Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lazarragaren eskuizkribuaren atariko filologia-azterketa

Lazarragaren eskuizkribuaren atariko filologia-azterketa

2004-02-20 / 10:20 / Joseba Lakarra Andrinua   KULTURA

Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntza euskal testu-tradizioan eta euskal kulturan oro har, aspaldian izandako ez eze amestutako garrantzitsuena dugula esatean ez da arrisku larririk.

Bai edukinagatik –bereziki bertako artzain-eleberriarengatik eta hainbat poesiarengatik– eta bai bere euskararengatik –Arabaren ipar-ekialdeko euskara oso arkaikoarengatik– Gipuzkoako Diputazioak euskalarien eskuetan jartzen duen altxorrak lehendik genituen zalantza eta galdera zenbait erantzun eta beste berri anitz sortzen ditu, benetako edozein aitzinamenduk ohi gisa.

Saiatuko naiz ondoko hitzetan Juan Perez Lazarragakoren eskuizkribuak kantitatean zein kalitatean euskal literaturaren historiaren ikerketan zein hizkuntzarenean nolako pisua duen eta nolako jauzia egiten lagun gaitzakeen. Astia eta egokieraren arabera kontu gehienak axal-axaletik baino ezingo ditut ukitu, bestetarako utziaz azalpen sakonagoak edo bibilografiaren eztabaida. Egia esan, berehalakoan ohartuko zaretenez ene helburua lortzen aski erraz behar luke, ia itsuak ere jabe baitaitezke ondorioez. Begirik duenak bekus, bada.

Literaturaz eta testu altxor zaharraz.

Gauza ezaguna da euskara idatzia berankorra eta urria dela; areago dena, lekukotasun horiek ez dute islatzen hein handi batean hizkera molde zenbait baino, eta ez dira behar adina ezagun. Labur esanda, 1630 aldera (Ziburuko Etxeberrirekin) ezar bageneza “euskara arkaikoaren” eta “euskara zahar eta klasikoaren” arteko gutxi-gora-beherako muga, ondokoa genuke data horren aurretik:

  • a) Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545). Poesia.
  • b) Leizarragaren Testamentu Berria eta gainerako itzulpenak (1571). Prosa.
  • c) Refranes y Sentencias (1596). Errefrauak.
  • d) Betolatzaren dotrina (1596). Prosa.
  • e) Materreren dotrina (1617). Prosa.
  • f) Beriainen dotrina eta Tratadoa (1621-1626). Prosa.

Horiek orduan argitaratuen artean; ordukoak baina 19. mendean argitaratuak genituzke Garibairen errefrauak, eta badira orduko erdal testu zabalagoen artean emanak edo oraintsu arte eskuizkribatuak genituen eta Mitxelenak eta Sarasolak bilduak. Tankerari so egiten badiogu liburu kopuruan eta, batez ere, orrialdeenean, gehienak prosa erlijiozko itzulian ditugu (5/7tik, 1500/1600 orrialdetik edo). Bada Lazarragaren eskuizkribuak ia 100 orrialde gorde dizkigu prosa eta poesian, 16. mendean inprimatutako ia guztiaren pare.

Ondoko mendeak 20.era arte begira bagenitza, aspaldi Ibar eta Sarasolak emandako tauletan ez bide genuke aldaketa erabatekorik aurkituko. Egia esan, inguruetako tradizio idatzia ez da zeharo alderantzizkoa proportzioan, baina bertan “letra ederrak” deitu ahal ditugun eta ikertu ohi diren ia bakarrak ugari dira zifra absolutoetan. Bestalde, berankortasunari dagokionez Europan bertan ere Baltiko aldean edo Balkanetan antzeko asko aurkitu ahalko genuke eta munduko sei mila hizkuntzak kontuan hartuaz gero, euskara idatzia oso zahar eta ugaria bide genuke.

Goiko liburu horien jatorriari dagokionez, gehienak iparraldekoak dira eta oso urri eta bitxiak 16. mendeko hegoaldeko biak. Egia da badela zenbait poesia landu eta herrikoi oso interesgarri (“Arrasateko Erreketaren Kantua”, “Milia Lasturkoarena”, etab.), mendebaleko euskaraz -eta etenik gabe hortik aurrera- baina ezer gutxi Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroakoetan. Azken horretan badira lehen aipatu Beriainen liburuak 17. mendean baina horiek ere bakan dira eta jauzi larria da Elizalderen 1735eko dotrina laburrera heldu bitartean; Otxoa-Arin (1713) aurreko Gipuzkoako guztia bost-sei prosa orrialdetan sar bide genezake, aurki Fidel Altunak besterik badakarke ere; Araban (oraingoz alde batera uzten dut Landucciren Dictionarium Linguae Cantabricae, 1562koa baina Mitxelenak eta Agudek 1958an argitaratua), Portalen 1610eko poesiaz landa, 1770era edo itxadon behar dugu Gamizen euskarazko 3-4 orrialde poesian aurkitzeko. Iparraldean bertan ez da zubererazko ezer larririk 16. mendean eta Etxeparez geroz asko itxadon behar da hurrengoa aurkitzeko baxenafarreraz; lapurtera litzateke Materrez geroz eten handirik gabe 18.era eta gerora ere iristen den bakarra.

Trentok txikiratutako literatura bide da gurea: hortik datarengatik salbu den Etxeparez landakoak oro menpe dira eta dotrina eta antzekoetarik nekez ateratzen idazleak. Egia esan, bada Oihenart bat eta ba omen Zalgize poeta ere, beren errefrau bildumak edo Isastirentxoa kanpo; are gehiago, Mikoleta bilbotarrak bere Modo breue para aprender la lengua vizcaína-n (1653) poesia pare bat emateaz gain, “Euskal Parnasoko moderno zenbaitek” lirak eta beste horrelako arrastorik utzi ez duten berrikeriak ere egin zituztela diosku. Bidenabar, haren liburuan ageri diren bi poesiak nahita nahiez bereak ote, alata aztarren gehiago gabe itzalitako egile zaharragoren batengandik hartuak? Horietan eta Sarasolak “poesía galante vizcaína” deitu duen sail horretan bada aski oinarri uste izateko inprimatuaz gainera beste asko ekoiztu zela. Gogora dezagun ezer baino lehen Frantzian eta Espainian ere poesia, landua zein bestea ez zela beti inprimategitik igarotzen, karpeta eta koadernoetan egileek eta zaleek gordetzen ohi zutelarik.

Errefrauen sailak ere badiosku bazela elizgizon ez zen idazlerik: humanista eta jende ikasiak, hirietarik edo gortetik gertu, euskal herrietan ere irakurzaletasuna eta idazteko grinarik zuen jende aski ikasirik bazen, samaldaka eta katea handirik osatzera iritsi ez arren.

Egungo egunean eskuratzen duguna inork itxadon ezin genezakeena da. Aditzerik gabeko Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribuan aurkitzen dugunak ez du parerik goian laburtu dugun horretan. Bere lehen herenean artzain, sirena, zaldun eta bestelako pertsonaiz osatutako abenturazko prosa-lana dugu; gehienbatean prosa-lana, esan beharko, bertsorik ere aski baita, eta ez jakin ze tamaina zukeen osorik balitz, hiruzpalau folio amaieran eta beste hainbat hautsi hasieran, bederen, falta baititu. Beharbada, gaztelaniatik itzulia edo moldatua bide dugu; halere, hegoaldean Peru Abarka arte edo (berrehun eta piku urtean), ez dugu hitz-lauzko gainerako narraziorik aurkituko lehen ukitu Mikoletaren liburuko elkarrizketa-itzulpena edo ez bada. Kantutegien, eglogen eta artzain-eleberrien literaturaren oihana ez da inondik inora argi eta erosoa, eta ezin genezake oraingoz horrekin Lazarragaren eskuizkribuaren lehen zatiak bide duen zorra aipatu baino; izango da, lan poxi bat egin ondoren gehiago esaterik. Nolanahi ere, eskuizkribuaren atal honek beronek aski den adinako emendakina lekarkioke euskal literatura zahar osoari eta bere garaian ingurukoetan egiten zenarekin paretsu zebilela erakutsiko.

Ondoko bi herenak edo bertsotan ditugu, gutxi batzuk gaztelaniaz eta gehiena euskaraz –ahapaldi gutxi zenbaitetan bietarik dela, gero 18-19etan ezagunago dukegunaren hasikin-: amodiozkoak bereziki (maitasun zein herrazkoak) Ezkerokotxa (1159v), Barrundia (1169r), Asparrena (1169v), Luzuriaga eta Langarika (1201r) eta bestetako emakumeei zuzenduak oro har; 1169-an “loa de las damas y galanes bascongados” egiten du egileak euskal herrietakoak eta bereziki Arabakoak abantaila guztiez ornituak iruditzen baitzaizkio, Salomoni bezala, dioenez (1170r). Horrezaz landa, 1198-1200 orrietako erlijiozkoa eta 1202-3ko 1564ko Salbatierrako erreketari eta 1203v-ko Jesusen Azken Afariari eginak datozkigu. Ezin utzi aipatzeke azken folioko “ytai lelo ybai lelo / echean aray leloa” ezagun herrikoia.

Hizkuntzaz

Ikusi dugu hegoaldean Larramendi (1745) arte lekukotasun gehienak bizkaieraz direla. Honako hau gehienbat (barneko kontraesan edo ñabarduraren bat gora-behera) ez dela hizkera horretan antzemateko ez da neke handirik.

  • edun aditzean dot formen aldamenean zenbait det eta, bereziki deut: asco deut esperançaric (84r), serbidu deut (90r), edadea deut (90r), semeric badeu (96r), jaquingo deut (97r), çugana deudan amorioric (84r), yramo badot (95), doçu (00r), gura badoçu (01r), nay deban orduetaco (50r), det (50r), Orobat eusan (42r), deustaçun (40r), emaiten deustae (43), emun deust (53v), urten eben (43r), eroan al leuquean (53r), baina tratadu nauçun (41r), trataetan çaben orri (52r), ecusi çeben (53r), bidalquetan diçut (64v), ez dit emayten (75v), eroan cidan (81r), cer eguin deuc (97r), diçu (01r),

aditzak:

  • egin nahiz ezan darabiltza laguntzaile iragankor gisa; bigarrena soilik nork-nor sailekoetan, oker ez banaiz (BZean bezala, bidebatez): ençun eguien (42r), deguiçula parcatu (46r), eçautu ez leguiançat (47v), emun leçaquet (52v), socorridu ez badaguiçu (53v), poda deçala (59v), badeçaçu (64v), sinis eçaqueçu ene eguia (73v),
  • joan: cioana (40r), joeala (47r), nora lloacen (47r), ynor lloaque (48r), guindoaçam (48r), ez njoean / bapere prebeniduric (97v), ara balloa guiçonic (02v), gora dianean (50r), joean (50v)
  • eroan: baneroean (81r), neroeala (81r), ce beroaque (82r), daroadala [subj.] (97v), daroae (00v),
  • jakin: daquiquet (65v), banequique (90r), ezdaquienac daoçen abisaduric (02r)
  • edugui: eucan (41r), ce eucaçu (77v), leucala (80r), ce beucaique (82r), beucae (85r), podere baneucaique templaceco (93r), nitaucat emazte (96v), ez ninducaçun contuan (99r), ce eucaiqueçu penaric (01r), eucaen (02v),
  • esan: dasaqueçu (41r), esaçu (43r), semeac baeson (54r), cein nesaque (69r), dasaçun (75v), ce besaqueo (82v), neure aoaz dasadala (83r), norc desaquedan (90r), neure jaunac baesadan (97r), dasaquet (01r), ene semea, baesadan, /, artu eguiçu esporrçu (01v), nic ab onela nesonean / goratu eben burua (01v)
  • ikusi: dacusun (43r), ecusen (48r), dacusqueçun gauça guztiez (53v), necusanean … beguioc (64r), ez dot ardura lagunic / gaacustenac oy ez daguien / pensadu beste gauçaric (72v), mundu guztiac dacus dacusuna (84v), zacust (96r), dacustan (96v), bacust (96v), nacusu+ [inper.] (98r), nengusun (99r), sacusquedan leyotic (*50r)
  • ekarri: dacart (80v), necarrela (81r), dacarqueçula (84v), confesorea becardaela (97r), lecarroela señaletan (97v),
  • etorri: zatozt descontentua (43r), baetoçen (54v), betorque (72r), nendorrela (81r), jatorrt (86v), ez letorquet ondo (96v), banendorren (*50v)
  • egin: leguioela (44r), deguidaçula (52v), nenguiala (01r),
  • edin: çidin (44r), guera çatez (46r), sarr ez daquidan (46v), el citezqueano (52r), quen aquit (52r), citecen (53r), procura bidi (60v), ce bitez yxildu (69r), barca çaquizt (82v),
  • egon: eocen (44r), nagoçu (52v), çaoçela (53v), ecin neonque (71v), ceoncen (71v), ce çaoz (81v), daoça (81v), beoque (82r), daoque (95v), ce bego (96v), guec gueoncen lecuan (99r), arren çaozque exilic (01r), ezpaceonça (01v), erraz çaozque (02r),
  • izan: baçarade (44v), çala (45r), cireala (45r), nachaçu (46v), liçatela (54v), dirade ebili (59v). ninçan (65v), asi ninçacan (70v), guinean (70v), baninzachez (87r), errespuestea… liçala nesca onestua (93v), bici garean [subj.] (03r),
  • -io-: diostaçu (60r), diosudan (82r), dioçu (*51r)
  • -in-: yndaçu (44v), Jaun cerucoac arren dindala / cumplietaco dichea (96r), ez yndan jaate[n] (99r), ypirdietan deyquioçu / erraz muñ bioc alcarri (01v), Jaunac ez digun castigu / besteric (03r),
  • emun: Jaun cerucoac orri demala / bici ona ta lucea (96v),
  • irudi: dirudiçu (85v),
  • eretxi: onderechana (45r), derechala (48r), ezterechut on çuri (52r), Xtren eguia bat çarezt (65r), on banerechu (65v), onderechunay onerechaçu (77v), banerexqueo (98v),
  • ezagutu: daçauen (47v)
  • entzun: dançuanean (48r), nançuçu (75v), barria guençuanean (80v), dançuçun (85r), ençuçu (85v), bençu munduac ene deadarra (85v), nençuanean (98r), nançuçu, çaoz exilic (02r), arren nançuçu / Jaun cerucoaen amorez (03v)
  • ebili: ebilcen (79r), ce gabilçaden (86v), nor cenbilcen (99r), nabilela (00v), çabilçadela (01v), baebilen (03v)
  • erabili: darabilgu (59r), darabilte (59v), berabilque (82v), narabilçu (86v), narabilçuna leguez (87r), darabilela (96r), narabil (00v),
  • etzan: obian daçan amari (01v)
  • eutsi: ese banatan bici cirean / ceñac eusten alcarri (79).

Lexikoan hainbat eta hainbat mailegu gordin, zenbait beharbada ereduari zor zaizkionak izan litezke baina ez beste asko, amodiozko zenbait poesiatan edo “Aguraingo erreketaren kantu”an, demagun. Badira, halere asecabea (39r), yrazarri (39r), yramo (40r), arça (41r), andia (42r), oneretxi (passim), jaiten (41r), erori (43r) baina baita jausi ere, miracuru (43), aguiz (43r), bacochic (43r), laztana (passim), gaxqui (43v), ygo eben (43v), ydoro (43v), baga (44r), baxe (44v), badabere (44v), esai (45r) eta arerio orobat, arçai baten (46r), escatu jacan (46r), esaitasun (46r), jazteco baçu (46v), menetan (47r), lagundasunic (47v), gaxaesun (48r), cureldo (48r), mina eta dulcea (48r), jaio barri (48r), ugaçaba (52r), ardiaquin (52r), berba (52r), onerean aurrera (52v), edetera (53r), araenegun (53r), catea andiacaz (53v), yderaiten ançituaz (54r), ebenche (54r), sei batec (54r), cantalari (54r), açartu çara (54v), asperrtua (54v), larrosachoac (59v), galçaiten (59v), ylinti (59v), gaxtoto (64r), bertati (64r), nescame (64v), eusquel erria (69r), geraciea (69v), Jandoneanez (70v)

Morfologia eta fonologiako beste zenbait puntu:

  • a+ a > -ea: cartea (38v), berbea (39v), geraciea (69v)
  • du: escuchadu (41r), lagunquetara (53v),
  • guchi (39r), baina gichi (48r), emun (42r), nachaçu (40r), gacha (40r), nauçun (41r), goxean (42v), baina (44r), bere (45r) eta bapere, baje (53r) baina baxinbatean (69r), yguzquiaren (59r),
  • ecusiric (39r), gauçaetan (39r), berbaoec (39v), euroen (52v)
  • izenordainak eta erakusleak: neuronec (40r), ala (44r), oneinbat (52v), euroen (52v), guec (47r), ala çuretaco nola enetaco (48r), ceurori (48r), daquiçun ceurrc (59v), baçugaz (59r), arc (64v), gueroni (64v),
  • ceinçuc (53v),
  • deklinabidean –rean ablatiboa (eta, inoiz edo behin, horren pleonasmoa den –reanik): lecurean (40r), lecureanic (45v), beguietaric (52v); -(re)gaz, -kaz, -kin, -akin soziatiboan: çugaz (41r), berequin (41v), enegaz (42v), çuregaz (44v), ardiaquin (52r), andiacaz (53r), çorroçacaz (53r), bicioacaz (54v); -rutz: campuruç (53v), alderuç (54v)

X-ekin Y = X eta Y: Doridogaz Silueroren beruac / cerren ez euen sinistu (54r)

Goian aipatu ditugun adizkien artean badira hainbat, gehienak nahi bada, beste testuren batzuen bitartez ezagun zaizkigunak. Ezin zitekeen bestela izan. Alabaina, dagoeneko antzeman bide duzue hainbat aldaera ezezagunago, atzenduago, urriago bertan. Izan ere Lazarragaren testuan ugaria da adizkietan, eta badateke bertan zer ikertu. Dena den, horko aditz sintetikoen ugaritasuna bera aski ez balitz (jakina baita azken mendeotan 16.ean lekukotutako 70 bat erro jokatutik dozena edo dozena t’erdira jaitsi garela) badira zenbait denbora eta aldi edo joko aspalditik euskal testuetan eta, bereziki, euskal hiztunen ahotan eriden ezingo genituzkeenak:

  • Hasteko, eman ditzagun goian sartu ez ditugun zenbait erro:
    • ifini: nafinçu barrez (53v), ce efinçu (64v), descubriduric jafindaçu / apelliduaz nombrea (82r), neure bioçau libre jafindaçu, (85v), ascotan egotenax beruabaga / orain edola bere ce nafinçu / aldi bat (86r), arrcaan barriz erraz dafinquet / malla finozco cotea (86v), baldin gura badoçu / ez difinçuen tacharic (01r), juramentu eguiten jagot / obian daçan amari / nigan miiric badafinçu / ez egoteco exilic (01v), Ez daguiela / bide ez daben gauçaric / oy dafinela /rrepubliquea garbiric (03r),
    • eratzan: aldi bat çeure besoan naraçaçu (86r), alcarr daraçagula besoetan (86v), bere beguiac eraçala / negarretan (97v),
    • erakutsi: crueldaderic baderacuso (82r), ce beracusque (82r), ençuçu eta diracasudan / ezconduaren dotea (96r)
    • igara: Laztan enea naygara / zure atean arteti (*50r)
  • Jarraitzeko goian emaro bildu diren –ke- morfemaz osatutako futuro eta potentzial anitz;
  • Orobat, ba- aurrizkiarekin egindako hainbat lehenaldi.
  • Horiekin batera, ezagunago diren aoristoak: Agaz eocen guztiac citecen espantadu (44r), Siluero elçidinean / biçico çala uste ez eben (45r), berbaoc ençun eguianean (48r), cidin andiro enojadu (48r), ceynçuc gueratu citecen (53r), beste bati apuca equiona (54r), jaio citecen [aldamenean jaio cirean] (79r), jagui guindecen arerean / puntu artaric bertarean / yllundu çidin cerua (01v), nic ab onela nesonean / goratu eben burua (01v),
  • Arkaismoen sailari begiratu arin hau amaitzeko ohar bekie l- aurrizkiarekin osatutako ugariak.

Bai hauek eta bai besteak nekez aurkituko ditugu iparrean zein hegoan 17. mendeaz geroztik.

Bada, aditzarekin amaitzeko, pare bat ohar egin beharra:

  • Testu honetan objektu pluralarekiko komunztadura hautazkoa edo da: seruiduco çaut (47r), ez çaut ancituco (85v), baina çaitudan (77v), berbaoc ençun eguianean (48r), esangura deusudan berbaoc (53r), dacusqueçun gauça guztiez (53v), faltaoc estalico det (65v), gaacustenac (72v), dacarqueçula… bioc (84v), yragaiten jat gau egunac (86r), zacust (96r), berba oec nençuanean (98r),

Kontu honetan bat egiten du bizkaiera eta gipuzkera hegoaldekoarekin, jakina, baina baita Araban agertutako gainerako testu guztiekin ere.

  • Badira *eradun-en zenbait adizki, artean (eta gero) inguru hauetan guztiz ezezagunak: cegaiti [Cupidok] lauoi bardin on erechi / ez derausteçu euren amoreetan (45v), eragocico deraustae / damaoc servietea (95v), oy aserratu deraustaçu / ceurorrec ala guraric (01r).

Gogora bedi gipuzkera zaharrean ez dela gip. modernoko dit, diot / dizkit, dizkiot paradigma aurkitzen dit, diot / diraust, dirautzo baizik; zergatik hauek soilik pluralean gorde ziren besterik da (modu errazean azal litezke fase sparita legez); Lazarragarenak singularrekoak izan arren itxura batean (baina gogora aurreko puntua), eradun-en formak lehen beste hainbat laguntzailerenak bezala, hedatuago zirela eta soilik azken mendeotan egin direla murrizketa eta hautapenak gogoratu beharko.

Amaitzeko

Ez da zer esanik euskal filologo eta hizkuntzalarientzat urteetarako lan-gaia atera dela: batetik, edizioa edo edizioak, kritikora iritsi aurretik facsimilekoak eta paleografikoak ere beharko baitira, eta, osoa baino lehen, zatikakoak egitea ere ez baita txantxetakoa, gainera; bestetik horko hizkeraren eta literatur balioen azterketa: iturriak, erreferentziak, jeneroak, eta garaikideekikoak. Hizkuntzaren historian dialektoen bilakabidea eta aldaketa (hauek ere aldakor baitira, gutxienez hizkuntzaren heinean), zein idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko erlazioak miatu beharko ditugu. Halaber, egia erabatekotzat dugun zenbait ustekizun berraztertu beharko da, lehendik ezagutzen genuen edo ezagutu beharko genukeen lekukotasunei dagokienez ere.


(JOSEBA ANDONI LAKARRA ANDRINUA Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Fakultatearen dekanoa da eta “Julio Urkixo” Euskal Filologia Mintegiko kide)

  • Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribu osoa HEMEN ikus dezakezu.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus