Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lazarragaren eskuizkribuaren estraineko datatze-azterketa

Lazarragaren eskuizkribuaren estraineko datatze-azterketa

2004-02-20 / 10:07 / Borja Aginagalde Olaizola   KULTURA

Lazarragaren liburuak ikertzaile belaunaldi oso batentzako lana emango du. Hemen eskaintzen dizugun hauxe atariko azterketa bat da.

Eskuizkribua zer den <a name="ref1" href="#1">(1)</a>

Eskuizkribua zer den (1)

Liburu bat da plegu laurdenean egina, 51 orri dituena; horietatik lehenengo lauak zati handi batean mozturik daude (2). Berriki, orrialde zenbakiak jarri zaizkio lapitzez.

Orriak zenbakiturik dauzka, antzinako bi orrialdekatze bereizitan:

  • Jatorrizko idazkeraz egindako bat, 15etik 67ra doana; ez du eskuizkribua osorik hartzen, eta, bitxia bada ere, batzuetan orrialdea eta zutabea zenbakitzen ditu.
  • Geroztik egindako bat (beharbada XVIII. mendekoa), zenbakitze jarraitu bat duena 1139tik 1203ra. Zenbakitze horrek argitzen du orri batzuk falta direla, eta adierazten digu, baita ere, ziurrenik eskuizkribua bilduma zabalago baten zati izan zela. Bitxia bada ere, batzuetan orrialdea eta zutabea zenbakitzen dira.

Elkarri jositako zenbait koadernoz osatuta dago, eta, indartzeko, pergaminozko azalak erantsi zaizkio, garai hartan ohi zen eran. Azal horiek 1586ko Aragoiko dokumentu batenak dira, eta geroztik eskuizkributik askatu egin dira.

Konposizioa, idazkera eta hizkuntzak

Ezaugarri formalei begiratuta, esan daiteke esku bakarrak sortutako zirriborro edo lanerako alea dela; beraz, egile bakarreko testua da.

Letra molde nagusia «arkaikozale» esan daitekeen idazkera berezi batekoa da, Erdi Aroko hondarretako ereduetatik gorteko idazkera bitarteko trantsiziokoa; argi erakusten du testua XVI. mendeko bigarren herenean idatzia dela, testuan bertan agertzen diren datu askok ziurtatzen duten bezala.

Letra molde nagusi horrekin batera, badago beste idazkera bat, garatuagoa eta ez horren arkaikozalea, beharbada egile berarena.

Azken bi orriak beste esku batek idatziak dira, idazkera benetan «modernoagokoa», Pizkunde garaikoa erabat.

Testua euskaraz idatzita dago nagusiki; edertasun eta idazkera zirraragarriko poemak eta kontakizunak dira. Inolako baloraziorik egin nahi izan gabe (ez bainaiz horretarako gai) harrigarria da, besteak beste, egileak «eusquel erria» terminoa erabiltzea (18. or. aur.). (3)

Egiletzari buruzko erreferentziak testuaren barnean

Ezaugarri formalak adierazteko azterketa eta, nola ez, eskuizkribu zoragarri honek premiaz eskatzen duen ikerkuntza filologiko eta testuala bazter batera utzirik, irakurketa xehatu baten bitartez datu esanguratsuak atera daitezke testuaren egilea nor izan zen jakiteko. Hain esanguratsuak dira datu horiek, ezen egilea zalantzarik gabe izendatzeko adinakoak direla uste baitut neronek.


Testuaren beraren erreferentziak

Eskuizkribuan barna barreiaturik, erreferentzia adierazgarri askoak aurkitzen ahal dira:

  • 5. or. atz.: orriaren oinean XVIII. mendeko esku ezezagun batek idatzi du: «el autor de este libro fue Lazarraga. Juan Perez de Lazarraga dicho el Poeta señor del Palacio de (sic) Torre de Larrea. Vease el fol.1201 copla 20». Hala da: orrialde eta kopla horretan, izen hori berori ageri da, ezabatu edo zuzenduta dagoena (4), eta geroztik XVIII. mendeko esku horrek zuzendu eta erantsia. Horixe bera ikus daiteke euskarazko kopla batean, 24. or. atz.; eta Aguraingo erreketari buruzko koplen izenburuan den erreferentzia zehatzean (48. or. atz.).
  • Zantzu hori ageri da baita ere 10. or. aur.: (1) orri oinean, XVIII. mendeko esku batek baieztatzen du egileak testuan barna darabilen monogramaren esanahia («quiere decir Lazarraga»); beste horrenbeste egiten du berriro beste orri batean (24. or. atz.), monogramarekin batera; (2) ertzean, «de mano de mi Martin Lopez de Vicuña vezino dende» (5).
  • 16. or. aur.: ertzean egindako oharra geroagoko idazkeraz (XVII. mendea?): «digo yo Pelopez (sic) de Sabando, vezino del dicho lugar de Çuaço, testigo presentado por parte del vezino dicho, Joan Martinez de Dallo». Halako oharrek argiro adierazten dute eskuizkribuaren «bizitza», itxura denez maiz erabiltzen baitzen idazkera frogak egiteko, jatorrizko testuari edo dokumentuari begiramenik batere izan gabe. Eskuizkribuan barna ikusten da batere zaindu gabe zikindu izan dela eskuizkribua…
  • 20. or. atz.: ertzean egindako oharra: «Philipe Ruiz de Ybarreta, yo obi a Anacho Audicana a diez y 7 dias del mes de julio de este año de seicientos y 7, quando bine de Galarreta, y fue en el stablo sin dar de comer a los caballos, y por la verdad firme fecha ut supra. Philipe Ruiz de Ybarreta» (sinadura eta izenpea). Pasarte adierazgarria da oso, iruzkinik behar ez duena, eta gehienezko data bat emateko bidea jartzen duena: 1607.
  • 21. or. aur.: zenbait sigla eta ohar. Horietako bi, XVI. mende eskuak idatziak, oso adierazgarriak: (1) «Joan Cebrian de Ibarra, alcalde»; (2) «Joan Perez de Laçarraga, de Madrid a treynta dias del mes de mayo de mill e quinientos y sesenta y siete anos».
  • 23. or. aur.: konposizio baten izenburua ezabatu egin da, baina irakurtzen ahal da oraindik: «cancion y copla echa por [Lazarragari egotzitako monograma] en servicio de Madalena (¿) hija de maestre Diego de Bicuña, bar…., el qual puso en un poste del portego de la yglesia de Vicuña la nochea de santiago a 25 de julio (sic) de 1567 y tomo el del traslado (¿) Pero Saenz clerigo vecino/vicario (¿) de Vicuña, que lo supe yo despues».
  • 46. or. aur. Ertzean testu luze bat dauka (20 lerro) gazteleraz erantsia (egileak berak idatzia) «liburuaren» konposizioari buruzkoa, honela hasten dena: «porque este libro a de andar por el mundo…»; amaieran, euskarazko kopla baten testua zuzendu egiten du. Testu harrigarri bat da, koplak argitaratzeko asmoaren berri ematen duena.
  • 47. or. atz. eta aur. Kopla batzuk daude «Mari Lopezco … Luçuriagan jaio çinean…» baten omenez; Langarikari buruzko erreferentziak datoz segidan.
  • 48. or. atz. Bertsoak euskaraz dira, baina izenburua gazteleraz (!): «Ystoria de la quema de Salvatierra que fue a primero de agosto del año del nasçimiernto del Sr. 1564 conpuesta por Laçarraga».
  • 50. eta 51. or.: Koplak «de la Sra. Mª Estibaliz de Sasiola» izenburuaz. Segidan, eskuizkribuaren amaieran, monograma sail bat ageri da.


Testuaz kanpoko datu historikoak egiletza baieztatzeko

Azaldu dugun eran, eskuizkribuan diren ohar askok zalantzarik gabe adierazten dute egilea Juan Perez Lazarraga, Larrea dorreko jauna dela. Beraz, egiaztatu beharko dugu ea halako pertsonarik izan ote zen, eta zer dakigun hartaz.

Lazarragatarrak leinu zabala dira, adar asko dituena barreiaturik Oñatin eta Agurain nahiz Zalduondo inguruko Arabako ordekan. Leinu berezia da: politikan, armadan, erregeren zerbitzuan eta abarretan nabarmendutako kideez gain, genealogiazale ospetsu bat eman zuen, leinuaren genealogia osatzen urte asko eman zuena; lana 1589an amaitu zuen, eta haren kopiak gordetzen dira artxibategi pribatuetan.

Hain zuzen ere, idazle jakintsu hura Juan Perez Lazarraga, Larrea dorreko jauna izan zen, arestian aipatu dugun genealogia lan horretan berak aitortzen zuen bezala. Artxibategi publiko nahiz pribatuetan egindako ikerkuntzak datu hauek eman ditu (nabarmenenak bakarrik) haren familiaz

Eskuizkribuan diren datuak aintzat hartuta, eta Larreako Lazarragatarren inguruan bildu ditudan erreferentzia dokumentalak kontuan izanda, nik ez dut zalantza izpirik ere egiten genealogista idazle jakintsua eta «poeta» bat bera direla.

Testuan erantsi diren beste ohar eta erreferentziak ez dut uste esanguratsuak direnik egilearen nortasuna argitzeko. Hori bai, ikerketa zehatzagoen bitartez, eskuizkribuaren historia eta haren jabe izan direnen inguruan argi egiteko azterbide txukunak izan daitezke.


(BORJA AGINAGALDE OLAIZOLA Eusko Jaularitzaren Dokumentu Ondarearen arduraduna da eta Historiako Erret Akademiako kide)

  • Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribu osoa HEMEN ikus dezakezu.

Oin-oharrak:

(1) Ohar hauek presaz idatzitakoak dira, eta sakondu egin behar dira, zalantzarik gabe. Ziur nago horrenbesteko balioa duen eskuizkribu hau xehetasun osoz argitaratua izanen dela. Orduan izango da aukerarik lasaitasun eta xehetasun handiagoz aztertzeko idazkerak, baita gainerako ezaugarri guztiak edo datazioa ere.

(2) Gainera, erauzirik daude 1160-1163 bitarteko orrialdeak, aurreko orrialdekatzearen arabera.

(3) Lapitzez egindako orrialdekatze berrienaren arabera aipatuko ditut orriak.

(4) Ezabatze edo zuzenketa mota horiek adierazten dute dokumentua lanerako testu bat zela.

(5) Martin Lopez de Vicuña delakoari buruzko aipamenak beste orrietan ere ageri dira.

(6) Testamentua Donemiliagako markesen Artxibategian dago, 7/384. Gurasoez gain, aitaginarreba aipatzen du, Gomezi Larreako etxeak eta dorrea utzi baitzizkion. Haren errain Legarda hila zegoen.

(7) Erref. Lazarragaren genealogia eskuizkribua, 37. izenburua. Kopia garaikideak daude Plaza-Lazarragako Etxeko Artxibategian daude, Sotomayor-eko duke-dukesak (Oñati). Liburutegi Nazionaleko eskuizkribuen sailean gordetzen den askoz geroagoko kopia bat erabiliz argitaratu zuen COMAS ROSek, “Juan López de Lazarraga y el Monasterio de Bidaurreta”, 1936.

(8) Genealogia eskuizkribua, Caput. 37, 13. zk.

(9) Juanek esaten du emaztearentzako soineko, bitxi eta abarretan 70.000 bat maraiko eralgi zituela. Aitaz esaten du «dohakabeko heriotza» (!) izan zuela. Larreako Donemiliagan Eregeen Kapera sortu zuten (dotazioa 1591-07-07). Dioenez, 1575eko ezkontza agiria “está signado en nuestro escritorio en el legajo 6 de los papeles tocantes a la nuestra torre Casa de Larrea”. Erref. Aguraingo Udal Artxibategia, 41/7.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus