Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Langile-sindikatuak eta euskararen normalizazioa

Langile-sindikatuak eta euskararen normalizazioa

2004-03-15 / 07:04 / ELA eta LAB langile-sindikatuak   ENPRESA

Euskararen erabilera nabarmen txikiagoa da esparru sozio-ekonomikoan eta lan munduan, beste eremu batzuetan baino. Izan ere, gaur egun, euskararen normalizazioaren erronka nagusia lan harremanetan dagoela esan dezakegu.

Normalizazioaren helburua ez litzateke soilik langileak euskalduntzea, baizik eta, barne zein kanpoko lan harremanetan euskararen erabilera bermatzeko baldintza egokiak sortzea, euskara lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza bihur dadin.

Egoera honen arrazoiak askotarikoak dira, eta horien artean administrazioaren borondate politikoaren nahikotasun eza eta normalizazio politika orokorraren porrota aipatu behar dira, batez ere.

Hala ere, sindikatuok, lan eta gizarte eragile garen aldetik, geure erantzunkizuna aitortu beharrean gaude.

Ondorengo lerroak bi atal nagusitan banatuko ditugu: alde batetik, eragile sozial garen aldetik dagokigun papera azalduko dugu, eta bestetik, lan eragile garen aldetik zein izan den sindikatuon orain arteko jarduera, eta aurrerantzean aurreikusten duguna.

Sindikatuak gizarte eragile

Esparru honetan esan dezakegu azken urteotan Euskal Herrian euskararen alde egindako ekimenetan, eta baita, euskalgintzak jasan dituen erasoen aurka ere, paper garrantzitsua jokagu dugula ELA eta LABek. Adibideak ugariak dira: Kontseilua (“Bai Euskarari” ekimenari laguntza, lan orduaren kanpaina); Euskaldunon Egunkaria ixtearen aurrean gehiengo sindikalaren erantzuna (ordubeteko lanuztea eta “La Casilla”ko ekitaldia); Berriaren sorreran diru bilketak sindikatuetan eta enpresetan; Korrika; Ikastolen aldeko ekitaldiak; Oinarriak Nafarroan...

Ondorio gisa esan dezakegu, gizarte mailan sortzen diren aldarrikapenekin inplikazio garrantzitsua izan dugula, badugula, eta aurrerantzean ere izango dugula.

Sindikatuok eragile laboral

Gure hutsunerik nagusienak esparru honetan daude. Normalizazio linguistikoaren kezka eta dinamikak ez dira oraindik lan munduaren hainbat esparrutara iritsi. Argi dago hor gauden eragileok erantzunkizun zuzena dugula honetan: Administrazioak (enplegatzaile den aldetik eta arduradun politiko gisa); enpresarien elkarteak (Confebask, Cen, Medef), eta, noski, baita sindikatuok ere. Sindikatu garen aldetik, enpresetan, negoziazio kolektiboan, maila interprofesionalean... ez dugu euskararen normalizazioaren inguruan erantzunkizun zuzenik hartu.

Zer da orain arte egin duguna?

Arlo publikoari dagokionez, eta nahiz eta hainbat nortasun juridiko-politikoen aurrean egoteak euskara lan harremanetarako hizkuntza bezala aztertzea zaildu, sindikatuon ekintza eta eragina nabarmena izan dela esan dezakegu esparru honetan, bai tokiko egituretan, eta baita egitura konfederalean ere. Esate baterako, udal administrazioak euskalduntzearen alde, irakaskuntza sistema euskalduntzearen alde, Osakidetza euskalduntzeko dekretuaren eta planaren alde, Osasunbidean hizkuntza eskubideak bermatzearen alde, Nafarroako beste hainbat administraziotan izandako erasoen aurka... eta abar.

Arlo pribatuan, urte askotan noraezean ibili garela aitortu beharrean gaude, eta egindakoa tokian tokiko egituretatik sortutako ekimen partikularrei esker egin dela (bai langileen, bai enpresarien aldetik). Enpresetan euskararen normalizazioari buruzko kezka eta eskaera aspaldidanik egon da, han eta hemen, langile eta afiliatuen aldetik. Hala ere, sindikatuok ez dugu jakin kezka hori behar bezala lantzen eta bideratzen.

Enpresetan bi errealitaterekin egiten dugu topo: enpresa askotan euskararen inguruko klausulak egon badaude, baina oso azterketa azalekoarekin. Bestalde, oso enpresa gutxik aztertu du enpresaren funtzionamendua euskaraz izateko egin beharrekoa.

Esan bezala, egitura konfederaletik euskararen gaiarekin arlo pribatuan eta eragile laboral garen aldetik egindakoa eskasa izan da erabat. Ez hutsa, hala ere, izan baitira hainbat ekimen, hala nola 90eko hamarkadan hainbat urtez tajututako kanpainak (gaur egun ezinezko izango liratekeenak, ezinezkoa delako urte haietan gai honen inguruan emandako elkarlan sindikala eta Administrazioaren inplikazioa).

Zer egiten ari gara?

Lan munduaren normalizazio linguistikoaren hausnarketan aurrerapenak ematen hasiak gaude, eta horretan lagungarria izan da bai ELAk eta bai LABek normalizazio plan propioak izatea, onartu berriak edo aurreratuagoak.

Egoera honekin kezkatuta, eta dagokigun erantzunkizuna hartzeko asmoarekin, ELAk eta LABek elkarrekin lanean dihardugu lan munduan euskararen normalizazioaren inguruan lan bateratu bat egin nahian.

ELA, LAB eta ESKren arteko 2003. urteko negoziazio kolektiboari buruzko akordio konfederalean ondorengoa jaso genuen: “enpresetan euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta horretarako urrats eraginkorrak emateko garaia da, proposamen eta konpromisu zehatzak ezarriz. Bereziki, eta konpromisu honen marko orokor bezala, sektore eta enpresetako hitzarmenetan euskararen erabilpenaren normalizazioa bultzatzeko akordio interkonfederala proposatzen da”.

2004. urte honetan harantzago joan gara, eta horrela dio aurtengo negoziazio kolektiborako akordioak: “Enpresetan hizkuntza-normalizazio planei ekitea, euskara hitzez eta idatziz bai ohiko jardunetan, bai barne-nahiz kanpo-harremanetan erabiltze aldera”.

Gure hausnarketa egun dauden baliabideen egokitasunean ardaztu dugu eta guk eman nahi ditugun urratsetarako baliagarriak diren ala ez.

Lan munduan baliabide nagusienetako bat legea da. Gure esparruan hiru maila bereiz ditzakegu:

  1. Lege orokorra, euskarari buruzkoa. Ez du balio guk nahi dugun helburua lortzeko.
  2. Hitzarmen sektorialak. Zaila da zehaztapenetan sartzea, edozein hitzarmenetan enpresen arteko desoreka oso handia baita. Hitzarmen hauek zabalkunderako, gizarteratzeko, irizpideak finkatzeko... balio dezakete. Horretarako formularik egokienak aurkitu nahi ditugu.
  3. Enpresa hitzarmenak edo paktuak. Guretzat maila hau oso garrantzitsua da, hauen bitartez edozein enpresatako joko arauak finkatu ahal direlako. Garrantzia ematen diegu enpresa handietan normalizazio linguistikoa eman ahal izateko. Beraz, normalizazioaren inguruan urrats eraginkorrak emateko esparrua enpresak direla esan dezakegu. Enpresan dauden eragile guztiek normalizazioaren beharra barneratu behar dute. Alde batetik, langileek, normalizazio plan batean aktiboki parte hartzeko borondatea eta nahia izan behar dute, euskara lan hizkuntza bezala erabiltzeko aukera baikorki baloratuz. Bestetik, zuzendaritzak ere lan eta ekonomia harremanak euskaraz garatzea enpresaren produktuari kalitatea eransten dion plus bezala ikusi behar dute, prozesu baten ostean.

Hausnarketaren bigarren ardatza, egun dauden gune sozioekonomikoek dituzten betebeharrei buruzkoa eta sortu beharreko baliabide berriei buruzkoa da.

Egun, lan munduari dagokionez, ez dago organo bat bera ere Euskal Herriko lurraldetasuna bere osotasunean hartzen duenik. Baditugu Kontseilu Ekonomiko eta Sozial (erderaz CES) bikoitza, Lan Harremanetarako Kontseilua (Autonomia Erkidegoan), Hobetuz (Autonomia Erkidegoan) eta Garapen Kontseilua (Iparraldean). Egoera honek zaildu egiten du azterketa eta proiektu orokor bat egitearen aukera, administrazioekin kontatu nahi bada behintzat. Beraz, administrazioen inplikazioa nahi badugu (eta behar dugu), irudimena landu beharko dugu eta dagoen zatiketa juridiko-administratibotik abiatu beharko dugu.

Hausnarketa hau egiterakoan garrantzi handia ematen diogu egun Autonomia Erkidegoan dagoen Lan Harremanetarako Kontseiluak joka dezakeen paperari, gure ustetan gune honetan hausnarketa fase bat ireki behar baitugu.

Aurrera begira

Aurrera begira, sei arlotan lan egitea aurreikusten ari gara.

  1. Diskurtsoaren arloan. Euskarak eta euskararen normalizazioak zergatik izan behar duten tokia enpresetan azalduko duen argumentazioa eta diskurtsoa landu nahi ditugu, eta ondoren sozializatu.
  2. Legearen arloan. Hitzarmen sektorialetan eta enpresa paktuetan hizkuntzaren normalizaziorako klausulak sartu nahi ditugu progresiboki. Bestalde, lege orokorren aukerak baliatu nahi ditugu gure eskaerak babesteko (adibidez, kontsumitzaileen legea).
  3. Instituzionalizatzearen mailan. Lehen esandakoaren ildotik, lan munduan normalizazioaren inguruan nolabaiteko babes edo marko instituzionalizatu bat landu nahi dugu, maila interprofesionalean. Maila interprofesionalari buruz ari garenean, sindikatu, patronal eta administrazioa gauden esparruari buruz ari gara. E.A.E.-ren kasuan, Lan Harremanen Kontseilua, hain zuzen.

    Akordio hau ez litzateke aldarrikapen programatiko edo instituzional soil bat, zehatzagoa izan behar luke. Bere edukiaren gauzapena enpresa zehatzetan eman beharko litzateke, hauetan hartuz beharrezkoak diren konpromisoak, beti ere Lan Harremanetarako Kontseikuan (LHK) onartutako akordioaren ildo nagusiak kontutan izanik.

    Akordio hau, gainera, lagungarri izan daiteke euskara lan munduan garatzeko erakunde espezifiko bat sortzeko asmoarentzat.

  4. Ekintzen arloan. Normalizazio planak aurrera eraman daitezkeen enpresen aukeraketa egin nahi dugu, eta esperientzia bezala normalizaziorako iniziatibak bultzatzen hasi.
  5. Gizarteratzearen arloan. Enpresetan gaia gizarteratzen lagunduko duen kanpaina bat burutu nahi dugu.
  6. Hausnarketaren arloan. Normalizazioaren inguruan sindikatuon egitekoa sakontzeko jardunaldiak antolatu nahi ditugu.

Hasi besterik ez gara egin. Bai ELAn eta bai LABen argi dugu egin nahi dugunaren eta egin dezakegunaren artean oreka aurkitzea oso garrantzitsua dela, eta zailtasunak ere ugari direla. Ea nola lortzen dugun apustu ezberdinetatik beste atalak bultzatzea eta azkenean lan munduaren normalizazio linguistikoaren gurpilak abiadura hartzea.

Gurpil horretan sartzen dugu ekonomia sozialak egun eta aurrera begira joka dezakeen papera. Egia da sindikatuok hor gutxi daukagula esateko, baina gure ustetan gure arteko elkarlanerako bideak eta guneak bilatu behar ditugu.

Hala izan bedi!


(LEIRE TXAKARTEGI IRAMATEGI ELAko Batzorde Eragilearen kide da eta JABI GARNIKA ANDUEZA LABeko Komite Exekutiboaren kide da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus