Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal letren historia aldatuko duen eskuizkribua

Euskal letren historia aldatuko duen eskuizkribua

2004-02-20 / 10:05 / Borja Aginagalde Olaizola   KULTURA

Euskal letren historian erabateko garrantzia duen aurkikuntza da Juan Perez Lazarragak 1564-1567 bitartean idatzitako eskuizkribua.

Eusko Jaurlaritzako Dokumentu Ondarearen arduradun naizenez, konta ezin ahala agiri pasa dira nire esku artetik. Denetarik ikusi dut, izan ere, egin kontu zer ikus daitekeen hogei urtetan. Baina begi-bistakoa da pieza batzuen garrantziak gizarte batek une jakin batean dituen kultur interesekin duela zerikusia.

Eskuizkribu hau aspaldidanik ezagutzen dudan antzinako liburuen saltzaile baten esku zegoen, garrantzi gabeko zenbait agiriren artean. Frantzian esan ohi den bezala, “brocanteur" esparru batean eskuratutako lote anonimo bateko zati zen. Ez da historia bikain edo esanguratsua osagarri duen eskuizkribu baten istorioa. Bistan denez, hala izan balitz, dagoeneko aski ezaguna zatekeen.

Mintzagai dugun eskuizkribua galdu ere egin zitekeen berriz, baina, oraingoan, ez da hala izan.

Hizketan ari zaizuen erudituak —horrela deitzea zilegi bada— ez du inoiz ahaztuko eskuizkribu hau aztertzerakoan sentitu zuen zirrara. Ziurrenik bizitzan behin bakarrik aurki gaitezke horrelako egoera batean. Gogoan nituen, distantziak distantzia, Julio de Urquijo jaunak Venezian edo Parisen egindako aurkikuntzen kontakizun hunkigarriak, gaztetan entzun nituenak.

Oso atsegina izan da eskuizkribua nire ezagun zahar batek idatzitakoa dela jakitea, izan ere, hainbat artxibo pribatutan aurkitu ahal izan ditut berorren testuak, kalitate handiko testu genealogikoak.

Juan Pérez de Lazarraga, garaikideek jada “poeta” ezizenez izendatzen zutena, Garibay-ren garaikide izan zen eruditu eta idazlearen kasu bitxia da. Haren antzera ama-hizkuntzan idatzi zuen, bestela ezin zitekeenez.

Testua zein datatakoa eta norena zen —nire ustez inolako zalantzarik gabe— zehazten nuenean sentitu nuenak orain dela 20 urte Tristan de Salazar bizkaitarraren, Parisko lehen artzapezpiku izan zenaren, kodize errenazentista zoragarrien bilduma datatzen nuen bitartean sentitutako zirrara gogorarazi zidan. Teknika bera da, eta emaitzak seguruak izan ohi dira.

Argi ikusi nuen aurkikuntza ikusgarria zela eta, nolabait ere, testu honek XVI. mendeko gizartearen inguruan dugun ikuspegia aldaraziko duela. Izan ere, izan genitzakeen beste askoren arteko bat besterik ez da. Gainera, historia sozial eta kulturaleko hipotesi asko argitzen eta baieztatzen ditu.

Gainerakoa besteri dagokio. Egiaz, uste dut guztioi dagokigula. Horixe da agirizainaren lanaren muga. Gaurko egiazko protagonista Lazarraga eta bere poema lotsagabeak baitira. Zalantzarik gabe, horiek laster guztiok gozatu ahal izango dituzue etxean.

Zilegi bekit esatea ehiztariaren plazerra pieza aurkitzean datzala. Ondorengoa guztion gauza da.

Amaitzeko, nire ustez garrantzitsua den eta oharkabean gelditzea nahiko ez nukeen zerbait azpimarratu nahi dut. Eskuizkribu hau ez dago gaur hemen kasualitatez. Izan ere, bada oso hitz gutxirekin elkar ulertzen duten edo elkar ulertzen dugun herritarron (kargu publiko nahiz kulturaren, historiaren edo hizkuntzaren maitale garenon) belaunaldi bat. Hori herria egiteko modu adierazgarria da, eta benetako plazerra da hori testu zahar baten bidez egitea.


(BORJA AGINAGALDE OLAIZOLA Eusko Jaularitzaren Dokumentu Ondarearen arduraduna da eta Historiako Erret Akademiako kide)

  • Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribu osoa HEMEN ikus dezakezu.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus