Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ohatilak

Ohatilak

2004-03-17 / 07:04 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Duela gutxiko Madrileko hilkintza lazgarriak, gutxitan erabiltzen diren hitzak ekarri ditu gure hedabideetara. Horien artean bada bat, gutxienez, iruzkina merezi duena, ohatila.

Neskatila alde batera uzten badugu, bi hitz daude gure tradizioan -tila dutenak bigarren osagarri gisa: kutxatila eta leihatila. Biak biltzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, -lehena nakar sarreran, eta bigarrena berezko sarrera gisa- biek baitute, Hegoaldean bakarrik bada ere, tradizio aipagarria ahoz eta izkribuz.

Gero, euskara batua tankeratzeko urteetan, gaztelania gidari hartuta “euskal” hitzak sortzeko joeraren barruan, beste zenbait –tila-dun sortu ziren: orgatila eta ohatila adibidez. Prozedura argi dago: hartzen dira gaztelaniaz -illa atzizkia duten hitz eratorriak –carretilla, camilla–, euskal erroari –orga, ohe, hurrenez hurren- eransten zaie -tila atzizkia eta hor ditugu haien ordainezko hitzak.

Orgatila-ri dagokionez, ez du aipatzen Hiztegi Batuak, noski; karretila berariaz gaitzesten du, ordain gisa eskorga emanaz. Orgatxo ere ematen du Hiztegi Batuak. Aipagarria da hori, ez baititu Euskaltzaindiaren hiztegiak txikigarriak jasotzen: gurditxo, adibidez, ez du aurkituko han irakurleak. Nire ustez, argi dago orgatxo hiztegiratzean Euskaltzaindiak beste aukerabide bat eskaini nahi zuela carretilla-ren ordain.

Ohatilari dagokionez, ez dago horren arrastorik Hiztegi Batuan, baina ezta camilla-ren inongo ordainen aztarrenik ere. Ordain egoki bila hasi aurretik kontuan izan behar genuke camilla frantsesez brancard dela, eta stretcher ingelesez. Ohe frantsesez lit eta ingelesez bed denez gero, argi dago hizkuntza horiek ez dutela delako tresna ohearekin lotzen, eta hortaz, nabariago gertatzen da ohatilak espainolarekin duen erabateko morrontza; eta morrontza horrek berak harrapatzen ditu esku-ohe bezalakoak: azken batean gaztelaniaren mundu ikuskeran, nolabait esan, segituko genuke horrelakoekin.

Irtenbide egokiena andak da, nire ustez. Tradizio aski egokia du hitzak Ipar eta Hegoaldean, eta, gaur egun ere, Ereduzko Prosa Gaur-en, adibidez, ikus daitekeenez, aski erabilia da. Beste kontu bat ere izan behar da gogoan camillei dagokienez. Frantsesak eta ingelesak eskuzko camilla eta erietxeetako gurpilduna bereizten dituzte: bigarren hori frantsesez civière da, eta ingelesez hospital trolley. Bereizketa egitekotan, eta egin behar litzateke nire ustean, anda gurpildunak proposatuko nuke erietxeetako anda horien euskal ordain gisa.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus