clerecía (en el sentido medieval de este término) y, en menor grado, militares subalternos y comerciantes, bilingües, cuyos modelos culturales -la escritura entre ellos- eran de origen latino. Azalpena, teknikoki, orbangabea da, eta nik neuk ere ez nuke arazorik sinatzeko. Arazoa da hortik zenbaitzuk ateratzen dituzten ondorio okerrak. Patxi Ondarraren hitzetan esateko, hainbat politikari oso azeriak izan dira, gezur errentagarriak esan dituzte: azkena, oso anbiguoa: euskera Lingua navarrorum dela ametitzea, baina nafar horiek ez zirela “navarroak”, baizik laborariak. Hau da, laborari eta kulturarik gabekoen hizkuntza. Zehaztapenak ematen hasi eta konturatu orduko gezurraren esparruan sartu gara.

Azalpen akademikoaren eta ondorio politikoen arteko aldea oso da meharra eta problematikoa. Frankismorik gorrienean ere abertzale deklaratua zen Mitxelenak ez zuen ezkutatzen euskararen historia sozial tamalgarria: bere hitzetan, euskara etxebarruko hizkuntza izan da, latinarekin edo gaztelania/frantsesarekin lehiatzen saiatu ez dena. Tesi biribilegia, aukeran, ñabardura batzuk beharko lituzkeena. Baina ukatzen du, hala ere, euskal eliteak beren hizkuntzaz lotsatzen zirenik, azken buruan garraztasun nabarmenez gaineratuz: Resulta sorprendente que los apologistas no cayeran en esta sencilla verdad: que las apreciaciones pesimistas o escépticas acerca del valor de la lengua vasca tenían un fundamento evidente que sólo podía destruirse con su cultivo literario. Axular eta enparauak salbuespenak izan omen ziren eta, sasoi honetan, salbuespen guztiak Iparraldean zeuden; Hegoaldea Esteban Garibai bezalako apologista elkorren menpekoa zen guztiz. Berriki Beñat Oihartzabalek, Lapurdum aldizkarian, zehaztapen garrantzitsuak egin ditu, baina bereziki Iparralderako; Hegoaldean, berriz, euskararen bazterketa goiztarra azpimarratzen du. Hori izan da gure artean azken berrogei urtean gutxienez nagusi izan den azalpen akademikoa, eta hortik nagusiki bi motatako ondorio politikoak atera izan dira: batzuentzat, euskara jakintzaren maila guztietan lantzeko ahalegin borondatetsua, historiaren kontra; besteentzat, euskara bere egoera naturalean atxekitzeko asmoa, unean uneko beroaldi eta zenbaiten seta ulertezina gora-behera. Eta egun, horretan gaude.

Beharbada goiko testuinguruari erreparatuta hobeto ulertzen da Lazarragaren eskuizkribu aurkiberriaren garrantzi itzela. Alegia, azken urteetan zantzu asko pilatzen ari ziren euskararen banaketa sozial hori zalantzan jartzen zutenak, bereziki Ipar Euskal Herrian. Aipatu dugu Oihartzabal eta orain gaineratzen dugu J.M. Floristánek duela hamar urte argitaratu zuela Fontes aldizkarian 1595-1598 bitarteko hogei gutun euskaraz. Horietako bat Nafarroa Behereko aitoren seme batek, Karlos Lüküzekoak, Espainiako errege Filipe II.aren gorteko goi funtzionario bati igorria, hango egoera politikoaren berri emanez. Nafar noble hori ez zen, hain segur, Frantziako handiki bat, baina ezta kapare xumea ere; besteak beste bere alaba bakarra, Katalina, Montmorecy batekin ezkondu zuen, hots, Frantziako nobleziaren etxe ahaltsuenetako partaide batekin. Bada, Katalina hori zen aitaren izenean zihoan gutuna materialki idatzi zuena. Beste hemeretziak Urtubiako andreak idatzi zituen, hau ere etxe noble bateko alaba. Bestalde, badugu bestelako aitoren seme batzuen euskaltasunaren berri, adibidez, Etxauztarrena, zeinetako bati dedikatu zion Axularrek bere liburu ospetsua. Garbi dago sasoi honetan euskara ez zela soilik baserritarren edo apaizen hizkuntza, eta Iparraldeko goi noblezia ere euskalduna zela. Gainera, aspaldi esana dago Iparraldean XVII. mendean idatzi ziren euskal liburuen kontsumitzaile naturalak Donibane Lohitzuneko merkatari eta burgesak zirela. Hor dugu Oihenart eta bere giroa ere. Beraz, sarri errepikatzen zaigunaren kontra, badirudi garbi xamar dagoela XVIII. mendera arte bederen Iparraldean euskara klase sozial guztien hizkuntza zela, ez soilik pobre eta ezjakinena.

Baina Hegoaldean ikuspegi ezkorragoa izan dugu. Egia da badirela hogeita hamar urte baino gehiago Julio Caro Barojak azpimarratu zuela Austria etxeko erregeen zerbitzura zeuden goi funtzionario euskaldunen kopuru handia, ondokoa gaineratuz: Sin duda, todos estos guipuzcoanos metidos en “cosas de pluma”, hablaban con frecuencia en vascuence, que, en casos, podía ser muy bien considerado como lengua secreta: de secretarios. Aitzitik, ez dirudi inork erreparatu zionik Caro Barojak transmititu nahi zuenari, alegia, imaginatzen ote ditugu Madrileko ministerioak agintari eta funtzionario euskaldunez beteak? Agian bai... baina imaginatzen ote ditugu beraien artean euskaraz hizketan, hain zuzen ere sekreturik garrantzitsuenak elkarri kontatzeko eta lobby gisa funtzionatzeko? Bada, hori da Filipe II.aren gortean gertatzen zena, Caro Barojaren arabera. Eta ez dezagun ahantz Lüküzeko jaunak euskaraz idazten bazuen, Madrilen norbaitek ondo baino hobeto ulertzen ziolako zela, eta norbait hori ez zen atezaina edo garbitzailea.

Norbait hori Idiakeztarren bat izan zitekeen. Leinu gizpuzkoar honetako adar biren hiruzpalau kidek zituzten goi-goi mailako ardurak Filipe II.aren gobernuan. Adibidez, Joan Idiakez erregearen idazkari eta Estatuko kontseiluko buru izan zen urte askoan; gaur egun ministro deituko genioke. Ez zen bakarra. Adibidez, Ertzillatarrek ere goi-goi mailako kontaktuak zituzten gortean: Fortun Gartzia Ertzillako Karlos V.aren gertu-gertuko legelaria izan zen, eta haren seme Filipe II.aren irakaslea; bere seme Alonso Ertzilla ume-umetatik printzearekin bizi izan zen eta bidaia guztietan lagundu zion, Italiara, Alemaniara, Ingalaterrara... Gero Amerikara jo zuen eta Txileko konkistan parte hartu ondoren 1569an argitaratu zuen La Araucana izeneko poema epiko ernazentista. Nolako pertsonaia izan zen ikusteko gaineratu dezagun behin batean, Erromatik pasatzean, Aita Santuak audientzian errezibitu zuela eta harekin luze mintzatu zela, bere aita ezaguna izan baitzuen Boloniako unibertsitatetik. Alegia, Ernazimenduan hain tipikoak izan ziren gudari lumazale horietako bat izan zen familiaz, giroz eta bokazioz.

Bada, Ertzilla hau Esteban Garibai arrasatearraren laguna izan zen, haren etxea bisitatu baitzuen 1564an. Biak ziren idazle, Garibaik ere liburu garrantzitsu bat argitaratu baitzuen urte batzuk geroago, 1571an, Compendio historial izenekoa. Gero gortera joan zen bizitzera eta Filipe II.aren kronista ofizial izendatu zuten. Erregezale porrokatua, Grandezas de España izeneko lan historikoen bilduma itzela utzi zuen argitaragabe. Sarritan hitz egiten zuen monarkarekin, honek Frantziako koroaren gain zeuzkan eskubide historikoak argitzeko eskatu baitzion, besteak beste. Ikusten dugun bezala, bazen euskaldunik erregearen gortean.

Jaso dugu gorago Caro Barojaren iritzia jaun hauen jarreraz euskarari buruz: Euskal Herrian jaioek bederen hitzez ez zeukaten ahaztuta eta harro azaltzen ziren beren euskaltasunaz, baina lan literarioak edo historikoak gaztelaniaz idazten zituzten. Elkortasun horretan badira salbuespen txiki batzuk. Alde batetik, Garibaik ohitura handia zeukan bere idazlan historikoetan euskarazko hitz edo bertso zaharrak tartekatzeko; Erdi Aroko euskal epikaren perlarik bikainenetako batzuk horrela ezagutzen ditugu. Baina horretaz gain, 1592an Joan Idiakezek eskatu zion euskarazko atsotitzen bilduma bat osatzea. Ez bat baino bi bidali zizkion, gaztelaniazko itzulpena gaineratuz. XIX. mendeko erdi aldera arte ez ziren argitaratu eta, gure artean, batez ere Julio Urkixoren bidez ezagutzen ditugu.

Eta hara non aurkitzen dugun atsotitz horien artean bat gaurko egunez esanahi berezia hartu duena: Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea. Ez Urkixori ez inori, neuk dakidala, sorrarazi dio komentariorik Arabako herrixka xume hori Garibairen luman Toledo inperialarekin kidetua ikusteak. Gaur egun badakigu nor bizi zen Larrean sasoi honetan zehatz-mehatz: euskal idazle bat, Joan Perez Lazarragako, Larreko dorreko jauna.

Jakin baino susma dezakegunagatik Joan Perez Lazarragako, Larreko dorreko jauna, arestian deskribatu dugun girokoa zen: aitoren seme euskaldun bat, bere gorabidea Espainiako erregearen zerbitzuan ikusten zuena. Jakina denez, Filipe II.a inperio ikarragarri baten monarka zen: lumaz edo ezpataz hari zerbitzea zen orduko euskaldunen ametsik kuttunena, dudarik gabe. Salbuespenak salbuespen, jakina.

Lazarraga leinuaren jatorria Oñatin badago ere, adar batek ehun urte baino gehiago zeraman Larrean. Ez dira handikiak, baina kontaktu onak dituzte, eta arbaso ilustre ezagun bat edo beste. Adibidez, Joan Lopez Lazarragako (kontuz!, Lopez, eta ez Perez), Oñatin geratu zen leinuadar batekoa, erregina Elisabet Katolikoaren Kontulari, Idazkari eta, hil ondoren, haren testamentuaren albazea izan zena. Dirudienez, diru asko bildu zuen bere bizitzan zehar, hainbeste ezen judua izatea leporatu zioten, edo gutxienez juduen ahaidea. Laido ikaragarria juduak ohildu berriak ziren Gaztelako erresuma hartan, areago Erregina Katolikoaren zerbitzari txit deboto batentzat. Agian horregatik utzi zuen testamentuan egundoko dirutzak Oñatin dagoen Bidaurretako komentua egiteko, Errege Katolikoen bost armarri handiz apainduta aurretik, atzetik eta errepidera ematen duen aldamenetik.

Horregatik ere, besteak beste, haren leinukoa zen Joan Perez jaun euskaltzaleak idatzi zuen Genealogia bat argi eta garbi erakusteko ezkontza tamalgarri baten ondorioz bazela Lazarragatarren artean leinuadar bat juduekin batua edo zikindua, baina adar horrek ez zuela inolako zerikusirik besteekin. Izan ere, gorago esan dugunez, Joan Perezek guztiz bat egiten du sasoi horretako zaldun euskaldunen balio eta mundu-ikuskerarekin: odol-garbitasuna, noblezia, erlijioa, erregearen zerbitzua... Gutxi gorabehera bere ahaide Esteban Garibaik bezala. Eta ahaideak esan dugu zeren elkarren ondoan daude, Oñatin, Garibaitarren eta Lazarragatarren oinetxeak, eta gutxienez XV. mende hasieratik elkarren artean ezkontzen zirelako; hain ziren elkarren arteko ezen sarritan bi leinu baino bat dela dirudien.

Beraz, Esteban eta Joan ahaideak ziren eta, gaineratzen dut, zantzu garbiak ditugu ondorioztatzeko elkar ezagutzen zutela. Izan ere, biek zuten Historiarako zaletasuna. Hamabost bat urte zaharragoa zen Garibairen kasuan, bokazioa lanbide bihurtu zitzaion ahalegin borondatetsu bati esker: 1571an, hogeita hemezortzi urterekin, Espainiako Historiari buruzko liburu mardul bat (Compendio historial izenez ezaguna) argitaratu zuen Anberesen, eta hortik aurrera hasi zen bere gorabidea, erregearen kronista izendatua izan arte 1592an. Ordura arte bere jaioterrian, Arrasaten, bizi izan zen. Ikasi ere gertu-gertu: Oñatiko unibertsitate sortuberrian. Baina bere asmoak eta gogoak gorago jotzen zuten: Anberesetik bueltan alargundu eta Toledora joan zen bizitzera; hantxe hasi zen Gorteko euskaldunen tratua sistematikoki lantzen, batez ere Idiakeztarrena. Urte batzuk geroago Madrilera aldatzen da eta han, azkenean, eskuratzen du bere helburu handia, ziur aski Joan Idiakezi esker. Genealogiatan espezializatu zen, bereziki Nafarroako eta Frantziako erregeena. Ez da harritzekoa, kontuan harturik sasoi horretan Nafarroako errege legitimoa zen Henrike III.a, Joana Albret gogoangarriaren semea, Frantziako errege bihurtu zela Paris eskuratuz meza baten ordainez. Aldiz, ez da hain ezaguna Filipe II.a Espainiakoak ere Frantziako koroa pretenditu izan zuela, beretzat edo bere alaba batentzat, Pirinioz haratagoko lurretako gerra zibilean ausarki esku hartuz. Bada, Garibairen lana izan zen espainiar erregearen asmoei oinarri historiografikoa ematea. Eta gustura betetzen zuela esan daiteke.

Bitartean ezer gutxi dakigu Joani buruz. Badirudi bere gurasoak 1546an ezkondu zirela eta, beraz, jo dezagun bera 1547-49 artean jaio zela; ez geroago, zeren badirudi euskarazko eskuizkribua gehienez ere 1567koa dela. Beraz, hemezortzi-hogei urte zituela idatzi zituen ezagutzen dizkiogun literatur lanak. Adin horretan, ziurrenik, unibertsitatean ariko zen ikasten. Oñatin, bere ahaide Estebanek bezala? Froga materialen faltan, hori da hipotesirik probableena: gertu-gertuko lekua zen eta, gainera, ahaideren batzuen begipean egongo zen beti. Gainera, ez dezagun ahantz familia noblea zela, baina ez dirudiela bereziki aberatsa. Esteban bezala Historiazalea zen, baina bere leinuarena idazteaz konformatu zen, goragoko asmorik gabe; ez zuen inoiz argitaratu eta gaur egun eskuzko zenbait kopiaren bidez ezagutzen dugu.

Zeren Joanen ametsa idazlea izatea da: Fama handia zatoz nigana, arren zaazkit lagundu, mundu guztiko erreinuetan, laster egizu famatu. Urte haietako idazle ospetsuren bat izan daiteke bere eredua, Ernazimenduan hain tipikoak izan ziren zaldun poeta horietakoren bat, adibidez, poema batean aipatzen duen Garcilaso edo, hobe, Jorge de Montemayor, 1561ean hila eta ondoko hamarkadan bere famaren erpinean zegoena. Azter dezagun bereziki haren La Diana izeneko artzain-nobela, Espainian genero hori fundatu zuena egundoko arrakasta erdietsiz: 1559an idatzia, XVI. mendean hogei ediziotik gora izan zituen gaztelaniaz, sei frantsesez eta bi alemanez. Generoa tipikoki ernazentista kontsideratzen da, Virgilioren eta Petrarcaren lirikatik jariatua eta, egia esan, ezaguna eta ezinago arrakastatsua zen: Jacope Sannazaro italiarrak gaztetan idatzitako Arcadia-k, Diana-ren iturri zuzena, hirurogei edizio izan zituen XVI. mendean. Jakina, imitatzaileak samaldaka sortu ziren: Montemayorrek berak aipatu ditugun edizio eta itzulpenez gain hiru plagiario zuzen izan zituen, Diana-ren jarraipenak idatzi zituztenak, horietako bi 1564an argitaratu zirelarik. Bada, gaur egun badakigu hain zuzen ere 1564-67 bitartean beste imitatzaile bat ere izan zuela, oraingoan euskaraz: Joan Perez Lazarragako, zeinaren euskarazko eskuizkribuan agertzen den artzain-nobela bete-betean kontsidera daitekeen Montemayorrenaren imitazio bat. Garbi dago ez zela salbuespena, eta imitatzailea izateak ez du zertan ekarri kaskarragoa izatea: La Diana-ren imitazioak izan ziren ere Lope de Vegaren La Arcadia eta Cervantesen La Galatea, kasu bietan beren lehen-lehen lan literarioak izan zirenak, 1580ko hamarkadan burutuak.

Gainera, lehendik ere ezagutzen genuen Jorge de Montemayorren itzala euskal literaturan. Jose Antonio Arana Martixaren iritziz, Gernika eta bere inguruetan egun bizirik dauden Marijesien jatorria beronen eta antzeko beste idazle batzuen lanetan arakatu behar da. Ziur nago ni, bestalde, haren Cancionero-a aztertzeak argibide handiak ekarriko lizkigukeela Lazarragaren eskuizkribuan agertzen diren poemei buruz. Ez soilik alderdi estetikotik, baita historikotik ere: adibidez, 1562an bigarren edizioa argitaratu zenean (ziur aski Lazarragak ezagutuko zuena) aurreko edizioko poema erlijioso guztiak kendu egin ziren, urte pare bat lehenago Inkisizioak debekatu zituelako. Giro horretan, kasualitatea ote da Lazarragaren eskuizkribuan dauden poema erlijiosoak gaztelaniaz egotea, eta maitasunezkoak euskaraz?

Beste hitz batzuetan: zergatik Joanek ez zuen bere eskuizkribua argitaratu? Ba ote du zerikusirik 1568tik aurrera Filipe erregeak daraman politika antiprotestante gogorrak? Ez ahantz Nafarroako erregina legitimoa protestantea zela eta euskarazko propaganda bultzatzen zuela, 1571an Leizarragaren Testamentu Berria argitararaziz demostratuko zuen bezala. Gogora urte horretan gertatzen dela Lepantoko gudua, eta berehala erregeak bere anaia zen don Juan de Austria Flandriara igorriko duela, errebeldeak zapaltzera. Zer pentsatuko zuen horretaz don Juan de Austria horri poema bat dedikatu zion gure Joan Perez euskaltzaleak?

Konturatu orduko literaturatik politikara lerratu gara. Espainiako erregea eta bere politika. Hala zuzentzen zaio gure Joan gaztea: Oi Gaztelako errege jauna, erregeagaz ikasu, zeure gortean dama ederrik, nola batere ez dozun, zergaitik Euskal Herrian dira, eder guztiok dotadu. Ez, Estebanek ez bezala, Joanek ez du gortera joateko irrikarik, Euskal Herrian bizi nahi du, euskal letrak landu, mundu guztian ezagutarazi. Eta horretan bat egiten du Bernat Etxeparek hogei urte lehenago (1545) esandakoarekin: Euskaldun den gizon orok altxa beza burua, ezi hauen lengoajea izanen da floria, Printze eta jaun handiek orok haren galdea, izkribatuz ahal balute ikasteko desira. Xabier Kintanak plazaratu du Etxepare eta Lazarragaren arteko kidetasuna; neuk pauso bat gehiago emango nuke, gaineratuz bien asmoek bat egiten dutela euskal letren alde eta Esteban Garibai bezalako apologista elkorren aurka. Kasu, hirurak ziren Gaztelako errege katolikoaren miresle eta Nafarroako errege-erregin protestantearen kontrako; euskarari buruzko iritzietan banatzen dira, ez politikan.

Bada, gure Joan gaztea euskal Parnaso bat sortzeko ahaleginetan dabilen bitartean, bere ahaide Esteban gogor ari da lanean erregearen gortean postu bat eskuratzeko. Eta baditugu arrazoiak pentsatzeko (orain denak plazaratuko ez baditugu ere) Garibaik Lazarraga pertsonalki ezagutzen zuela eta mespretxatzen zuela. Adibidez, artikuluari izenburua ematen dion atsotitza: Larrea Burgos baino hobea, Toledoren kidea. Iruzkin hau gehitzen dio arrasatearrak: Dicen con ironía a los que las cosas pequeñas quieren hacer grandes sin la debida consideración de lo que hablan. Esteban Toledon bizi zen eta Joan Larrean. Ez da harritzekoa bere ahaidearen goiasmo literarioez trufa egitea eta pragmatismo politiko elkor bezain harroputz batean murgiltzea. Ezaguna denez, bizi zelarik Joanek ez zuen ezer argitaratu eta bere leinuaren zuhaitz genealogikoan Poeta ezizenez agertzen da.

Zorakeria litzateke bikote horren balizko harremanetatik gaur egunerako baliagarriak liratekeen ondorio politikoak atera nahi izatea. Zorakeria den bezala euskararen historia soziala ikertu gabe euskarari buruz, dela maila akademikoan, dela maila politikoan, ganorazko ezer esan nahi izatea. Euskara ez baita naturalki baserritar ezjakinen eta apaiz retrogradoen hizkuntza, ez lehen, ez orain eta, espero dezagun, ez gero.


(PRUDEN GARTZIA, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da)

  • Estrainezkoz Berrian argitaratua, 2004-04-08an eta 09an.

Lazarragaren eskuizkribuari buruz orain arte argitaratu ditugun artikuluak (ikusteko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus