Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Normaltasuna normaltasunez

Normaltasuna normaltasunez

2004-03-24 / 08:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Lehengo egunean entzun nuen telebistan, gure esatari onenetako baten ahotik gainera, normaltasunez. Edozeini itzuri dakizkioke horrelakoak. Baina kontua da hainbat esatarik hitzean eta hortzean erabiltzen dutela, eta idatziz ere nonahi ikusten dela, batez ere halamoduzko idazleen artean. Izan ere, normaltasunez hori euskararen egoera tristearen adierazgarri bikaina da.

Gaztelaniaz hain normal erabiltzen den normalidad hori ez da batere normala frantsesez edo ingelesez: normalité eta normality badira, izan, hizkuntza horietan, baina oso maila berezia dute eta ez dira eguneroko hizkuntzako inongo esapidetan erabiltzen. Esaterako, frantsesez ez du zentzurik avec normalité esateak, ez ingelesez with normality. Are gehiago, volver a la normalidad, frantsesez revenir à la normale, edo redevenir normal da besterik gabe, eta orobat ingelesez, to return to normal. Ildo honetatik, aipagarria da betiko euskaran normal erabili dutela eta erabiltzen dutela frantsesezko eta ingelesezko horien tankerako esaldietan: manifestaziñua normal joan da ikus daiteke Orotariko Euskal Hiztegian, adibidez, Bergarako hizkeratik Elexpuruk jasoa; eta normal erabiltzen ez duten euskaldun petoek ohi bezala, gorabeherarik gabe, ezustekorik gabe... erabiltzen dute.

Horien ordez normaltasunez klonikoa erabiltzeak zer abantaila du euskara batuarentzat? Desabantailak, aldiz, nabariak dira: alde batetik, euskaraz ongi mintzatzen direnekiko lotura eteten da: horrelako berrikeriek ematen diote euskara batuari -edo “gaurko” euskarari- askotan salatu den arroztasuna. Bestetik, ez da hizkuntzaren “jasotasuna” lortzen, jasotasuna espainolaren jardunak bakarrik markatzen ez badu bederen. Pedantekeria arrotza: horra zer lortzen dugun normaltasunez bezalako bitxikeriekin.

Pentsatzen dut hainbat kazetari eta idazle ariko direla honezkero bere artean esaten: “bai, bai, baina nola moldatu behar dut, las elecciones transcurrieron en la más absoluta normalidad, edo normalidad en las carreteras vascas euskaraz emateko?”. Bada, eta barka Pernandoren egia, euskaraz horrelakoak nola esan izan diren ikasiz. Nik, adibidez, “hauteskundeak inongo gorabeherarik gabe gertatu ziren”, eta “egoera normala / zirkulazio normala euskal errepideetan” edo antzeko zerbait esango nuke, horiek ateratzen baitzaizkit barrendik, erdarazkoen ordain gisa; baina ziur nago ez direla modu bakarrak eta egokiagoak ere, noski, izango direla.

Pentsatzen dut, orobat, bati baino gehiagori iheskeriak irudiko zaizkiola nire ordainak. Eta iheskeria irudituko zaio orobat “baretasuna erabatekoa da berriro probintzian” ematen badiot la vuelta a la normalidad es completa en la provincia esaldiaren itzulpen gisa. Agian zer pentsatua emango dio jakiteak esaldia gaztelania-ingelesa hiztegi bikain batetik atera dudala, eta hiztegi horrek ingelesezko ordain hau ematen diola: calm has been completely restored in the province. Nire euskarazkoa, bistan denez, ez da ingelesezkoaren itzulpen bat besterik.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Lehengo egunean
2004-03-26 / 11:53 / Andoni Sarriegi Eskisabel

Nik ez dut gai hori arakatu baina Ibon, zuk diozuna arrazoizkoa dela iruditzen zait. Gauza asko ari gara horrelaxe premiarik gabe geureganatzen edota genituenak nahasten, egunero espaineraren eta Espainiako joeren erreferentzia hutsez jokatzeagatik. Hedabideak dira agian horren lekukorik nabarmenenak.

Bada, ordea, zure idatzian harritu nauen beste gauza bat, hasierako LEHENGO EGUNEAN. Badakit hiztegi batzuetan ere agertzen dela, baina hori niretzat zeharo arrotza da (ez entzutez edo ikustez, sobera entzuten eta ikusten dudalako, baina bai belarrirako eta bistarako). Hori horrela, gure ume-garaian, kalekume sasi-euskaldunek esaten zuten eta inoiz ez euskaldun petoek. Nik LEHENGOrekin beti LEHENGO BATEAN entzun izan dut edo LEHENGOAN soilik, baina ez EGUN hitzarekin. AURREKO BATEAN edo AURREKOAN soilik ere esan izan dugu, baina BAT horrek euskaraz kasu horietan duen mugagabetasun-zentzua ez dio ematen EGUNEAN izen mugatu zehatzak LEHENGOri ondoan jarrita.

Hori bai, LEHENGO EGUN BATEAN, AURREKO EGUN BATEAN bai, esan izan ditugu, baina horietan BAT hitzaren mugagabetasun-zentzu horrek jartzen du esaldia bere lekuan nire ustez. LEHENGO EGUNEAN niretzat eta nire inguruko euskaldun petoentzat, sasi-euskaldunen berrikeria zahar samarra da.

(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Euskara Zerbitzuko arduraduna da)

 
"Lehengo egunean" euskaldun petoek ere erabiltzen dute
2004-03-27 / 12:41 / Raul Iglesias Alvarez

Andoni Sarriegiri erantzunez...:

Bat nator zurekin askotan erdarakada gehiegi erabiltzen ditugula esaten duzunean, baina ez nator bat esaten duzunean LEHENGO EGUNEAN euskaldun petoek ez dutela erabiltzen (edo ez zutela erabiltzen). Agian zure inguruan ez dago (edo ez zegoen) esapide hori erabiltzeko ohiturarik. Gipuzkoako hainbat lekutan erabiltzen genuen. Orotariko Euskal Hiztegian uste dut horrelako adibide asko daudela.

Beste gauza bat da orain erabiltzen duten "Beste egunean" (el otro día): esapide horrek nire iritziz bai ez duela inongo tradiziorik.

Nire aburuz, askotan nahasten ditugu geure joerak (normalean erabiltzen dugun euskara) eta euskara egokia. Maiz Iparraldeko forma askok edo Euskaltzaindiak hobetsitako forma askok "min egiten didate belarrira" baina horrek ez du esan nahi gaizki daudenik. Adib. jolastu naiz (eta ez dut); afaldu naiz... Nik jolastu dut eta afaldu dut esaten dut. Aurrenekoa (dut) gaizki dago Euskaltzaindiarentzat eta bigarrenean biak daude ongi (naiz; dut)....

(RAUL IGLESIAS ALVAREZ Euskal Filologian lizentziaduna da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus